Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

86. zk., 2016ko maiatzaren 9a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
1941

AGINDUA, 2016ko maiatzaren 3koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, Glasgowko Unibertsitatean ikertzaile bisitari izateko laguntzaren deialdia egiten duena.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak eta Glasgowko Unibertsitateak Hitzarmena sinatu dute unibertsitate horretako Kultur Politika Ikertzeko Zentroan (Centre for Cultural Policy Research) ikertzaile batek egonaldia egin dezan.

Glasgowko Unibertsitateko Kultur Politika Ikertzeko Zentroaren helburua da kulturaren, komunikazioaren eta komunikabideen alorretako politikei buruzko eztabaida publikoa sustatzen laguntzeko ikerketa enpirikoak, teorikoak eta analitikoak egitea. Zentroan Euskadirekin lotutako gaietan espezialista den ikertzaile bisitari bat izateak ekarpen garrantzitsua egingo du Euskadiri buruzko ezagupenak garatzeari dagokionez.

Kontuan hartu da Lehendakariaren martxoaren 1eko 8/2013 Dekretua (2013ko martxoaren 7ko EHAA), dekretu horrek aldatzen baitzuen Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatu zituen Dekretua.

Herri Administrazioen diru-laguntzak emateko jarduera arautzen duten printzipioen arabera ebatziko da deialdi hau, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Dekretu Legegilean ezarritako eran, eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan eta Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuan ezarritako oinarrizko araudiarekin eta laguntzei eta diru-laguntzei aplikatzekoak zaizkien gainerako xedapenekin bat etorriz.

Hori dela eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Agindu honen helburua da diru-laguntza emateko oinarriak ezartzea eta prozedura arautzea, 2016-2017 ikasturtean Glasgowko Unibertsitateko Kultur Politika Ikertzeko Zentroan ikertzaile bisitari gisa aritzeko egonaldiak finantzatze aldera.

2.– Ikertzaile bisitariak gauza ditzakeen diziplinek kultura, komunikazioa eta komunikabideak hartzen dituzte barne.

2. artikulua.– Iraupena.

Egonaldiak hamar hilabeteko iraupena izango du 2016-2017 ikasturtean zehar, 2016ko irailetik 2017ko ekainera bitartean; baina bost hilabeteko bi epealditan bana daiteke (iraila-urtarrila / otsaila-ekaina). Azken kasu horretan, hautagaiek bost hilabeteko epealdi bakarrerako aukera izango dute, eta, hortaz, beste hautagaiek beste epealdia hartzeko aukera izango dute.

3. artikulua.– Onuradunek bete beharreko baldintzak.

Laguntza hau lor dezakete baldintza hauek betetzen dituztenak:

a) Euskal Autonomia Erkidegoan behintzat urtebetez bizi izana 2016ko urtarrilaren 1ean. Hala ere, antzinatasun bera izanik, atzerrian bizi direnen eskabideak ere onartuko dira, baldin eta atzerrian bizi diren espainiarren erroldaren (AEE) bidez Euskal Autonomia Erkidegoan auzotasuna badute eta atzerrian bizi aurreko azken auzotasuna Euskadin izan bada.

b) Doktore gradua izatea.

c) Edonola ere, eskatzaileek ingeles hizkuntzaren ezagutza-maila nahikoa eduki behar dute, unibertsitate-komunitatean lehen egunetik bizi eta lan egiteko gai izan daitezen.

d) Ezingo dira agindu honek araututako diru-laguntzen onuradun izan Diru-laguntzen gaineko azaroaren 17ko 38/2004 Lege Orokorraren 13.2 eta 13.3 artikuluek eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Dekretu Legegilearen 50.5 artikuluak ezarritako egoeretako batean daudenak.

4. artikulua.– Eskabideak formalizatzea eta aurkezteko epeak.

1.– Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoan modu telematikoan eskura daitekeen inprimakiaren bidez beteko da eskabidea. Hona hemen helbidea elektronikoa: https://euskadi.net/-ayuda_subvencion/-/2016/ikerglasgow/es/. Eskabideari atxikitako dokumentazioa harekin batera bidali beharko da, aplikazio elektronikoaren bitartez. Horretarako, hautagaiak erabiltzaile gisa alta egin beharko du, eta aipatutako aplikazioan emandako argibideei jarraitu.

Bi modu daude aplikaziora sartzeko: ziurtagiri elektronikoarekin (NAN elektronikoa, ONA txartela, FNMTren pertsona fisikoen ziurtagiria), edo erabiltzailearekin eta pasahitzarekin. Aplikaziora sartzen diren pertsonek Politika Zientifikoko Zuzendaritzari (deialdia kudeatzen den organoa) baimena ematen diote nortasun-datuak administrazio eskudunean egiazta ditzan, bitarteko elektronikoekin zein eskuragarri dituen bestelako baliabideekin.

2.– Behin eskabide telematikoa erabat bete denean eta aplikazioaren bitartez artikulu honen 8. atalean adierazitako dokumentuak erantsi direnean, eskatzaileak eskabidea erregistratzeko prozesua gauza dezake, Egoitza Elektronikoak onartzen dituen sinadura elektronikoko sistemetako edozeinen bidez.

Inprimaki ofizialak eskabidea identifikatzeko zenbaki bat izango du. Inprimaki ofiziala eskuz edo elektronikoki eraldatuko balitz, eskabidea automatikoki baztertuko da.

3.– Paperez izapidetuz gero, eskatzaileak aplikazioak sortutako eskabide-inprimakia inprimatu eta sinatu behar du. Paperezko eskabideak artikulu honen 6. eta 7. ataletan adierazitako epean eta lekuan aurkeztuko dira.

4.– Nolanahi ere, eskabideak Erantzukizunpeko Adierazpena barne hartzen du, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Dekretu Legegilearen 50. artikuluak xedatu bezala (EAEko 2011ko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 5/2010 Legeak sartutakoa). Adierazpenak obligazio hauek betetzen direla egiaztatuko du:

– Eskatzaileak helburu bererako diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak eskatu edo lortu dituen, edozein administrazioren edo erakunde publiko zein pribatu baten eskutik.

– Eskatzaileak itzulketa- edo zigor-prozeduraren bat martxan duen edo izan duen, eta, hala badagokio, obligazioak ordaintzeke dituen, diru-laguntzak itzultzeari dagokionez.

– Eskatzaileak diru-laguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dion zigor penala edo administratiboa duen, edo horretarako ezgaitzen duen lege-debekuren bat duen.

– Eskatzaileak Diru-laguntzen gaineko azaroaren 17ko 38/2004 Lege Orokorraren 13. artikuluak ezarritako beste debekuren bat duen.

– Konpromisoa hartzen duela Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren Politika Zientifikoko Zuzendaritzari jakinarazteko diru-laguntza emateko eskatu eta kontuan hartzen diren baldintzetako bati eragiten dioten egoeretan izandako edozein aldaketa, bai eta edozein administrazioren edo erakunde publiko zein pribaturen eskutik helburu bererako diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak jaso izanaren berri emateko ere.

– Eskabide honetako datuak egiazkoak direla, eta bertako zehaztugabetasunek sor ditzaketen erantzukizunak bere gain hartzen dituela.

5.– Diru-laguntzaren eskabidea aurkeztean, eskatzaileak organo kudeatzaileari baimena ematen dio haren zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituela ziurtatzeko egiaztagiria zuzenean lortzeko.

Dena dela, eskatzaileak berariaz uko egin diezaioke baimena emateari, eta, kasu horretan, dagozkion egiaztagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu eskabidearekin batera.

6.– Eskabidea aurkezteko epeak.

Hilabetekoa izango da eskaerak aurkezteko epea, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

7.–Eskabidea paperean izapidetzea erabakiz gero, ondorengo posta helbidera bidaliko da:

Eusko Jaurlaritza

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila

Zientzia Politikarako Zuzendaritza

Erreferentzia: «Glasgowko Unibertsitateko Kultur Politika Ikertzeko Zentroaren Laguntza»

Donostia kalea 1

01010 Vitoria-Gasteiz

Zuzenean herritarrei arreta emateko bulegoetan ere eskabideak aurkeztu eta informazioa eska daiteke: Bizkaian (Kale Nagusia 85, 48011 Bilbao), Gipuzkoan (Andia kalea 13, 20003 Donostia), eta Araban (Ramiro Maeztu kalea 10, behea, 01008 Vitoria-Gasteiz). Telefono bidezko arreta 012 zenbakira deituz eskuratu ahal da.

Nolanahi ere, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazioaren Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritakoa aplikatuko da. Eskabideak apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamendua arautzen duenak) aipatzen dituen lekuetan ere aurkeztu ahal izango dira, deialdiak eskabideak aurkezteko ezartzen duen epean.

Eskabideak posta-bulegoetan aurkezten badira, gutun-azal irekian eramango dira. Horrela, eskabidearen goiko aldean adierazi ahal izango da zer egunetan eta ordutan onartu diren postetxean.

8.– Eskatutako dokumentazioa.

Eskabideari honako agiri hauek erantsi behar zaizkio, aplikazioaren bidez aurkeztuta:

a) Doktore gradua duela egiaztatzen duen agiria.

b) Errolda-egiaztagiria. Atzerrian bizi direnen kasuan, Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta egon izanaren agiria (historikoa) eta atzerrian bizi diren espainiarren erroldan (AEE) erregistratuta egotearen ziurtagiria.

c) Curriculum akademikoa eta zientifikoa ingelesez idatzita.

d) Glasgowko Unibertsitateko Kultur Politika Ikertzeko Zentroan garatu beharreko ikerketa-proiektua, Agindu honetako 1. artikuluan aipatutako diziplinetako edozeinetan. Ingelesez idatzi beharko da.

e) Eskatzailea unibertsitateko irakaslea bada, Zentroko arduradun legalak sinatutako dokumentua aurkeztuko da, eskatzaileari baimena ematen diona laguntzak iraun bitartean kanpoan egoteko.

f) Hautagaiek haien irakaskuntza- eta ikerketa-lana ezagutzen duten ospe aitortuko hiru ikertzaileren aipamen-gutunak lortu beharko dituzte. Gutunak ingelesez idatzita egongo dira, eta Politika Zientifikoko Zuzendaritzari zuzenduko zaizkio.

5. artikulua.– Eskabideetako akatsak zuzentzea.

Diru-laguntzaren eskabidea guztiz betetzen ez bada edo arauzko agiriak aurkezten ez badira, Politika Zientifikoko Zuzendaritzak eskabideen sinatzaileei eskatuko die 10 eguneko epean hutsak bete ditzatela edo arauzko agiriak aurkez ditzatela. Halaber, ohartaraziko die, hala egin ezean, haien eskaeran atzera egin dutela ulertuko dela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71.1 eta 42.1 artikuluetan xedatutakoaren arabera.

Zuzenketak egiteko errekerimenduak 8. artikuluko bigarren paragrafoan ezarritako prozedurari jarraiki jakinaraziko dira.

6. artikulua.– Laguntza kudeatzeko organoa.

Politika Zientifikoko Zuzendaritzaren egitekoa izango da Agindu honetan jasotako laguntzaren emakida kudeatzea.

7. artikulua.– Hautaketa Batzordea. Ikertzailea hautatzeko irizpideak.

1.– Behin aurkezteko epea, eta, hala badagokio, eskabideak zuzentzeko epea amaituta, Hautaketa Batzordeak eskabideak ebaluatuko ditu, eta laguntzaren esleipendunak aukeratu. Batzordea honela osatuko da:

a) Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordea, edo hark eskuordetzen duen pertsona. Batzordeburua izango da.

b) Kultur Politika Ikertzeko Zentroaren zuzendari akademikoa, edo hark eskuordetzen duen pertsona. Kalitate-botoa izango du.

c) Bi aditu akademiko gehienez, bata Glasgowko Unibertsitatekoa eta bestea Euskal Herrikoa. Aditu horiek esperientzia handia izango dute akordio honetako diziplina garrantzitsuetan, eta Glasgowko Unibertsitateko Kultur Politika Ikertzeko Zentroaren zuzendari akademikoak eta Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak aukeratuko dituzte, hurrenez hurren.

2.– Hautaketa Batzordeak aurkeztutako eskabideak ebaluatuko ditu. Bi fasetan aurkeztuko dira, eta irizpide hauei jarraiki baloratu:

a) Lehiaketaren lehenengo fasea:

Curriculum akademikoa eta zientifikoa. 10 puntu.

– Argitalpenak, hitzaldiak, ezagutza gizarteratzea: 4 puntu.

– Zuzendutako ikerlanak eta tesiak: 3 puntu.

– Irakaskuntza-lana graduetan eta graduondoetan: 3 puntu.

Ikerketa-proiektua: 10 puntu.

– Kalitatea eta interes zientifikoa: 7 puntu.

– Ikerlanaren emaitzek euskal gizartean duten inpaktua: 3 puntu.

Ikertzailearen eskuragarritasuna: 5 puntu.

Hamar hilabeteko egonaldia: 5 puntu.

b) Lehiaketaren bigarren fasea.

Kalifikazio Epaimahaiarekin elkarrizketa izango dute eta ikerketa-memoria aurkeztuko diote ingelesez: 10 puntu.

3.– Hautaketa Batzordeak aurkeztutakoari buruzko galderak egin ditzake, edo laguntzaren xedearekin lotutako beste alderdi batzuei buruzkoak. Era berean, ingelesa jakiteko baldintza betetzen den egiaztatuko du, 3.d) artikuluak adierazi bezala. Hautaketa Batzordeak lehenbiziko bost hautagaiei egingo die elkarrizketa gehienez. Aitzitik, lehenbiziko bost hautagaietako bat elkarrizketara bertaratzen ez bada, elkarrizketatutako hautagaien kopurua areago liteke, ordenari zorrozki jarraituz.

4.– Hautagaien ebaluazioa amaitu ondoren, Batzordeak onuraduna aukeratuko du, eta ordezkoen lehentasun-ordena ezarri, esleipendunak uko egingo balio edo laguntzarako eskubidea galduko balu. Lehiaketaren bi faseetan puntu gehien lortu dituena izango da esleipendun. Berdinketarik balego, elkarrizketaren fasean puntuaziorik onena izan duena hautatuko da.

5.– Esleipendunak ezingo balu ikasturte akademiko osoa bertan egon, puntuazio handiena jaso duen bigarren hautagaiari eskainiko zaio ikasturtea amaitu arte geratzen den epealdia betetzeko aukera.

6.– Hautaketa Batzordeak laguntza hutsik deklaratuko du, eskabiderik ez balego, edo hautagaiek ez badute balorazio osoaren % 50 gainditzen. Halaber, egonaldiaren epealdi partzialetako bat hutsik gera liteke.

8. artikulua.– Ebazpena eta esleipena.

1.– Aurreko artikuluan xedatzen den hautaketa-prozesua amaitu ondoren, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen Ebazpen bidez emango da laguntza, deialdia EHAAn argitaratu eta hurrengo sei hilabeteetan.

2.– Ebazpenean adieraziko dira pertsona onuradunaren nortasuna, egonaldia hasi eta amaitzeko datak eta laguntzaren zuzkidura, 9. artikuluan jasotako kontzeptuen arabera banakatuta, eta, hala badagokio, ordezkoen nortasuna eta horien lehentasun-ordena ere bai.

3.– Jakinarazpena egingo da aipatutako Ebazpena egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratuz:www.euskadi.net

4.– Aurreko 3. atalean ezarritakoaz gain, Politika Zientifikoko Zuzendaritzak interesdunei egindako argitalpenen abisuak bidali ahal izango dizkie, SMS edo posta elektroniko bidez. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen-baliorik izango.

5.– Aipatutako Ebazpenak ez du bide administratiboa agortzen, eta horren kontra, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren aurrean.

6.– Ezarritako epean laguntza esleitzeko Ebazpenik eman edo jakinaraziko ez balitz, eskabideak gaitzetsi direla iritziko zaio. Kasu horretan, eta nahiz eta Administrazioak espresuki ebazteko betebeharra duen, gora jotzeko errekurtsoa jartzeko epea sei hilabetekoa izango da, oinarri hauen 1. atalean ezarritako epea iraungi eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

7.– Aurrekontu-ekitaldiaren amaieran, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira onuradunen zerrenda eta emandako laguntzak.

9. artikulua.– Zuzkidura.

2016-2017 ikasturte akademikoan zehar hamar hilabeteko egonaldia egiteko laguntza 44.436 eurokoa izango da. Zenbatekoa honela banakatuta dago:

– 27.500 euro (2.750 euro/hilea), ikertzaile bisitariaren mantenuari dagozkion hileko hamar ordainketak egiteko.

– 4.500 euro gehienez, ikertzaile bisitariak mintegi bat antolatu eta garatzeko. Laguntza bi pertsonek jasoko balute, kopurua bikoiztuko da. Kasu horretan, hitzarmenak xedatzen du egonaldi bakoitzak bost hilabeteko iraupena izango lukeela.

Era berean, 7.936 euroko zuzkidura esleituko da Kultur Politika Ikertzeko Zentroak emandako laguntza material eta teknikorako (laguntza administratiboa, lan-espazio bat erabiltzea), eta Eusko Jaurlaritzak Glasgowko Unibertsitateari ordainduko dio, sinatuko Lankidetza-hitzarmenean ezarritakoaren arabera.

Horrez gain, onuradunak istripuen eta erantzukizun zibilaren gaineko asegurua izango du, bai eta bidaian laguntzeko asegurua ere, egonaldiak atzerrian egiten badira. Azken horren kasuan, interesdunak eskatuz gero, ezkontideak eta 25 urtetik beherako seme-alabek ere balia dezakete, egonaldian berarekin badira. Aseguru hori antolamendu juridikoak onartzen dituen edozein frogagiriren bitartez egiaztatutako izatezko bikoteentzat ere baliagarria izango da.

Artikulu honetan diruz lagun daitezkeen gastuei buruz arautu ez denerako, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan adierazitakoa beteko da.

10. artikulua.– Laguntza ordaintzea.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak Glasgowko Unibertsitateari transferituko dizkio funtsak, laguntza honen ordainketa kudeatzeko erakunde laguntzailea den heinean. Ordainketa arau hauen arabera egingo da:

a) Behin deialdia ebatzita eta onuradunak emandako laguntza onartu duenean, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak xedapen honen 9. artikuluan esleitutako zuzkidura osoaren % 75 emango dio Glasgowko Unibertsitateari.

b) Bigarren ordainketa gainerako % 25 izango da, eta emandako laguntza osoaren gastua frogatu ondoren egingo da. Egindako gastu hori frogatzeko, fakturak edo agiriak aurkeztu beharko dira. Agiri horiek ikasturte akademikoa amaitu ostean aurkeztu beharko dira, egindako ekintzei buruzko azalpen-memoriarekin eta kostuen balantze ekonomiko xehatuarekin batera.

Glasgowko Unibertsitateak laguntza ordainduko dio onuradunari, arau hauen arabera:

a) Glasgowko Unibertsitateak adostutako hilerokoak ordainduko dizkio onuradunari. Lehenengo hileroko ordainketa Glasgowra iristean egingo zaio.

b) Glasgowko Unibertsitateak mintegiak antolatzearen ondoriozko gastuak ordainduko dizkio ikertzaileari, horiei buruzko azalpen zehatza eman eta sortutako gastuen egiaztagiriak aurkeztu ostean.

Behin egonaldia amaituta, administrazioak kostuen balantze ekonomiko xehatuaren kopia emango dio ikertzaileari, Glasgowko Unibertsitateak emandakoa.

Onuradunei ez zaie laguntzarik ordainduko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek emandako gisa bereko laguntza edo diru-laguntzengatik abiarazitako itzulketa- edo zigor-prozeduraren batean sartuta badaude, eta prozedura horiek amaitu gabe badaude.

11. artikulua.– Bateraezintasuna.

Laguntza hau bateraezinak da helburu bererako ematen diren antzeko diru-laguntzekin.

12. artikulua.– Onuradunaren betebeharrak.

a) Emandako diru-laguntza onartzea. Ildo horretatik, diru-laguntza eman izanaren Ebazpena jakinarazten zaion egunetik hasi eta hamabost eguneko epean onuradunak laguntzari berariaz eta idatziz uko egiten ez badio, iritziko zaio laguntza onartu duela. Diru-laguntza onartzeak esan nahi du Agindu honetako arauak onartzen dituela.

b) Eman den xede zehatzerako erabiltzea diru-laguntza.

c) Eskatutako argibide guztiak ematea Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, laguntzen helburua fiskalizatzeko lagungarria izan dakien.

d) Garatzen duen ikerlanarekin lotutako mintegia antolatzea, eta emaitzak liburuetan, artikulu zientifikoetan eta gainerako bitartekoetan hedatzea.

e) Glasgowko Unibertsitateko Visiting Fellow gisa dagozkion ohiko ekitaldietan parte hartzea, bai eta Euskadiren gaineko ezagutza hedatzeko jardueretan ere, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak hala eskatuta.

f) Egonaldia amaitu ostean, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari eta Glasgowko Unibertsitateko Kultur Politika Ikertzeko Zentroari txostena bidaltzea, haren ikerketaren egoerari eta Euskadin zein Glasgown burutu dituen jarduerei buruz.

g) Glasgowko Unibertsitateko Kultur Politika Ikertzeko Zentroari eragindako gastuen azalpen xehatua eta egiaztagiri originalak bidaltzea, artikulu honen d) atalean xedatutako kasuan.

h) Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura jasotako laguntzei buruzko antolamendu juridikoan ezartzen diren bestelako betebehar guztiak, eta, bereziki, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Dekretu Legegilearen 50.2. artikuluak diru-laguntza publikoen onuradunen betebeharrei buruz ezarritakoa eta Diru-laguntzen gaineko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluak xedatutakoa.

13. artikulua.– Uko egitea.

Onuradunak laguntzari uko eginez gero, sortu ez diren eskubide ekonomiko guztiak galduko ditu.

Uko egingo balio, Politika Zientifikoko Zuzendaritzak lehen ordezkoa izenda dezake onuradun, laguntza erabiltzeko geratzen den epeaz.

14. artikulua.– Baldintzak ez betetzea.

1.– Onuradunak ez badu betetzen beka emateko ebazpenean, agindu honetan edo aplikagarri diren beste arauetan ezarritako baldintzaren bat, ebazteko eskumena duen organoak Ebazpen bidez adieraziko du onuradunak jasotzeke duen zenbatekoa jasotzeko eskubidea galdu duela, eta jasotakoa eta dagozkion legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar dizkiola, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 1/1997 Dekretu Legegileak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako diru-laguntzen berme eta itzulketetarako araubide orokorra eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizun, araubide eta betebeharrak zehazten dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak ezarritakoaren arabera.

2.– Onuraduna edo, kasuan kasu, erakunde laguntzailea konpromisoak erabat betetzetik benetan gertu dagoenean eta haien jarduera konpromiso horiek betetzera argi eta garbi bideratuta dagoela egiaztatzen dutenean, ordaindu beharreko zenbatekoa egindako egonaldiaren iraupenaren baitan behar bezala egiaztatutako denboraren araberakoa izango da, lehenik, eta, hala badagokio, behar bezala egiaztatzen diren mintegi-gastuen arabera, bigarrenik.

15. artikulua.– Datuak babestea.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren eta Titulartasun Publikoko Datu Pertsonalen Fitxategiei eta Datuen Babeserako Euskal Agentziaren Sorrerari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearen arabera, deialdian parte hartzen dutenek baimena ematen dute deialdi hau izapidetzean jasotako datu pertsonalak tratatu eta argitaratzeko. Halaber, datuak «Bekadunen laguntzak» izeneko fitxategian sartuko dira, 2010eko urriaren 4 Aginduan araututakoa (2010eko azaroaren 5eko EHAA). Fitxategi horren helburua da diru-laguntzen deialdia kudeatzea eta deialdian lehiatzen direnei prozesuaren bilakaeraren berri ematea. Politika Zientifikoko Zuzendaritza da fitxategi horren organo arduraduna. Datuak atzitzeko, zuzentzeko, ezeztatzeko eta horien kontra egiteko eskubideak Politika Zientifikoko Zuzendaritzan gauzatu ahal izango dira. Horretarako, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Politika Zientifikoko Zuzendaritzara jo beharra dago (Donostia kalea 1, Vitoria-Gasteiz).

Lehenengo XEDAPEN GEHIGARRIA

Prozedurari dagokionez Agindu honetan arautu gabeko kasuetan, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritakoa aplikatuko da.

Bigarren XEDAPEN GEHIGARRIA

Agindu honek jasotako diru-laguntzak eta bertan xedatutakoa arautzean, kontuan hartuko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Dekretu Legegilearen VI. Tituluak ezarritakoa, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan ezarritako oinarrizko araudia eta laguntzei eta diru-laguntzei aplikatzekoak zaizkien gainerako xedapenak.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean izango da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko maiatzaren 3a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala