Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

86. zk., 2016ko maiatzaren 9a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LEHENDAKARITZA
1938

EBAZPENA, 2016ko apirilaren 21ekoa, Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariarena, zeinak 2016. urteko laguntzetarako deialdia egiten baitu terrorismoaren biktimei arreta, elkartasuna eta babesa eskaintzea bultzatzen duten erakunde eta elkarteentzako.

Terrorismoaren biktimei arreta, elkartasuna eta babesa eskaintzea bultzatzen duten elkarteentzako eta erakundeentzako laguntzak arautzen dituen urtarrilaren 26ko 5/2016 Dekretuak, 6. artikuluan, xedatutakoaren arabera, Terrorismoaren Biktimen arloko zuzendaritza eskuduneko titularraren urteroko ebazpen bidez egingo da laguntza horien deialdia. Deialdi horretan zehaztu behar da zer baliabide bideratuko diren urtero laguntza horietara, bai eta nola egongo diren banatuta ere baliabide horiek programa-moten artean eta diru-laguntza jaso dezaketen jardueren artean.

Orobat, Lehendakaritzaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen 187/2013 Dekretuaren 20.3 artikuluari jarraikiz, Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariak egin behar du bere eskumen-arloko diru-laguntzen deialdia.

Deialdi hau Euskal Autonomia Erkidegoko 2016ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorren kargura finantzatuko da.

Ondorioz, Lehendakaritzaren egitura organiko eta funtzionalari buruzko apirilaren 9ko 187/2013 Dekretuak ematen dizkidan eskumenez baliatuz, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Ebazpen honen bidez, terrorismoaren biktimei laguntzeko programak eta jarduerak finantzatzeko laguntzetarako deialdia egiten da. Programa eta jarduera horiek 2016. urtean gauzatuko dira, eta terrorismoaren biktimen edo giza eskubideen arloan aritzen diren erakunde eta elkarteek sustatuak izan beharko dira, hala baitago ezarrita Terrorismoaren biktimei arreta, elkartasuna eta babesa eskaintzea bultzatzen duten erakunde eta elkarteentzako laguntzak arautzen dituen urtarrilaren 26ko 5/2016 Dekretuan.

2. artikulua.– Izapidetze elektronikoa eta aurrez aurrekoa.

1.– Prozedura honen izapide guztiak kontsultatzeko, eskatzeko eta egiteko, erakunde interesdunek bide elektronikoak erabil ditzakete.

2.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak aurrez aurre nahiz elektronikoki nola izapidetu jakiteko xehetasunak euskadi.eus-eko egoitza elektroniko honetan eskura daitezke:

https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2016/terrorismoaren-biktimen-elkarteak/y22-izapide/eu

3.– Eskabidea izapidetzeko eta agiriak aurkezteko bide bat edo bestea erabiltzeak, hau da, aurrez aurrekoa edo elektronikoa erabiltzeak, ez du behartzen bide bera erabiltzera aurrerantzean ere prozedurako gainerako izapideak egiteko, eta edozein momentutan alda daiteke aukeratutako bidea.

4.– Eskabidea egin ondorengo izapideak, bide elektronikoa aukeratuz gero, helbide honetan egingo dira: http://www.euskadi.eus/misgestiones

3. artikulua.– Eskabideak aurkezteko eta formalizatzeko epea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasita.

2.– Eskabidea Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzaren Bake eta Bizikidetzako Idazkaritza Nagusiko Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariari zuzenduko zaio (Nafarroa kalea 2, 01007 Vitoria-Gasteiz).

3.– Eskabideak aurrez aurre aurkeztu nahi izanez gero, leku hauetara eraman daitezke: Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzara (Nafarroa kalea 2, 01007 Vitoria-Gasteiz), Herritarrentzako Zerbitzuaren bulegoetara (Zuzenean), lurralde-ordezkaritzetara edo bestelako erakunde laguntzaileetara. Erabil daitezke Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluak ezarritako bideak ere.

4.– Orobat, bide elektronikoen bitartez ere aurkeztu daitezke eskabideak, euskadi.eus-eko egoitza elektronikoan sartuta.

4. artikulua.– Eskabideak eta aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Eskabidea, erantzukizunezko adierazpenak jasotzen dituena, inprimaki arautuan egin beharko da, zeina euskadi.eus egoitza elektronikoan eskuragarri baitago.

2.– Eskabide horrekin batera proiektuaren memoria aurkeztuko da, non informazio hau jasoko baita:

a) Eskabidea egin duen erakundeari buruzko datuak.

b) Terrorismoaren biktimen elkarteen kasuan, Euskal Autonomia Erkidegoan gertatutako atentatuen ondorioz terrorismoaren biktima diren elkarteko kideen eta/edo biktima horien lehen mailako senitartekoen kopurua egiaztatzea.

c) Programaren edo proiektuaren datuak, non zehaztuko baitira: xedea, metodologia, lan-plangintza, balizko hartzaileak (sexuaren arabera bereiziak), lurralde-eremua, egingo diren jardueren egutegia eta genero-ikuspegiari nola helduko zaion. Helburuak lortuko direla eta gastua eraginkorra izango dela bermatzeko erabiliko diren kontrol-bideak ere aipatuko dira.

d) Erakunde eskatzaileak programa edo proiektua gauzatzeko dituen baliabide materialen eta giza baliabideen adierazpena. Horretaz gain, honakoak ere adierazi beharko dira: alde batetik, erakundeak ba ote duen berdintasunaren alorrean trebatuta dagoen eta ibilbidea duen pertsonarik, eta, bestetik, boluntario gisa jarduten duten pertsonen kopurua. Programan edo proiektuan inolako ordainsaririk gabe parte hartzen dutenak joko dira boluntariotzat.

e) Programa edo proiektu hori gauzatzeak eragingo duen kostuaren aurrekontua, partiden arabera banakatuta; bertan, programa edo proiektua bera finantzatzeko gainerako bideak adieraziko dira, horrelakorik izanez gero.

f) Diru-laguntzaren helburu den programa edo proiekturako eskatutako gainerako laguntzen zerrenda; bertan, zehaztu beharko da zein administrazio publikori edo erakunde publiko edo pribaturi eskatu zaion laguntza, bai eta laguntza horiek ukatu edo eman diren edota oraindik ebatzi gabe dauden eta horien zenbatekoak ere. Halakorik ez bada, diru-laguntza jasotzeko aurkeztutako programa edo proiektuetarako beste laguntzarik jaso ez izanari buruzko zinpeko deklarazioa.

3.– Nolanahi ere, Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzak erakunde eskatzaileari eskatu ahal izango dio nahi beste dokumentazio eta informazio, eskabidea behar bezala ulertu, ebaluatu eta izapidetzeko.

5. artikulua.– Diru-zuzkidura.

1.– Diru-laguntzen programa honetara berrehun eta hirurogei mila euro bideratu dira (260.000), Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan 2016. urterako aurreikusitako partidaren kargura.

2.– Laguntzek bete beharko dute Batzordeak 2013ko abenduaren 18an onartutako 1407/2013 (EE) Erregelamendua, minimis laguntzak emateko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzeari buruzkoa (EBAO, L 352. zk., 2013-12-24koa). Laguntza hauek minimis motako laguntzatzat jotzen dira; izan ere, pertsona fisiko edo juridiko jakin bati emandako laguntzaren guztizkoak ez du gaindituko 200.000 euroko kopurua, aurreko bi ekitaldi fiskaletakoa eta aurtengoa batuta. Muga horretatik beherako diru-laguntzek merkataritzari eragiten ez diotela eta lehiakortasuna faltsutzen ez dutela ulertzen da; horren ondorioz, ez dira sartzen Europako Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107.1 artikuluaren aplikazio-eremuan.

6. artikulua.– Balorazio Batzordea.

Aurkeztutako eskaerak eta dokumentazioa aztertzeko eta ebaluatzeko, Balorazio Batzorde bat eratuko da. Kide hauek izango ditu:

Batzordeburua:

Monika Hernando Porres, Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaria.

Batzordekideak:

Luis Alberto Oribe Novales, Araubide Juridikoko Zuzendaritzako teknikaria.

Laura Sagastizabal Errazu, Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzako teknikaria, aldi berean Batzordearen idazkari-lanak egingo dituena.

7. artikulua.– Diru-laguntza justifikatzea.

1.– Justifikazioa aurkezteko epea 2017ko otsailaren 28an amaituko da, eta, justifikazio-txostenarekin batera, honako datuak eta agiriak barne hartu beharko ditu:

a) Diruz lagundutako proiektua garatzeko egindako gastuak justifikatzen dituzten jatorrizko faktura eta ordainagiriak, originalak edo kopia konpultsatuak. Bai fakturak (indarrean dagoen araudian ezarritako baldintza formalak bete behar dituzte) bai ordainagiriak diruz lagundutako proiektu bakoitzaren arabera bereizita aurkeztu behar dira, eta behar bezala ordenatuta eta zenbakituta, eta, horrez gain, ordainagirien eta fakturen izen-zerrenda bidali behar da, aipatutako gastua zertarako erabili den azalduta.

b) Soldaten ordainagiri originalak edo horien kopia konpultsatuak, eredu ofizialari egokituak, eta Gizarte Segurantzarako kotizazioen buletin ofizialak, lan-kontratudun langileen gastuak justifikatzeko.

c) Aldi baterako kolaborazio-gastuen ordainagiri originalak edo horien kopia konpultsatuak. Besteak beste, datu hauek adierazi behar dituzte: jasotzailearen datuak, Nortasun Agiri Nazionala, ordainketaren kontzeptua eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergako atxikipena.

d) Sarreren eta gastuen balantzea.

e) Proiektuaren onuradunen eta proiektua egiten parte hartu duten pertsonen adierazleak, sexuaren arabera bereizita.

f) Programen, iragarki-kartelen, argazkien eta argitaratutako gainerako material grafiko, idatzi edo soinuzkoen aleak.

g) Izapidetzea bide telematikoz egiten bada, eskaneaturik eta elektronikoki sinatuta aurkeztuko da aipatutako dokumentazioa.

h) Izapidetzea aurrez aurre zein bide telematikoan egin, Administrazioak agiri originalak eska ditzake egoki baderitzo.

2.– Bide presentzialetik zein elektronikotik justifikazioak izapidetzeari buruzko zehaztapenak eskura dira helbide elektroniko honetan: euskadi.eus

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez dezakete Bake eta Bizikidetzarako idazkari nagusiaren aurrean, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean ebazpen hau.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko apirilaren 21a.

Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaria,

MÓNICA HERNANDO PORRES.


Azterketa dokumentala