Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

86. zk., 2016ko maiatzaren 9a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
1935

ERABAKIA, 2016ko apirilaren 20koa, UPV/EHUko Gobernu Kontseiluarena, UPV/EHUk sortzen dituen eta nortasun juridikorik ez duten egitura eta erakundeen funtzionamendurako oinarrizko arautegia aldatzeko dena.

1.– Unibertsitateko Estatutuen 148. eta 149. artikuluen aurreikuspenak garatzeko, 2012ko maiatzaren 16an UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak onartu zuen UPV/EHUk sortzen dituen eta nortasun juridikorik ez duten egitura eta erakundeen funtzionamendurako oinarrizko Arautegia (2012ko ekainaren 18ko EHAA).

2.– Unibertsitate honetako beste kargu edo organo batzuek ez bezala, Estatutuen 148.1 artikuluan aurreikusitako kide bakarreko karguek ez daukate beren kudeaketa lanaren aitorpenerako araubiderik, nahiz eta lan hori beste organo edo kargu batzuenaren parekoa izan, bai tamainan eta bai erantzukizunean.

3.– Hutsune hori betetzeko, beharrezkoa da UPV/EHUk sortzen dituen eta nortasun juridikorik ez duten egitura eta erakundeen funtzionamendurako oinarrizko arautegia osatzea, horri buruzko aurreikuspen bat erantsita.

Beraz, UPV/EHUko Klaustroaren Funtzionamenduari Buruzko Arautegiaren II. kapituluan xedatutakoarekin bat (2009ko maiatzaren 26ko EHAA), eta Estatutuak eta Arautegiak Garatzeko Batzordearen onespena izanik, Gobernu Kontseiluak honako hau:

ERABAKITZEN DU:

Lehenengoa.– UPV/EHUk sortzen dituen eta nortasun juridikorik ez duten egitura eta erakundeen funtzionamendurako oinarrizko arautegia aldatzea, xedapen gehigarri bat erantsiz (hirugarrena). Honela geratuko da:

«Hirugarrena.– UPV/EHUko Estatutuen 148.1 artikuluan aipatzen diren egituretako batean kide bakarreko karguren bat betetzeko UPV/EHUko errektoreak izendatzen dituen irakasle-ikertzaileak irakaslanaren zati batetik salbuetsita egon ahal izango dira, edo osagarri bat ordaindu ahal izango zaie, edo bi gauzak aldi berean, karguaren eginkizunen berezitasunak edo kargua dagoen ikastegiaren berezitasunak hala justifikatzen duenean, betiere izendapenaren erabakian zehaztutakoari eta kasuan aplikatu beharreko arauei jarraikiz».

Bigarrena.– Erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agindua ematea.

Hirugarrena.– Arautegia indarrean sartuko da argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Leioa, 2016ko apirilaren 20a.

Errektorea,

IÑAKI GOIRIZELAIA ORDORIKA.

Idazkari nagusia,

JOSE LUIS MARTÍN GONZÁLEZ.


Azterketa dokumentala