Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

86. zk., 2016ko maiatzaren 9a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
1934

AGINDUA, 2016ko apirilaren 6koa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena, zeinaren bidez aratu egiten baita Kanpo Ezarpenetarako Gauzatu Programa, hau da, Euskadiko enpresak kanpoan sortu, ezarri eta garatzea bultzatzeko dena.

Enpresak Nazioartekotzeko 2014-2016 Planaren funtsa hauxe da: euskal enpresa nazioartekotzeari laguntza ematea planifikatu eta gidatzeko tresna nagusia izatea.

Enpresak Nazioartekotzeko 2014-2016 Planaren helburu nagusia hauxe da: merkatu globalean, euskal enpresak (bereziki ETEak) nazioartean txertatzea eta euren lehiakortasuna hobetzea, gaur egungo egoeran beren ahalmen eta beharrizanetara egokitutako laguntza-esparrua ezarriz, euskal ekonomiaren irekitasuna eta nazioartekotasuna bultzatuz, kanpoko merkataritza indartuz eta sendotuz, nazioartean euskal enpresa gehiago ezar dadin bultzatuz eta Euskadira kanpoko inbertsioa erakarriz.

Gure enpresak nazioartean txertatzea da haien geroko lehiakortasunaren funtsezko gakoetako bat. Enpresei laguntza ematerakoan, instituzioen eginkizunak kontuan izan behar ditu ezinbestean: nazioartekotzearen prozesuen ezaugarriak, enpresen nazioartekotzearen aldia eta tamaina kontuan izanik; hori dela-eta, programako lehentasunezko ildoa da euskal enpresek nazioarteko merkatuetara sarbidea izan dezaten laguntza bereizia ematea.

Agindu honen bitartez arautzen da Kanpo Ezarpenetarako GAUZATU Programa; eta beraren bitartez, euskal enpresen jarduera nazioartekoa finkatu eta sendotu nahi da, eta bai haien errentagarritasuna ere; hartarako, kanpoko lekuetan produkzio-inbertsioetarako ekimenak dituzten enpresak lagunduko dira, itzuli behar den laguntza finantzario batekin.

2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamendua argitaratu da –aurrerantzean, Salbuespenen 651/2014 Erregelamendu Orokorra–; erregelamendu horren bidez, (2014-06-26ko AO, 187 L) Tratatuko 107. eta 108. artikuluak aplikatuta, barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dira laguntza-kategoria batzuk. Hori dela eta, marko horretan, Kanpo Ezarpenetarako Gauzatu Programako nondik norakoak garatu behar dira, arauak lortu nahi dituen helburuak betetzen dituzten enpresek errazago lor ditzaten inbertsioak modu dinamikoak egiteko laguntzak, eta, laguntza horiek amaitu eta gero, onuradun horiek gutxieneko denboraldi batean mantendu ditzaten laguntzak emateko kontuan hartu zitzaizkien baldintza guztiak.

Horrenbestez, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen helburua da euskal enpresen kanpoko, hots, nazioarteko ezarpenak sortu eta garatzen laguntzea; betiere, haiek sendotzea lagunduaz eta kanpoko produkzio-inbertsioa areagotuz, lehiakortasuna handitzekotan, eta, ondorioz, gerora etorkizuneko bideragarritasuna.

Arau honen bidez arautzen diren laguntzek Salbuespenen 651/2014 Erregelamendu Orokorra bete beharko dute, eta, haren osagarri modura, laguntza horizontalei eta laguntza sektorialei buruzko araudia; betiere errespetatzen bada kanpo uztea Salbuespenen Erregelamendu Orokorreko 1. artikuluan ezartzen diren laguntza-kategoriak.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Aurreko artikuluan adierazitako xedea betetzeko diru-baliabideak Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan hartarako eta ekitaldi bakoitzerako ezarritako aurrekontu-kredituetatik aterako dira.

Zenbateko hori gehitu egin daiteke, eskatutako laguntzen guztizko zenbatekoa kontuan izanik; betiere, nazioartekotzearen arloan eskumen dituen saileko beste programa batzuetan agortu gabe dauden aurrekontu-baliakizunen arabera, indarreango legerian aurreikusi aurrekontu-aldaketa edo kreditu-loturaren araubidearekin bat etorriz eta laguntzak emateko aipatu prozedura ebatzi baino lehen. Horrelakorik gertatzen bada, nazioartekotzearen alorrean eskumena duen sailburuordetzako titularraren ebazpen baten bidez jakinaraziko da.

3. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Jarraian adierazitako baldintzak betetzen dituzten Enpresa Txiki eta Ertainek (ETE) eskuratu ahal izango dituzte programa honek zehazten dituen laguntzak:

– Guztira, 250 langiletik behera izatea.

– Urteko negozio-bolumena ez izatea 50 milioi eurotik gorakoa, edo, bestela, urteko balantze orokorra ez izatea 43 milioi eurotik gorakoa.

Enpresa beste enpresa batzuekin elkartuta edo haiekin lotuta badago, horrela sortutako enpresa-taldeak ere bete beharko ditu arestian adierazitako betebehar horiek.

2.– Enpresa txikien eta ertainen artean bereizi behar denean, irizpide hauek hartuko dira kontuan enpresa txikitzat jotzeko:

– Guztira, 50 langiletik behera izatea.

– Urteko negozio-bolumena edo urteko balantze orokorra ez izatea 10 milioi eurotik gorakoa.

Enpresa beste enpresa batzuekin elkartuta edo haiekin lotuta badago, horrela sortutako enpresa-taldeak ere bete beharko ditu arestian adierazitako betebehar horiek.

Arestian adierazitakoa bestela interpretatzeko, kontuan izango da zer ezartzen den Salbuespenen 651/2014 Erregelamendu Orokorreko I. eranskinean.

3.– Guztiarekin ere, ETEek Euskal Autonomia Erkidegoan izan beharko dute egoitza soziala edo Euskal Autonomia Erkidegoan izan beharko dute produkzio-instalazio bat.

4.– Agindu honetan aipatzen diren diru-laguntzak eskuratu ahal izateko, erakundeek ordainduta izan beharko dituzte ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak.

5.– Enpresa eskatzaileek, diru-laguntzen onuradun izateko, ez dute izan behar zigor- eta administrazio-arloko zehapenik, diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarrenik, ezta horretarako ezgaitzen duen legezko debekurik ere, sexu-diskriminazioarengatik gertatutakoak barne hartuta, betiere Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legeak azken xedapenetatik seigarrenean ezarritakoarekin bat etorriz.

6.– Orobat, agindu honetan araututako laguntzak erakunde onuradunei eman eta, hala behar badu, ordaindu ahal izateko, entitate onuradunak amaituta eduki beharko du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomiadunek emandako –eta izaera bereko diren– laguntza eta diru-laguntza publikoak itzultzeko prozedura nahiz prozedura zigortzaile oro, prozedura horiek oraindik izapide-aldian badaude, behintzat.

7.– Onuradun izateko kondizioa diru-laguntzaren indarraldi osoan mantendu beharko da.

4. artikulua.– Erakunde baztertuak.

1.– Ezin izango dira laguntza hauen onuradun izan Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Instituzionala osatzen duten erakundeak, ezta sozietate publikoak, ezta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sareko teknologia-ikerketako erakundeak.

2.– Era berean, ezin dira enpresa onuradun izan: EBri zer edo zer zor izanik, jasotako laguntzak itzultzeko agindu bati –emateko dagoenari– loturik daudenak, Europar Batzordeak aldez aurretik erabaki duelako laguntza bat legez kanpokoa edo barne-merkatuarekin bateraezina dela.

3.– Ezin dira onuradun izan krisian diren enpresak, betiere Krisialdian dauden enpresak –finantzarioak ez direnak– salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko Jarraibideetan xedatutakoarekin bat etorriz (2014-07-31ko AO, C 249).

5. artikulua.– Laguntza jaso dezakeen inbertsioa.

1.– Arau honen ondorioei dagokienez, honako hauek jotzen dira produkzioa kanpoan ezartzeko proiektutzat: enpresa onuradunek abiarazten dituztenak eta honako helburua dutenak: atzerrian, produkzio-planta irekitzea, edo atzerriko sozietateak eskuratzea, betiere euskal enpresaren partaidetza gehiengoa bada, salbu eta inbertsioa egingo deneko herrialdean legeek besterik xedatu. Defentsa, aseguru, finantza eta higiezinen sektoreei bideratutako inbertsioak kanpo geratzen dira. Herrialdeko eta enpresako proiektu bakarra onartuko da, hots, herrialde jakin baten, ETE baten proiektu berri bati laguntza ematea, horixe da mugakizuna. Laguntzak kalkulatzeko, ez da izango kontuan, inola ere, aipatu proiektuei eragiten dieten zergak, edozein direlarik ere. h) Ordezkapen-inbertsioei ez zaie inongo laguntzarik emango.

2.– Produkzio-planta berriak irekitzeko proiektuei dagokienez, aktibo finko berriak eskuratzea lagundu ahal izango da, baldin eta laguntzaren helburu den ezarpeneko aktibora sartzen badira eta konplitzen badituzte, bai agindu honetan eta berori garatzeko xedapenetan xedatutakoaren arabera aplikatu behar diren betekizunak eta bai jarraian zehaztutakoak ere:

a) Honako kategoria hauetakoren batean dauden aktiboak izatea, horretarako azaroaren 16ko 1514/2007 Errege Dekretuan bildutako Kontabilitate Plan Orokorrak ezarritako definizioaren arabera, edo inbertsioa egingo deneko herrialdeko Kontabilitate Planarekin bat baliokide denaren arabera, epigrafe hauetan:

– 210 Jabetza industriala eta patenteak.

– 206 Aplikazio informatikoak.

– 210 Lurrak eta ondasun naturalak.

– 211 Eraikuntzak.

– 212 Instalazio teknikoak.

– 213 Makineria.

– 214 Lanabesak.

– 215 Beste instalazio batzuk.

– 217 Informazio-prozesuetarako ekipoak.

«Lurrak eta ondasun naturalak» eta «Eraikuntzak» epigrafeetako inbertsioaren kopurua, gehienez ere, laguntza jaso dezaketen gainerako aktibo guztiak bestekoa izango da. Gehienezko kopuru hori gaindituz gero, soberako inbertsioa ez da laguntza jaso dezakeen inbertsio gisa zenbatuko, laguntzak zehazteari dagokionez.

Edonola ere, aktiboek zuzeneko lotura izan behar dute enpresaren helburu soziala den jarduerarekin.

Aktiboen preziotzat joko da haien balio «garbia», hots, fakturatutako zenbatekoari balio erantsiaren gaineko zerga edo destinoko herrialdeko baliokidea kenduta ateratzen den balioa.

b) Aktiboak lehenengo aldiz erabili edo abian jartzea. Erabilitako eraikin edo bestelako eraikuntzak eskuratzen badira, berriak balira bezala jokatuko da haiekin.

c) Gutxienez, hiru urteko amortizazio-aldia ezarrita izatea, eta bost urte irautea, gutxienez, enpresaren aktiboan.

d) Aktiboak, oro har, ez egotea inori lagata, ez kontraprestazioarekin, ez kontraprestaziorik gabe.

e) Enpresa eskatzaileak berak fabrikatutakoak ez izatea (edonola ere, haien balioa ez da inoiz izango eragiten duten kanpo-kontsumoa baino handiagoa).

f) Bazkideetariko edozeinek egindako kapital-ekarpenek –gauzatan egindakoek– ezin izango dute laguntzarik jaso.

g) Finantza-errentamendu bidez finantzatutako inbertsioak laguntza jaso dezake; betiere, erosketa-aukera baliatzeko beren-beregiko konpromisoa hartzen badu enpresak.

h) Enpresa onuradunaren establezimenduan soilik ustiatu behar dira laguntza jaso dezaketen aktibo ez-materialak; aktiboaren elementu amortizagarritzat joko dira; hirugarren pertsona bati erosi beharko zaizkio merkatuko baldintzetan, eta gutxienez bost urte eman beharko dute enpresaren aktiboan.

3.– Enpresa elkartu edo lotuei aktiboak erostetik datozen inbertsioen berri eman beharko zaio beren-beregi nazioartekotzearen arloan eskumenak dituen sailari, Batzordeak 2014ko ekainaren 17an Salbuespenei buruz emandako 651/2014 Erregelamendu Orokorreko I. eranskinaren arabera (mikroenpresen eta enpresa txiki eta ertainen definizioei buruzkoa), eta kanpo-auditoritzetan oinarrituta baloratuko dira.

4.– Diruz lagun daitezkeen proiektuek 120.000 euroko inbertsioa lortu beharko dute gutxienez, betiere artikulu honetako 2. puntuan zehaztu Kontabilitate Plan Orokorreko kategorietan, eta inbertsioa, gehienez ere, 36 hilabeteko epearen barruan gauzatu beharko da. Euskal enpresak proiektuan duen partaidetzarekiko proportzioan zenbatuko da gutxieneko inbertsioa.

5.– Laguntza hauek jaso ahal izateko, eskabidea aurkeztu baino lehen eginda izan beharko dira hauek: enpresa berrien eraketa, lehendik direnetan partaidetzak eskuratzea, eta zabalkuntzak.

Era berean, eskabidea zein deialditan aurkezten den, harexetan hasi beharko dira diruz lagunduko diren inbertsioak; edozelan ere, eskabidea aurkeztu ostean.

6. artikulua.– Laguntzen modalitatea.

Agindu honen markoan emango diren laguntzak aurrerakin itzulgarriak izango dira, hau da, egingo diren inbertsioekiko proportzionalak diren diru-laguntzak, zeintzuk linealki itzuli beharko baitira bost urteko epean, inbertsio-proiektua amaitu osteko bigarren ekitalditik hara.

7. artikulua.– Aurrerakin itzulgarrien ezaugarriak.

Aurrerakin itzulgarrien kontzeptupean emango diren laguntzak diruz lagun daitekeen inbertsioaren % 30erainkoak izan ahalko dira, hurrengo artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, eta, inola ere, ezin izango dute gainditu 1.000.000,00 euroko kopurua.

8. artikulua.– Laguntzen zenbatekoak.

Agindu honetako 3. artikuluan xedatutakoaren arabera, enpresa onuradunek ondoko laguntzak jaso ahal izango dituzte:

1.– Enpresa txikientzat: laguntza jaso dezakeen inbertsioaren % 30eko aurrerakin itzulgarriak.

2.– Enpresa ertainentzat: laguntza jaso dezakeen inbertsioaren % 25eko aurrerakin itzulgarriak.

9. artikulua.– Laguntzak metatzea eta laguntzen mugak.

Programa honetan jasotzen diren laguntzak bateragarriak izango dira xede bererako beste administrazio publiko edo erakunde pribatu batzuek ematen dituztenekin, baldin eta laguntza guztiak batera ez badute gainditzen Batzordearen Salbuespenei buruzko 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamendu Orokorreko 8. artikuluan ezarritako muga (EBAOren 187. zk., 2014ko ekainaren 26koa). Laguntza horien berri eman beharko zaio Nazioartekotze Zuzendaritzari.

Muga hori gaindituz gero, gutxitu egingo da sail honek emandako laguntzaren zenbatekoa: gehiegizko kopurua zenbat, hainbat gutxituko da.

10. artikulua.– Prozedurari hasiera ematea.

1.– Agindu honek araututako laguntzetarako deialdi publikoa egingo da urtero, eta publizitate, lehia eta objektibotasunaren printzipioei jarraituz emango dira.

2.– Nazioartekotzearen arloan eskumenak dituen sailburuordetzaren ebazpenaren bitartez egingo da deialdia, eta honako hauek zehaztuko dira bertan: ekitaldi honetan emango diren laguntzen gehieneko zenbatekoa, eskabideak aurkezteko epea eta tokiak, eskabide-ereduak, eta, egoki bada, egindako inbertsioak justifikatzeko erantzukizunpeko adierazpenaren ereduak, eta fakturen koadroak; hargatik eragotzi gabe Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak ezarritakoa.

11. artikulua.– Eskabidea.

1.– Agindu honetan ezarritakoarekin bat etorriz, aurreikusitako laguntzak jasotzeko baldintzak betetzen dituzten enpresek eskabidea eta dokumentazio osagarriak aurkeztu beharko dituzte nazioartekotzearen arloan eskumenak dituen sailean, zuzenean edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean aurreikusitako eraren baten, deialdia egiteko ebazpenean finkatzen den epean; eta, eskabide hori, bestalde, nazioartekotzearen arloan eskumenak dituen sailburuordetzari zuzendu beharko zaio.

Nolanahi ere, behar den dokumentazio eta/edo informazio osagarri guztia eskatu ahal izango zaio enpresa eskatzaileari, hau da, aurkeztutako eskaera behar bezala ulertu, ebaluatu eta izapidetzeko dena; arau honetan esanbidez aurreikusten ez den guztiari dagokionez, berriz, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean xedatutakoa aplikatuko da.

2.– Eskabidearen, erantzukizunpeko adierazpenaren eta justifikazioaren eredu normalizatuak Interneteko helbide honetan bete edo/eta deskargatu ahal izango dira: www.euskadi.eus, diru-laguntzetarako deialdia eginda gero betiere.

3.– Deialdian zehazten den epearen barruan aurkeztu beharko dira eskabideak eta gainontzeko dokumentazioa, eta horrez gain, erakunde eskatzailea ordezkatzeko legezko ahalmena duen pertsonak sinatu beharko ditu.

4.– Enpresek eskubidea dute –sailarekiko hartu-emanetan– EAEko hizkuntza ofizialetako edozein erabiltzeko, bai ahoz eta bai idatzi ere, eta, jakina, aukeratutako hizkuntzan atendituak izatekoa.

5.– Diru-laguntza jasotzeko eskabide bat aurkezten bada, ekintza horren bidez eskatzaileak baimena emango dio organo emaileari zuzenean eskura ditzan zerga-betebeharren eta gizarte-segurantzarekiko betebeharren gaineko egiaztapenak, beharrezko den aldiro. Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta, halakorik egiten baldin badu, betebehar horiek betetzen dituela egiaztatzen duten agiriak berak aurkeztu beharko ditu.

12. artikulua.– Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Eskatzaileek, eskabidearekin batera, enpresaren informazio orokorra aurkeztu beharko dute, bai eta agiri hauek ere:

a) Inbertsio-proiektuari buruzko memoria zehatza, zeinetan jasoko baitira inplementazio-egitasmoa, plan ekonomiko-finantzarioa eta horiek burutzeko epeak. Eta atzerriko sozietate bat eskuratzen bada, honako hau aurkeztu beharko da: sozietatearen gaineko balorazioa, kanpoko enpresa batek egindakoa, salerosketa eragiketaren ondorioetarako.

Enpresa eskatzaileak, betiere, memoria bat aurkeztu beharko du, demostratzeko ezen proiektuak sendotu egiten dituela bere posizioa merkatuan, bere lehiakortasuna eta etorkizuneko bere bideragarritasuna.

b) Enpresa eskatzailearen eraketa-eskritura, eta bai laguntzaren helburu den ezarpenaren eta berorren aldaketen gainekoa ere, egoki bada.

c) Identifikazio Fiskaleko Txartelaren kopia.

d) Pertsona eskatzailearen ordezkaritza-ahalmenaren kopia konpultsatua, salbu eta halakorik izan nazioartekotzearen arloan eskumenak dituen sailaren esku eta aldaketarik ez bada izan.

e) Urteko kontuen eta haien dokumentazio osagarriaren kopia konpultsatuak, Merkataritza Erregistroan azken bi ekitaldietan gordailatuk; halakorik aurkeztu ezean, sozietateen gaineko zergaren azken aitorpen biak edo –hala badagokio– pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren azken bi aitorpenak.

f) Honako alderdi hauek egiazkoak direla dioen erantzukizunpeko adierazpena (ikuskatze-fasean egiaztatu ahal izango dira):

– Enpresa ez dela ari armak egiten, merkaturatzen eta finantzatzen; betiere Herrialde Txirotuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunari buruzko abenduaren 28ko 14/2007 Legean ezarritakoarekin bat etorriz.

– Proiektu berarentzako beste erakunde publiko edo pribatu batzuei eskatutako laguntzak eta/edo erakunde horietatik jasoak.

– Ez direla lotuak laguntzak berreskuratzeko aginduren bati, Europako Batzordean emandako erabakia baten ostean, non deklaratu baita ezen laguntza bat ilegala eta barneko merkatuarekin bateraezina dela, betiere bat etorriz: krisialdian dauden enpresak –finantzarioak ez direnak– salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko Jarraibideetako definizioarekin (2014-07-31ko AO, C 249).

– Ez dagoela zigor- eta administrazio-arloko diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta, ezta horretarako ezgaitzen duen legezko debekuen eraginpean ere, sexu-diskriminazioarengatik gertatutakoak barne hartuta, bat etorriz otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerakoak, azken xedapenetatik seigarrenean ezarritakoarekin.

– Enpresak bere egiten dituela, halaber, 4/2005 Legearen 2.3 artikuluak ezartzen dizkien betebeharrak (4/2005 Legea, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa), Administrazioarekin kontratuak eta hitzarmenak egiten dituzten erakundeei eta harengandik laguntzak jasotzen dituztenei ezartzen zaizkienak, hala nola tratu berdinean oinarritutako printzipioaren mende jardun beharra, aukera-berdintasuna eta langileen aniztasunari eta diferentziei zor zaien errespetua.

2.– Nolanahi ere, Sociedad para la Transformación Competitiva / Erakaldeta Lehiakorrerako Sozietatea SAk bidezko iritzitako agiriak edo argibideak eskatu ahal izango dizkio enpresa eskatzaileari, hain zuzen ere, diru-laguntza eskabidean aurkeztutako proiektua behar bezala ulertu, ebaluatu edo izapidetzeko.

3.– Ez da beharrezko izango zenbait agiri aurkeztea, baldin eta, indarrean dauden agiriak izanda dagoeneko diru-laguntza hauen deialdia egin duen sailaren esku badaude. Kasu horretan, eskabide-orrian adierazi beharko du eskatzaileak zein egunetan eta zein organo edo bulegotan aurkeztu zituen aipatutako dokumentuak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean ezarritako baldintzei jarraikiz.

13. artikulua.– Eskabideak aztertzea.

1.– Eskabidean jarri beharreko daturen bat edo aurreko artikuluan aipatutako agirietakoren bat falta dela atzemanez gero, nazioartekotzearen arloan eskumenak dituen sailak enpresa interesdunari eskatuko dio hutsa konpontzeko edo nahitaezko dokumentuak aurkezteko 10 eguneko epean, eta adieraziko dio ezen, hori egin ezean, ulertuko dela atzera egin duela eskabidean, eta, horretarako, nazioartekotzearen arloan eskumenak dituen sailburuordetzak ebazpena emango duela, betiere Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak xedatzen duenarekin bat etorriz.

2.– Sociedad para la Transformación Competitiva / Erakaldeta Lehiakorrerako Sozietatea SAri dagokio aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzea, eta, orobat, arau honek esleitzen dizkion funtzioen markoan, txosten bat ematea, non enpresa-proiektua eta berorren bideragarritasun ekonomiko-finantzarioa aztertuko baitira.

Sociedad para la Transformación Competitiva / Erakaldeta Lehiakorrerako Sozietatea SAk egiaztatu egingo du eskatzailea enpresa txiki edo ertaina den ala ez, eta bai urteko datu hauek ere: enpresako eta –hala gertatuz gero– berarekin elkartu edo lotutako gainerako enpresetako enplegua, negozio-bolumena eta balantze orokorra. Enpresa-taldearen datu orokorrak ere aurkeztu behar dira, laguntza eskatu aurreko bi ekitaldietakoak.

Sociedad para la Transformación Competitiva / Erakaldeta Lehiakorrerako Sozietatea SAk Balorazio Batzordeari –proiektuen segimendua egiteko sortutakoari– txosten bat igorriko dio, egoera zehaztasunez jasotzen duena. Batzorde hori honako hauek osatuko dute: nazioartekotzearen arloan eskumenak dituen zuzendaritzako titularra, presidente gisa jardungo duena; eta batzordekide hauek: Sociedad para la Transformación Competitiva / Erakaldeta Lehiakorrerako Sozietatea SAko Nazioartekotzeko zuzendaria, Enpresa Garapenerako Ataleko zuzendaria eta Ekintzailetzako eta Ekonomiaren Garapenerako arduraduna; eta bai nazioartekotzearen arloan eskumenak dituen sailburuordetzako bi teknikari, euretarik batek idazkari-lanak egingo ditu. Batzordearen funtzionamenduari dagokionez, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean xedatutakoa aplikatuko da.

Balorazio Batzordeak aztertu egingo ditu kanpo ezarpenetarako proposamenak; hartarako, izaera industrialeko proiektuak kontsideratuko dira, eta horien artean, lehenik, teknologiaren aldetik interesgarriak direnak, eta gero berritzaileak direnak, betiere 14. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz. Proiektu horien ostean, edonola ere, honako proiektu hauek etorriko dira: jarduera ekonomikoaren beste sektore batzuenak eta merkaturatze-enpresenak, baldin eta horiek Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuak izanik produkzioa kanpoan ezartzeko ekimenak badituzte.

Batzordeak hartutako erabakian oinarriturik, Sociedad para la Transformación Competitiva / Erakaldeta Lehiakorrerako Sozietatea SAk aurrerakinak emateko proposamen bat idatziko du, nazioartekotzearen arloan eskumenak dituen sailburuordetzarentzako dena.

14. artikulua.– Oinarri teknologikoa duten eta/edo berritzaileak diren proiektuak.

1.– Aurreko artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako, proiektu bat teknologia-oinarrikotzat eta/edo berritzailetzat jotzeko, honako irizpideetako bat eta batzuk hartu beharko dira kontuan:

– Goi-teknologiako industria-sektoreetan lan egitea.

– I+Gko inbertsio-maila handiak izatea.

– I+Gko proiektuak ustiatzea.

– Teknologia babestuaren eitekoa izatea proiektu horien jabetza industriala.

– Merkaturatu daitezkeen produktu edo prozesu berri bilakatzea jakintza teknologikoa.

– Nazioartekotze-plana izatea, enpresaren produktuak kanpoko merkatuetan sartzeko estrategia eta ekintzak zehazten dituena, enpresari interesatzen zaizkion eremuak eta horien periodifikatzea adierazten dituena.

– Informazioaren gizartean sartu eta garatzeko estrategia eta ekimena edukitzea, eta enfasi berezia egitea informazio- eta komunikazio-teknologiak sartzen enpresaren jardueran eta negozio-ereduan.

– Berdintasun-plana izatea edo gizon eta emakumeen arteko berdintasunean lankidetzan ari den erakunde baten ziurtagiriak izatea, baita jazarpen sexistaren kontrako protokoloak, lana eta familia uztartzeko neurriak izatea, eta abar ere.

2.– Dena den, enpresa bat teknologia-oinarrikotzat eta/edo berritzailetzat hartzeko, ezinbestekoa izango da Sociedad para la Transformación Competitiva / Erakaldeta Lehiakorrerako Sozietatea SAeko Enpresa Garapenerako Atalak egindako txostena; txosten horri, aipatu sozietateko Estrategia eta Teknologia eta Berrikuntza Unitateak egindako txostena erantsi ahal izango zaio.

15. artikulua.– Laguntzak emateari buruzko ebazpena.

1.– Aurkeztutako eskaerak prozedura bakar baten bidez izapidetuko dira, eta prozedura hori ebaztea, erakunde interesdunek planteatutako alderdi guztiak erabakita, nazioartekotzearen arloan eskumenak dituen sailburuordetzaren titularrari dagokio, betiere Balorazio Batzordearen proposamenez.

2.– Hartzen den ebazpenean, eskatutako laguntzak eman edo, hala badagokio, ukatu diren zehaztuko da, eta eman den kasuetan, zehaztuko dira: erakunde onuraduna, diruz lagundutako proiektua, onartutako inbertsio-plana, diruz lagun daitekeen inbertsioa eta emandako diru-laguntzaren zenbatekoa. Eskabide ukatuen kasuan, ukatzeko arrazoiak adierazi beharko dira.

3.– Aurreko paragrafoan aipatu ebazpenak ez du amaitzen administrazio-bidea, eta beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, hilabeteko epean, eskumenak dituen sailburuari zuzenduta; betiere, bat etorriz Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean xedatutakoarekin.

4.– Ebazpenak enpresa interesdun bakoitzari jakinarazteaz gain, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian urtero emango da argitara esleipendunen eta emandako laguntzen zenbatekoen zerrenda, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 49.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

5.– Enpresa onuradunei agindu honetan araututako laguntzak emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, beharrezkoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi eta oraindik bideratzen ari den edozein itzultze-prozedura edo zigor-prozedura amaitzea.

6.– Prozedura ebazteko eta ebatzitakoa erakunde interesdunei jakinarazteko gehieneko epea sei hilabete izango da, urteko deialdia argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Epe hori igarota ebazpenik jakinarazi ez bada, diru-laguntza eskaera ukatu egin dela ulertu beharko dute interesdunek, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeko 44.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

16. artikulua.– Laguntzak ordaintzeko ebazpena.

1.– Laguntzak jasotzeko, ondoko deklarazioa aurkeztu beharko dio enpresak Sociedad para la Transformación Competitiva / Erakaldeta Lehiakorrerako Sozietatea SAri: gauzatutako inbertsioei buruzkoa, fakturen koadroa ere jasotzen duena, emandako ereduaren arabera, eta, bestalde, aipatu fakturen fotokopiak ere erantsi beharko zaizkio.

Deklaratutako inbertsioak ikusirik, eta haiek agiri bidez justifikatu ostean, Sociedad para la Transformación Competitiva / Erakaldeta Lehiakorrerako Sozietatea SAk tokatzen den diru-laguntza pagatzeko proposamena helaraziko dio nazioartekotzearen arloan eskumenak dituen sailburuordetzari.

Guztiarekin ere, behin ebazpen honen helburu den inbertsioa gauzatzen deneko ekitaldia amaiturik, ordainketa egin dadin, laguntzari dagokion proiektuaren gaineko kanpoko auditoretza –behar bezala itzulita– aurkeztu beharko du enpresak Auditoretza horrek egiaztatu egin beharko du ebazpenari dagozkion inbertsoak gauzatu direla.

Enpresa onuradunak, kasua bada, eskatzen zaion dokumentazio oro eta behin betiko fakturak –fakturen koadroan zehaztutakoekin bat datozenak– eskura jarriko dizkie Sociedad para la Transformación Competitiva / Erakaldeta Lehiakorrerako Sozietatea SAri eta nazioartekotzearen arloan eskumenak dituen sailari. Orobat, beharrezkotzat jotzen den dokumentazio edo informazio osagarria eskatu ahal izango dute, egindako inbertsioak egiaztatzekotan.

2.– Nazioartekotzearen arloan eskumenak dituen zuzendaritzako titularrari dagokio ondoko ebazpena ematea: enpresa onuradunari pagatu behar zaion zenbatekoa –guztizkoa edo partziala– zehazten duena. Gehienez ere, urtean birritan ordainduko dira aurrerakin itzulgarriak.

3.– Goian adierazitako ebazpena, bestalde, enpresa onuradunari eta SOCADE, SA Garapenerako Euskadiko Kapital Sozietateari igorriko zaie; azken horrek, ebazpenean adierazitako zenbatekoan, laguntzak ordain ditzan.

4.– Enpresa batek laguntza ez-legitimo bat badu, zeinaren gainean Europako Batzordea kontrako erabakia hartu baitu, hura itzultzeko aginduarekin, eta laguntza hori itzulita ez badago, azken ordainketarako eskabidearekin batera aurkeztu beharko da hura ezeztatu izanaren justifikazioa, zeren ordainketa hori ez baita egingo justifikazioa hori gauzatu arte.

17. artikulua.– Aurrerakin itzulgarriak itzultzea.

1.– Aurrerakinen itzulketak periodikoki egingo dira SOCADE, SA Garapenerako Euskadiko Kapital Sozietatearen kontu baten; itzulketa zein ekitalditan egin behar den, ekitaldi hartako lehen bi hilabeteen barruan.

Behin inbertsioak amaituta, enpresek urte bateko gabealdia izango dute itzulketak egiten hasi aurretik; beraz, proiektua amaitzen denetik harako 2. urtean egin beharko da lehen itzulketa, eta gainontzekoak lau urtetan zehar, bata bestearen ostean eta linealki.

2.– Itzulketa egindakoan, enpresak autolikidazio-txostena eta banku-transferentziaren kopia bidaliko dizkio Sociedad para la Transformación Competitiva / Erakaldeta Lehiakorrerako Sozietatea SAri. Halakorik baliatu duten enpresek autolikidazio-txostena egin beharko dute, tokatzen den itzulketaren kalkulua zehaztearren, bost ekitaldietako bakoitzean. Bigarren ekitalditik aurrera egiten diren autolikidazio-txostenetan, aurreko ekitaldietan egindako itzulketen aipamena egingo da.

18. artikulua.– Erakunde laguntzaileak.

1.– Agindu honetan jasotako araubideari jarraituz onartzen diren laguntzen ondorioetarako, erakunde laguntzaile izendatzen dira Sociedad para la Transformación Competitiva / Erakaldeta Lehiakorrerako Sozietatea, SA eta SOCADE ,SA Garapenerako Euskadiko Kapital Sozietatea; betiere. abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan ezarritakoari jarraikiz eta arau honetan eta lankidetza-hitzarmenean jasotako zehaztapenekin bat etorriz.

2.– Sociedad para la Transformación Competitiva / Erakaldeta Lehiakorrerako Sozietatea SAk, erakunde laguntzailea den aldetik, honako eginkizun hauek izango ditu:

a) Inbertsio-proiektuak aztertu eta kalifikatzea.

b) Bideragarritasun-plana eta enpresa-proiektua aztertzeko txostenak prestatzea, eta txoten horiek Balorazio Batzordeari helaraztea.

d) Ordainketa-proposamenak eta ikuskatze-errekerimenduak egitea.

e) Itzulketen autolikidazioak ebaluatzea.

3.– SOCADE, SA Garapenerako Euskadiko Kapital Sozietateak, erakunde laguntzailea den aldetik, honako funtzio hauek izango ditu:

a) Enpresa onuradunei ordaintzeko agindua ematea.

b) Itzuli beharreko zenbatekoak eta –interesik badago– haien interesak jasotzea, eta horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzea.

c) Programako funtsen finantza-kontrola.

d) Kontuko mugimenduen (sarrerak eta gastuak) berariazko kontabilitatea eramatea.

e) Kontabilitateari eta izan litezkeen intzidentziei dagokienez, aldizkako komunikazioak helaraztea Sociedad para la Transformación Competitiva / Erakaldeta Lehiakorrerako Sozietatea SAri eta nazioartekotzearen arloan eskumenak dituen sailari.

19. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Agindu honetan ezarritako betekizunak, aplikatu behar diren gainontzeko arauak, eta diru-laguntzak emateko ebazpenean ezartzen direnak; enpresa onuradunak horietako edozein betetzen ez badu, organo eskudunak, ez-betetze espedientea egin eta interesdunari audientzia eman eta gero, laguntza bertan behera uzteko administrazio-ebazpena emango du; eta horrek ekarriko du laguntza jasotzeko eskubide galtzea, eta, kasua bada, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharra jasotako diru-laguntzen tronkoa eta tokatzen diren berandutze-interesak; betiere, ondoko arauetan ezarritakoarekin bat etorriz: diru-laguntzari buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legea; azaroaren 1ko 1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bategina onestekoa; abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua; eta horiek garatzeko arauak. Zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira, legezko ondorioei dagokienez.

2.– Nazioartekotzearen arloan eskumenak dituen sailburuordetzako titularrari dagokio ez-betetzeari buruzko espedientea hasi eta ebaztea. Proiektua amaitu baino lehenagoko gorabeherak direla-eta Sociedad para la Transformación Competitiva / Erakaldeta Lehiakorrerako Sozietatea SAk proposatuta egin dezake hori, edo, itzulketei buruzko gorabeheren kasuan, SOCADE, SA Garapenerako Euskadiko Kapital Sozietateak proposatuta.

3.– Erakunde onuraduna konkurtso-prozedura batean baldin badago, Administrazioak lehentasuna –kasuan kasu aplika daitezkeen xedapenek aitortzen diotena– izango du eman dituen aurrerakin itzulgarriak berreskuratzeko.

20. artikulua.– Laguntzaren baldintzak aldatzea.

1.– Laguntza eman zuen ebazpena aldatu ahal izango da, baldin eta laguntzaren xedea betetzat jotzen bada, eta laguntzak ematerakoan kontuan hartu zen betekizunetakoren bat aldatzen bada, edota, aldi berean, beste laguntza edo diru-laguntza bat lortzen bada beste edozein erakunde publiko nahiz pribatu batetik; betiere, diru-laguntzaren arauak onuradun izateko ezarritako gutxieneko betekizunak konplitzen badira. Horrelakoetan, nazioartekotzearen arloan eskumenak dituen sailburuordetzak ebazpena emango du, zeinetan berregokitu egingo baitira emandako diru-laguntzen kopuruak.

2.– Salbuespen gisa, eta enpresak aurretik eskatu eta justifikatuz gero, laguntzak onartu zituen administrazio-organoak luzatu egin ahal izango du burutu beharreko jarduerak egiteko epea –behin bakarrik–, baldin eta enpresak alegatu dituen arrazoiek luzapen hori justifikatzen badute. Luzapenaren ondorioz, atzeratu egingo da laguntzen ordainketa, ez urte batetik gora.

Epea luzatze horrek ez du ekarriko, baina, emandako aurrerakin itzulgarriaren zenbatekoa aldatzea, ezta laguntza emateko ebazpenean itzulketarako ezarri ziren baldintzak eta datak aldatzea ere. Hala ere, nazioartekotzearen arloan eskumenak dituen sailburuordetzako titularrak itzulketa-egutegian luzapen bat eman dezake, aldez aurretik onuradunaren eskabidea eta horren egoera finantzarioaren gaineko ebaluazioa direlarik; luzapen horretan sar daitezke hasierako egutegian ezarritako itzulketa guztiak edo batzuk; guztiarekin ere, ezin izango du gainditu hasieran finkatutakoa urte baten baino gehiagoan. Luzapen hori emateak berekin dakar tokatzen diren interes legezkoak ordaindu beharra, eta aldez aurretik bermeak aurkeztearen pentzutan egon ahal izango da.

21. artikulua.– Enpresa onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako diru-laguntzak jasotzen dituzten onuradunek betebehar hauek izango dituzte:

1) Emandako laguntza onartzea. Hala, bada, laguntza eman izanaren jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean enpresa onuradunek esanbidez eta idazki bidez laguntzari uko egiten ez badiote, laguntza onartutzat joko da.

2) Laguntza hori zer helburutarako eman zen, hartarakoxe erabiltzea.

3) Hitzartutako inbertsioa eta enplegu-sorkuntza bete eta justifikatzea.

4) Sortutako enpleguei eusteko eta inbertsioa exekutatzeko epearen barruan, organo kudeatzaileari igortzea eskatzen zaion informazio osagarri oro; hala, proiektua garatu eta exekutatzeari dagokienez, Administrazioak egoki irizten dien egiaztapenak egin ditzan.

5) Inbertsio-proiektuari lotutako behin betiko fakturak artxibatzea, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak haiek eskuratzeko moduan jartzea, bost urtez.

6) Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, dekretu honi lotuta emandako laguntzak direla-eta beren betekizunak betetzen ari direla, onuradunei eskatutako informazio guztia izan behar dute eskura.

7) Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginean, Diru-laguntzari buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legean eta horiek garatzeko arauetan aurreikusitakoaren arabera, exijitu daitekeen beste edozein obligazio.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Xedatutakoa gorabehera, indargabetzen den arauarekin bat etorriz eman ziren laguntzak, arau horrekin eraenduko dira harik eta amaitzen diren arte, salbu eta enpresaren baliabide propioei buruzko betekizunari dagokionez, zeren agindu honetako 7. artikuluan ezarritakoa aplikatu beharko baita.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetu egiten da honako agindu hau: Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuarena, 2011ko maiatzaren 18koa, Kanpo Ezarpenetarako Gauzatu Programa arautzen duena, Euskadiko enpresak kanpoan sortu, ezarri eta garatzea bultzatzeko programa, alegia. Halaber, indargabetu egiten dira agindu honen kontrako maila bereko edo beheragoko beste xedapen oro, baldin eta agindu honetan ezarritakoari aurka egiten badiote.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honen aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko apirilaren 6a.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.


Azterketa dokumentala