Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

79. zk., 2016ko apirilaren 27a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
1763

AGINDUA, 2016ko apirilaren 6koa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena, nazioarteko lizitazioetan parte-hartzen laguntzeko Interlehian 2016 programa arautu eta horren deialdia egiten duena, 2016ko ekitaldirako.

Euskal Autonomia Erkidegoaren ekonomiak % 50en inguruko irekitasun-maila du eta, ondorioz, ekonomia irekia dela esan daiteke; horrenbestez, sentikorra zaio munduko merkataritzaren bilakaerari, eta bereziki eragiten dio Europako ekonomiaren portaerak, esparru horretan biltzen baititu gaur egun haren kanpo-merkatu nagusiak.

Egia da EAEko enpresak ohituta daudela atzerrira joan eta lehian aritzera; baina nazioarteko lizitazioak eta, bereziki, finantzazio aldeaniztuneko erakundeek kudeatu eta finantzatutako lizitazioak merkatu arrotza eta ezezaguna dira enpresa gehienetarako. Merkatu horrek, gaur egun, 100.000 milioi dolarretik gorako bolumena du.

Euskal Autonomia Erkidegoko enpresei merkatu horiei ekiten laguntzeko eta nazioarteko lizitazioetan euskal enpresen parte-hartzea sustatzeko xedez eman zen argitara 2015ean Interlehian programa. Lortutako emaitzei esker animatu da sail hau programa horri jarraipena ematera; horretarako, gainera, koordinatu egingo du Nazioartekotzearen Euskal Partzuergoko gainerako eragileek eremu honetan egiten dituzten ahaleginekin.

Enpresen arteko lankidetza bultzatzen segitzen du programak, eta balioetsi egiten ditu enpresek hitzarmen eta partzuergoen bidez abiatzen dituzten ekimenak; izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa gehienek ez dute tamaina handirik eta irizpide erabakigarria izan ohi da eskaintza zabala egitea nazioarteko lizitazio gehienetan.

EAEko enpresei beste merkatu batzuetan sar daitezen laguntzea da laguntza-programa honen helburua; ondorioz, aurrekontua agortu bitarteko deialdi irekiaren prozedura dirudi erabil daitekeen egokiena. Prozedura horri ezarrita, EAEko enpresek, lizitazio baten berri jakiten dutenean –beti da zalantzazkoa emaitza, baina interesgarria izan behar du hasiera batean–, parte hartzeko ahalegina egitea erabaki dezakete, edo, honezkero, eginda izan dezakete, baldin eta gastuen zati bat finantzatzeko laguntza eska dezaketela badakite.

Sail honetako Nazioartekotze Zuzendaritzak dituen beste laguntza-programa batzuetan gertatzen den moduan, plangintzak izan behar du enpresek nazioartekotzearen alorrean abiatzen dituzten ekimen guztien oinarria. Horregatik da, hain justu, plangintza estrategikoa aurkeztea laguntzak eskatzeko ezinbesteko baldintza. Berariaz, eta programa honen barruko laguntzak emateko, gainerako enpresek baino balioespen hobea izango dute, 2015ean izan zuten bezala, baldin eta euren nazioartekotze-estrategia nazioarteko lizitazioetan parte hartzean oinarritzea erabakitzen badute.

Bestetik, premia handia dago, gero eta handiagoa, baliabide publikoak EAEko gizarte osoan oro har eta, bereziki, haren ekonomian eragin handia izateko aurreikuspena duten proiektuak laguntzen erabiltzeko. Hori horrela, proiektuak baloratzeko irizpide batzuk ezartzen ditu Interlehian 2016 programak; zehazki, haztapen-faktore batzuk eta gutxienez lortu beharreko puntuazio bat finkatzen ditu, laguntza eskuratu ahal izateko. Berariaz, Mexikok egiten dituen deialdietako lizitazioek balorazio hobea izango dute; izan ere, Mexiko lehentasunezko herrialdetzat hartuta dago Enpresak Nazioartekotzeko 2014-2016ko Planean, eta sailak berak bidean du Euskadi-Mexiko Nazioartekotzeko 2015-2017ko Plan Estrategikoa.

Horretaz gain, nabarmentzekoa da programa honek lizitazioa argitaratu ostean sortzen diren gastuetarako ez ezik, enpresek aurretiko prozeduretan izan ohi dituzten gastuetarako diru-laguntza ere emango duela (gastuak ekitaldi honetakoak badira), jakin badakitelako aurretiko prozesu bat izaten dela interes-adierazpenak aurkezteko.

Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26.4 artikuluak arautzen du sailburuen eskumena dela, besteak beste eta Jaurlaritzako kide diren aldetik dituzten eskumenei kalterik egin gabe, haien sailei dagozkien gaietan administrazio-xedapen orokorrak eta ebazpenak ematea.

Eta horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Onartzea Interlehian programaren 2016. urterako deialdiaren arau-oinarriak (eranskinekoak), Euskal Autonomia Erkidegoko enpresak nazioartekotzen laguntzeko diru-laguntzetarako programa izanik, lizitazioetan parte har dezaten.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuari, hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegian, bi hileko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko apirilaren 6a.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

ERANSKINA
ARAU-OINARRIAK

1. artikulua.– Xedea eta denbora-eremua.

1.– Agindu honen xedea da egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duten enpresei laguntzea (hemendik aurrera, euskal enpresak) 2016. urtean egiten diren nazioarteko lizitazioetan eta horien aurretiko interes-adierazpenetan parte hartzen, haien nazioartekotzea bultzatzeko. Hala ere, Espainiako Estatutik kanpoko erakunde publikoen deialdietako lizitazioak izan behar dute, eta enpresak banaka edo lankidetzan aurkez daitezke horietara. Interlehian 2016 laguntza-programa hau 2016. urtean izango da indarrean, harik eta haren funtsak agortzen diren arte.

2.– Agindu honetan, lizitazioak izango dira kontratistak hautatu eta esleipenak egiteko lehia-prozesu formal eta publikoak, ondasunak, obrak eta zerbitzuak eskuratzeko eskaintzak eskatu, hartu eta ebaluatzen dituztenak. Eta interes-adierazpenak izango dira ondasunak, obrak eta zerbitzuak eskuratzeko lizitazio publikoetara gonbidatuak izan daitezkeen enpresen aurrehautaketen prozesu formalak.

3.– Itzuli beharrik gabeko diru-laguntzak emango ditu Interlehian programak, eta haien helburua izango da laguntzea diru-laguntza horien onuradunek obra-kontratuak, herri-lanen kontzesioak, hornidurak eta zerbitzuak kontratatzeko lizitazioetan parte har dezaten.

4.– Agindu honen ondorioetarako, Sektore Publikoko Kontratuen Legearen 6. eta 7. artikuluetan araututakoak izango dira obra-kontratuak eta herri-lanen kontzesioak:

– Obra-kontratuak: obraren bat egitea, adierazitako lege horren I. eranskinean zerrendaturiko lanetako bat egitea edo sektore publikoko entitate kontratatzaileak zehaztutako beharrizanak betetzeko edozein bitarteko erabiliz obra bat gauzatzea helburutzat duten kontratuak. Prestazio horietaz gain, kontratuak, hala egokituz gero, dagokion proiektua idaztea ere jaso ahal izango du.

Obratzat joko da ondasun higiezin bat xede duten eta eginkizun ekonomiko edo tekniko bat betetzeko egiten diren eraikuntzako edo ingeniaritza zibileko lan batzuen emaitza.

– Obra publikoen emakida-kontratuaren bidez, emakidadunak arau horren 6. artikuluan aipatzen diren prestazioetako batzuk egingo ditu, lehendik ziren eraikuntzak berriztatzea eta konpontzea barne, bai eta eraikitako elementuak artatzea eta mantentzea ere. Emakidadunaren aldeko kontraprestazioa izaten da obra ustiatzeko eskubidea ez besterik, edo eskubide hori eta prezioa jasotzekoa.

Nolanahi ere, kontratua gauzatzeak dakartzan arriskuak kontratistaren kontura izango dira. Kontratuak honako eduki hau izan dezake:

a) Obra egokitzeko, eraberritzeko eta modernizatzeko lanak, zerbitzuak behar bezala emateko, edo bera euskarri duten jarduera ekonomikoak gauzatzeko behar diren ezaugarri tekniko eta funtzionalei egokitzeko.

b) Obretako bakoitzak eduki behar dituen elementuek eskatzen dituzten lehengoratze- eta konponketa-lanak, hain zuzen ere, obra horien bitartez eman behar diren zerbitzuak eta gauzatu behar diren jarduerak betekizun ekonomikoen eta sozialen arabera eman eta gauzatu ahal izateko.

Obra publikoen emakida-kontratuan aurreikus daiteke emakidadunak obrak proiektatu, gauzatu, artatu, lehengoratu eta konpondu behar dituela, baldin eta obra nagusiaren osagarri badira edo hari lotuta badaude eta beharrezkoak badira eraikinak bete beharreko helburua betetzeko eta funtzionamendua eta ustiaketa hobeak izateko. Horrez gain, obrekin zerikusia duten ingurumen-jardunak eta kontratuan aurreikusitakoak ere gauzatu behar ditu emakidadunak. Obra nagusiaren osagarri diren obrak edo hari lotutakoak ekonomikoki ustiatu edo aprobetxatzeko modukoak badira, emakidadunari dagokio aprobetxamendu hori, obra nagusiaren ustiapenarekin batera; betiere, dagozkien baldintza-orrietan ezarritakoaren arabera.

5.– Agindu honetan, hornidura-kontratuak izango dira Sektore Publikoko Kontratuen Legearen 9. artikulukoak, hau da, objektutzat dutenak produktu edo ondasun higigarriak finantza-errentamenduan hartzea, errentan hartzea –erosteko aukera izan zein ez– edo eskuratzea.

Jabetza gozpuzgabeei eta balio negoziagarriei buruzko kontratuak ez dira hartuko hornidura-kontratutzat.

Nolanahi ere, hornidura-kontratutzat joko dira kontratu hauek:

a) Enpresa hainbat ondasun hurrenez hurren eta unitateko prezioka entregatzera behartzen duten kontratuak, ondasun kopuru osoa kontratua egiteko unean zehaztasunez mugatu gabe, ondasunak eskuratu behar dituenaren premien arabera egiteagatik entregak.

b) Xedetzat telekomunikazio-ekipamenduak edo -sistemak edo informazioa tratatzeko ekipamendu eta sistemak eta horien dispositibo eta programak eskuratu eta errentan hartzeko kontratuak dituztenak, baita programak erabiltzeko eskubidea lagatzekoak ere, neurrira garatutako ordenagailu-programak eskuratzeko kontratuak izan ezik, horiek zerbitzu-kontratutzat joko dira eta.

c) Fabrikazio-kontratuak, enpresak horien bidez entregatu behar dituen gauzak (edo gauza) entitate kontratatzaileak aldez aurretik ezarritako ezaugarrien arabera egin behar direnean, nahiz eta entitate kontratatzaileak bere gain hartu horretarako behar diren materialak osorik edo hein batean entregatzeko betebeharra.

6.– Agindu honetan, zerbitzu-kontratuak izango dira, kontratatzaile baten beharrizanak asetzeko xedea duten jardueren multzo bat (prestakuntza, hezkuntza, ingurumena, espazio-plangintza, lurralde-garapena, kalitatea, ingeniaritza, informatika, laguntza teknikoa, etab.) kontratatzen dutenez gain, Sektore Publikoko Kontratuaren Legearen 10. artikuluan definitutako kontratuak, objektutzat prestazioren bat dutenak, jardueraren bat gauzatuz gauzatzen direnak, edo obraz edo horniduraz besteko emaitza lortzera bideratutako egiteko prestazio bat dutenak. Lege horren II. eranskinean zerrendatzen diren kategorietan banatzen dira zerbitzu-kontratuak.

2. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duten mikroenpresek eta enpresa txiki eta ertainek (ETEek) jaso ditzakete agindu honetan arautzen diren laguntzak. Banaka edo batera aurkez daitezke, aldi baterako enpresa-elkarketetan, eta plangintza estrategiko bat izan behar dute beti. Batzordearen 2003/361/EE Gomendioak arautzen duenari erreparatuta zehaztuko da ETE kontzeptuaren definizioa.

2.– Laguntza hauek eska ditzakete, era berean, ETE izateko eskakizunak betetzen ez dituzten enpresek, baldin eta eskatzen duten laguntzaren xede den proiektuak trakzio-lan handia egin badezake EAEko enpresa txiki eta ertainetarako –ezaugarri hori frogatzeko, onuradun izan daitezkeen enpresen zerrenda eta inpaktu ekonomikoaren estimazioa aurkeztu behar dute–, edo berariaz xede horrekin enpresarien aldi baterako elkarte bat osatzen badute.

3.– Sektore Publikoko Kontratuen Legearen 59. artikuluak arautuko ditu enpresa-elkarte horiek, eta, berariaz, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Elkartearen kideen erdiek baino gehiagok bete behar dituzte artikulu honen 1. puntuan arautzen diren eskakizunak.

b) Berariaz eratutako enpresa-elkarteren bat baldin bada lizitatzailea, egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duen enpresak aurkeztu behar du diru-laguntzaren eskaera. Elkarteko liderra izan behar du enpresa horrek, eta hura izango da Administrazioarekiko solaskidea eta harremanetarako kontaktua, proiektuaren garapenaz eta kudeaketaz arduratzeko.

c) Modalitate horretan aurkezten diren proiektuek egoera hori adierazi behar dute enpresa liderrak aurkeztuko duen eskaeran; gainera, enpresa lider horrek eta elkartean parte hartzen duten gainerako erakundeek izenpetu behar dute hura. Elkartean parte hartzen duen erakunde bakoitzari dagozkion jarduerak eta aurrekontuak adierazi behar dira.

4.– Hala ere, aurkeztu diren lizitazioan esleipendun gertatzen ez baldin badira soilik jasoko dute laguntza haren onuradun diren erakundeek. Murriztapen hori ez da ezarriko interes-adierazpenen aurkezpenetan.

5.– Baztertu egingo dira Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharretan egunean ez dauden erakundeak.

6.– Ezin dira onuradun izan, era berean, herri-administrazioekiko lotura duten erakundeek eta administrazio instituzionaleko erakundeak.

7.– Ez dira diruz lagunduko zigor- eta administrazio-arloan diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta dauden erakundeak, ezta hartarako ezgaitzen duen legezko debekuren baten eraginpean dauden erakundeak ere, sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak jaso dituztenak barne, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetan seigarrenean xedaturikoari jarraikiz.

3. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen gastuak.

1.– Interes-adierazpenak aurkezteko laguntzetan sar daitezkeen gastuak hauek dira:

a) Pleguen lorpena, edo inskripzioa.

b) Interes-adierazpenen analisia eta prestakuntza.

– Barne-gastuak, hau da, erakunde eskatzaileko langileek emandako denboraren soldata-kostuak.

– Kanpo-aholkularitzaren gastuak, kasuko proiektuaren identifikazioari eta interes-adierazpenaren edo proposamenaren prestakuntzari lotutakoak.

– Itzulpenak, euskaratik / gaztelaniatik dokumentazioa aurkezteko hizkuntzara egindakoak.

– Eskaintza-lekurako bidaiak.

– Eskaintza-lekuan egindako egonaldiak.

– Behin-behineko bulegoa alokatzea eskaintza-lekuan (ez dira sartuko funtzionamendu-gastuak, hala nola telefonoa, ura, argindarra eta antzekoak).

c) Produktua xedeko merkatuan erregistratzea.

– Jabetza industriala.

– Homologazioak.

– Ziurtagiriak.

2.– Lizitazio publikoetarako proposamenak aurkezteko laguntzetan sar daitezkeen gastuak hauek dira:

a) Baldintza-pleguak eskuratzea, haiek eskuratzeko bidaia barnean izanik.

b) Eskaintza aztertu eta prestatzea.

– Barne-gastuak, hau da, erakunde eskatzaileko langileek emandako denboraren soldata-kostuak.

– Kanpo-aholkularitzaren gastuak, proposamenaren prestakuntzari lotutakoak.

– Itzulpenak, euskaratik / gaztelaniatik dokumentazioa aurkezteko hizkuntzara egindakoak.

– Eskaintza-lekurako bidaiak.

– Eskaintza-lekuan egindako egonaldiak.

– Behin-behineko bulegoa alokatzea eskaintza-lekuan (ez dira sartuko funtzionamendu-gastuak, hala nola telefonoa, ura, argindarra eta antzekoak).

c) Produktua xedeko merkatuan erregistratzea.

– Jabetza industriala.

– Homologazioak.

– Ziurtagiriak.

3.– Berariaz utziko dira laguntzatik kanpo prezio publikoen bidezko zerbitzuei edo ordaindutako jarduerei dagozkien gastuak.

4.– Onartu egingo dira interes-adierazpenen deialdiaren emaitza argitaratu aurretik egindako gastuak (lista laburraren argitalpena), edo, kasuan kasu, lizitazioko eskaintza ekonomikoa ireki aurretikoak, baina beti 2016ko gastuak izanik.

4. artikulua.– Diru-laguntzen mugak.

1.– Erakunde eskatzaile bakoitzak bi interes-adierazpenetarako eta bi proiektutarako laguntza jaso dezake gehienez, deialdi honetan, bai banaka, bai beste enpresa batzuekiko elkartea osatuta; hala ere, nahi adina eskaera egin dezake.

Ondorio horietarako, enpresen aldi baterako elkarteen osaerak kideen % 40 aldatu behar du gutxienez, uler ez dadin erakunde eskatzaile berak egin duela eskaera.

2.– Onartutako gastuen % 50erainoko laguntzak eman daitezke eta, gehien jota, proiektu bakoitzak 20.000,00 euro jaso dezake interes-adierazpenetarako, eta 50.000,00 euro, lizitaziora aurkeztutako proposamenetarako, banakako modalitatean. Enpresen aldi baterako elkarteen kasuan, egoitza autonomia-erkidego honetan duten enpresek proiektuan duten partaidetzaren zenbatekoarekin lotuko dira muga horiek.

3.– Interes-adierazpenak aurkezteko barne-gastuetarako laguntzak ezin izango dira onartutako gastu osoaren % 50 baino gehiagokoak izan. Hala ere, eskabide horretan, ez bada ageri barnekoa ez den gastu-zenbatekorik, proiektuaren arduradunaren dedikazioari 20 ordu aitortuko zaizkio.

4.– Barne-gastuetarako laguntzek muga hauek izango dituzte lizitaziora aurkeztutako proposamenetarako:

– Obrak: Proiekturik idatzi behar ez bada, % 50eraino; % 80raino, proiektua idatziz gero.

– Hornidurak: Onartutako gastu osoaren % 50eraino.

– Zerbitzuak: Onartutako gastu osoaren % 80raino.

Aurrekoa gorabehera, lizitazio publikoetara aurkeztutako proposamenetarako laguntza-eskabidean, ez bada ageri barnekoa ez den gastu-zenbatekorik, proiektuaren arduradunaren dedikazioari 80 ordu aitortuko zaizkio.

5. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Interlehian 2016 programak 300.000,00 euroko baliabide ekonomikoak ditu esleituta, eta Euskal Autonomia Erkidegoko 2016ko Aurrekontu Orokorretan daude izendatuta. Deialdi honen kargura aurrekontu-ekitaldi honetan emango diren laguntzak ez dira izango artikulu honetan finkatutako zenbatekoak baino handiagoak, edo hori eguneratzearen ondoriozko zenbatekoak baino handiagoak; baldin eta indarreko legeriaren araberako aurrekontu-aldaketak onartzen badira, eskatutako laguntzen guztizkoa kontuan izanik, eta, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak beste laguntza-programa batzuk burututakoan, aurrekontuko ahitu gabeko diru-kopururik geratzen bada, eta horiek ebatzi baino lehen. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da informazio hori, Industriako sailburuordeak emandako ebazpen baten bidez.

Zenbateko hori agortzen baldin bada, ez da diru-laguntza gehiago emango, eta, beraz, handik aurrera, xedapen honek ez du ondoriorik izango. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da informazio hori, Industriako sailburuordeak emandako ebazpen baten bidez.

6. artikulua.– Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Laguntza hauek batera daitezke beste herri-administrazio batzuek edo erakunde pribatuek emandako laguntzekin, nahiz eta agindu honetan jasotako helburu berbera izan, baldin eta laguntza batean eta bestean diruz lagundutako gastu-kontzeptua berbera ez bada.

Diruz lagundutako gastu-kontzeptua berbera bada laguntza batean zein bestean, enpresa onuradunak horren berri eman behar dio Nazioartekotze Zuzendaritzari. Halakorik gertatzen baldin bada, diru-laguntzetatik guztira jasotako kopurua ezin da izan onartutako kostu osoaren % 50etik gorakoa edo, gehienez, 50.000,00 eurokoa proiektu bakoitzeko, eta, muga hori gaindituz gero, gainditutako zenbatekoan murriztuko da agindu honen bidez jasotako laguntza.

2.– Nolanahi ere, agindu honetan ezarritako laguntzek Batzordearen 2013ko abenduaren 28ko 1407/2013/EB Erregelamenduan ezarritako minimis arauak errespetatuko dituzte. Hain zuzen ere, Europar Batasunaren esparruan ematen diren laguntza horiek eta ildo beretik emandako bestelako jarraibide eta xedapenak arautzen ditu arau horrek.

7. artikulua.– Prozedurari hasiera ematea.

1.– Publikotasunaren, lehiaren eta objektibotasunaren printzipioen arabera eta prozedura ireki baten esparruan emango dira agindu honek nazioarteko lizitazioetan parte hartzeko arautzen eta deitzen dituen laguntzak, harik eta ezarritako aurrekontua agortzen den arte. Ordenari jarraituz egingo da hori, espedienteak osatzen diren uneari erreparatuta.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondorengo eguneko 09:00etan hasiko da eskaerak aurkezteko epea; 2016ko urriaren 31n amaituko da, 12:00etan edo, 5. artikuluan arautzen den moduan, eskuragarri dauden funtsak agortzen direnean.

2.– Nazioartekotze Zuzendaritzara zuzenduko dira agindu honek arautzen dituen laguntzak eskuratzeko eskaerak eta gainerako dokumentazio osagarria, eta haiek aurkezteko aukera hauek izango dira: zuzenean aurkeztea, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak araututako bitartekoen bidez aurkeztea, eta herritarren arretarako Zuzenean bulegoetan aurkeztea.

3.– Behar bezala beteta aurkeztu behar da eskaera, erakunde edo pertsona eskatzailearen sinadura onartua daramala, eta agindu honen 8. artikuluan adierazten diren agiriak izan behar ditu. Xedapen honekin ematen den eskaera-eredua erabili behar da, eta haren hurrengo artikuluan zerrendatzen den dokumentazioarekin batera aurkeztuko da.

4.– EAEko bi hizkuntza ofizialak erabiltzeko eta Sailarekin izaten dituzten ahozko harremanetan zein idatzietan hizkuntza horietan hartuak izateko eskubidea dute erakundeek.

5.– Diru-laguntzarako eskaerarik aurkezten baldin bada, ekintza horren bidez eskatzaileak baimena emango dio organo emaileari zuzenean eskura ditzan zerga-betebeharren eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharren gaineko egiaztapenak. Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta, halakorik egiten baldin badu, betebehar horiek betetzen dituela egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko ditu.

6.– Eskabidea aurkezten duenean, erakunde eskatzaileak jakin badaki zein den deialdiaren emaitza; beraz, ondorengo artikuluan adierazitako dokumentazioaz gain, 12. artikuluetan eskatutakoa ere aurkeztu beharko du, hau da, laguntzen justifikazioari eta ordainketari dagokiena.

8. artikulua.– Aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Erakunde eskatzaileek dokumentazio hau aurkeztu behar dute eskaerarekin batera:

a) Erakundea eratzeko eskrituraren kopia konpultsatua.

b) Erakunde eskatzailearen ordezkaritza-ahalmenaren kopia konpultsatua. Aldi baterako elkartea eratuta lehiatzen diren enpresaburuek betebehar solidarioa izango dute, eta enpresaburuen elkartearen izenean ordezkari edo ahaldun bakar bat izendatuko dute, kontratutik sortutako eskubideez baliatzeko eta betebeharrak betetzeko ahalorde askirekin, harik eta kontratua amaitu arte.

c) Erakundearen identifikazio fiskaleko txartelaren kopia konpultsatua.

d) Enpresa edo erakunde eskatzailearen plangintza estrategikoa.

e) Lizitazioaren edo interes-adierazpenaren iragarkiaren kopia, kasuan kasukoa. Ebatzita badago, ebazpen-jakinarazpenaren kopia.

f) Aurkeztu nahi duten obra-, hornikuntza- edo zerbitzu-proiektuaren memoria zehatza.

g) Aurreikusitako gastuen aurrekontu zehatza.

h) Erakunde eskatzailea aldi baterako elkarte bateko lider gisa aurkezten bada, adierazi beharko dira elkarte hori osatzen dutenen izenak eta bakoitzaren egoera eta partaidetza bai jarduerei bai aurrekontuei begira, eta, kasu horietan, barnean sartu beharko da lankidetza-akordioaren kopia, bertan adierazita parte-hartzaileetariko zein den ETE eta zein ez. Erakunde eskatzaile liderra izango da proiektuaren garapenaren eta kudeaketaren arduraduna, eta haren eginkizuna izango da Administrazioarekin hitz egitea eta harremanak izatea.

i) Erakunde eskatzailea ETE ez bada, 2.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, eman beharko du zerrenda batean zer ETEk aterako dute onura proiektutik, inpaktu ekonomikoaren estimazioarekin batera.

j) Erantzukizunpeko adierazpena, honako hauek ziurtatzeko:

– Eskatzailea enpresa txiki edo ertain bat baldin bada, ETEek bete beharreko baldintzak betetzen dituela adierazi behar du, Batzordeak mikroenpresen eta enpresa txiki eta ertainen definizioari buruz 2003ko maiatzaren 6an emandako gomendioak arautzen duenari erreparatuta [2003/361/EE] (Europar Batasuneko Aldizkari Ofiziala, L-124 seriea, 2003-05-20koa, edo hura ordezten edo aldatzen duten xedapena).

– Herri-administrazioekin loturarik edo mendekotasunik ez dutela, eta ez direla Administrazio Instituzionaleko kide.

– Beste instituzio publiko edo pribatuei proiektu bererako eskatutako edo haietatik jasotako laguntzen zerrenda.

– Minimis arauak betetzen direla adierazi behar da, eta aurreko bi urte fiskaletan jasotako laguntza publikoak zehaztu behar dira.

– Erakunde eskatzailea ez dagoela zigor- eta administrazio-arloan diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta, ezta hartarako ezgaitzen duen legezko debekuren baten eraginpean ere, sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barnean izanik, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedaturikoari jarraikiz.

– Oso enpresa handia bada, Emakumeen eta gizonen egiazko berdintasuna bermatzeko martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren 45.2 artikuluan xedatutakoa bete behar du.

3.– Enpresa eskatzaileak gezurretako daturen bat jartzen badu erantzukizunpeko adierazpenean, edo ez baditu jakinarazten bere proiektuan gertatzen diren aldaketa funtsezkoak, administrazio- eta zigor-arloetan indarrean dauden zehapen-erregimenak ezarriko zaizkio.

4.– Nolanahi ere, aurkezten diren eskaerak behar bezala ulertu, ebaluatu eta izapidetzeko beharrezkotzat joko dituen dokumentu edo argibide guztiak eska diezazkioke Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak enpresa eskatzaileari. Arau honetan zehazki aurreikusita ez dagoenari dagokionez, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean xedatutakoa beteko da.

5.– Eskabidean jarri beharreko daturen bat edo dokumentazio osagarriko agiriren bat falta dela hautemanez gero, errekerimendua egingo zaio interesdunari, akatsa zuzendu edo behar diren agiriak aurkez ditzan 10 egun balioduneko epean. Halaber, ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, eskaera bertan behera utzi duela ulertuko dela; eta, horretarako, dagokion ebazpena emango da, hala xedatzen baita Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean.

6.– 2015eko ekitaldiko Interlehian programaren deialdiaren babespean eskabideak aurkeztu zituzten erakundeek, aldaketarik izan ezean, ez dute aurkeztu behar artikulu honetako 1. zenbakiaren a, b, c eta d letretan adierazitako dokumentazioa.

9. artikulua.– Balorazio-irizpideak.

1.– Onuradunak izateko baldintzak betetzen dituzten erakundeei emango zaizkie diru-laguntzak, eta balorazio-irizpide hauen arabera finkatuko da haien zenbatekoa:

– 1. irizpidea: Plangintza estrategikoaren kalitatea. Bereziki, balioespen hobea izango dute euren nazioartekotze-estrategia nazioarteko lizitazioetako parte-hartzean oinarritzen duten enpresek. 30 punturaino.

– 2. irizpidea: Aurkezturiko proiektuaren konplexutasuna. Aintzat hartuko da zenbat enpresak parte hartzen duten, zer jatorri geografiko duten, proiektuak zer trakzio-gaitasun duen euskal enpresetan, euskal ETEek zer protagonismo duten eta aurkeztu behar den eskaintzaren zailtasun objektiboa. 25 punturaino.

– 3. irizpidea: Finantzazio aldeaniztuneko erakundeen finantzazioa egotea. 25 puntu.

– 4. irizpidea: Erakunde publiko mexikarren batek egindako deialdiko lizitazioa edo interes-adierazpena izatea. 10 puntu.

– 5. irizpidea: Eusko Jaurlaritzaren Nazioartekotze Beken programari edo nazioartekotzea sustatzen duten beste agentzia batzuen antzeko programei laguntzea erakunde eskatzaileak eta elkartutako enpresak. 7 punturaino.

– 6. irizpidea: Gizarte-erantzukizuna. Erakunde eskatzailearen eta elkartutako enpresen konpromisoa emakumeen eta gizonen berdintasuna, euskara, ingurumena eta, oro har, gizarte-erantzukizunaren esparruko alderdiak sustatzeko. 3 punturaino.

2.– Agindu honen 4. artikuluan arautzen diren laguntzen % 70erainoko zenbatekoa esleituko zaie 50 eta 59 puntu bitarteko balorazioa jasotzen duten proiektuei.

3.– Agindu honen 4. artikuluan arautzen diren laguntzen % 80rainoko zenbatekoa esleituko zaie 60 eta 69 puntu bitarteko balorazioa jasotzen duten proiektuei.

4.– Agindu honen 4. artikuluan arautzen diren laguntzen % 90erainoko zenbatekoa esleituko zaie 70 eta 79 puntu bitarteko balorazioa jasotzen duten proiektuei.

5.– Agindu honen 4. artikuluan arautzen diren laguntzen % 100erainoko zenbatekoa esleituko zaie 79 puntu baino gehiagoko balorazioa jasotzen duten proiektuei.

6.– Baztertu egingo dira 50 puntura iristen ez diren proiektuak.

10. artikulua.– Eskaerak ebaluatzeko organoa.

1.– Berariaz xede honetarako sortutako ebaluazio-organoari dagokio aurkeztutako eskabideak aztertzea eta ebaluatzea, bai eta esleipen-proposamenak gertatzea ere.

2.– Nazioartekotze Zuzendaritzan sektore-programez arduratzen den pertsona izango da ebaluazio-organoaren burua: Agustin Arostegi. Iñaki Ezkurra izango da haren ordezkoa. Zuzendaritza bereko bi teknikari izango dira hango kideak: Jesús M.ª Cantón (ordezkoa Mara Estibalez) eta Alex Armentia (ordezkoa Isabel Rodríguez), azken honek idazkari-lanetan ere jardungo du. Ebaluazio-organoaren eraketa baliozkoa izango da bilerak egin, gaiak aztertu eta erabakiak hartzeko, baldin eta presidentea eta idazkaria (edo haien ordezkoak) eta, gutxienez, gainerako kideetako bat bertaratzen bada. Atal honetan arautzen ez diren alderdiak arautzeko, izaera subsidiarioz beteko dira Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen II. tituluko II. kapituluko xedapenak.

3.– Nazioartekotze Zuzendaritzako teknikariek egingo dituzte eskaerak aztertu eta ebaluatzeko lan materialak, eta, lan horiek egin ondoren, txosten teknikoen bidez aurkeztuko zaizkio emaitzak ebaluazio-organoari. Alderdi hauek jasoko dituzte txosten teknikoek: plangintza estrategikoaren baliozkotzearen eta kalifikazioaren xehetasunak, onartzen diren gastu hautagarriak eta eskaerari dagozkion balorazio-irizpideen haztapena.

4.– Administrazioaren zerbitzu teknikoen eta adituen laguntza balia dezake eratzen den organoak bere eginkizunak betetzeko.

11. artikulua.– diru-laguntzak ematea.

1.– Eskaerak aztertu eta baloratu ondoren, ebaluazio-organoak Nazioartekotze Zuzendaritzara igorriko du diru-laguntzak emateko ebazpen-proposamena, eta proposamen horretan adieraziko ditu: lortutako puntuazioa eta diru-laguntzen zenbatekoa, ekintzak egiteko baldintzak eta epeak, eta eskaerei dagozkien proiektuak betetzeko behar diren gainerako baldintzak.

2.– Nazioartekotzeko zuzendariak sei hileko epea izango du, eskaera jaso ondorengo egunetik aurrera, prozedura ebazteko administrazio-ebazpena eman eta jakinarazteko. Ebazpen horren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Industriako sailburuordeari, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean xedatutakoari jarraikiz.

3.– Erakunde interesdun bakoitzari jakinarazi behar zaio laguntzak emateko ebazpena; dena den, urtero argitaratuko da erakunde onuradunen zerrenda Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

4.– Laguntza esleitzeko eta, kasuan kasu, ordaintzeko baldintza izango da erakunde onuraduna lizitazioaren esleipenduna ez izatea. Eskakizun hori ez zaie ezarriko interes-adierazpenei.

5.– Halaber, agindu honek arautzen dituen laguntzak esleitu, eta, hala badagokio, ordaindu aurretik, honako hauek burututa egon behar dute: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek antzeko laguntzak edo diru-laguntzak enpresa horiei itzularazteko edo haien zioz zehapenak ezartzeko oraindik izapidetze-fasean dauden prozedura guztiak.

6.– Laguntza hauek eskatzeko aukera izango dute agindu honetan arautzen diren baldintzak bete eta 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera deitutako lizitazioetara, edo interes-adierazpenen deialdietara, aurkeztu diren erakundeek, baita lizitazioa ebatzita baldin badago ere; hala ere, azken egoera hori sortzen bada, eskatzaileak eskaeran, 8. artikuluak agintzen duen dokumentazioaz gain, laguntza justifikatzen duen dokumentazioa aurkeztu behar du, agindu honen 12. artikuluan zehaztuta ageri dena.

12. artikulua.– Diru-laguntzen justifikazioa eta ordainketa.

1.– Diruz lagundutako gastuak eta deialdiaren emaitza agiri bidez egiaztatu ondoren egingo da ordainketa, Nazioartekotzeko zuzendariak ordainketari dagokion administrazio-ebazpena eman ondoren. Onuradunak 30 eguneko epea izango du, deialdiaren emaitza jakinarazten den egunetik aurrera, egindako gastuak egiaztatzen dituzten agiriak aurkezteko.

2.– Agiri hauek aurkeztu behar dira gutxienez: egindako jardueren memoria zehatza edo txostena; kontratazio-mahaiak egindako jakinarazpenaren kopia, zerrenda laburrari buruzko erabakiak jasotzen dituena, edo, hala badagokio, kontratuaren esleipenaren kopia bat; eta fakturen eta ordainketen taula bat, enpresaren edo erakundearen IFZ eta sozietate-izena, fakturen igortze-datak, kontzeptuak eta zenbatekoak (BEZik gabe) eta ordaintze-datak adieraziko dituena. Ez da 50,00 eurotik beherako fakturarik onartuko.

Nominak eta TC1 eta TC2 agiriak aurkeztuta egiaztatuko dira agindu honetako 3.1.b) artikuluak adierazten dituen barne-gastuak.

3.– Esleitutako diru-laguntza ordaintzeko prozeduran, lizitazioaren emaitzen eta egindako gastuen justifikazioa aztertu eta ebazteko, kontuan hartuko da zer egunetan sartu den dokumentazio hori Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailean, eta hurrenkera horretan egin.

4.– Edozein unetan eska dakioke erakunde edo enpresa onuradunari beharrezkotzat jotzen den dokumentazio eta informazio osagarria, berak aurkeztutako dokumentuetako datuak –eta, bereziki, agindu honen 8. artikuluan aipatutako adierazpenean jasotako datuak– egiazkoak direla egiaztatzeko.

13. artikulua.– Erakunde eta enpresa onuradunen betebeharrak.

Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan ezarritako betebeharrez gain, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege orokorrean eta hura garatzeko arauetan ezarritako honako hauek ere bete behar dituzte agindu honetan araututako diru-laguntzen onuradun diren erakundeek:

1.– Emandako diru-laguntza onartu behar dute. Onuradunak ez baldin badio berariaz eta idatziz uko egiten diru-laguntzari hura eman zaiola jakinarazi ondorengo hamabost eguneko epean, diru-laguntza onartu duela ulertuko da.

2.– Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak egoki jotzen dituen egiaztapen-lan guztiak egingo ditu aztertzeko nola garatu eta betetzen diren diruz lagundutako proiektuak. Nolanahi ere, aurreko artikuluaren xedea betetzeko beharrezko irizten den informazio guztia emateko betebeharra dute enpresa onuradunek.

3.– Haren xede zehatza betetzeko erabili behar dute diru-laguntza enpresa onuradunek.

4.– Enpresa onuradunak aurkeztutako fakturen eta ordainketen taulan adierazten diren behin betiko fakturak artxibatuta eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eskura gordeko dira, 4 urtez.

5.– Enpresa onuradunen betebeharra izango da Ekonomia Garapen eta Lehiakortasun Sailak, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, euren eginkizunen jardunean laguntza horiei buruz eskatzen dieten informazio oro ematea.

6.– Helburu bera badute, edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribatutatik jaso dituzten diru-laguntzen eta laguntzen, diru-sarreren eta baliabideen berri eman behar dute.

7.– Diru-laguntza emateko kontuan hartutako edozein baldintza edo egoeraren aldaketa jakinarazi behar da.

14. artikulua.– Laguntzen aldaketa.

Diru-laguntza emateko kontuan hartu diren baldintzak aldatzen baldin badira, diru-laguntzak emateko ebazpena ere alda daiteke; betiere, diru-laguntzaren helburua beteta dagoela ulertzen bada eta, hala dagokionean, aldi berean beste edozein erakunde publiko nahiz pribatuk emandako diru-laguntzak eta laguntzak jaso direla ulertzen bada, eta, betiere, diru-laguntzaren onuradun izateko arauan ezarritako gutxieneko betekizunak bete badira. Esandakoaren ondorioetarako, Nazioartekotzeko zuzendariak aldaketa-ebazpena emango du, non egokitu egingo baitira emandako diru-laguntzen zenbatekoak.

15. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Enpresa onuradunak ez baldin baditu betetzen Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53. artikuluan xedatutakoa, agindu honek eta betetzekoak diren gainerako arauek agintzen dizkioten betebeharrak eta ebazpenak ezar ditzakeen baldintzak, ez-betetze horri buruzko txostena egingo du organo eskudunak, eta, ondoren, interesdunari entzungo dio. Hura entzun ondoren, ebazpen bidez adieraziko du diru-laguntza eskuratzeko eskubidea iraungi zaiola, eta, hala badagokio, baita jasotako laguntzak eta legezko interesak Euskadiko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar dituela ere, honako hauek araututakoaren arabera: Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen berme eta itzultzeei buruzko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina. Horretaz gain, egoki diren gainerako akzioak abiaraziko dira. Zenbateko horiek diru-sarrera publikoak izango dira lege-ondorio guztietarako.

2.– Ez-betetze osoko egoera izango da onartutako aurrekontua beherantz desbideratzea, baldin eta desbideratze hori % 25etik gorakoa bada. Horren salbuespen bakarra izango da enpresak behar bezala egiaztatzea, sailaren iritziz, bere konpromisoak betetzeko jardun argi eta garbia izan duela erakunde onuradunak.

3.– Nazioartekotzeko zuzendariari dagokio ez-betetzearen ondoriozko espedientea irekitzea eta espediente hori ebaztea.

4.– Arau-hauste administratibotzat har daitezkeen gertakarien ondorioz hasten bada itzulketa-prozedura, organo eskudunari jakinaraziko zaizkio gertakariok, dagokion zehapen-prozedura has dezan.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala