Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

72. zk., 2016ko apirilaren 18a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
1601

AGINDUA, 2016ko martxoaren 24koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, 2016. urtean Kultura eta gizarte arloetako bitartekotza- eta berrikuntza-proiektuetarako diru-laguntzak emateko arauak ezarri eta deialdia egiten duena (Bitartez deialdia).

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuak ezartzen duenez, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari dagozkio arte eta kultura mailako jardunekin eta horien hedapenarekin loturiko eginkizunak. Eskumen horiek Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari esleitzen dizkio 2013ko apirilaren 9ko 193/2013 Dekretuak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duenak.

Kultura Sustatzeko Zuzendaritzaren iritziz, lerro espezifiko bat abiarazi behar da, hain zuzen ere bitartekaritza eta sare-lanaren bidez ikerketa, berrikuntza eta arte garaikidearekin konprometituta dauden proiektuak sustatzeko. Horrela, garatu ahal izango dugu desberdinen arteko kolaborazioa eta talentua, gure inguruko sortzeko gaitasuna ahal den gehiena garatzearren, elkarlan moduak areagotzeko lan-inguruak, hartzailerengana jotzeko modu berriak, hartara bizipen esanguratsu, bereizgarriagoak eragitearren eta orokorrean praktika kulturaletatik abiatuta berrikuntza kultural eta sozialeko estrategiak planteatzen dituzten ekimenak.

Kultura-arloko estatu-laguntzei buruzko EB Europar Batasunaren araudian aldaketak egin berri dira, 2014ko uztailaren 1etik aurrera honako hau jarri baitzen indarrean: 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamendua, zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dituena Itunaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzearen ondorioz (2014-06-26ko AO, L 187). Erregelamendu horren nobedade nagusietariko bat izan da Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren (EBFI) 108. artikuluaren 3. atalean agertzen diren notifikazio beharrik ez daukaten estatu diru-laguntzen kategoriak zabaltzea. Kategoria berrien artean daude ondare eta kulturako diru-laguntzak, eta zehatz-mehatz gune edo espazio artistiko eta kulturalak.

Horregatik, agindu honen bidez araututako diru-laguntzak aipatu 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamendura egokituko dira. Erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dira Itunaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzearen ondorioz.

Halaber, agindu hau dago sartua Kultura Sustatzeko zuzendaritzaren 2016-2018ko urteetako diru-laguntzen plan estrategikoan, zeina Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuak onartu zuen eta sail horren web-orrian argitaratu den.

Ondorioz, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Agindu honen xedea da bitartekaritza eta sare-lanaren bidez ikerketa, berrikuntza eta arte garaikidearekin konprometituta dauden proiektuei bideratutako diru-laguntzak emateko arauak ezartzea eta deialdia egitea. Proiektu horiek lagungarri izan beharko dute hurrengoetarako:

– Desberdinen arteko elkarrizketa, kolaborazioa, baterako sorkuntza edota hibridazioa eta talentua sustatzeko, gure inguruko sortzeko gaitasuna ahal den gehiena garatzearren.

– Lurralde berean bizi diren pertsona eta talde desberdinen arteko komunikazioa, harremana eta integrazioa hobetzea.

– Lan-inguruak eta plataforma teknologikoak erabiltzea elkarlan-moduak, ikerketa eta ekoizpena areagotzeko.

– Hainbat hartzaile eta ikus-entzulerengana jotzeko moduko harreman- eta artekaritza-modu berriak sortzea, hartara bizipen esanguratsu, bereizgarri eta kualitatiboagoak eragitearren.

– Praktika kulturaletatik abiatuta berrikuntza kultural eta sozialeko estrategiak planteatzen dituzten ekimenak garatzea.

2.– Proiektu horiek kultura- edo sormen-sektore bati lotuak izan beharko dute (ikusizko arteak, zinema eta ikus-entzunezkoak, dantza, literatura, musika, antzerkia, zirkua, magia, bertsolaritza eta abar).

3.– Diru-laguntza jaso ahal izango dute, 2016. urtean hasiak eta 2017ko ekainaren 30erako amaituak egongo diren proiektuak.

4.– Eskatzaileak hainbat proiektu aurkezteko aukera baduen ere, proiektu bakar bat lagundu ahal izango da.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak eta diru-laguntzen mugak.

1.– Diru-laguntza hauen gehienezko zenbateko orokorra 400.000 eurokoa da.

2.– Proiektu bakoitzari emandako diru-laguntzaren gehienezko zenbatekoa 40.000 eurokoa izango da, beti ere proiektuaren aurrekontuaren % 70 ez badu gainditzen.

3. artikulua.– Pertsona edo erakunde onuradunak.

1.– Deialdi honetan diru-laguntza jaso ahal izateko, agindu hau argitaratzen den egunean, Euskadiko Autonomia Erkidegoan helbidea edo sozietate-egoitza duten pertsona fisiko edo juridiko pribatuek, gaitasun juridiko osoa eta jarduteko gaitasun osoa edukita eta edozein dela ere haien eraketa juridikoa, honako baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta emanda egotea, dagokion jarduera nagusien epigrafean.

b) Zerga-betebeharrak egunean izatea, baita Gizarte Segurantzakoak ere.

Deialdi honen organo kudeatzaileak egiaztatuko du, automatikoki, diru-laguntza eskatu duten pertsonek Gizarte Segurantzarekiko baldintzak betetzen dituztela, eta horretarako ez du pertsona horien oniritzia beharko, halaxe xedatzen du-eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak.

2.– Ezingo dituzte deialdi honetako diru-laguntzak jaso:

a) Laguntza publikoak lortzeko zigor administratibo edo penalik dutenek, ezta horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekua dutenek, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legezko azken xedapenetako seigarrena urratuz sexu diskriminazioa egiteagatik debeku horrekin zigortuta daudenak barne.

b) Berreskuratzeko agindu baten pean dauden enpresak, Batzordeak aurretiaz hartutako erabaki baten bidez laguntza bat legez kanpokotzat eta barne-merkatuarekin bateraezintzat jo izanaren ondorioz.

c) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan jasotako ezein egoeratan dauden pertsona edo entitateak.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo erakunde autonomoek ezaugarri bereko laguntza edo diru-laguntza batzuk eman badizkiote eta horiek itzultzeko edo zigorren bat ezartzeko prozeduraren bat izapidetzen ari bada, prozedura bukatu arte ezingo da diru-laguntza onartu, eta hala badagokio, ordaindu. Halaber, jasotako diru-laguntza bere diru-sarreren artean berriz sartu ez izana, itzultze-prozedura bat bukatutakoan, berriz ez sartzeko agintzen duen ebazpen bat eman bada, ezingo da diru-laguntza onartu, eta hala badagokio, ordaindu.

4. artikulua.– Diru-laguntzak emateko prozedura.

Deialdi honen kargura emango diren diru-laguntzak lehiaketa-prozeduraren bidez esleituko dira. Beraz, diru-laguntza jasotzeko ezarritako gehienezko muga errespetatuz eta finkatutako irizpideak erabiliz, onuradun kopuru bat hautatuko da, hain zuzen ere, proiektuen kalitatea eta bideragarritasuna ziurtatuko duen kopurua, betiere proiektuen dimentsioari begira.

5. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Eskaerak aurkezteko epea agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita hilabetekoa izango da.

2.– Eskabideak aurrez aurre edo bide elektronikoa erabiliz aurkeztu ahalko dira:

– Aurrez aurre: eskabideak, Zuzenean Zerbitzuko bulegoetan, EAEko erregistro laguntzaileetan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan jasotakoak) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 38.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean aurkeztu ahal izango dira.

– Bide elektronikoa: eskabideak aurkeztu ahalko dira, euskadi.eus gunean artikulu honetako 4. atalean adierazitako helbidean.

3.– Eskabidea egiteko eta dokumentazioa aurkezteko bide horietako bat erabiliz gero –presentziala edo elektronikoa–, horrek ez du esan nahi bidez aldatu ezin denik prozeduraren ondorengo izapideetan, alegia, edonoiz aldatu daiteke bidea.

4.– Eskaerak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak nola tramitatu behar diren azaltzen dituzten argibideak euskadi.eus-en honako helbide honetan daude ikusgai: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2016/bitartez/y22-izapide/eu/

Eskabidearen ondoko izapideak, bide elektronikoa erabiliz, hemen egin daitezke: http://www.euskadi.eus/nirekudeaketak

5.– Pertsona eta erakunde eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute eskaera, atxikitako dokumentazioarekin batera. Halaber, pertsona edo erakunde eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza hori erabili ahal izango da prozedura osoan, Euskararen Erabilpena Arautzen duen 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeko 5.2.a) eta 6.1 artikuluek xedatzen duen moduan.

6.– Eskabideak aurkezteak deialdi honetako oinarriak definitzen dituzten baldintzak espresuki eta formalki onartu direla adierazten du.

6. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Eskatzaileari dagokion dokumentazioa.

a) Pertsona fisikoa izanez gero:

– Eskaera sinatu duenaren identitatea egiaztatzeko agiriak.

b) Pertsona juridikoa izanez gero:

Administrazio honetako erregistroetan dauden erakundeak:

– Eskabidean adieraziko dute zein erregistrotan dauden eta ez dute erregistro horren agiririk aurkeztu beharko.

Beste administrazioetako erregistroetan dauden erakundeak egiaztatu beharko dute bere nortasun juridikoari dagokion legezko eraketa, ordezkaria den pertsonaren identitatea eta daukan legezko ordezkaritzako ahalmena honako dokumentazio honen bitartez:

– Sortze-eskritura eta estatutuak eta dagozkion erregistro publikoetan izena emanda dagoela egiaztatzen duen agiria.

– Identifikazio Fiskalaren Zenbakiaren txartela.

– Pertsona juridikoaren legezko ordezkariaren identitatea eta daukan legezko ordezkaritzako ahalmenaren egiaztagiriak.

2.– Proiektuari dagokion dokumentazioa. Dokumentazio hau formatu elektronikoan aurkeztu beharko da:

– Proposamena azaltzen duen txostena, beraren interesa eta balioa zehazten dituena, bai eta nola garatuko den argitzen duena ere. Gainera, proposamena zuzen baloratzeko behar diren alderdiak azalduko ditu, agindu honetako 11. artikuluaren 1 eta 2 puntuetan ezarritako irizpideekin bat.

– Proposamenaren laburpen-fitxa, euskadi.eus gunean ezarritako ereduaren arabera.

– Proiektuaren aurrekontua, partidaka banakatua eta xehatua, aurreikusitako gastu-sarrerak jasoko dituena, euskadi.eus gunean ezarritako ereduaren arabera.

– Aurreikusitako egutegia, euskadi.eus gunean ezarritako ereduaren arabera.

3.– Aurkeztuko diren dokumentu elektronikoak, erabilitako bidea (presentziala edo elektronikoa) edonolakoa dela ere, ondorengo ezaugarriak izan beharko dituzte:

a) Deskargatzeko ereduak erabiliko dira holakoak daudenean. Bestelako kasuetan, ahal bada dokumentazioa PDF formatuan aurkeztuko da.

b) Dokumentazio elektroniko guztiaren gehienezko tamaina 30 Mb izango da.

c) Bideoak web helbide baten bidez aurkeztu ahal izango dira.

7. artikulua.– Erantzukizunpeko adierazpenak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak ezartzen duenaren arabera (1997ko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartua), erantzukizunpeko adierazpen bidez egiaztatuko dira honako betebehar hauek:

– Xede bera duten eta bestelako administrazio edo erakunde publiko zein pribatuei eskatutako eta, hala badagokio, haietatik jasotako diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea.

– Pertsona edo erakunde eskatzaileak ez izatea zigor administratibo edo penalik laguntza publikoak lortzeko, ezta ere horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik.

– Eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla adieraztea, eta laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak konplitzen dituela adieraztea.

8. artikulua.– Diru-laguntzen kudeaketa.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari dagokio deialdi honen bidez emango diren diru-laguntzak kudeatzeko lanak egitea eta Kultura Sustatzeko Zuzendaria izango da laguntza horien arduraduna.

9. artikulua.– Aurkeztutako eskabidean egindako akatsak zuzentzea.

Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen den dokumentazioan zerbait falta dela edo forma-akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko. Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, aurrez jakinaraziko zaion ebazpen baten bidez, edo dagokion izapidea egiteko eskubidea galduko duela.

10. artikulua.– Balorazio Batzordea.

1.– Deialdi honetara aurkeztutako eskabideak aztertzeko eta ebaluatzeko, Balorazio Batzorde bakar bat eratuko da. Hauek izango dira kideak:

– Batzordeburua: Kultura Sustatzeko zuzendaria.

– Bokalak: agindu honen gaian adituak diren gizon-emakumeen artetik Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak izendatutako 3tik 5era arteko bokal.

– Idazkaria: Kultura Sustatzeko Zuzendaritzako teknikari bat izango da, zuzendariak izendatua. Hitza izango du baina botorik ez.

Era berean, gai zehatzak aztertzeko Balorazio Batzordearen bileretan parte har dezakete bertaratuen gehiengoak onartzen dituen eta jorratu beharreko gaiari buruz jantzita dauden pertsona guztiek, eta hitz egin ere bai, baina botorik ezin izango dute eman.

2.– Balorazio Batzordean izendatutako aditu-profesionalek zinpeko aitorpena aurkeztu beharko dute, honakoak frogatzeko: Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezartzen diren abstentziorako kausaren batean ez daudela; isilpekotasuna bermatuko dutela; eskatzaileek aurkeztutako agiriak proiektuak baloratzeko baino ez direla erabiliko, eta hori deialdi honetan ezarritako irizpideekin bat etorriz egin dela; eta, ebazpen-proposamena eman ondoren, espedienteetako agiri guztiak deialdia kudeatzen duen organoari itzuliko zaizkiola.

3.– Balorazio Batzordeko kideak izendatzerakoan Gizonen eta Emakumeen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3.7 artikuluan xedatutakoa beteko da.

4.– Balorazio Batzordearen behin betiko osaera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen ebazpen baten bidez jakinaraziko da, Batzordea eratu aurretik, interesdunek errefusatzeko duten eskubidea erabil ahal izan dezaten, legez ezarritako zehaztapen eta baldintzetan.

5.– Batzordeak, ezarritako esleipen-irizpideetan oinarrituta, adostasunez ebatziko du Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari aurkeztuko dion diru-laguntzak emateko proposamena.

Proposamen horretan ordezko onuradunak izendatu ahal izango dira, gerta baitaiteke hautatutakoek diru-laguntza eman zaiela jakinarazi eta hamabost eguneko epean horiei uko egitea. Kasu horretan, ordezkoak jasoko duen diru-laguntzaren zenbatekoa hasieran onuradun izendatu zenari eman zaiona bera izango da. Uko-egileari emandako diru-laguntza ordezkoari dagokiona baino handiagoa bada, muga horretaraino murriztuko da laguntza.

6.– Balorazio Batzordeak behar adina azalpen eskatu ahal izango dizkie eskatzaileei, eskabideak egokiro ebaluatzeko beharrezkoa ikusten duenean.

11. artikulua.– Hautapena eta kuantifikazioa egiteko-irizpideak.

1.– Balorazio Batzordeak jasotako eskabideak aztertuko ditu eta jarraian aipatzen diren irizpide eta baremoen arabera ebaluatuko ditu zehazten diren alderdiak. Lehenik, aurkeztutako proiektuak hurrengo irizpideen arabera baloratuko dira:

a) Berrikuntza kultural eta sozialeko proiektuaren kalitatea eta gaitasun berritzailea. Kontuan hartuko da proiektuak sortzen dituen esperimentaziotik abiatzen diren eduki berri, original eta bereziak (30 puntu).

b) Berrikuntza sozial eta kulturaleko -proiektuaren interes publikoa. Kontuan hartuko dira parte hartzen duten eragileen kopurua, bai proiektuaren diseinuan eta kudeaketan, bai proiektuaren garapenean, eta publiko hartzailearen kopurua eta dibertsitatea, genero ikuspegia eta zenbateraino sustatzen den kultura-artekotasuna ere kontuan hartuz (30 puntu).

2.– Aurreko bi irizpideen balorazioan gutxienez 40 puntu lortzen ez duten proiektuak baztertu egingo dira. Beste proiektuak baloratuak izango dira, bigarrenik, hurrengo irizpideen arabera:

c) Kontuan hartuko dira genero-berdintasunaren integrazioa eta proiektuaren diziplinarteko izaera eta informazio eta komunikazio teknologien erabilera ere (20 puntu).

d) Proiektuaren bideragarritasuna edo egingarritasuna. Kontuan hartuko dira aurrekontuaren egokitasuna, proiektuan erabilitako enpresa-baliabideak eta kalitate-prezio harremana aproposa izatea (10 puntu).

e) Euskararen erabilera (10 puntu).

3.– Artikulu honetan ezarritako balorazio-baremoaren puntuazio totaletik gutxienez 65 puntu lortzen ez duten proiektuak baztertu egingo dira, eta ezingo dira sartu aukeratutakoen artean.

4.– Hautatutako proiektu bakoitzari dagokion diru-laguntzaren zenbatekoa zehazteko, 2.1 artikuluan adierazitako diru-zuzkidura orokorra banatuko da onuradunek balorazio-irizpideei jarraikiz loturiko puntuazioaren arabera, eta laguntzaren kopurua ez da inoiz izango eskatutakoa baino gehiago, ezta 2.2 artikuluan adierazi diren mugak baino gehiago ere; gainera, diruz lagundutako proiektu-kopuruak eta horiei emandako diru-zenbatekoek beti bete beharko dute 4. artikuluan xedatutakoa.

12. artikulua.– Ebazpena.

1.– Agindu honetan jasotako diru-laguntzei buruzko ebazpena Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak emango du, Balorazio Batzordearen proposamena ikusi ondoren, eta banaka jakinaraziko dira.

2.– Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, denek horien berri izan dezaten.

3.– Ebazpen horretan ordezko onuradunak izendatu ahal izango dira, gerta baitaiteke hautatutakoek epearen barruan diru-laguntzei uko egitea, 10. artikuluko 5. idatzi-zatian xedatutakoarekin bat.

4.– Ematen den ebazpenak ez du administrazio-bidea amaitzen. Beraz, haren aurka gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari hilabeteko epean, jakinarazten den egunaren biharamunetik aurrera kontatuta, horrela dago-eta xedatuta azaroaren 26ko 30/19992 Legearen 114 eta 115 artikuluetan.

5.– Eskaerak ebazteko eta pertsona interesdunei jakinarazteko epeak sei hilabete iraungo du gehienez, agindu hau argitaratu zen egunetik zenbatzen hasita. Ebazteko epea amaituta, inolako jakinarazpenik egin gabe, interesdunek eskabidea errefusatutzat jo dezakete, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan ezarritako ondorioetarako.

13. artikulua.– Bateraezintasunak.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak eta beste edozein erakunde publikok edo pribatuk emandakoak batera erabil daitezke helburu berbererako, betiere gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Gainfinantzaketarik badago, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion mugaraino.

2.– Halere, deialdi honetan aurreikusten diren diru-laguntzak ez dira bateragarriak izango Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak emandako diru-laguntzekin: ez proiektu bera egiteko, ez proiektuaren zatiren bat egiteko. Diru-laguntzak, berriz, izendunak, zuzenak, edota musika, dantza, ikus-entzunezko, antzerki, ikusizko arte, liburugintza eta literatura alorretako aginduen babesean emandakoak izan daitezke.

14. artikulua.– Onuradunaren betebeharrak.

Agindu honetan araututako diru-laguntzak jasotzen dituztenek betebehar hauek izango dituzte:

a) Emandako diru-laguntza onartzea. Alde horretatik, diru-laguntza eman dela adierazten duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean onuradunek berariaz uko egiten ez badiote, laguntza onartutzat emango da.

b) Diru-laguntza eman zaion xede horretarako erabiltzea.

c) Ogasuna eta Finantzak Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari diru-laguntzen fiskalizazio-lanetan behar duten informazio guztia ematea.

d) Diruz lagundutako proiektua deialdirako aurkeztu diren baldintzetan garatzea. Dena den, aldaketak ere egin ahal izango dira, baldin eta aldaketok funtsezkoak ez badira eta ez badute bideragarritasun ekonomikoa eragiten. Aldaketa horiek idatziz jakinaraziko zaizkio Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari eta hark, jakinarazpena jasotzen duen egunetik hamabost eguneko epea izango du horiek onartu edo gaitzesteko. Epea inolako jakinarazpenik gabe igaroz gero, aurkeztu den aldaketa onartu dela ulertuko da.

e) Diru-laguntza ematen duen organoari Estatuko nahiz mundu mailako beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatuek xede bererako ematen dituzten bestelako laguntza edo diru-laguntzak jasotzen diren jakinaraztea.

f) Onuradunek konpromisoa hartzen dute diruz lagundutako proiektuen informazio, publizitate, sustapen guztietan eta ondorio horretarako erabiltzen den edozein hedabidetan obrak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren laguntzaz egin direla adierazteko.

g) Agindu honetan diru-laguntza modalitate bakoitzerako ezartzen diren betebehar eta baldintzak betetzea, eta baita Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargurako diren laguntza eta diru-laguntzak jaso ahal izateko ezartzen direnak ere.

h) Laguntzaren onuraduna erregistratu gabe badago Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Saileko Hirugarrenen Erregistroan, edota Erregistroan dauden bere bankuko datuak aldatu nahi baditu, Eusko Jaurlaritzako hirugarrenaren alta eskatu beharko du.

15. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzea eta justifikatzea.

1.– Agindu honen kargura esleitutako diru-laguntzak honela ordainduko dira:

a) Diru-laguntzaren % 50 esleipen-ebazpena jakinarazi ondoren eta handik hamabost egun balioduneko epea igaro ondoren ordainduko da, berariaz uko egiten ez bazaio.

b) Gainerako % 50a, betiere, 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera diru-laguntza osoa ondorengo atalean zehaztutako eran justifikatu ondoren.

2.– Diru-laguntza jasotzen duten pertsona/entitate onuradunek, lagundutako jarduera bukatu eta hiru hilabeteko epean, beti ere 2017ko maiatzaren 31 baino lehen, honako dokumentazioa aurkeztu beharko dute, bide presentzialetik edo elektronikotik:

– Lagundutako jarduerari buruzko txosten zehatza, exekuzioa, betetze-maila eta ebaluazioa azaltzen dituena.

– Diruz lagundutako jardueraren behin betiko exekuzio-aurrekontua (gastuak eta diru-sarrerak), ahalik eta zehatzena, zinpeko aitorpen bidez, eskaerarekin onartutako aurrekontuaren formularioaren arabera.

Ez da onartuko aldaketa nabarmenik egitea behin betiko exekuzio-aurrekontuaren gastuko kontzeptuetan, onartutako aurrekontuarekiko, baldin eta tartean erabat justifikatutako arrazoirik ez badago eta, betiere emandako diru-laguntzari 2.2 artikuluan ezarritako muga gainditzen ez bada.

– Diruz lagundutako programa edo jarduera gauzatzeak sorturiko gastuak justifikatzen duten dokumentu guztien zerrenda, euskadi.eus gunean ezarritako ereduaren arabera. Ez dira tiketak onartuko.

– Emandako diru-laguntzaren adinako gastuak, gutxienez, justifikatzen dituzten egiaztagiri eta fakturak. Hala ere, Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak laginketa tekniken bidez aukeratuko ditu, artikulu honetako lehenengo paragrafoan ezarritako epearen barruan, aurrekontu osoa justifikatuko duten egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzten pertsona onuradunak.

– Katalogo, egitarau, iragarpen-kartel, argazki eta gainontzeko material grafiko edo soinuzkoaren hizkuntz bertsio desberdinetako aleak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren babesa espresuki adierazita dutelarik.

3.– Justifikazioak aurrez aurre aurkeztu ahal izango dira Zuzenean Zerbitzuko bulegoetan, EAEko erregistro laguntzaileetan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan jasotakoak) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 38.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean.

Justifikazioak bide elektronikoaren bidez ere aurkeztu ahal izango dira, http://www.euskadi.eus/nirekudeaketak gunean.

4.– Justifikazioak, bai bide presentziala erabiliz bai bide elektronikoa erabiliz, nola tramitatu behar diren azaltzen dituzten argibideak euskadi.eus-en egongo dira ikusgai, agindu honetako 5.4 artikuluan adierazitako helbidean.

16. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.– Agindu honetan ezarritako ondorioetarako, honako gastuak lagun daitezke diruz: diruz lagundutako jarduera motari erantzuten diotenak, baldin eta ezinbestekoak badira eta oinarri arautzailea hauetan eta laguntzak emateko ebazpenean ezarritako epearen barruan burutzen badira. Diruz lagun daitezkeen gastuen kontua ez da izango, sekula ere, merkatuan duten baliotik gorakoa.

2.– Aurkeztutako jarduera-proiektuaren barruan sorturiko honako gastu hauek izango dira diru-laguntza jasotzeko modukoak:

a) Langile gastuak:

– Kudeaketa-, zuzendaritza- edota koordinazio-langileen gastuak.

– Artisten, teknikarien, administrazio eta garbiketa gastuak.

b) Hirugarrenen kontratazioak (ikuskizunen katxetak, azpikontratatutako zerbitzuak...).

c) Ostatu eta joan-etorrien gastuak.

d) Aktibitaterako materialen gastuak.

e) Sustapen gastuak.

f) Argia, ura, telefono, gasa, internet.

g) Bestelako gastuak.

3.– Ezin izango da diruz laguntzeko moduko gastutzat hartu BEZaren zenbateko kengarria, erakunde eskatzaileak zerga horren aitorpena egin beharra duenean. Halako kasuetan egotzi ahal izango den gastu kopurua, justifikazio-agirien zerga oinarriari dagokiena izango da.

17. artikulua.– Azpikontratazioa.

1.– Onuradunak hirugarren batzuekin azpikontratatzen duen jarduera, diruz lagundutako jardueraren % 75era iritsi ahal izango da, azpikontratu guztien prezioak batuta.

2.– Kontzeptu honetatik kanpo geratzen dira onuradunak diru-laguntza jaso duen jarduera bere kabuz egiteko egin behar dituen gastuen kontratazioa.

18. artikulua.– Likidazio-ebazpena.

Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onesten duen Euskal Herriko Ogasun Orokorreko Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 49.12 artikuluarekin bat etorriz, diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira edo beste administrazio edo entitate publiko zein pribatuetatik beste laguntzarik jaso bada, edo helburu berbererako beste edozein diru-sarrera badago, horrek diru-laguntza emateko ebazpena aldatzea ekar dezake, betiere laguntza arautzen duen xedapenak ezarritako gutxieneko betekizunak gordetzen badira. Horretarako, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak likidazio-ebazpena emango du, emandako diru-zenbatekoak doitzeko.

19. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53.1 artikuluak xedatutakoaren arabera, hauek izango dira ez-betetzeak:

a) Jasotako diru-laguntza osoa edo zati bat agindu honetan adierazitako jarduerez bestelakoetan erabiltzea.

b) Agindu honetan edo diru-laguntza emateko egintzan adierazitako betebeharrak ez betetzea.

c) Diru-laguntzaren likidazioa egiteko ebazpenean adierazitako zenbatekoa epearen barruan ez itzultzea (hala badagokio).

d) Diru-laguntzekin lotutako xedapen orokorretan nahitaez bete beharrekotzat jotako beste edozer ez betetzea.

2.– Ez betetzeren bat gertatuz gero, jasotako zenbatekoak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren eta abenduaren 17ko 689/1991 Dekretuaren arabera (hurrenez hurren, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onesten duen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginean, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurreikusitakoa betez).

XEDAPEN GEHIGARRIA

Interesdunek eskabideetan emandako datuak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Kultura Sustatzeko Zuzendaritzaren titulartasuneko fitxategi batean sartuko dira, hala ezarritako baitago Izaera Pertsonaleko Datuak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan. Fitxategiak «Kultura sortzeko eta hedatzeko laguntzak eta diru-laguntzak» du izena, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2015eko abenduaren 2ko Aginduaren bidez araututa dago eta haren xedea da laguntza-espedienteak kudeatzea. Datuak Babesteko Euskal Bulegoari lehendik eman zaio fitxategi horren berri, eta datuen segurtasun osoa bermatzeko beharrezko diren segurtasun-neurriak ditu; datu horiek ez zaizkie hirugarrenei jakinaraziko, legez agindutako kasuetan izan ezik.

Izaera pertsonaleko datuak babesteari buruzko araudiarekin bat etorriz, datuok eskuratu, zuzendu, ezeztatu eta datuoi aurka egiteko eskubideez baliatu ahalko da Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren aurrean. Horretarako, honako helbide honetara jo beharko da: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak ere aztertu eta egiaztatu ahalko ditu emandako datuak, laguntzak zuzen esleitzeko.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du. Beraz, bere aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko jurisdikzio horretako salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sortuko ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko martxoaren 24a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.


Azterketa dokumentala