Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

71. zk., 2016ko apirilaren 15a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
1569

EBAZPENA, 2016ko apirilaren 14koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez argitara ematen baita txanda-kontraturako laguntzen deialdia.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2016ko apirilaren 14ko batzarrean hartutako erabakiaren bidez, txanda-kontraturako laguntzen deialdia egitea onartu du. Maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onartutako Lanbideren Estatutuen 10.2 artikuluko p) letran xedatutakoaren arabera, erakunde autonomo horren zuzendari nagusiari dagokio hori argitaratzea.

Azaldutako guztiagatik, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Argitara ematea txanda-kontraturako laguntzen deialdia, erakunde autonomo honen administrazio-kontseiluak 2016ko apirilaren 14ko batzarrean hartutako erabakiaren bitartez onartuta. Ebazpen honen eranskinean dago jasota.

Bigarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak laguntzen deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabakiak.

Hirugarrena.– Deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabakiaren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hileko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko apirilaren 14a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

ADOLFO ALUSTIZA FERNÁNDEZ.

ERANSKINA
TXANDA-KONTRATURAKO LAGUNTZEN DEIALDIA

2012-2016ko gobernu-planean, xedatuta dago X. legegintzaldirako lehentasuna izango dela lehendik dagoen enplegua babestea eta enplegu gehiago sortzeko behar diren baldintzak eta pizgarriak sustatzea. Planak dituen ardatzen artean, hau nabarmendu behar da: egoera ahulean dauden pertsonek eta, batez ere, gazteek enplegua lor dezaten eta haiek laneratu daitezen laguntzea.

2014ko urtarrilaren 28ko batzarrean, Eusko Jaurlaritzak 2014-2016 Enplegu Plana onartu zuen, eta lehentasun bilakatu zuen legegintzaldi honetarako. Enplegu-plan horren xedea da: ekimen publiko egokiak sustatzea Euskadin dauden enpleguak sendotzeko, enpresa- eta produkzio-sarearen aldetiko lanpostuak sortzeko eta biztanleria aktiboaren enplegagarritasuna areagotzeko.

Biztanleriako taldeen artetik gazteengan izan du eraginik handiena krisialdi ekonomikoak. Horrenbestez, gazteen langabezia murriztea da gure gizartearen erronka garrantzitsuenetako bat, eta aurre egin behar zaio bai erakunde publikoetatik bai jarduera pribatuen eremutik. Bide horretan, argi ikusi da beharrezkoa dela neurri zehatzak hartzea gazteen taldera zuzenduta, lehenetsita enplegua lor dezatela.

2015eko urtarrilaren 30eko batzarrean, Euskal Autonomia Erkidegoko Hirutariko Elkarrizketa Mahaiak beharrezkotzat jo zuen zenbait programa lehenestea eta birformulatzea eta enplegu-planaren betearazpenean sartzea. Enpresek talentu gaztearen behar gero eta handiagoa dute, enpresetan sortzen diren aldaketa teknologiko etengabeetara eta eskakizunetara egokitzeko gai baita. Beraz, langileria gaztetzea da enpresek bizirik irauteko inperatiboa eta gazteek kalitateko enplegua izateko aukera. Inguruabar horiek guztiak batera aztertuta, Hirutariko Elkarrizketa Mahaiak planteatu du txanda-kontratua berriro sustatzea, egungo inguruabarren arabera eta diru-laguntza bidezko diseinua emanda.

Egungo inguru sozial eta ekonomiko honetan, gazteek modu berezi batean pairatzen dute langabezia; horrek neurri-tratamendu berezi eta autonomo bat eskatzen du, talde horri babes handiago bat emateko, haren enplegua sustatzeko eta lan-munduan txertatzeko.

Horren ondorioz, deialdi honen bidez ezartzen dira enpresetako langileria berritzeko eta gazteentzako berariazko enplegua sustatzeko neurriak.

Horregatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren proposamena kontuan hartuta, erakunde autonomo horren administrazio-kontseiluak, 2016ko apirilaren 14ko batzarrean, txanda-kontratuak egiteko laguntzen deialdia onartu du. Hona hemen:

1. artikulua.– Helburua eta aplikazio-eremua.

1.– Txanda-kontratuetarako laguntzak erregulatzea da deialdi honen helburua. Langileen Estatutuen Legearen testu bateginaren 12.7 artikuluan daude aipatuta kontratu horiek, urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuak onartuta.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoan dauden lantokietan zerbitzuak emateko izenpetzen diren kontratuei aplikatuko zaizkie deialdi honetan aurreikusitako laguntzak, 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitakoei, hain zuzen.

2. artikulua.– Diru-baliabideak.

1.– Deialdi honen xede diren laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoak 5.496.000 eurokoak dira guztira, horietatik 3.297.600 euro 2016ko aurrekontuko ordainketa-kreditukoak, eta 2.198.400 euro 2017rako konpromiso-kreditukoak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren aurrekontuko 32110-Enplegurako programan aurreikusita.

Laguntzen bolumen osoak ez du gaindituko aipatutako zenbateko hori edo zenbateko hori eguneratzetik ateratzen dena, aurrekontu-aldaketarik onartzen bada indarreko legeekin bat. Eguneratzerik izanez gero, argitara eman behar da, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez eman ere.

2.– Deialdi honen babespean diruz laguntzen diren jarduerak Europako Gizarte Funtsaren laguntzaz finantza daitezke, Gazte Enplegurako 2014-2020ko Programa Operatiboaren esparruan edo EAEko 2014-2020 EGIF Programa Operatiboaren esparruan.

3. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Deialdian araututako laguntzen onuradunak izan daitezke bertan ezarritakoaren araberako txanda-kontratuak egiten dituzten pertsona fisikoak eta juridikoak, hauek izan ezik: administrazio publikoak eta sektore publikoaren parte diren beste edozein erakunde edo entitate. Baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Zerga-betebeharretan eta Gizarte Segurantzarekikoetan eguneratuta egotea.

Kudeaketa-organoak automatikoki egiaztatuko du diru-laguntzak eskatzen dituzten enpresek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela, eta, horretarako, ez du eskatzaileen baimenik beharko, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 50.3 artikuluan xedatutakoarekin bat.

b) Diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera galtzeko zehapen administratibo edo penalik jaso ez izana, eta haiek eskuratzeko legezko debekurik jaso ez izana, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera edo emakumeen eta gizonen benetako berdintasunerako martxoaren 30eko 3/2007 Lege Organikoaren arabera sexu-diskriminazioarengatik gertatutakoak barne.

c) Enpresako langileen legezko ordezkaritzari (LLO) deialdi honen babespeko txanda-kontratuaren bidez kontratatzeko asmoaren berri ematea, bete beharreko lanpostua zein den eta kontratuak zenbat iraungo duen adierazita. Enpresak LLOrik ez badu, espresuki adierazi beharko du hori eskabidean.

d) Berreskuratzeko agindu bete gaberik ez izatea, Europako Batzordeak aurretiaz hartutako erabaki baten bidez laguntza bat legez kanpokotzat eta barne-merkatuarekin bateraezintzat jo izanaren ondoriozkorik.

e) Ez egotea Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13 artikuluan aurreikusitako egoeren eraginpean, diru-laguntzen onuradun izateko baldintzei dagokienez.

2.– Enpresei diru-laguntzak onartzeko eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbesteko baldintza izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko diru-laguntzen esparruan hasita dauden baina oraindik bideratzen ari diren itzultze- edo zigor-prozedura guztiak amaituta egotea.

4. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduerak.

1.– Diruz lagunduko dira lanaldi osoko eta muga gabeko txanda-kontratuak, edo iraupen mugatukoak baldin eta behin hori amaituta edo lehenago mugagabe bihurtzeko konpromisoa jasotzen bada; enpresek txanda-kontratu horiek egin behar dizkiete eskakizun hauek bete dituzten pertsonei:

a) 30 urtetik beherakoak izatea.

b) Honako egoeretako batean egotea:

b.1.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan langabetu gisa inskribatuta egotea kontratua hasten den egunean, eta lan-eskariaren administrazio-egoeraren altak gutxienez 180 eguneko iraupena izatea, kontratua hasi aurretiko 9 hiletan.

b.2.– Enpresarekin iraupen mugatuko kontratu bat itunduta izatea, eta, hala bada, enpresak, txanda-kontratuaz gain, kontratazio gehigarri bat egin ahal izango dio aldi baterako kontratu hori amaitzeko falta den denborarako, gutxienez, b.1 edo b.3 letretan aurreikusitako eskakizunak betetzen dituen 30 urtetik beherako pertsona bati.

b.3.– Enpresa berean praktikaldiko edo prestakuntzarako eta ikastunaren kontraturik amaitzea, kontratazioari segida emateko aukera izatearren; edo lanez kanpoko praktikaldia amaitzea, kontratazioa egiteko aukera izatearren.

2.– Enpresan aurretiko akordiorik badago, suertatzen diren erretiro partzialen ondoriozko txanda-kontratuak estaltzeko prozedurari loturik, enpresako jarduneko langileek estal ditzaten, 1.a) letran aurreikusitako adin-eskakizuna ez zaio txanda-hartzaileari ezarriko. Kasu horretan, laguntzaz balia daiteke enpresa baldin eta, txanda-kontratuaz gain, kontratazio gehigarri bat egiten badio 30 urtetik beherako pertsonaren bati eta pertsona hori Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan inskribatuta badago kontratua hasten den egunean eta lan-eskari horren administrazio-egoeraren altak gutxienez 180 egun iraun badu kontratua hasi aurretiko 9 hiletan; edo praktikaldiko edo prestakuntzarako eta ikastunaren kontraturen bat amaitzen badu kontratazioari segida emateko aukera izatearren; edo lanez kanpoko praktikaldiren bat amaitzen badu, aldi baterako kontratu hori amaitzeko falta den denborarako kontratazioa egiteko aukera izatearren.

3.– Edonola ere, diru-laguntza eskuratu ahal izateko, txanda-hartzaile gisa kontratatutako pertsonak gutxieneko 12.0000 euroko ordainsari gordina izan behar du urteko.

5. artikulua.– Diru-laguntzatik kanpo utzitako jarduteak.

Deialdi honetan, ez dira diruz lagunduko hauek:

a) Enpresaburuetariko bakoitzaren ezkontidearen kontratazioa, ezta aurreko ahaideen, ondorengo ahaideen edo alboko ahaideen kontratazioak ere, bigarren mailara artekoenak barnean izanik.

b) Edozein sozietate, elkarte edo korporazio gisa sortutako erakundeetako bazkideen kontratazioak, ezta euren aurreko ahaideen, ondorengo ahaideen edo alboko ahaideen kontratazioak ere, bigarren mailara artekoenak barnean izanik; ezta erakunde horietako gobernu-organoetako eta zuzendaritzetako kideen ahaideen kontratazioa ere.

6. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa.

1.– 4. artikuluan adierazitako moduan eginez gero, 6.000 euroko diru-laguntza izango du txanda-hartzailearen kontratazioak.

2.– 4. artikuluan aipatutako kontratazio gehigarria eginez gero, kasuan kasu, indarreko arauetan aurreikusitako laguntzak izan ditzake.

7. artikulua.– Eskabideak eta aginduzko dokumentazioa aurkezteko epea.

1.– Deialdi honetako diru-laguntzarako eskabidea aurkezteko epea bi hilekoa izango da txanda-kontratua hasten den egunetik aurrera, edo, lehenago hasitako kontratuetarako, deialdi hau argitaratzen den egunetik aurrera. Edozein kasutan ere, eskabideak aurkezteko azken eguna 2016ko urriaren 21a da.

2.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu erakunde autonomoari zuzenduko zaizkio eskabideak, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zerbitzu zentraletan aurkeztea dago, edo Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren edozein enplegu-bulegotan, edo administrazio-prozedura erkidearen arauan adierazitako edozein tokitan.

Deialdi honetako eranskinean ageri den eskabide normalizatuan egin behar da eskaera, eta hemendik eskura daiteke: http://www.lanbide.euskadi.eus

3.– Eskabidearekin batera dokumentu hauek aurkeztu behar dira:

a) Eskatzailea pertsona fisiko bat bada, nortasun-agiri nazionalaren, pasaportearen edo nortasun-agiri baliokidearen kopia, edo atzerritarren identifikazio-zenbakia, edo laguntzaren organo kudeatzaileak nortasun-datuak egiaztatu ahal izateko berariazko baimena.

b) Eskatzailea pertsona juridiko bat bada, enpresaren identifikazio fiskalaren txartelaren kopia.

c) Kontratatutako pertsonen nortasun-agiri nazionalen edo atzerritarren identifikazio-zenbakien kopia.

d) Txanda-kontratuaren kopia eta erretiro partziala hartzen duen pertsonaren lanaldi partzialeko kontratuaren kopia. Txanda-kontratuari iraupen mugatua ematen bazaio, mugagabe bihurtzeko konpromiso sinatua, enpresak eta langileak edo kontratatutako langileak sinatua.

e) Enpresako langileria finkoaren egiaztagiria, Euskal Autonomia Erkidegoko lantokietakoa, txanda-kontratua hasten den unekoa. Horretarako, Gizarte Segurantzaren dokumentu hau aurkeztu behar da: altako langileen txostena (RED sistemaren bidezkoa), enpresak eremu honetan dituen kotizazio-kontuen kode guztietarako.

f) Txanda-kontratua enpresako langileren bati eginez gero, horren aurretik zuen kontratu mugatuaren kopia aurkeztu behar da, 4. artikuluan aipatutako kontratu gehigarriaren kopiarekin batera.

Halakorik badago, praktikaldiko edo prestakuntzarako eta ikastunaren kontratuaren kopia, edo lanez kanpoko praktikaldiaren akordioa.

g) Halakorik badago, 4.2 artikuluan aipatutako enpresa-akordioaren kopia.

4.– Diru-laguntzetarako eskabideak guztiz betetzen ez badira edo aginduzko dokumentazioa atxiki ez bazaie, pertsona edo erakunde eskatzaileari eskatuko zaio hamar eguneko epean hutsegitea zuzentzeko edo aginduzko dokumentuak aurkezteko, eta adieraziko zaio ezen, egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, horretarako, aldez aurretiko ebazpena emango da administrazio-prozedura erkidearen arabera.

8. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena, ebazteko epeak eta errekurtsoak.

1.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu erakunde autonomoaren Laneratzea Aktibatzeko Zuzendaritza izango da deialdi honetako diru-laguntzetarako eskabideak kudeatzeko eta izapidetzeko organo eskuduna.

2.– Kasuan kasu, deialdi honetako diru-laguntzak emateko zein ukatzeko, banakako eta berariazko ebazpena emango du Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak.

3.– Eskabideak ordenan ebatziko dira, eta espedientea osorik dagoen unearen arabera, aurrekontu-zuzkidura amaitu arte. Kreditua zabaltzen ez bada, behin aurrekontu-zuzkidura amaituta, geratzen diren eskabideei ezezkoa emango zaie, eta EHAAn argitaratuko da horren berri, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez.

4.– Eskabideak ebazteko eta ebazpenak jakinarazteko gehieneko epea sei hilekoa da, eskaera bideratzeko eskumena duen organoaren erregistroan eskabide hori sartzen denetik aurrera; epe hori igarota, interesdunari ez bazaio ebazpenik jakinarazi, diru-laguntza emandakotzat hartuko da.

5.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpenak amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita; bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ere jar daiteke Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hileko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita.

6.– Publikotasunaren printzipioa betetzeko, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Lanbideko zuzendari nagusiaren ebazpenaz emango da jakitera zer enpresak jaso duten diru-laguntza deialdi honen babesean eta zenbateko laguntza jaso duten. Nolanahi ere, ebazpena berariaz eta banan-banan ere jakinaraziko da.

9. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzeko eta justifikatzeko modua.

Deialdi honen babesean emandako diru-laguntzak honela ordainduko dira:

– % 60 eskabidea ontzat hartzen den unean ordainduko da.

– Gainerako % 40a laguntza hori eman eta urtebetera ordainduko da; aldez aurretik, egiaztatu beharko du enpresak langileria finkoari eutsi diola Euskal Autonomia Erkidegoko lantokietan. Horretarako, Gizarte Segurantzaren altako langileen txostena aurkeztu beharko du (RED sistemaren bidezkoa) enpresak, eta Lanbidek egiaztatu beharko du kontratatutako langileak enpresan segitzen duela.

10. artikulua.– Enpresa onuradunen betebeharrak.

Erakunde onuradunen betebeharrak izango dira Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan ezarritakoak, bai eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 50.2 artikuluan jasotakoak ere, eta, bereziki, honako hauek:

a) Langileen egonkortasuna bermatzea. Jasotako diru-laguntzak itzuli beharko dira langilearen kontratua amaituz gero edo, lantoki mugikor edo ibiltaririk ez duten enpresetan, autonomia-erkidegotik kanpoko lantokiren batera aldatuz gero, eta eraginpeko langilea ordezkatzen ez bada 4. artikuluan adierazitako eskakizunak betetzen dituen beste langile baten aldibereko kontratazioaren bidez. Kontratazio berri honek ez du sorraraziko beste diru-laguntzarik Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak enplegua sustatzeko dituen arauetan programatutakoetatik.

b) Diruz lagundutako kontratazioak hasten diren unean Euskal Autonomia Erkidegoko lantokietan dagoen langileria finkoaren enplegu-mailari eustea, txanda-kontratua egin osteko 20 hiletan. Horretarako, ez dira kontuan hartuko lan-kontratuen amaierak, ez badira judizialki bidegabetzat edo baliogabetzat deklaratu behintzat, ezta langileen dimisioak, heriotzak, ezintasun iraunkor osoak edo absolutuak edo baliaezintasun handiak eragindako amaierak eta probaldian zeharreko ebazpenen ondoriozkoak ere. Hala ere, enpresak bere langileria finkoaren lanpostuen % 65i eutsi beharko dio edozein kasutan ere. Enplegu-mailei eusteko betebeharra bete ezean, diru-laguntza itzuli beharko da.

Betebehar hori bete egin dela egiaztatzeko, enpresa onuradunak aurkeztu behar du, erreferentziako 20 hilen buruan, Gizarte Segurantzaren altako langileen txostena (RED sistemaren bidezkoa), enpresa horren EAEko lantokiei buruzkoa.

c) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea langile txanda-hartzailearen lan-kontratua mugagabe bihurtu dela.

d) Langileen legezko ordezkaritzari edo, halakorik ez badago, langileei beraiei jakinaraztea zer-nolako neurriak garatu nahi dituen enpresak deialdi honetako diru-laguntza izan dezaketen jarduketen gainean; berariaz zehaztu beharko du zer pertsona ukitzen diren eta zer kontratazio aurreikusten diren, erretiro partzialeko baldintzekin batera.

e) Kontabilitate-kodifikazio egoki bat izatea, jasotako diru-laguntzei eta euren trazabilitateari loturiko transakzio horiek modu argian identifikatzeko modua ematen duena.

f) Helburu berberarekin beste edozein administrazio publiko edo erakunde publiko nahiz pribatutatik diru-laguntzarik edo laguntzarik jasoz gero, horren berri ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.

g) Diruz lagundutako jardueraren xedeari edo izaerari nabarmen eragin diezaiokeen edozein gertaeraren berri ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari. Horretaz gain, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak beren eginkizunen jardunean eskatzen duten informazio guztia ematea, arau honen oinarrien arabera eskuratutako diru-laguntzei buruzkoa.

h) Honako hauen egiaztatze-jarduketei eta finantza-kontrolei baiezkoa ematea eta eskatutako informazio oro ematea: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua, Enplegu eta Gizarte Politiketako Saila, Ogasun eta Finantza Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoa, eta Europako funtsen kontrol-instantziak.

i) Europako funtsei datxezkien jarraipen- eta ebaluazio-ondorioetarako, langile txanda-hartzaileari buruz eskatzen diren datuak ematea, eta programa horren barneko hautagarritasun-eskakizunak betetzen direla egiaztatzeko bidea ematea.

j) Berariaz aipatzea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta Europako Gizarte Funtsaren artean finantzatu direla laguntzak, Gazte Enplegurako 2014-2020ko Programa Operatiboaren esparruan edo EAEko 2014-2020 EGIF Programa Operatiboaren esparruan, deialdi honen babespean diruz lagundutako jarduerak komunikatzeko, zabaltzeko edo argitaratzeko material eta ekintza guztietan.

Erakunde onuradunen zerrenda argitara emango da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1303/2013 (EB) Erregelamenduaren 2. ataleko 115. artikuluan aurreikusitako zerrenda publikoan.

k) Gutxienez, 2023ra arte gordetzea eta zaintzea diruz lagundutako kontratu guztiei buruzko dokumentazioa, inoiz egiazta baitaiteke deialdi honen arabera bete beharreko konpromiso eta betebehar guztiak bete direla.

l) Edonola ere, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak egiaztatuko du artikulu honetako betebeharrak betetzen direla.

11. artikulua.– Beste diru-laguntza edo laguntza batzuekiko bateraezintasuna.

Deialdi honetan ezarritako kontratazio-laguntzak ezin izango dira bateratu beste diru-laguntza batzuekin, baldin eta kontratazio bererako badira, erakunde honek zein beste erakunde publikoren batek eman arren, eta ez badira Gizarte Segurantzako kotizazioetarako.

12. artikulua.– Minimis araua.

1.– Deialdi honetan adierazitako laguntzak minimis arauari lotuko zaizkio; Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EE) Erregelamenduan dago xedatuta arau hori, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzeari buruzko erregelamendua izanik. Kalifikazio horren ondorioz, enpresa bakarrari minimis laguntzetan emandako guztirako zenbatekoa ezin izango da 200.000 euro baino gehiago izan hiru ekitaldi fiskalen barruan.

2.– Kasuko ekitaldi fiskalean eta aurreko bietan jasotako minimis laguntza horiei buruzko aitorpena egin beharko du pertsona edo erakunde eskatzaileak, zehaztu behar baita minimis laguntza berriak ez duela gainditzen Erregelamenduan ezarritako muga maximoa.

13. artikulua.– Ez-betetzeak.

Deialdi honetako erakunde onuradunek jasotako zenbatekoak eta legezko interesak –laguntzak ordaintzen direnetik aurrerakoak– itzuli beharko dituzte, baldin eta honako xedapen hauetan oro har aurreikusitako betebeharrak betetzen ez badituzte: Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikulua eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 50.2 artikulua. Zenbatekoak eta interesak itzuli beharko dituzte, orobat, deialdi honetan ezarritako betebehar espezifikoak betetzen ez badituzte edo azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 53.1 artikuluan diru-laguntzak itzultzeko ezarritako kasuetariko batean sartzen badira. Itzuli beharrekoak itzultzeko, xedapen horretan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan horretarako ezarritako prozedurari jarraituko diote (698/1991 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautu zen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezarri ziren). Aipatutako zenbatekoak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

14. artikulua.– Diru-laguntza itzultzeko prozedura.

1.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak abiaraziko du itzultzeko prozedura, eta haren berri emango zaio laguntzaren enpresa onuradunari, ez-betetzea eragin duen edo duten gertaera edo gertaerak zehaztuta. Halaber, hamabost eguneko epea emango zaio, egokitzat jotzen dituen alegazioak edo egiaztagiriak aurkez ditzan. Prozedura hori hasten denean, eten egingo dira egiteko dauden ordainketak, halakorik egonez gero.

2.– Alegazioak aurkezteko epea igarotakoan, halakorik aurkeztu ez badu edo onartu ez badira, ebazpena emango du Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak. Hamabi hilekoa izango da itzultzeko prozedurari buruzko ebazpena jakinarazteko gehieneko epea.

3.– Ebazpenak arauren bat urratu dela iritziz gero eta diru-laguntza osorik edo partez jasotzeko eskubidea galdutzat emanez gero, interesdunak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko dizkio dagozkion diru-zenbatekoak, bi hileko epean, ebazpena jakinarazten denetik hasita. Borondatezko epetzat joko da epe hori.

4.– Itzulketa borondatezko aldian egiten ez bada, itzuli beharrekoak premiamendu bidez berreskuratzeko izapideak hasiko dira.

15. artikulua.– Datu pertsonalen tratamendu automatizatua.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoa betetzeko, deialdi honetan araututako laguntza-eskabideak betetzearen ondorioz lortutako datu pertsonalak bere titulartasuneko fitxategi batean sartuko ditu Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak. Fitxategi hori, «Enplegurako eta prestakuntzarako diru-laguntzak» izenekoa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoak datu pertsonalak biltzeko dauzkan fitxategiak arautzen dituen Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2012ko urriaren 10eko Aginduaren bidez dago araututa.

Datu horiek eskuratzeko, zuzentzeko, ezeztatzeko eta aurka egiteko eskubideak baliatu ahal izango dituzte interesdunek, legeak onartzen duen eran. Horretarako, idazki bat bidali beharko dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzura (Jose Atxotegi kalea 1, 01009 Vitoria-Gasteiz).

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala