Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

71. zk., 2016ko apirilaren 15a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
1563

EBAZPENA, 2016ko martxoaren 29koa, Lanbide Heziketako sailburuordearena, zeinen bidez zabaltzen baita agiriak aurkezteko epea honako lanpostu hauek izendapen askeko sistemaren bidez betetzeko deialdian: hezkuntza-administrazioaren menpeko lanbide-heziketako ikastetxe publiko integratuetako zuzendari-lanpostuak.

2016ko otsailaren 8ko Ebazpenaren bidez iragarri zen honako lanpostu hauek izendapen askeko sistemaren bidez betetzeko deialdia: hezkuntza-administrazioaren menpeko lanbide heziketako ikastetxe publiko integratuetako zuzendari-lanpostuak.

Ebazpen horretako hirugarren artikuluaren 3. puntuan adierazten denez, 2016ko apirilaren 15ean amaituko da eskabideak aurkezteko epea.

Halaber, laugarren artikuluan adierazten da zein diren eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak, zeinetan barne hartzen baitira, besteak beste, aurkeztutako hautagai bakoitza ikastetxeko kide anitzeko organoetan landu dela dioten egiaztagiriak.

Hala ere, ikusi da zailtasunak daudela eskakizun hori bete ahal izateko denboraz dei egiteko kide anitzeko organo horiei, aintzat harturik baita ere Administrazioak izendatutako zenbait ordezkarik eta eragile sozialek ere hainbat ikastetxetan deitutako saioetara joan beharra dutela.

Beraz, beharrezko iritzi da ikastetxe integratuetako Irakasleen Klaustroaren eta Gizarte Kontseiluen saioen egiaztagiriak aurkezteko epea zabaltzea, eta, horrela, ahalbidetzea horien deialdi egokia egitea eta aurreikusitako prozedura betetzea interesdunei kalterik eragin gabe.

Adierazitako guztia aintzat hartuta, eta apirilaren 1eko 46/2014 Dekretuaren 16. artikuluak Lanbide Heziketako sailburuordeari ematen dizkion eskumenez baliatuz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulo bakarra.– Agiriak aurkezteko epea aldatzea.

Lanbide Heziketako sailburuordearen 2016ko otsailaren 8ko Ebazpenaren bidez iragarri zen honako lanpostu hauek izendapen askeko sistemaren bidez betetzeko deialdia: hezkuntza-administrazioaren menpeko lanbide heziketako ikastetxe publiko integratuetako zuzendari-lanpostuak. Bada, 2016ko maiatzaren 5a arte aurkeztu ahal izango dira, egun hori barne, ebazpen horren laugarren artikuluko 1.c) eta 1.d) puntuetan eskatutako agiriak –paragrafo horiek aurkeztutako hautagai bakoitza ikastetxeko kide anitzeko organoetan landu dela dioten egiaztagiriei buruzkoak dira–.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko martxoaren 29a.

Lanbide Heziketako sailburuordea,

JORGE ARÉVALO TURRILLAS.


Azterketa dokumentala