Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

68. zk., 2016ko apirilaren 12a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
1512

50/2016 DEKRETUA, martxoaren 22koa, desgaitasuna duten pertsonentzako aparkatze-txartela arautzen duena.

Desgaitasuna duten pertsonen eskubideei buruzko Konbentzio Nazioartekoa, 2006ko abenduaren 13an Nazio Batuen Batzar Nagusiak onartua, 2007ko abenduaren 3an berretsi zuen Espainiak, eta 2008ko maiatzaren 3an hartu zuen indarra. Bada, konbentzioa horrek behartu egiten ditu estatu kideak zenbait neurri legegile, administratibo eta beste era batzuetakoak hartzera, konbentzioan aitortzen diren eskubideak gauzatzeko egoki direnak betiere.

Europako eremuan, badugu Europar Batasuneko Kontseiluaren (98/376/EE) Gomendioa, 1998ko ekainaren 4koa, zeina (2008/2005/EE) Gomendioaren bidez egokitu baitzen. Bada, gomendio hartan adierazten denez, Europar Batasuneko estatu kideek errekonozitu egin behar diote elkarri desgaitasuna duten pertsonentzako aparkatze-txartela, eredu komunitario baten arabera, halako eran ezen pertsona horiek baliatu ahal izango baitituzte –Erkidegoaren lurraldea osoan– txartela izateko eskubideak dakartzan erraztasunak, dauden herrialdean indarrean diren arau nazionalekin bat etorriz betiere.

Estatuaren eremuan, Desgaitasuna duten pertsonei eta euren inklusoi sozialari buruzko Lege Orokorraren Testu Bateginak, azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartuak, – irisgarritasun unibertsalaren eta bizitza burujabearen printzipioekin bat etorriz– honako hau aurreikusten du 30. artikuluan: desgaitasuna dela-eta mugikortasun urria edo mugikortasun-arazo larriak dituzten pertsonentzako ibilgailuak aparkatzea errazteko neurriak hartu beharko dituzten udalek.

Bestalde, Trafikoari, motordun ibilgailuen zirkulazioari eta bide-segurtasunari buruzko Legearen Testu Bateginak, azaroaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartuak, 7. artikuluan honako eskumen hau ematen die udalei: zirkulazioaren udal ordenantzaren bidez, hiri barruko bideetan aparkalekuen banaketa ekitatiboa egin ahal izatekoa, honako pertsona hauen beharrizanei arreta berezia eskainiz: ibilgailuak erabili eta mugikortasuna urrituko desgaitasuna duten pertsonak, horien integrazioa soziala sustatzekotan. Abenduaren 19ko 19/2001 Learen bitartez, erreformatu egin zen Trafikoari, motordun ibilgailuen zirkulazioari eta bide-segurtasunari buruzko Legea. Bada, lege hark honako obligazio hau ezarri zein udalei: mugikortasun-arazo larriekin desgaitasuna duten pertsonentzako aparkatze-txartela ematekoa, zeinak izan beharko baitu balioa lurralde nazional osoan, kontuan izanik Europar Batasuneko Kontseiluaren Gomendioa.

2014ko abenduaren 24an, indarrean sartu zen 1056/2014 Errege Dekretua, abenduaren 12koa, desgaitasuna duten pertsonentzako aparkatzeko txartela eskuratzeko eta erabiltzeko oinarrizko baldintzak arautzen dituena. Mugikortasun urriko desgaitasuna duten pertsonentzako ibilgailuak aparkatzeko txartelari aplikatzeko oinarrizko baldintzak ezartzea du helburu dekretu horrek, aparkatzeko txartelaren erabilera nazioko eremu osoan berdina izatea bermatzearren. Lehen xedapen iragankorrak xedatzen du eskumena duten administrazio publikoek errege-dekretu honetan aurreikusitako arauetara egokitu behar dutela. Horretarako, urtebeteko epea izango dute, dekretua indarrean sartzen denetik aurrera.

1056/2014 Errege Dekretuak oinarrizko hiru alderdi berri jasotzen ditu: lehenik eta behin, nolabaiteko ikusmen-ezintasuna duten pertsonei aparkatzeko txartela eskuratzeko eskubidea aitortzea; bigarrenik, eskubide berbera bermatzea ezinduen garraio kolektiboan diharduten pertsona fisiko edo juridikoei eta autonomia pertsonala sustatzeko eta mendetasuna zaintzeko gizarte-zerbitzuak ematen dituztenei (Autonomia Pertsonala Sustatzeari eta Mendetasun Egoeran dauden Pertsonak Zaintzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legean jasota) nahiz Pertsona Desgaituen Eskubideei eta Gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren Testu Bateginean (azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) jasotzen diren gizarte-zerbitzuei; azkenik, hirugarren alderdia aparkatzeko behin-behineko txartelaren kasua sartzean datza.

Behin-behineko txartel horrek urtebeteko balioa izango du, beste urtebete luzatzeko aukerarekin. Salbuespen-kasuetan emango da, arrazoi humanitarioei erreparatuta. Mugikortasun urria duten pertsonei emango zaie, egoera horren irizpen ofizialik jaso ez badute ere, betiere frogatu ahal bada gaixotasun edo patologia larriren baten ondorioz bizi-itxaropena nabarmen murriztu dela euren adinerako eta bestelako ezaugarri pertsonaletarako normaltzat jotzen dena aintzat hartuta, eta aparkatzeko txartelaren ohiko eskaera garaiz izapidetzeko aukerarik ez dagoela aurreikusten denean.

Euskal Autonomia Erkidegoan, orain arte, abenduaren 5eko 256/2000 Dekretuak arautzen du desgaitasuna duten pertsonentzako aparkatze-txartela; eta dekretu hori egokitua da eredu komunitarioari, Europar Batasuneko Kontseiluaren 1998ko ekainaren 4ko Gomendioaz onartutakoari hain zuzen. Bestetik, Irisgarritasuna sustatzeari buruzko irailaren 20/1997 Legeak, eta, bestetik, dekretu hura garatzen duen apirilaren 11ko 68/200 Dekretuak beren-beregi aipatzen dute honako obligazioa: gune zein espazio irekietan eta erabilera publikoko garaje eta aparkalekuetan, gutxienez 40 plaza gordetzeko obligazioa, mugikortasun urriko pertsonak garraiatzen dituzten pertsonentzat. Apirilaren 11ko 68/200 dekretu horren bitartez, hiri-inguruneen, espazio publikoen, eraikinen eta informazio eta komunikazioko sistemen irisgarritasun-baldintzei buruzko arau teknikoak onartzen dira.

Arauzko marko horretan, dekretu honek ondokoak sartzea du helburutzat: aparkatze-txartelaren pertsona titularrek dituzten baldintzak, betekizunak, obligazioak eta eskubideak, abenduaren 12ko 1056/2014 Errege Dekretuan finkatutakoak; eta, bestalde, dekretu horrekiko eta abenduaren 5eko 256/2000 Dekretuarekiko berrikuntzak dakartza; besteak beste, txartela izateko eskubide duten pertsona titularren artean sartzen dira 3 urtetik beherako adingabeak, baldin eta bizitzeko funtzioei eusteko ezinbestean eta etengabe aparatu teknikoak behar dituzte (gurpil-aulki espazialak, arnasketa-aparatuak....) edo 4. edo 5. motako desgaitasun-balorazioa izan dutenak badira (patologia larria edo oso larria); beraz, txartelaren titulartasun-kasuak hedatu egiten dira. Era berean, dekretu berriak jasotzen ditu txartela eskurazteko administrazio-prozedurari buruzko edukiak, indarraldiaren erregimena eta txartela lortzeko eskabide-ereduak, behar diren zehaztapenekin betiere.

Gizarte-laguntzaren arloan, Euskal Autonomia Erkidegoak duen eskumen esklusiboaren –Autonomia Estatutuko 10.12 artikuluan jasotakoaren– indarrez ematen da dekretu hau, eta, orobat, Euskal Autonomia Erkidegoan Eusko Jaurlaritzak gizarte-zerbitzuak koordinatu eta arautzeko duen eskumenaren ondorioz, zeina abenduaren 5eko 12/2008 Legeko 40. artikuluaren bidez esleitu baitzitzaion, prestazio eta zerbitzuak izateko aukera eta eskubideak baliatzerakoan homogeneotasuna bermatzearren.

Ondorioz, eta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuaren proposamenez, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren irizpena kontuan hartuta eta Gobernu Kontseiluak 2016ko martxoaren 22an eginiko bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Dekretu honen xedea da mugikortasun urriko desgaitasuna duten pertsonentzako ibilgailua aparkatzeko txartela arautzea.

2. artikulua.– Mugikortasun urriko desgaitasuna duten pertsonentzako ibilgailuak apartzeko txartelaren definizioa.

Mugikortasun urriko desgaitasuna duten pertsonentzako ibilgailuak aparkatzeko txartela, hemendik aurrera, dokumentu publikoa izango da. Batetik bestera joateko erabiltzen dituzten ibilgailuak behar duten lekutik ahalik eta hurbilen aparkatzeko aurreikusitako baldintzak betetzen dituzten pertsonen eskubidea egiaztatzen du.

3. artikulua.– Eskubidearen titularrak.

Aparkatze-txartela lortzeko eskubidearen pertsona titularrak honako hauek dira: Euskal Autonomia Erkidegoko udalerritariko baten egoiliar izanik, ondoko kasuren baten daudenak:

1.– Desgaitasuna duten pertsonei eta euren inklusoi sozialari buruzko Lege Orokorraren Testu Bateginak, azaroaren 29ko Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartuak, 4.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, desgaitasuna duen pertsonaren kondizioa ofizialki aitortua duten pertsona fisikoak; eta ehuneko 33ko desgaitasun-gradua izan barik, ezintasuna osoa edo absolutua edo baliaezintasun handia aitortua dutenak, eta, horrez gain, honako egoeratakoren baten badaude:

a) Mugikortasun urria dutenak, eta dagokion lurralde historikoko foru aldundiko balorazio- eta orientazio-zerbitzuak emandako aldeko irizpena badu urritasun horrek. Desgaitasun-gradua errekonozitu, deklaratu eta kalifikatzeko prozedurari buruzko abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretuko II. eranskinarekin bat etorriz, ondoko baldintzetarik edozeinetan direnek mugikortasun urria dutela kontsideratuko da:

– Gurpil-aulkia ezinbestean erabiltzea.

– Ibiltzeko makila bi derrigorrez erabiltzea.

– Nora gabe ibili ahal da, baina kontrolatzeko zailak diren jokabide oldarkor edo molestagarriak ditu, defizientzia psikiko larrien ondorioz, zeintzuk garraiobide normalizatuak erabiltzea zailtzen dioten

– Mugikortasun-mugak izatea, eta 971/1999 Dekretuaren II. eranskineko mugikortasun urriko baremoan 7 puntu izatea gutxienez,

b) Begirik onenean ikusmen-zolitasuna, zuzendu ostean, 0,1ekoa edo beheragokoa dutenak, edo ikus-eremu murriztua 10 gradukoa edo gutxiagokoa dutenak (kasuan kasuko lurralde historikoko foru aldundiko Balorazio eta Orientazio Zerbitzuak emango du irizpena).

2.– Mendekotasun-egoeran izan eta 1. paragrafoko a) edo b) letran ezarri betekizunak konplitzen dituzten pertsona fisikoak.

3.– Gaixotasun neurodegeneratiboak dituzten pertsonak, zeintzuetaz irizpena eman baitu dagokion lurralde historikoko foru aldundiko balorazio- eta orientazio-zerbitzuak; eta irizpen horretan zehazten bada ezen badutela 1971/1990 Dekretuaren II. eranskinean zehaztu mugikortasun-baremoko mugaren bat.

4.– Mendekotasun-egoeran diren 3 urtetik beherako pertsonak, bizitzeko funtzioei eusteko ezinbestean eta etengabe aparatu teknikoak behar dituztenak (gurpil-aulki espazialak, arnasketa-aparatuak...), edo 4. edo 5. motako desgaitasun-balorazioa izan dutenak (patologia larria edo oso larria), hain justu ere dagokion lurralde historikoko foru aldundiko balorazio- eta orientazio-zerbitzuaren eskutik.

5.– Mugikortasun urriko desgaitasuna duten pertsonen kolektiboa garraiatzera bakarrik erabiltzen diren ibilgailua egokituen, zehazki, abenduaren 14ko 39/2006 Legeak aipatu mendekotasunari aurre egiteko eta autonomia pertsonala sustatzeko zerbitzuak emateko diren ibilgailuen pertsona fisiko edo juridiko titularrak, eta, orobat, Desgaitasuna duten pertsonei eta euren inklusoi sozialari buruzko Lege Orokorraren Testu Bateginak, azaroaren 29ko 1/2012 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartuak, aipatzen dituen gizarte-zerbitzuak.

4. artikulua.– Aparkatzeko txartelaren balio eremua.

1.– Autonomia Erkidegoko udalek emandako txartelak indarra izango du Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde osoan, dekretu honen 10. artikuluan aurreikusi prozeduraren arabera, baina horrek ez du eragotziko txartel hori Europar Batasuneko estatu kide guztietan erabili ahal izatea, betiere organo eskudun egokiek ibilgailuen zirkulazioari eta antolamenduari buruz ezarrita daukatenarekin bat etorriz.

2.– Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldearen barruan, errekonozitu egiten dira Europar Batasuneko gainontzeko herri-administrazioek desgaitasuna duten pertsonentzat emandako aparkatzeko txartelak.

5. artikulua.– Aparkatzeko txartelaren titularrentzat gordetako aparkalekuak.

1.– 1056/2014 Errege Dekretuko 5. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, hiriguneetako jarduera-gune nagusietan, aparkatzeko txartelaren titularrentzat gutxienez aparkaleku bat gorde eta prestatuko da berrogei aparkalekuko (edo, bestela, dagokion zatikia), bizileku edo lantokietarako gordetako aparkalekuak alde batera utzita. Aparkaleku horiek arauz aurreikusitako baldintzak bete beharko dituzte.

2.– Udalek, ordenantza baten bidez, hiriguneko jarduera-guneak zehaztuko dituzte.

3.– Hiriguneetako jarduera-guneetan plaza-erreserbak bete egin beharko dira, baina horrek ez ditu eragotziko honako hauek: irisgarritasunaren arloan indarrean den araudiak ezarritako obligazioak, hain zuzen ere alde eta espazio irekietan eta erabilera publikoko garaje eta aparkalekuetarako erakinetan, mugikortasun urriko pertsonentzako aparkatzeko plaza-erreserbari dagokionez.

6. artikulua.– Aparkatzeko txartelaren ezaugarriak eta erabiltzeko baldintzak.

1.– Aparkatzeko txartelaren ezaugarriak Dekretu honen I. eranskinean daude jasota.

2.– Pertsona batentzat (bererentzat bakarrik) emandako aparkatze-txartela –joan-etorrietarako erabiltzen dituen ibilgailuetan baliatu ahal izateko– bakarra, pertsonala eta besterenezina izango da, eta kasu hauetan bakarrik erabili ahal izango da: pertsona titularrak ibilgailua bat gidatzen duenean edo ibilgailu horretan garraiatzen dutenean; betiere, 3. artikuluko 1., 2., 3. eta 4. paragrafoetan zehaztu betekizunak konplitzen baditu titularrak.

3.– 3.5 artikuluan aipatzen den pertsona fisiko edo juridikoaren alde emandako aparkatze-txartela pertsonala eta besterenezina da, lotua da matrikula-zenbaki bati, zeina esklusiboki erabiliko baita mugikortasun urriko pertsonentzako garraio kolektiboko ibilgailu baterako, eta ibilgailuak ondoko pertsonak garraiatzen duenean bakarrik izango da eraginkorra: 3. artikuluko 1., 2., 3. eta 4. paragrafoetan aipatu egoeretakoren baten dauden pertsonak.

4.– Aparkatze-txartela indarrean izan dadin, hura emateko betekizunak konplitzeari eutsi behar dio pertsona titularrak.

7. artikulua.– Titularren eskubideak eta erabiltzeko mugak.

1.– Aparkatzeko txartelaren titularrek jarraian adierazitako eskubideak izango dituzte, betiere ibilgailuaren barnealdean txartela ikusteko moduan jartzen badute:

a) Bizilekutik nahiz lantokitik hurbil aparkatzeko erreserba, aurretiaz dagokion administrazioari behar bezala eskaera eginda eta horretarako beharrizana justifikatuta, autonomiako eta tokiko administrazioek ezartzen dituzten baldintzei jarraikiz. Aparkalekuak irisgarritasunaren nazioarteko ikurraren seinalea izango du.

b) Desgaitasuna duten pertsonentzat prestatutako lekuetan aparkatzea.

c) Denbora mugatua duten aparkaleku-guneetan behar beste denbora aparkatzea, bigarren xedapen iragankorrean aurreikusitakoari eragin gabe.

d) Zamalanetarako erreserbatutako guneetan gelditzea edo aparkatzea, udalek ezarritako zehaztapenekin bat etorriz, betiere kalterik egiten ez bazaie oinezkoei edo trafikoari.

e) Bidearen edozein lekutan geldialdia egitea, justifikatutako arrazoiengatik eta ezinbesteko denboran, betiere oinezkoei edo trafikoari kalterik eragiten ez bazaie eta autoritate-agenteek emandako jarraibideekin bat etorriz.

f) Zirkulazioa egoiliarrentzat mugatuta dagoen bide, gune edo eremuetara sartzea, betiere destinoa eremu horren barnealdean badago.

2.– Aparkatze-txartela edukitzeak ez dakar inola ere oinezkoentzako gune edo pasabideetan aparkatzeko baimenik, eta, halaber, gelditzea galarazita dagoen kasu eta lekuetan, larrialdietarako irteerak eta pasabideak trabatzen dituzten lekuetan, segurtasun publikoko arrazoiak direla-eta zedarritutako guneetan edo zirkulazioko erreiak murrizten dituzten espazioetan («bigarren hilarak»).

8. artikulua.– Titularren betebeharrak.

1.– Aparkatzeko txartelaren titularrak derrigor bete beharko ditu honako hauek:

a) Txartela behar bezala erabiltzea, 6. artikuluan aurreikusitako erabilera-baldintzekin bat etorriz.

b) Aparkatzeko txartela (jatorrizko dokumentua) kotxeko aginte-mahaian jartzea edo barnealdetik haizetakoari itsastea, kanpotik argi eta garbi irakurtzeko moduan.

c) Agintaritzako agenteren batek eskatuz gero, nortasuna egiaztatuz identifikatzea, nortasun agiri nazionala, identifikazio fiskaleko zenbakia, bizileku-txartela edo identifikaziorako beste edozein agiri erabilita; eta hala egiten ez badu, ezin baliatu ahal izango du aparkatzeko txartela. 14 urtetik beherako adingabeek ezgaitasun-maila aitortzen duen agiria erakutsiz egiaztatu ahal izango dute nortasuna.

d) Agintaritzaren agenteei laguntzea, aparkatzeko txartela erabiltzeko ematen zaizkien eskubideak baliatzean sor daitezkeen trafiko-arazoak ahalik eta gehien saihesteko.

e) Aparkatzeko txartela eskuratzeko eskatutako betekizunetan sortutako edozein aldaketa jakinaraztea; esate baterako, bizilekuaren aldaketa edota txartela hondatu, galdu edo lapurtu izana (azken kasu horretan, dagokion salaketa aurkeztu beharko da).

f) Iraungitako aparkatzeko txartela itzultzea indarraldia berritzean edo amaitzean.

2.– Obligazioa horiek betetzen ez badira, aparkatze-txartela kendu ahal izango da, 6 hilabeteko epe batez, eta haiek behin eta berriro betetzen ez badira, aparkatze-txartela indargabetu ahal izango da; guztia ere, ordenamendu juridikoan aurreikusitako zehapenak eragotzi gabe.

3.– Pertsona fisiko zein juridikoek aparkatzeko txartela iruzur egiteko erabiltzeak txartela baliogabetzea ekarriko du, eta baita ordenamendu juridikoan aurreikusitako dena delako zigorra izatea ere.

4.– Txartela indargabetzen bada, pertsona titularrak ezin izango du txartela berriro eskatu urtebeteko epean, indargabetzen den unetik hara zenbaturik epe hori.

9. artikulua.– Aparkatzeko txartela ematea eta editatzea.

Gizarte-zerbitzuen arloan eskumenak dituen Eusko Jaurlaritzako sailak editatu eta doan emango die udalei Desgaitasuna duten Pertsonentzako Aparkatzeko Txartela, betiere aldez aurretiko eskabidea delarik.

10. artikulua.– Aparkatzeko txartela lortzeko prozedura.

Pertsona fisikoaren bizilekuari edo pertsona juridikoaren egoitza sozialari dagokion udalak emango du txartela, prozedura honi jarraikiz:

1.– Interesdunak edo bere ordezkari legezkoak eskatuta hasiko da espedientea, inprimaki normalizatuaren bitartez, zeina dekretu honen II. eta III. eranskinetan agertzen den; eta eskatzailearen bizilekuko udalak betetakoan jaso eta aurkeztu beharko da.

2.– Hasierako eskaerak betekizun guztiak betetzen ez baditu, eskatzaileari eskatuko zaio akatsa konpon dezala edo beharrezko dokumentuak gainera ditzala. Horretarako, 10 eguneko epea izango du, eta jakinaraziko zaio hori egiten ez badu eskarian atzera egin duela ulertuko dela. Hala gertatuz gero, udalak eskabide horri buruzko esanbidezko ebazpena eman beharko du, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 71 eta 42. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.

3.– 3. artikuluko 1.tik 4.erako paragrafoetan identifikatutako pertsona fisikoei dagokienez, lurralde historikoko foru aldundian gizarte-zerbitzuen arloko eskumena duen sailari eskabidearen kopia izapidetuko dio udalak, balorazio- eta orientazio-zerbitzuaren bitartez nahitaezko irizpena –txartela emateari doakionez loteslea dena– eman dezan, 45 egun naturaleko epean; betiere, Minusbaliotasunaren maila aitortzeko, deklaratzeko eta kalifikatzeko 1971/1999 Errege Dekretuko III. eranskinean ezarritako balorazio-irizpideekin bat etorriz. Foru aldundietako balorazio- eta orientazio-zerbitzuek emango dute aipatu irizpena, eta dekretu honetako V. eranskinean jasotako orientaziozko ereduaren araberakoa izan daiteke.

4.– 3.5 artikuluan identifikatutako pertsona juridikoek udalen eskumenpeko ez diren zerbitzuak ematen badituzte, lurralde historikoko foru aldundian gizarte-zerbitzuen arloko eskumena duen sailari eskabidearen kopia izapidetuko dio udalak, nahitaezko irizpena –txartela emateari doakionez loteslea dena– eman dezan, 45 egun naturaleko epean, gizarte-zerbitzua ematen duen zerbitzu publikoari edo erakunde pribatuari dagokionez.

5.– Udalak hartuko du eskaeraren gaineko erabakia. Interesdunari erabaki horren berri emango zaio, gehienez ere hiru hilabeteko epean, aparkatzeko txartelaren eskaera udaletxeko sarrera-erregistroan sartu den egunetik aurrera zenbatzen hasita. Epe horretan berariazko erabakirik hartu ez bada, eskaera onartu egin dela ulertuko da. Nolanahi ere, derrigor eman beharko da berariazko ebazpena (edozein kasutan, erabakia berrestekoa izango da).

6.– Eskaerari uko egiten bazaio edo eskaeran atzera egiten bada, udalak horren inguruko ebazpena eman beharko du, derrigor. Ebazpenean, kasu bakoitzaren inguruabarrak azalduko dira, jazotako gertaerak eta aplika daitezkeen arauak adieraziz.

7.– Aparkatzeko txartela jaso ondoren, titularrari emango zaio sinatzeko, eta, behin sinatuta, udaletxeak plastifikatu eta interesdunari emango dio.

8.– Txartelarekin batera, Europar Batasuneko estatu kideetan berori erabiltzeko baldintzen laburpen bat entregatuko du udalak.

11. artikulua.– Indarraldia eta aparkatzeko txartela berritzea.

1.– Mugikortasun urria edo ikusmen-zolitasun urria duten pertsona fisikoei emandako aparkatzeko txartelek eta garraio kolektiborako erabiltzeko ibilgailu egokituak aparkatzeko emandako txartelek bost urteko epea izango dute.

Epe hori amaitu ondoren, titularraren bizilekuko udalean berritu beharko da txartela. Nolanahi ere, indarraldia galtzea ekar dezaketen hainbat aldaketa egon daitezke desgaitasun-maila baloratzean. Txartela berritzeko, dekretu honen 10. artikuluan aurreikusitako prozesuari helduko zaio.

2.– Balorazio- eta -orientazio-unitateek emandako irizpena behin betikoa den kasuetan, parte interesdunak eskatuta hasiko da txartela berritzeko administrazio-prozedura, eta ez da beharko aipatu balorazio-unitateen beste irizpenik, salbu eta udalek berariaz halakorik eskatzen duten kasuetan.

3.– Aparkatzeko txartela berritzeko eskaera indarraldi-epean aurkezten bada, aurretiaz emandako baliozkotasuna luzatuko da prozedura suntsiarazi arte. Emandako azken txartelaren indarraldia amaitu eta ondorengo laurogeita hamar egun naturaleko epearen baitan aurkezten bada eskaera, oraindik ere indarrean dagoela ulertuko da, harik eta berritzeko prozedura suntsiarazten den arte.

4.– Hala, aparkatzeko txartela berritzeko, ezinbestekoa da titularrak txartela emateko beharrezkoak ziren baldintzei eustea.

12. artikulua.– Gizarte-zerbitzuen estatistikak.

1.– Eusko Jaurlaritzari dagokio, gizarte-zerbitzuen arloan eskumena duen sailaren bidez, sail horren jarduera estatistikoa antolatzea, koordinatzea eta sustatzea, bai eta estatistikak egitea ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikei buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legean adierazitako baldintzei jarraikiz.

2.– Eusko Jaurlaritzan gizarte-zerbitzuen arloko eskumenak dituen sailari jakinarazi beharko dizkiote foru aldundiek eta udalek aparkatzeko txartelei buruzko datuak, helburu estatistikoekin haien tratamendua egitearren, betiere Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren 21.1 artikuluaren aurreikusitakoarekin eta arau horretan ezarritako zehaztapenekin bat etorriz.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Aparkatzeko behin-behineko txartela ematea.

1.– Arrazoi humanitarioei erreparatuta, salbuespen gisa emango da mugikortasun urria duten pertsonen ibilgailuak aparkatzeko behin-behineko txartela, dena delako ezintasun-egoeraren inguruko irizpen ofizialik jaso ez badute ere, betiere frogatu ahal bada gaixotasun edo patologia larriren baten ondorioz bizi-itxaropena nabarmen murriztu dela euren adinerako eta bestelako ezaugarri pertsonaletarako normaltzat jotzen dena aintzat hartuta, eta aparkatzeko txartelaren ohiko eskaera garaiz izapidetzeko aukerarik ez dagoela aurreikusten denean.

2.– Aparkatzeko behin-behineko txartela lortzeko, aurreko atalean adierazitako gaiak egiaztatu beharko dira. Horretarako, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko eskumeneko medikuek emandako ziurtagiria aurkeztu beharko da. Eskumena duen osasun zerbitzuko ikuskatzailetzak baliozkotu beharko du, eskatzailearen bizilekuari erreparatuta.

3.– Interesdunak edo, kasua bada, bere ordezkari legezkoak behin-behineko txartela eskatu beharko du dekretu honetako IV. eranskineko inprimaki normalizatuarekin bat etorriz; eta, hartarako, txartela emateko eskumena duen udalaren aurrean baliozkotutako mediku-ziurtagiria aurkeztu beharko du; xedapen honetan aurreikusi betekizunak konplitzen direla egiaztatzeko behar diren jarduketak egin ahal izango ditu udalak.

4.– Aparkatzeko behin-behineko txartelaren titularrei araudi honetan araututako eskubideak, betebeharrak eta erabiltzeko baldintzak aplikatuko zaizkie txartela indarrean dagoen bitartean.

5.– Aparkatzeko behin-behineko txartelak gehienez ere urtebeteko epea izango du. Beste urte batez luzatzeko aukera egongo da, betiere berau emateko beharrezkoak ziren hasierako baldintzei eusten bazaie. Txartelaren eredua I. eranskinean jasota dago, eta erabiltzeko epeari buruzko atalean zehaztuko da urtebeteko balioa izango duela eta beste urte batez luzatzeko aukera egongo dela.

6.– Estatuaren eta autonomia-erkidegoen artean dauden koordinazio-organoen bidez, administrazio publikoek behin-behineko txartela emateko irizpideak adostuko dituzte.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Osasun-arloko zerbitzuetan eta zentroetan aparkalekuak gordetzea.

Osasun-arloko zerbitzu eta zentroetan, aparkaleku-kopuru nahikoa gordeko da mugikortasun urriko desgaitasuna duten pertsonentzat eta aparkatzeko behin-behineko txartela duten pertsonentzat, osasun-tratamenduak, -arreta eta -zainketak behar izaten dituzte eta.

LEHEN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Dekretu hau baino lehen emandako aparkatzeko txartelei buruzko araubidea.

Dekretu hau indarrean sartzean aplikatzekoa den araudiaren arabera emandako aparkatzeko txartelak –ibilgailuentzako direnak– baliozkoak izango dira emandako jatorrizko dokumentuan aurreikusitako iraungitze-egunera arte.

BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Denbora mugatua duten aparkalekuetan aparkatzearekin zerikusia duten aurretiazko egoerak.

Dekretu hau indarrean sartu baino lehen denbora mugatua zuten aparkalekuetan aparkatzeko tarifak aplikatzen zituzten udalerriek, aparkatzeko txartelen titularrak salbuetsi gabe, erregimen horri eutsi ahal izango diote kasu horretarako, betiere, arau honetan ezarri bezala, mugikortasun urriko desgaitasuna duten pertsonentzat gutxieneko aparkaleku-kopurua gordetzen dela bermatzeko betebeharra betetzen dela egiaztatzen badute.

HIRUGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Aurreko ereduaren araberako aparkatzeko txartelak.

Aurreko ereduaren arabera jada inprimaturik diren txartelak jaulkitzen jarraitu ahal izango dute herri-administrazioek, dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitarazten denetik harako sei hilabeteko epean; eta txartel berrien balio bera izango dute.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA.– Arauak indargabetzea.

256/2000 Dekretua, abenduaren 5ekoa, desgaitasuna duten pertsonentzako aparkatzeko txartela arautzen duena, indargabetu egingo da, baita dekretu honen edukiaren aurka doazen maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak ere, eta Europar Batasuneko eredu estandarrera egokituko dira.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Ordezko araubidea.

Dekretu honetan administrazio-prozedurari buruz aurreikusi gabeko alderdiei Herri-Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea aplikatuko zaie.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Indarrean sartzea.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2016ko martxoaren 22an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua,

ÁNGEL TARSICIO TOÑA GÜENAGA.

I. ERANSKINA, MARTXOAREN 22KO 50/2016 DEKRETUARENA
DESGAITASUNA DUTEN PERTSONENTZAKO APARKATZEKO TXARTELAREN EUROPAR BATASUNEKO EREDUARI BURUZKO XEDAPENAK

A) Desgaitasuna duten pertsonentzako aparkatzeko txartelaren neurriak, orotara, honako hauek izango dira, Europar Batasunaren ereduari jarraikiz:

– Luzera: 106 mm.

– Zabalera: 148 mm.

B) Aparkatzeko txartela urdin argi kolorekoa izango da, gurpil-aulkia irudikatzen duen ikur zuria izan ezik (urdin ilun koloreko atzealdearen gainean egongo da ikurra).

C) Desgaitasuna duten pertsonentzako aparkatzeko txartela plastifikatuta egongo da, titularrak sinatzeko utzitako eremua izan ezik (atzealdeko ezkerreko aldean).

D) Desgaitasuna duten pertsonentzako aparkatzeko txartelak aurrealdea eta atzealdea izango ditu, horietako bakoitza bi zatitan banatuta bertikalki.

Aurrealdearen ezkerreko aldean, honako hauek agertuko dira:

– Kolore zuriko gurpil-aulkiaren ikurra, urdin ilun koloreko atzealdearen gainean.

– Aparkatzeko txartelaren iraungitze-data.

– Aparkatzeko txartelaren zenbakia.

– Txartela eman duen agintaritzaren edo erakundearen izena eta zigilua.

– Eusko Jaurlaritza / Gobierno Vasco logotipoa.

Aurrealdearen eskuineko aldean, honako hauek agertuko dira:

– «Aparkatzeko txartela desgaitasuna duten pertsonentzat» inskripzioa, karaktere handietan inprimatuta, euskaraz eta gaztelaniaz. Jarraian, behar bezala bereizita eta karaktere txikietan, «Aparkatzeko txartela» inskripzioa Europar Batasuneko gainerako hizkuntzetan.

– «EUROPAKO ERKIDEGOEN EREDUA» inskripzioaren ordez, «EUROPAR BATASUNEKO EREDUA» jarriko da, euskaraz eta gaztelaniaz inprimatuta.

Atzealdean, Espainia adierazten duena: E, Europar Batasunaren ikurraren barruan: hamabi izarreko zirkulua.

Atzealdearen ezkerreko aldean, honako hauek agertuko dira:

1.– Titularraren abizenak.

2.– Titularraren izena.

3.– Titularraren sinadura edo baimendutako beste marka bat.

4.– Titularraren argazkia.

Atzealdearen eskuineko aldean, honako hauek agertuko dira:

1.– Adierazpen hau:

– «Txartel honek baimena ematen dio titularri honako honetarako: zein estatu kidetan dagoen, hantxe indarrean diren aparkatze-eskubideez baliatzeko.»

2.– Adierazpen hau:

– «Txartel hau erabiltzen direnean, ibilgailuaren aurreko aldean jarri beharko da, txartelaren aurrealdea argi eta garbi ikusteko moduan, kontrolatzeko.»

E) Inskripzioak euskaraz eta gaztelaniaz idatzita egongo dira, aurrealdearen eskuineko aldean dauden inskripzioak izan ezik.

(Ikus .PDF)

F) Berariaz garraio kolektiborako erabiltzeko ibilgailuen titular diren pertsona fisiko edo juridikoen kasuan, eredua eranskin honetako aurreko letretan deskribatutakoaren berdintsua izango da, baina atzealdean «Garraio kolektiboa» eta ibilgailuaren matrikula agertuko da titularraren argazkiaren ordez.

II. ERANSKINA, MARTXOAREN 22KO 50/2016 DEKRETUARENA
DESGAITASUNA DUTEN PERTSONENTZAKO APARKATZEKO TXARTELAREN ESKAERAEREDUA
(Ikus .PDF)
III. ERANSKINA, MARTXOAREN 22KO 50/2016 DEKRETUARENA
MUGIKORTSUAN URRIKO DESGAITASUNA DUTEN PERTSONENTZAKO GARRAIKO KOLEKTIBORAKO BAKARRIK DIREN IBILGAILU EGOKITUAK APARKATZEKO TXARTELA ESKAZTEKO EREDUA
(Ikus .PDF)
IV. ERANSKINA, MARTXOAREN 22KO 50/2016 DEKRETUARENA
BEHIN-BEHINEAN APARKATZEKO TXARTELA ESKATZEKO EREDUA
(Ikus .PDF)
V. ERANSKINA, MARTXOAREN 22KO 50/2016 DEKRETUARENA
DESGAITASUNA DUTEN PERTSONENTZAKO APARKATZEKO TXARTELA EMATEKO FORU ALDUNDIETAKO BALORAZIO ETA ORIENTAZIO UNITATEEK EGINIKO NAHITAEZKO IRIZPENAREN EREDU LAGUNGARRIA
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana