Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

31. zk., 2016ko otsailaren 16a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
685

AGINDUA, 2016ko urtarrilaren 27koa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena, nazioartekotzeko beken Beint programa arautzen duena.

Enpresen 2013-2016 Nazioartekotze Planaren bitartez, X. legegintzaldian euskal enpresak nazioartekotzeko laguntza publikoak ordenatu eta sostengatzen dira. Taxu estrategikoarekin, 4. ardatzean honako hau finkatzen da: espezialisten giza kapitala sortzea eta dinamizatzea, nazioarteko merkatuetan, enpresen ekimenei bermearekin heltzekotan; eta hura garatzeko eta jarduera-lerro gisa, ondoko prestakuntza-programak zehaztu egiten dira eta balioa ere ematen zaie: nazioarteko mugikortasunaren eta nazioartekotzearen arloan titulua duten gazteak espezializatzeko programak.

Halaber, Jaurlaritzaren X. legegintzaldiko programa, besteak beste, enplegu eta pertsonekiko konpromisoan oinarritzen da. Konpromiso horren ondorioz, nazioartekotzearen arloko prestakuntzako helburu bat definitzen da; eta horren barruko dira honako hauek: bekadunentzat nazioartekotze- eta mugikortasun-espezializazioko programak, zeinek erraztu egiten baitute euskal profesional gazteak kanpora ateratzea.

80ko hamarkadan, zenbait xedapen erabiliaz, Eusko Jaurlaritzak etenik gabe sostengatu du beka-programa bat, zeinarekin, batetik, euskal gazteak prestatu nahi ziren kanpo-merkataritzan, eta, bestetik, gazteak atzerrira ateratzea lagundu. Programa arautzeko azken xedapena 2011. urtean onartu zen; urte horretan ospatu zen programaren 25. urteurrena. Harrezkero bost urte igaro dira, eta agindu arautzaile honen bitartez ezarriko dira 2016. urteko deialdiaren oinarriak; urte horretan izango da nazioartekotzeko bekadunen 30. promozioa.

Denbora horretan prestakuntza-premiak bilakatuz joan dira, erakunde eta merkatu globalek ere eboluzionatu dute-eta. Hori dela-eta, beharrezkoa da aldatu eta eguneratzea nazioartekotzeko beken Beint programaren oinarri arautzaileak.

Errealitate berriei egokitzeko asmoz, aldaketek arlo administratiboari eragiten diote, arinagoa izan dadin. Eta, orobat, izangaiak aukeratzeko prozedurari, eragingarriagoa eta gardenagoa egiteko; eta prestakuntza-faseen eta betetze-modalitateen konfigurazioari, entitate eta enpresa laguntzaileen premia eta eskaintzei hobekiago egokitzeko. Halaber, agindu berriak nazioartekotzeko bekadunen Alumni-ri sorrera-gutuna ematen dio; izan ere, programatik pasa diren pertsonen topagunea da; horietako askok, gaur egun, aipagai dugun arloari lotutako jardueraren bat gauzatzen dute.

Hori dela eta, honako hau

XEDATZEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

1.– Agindu honen xedea da Nazioartekotzeko beken Programa arautzea. Programa horren helburua hauxe da: unibertsitate-tituludun gazteak prestatzea nazioartekotzearen arloan; betiere, euskal enpresek eta beste erakunde batzuek etorkizunean profesionalen oinarri bat izan dezaten, zeinarekin aurre egin ahal izango dieten ekonomia irekiaren erronkei.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko gazteentzako –goi-mailako unibertsitate-titulua dutenentzako– nazioartekotzeko beketarako urteroko deialdiaren bitartez gauzatuko da aipatu helburua; orobat, unibertsitate, enpresa eta nazioartekotzea sustatzeko erakundeen –pribatu zein publikoen– bitartez, betiere programa honetan parte hartu nahi badute.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Aurreko artikuluan adierazitako xedea betetzeko diru-baliabideak Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan hartarako ezarritako aurrekontu-kredituetatik aterako dira.

2.– Paratutako baliabide publikoen osagarri gisa, Programako 3. fasean kolaboratzen duten enpresa eta erakundeek aurre egin beharko diete honako gastu hauei: finkatutako lekura bekadunak egiten duen joan-etorri baten gastuak, eta 3. fasean bekadunaren bisa lortzeko egin behar diren gastuak.

3. artikulua.– Onuradunak.

1.– Ondorengo baldintzak betetzen dituzten pertsona fisikoek jaso ditzakete bekak:

a) Administrazio-auzotasuna Euskal Autonomia Erkidegoan izatea, eskabideak aurkezteko epea irekitzen den unea baino gutxienez 12 hilabete lehenagotik. Hala eta guztiz ere, epe hori baino laburragorik onartuko da, baldin eta Erkidegotik kanpo ikasketak direla-eta aldi batez EAEtik kanpo bizi behar izan duten izangaiei dagokienez.

b) Graduko unibertsitate-titulu goi-mailakoa, deialdi bakoitzeko hautaketa-prozesua amaitu baino lehen lortua, hau da, nazioartekotzearen arloko Zuzendaritza eskuduneko titularrak ebazpena –1. faseko onuradunen eta ordezkoen gainekoa– eman aurretik. Atzerrian edo/eta unibertsitate pribatuetan lortutako tituluak onartuko dira, baldin eta agintaritza eskudunak homologatutakoak badira. Lehentasuna izango dute eta bereiziki baloratuko dira: Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza Gradua, Ekonomia Gradua, eta edozein eratako ingeniaritza graduak.

c) Deialdiaren urteko urtarrilaren batean 30 urte bete gabe izatea.

d) Ingelesean B2 maila izatea, zeina ahozko eta idatzizko proba egokiekin egiaztatu beharko baita.

e) Beka normaltasunez garatzea eragozten duen gaixotasunik edo muga psikiko edo fisikorik ez izatea; edo beka onartzeko orduan ez izatea patologiarik, eguneroko bizitzako jarduerak mugatzen dituenik.

f) Unibertsitate-tituludunentzako beste ezein laguntzaren –antzeko prestakuntza helburua duenaren– onuraduna ez izatea; baldin eta, halako laguntzaren bidez, nazioarteko erakunde edo enpresetan 6 hilabetez edo epe luzeago batez praktikak egin badira atzerrian. Bereziki, nazioartekotzeko beka hauetaz baliatzea ez da bateragarria honako beka hauetakoren baten onuradun izatearekin: Global Training bekak, ICEX bekak, beste administrazio autonomiko batzuenekin, merkataritza ganberenekin, EBko merkataritza sustatzeko erakundeenekin eta antzeko beste erakunde batzuenekin. Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kargura finantzaturik goi-mailako tituludunentzako diren beste beka batzuen onuradun izana ez da bateragarria aipagai ditugun bekak baliatzearekin.

2.– Agindu honen bitartez araututako beketarako aukerarik ez dute izango eskabidea egiten duten honako pertsona hauek: diru-laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratibo edo penalik duena, edo horretarako legezko debekurik duena, sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barne, 4/2005 Legearen (otsailaren 18koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerakoa) azken xedapenetatik seigarrenean xedaturikoari jarraikiz

3.– Agindu honek arautzen dituen laguntzak erakunde onuradunei eman eta, hala dagokionean, ordaindu aurretik, ezinbestekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomiadunek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi den eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzulketa- edo zehapen-prozedura amaitzea.

4. artikulua.– Beken izaera.

1.– Programa honen bidez emandako laguntzak itzuli beharrik gabeko laguntzatzat joko dira, eta, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretatik emandako diru-laguntzak arautzeko indarrean dagoen arautegiari jarraituz kudeatuko dira.

2.– Beka eman eta baliatzeak ez du ezartzen kontratu edo estatutuen bidezko inolako erlaziorik bekadunaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren artean, eta beka emateko Ebazpenak zehaztuko du bekadunaren izaera noiz hasten den eta noiz amaitzen den.

3.– Agindu honekin araututako bekak honelaxe esleituko dira: lehiaketako prozeduraren bidez, eta kontuan izanik merezimendu eta gaitasunari buruzko balorazio-irizpideak, urteko deialdiaren gaineko ebazpenean haztatutakoak. Hautaketa-prozesu egokia gainditu duten izangaiei bakarrik emango zaie beka, harik eta urteko deialdian sartzen den beka-kopurua estali arte, betiere kontuan izanik ekitaldi bakoitzerako dauden aurrekontu-baliabideak.

II. KAPITULUA
PRESTAKUNTZA-IBILBIDEEN DESKRIPZIOA

5. artikulua.– Faseak.

Beint Programa burutzeko, 3 fase bereizten dira, bakoitza bere epealdiekin eta prestakuntza-ezaugarriekin. Hauek dira faseak:

a) 1. fasea: Prestakuntza teoriko espezializatua

Programaren hasierako fasean, izendatutako bekadunek Nazioartekotzeko Unibertsitate Espezialista graduondoko berezko titulua (Euskal Herriko Unibertsitatea) lortzeko kurtsoan parte hartuko dute. Kurtsoaren xedea da honako hauen gaineko ezagutza sakontzea: nazioarteko merkataritzaren arauak eta errealitatea, euskal ekonomia sarea eta horren enpresak eta instituzioak, enpresa multilokalizatuak kudeatzeko behar diren gaitasunak, eta nazioarteko erosketak eta salmentak.

Nahitaezko modalitate presentzialean emango da kurtsoa, eta deialdiaren urtean abiatuko da. Kurtsoan zehar, eskola teorikoak osatu ahal izango dira bisitekin, hain justu ere erreferentziako euskal enpresekin eta logistikarekin zerikusia duten azpiegituretara, erakundeetara eta entitateetara egindakoekin. Era berean, zenbait ikerketa-lan garatuko dira.

Espezializazio-kurtsoa egiten den bitartean, nazioartekotzearen arloko Zuzendaritza eskudunak zehazten duen irakas-zatiaren gaineko azterketa egingo da. Azterketa hori gainditzea ezinbestekoa izango da hurrengo fasera pasatzeko.

1. fasean bukatzean, eta agintari akademikoek ezarritako baldintzak betez gero, ziurtagiri egokia lortu ahal izango da, zeinak ekarriko baitu erreferentziazko titulu berariazkoa emateko eskubidea.

b) 2. fasea: Prestakuntza praktikoa nazioartekotzeari laguntza publikoa emateko erakundeetan eta eskualde- edo sektore-garapenerako beste erakunde batzuetan.

Fase honetan, A modalitatean izendatutako bekadunek parte hartuko dute, aurreko 1. fasea amaitutakoan. 2. fasea honako honetara bideratzen da: enpresak laguntzeko lanabes publikoak ezagutzera ematea bekadunei: nazioartekotzea sustatzeko erakunde pribatu eta publikoetan erabilgarri diren programak eta zerbitzuak. Prestakuntza hori nagusiki emango da: SPRIren kanpoko sarearen bulegoetan; Espainiak atzerrian dituen bulego ekonomiko eta komertzialetan; eta nazioartekotzea sustatzeko eta eskualdeak edo sektoreak garatzeko beste erakunde batzuetan. Bekadunak erakunde horietan hasiko dira lanean, eta agintzen zaizkien zerbitzuak egingo dituzte, betiere tutore batek gainbegiratuta.

Berari buruzko ebazpenean zehazten den egunean hasiko da 2. fasea, eta 12 hilabetetik beherako eta 10 hilabetetik gorako iraupena izango du. 2. fasean zehar, bekadunek aurreakordioak egin beharko dituzte enpresekin eta erakundeekin; zehazki, 3. faseko praktika profesionala gauzatzera bideratutakoak.

2. fasea amaitzean, erakunde laguntzaileko pertsona arduradunak balorazio-txostena prestatuko du, zeinetan hauek jaso beharko diren: bekadunak zein arloko prestakuntza jaso duen, bada haiexei buruzko laburpena; esleitu zaizkion atazetan agertu duen prestutasun eta jokabideari buruzko laburpena, eta bai jardueran lortutako mailari buruzkoa ere.

Eskura den informazioa kontuan izanik, nazioartekotzearen arloko Zuzendaritza eskudunak epaituko du bekadunetako bakoitzak programako helburuak bete dituen ala ez, eta horrexek ebatziko du programako hurrengo fasean jarraituko duen ala ez; guztiarekin ere, jarraipen hori enpresa laguntzaile egokiak praktika burutzeko duen disponibilitatearen pentzutan izango da.

c) 3. fasea: Praktika profesionala enpresan.

Fase honetan, nazioartekoturiko enpresa batean egingo ditu praktikak bekadunak; betiere, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak eta enpresa laguntzaileak adosten duten destinoan.

3. faserako sarbideak iraupen hauxe izango du: 8 hilabetetik gorakoa, baina 10 hilabetetik beherakoa. Eta bertan izatea honako faktore hauek ebatziko dute: bekadun bakoitzaren adskripzio-modalitateak, eta aurreko fasean zehar egindako jarduerari buruzko ebaluazioak.

3. fasea hasi aurretik, fase honetara sartzen diren bekadunak arduratuko dira, bilaketa aktiboa eginda, praktika burutzeko enpresa proposatzeaz.

A modalitateko bekadunak honako kasuan izendatuko dira 3. faserako: 2. fasean zehar ebaluazio positiboa lortu badute eta baliozko enpresa laguntzailearekin egindako aurreakordioa badute; betiere, Erakunde eta enpresa laguntzaileen Erregistroan inskribaturik badago enpresa hori. Ahal delarik, herrialdeari edo eskualde-lekuari dagokienez, 2. fasea non egin duten, bada, hangoxeko destinoa duen enpresan egingo ditu praktikak. Nazioartekotzearen arloko Zuzendaritza eskudunak, kasu bakoitzeko zirkunstantziak kontuan izanik, 3. faserako beste destino bat zehaztu ahal izango du.

B modalitateko bekadunak honako kasuan izendatuko dira 3. faserako: 1. fasean gainditu badute eta baliozko enpresa laguntzailearekin egindako aurreakordioa badute; betiere, Erakunde eta enpresa laguntzaileen Erregistroan inskribaturik badago enpresa hori.

6. artikulua.– Modalitateak.

Hiru faseetariko bakoitza modulu bereizi gisa antolatzen da, eta euretariko bakoitzak berez prestakuntza-helburu bat betetzen du, halako moldez ezen programa betetzerakoan ondoko modalitateetariko bat egin ahal izango baitute bekadunek:

a) A modalitatea: bekadunek 1., 2. eta 3. faseak egingo dituzte.

b) B modalitatea: bekadunek 1. eta 3. faseak egingo dituzte.

Urteko deialdia ebazten denean finkatu egingo da modalitate bakoitzerako beka-kopurua. Agindu honetako 13. artikuluarekin bat etorriz, nazioartekotzearen arloko Zuzendaritza eskudunaren titularrak emandako ebazpenean oinarriturik, esleituko dira modalitate bakoitzerako bekadunak.

III. KAPITULUA
PROZEDURA

7. artikulua.– Deialdia.

1.– Agindu honetan araututako nazioartekotzeko bekak esleitze aldera, hiru printzipio hauek erabiliko dira: publikotasuna, lehia eta objektibotasuna; eta bekak urtero deialdi publiko batetik pasatuko dira.

2.– Nazioartekotzearen arloko Sailburuordetza eskudunaren titularrak emandako ebazpenez egingo da deialdia, eta arau honetan ezarritakoari egokitu beharko zaio.

3.– Deialdiak modalitate bakoitzerako zehaztuko ditu: finantzaketarako diren kredituen zenbatekoa, eskabideak aurkezteko epea eta lekua, bekadunen gaitasuna eta merezimendua neurtzeko faktoreen haztapena, eta faseetariko bakoitzaren iraupena.

8. artikulua.– Dokumentazioa eta eskaerak aurkeztea.

1.– Agindu honi lotutako eskabideak, errekerimenduak, jakinarazpenak eta gainontzeko gestioak bitarteko elektronikoekin burutuko dira, esklusiboki; betiere, honako hauekin bat etorriz: 21/2002 Dekretua, otsailaren 21ekoa, Administrazio Elektronikoari buruzkoa (2012-03-09ko EHAA, 50. zk.); 72/2008 Dekretua, apirilaren 29koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzkoa (2008-05-30eko EHAA, 102. zk.), otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaz aldatutakoa; eta Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren Ebazpena, 2006ko otsailaren 9koa, E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa (Platea) ezartzen duen dokumentua onartzen duena.

2.– Eskaerak eta erantzukizunpeko deklarazioak kanal elektronikotik izapidetzeari buruzko espezifikazioak eta gainontzeko ereduak eskura daude egoitza elektroniko honetan: http://www.industria.ejgv.euskadi.eus/informacion/becas-de-internacionalizacion/r44-de0017/eu/

Eskaeraren ondoko izapideak, bide elektronikoaren bitartez, honako helbide honetan egingo dira: http://www.industria.ejgv.euskadi.eus/r44-teletram/eu/.

Eskabidean honako hauek jaso beharko dira: pertsona eskatzaileak baimendutako sinadura, agindu honen artikulu honetako 4. paragrafoan aipatutako dokumentazio osagarria, eta Administrazioak eska dezakeen beste edozein dokumentazio; betiere Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan xedatutako zehaztapenekin bat etorriz.

3.– Pertsona eskatzaileek eskubidea dute EAEko bi hizkuntza ofizialetatik edozein erabiltzeko Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailarekin dituzten hartu-emanetan.

4.– Eskabidearekin batera, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) Nortasun-agirirako tamaina duen argazki oraintsukoa.

b) Curriculum vitaea.

c) Agindu honen 3.1.a) artikuluan zehaztutakoari jarraikiz, Administrazio-egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan izatea egiaztatzen duen dokumentazioa.

d) Unibertsitate-titulazioa egiaztatuko da ondoko dokumentuetariko bat erabiliaz: i) titulua, ii) titulu-eskabidearen gordekina, hura emateko eskubideak ordaindu izana egiaztatzeko dokumentuarekin; edo iii) ikasketa-espedienteko oharra, zeinetan adierazten baitira titulazioari dagokion proba orokorra gainditu izana eta titulua lortzeko eskubideak ordaindu izana. Atzerrian edo publikoak ez diren Espainiako zentroetan lortutako tituluak euren homologazioarekin –agintaritza eskudunak emandakoarekin– aurkeztu beharko dira.

e) Antzeko bekarik ez duela izan adierazten duen zinpeko deklarazioa, agindu honetako 3.1.e) artikuluan ezarritakoari jarraikiz (eskabide-formulario ofizialaren parte da).

f) Burututako masterrak eta lan-esperientzia egiaztatzeko agiriak.

g) Mediku-ziurtagiria, non zehaztu beharko baitu bekadunak ez duela bere zereginak eta betebeharrak egoki garatzea galaraziko dion gaixotasunik.

5.– Dagoeneko Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren esku dauden indarreko dokumentuak ez dira aurkeztu behar izango. Kasu horretan, noiz eta zein organo edo bulegotan aurkeztu ziren adierazi beharko da eskabidean, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 35. artikuluko f) letran ezarritako baldintzak beteta. Lege hori urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu zuen.

6.– Eskatzaileek eurek aukeratu duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute laguntza-eskabidea, dokumentazioarekin batera. Gainera, laguntza-eskabidetik eratorritako jardunetan eta prozedura osoan, eskatzaileak aukeratutako hizkuntza baliatuko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.

7.– Ingelesa edo frantsesa ez diren atzerriko beste hizkuntzetan entregatu beharreko dokumentuak itzulita aurkeztu beharko dira, EAEko hizkuntza ofizialetariko edozeinetan.

9. artikulua.– Eskabideak onartu eta zuzentzea.

Eskabidea puntu guztietan behar bezala beteta ez badago, edo eskatutako dokumentazio guztia aurkezten ez bada, 10 egun balioduneko epea emango zaio interesdunari, akatsak zuzen ditzan. Hala egingo ez badu, eskabidean atzera egin duela ulertuko da, nazioartekotzearen arloko Zuzendaritza eskudunaren titularrak ebazpena eman ostean, hala ezarrita baitago Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71.1 artikuluan.

10. artikulua.– Balorazio-probak.

Gaitasunaren balorazioari buruzko probak egiteko, pertsona eskatzaileak –bekadun izateko ezarritako betekizunak konplitzen dituztenak– izangaitzat jo eta aitortuko dira eta hautaketa-probetarako deituko, deituen zerrenda argitara emanez. Aipatu betekizunok 3. artikuluak daude definiturik. Deialdian zehaztuko da erreklamazioak aurkezteko epea eta, kasua bada, nora zuzendu behar diren. Epe hori bukatutakoan eta aurkeztutako erreklamazioak kontuan izanik, hautaketa-probetara deitutako izangaien behin betiko zerrenda lortuko da.

11. artikulua.– Bekadun izendatzeko kandidaturak hautatzeko prozedura.

1.– Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan eta aurreko artikuluan aurreikusitako izapidea egin ostean, izangaiak hautatzeko prozesuari ekingo zaio, zeinaren printzipio eraentzailea izango baita merezimendua eta gaitasuna baloratzea.

2.– Ondoren zehaztutakoak egiaztatzeko agirietan oinarriturik baloratuko dira izangaien merezimenduak:

a) M1: Graduko unibertsitate-titulua.

b) M2: Merkataritza edo enpresa-kudeaketan unibertsitate-master ofiziala (gutxienez 60 kreditu).

c) M3: Izangaien prestakuntza akademikoarekin zerikusia duen lan-esperientzia praktikoa.

Unibertsitate-tituluari buruz 3.1 artikuluko b) letran xedatutakoa salbu, eskabideak aurkezteko epea hasten den eguneko merezimenduak egiaztatzeko agiriak baino ez dira baloratuko.

3.– Gaitasuna baloratzeko, ondoko probak modu presentzialean egin beharko dira:

a) P1: Gai sozioekonomikoei eta orokorrei buruzko ezagutza-proba.

b) P2: Ingeleseko ahozko eta idatzizko proba. Proba hau baztertzailea izango da.

c) P3: Atzerriko bigarren hizkuntza bati buruzko ahozko eta idatzizko proba, hauen artean: alemana, arabiera, Txinako mandarina, frantsesa, italiera, portugesa eta errusiera.

d) P4: Euskarako proba.

e) P5: Gaitasunak zehazteko probak, Beint programari begirako test psikoteknikoen bitartez egindakoak.

f) P6: Izangaiak dituen BEIN programarekiko konpromisoa eta motibazioa, heldutasuna, jokabidea eta komunikazio-gaitasuna neurtzeko elkarrizketa pertsonala. Elkarrizketaren azken balorazioa egiterakoan, kontuan izango dira gaitasunak zehazteko test psikoteknikoen (P5 proba) emaitzak.

4.– Gaitasun-probak eta egiaztatutako merezimenduak haztatzeko faktoreak, urte bakoitzerako, deialdia egiteko ebazpenean zehaztuko dira.

5.– P1, P2, P3 eta P4 probak eta P5 test psikoteknikoak hautaketa-batzordek aldez aurretik finkatutako leku, egun eta orduan egin beharko dira, derrigorrez.

6.– Merezimenduen baloraziotik eta P1, P2, P3 eta P4 probetatik lortutako puntuazioak batuta, ingelesari buruzko P2 ezagutza-proba gainditu duten izangaiak goitik beheranzko zerrenda baten ordenatuko dira.

7.– Beint programako 1. faserako bekadunak eta ordezkoak izendatu aurreko hautaketa-prozesuko azken mugarria da elkarrizketa pertsonala. Urteko deialdiaren bitartez eta goragoko paragrafoan aipatutako zerrendako ordenari jarraituz, izangaiei deia egingo zaie elkarrizketa pertsonalerako, baina deituen kopurua ez da izango deitutako beka-kopurua baino bi bider handiagoa. Hautaketa-batzordeko gutxienez hiru kidek egingo dituzte elkarrizketa pertsonalak. Atzerrian ikasketak egiten izateagatik edo ezinbesteko kasuren batengatik, egoki justifikatu eta egiaztatutako kasuetan bakarrik emango du hautaketa-batzordeak elkarrizketa Internet bidez egiteko aukera (Skype edo antzekoa). Elkarrizketa baloratzeko kontuan izango dira P5 test psikoteknikoen emaitzak, goragoko 3. paragrafoan zehaztutakoarekin bat etorriz.

8.– Hautaketa-prozesuaren azken emaitzarekin, hasierako zerrenda ordenatu bat prestatuko da, zeina Interneteko atari honetan emango baita argitara: http://www.industria.ejgv.euskadi.eus/informacion/becas-de-internacionalizacion/r44-de0017/eu/

Iragarkian zehaztuko dira erreklamazioak aurkezteko epea eta zer lekutara zuzendu beharko diren. Epe hori bukaturik eta aurkeztutako erreklamazioak azterturik, zerrenda ordenatu behin betikoa zarratuko da.

9.– Hasierako zerrenda ordenatutik puntuazio onena (10etik 0rako eskalan) duten izangaiak proposatuko dira bekadun izateko; eta, kopuruz, deitutako bekak beste izango dira. Era berean, puntuazio-ordenari jarraituz, 1. faserako proposatuko den ordezko-kopurua hautaketa-batzordeak zehaztutakoa izango da.

12. artikulua.– Hautaketa-batzordearen osaera eta zereginak.

1.– Hauek osatuko dute hautaketa-batzordea:

a) Nazioartekotzearen arloko Zuzendaritza eskuduneko titularra, edo horrek eskuordetutakoa. Bera izango da batzordeburu, eta berak erabakiko du auzia, berdinketa gertatuz gero.

b) Bi bokal Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saila ordezkatuz, sail horretako titularrak izendatutakoak.

c) Bokal bat Euskal Herriko Unibertsitatea ordezkatuz, unibertsitateak berak proposatuta eta Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko titularrak izendatuta.

d) Bokal bat Euskal Autonomia Erkidegoko Merkataritza, Industria eta Nabigazioko Ganbera Ofizialak ordezkatuz, horiek proposatuta eta Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko titularrak izendatuta.

e) Bokal bat IVAP ordezkatuz, erakunde horrek proposatuta eta Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko titularrak izendatuta.

f) Idazkari bat, hitzarekin baina botorik gabe; zehazki, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailean nazioartekotzearen arloko Zuzendaritza eskudunean bekak kudeatzen dituen taldeko kideen artetik izendatua.

2.– Hautaketa-batzordeak zeregin hauek ditu: eskabideak aztertzea, izangaien merezimenduak eta gaitasunak baloratzea; eta, ondorioz, faseetariko bakoitzari dagokionez, organo eskudunari aurkeztu eta igortzea bekadun eta ordezkoen gaineko ebazpen-proposamena, eta, orobat, haiei dagozkien modalitateak, destinoak eta zuzkidurak.

3.– Izangaiak ebaluatzeko, hautaketa-prozesuko probetako gaietan espezialista direnen aholkularitza eskatu ahal izango du hautaketa-batzordeak.

4.– Erabakiak hartzeari dagokionez, hautaketa-batzordea burujabea izango da, eta bozketa-prozeduraz hartuko ditu haiek. Artikulu honetan aurreikusi gabekoari dagokionez, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen II. kapituluaren II. tituluan ezarritakoa aplikatu beharko da.

Hautaketa-batzordearen osaeraz behar den publizitatea egingo da sailaren web-orrian, Nazioartekotzeko Beken arloan.

5.– Ebaluazio Organoaren osaeran, gaikuntza, konpetentzia eta prestakuntza egokia duten emakume eta gizonen presentzia orekatua sustatuko da, Berdintasunerako Legearen 3.7 artikulua dela bide.

13. artikulua.– Ebazpenak.

1.– Bekak esleitzeko prozeduren gehieneko iraupena sei hilabetekoa izango da, urteko deialdian ezarrita dagoen eskabidea egiteko epea hasten denetik aurrera. Epe hori amaitzerako ebazpenik eman eta jakinarazi ez bada, interesdunek beren eskaera ezetsitzat jo dezakete.

2.– Beken 1. faserako ebazpena.

Agindu honen 11. artikuluan deskribatutako hautaketa-prozesua amaitu ostean, eta Hautaketa Batzordeak eginiko proposamena aztertu eta gero, nazioartekotzearen arloko Zuzendaritza eskuduneko titularrak 1. faseko onuradunen eta ordezkoen ebazpena emango du. Ebazpen hori Interneteko http://www.industria.ejgv.euskadi.eus atarian argitaratuko da.

3.– A eta B modalitateetarako ebazpena.

Kurtsoan lortutako puntuazioa (10etik 0ra bitarteko eskalan) gehitu egingo zaio bekadun bakoitzak Agindu honetako 11. artikuluko hautaketa-prozesuan aldez aurretik lortu duen puntuazioari. Hori guztia agintari akademikoek jartzen dituzten azterketa eta probetan oinarrituta, nazioartekotzearen arloko Zuzendaritza eskudunarekin adostu eta gero. Bekadun bakoitzaren azken puntuazioa aipatutako bi puntuazioen arteko batez bestekoa izango da. Azken puntuazioekin, bekadunen behin betiko zerrenda ordenatua eratuko da.

Bekadunen behin betiko zerrenda ordenatua oinarritzat hartuta, eta modalitateak eta destinoak hautatzeko prozedura burutu eta gero, Agindu honen 15. artikuluan ezarritakoaren arabera, nazioartekotzearen arloko Zuzendaritza eskuduneko titularrak ebazpena emango du. Ebazpen horretan, honako hauek esleituko dira: modalitate eta destino bakoitzeko bekadunak, egiteko datak, bekadun bakoitzari dagokion bekaren zuzkidura eta, bekadunek euren jarduerak ahalik eta ondoen gauzatze aldera, bidezkotzat jotzen diren gainerako kontuak.

4.– Destinoa aldatzeko ebazpena.

a). A modalitateko bekadun batek 3. fasea hasieran ebatzitako destinoa ez den beste herrialde batean egin behar badu, agindu honetako 5. artikuluaren c) letran ohiz kanpoko kasuetarako jasota dagoenaren arabera, Nazioartekotzeko zuzendariak ebazpena emango du, eta aldi horretarako esleitutako hasierako zuzkidura zuzenduko du.

b) Erakunde laguntzaileari egotzi ahal zaion edo erakunde horri eragiten dion kausagatik beka gauzatzeko baldintzak arriskuan badaude, edo destinoko lekuko segurtasuna arriskuan badago, nazioartekotzearen arloko Zuzendaritza eskudunak, ebazpen bidez, destino-aldaketa agindu ahal izango du, eta, hala badagokio, hasieran esleitutako zuzkidura zuzenduko du.

5.– Beka emateko ebazpena, edozein modalitatetan, banaka jakinaraziko zaie interesdunei. Ebazpen horrek ez dio amaierarik ematen administrazio-bideari, eta, horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke nazioartekotzearen arloko Sailburuordetza eskudunaren titularraren aurrean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako epean eta eran. Hori horrela, emandako laguntzen berri denek izan dezaten, nazioartekotzearen arloko Zuzendaritza eskudunak bekadunen zerrenda argitaratuko du Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, dagozkien zuzkidurak zehaztuta.

14. artikulua.– Erakunde laguntzaileak.

Beint programa behar bezala garatzeko, ezinbestekoa da zenbait erakundek eta enpresak parte hartzea, prestakuntza-ibilbide integrala osatzeko, alderdi teorikoetatik hasi eta enpresa-praktikak egin arte.

1.– 1. faseko erakunde laguntzailea. Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko Sailaren eta UPV/EHUren arteko hitzarmenaren arabera, Euskal Herriko Unibertsitateak prestakuntza-fase teorikoa egiteko lankidetza eskaintzen du. Hori da, hain zuzen ere, Nazioartekotzeko Unibertsitate Espezialista graduondoko berezko titulua egiteko oinarria. Lankidetza-hitzarmenaren urteko eguneratze bakoitzean, eman beharreko prestakuntzaren ezaugarriak ezarriko dira: edukiak, irakasleen profila, kurtsoaren iraupena eta garrantzitsutzat jotzen diren bestelako gaiak.

2.– 2. faseko erakunde laguntzaileak. Beint programaren ondorioetarako, hauek hartuko dira erakunde laguntzailetzat: SPRIren kanpoko sareko bulegoak, Espainiako merkataritza-bulegoak atzerrian, eta, batzuetan, nazioartekotzea sustatzeko bestelako erakundeak; horiek prestakuntza praktikoa ahalbidetzen dute enpresei laguntza publikoa emateko tresnak eta informazioa erabiltzeko, bekadunen destinoko herrialdeetan. Lankidetza horren oinarria finkatzeko, hitzarmena sinatuko da, zeinak alderdien arteko harremanak ezarriko baititu eta esleitutako bekadunaren mendekotasun funtzionala zehaztuko baitu.

3.– 3. faseko erakunde laguntzaileak. Honako hauek izango dira, Beint programaren ondorioetarako, 3. faseko erakunde laguntzaileak: bekadunei enpresa-izaerako praktika profesionalak egiteko aukera ematen dieten erakunde eta enpresak.

Praktika profesionalaren eskaintza bat onartu ahal izateko, erakunde eta enpresa interesdunek betekizun hauek bete beharko dituzte:

a) Enpresa nazioartekotua izatea eta, lehentasunez, gutxienez merkataritza- edo ekoizpen-alorreko establezimendu bat izatea kanpoan.

b) Bekadunaren prestakuntza- eta jarduera-plana izatea. Plan horrek praktikaldi osoa jaso behar du, esleituko zaizkion funtzioak eta zereginak zehatz azalduta.

c) Bekadunaren prestakuntzaren ardura izango duen tutore bat edukitzea.

d) Bekadunak destinoko herrialdera egin behar duen bidaiaren joan-etorriko txartela ordaintzeko prest egotea. Bekadunari egotz dakiokeen kausa dela-eta 3. fasea amaitu baino lehen beka amaitu dela ebazten bada, orduan bakarrik, enpresa ez da behartuta egongo itzulerako txartela ordaintzera.

e) Erabakitako herrialdean bekadunaren egonaldia formalizatzeko ezinbesteko betekizuna bada, enpresak bisa lortzen lagundu beharko dio bekadunari, eta beharrezko kudeaketak eta gastuak bere gain hartuko ditu.

Aurreko atalean ezarritako betekizunak beteta, euskal enpresek lehentasunezko eskubidea izango dute bekadunak esleitzeko unean.

Azkenik, Beint programan 3. faseko erakunde laguntzailea izateko, izena eman behar da, lankidetza-eskaintzarekin, Erakunde eta enpresa laguntzaileen zerrendan, Interneteko toki honetan:

http://www.industria.ejgv.euskadi.eus/informacion/becas-de-internacionalizacion/r44-de0017/eu/

Eskaintza onesten denean, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak eta erakundeak lankidetza-hitzarmena sinatuko dute. Hitzarmen horretan, esleitutako bekaduna eta alderdiek bekadun horren prestakuntza-planari egin behar dioten ekarpena zehaztuko dira.

4.– Beint programako beste erakunde laguntzaile batzuk.

Beint programako erakunde laguntzailetzat aitortzen dira Euskal Autonomia Erkidegoko merkataritza-ganberak, programa zabaltzeko egiten duten lanagatik eta hautaketa-batzordean duten parte hartze adituarengatik.

IV. KAPITULUA
BEKADUNEN ONURAK ETA BETEBEHARRAK

15.– artikulua.– Destinoa hautatzea:

1.– 1. fasea amaitzean, agindu honetako 3. zenbakiko 11. artikuluan aipatzen den behin betiko zerrendaren hurrenkerari jarraituz, bekadunek modalitatea (A edo B modalitateen artetik) eta nahi duten destinoa (data horretan libre daudenen artetik) hautatu ahal izango dituzte, betiere erakunde laguntzaileak ezarritako betekizun guztiak betetzen badituzte.

2.– Erakunde laguntzaileak hala eskatuta hutsik dauden postuak ezaugarri zehatz batzuk dituzten bekadunek bakarrik bete ahal badituzte, orduan, nazioartekotzearen arloko Zuzendaritza eskudunak postu huts horiek hautatzera behartu ahal izango ditu ezaugarri horiek dituzten bekadunak, hasiera batean beste destino batzuk hautatu bazituzten ere.

3.– Bekadunak destinoa hautatzeko duen ahalmena, nolanahi ere, nazioartekotzearen arloko Zuzendaritza eskudunaren azken erabakiak baldintzatuta egongo da. Izan ere, Zuzendaritza horrek zaindu beharko du bete egiten direla erakunde laguntzaileek ezarri dituzten betekizunak, besteak beste, profil akademikoak edo hizkuntzak.

16. artikulua.– Beken diru-zenbatekoa.

Beken diru-zenbatekoa erdietsi nahi den prestakuntza-helburua lortzeko beharrezkoak diren gastuak estaltzera egongo da zuzenduta. Zenbateko horri esker, bizi-baldintza duinak eta programarako dedikazio egokia izan beharko dituzte bekadunek. Xede horretarako, prestakuntzarako gastu osagarriak eta zuzkidurak berariaz ezarriko dira, garatu beharreko prestakuntza-programetako eta destinoetako sarbide- eta bizi-baldintzak kontuan hartuta.

Estali beharreko gastuan artean, hauek daude: unibertsitate-kurtsoaren kostua, diru-zuzkidura, bekadunaren bestelako prestakuntza-gastu osagarriak eta asegurua.

1.– 1. faseko diru-zuzkidura:

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak UPV/EHUrekin hitzartutako Nazioartekotzeko Unibertsitate Espezialista graduondoko berezko tituluari dagokion kurtsoaren kostuaren % 100 finantzatuko du.

2.– A modalitateko diru-zuzkidura:

Agindu honen c letraren 4. artikuluan ezarritakoaren arabera, A modalitateko bekadunek, ebazpenean ezarri zaizkien destinoetan, bi fasetan (2. eta 3. faseak) banatutako prestakuntza-programa bete beharko dute, zeinak 20 hilabete iraungo baitu. Oro har, 20 hilabete horietarako kalkulatutako zuzkidurak 30.000 eta 60.000 euro bitarteko tartean egongo dira.

Gutxieneko eta gehieneko muga horien barruan, A modalitatean beka emateko ebazpenak zuzkidura zehatz bat esleituko dio bekadun bakoitzari, honako hauen arabera kalkulatua: destinoko herrialde eta hirietako bizi-maila, garraio- eta baimen-kostuak, bisak lortzeko kostuak, txertoak eta destinora iristearekin lotutako bestelako kostuak. Kostu horiek bekadunak ordaindu beharko ditu, aipatutako zuzkidurarekin. Zuzkidurak finkatzean, kontuan hartuko da aurrekontu nahikoa izatea.

Zuzkiduraz gain, A modalitateko bekadunek, 2. fasea egitean, kreditu mugatua ere izango dute, prestakuntza-gastu osagarriei aurre egiteko. Kreditu hori nazioartekotzearen arloko Zuzendaritza eskudunak emandako baimenarekin erabili ahal izango da, eta, horren bidez, bekadunek honako gastu hauek egin ahal izango dituzte: tutoreek baimendu dizkieten azoketara eta zereginetara joateko joan-etorriak eta ostatuak, bisita-txarteletarako gastuak eta atzerriko hizkuntzen ikastaroak (ingelesa ez direnak), destinoan erabilgarriak badira.

Kontzeptu horren ondoriozko gehieneko kreditu erabilgarria 5.000 eurokoa da. Destino bakoitzerako, ebazpenak muga zehatz bat jarriko du, ezarritako gehienekoaren azpitik. Erabili ez den kredituaren zatiak ez du inolaz ere handituko bekadun bakoitzari esleitutako zuzkiduraren balioa.

3.– B modalitateko diru-zuzkidura:

Agindu honen 11. artikuluan eta urteko deialdiaren ebazpenean ezarritakoaren arabera, B modalitateko bekadunek 3. faserako ebatzitako destinoetan egin beharko dituzte praktikak. Oro har, 8 hilabeteko iraupena izanez gero, zuzkidurak 12.000 eta 24.000 euro bitartekoak izango dira. 10 hilabeteko iraupena izanez gero, zuzkidurak 15.000 eta 30.000 euro bitartekoak izango dira.

Gutxieneko eta gehieneko muga horien barruan, B modalitatean beka emateko ebazpenak zuzkidura zehatz bat esleituko dio bekadun bakoitzari, honako hauen arabera kalkulatua: destinoko herrialde eta hirietako bizi-maila eta destinora iristearekin lotutako bestelako kostuak. Kostu horiek bekadunak ordaindu beharko ditu, aipatutako zuzkidurarekin. Zuzkidurak finkatzean, kontuan hartuko da aurrekontu nahikoa izatea.

4.– Euroaren eta destinoan erabiltzen den dibisaren arteko kanbio-tasaren egoeraren arabera, bekaren zuzkidura, edozein modalitate eta fasetan, eguneratu egin ahal izango da, Nazioartekotzeko zuzendariaren ebazpenaren bidez, betiere zuzkidura emateko hasierako baldintzak asko aldatu badira, eta, horren eraginez, artikulu honen hasierako paragrafoan xedatutakoa arriskuan jartzen bada. Eguneratze hori egin ahal izateko, aurrekontu-baliabide nahikoak egon behar dira.

5.– Programa burutzearekin lotutako gastu guztiak, besteak beste hegazkin-txartelak, bisak, txertoak, bizileku-baimenak, ostatua, mantenua eta egon daitezkeen bestelako gastuak, bekadunaren konturakoak izango dira, eta bekaren zuzkidurarekin aurre egin beharko die. Bestalde, beste gastu hauek enpresa laguntzailearen konturakoak izango dira: A modalitateko aparteko gastuak (2. fasea) eta A eta B modalitateetako bisak eta hegazkin-txartelak (3. fasea).

6.– 1493/2011 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera, Beint programako bekadunak Gizarte Segurantzako erregimenean egongo dira, eta kontingentzia arruntengatik eta kontingentzia profesionalengatik kotizatuko dute; bestalde, ez dute kotizatuko ez langabeziara, ez Soldatak Bermatzeko Funtsera, ez eta lanbide-prestakuntzagatik ere.

7.– Halaber, bekadun egiten direnetik eta programa amaitu arte, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak istripuetako eta erantzukizun zibileko aseguru-poliza sinatuko du bekadunen alde, bekadunen jardueraren ondorioengatik eta hirugarrenei sortu ahal dizkieten kalteen aurrean; horrez gain, bidaiako laguntza-aseguru osagarria ere sinatuko du.

17. artikulua.– Bekaren zuzkidura eta prestakuntza-gastu osagarrien kontua ordaintzea.

1.– Beken zuzkidura eta prestakuntza-gastu osagarrien kontua ordaintzeko aginduak emateko organo eskuduna nazioartekotzearen arloko Zuzendaritza eskuduneko titularra izango da.

2.– Ordainketa honela egingo da:

A) A modalitatean:

a) Zuzkidura. Lehenengo ordainketa ebatzitako zuzkiduraren % 40 izango da, eta interesduna destinora atera baino lehen egingo da. Gainerakoa hileko ordainketen bidez ordainduko da. Azken hileko ordainketa egiteko, onuradunak behar bezala amaitu beharko ditu 3. faseari dagozkion praktikak, eta nazioartekotzearen arloko Zuzendaritza eskudunak egiaztatu egin beharko du onuradunak behar bezala bete duela aurrez ikusitako programa.

b) Prestakuntza-gastu osagarrietarako kreditua. Prestakuntza-gastu osagarrien partidari dagozkion ordainketak egiteko, beharrezko ziurtagiriak aurkeztu beharko dira, likidatzeko. Horri dagokionez, gastuak gehienez ere hilabeteko epean aurkeztu beharko dira, sortu direnetik aurrera zenbatzen hasita.

B) B modalitatean:

Lehenengo ordainketa ebatzitako zuzkiduraren % 50 izango da, eta interesduna destinora atera baino lehen egingo da. Gainerakoa 3. faseak irauten duen hilabete-kopuruaren araberako hileko ordainketetan ordainduko da. Azken hileko ordainketa egiteko, onuradunak behar bezala amaitu beharko ditu 3. faseari dagozkion praktikak, eta nazioartekotzearen arloko Zuzendaritza eskudunak egiaztatu egin beharko du onuradunak behar bezala bete duela aurrez ikusitako programa.

3.– PFEZaren eta Gizarte Segurantzaren arauek ezarritakoaren arabera, dagozkien atxikipenak egingo zaizkie zuzkidurei eta horien ordainketei.

18. artikulua.– Baimenak eta norberaren aukerako egunak.

Beint programaren 2. eta 3. faseetan, bekadunek, funtzionalki, esleitu zaizkien erakunde eta enpresa laguntzaileen mende egingo dituzte praktikak.

Bekadunek izan ahalko duten baimen-erregimena, kasu bakoitzean, mendekotasun funtzional horrek zehaztuko du. Horren harira, baimenei eta norberaren aukerako egunei dagokienez, gutxienez hamar egun ezartzen dira 2. faserako.

19. artikulua.– Bekadunen betebeharrak.

1.– Beka-eskabidea aurkezteak esan nahi du onartu egiten dela agindu honetan eta deialdiaren urteko ebazpenean xedatutakoa.

2.– Betebehar hauek dituzte beken onuradunek:

a) Emandako diru-laguntza onartzea. Ildo horretan, beka esleitu izanaren jakinarazpena jaso eta hiru eguneko epean, bekadun onuradunek berariaz eta idatziz laguntzari uko egiten ez badiote, laguntza onartutzat joko da.

b) 2. fasean, destinoko herrialdeak exijitutako bisa, txertoak edo baimenak lortzea, bertara joan aurretik.

c) Bekaren jarduerak egiteko arduraldi esklusiboa izatea, eta destinoko zentroaren edo entitatearen edo praktikak burutzen diren enpresen funtzionamendu-arauei men egitea.

d) Nazioartekotzearen arloko Zuzendaritza eskudunak emandako jarraibideak onartu eta betetzea: nazioartekotzea sustatzeko destinoko erakundeetan, enpresa laguntzaileetan eta bulegoetan lanean hasteko epeak, edo bekaren helburuak betetzeko emandako beste guztiak.

e) Nazioartekotzearen arloko Zuzendaritza eskudunari jakinaraztea bekaren helburuak betetzerakoan eragina izan dezaketen gorabeherak.

f) Nazioartekotzearen arloko Zuzendaritza eskudunari bidaltzea deialdi bakoitzean eskatzen dituen txostenak, eginiko jarduerari buruzkoak. Hor zehaztuko dira ekonomia- eta merkataritza-arloetako alderdi nabarmenak, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko produkzio-sektoreen esportazioa garatzeko eta finkatzeko eragina izan dezaketen bestelako datuak ere.

g) Nazioartekotzearen arloko Zuzendaritza eskudunak ezarritako zuzentarauei jarraituz, aparteko gastuen jatorrizko egiaztagiriak eranstea eta likidatzea.

h) Kontrol Ekonomikorako Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatutako informazio guztia ematea, laguntzen xedearen fiskalizazio-eginkizunak betetze aldera.

20. artikulua.– Bateraezintasunak.

Nazioartekotzeko bekaz baliatzea bateraezina da ordaindutako edozein lan egitearekin edo beste beka bat jasotzearekin, agindu honetako 3.f) artikuluan ezarritakoaren arabera.

21. artikulua.– Kontrola eta segimendua.

1.– Nazioartekotzearen arloko Zuzendaritza eskudunari dagokio bekadunek burutu beharreko jardueren kontrola eta segimendua egitea, eta, horretarako, behar diren giza baliabide eta baliabide pertsonal guztiak jarriko ditu.

2.– Nazioartekotzearen arloko Zuzendaritza eskudunak egoki iritzitako ikuskapenak egin ditzake, bekaldia nola doan egiaztatzeko. Eskatutako argibide gehigarri guztiak eman beharko dizkiote onuradunek.

22. artikulua.– Beint programako Alumni-a.

3. fasea amaitzen denean, Beint programa bukatu eta gero, aurrez ikusitako programa behar bezala bete duten bekadunei Beint programako Alumni erregistroan inskribatzeko eskubidea aitortuko zaie.

Erregistro horretan, inskripzioa egiten duten bekadun ohiak betetako deialdiaren, modalitatearen eta destinoen arabera antolatuko dira. Nahi badute, euren curriculumei buruzko informazioa gehitu ahal izango dute, interesgarritzat jotzen dituzten guneetarako estekekin.

Alumni erregistroan inskribatzean, izena eman duten gainerakoekin harremanetan aritzeko eskubidea ere aitortzen da.

Halaber, izena eman dutenek aukera daukate edozein unetan euren datuak aldatzeko edo erregistroa uzteko.

Beint bekadun ohien Alumni erregistroaren administrazioa nazioartekotzearen arloko Zuzendaritza eskudunari dagokio, eta uneoro zainduko du datu pertsonalak babesteko aginduak eta araudia zorrotz betetzen direla.

23. artikulua.– Bekadun izaera galtzea.

1.– Bekadun izaera azkendu egingo da bekaren programa amaitu egin delako edo, bestela, hauetakoren bat gertatu delako:

a) Bekadunak uko egin diolako 1. fasean. Uko egitea aldiaren lehenengo bi asteetan gertatzen bada, nazioartekotzearen arloko Zuzendaritza eskudunak beste bekadun bat izendatuko du, ordezkoen zerrendari jarraituz.

b) A modalitateko edo B modalitateko bekadunak uko egitea.

c) Errebokatzea, ez-betetzeagatik.

2.– Bekadun izaera galtzen bada, oro har, sortu ez diren eskubide ekonomiko guztiak galduko dira, eta bidegabe jaso diren kopuruak itzuli beharko dira, gehi legezko interesak, egoki diren gainerako ekintzak eragotzi gabe. Hori guztia honako hauetan ezarritakoaren arabera: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikulua, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onetsitako testu bategina, eta abenduaren 17ko 698/1991 Errege Dekretua. Ez-betetze kasuetan, eta fede gaiztoaren eta eragindako kalteen garrantziaren arabera, errebokatzeaz gain, zehapen ekonomikoa ere ezarri ahal izango da, bete ez den bekaldiari dagokion zenbatekoaren hirukoitza, hain zuzen ere.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Agindu honen xedapen indargabetzailean xedatutakoa gorabehera, 2014. eta 2015. urteetako nazioartekotzeko bekadunen promozioak, oraindik bekaz baliatzeko aldia amaitu ez bada, honako hauetan ezarritakoaren arabera arautuko dira, kasu bakoitzean: Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2011ko martxoaren 13ko Agindua, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren 2013ko martxoaren 20ko Aginduak aldatua, zeinen bidez nazioartekotzeko beken programa arautzen baita. Hori guztia beka-programa bakoitza amaitu arte.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Agindu hau indarrean jartzean, honako hauek indargabetuta geratuko dira: Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2011ko apirilaren 13ko Agindua (2011ko apirilaren 26ko EHAA, 78. zk.) eta Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren 2013ko martxoaren 20ko Agindua (2013ko apirilaren 5eko EHAA, 65. zk.), zeinen bidez nazioartekotzeko beken programa arautzen baita.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honen aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko urtarrilaren 27a.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,

MARÁ ARANZAZU TAPIA OTAEGuI.


Azterketa dokumentala