Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

248. zk., 2015eko abenduaren 30a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
5507

AGINDUA, 2015eko abenduaren 23koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, 2016. urtean nagusiki gaztelania darabilten paperean inprimatutako idatzizko egunkarien edizio digitaletan eta Internet bidez notiziak euskaraz ere ematen dituzten berri-agentzietan, euskararen erabilera areagotzeko diru-laguntzak emateko araubidea ezarri eta deialdia egiteko dena.

Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu zituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatu zituen. Dekretu horren 10. artikuluak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari, besteak beste, honako hauen inguruko egitekoak izendatu zizkion: hizkuntza politika eta euskararen sustapena.

Bestalde, 193/2013 Dekretuak, apirilaren 9koak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren egitura organikoa ezartzen duenak, honako zeregin hau ezarri zion Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari bere 21.1.h) artikuluan (EHAA, apirilaren 24koa, 78. zk.): azaroaren 24ko 10/1982 Legea, Euskararen erabilera arautzekoa, eta gainerako xedapen osagarriak egoki garatzen eta aplikatzen direla zaintzea, hargatik eragotzi gabe administrazioko beste organo batzuek horretarako berariaz izendatuta dituzten funtzioak.

Halaber, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak bere egiten ditu Euskararen Aholku Batzordearen «Euskara 21. Itun Berritu Baterantz» izenburudun liburuan jasotako XXI. mende hasierako hizkuntza politikaren lehentasunezko ildoak. Ondoren, Batzordeak euskararen erabilera areagotzea xede duen Euskara Sustatzeko Ekintza Plana (ESEP) onartu zuen. Plan hori, halaber, Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Batzordeak 2012ko uztailaren 24an onartu zuen eta Eusko Legebiltzarrak 2013ko irailaren 11n berretsi zuen. Ekintza plan horrek «Itun Berritu Baterantz» dokumentuan bildutako lehentasunezko ildoak neurri zehatzez mamitu eta praktikara eramateko moduan egokitu ditu. Horien jarraipena Euskararen Agenda Estrategikoa dugu, 2014ko ekainaren 24ko Gobernu Kontseiluak onartua. Bertan, 2013-2016 epealdian Eusko Jaurlaritzak euskara biziberritzearen alde egingo dituen ekintza eta jarduera nagusiak jasotzen dira.

Euskara Sustatzeko Ekintza Planak jasotzen dituen lan-ildoen artean, honako hau aipa daiteke: erdal hedabideetan publiko zein pribatuetan, euskarazko edukien presentzia areagotzea, eta horretarako, ikus-entzunezko eta paperezko hedabideetan zein komunikabide digitaletan euskararen presentzia gehitzeko neurriak abian jarriko direla dio.

Jarriak dauzkan zereginak betetze aldera, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak urtero-urtero deitu eta ebatzi izan ditu arloz arloko laguntza-deialdiak. Horien artean, aipatzekoa da euskarazko hedabideak sendotu, eraginkortu, garatu eta normalizatzeko diru-laguntza deialdia (Hedabideak deialdia).

Aipatu diru-laguntza deialdi horri kalterik egin gabe, oraingo Aginduaren bidez, nagusiki gaztelania darabilten paperean inprimatutako idatzizko egunkarien edizio digitaletan eta Internet bidez notiziak euskaraz ere ematen dituzten berri-agentzietan, euskararen erabilera areagotu nahi da, orain arte izan duen presentzia indartuz.

Hori guztia kontuan izanik, hauxe

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da nagusiki gaztelania darabilten paperean inprimatutako idatzizko egunkarien edizio digitaletan eta Internet bidez notiziak euskaraz ere ematen dituzten berri-agentzietan, euskararen erabilera areagotzeko diru-laguntzak emateko modua arautu eta deia egitea.

2. artikulua.– Epe-barrutia.

Deialdi honek laguntzagai diren egitasmoen 2016ko jarduna hartuko du kontuan, hau da, urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartekoa.

3. artikulua.– Izapidetze elektronikoa eta presentziala.

1.– Interesdunek bide elektronikoak erabiltzeko aukera izango dute prozeduraren izapideak eskatzeko, kontsultatzeko eta egiteko.

2.– Eskabideak, ardurapeko adierazpenak, zuriketak eta ereduen gaineko zehaztapenak nola izapidetu, izapidetze presentzialaren zein telematikoaren bidez, euskadi.eus-eko gune elektroniko honetan dago eskuragarri: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/-/2016/gaztelaniazko_hedabideak/eu/

3.– Diru-laguntzaren eskabidea eta dokumentazioa aurkezterakoan bide bat erabiltzeak, izapidetze presentzialak edo telematikoak, ez du prozeduraren hurrengo pausoetan bide bera erabiltzera behartzen, eta edozein unetan alda daiteke batetik bestera.

4.– Eskaera elektronikoaren ondorengo izapideak honako gune elektronikoaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekudeaketak/

4. artikulua.– Onuradunak.

1.– Hauek dira laguntza-modalitate honen hartzaileak: Europar Batasuneko, Europako Esparru Ekonomikoari buruzko Akordioa sinatu duen edozein estatutako naziotasuna edo helbide soziala duten pertsona fisiko edo juridiko pribatu guztiak, baldin eta jarduera ekonomikoren bat garatzen badute, gaitasun juridiko osoa eta jarduteko gaitasun osoa badute eta legalki eratuta badaude indarrean dagoen araudiaren arabera, eta Agindu honen 5. artikuluan aipaturiko egitasmoak burutzen badituzte.

Hala ere, kanpoan geldituko dira honako hauek:

a) Bere kapital gehiena publikoa duten entitate pribatuen eskabideak eta fundazio-ondarea edota gobernu- edo zuzendaritza-organoetan partaidetza nagusiki publikoa duten entitateen eskabideak.

b) Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eta Euskararen Erakunde Publikoa / Office Public de la Langue Basquek hizkuntza normalkuntzarako sinatutako hitzarmen markoaren baitan 2016ko diru-laguntzen deialdian onuradun direnak.

c) Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak xede berberarekin 2016. urtean emandako diru-laguntzarik jaso dutenak.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak edo erakunde autonomiadunek ezaugarri bereko beste laguntza edo diru-laguntzaren batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozeduraren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradunei diru-laguntzak eman eta, kasua balitz, ordaindu ahal izateko. Halaber, itzulketa-prozedura horietatik eratorritako diru-laguntzak itzultzeko betebeharra bete ez dutenei ezin izango zaie diru-laguntzarik eman, ezta ordaindu ere.

3.– Laguntza-deialdi honetara ezin izango dira aurkeztu zigor eta administrazioaren arloan diru-laguntza publikoak jasotzeko debekurik dutenak, ezta laguntzak jasotzeko ezgaitzen dituzten legezko debekuetan sartuta daudenak ere. Era berean, ezin izango dira aurkeztu sexu arrazoiengatik diskriminaziorik egitearren zigortuak direnak, otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, Emakume eta Gizonen Berdintasunari buruzkoak, xedatutakoaren arabera.

4.– Pertsona fisiko edo juridiko pribatu batek baino gehiagok elkarlanean gauzatzekoa den egitasmoaren kasuan, eskabidea pertsona fisiko edo juridiko pribatu horietako batek egingo du guztien izenean. Nolanahi ere, eskabidea egiterakoan argi eta garbi zehaztu beharko dira pertsona fisiko edo juridiko pribatu horietako bakoitzaren nortasuna, ardura eta egitekoa egitasmoaren baitan, baita horietako bakoitzak aurrekontu atalean egiten duen ekarpena ere.

5.– Diru-laguntza hau ebazteko eta dagozkion ordainketak egin ahal izateko, diru-laguntzarik esleituz gero, eskatzaileak Ogasun eta Finantzak Saileko Hirugarrenen Erregistroan alta emanda eduki beharko du.

5. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen egitasmoak.

Honako hauek dira diruz lagun daitezkeen egitasmoak:

A multzoa: nagusiki gaztelania darabilten paperean inprimatutako idatzizko egunkarien edizio digitalak.

B multzoa: Internet bidez notiziak euskaraz ere ematen dituzten berri-agentziak.

6. artikulua.– Diru baliabideak.

1.– Begiz jotako xedeari aurre egiteko, 400.000 euro erabiliko dira. A multzoan 350.000 euro eta 50.000 euro B multzoan.

2.– Dena den, multzoetako batean soberakinik balego, soberakin hori beste multzoan erabiliko litzateke. Diru hori Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan jarritako aurrekontu-ataletik hartuko da.

7. artikulua.– Eskatzaileek egiaztatu beharreko zenbait betebehar.

1.– Diru-laguntzaren eskatzaileak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak beteta izan behar ditu eskabidea egiterakoan. Hori egiaztatzea diru-laguntzaren organo-kudeatzaileari dagokio. Azken honek behar adina aldiz egiaztatu ahal izango du, eskatzailearen aldez aurreko baimenik gabe, horrela araututa baitago honako xedapen honetan: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina. Eskatzailearen helbide fiskala Nafarroan edo Espainiako Estatutik kanpo egonez gero, kontuan izanik elkarreragingarritasun zerbitzuek ez dutela horrelako zerbitzurik ematen, interesdunak zerga-betebeharrak beteta dauzkala adierazten duen ziurtagiri eguneratua aurkeztu beharko du. Azken bi kasu horietan, ziurtagiriak, gehienez ere, 6 hilabete lehenago egindakoak izango dira.

2.– Eskabideek honako aukera hau jasoko dute: diru-laguntzaren eskatzaileak, edozein delarik izapidea egiteko aukeratutako bidea, baimena ematen dio organo kudeatzaileari gainerako datuak edo dokumentuak lortzeko edo egiaztatzeko. Hau guztia, Herri Administrazioari dagozkion egiaztatzeko eta ikuskatzeko eskumenak kaltetu gabe.

3.– Eskatzaileak adierazi beharko du beste administrazio publiko edo erakunde publiko batzuetatik Agindu honetan araututako diru-laguntzaren helburu bera duen laguntzarik eskatu duela eta, kasua balitz, eman egin diotela.

4.– Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.6 eta 51.1 bis artikuluei jarraituz, eskabidearekin batera egindako ardurapeko adierazpen baten bidez, honako betebehar hauek egiaztatuko dira:

– Zigor eta administrazioaren arloan diru-laguntza publikoak jasotzeko debekurik ez duela, eta ez dagoela sartuta laguntzak jasotzeko ezgaitzen duten legezko debekuetan. Era berean, ez duela inolako zigorrik sexu arrazoiengatik diskriminaziorik egitearren, otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, Emakume eta Gizonen Berdintasunari buruzkoak, xedatutakoaren arabera.

– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak edo erakunde autonomiadunek ezaugarri bereko beste laguntza edo diru-laguntzaren batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradunei diru-laguntzak eman eta ordaindu ahal izateko. Halaber, itzulketa prozedura horietatik diru-laguntzak itzultzeko betebeharra bete ez dutenei ezin zaie diru-laguntzarik eman, ezta ordaindu ere.

– Eskatzailea den entitate pribatuaren kapitala ez dela gehiena publikoa eta, horrez gainera, fundazio-ondarea edota gobernu- edo zuzendaritza-partaidetza ez dela nagusiki publikoa.

– Eskatzailea ez dela onuradun izan, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eta Euskararen Erakunde Publikoa / Office Public de la Langue Basquek hizkuntza normalkuntzarako sinatutako hitzarmen markoaren baitan, 2016ko diru-laguntzen deialdian.

– Eskatzaileak ez duela jaso Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak xede berberarekin 2016. urtean emandako diru-laguntzarik. Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak ofizioz egiaztatuko du.

– Egiazkoak direla eskabide-orriko datuak eta haiei erantsitako agiriak eta indarrean den araudian diru-laguntza jasotzeko ezarritako betekizun guztiak betetzen dituela.

– Burutu nahi den egitasmoa egin ahal izateko jabetza intelektualari loturiko elementuen ustiapen-eskubideen jabea dela.

8. artikulua.– Diru-laguntza honetan parte hartu ahal izateko diruz lagun daitezkeen egitasmoen baldintzak.

1.– Diru-laguntza deialdi honetara aurkezten den egitasmoak 2016ko urtarrilaren 1ean kalean izan behar du ezinbestean, ohiko maiztasunarekin edo jardunarekin.

2.– Era berean, honako baldintza berezi hauek bete beharko dira:

2.1.– A multzoari (nagusiki gaztelania darabilten paperean inprimatutako idatzizko egunkarien edizio digitalak) dagozkion baldintza bereziak:

a) Idatzizko egunkaria legezko gordailuaren edota ISSN delakoaren jabea izatea. Besterik ezean, zenbakion eskabidea tramitatua izatea.

b) Gutxieneko kalitate-estandarrak betetzea (irudiari, diseinuari eta hizkuntzaren erabilerari dagokienez).

c) Idatzizko egunkariak banaketa-sistema gardena eta agerikoa izatea (ez da soilik harpidedunei edo bazkideei banatutako egunkaria izango).

d) Idatzizko egunkaria euskararen eremu geografikoan editatua izatea.

e) Idatzizko egunkariaren eta edizio digitalaren goiburua berbera izatea. Hau da, idatzizko egunkariaren goiburu bereko edizio digitalean, doan eta era librean, barneratutako albisteak soilik diruz lagunduko dira.

f) Idatzizko egunkaria doakoa ez izatea.

g) Idatzizko egunkariaren maiztasuna, urtean zehar, 310 aletik gorakoa izatea.

h) Euskararen presentziari dagokionez, honako hauek beteko dituzte:

– Harpidetzarik gabeko edizio digitaletan kokatutako euskarazko berri «irekiak» izatea, hau da, harpidetzarik gabekoak, hain zuzen ere. Diruz lagunduko dira soilik era irekian eta librean eskaintzen diren doako berriak.

– Gutxienez 6 albiste berri argitaratuko ditu egunero euskaraz. Albiste horiek interfazean bistan egongo dira aldi berean eguneko 24 orduetan, eta aldagarriak izango dira egunean zehar.

– Euskarazko albisteak egunkariaren sail guztietakoak izango dira: kultura, politika, kirola, ekonomia, nazioarteko politika, gizartea...

– Euskarazko berriak originalak izango dira. Hots, multzo honetan laguntzagai den beste hedabide baten aldaerarik ez da onartuko.

– Astero hautatutako gai baten inguruan euskara hutsezko erreportaje bat egingo du gutxienez.

– Astero euskara hutsezko bideo bat landuko du gutxienez.

– Sare sozialak presente egongo dira euskararekin batera ezinbestez. Alegia, bere lekua izango dute zenbait bideok, erreportajek eta harremanetarako tresnak (twitter, facebook...).

Horiek horrela, 2014ko ekainaren 18ko Aginduaren bidez diru-laguntza esleitu aurretik euskaraz egiten zen albiste-kopurutik gorakoa soilik diruz lagunduko da. Aipatu 2014ko Agindua honako hau da: Agindua, 2014ko ekainaren 18koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, nagusiki gaztelania darabilten paperean inprimatutako idatzizko egunkarien edizio digitaletan eta Internet bidez notiziak euskaraz ere ematen dituzten berri-agentzietan, euskararen erabilera areagotzeko diru-laguntzak emateko araubidea eta deialdia egiteko dena (EHAA, 2014ko ekainaren 26koa, 120. zk.).

2.2.– B multzoari (Internet bidez notiziak euskaraz ere ematen dituzten berri-agentziak) dagozkion baldintza bereziak:

a) Gutxieneko kalitate-estandarrak bete behar dira (irudiari, diseinuari eta hizkuntzaren erabilerari dagokienez).

b) Egunero, gutxienez, 12 albiste berri zabaldu beharko dira euskaraz, jarduera hori urte osoan gauzatuz.

c) Google Analytics neurgailua eduki behar da, bisita eta bisitariak neurtzeko. Hori izango da onartuko den neurgailu bakarra. Entitate eskatzaileak Euskara Sustatzeko Zuzendaritzari emango dio neurgailurako sarbidea.

2.3.– Nolanahi ere, hurrengo hauek ez dira albiste bezala kontuan hartuko: eskelak, zorion-agurrak, publizitatea, zuzendariari bidalitako gutunak eta abar. Bideoei dagokienez, bideo-klipak eta antzerakoak kanpoan geratuko dira.

3.– Egitasmo orok gastu- eta sarrera- aurrekontu orekatua izan behar du, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari egindako diru-eskabidea aintzat hartuta. Ondorioz, aurrekontu orekaturik ez duen egitasmoa deialditik kanpo utziko da.

4.– Egitasmo orok gastu-aurrekontuaren % 40ko gutxieneko finantzaketa-maila propioa izan behar du, ezinbestean.

9. artikulua.– Diru-laguntzen organo kudeatzailea.

Deialdi honen kudeaketa Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Euskara Sustatzeko Zuzendaritzari dagokio.

10. artikulua.– Diru-laguntzaren nondik norakoa, zertarakoa eta zenbatekoa.

1.– Ondorengoak joko dira Agindu honetan jasotako araudiaren babesean diruz laguntzeko moduko gastuak: eskatzaileak aurkeztutako jardueraren gaineko aurrekontu banakatu eta xehatuan agertzen diren gastuak, baldin eta ezbairik gabe jarduera garatzearekin lotura zuzena badute. Beraz, laguntza-deialdiak honako gastu hauek baino ez ditu gogoan hartuko: euskarazko berrien prestakuntza-, gauzatze- eta zabaltze-lanei zuzen-zuzenean egotzitako gastuak eta hori guztia kudeatzeko bestelako gastuak. Ez dira diruz lagunduko aldaketa edota hobekuntza teknologikoak, hau da, aplikazio berriak egitea edo lehendik daudenak egokitzea.

2.– Diru-laguntza honen bitartez aurreko atalean zehaztutako gastuak soilik lagunduko dira. Nolanahi ere, kanpoan utziko dira honako hauek:

a) Patrimonializa daitekeen ibilgetu materialean egindako inbertsioak.

b) Balio Erantsiaren gaineko Zergari (BEZ) dagokion gastua ez da kontuan hartuko. Hala ere, BEZa berreskuratu ezin duten erakunde onuradunen kasuan, gastutzat hartuko da, eta erakundeok dagokien foru aldundiko ogasun-sailaren ziurtagiri bidez egiaztatu beharko dute hori.

c) Artikulu honen arabera ez laguntzeko moduko gastutzat jotzen diren horiek (neurriz kanpokoak direlako edo zuzenean zerikusia ez dutelako) agertzen badira eskatzaileak aurkezten duen aurrekontuan, Balorazio-batzordeak ezabatu edo araztu egingo ditu, diru-laguntza kalkulatzeko beharrezkoa den oinarrizko gastu-aurrekontua zehaztu ahal izateko.

3.– Agindu honen 8.4 artikuluan aipaturiko finantzaketa propioa honako diru-sarrera hauez osatuta egongo da:

a) Eskatzailearen diru-ekarpenak.

b) Zerbitzuen salmentatik eskuratutakoak.

c) Produktuen salmentatik eskuratutakoak.

d) Publizitatetik eskuratutakoak.

e) Entitate pribatuetatik jasotakoak.

Diru-sarrera horien berri zehatza emango da eskabidearekin batera bete beharreko formularioan.

4.– Defizitarioak diren egitasmoei bakarrik eman ahal izango zaie diru-laguntza. Hots, aurreikusitako gastuak, eskatzaileak ezinbestean jarri beharreko finantzaketa propioarekin zein bestelako diru-laguntza publikoekin berdindu ezin dituzten egitasmoei. Ondorioz, egoera horretan aurkitzen ez den egitasmoa kanpo utziko da. Gastu-aurrekontuari dagokionez, egitasmo bakoitzaren gastu-aurrekontua ezin izango da 150.000 euro baino gehiagokoa izan.

5.– Egitasmo bakoitzari esleitutako diru-laguntza, gehienez ere, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari eskatutakoa bestekoa izango da eta, gutxienez, 2.000 eurokoa. Gutxieneko kopuru horretatik beherakorik ez da esleituko. Ondorioz, egoera horretan aurkitzen den egitasmoa ez da diruz lagunduko.

6.– Diru-laguntza bateragarria da edozein erakunde publikok zein pribatuk xede berberaz eman ditzaketenekin, betiere, gainfinantzaketarik ez bada. Salbuespen dira Agindu honen 4.1.b) eta 4.1.c) ataletan aipatzen direnak. Agindu honen epe-barrutia amaitu eta 23. artikuluan finkatutako justifikazioari ekin eta gero gainfinantzaketarik gertatu dela ikusten bada, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, betiere 21. artikuluan zehaztutako bideari jarraituz. Murrizketa hori gainfinantzaketa adinakoa izango da.

11. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea eta modua.

1.– Eskabideak 2016ko urtarrilaren 7tik otsailaren 6ra arte, biak barne, egin ahal izango dira.

2.– Izapidetze presentziala aukeratuz gero, eskabideak honako leku hauetan aurkez daitezke:

– Eusko Jaurlaritza, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza, Donostia kalea 1; 01010 Vitoria-Gasteiz.

– Eskabideak aurrez aurre aurkeztu ahal izango dira Zuzenean Zerbitzuko bulegoetan, EAEko erregistro laguntzaileetan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan jasotakoak) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 38.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean (EHAA, 2008ko maiatzaren 30ekoa, 102 zk.).

Eskabidea postaz egin nahi izanez gero, honako helbide honetara bidali beharko dira eskabide-orria eta agiriak: Eusko Jaurlaritza, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza, Euskara Sustatzeko Zuzendaritza, Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz. Bide horri ekitekotan, eskabide-orria kartazal irekian aurkeztu beharko da posta-bulegoan, posta-langileak, ziurtapena egin baino lehen, data eta zigilua jar ditzan eskabide-orrian bertan.

3.– Era berean, eskabideak bide elektronikoak erabiliz aurkezteko aukera izango da, euskadi.eus-eko gune elektroniko honetan: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/-/2016/gaztelaniazko_hedabideak/eu/

4.– Eskatzaileek nahi duten hizkuntzan, euskaraz edo gaztelaniaz, aurkez ditzakete eskabideak eta haiei lotutako dokumentazioa. Halaber, diru-laguntza eskaeraren ondoriozko jardunetan eta prozedura osoan, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Arauzkotzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoari jarraituz.

12. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Laguntza-deialdi honetan parte hartu nahi duten pertsona fisikoek edo juridikoek, eskabidearekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu behar dituzte:

1.– Eskatzaileari dagokion dokumentazioa.

1.1.– Pertsona juridiko pribatuak:

Kasu guztietan entitatea legalki eratuta dagoela ziurtatu behar da. Era berean, legezko ordezkariaren nortasuna eta azken honek ordezkapena egiteko legezko ahalmena duela adierazteaz gain, eskatzailearen jarduera arautzen duten arau hauek ere egiaztatuko dira:

– Entitatearen legezko eraketa: sorrerako eskritura edo agiria, estatutuak edo sorrerako egintzaren berri ematen duen agiria.

– Ordezkariaren nortasuna (NANaren edo pasaportearen fotokopia).

– Ordezkariaren legezko ahalmena (ordezkaria nor den adierazten duen ziurtagiria).

– Eskatzailearen IFK.

Eskatzailea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Erregistroetan dagoen fundazioa, elkartea edo kooperatiba bada, ez ditu aurkeztu beharko entitatearen legezko eraketa egiaztatzeko eskatutako dokumentuak. Kasu horretan, nahikoa izango du hori adieraztea, eta Euskara Sustatzeko Zuzendaritzak ofizioz konprobatuko du entitatea delako erregistro horretan dagoela.

1.2.– Pertsona fisikoak:

– Nortasunaren egiaztapena (NANaren edo pasaportearen fotokopia).

– Autonomoen Erregimenean edo dagokion lan-mutualitatean alta emanda dagoela egiaztatzea.

Eskatzaileak 1.1 edo 1.2 ataletan aipatutako agiriak aldez aurretik Administrazio honetan aurkeztu baditu eta indarrean badaude, ez ditu berriz aurkeztu beharko. Kasu horretan, Administrazioak ofizioz konprobatuko du. Horretarako nahikoa izango da eskabidean adieraztea zein Sailetan edo Zuzendaritzatan aurkeztu ziren.

Eskatzaile bakoitzak egitasmo bakarra aurkezteko aukera izango du. Nolanahi ere, nagusiki gaztelania darabilten paperean inprimatutako idatzizko egunkarien edizio digitalen kasuan, eskatzaileek biltzeko aukera izango dute egitasmo bakar bat aurkezteko.

2.– Diruz lagun daitekeen egitasmoari dagokion dokumentazioa:

– A multzoa: nagusiki gaztelania darabilten paperean inprimatutako idatzizko egunkarien edizio digitalak:

• Eskabidea.

• Formularioak: egitasmoaren deskribapen teknikoa eta adierazitako gastu-aurrekontua.

• CIES enpresak egindako azken neurketaren datuak.

• Egokitzat jotzen den beste edozein informazio osagarri.

– B multzoa: Internet bidez notiziak euskaraz ere ematen dituzten berri-agentziak:

• Eskabidea.

• Formularioak: egitasmoaren deskribapen teknikoa eta adierazitako gastu-aurrekontua.

• Egokitzat jotzen den beste edozein informazio osagarri.

13. artikulua.– Aurkeztutako eskabidean eginiko akatsen zuzenketa.

Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen den dokumentazioan zerbait falta dela edo forma-akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, 10 egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko. Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, aurrez jakinaraziko zaion ebazpen baten bidez, edo dagokion izapidea egiteko eskubidea galduko duela.

14. artikulua.– Esleipen-prozedura.

1.– Agindu honen babesean emango diren diru-laguntzak lehiaketa-prozeduraren bidez esleituko dira, betiere ezarritako mugak errespetatuz eta finkatutako irizpideak erabiliz. Eskabideei buruzko ebazpen-proposamena landu eta diruzko zenbatekoak finkatu ahal izateko, zeregin horretarako berariaz eratutako Balorazio-batzordeak honako urrats hauek emango ditu, hurrenez hurren:

1.1.– Adierazitako aurrekontuari eta eskatutako diru-laguntzari dagokienez:

a) Eskabide-orrian adierazitako gastu-aurrekontua eta eskatutako diru-laguntzaren zenbatekoa hartuko ditu abiapuntutzat.

b) 10. artikuluan finkatutakoaren haritik, honako hau ikusiko da: laguntza-deialdira aurkeztutako egitasmoaren gauzatzeari, ez besteri, zuzenean egozgarri zaizkion gastuak baino ez daudela jasota adierazitako gastu-aurrekontuan.

c) Aurreko atalean aipaturiko kontraste-lanaren ondorioz eskatzaileak adierazitako gastu-aurrekontuari aldaketaren bat egin behar izanez gero, beste horrenbesteko aldaketa egingo zaie adierazitako sarrera-aurrekontuari eta eskatutako diru-laguntzari, betiere gastu-aurrekontua aldatu den proportzio berean. Horrelakoetan, diru-laguntza kalkulatzeko orduan, onartutako gastu-aurrekontua, onartutako laguntza-eskabidea eta eskabide-orrian zehaztutako finantzaketa-maila propioa hartuko dira erreferentzia-oinarritzat. Kostu estimatua kalkulatzeko kontuan hartuko dira Eusko Jaurlaritzako erakundeetako prezio publikoak (adibidez, honako tarifa hauek hartuko dira kontuan: itzulpenetarako IVAPek dituenak, eta lan informatikoetarako Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkarteak dituenak).

d) Kontraste-lan horren ondorioz onartutako gastu-aurrekontua eskatzaileak adierazitakoa baino handiagoa bada, adierazitako gastu-aurrekontua hartuko da, eskatutako diru-laguntzarekin eta eskabide-orrian zehaztutako finantzaketa-maila propioarekin batera, diru-laguntza kalkulatzeko erreferentzia-oinarritzat.

1.2.– Puntuei dagokienez:

a) Egitasmo bakoitzari dagozkion puntuak 15. artikuluan zehaztutako balorazio-irizpideen eta horietako bakoitzaren zehaztapenaren arabera finkatuko dira.

b) Puntu horiek onartutako gastu-aurrekontuaren estalpen-indizea zehaztuko dute. Estalpen-indize hori Balorazio-batzordeak zehaztuko du, betiere puntu-tarteak finkatu eta gero. Balorazio-batzordeak multzo bakoitzerako puntuazio tarteak eta horiei dagozkien estalpen-indizeak ezarriko ditu.

2.– Egitasmo bakoitzari esleitu beharreko laguntza-kopurua zehazteko orduan, 10.5 artikuluan finkatutako mugak gordeko dira.

3.– Aurreko puntuetan esandako moduan kalkulatutako diru-laguntzen baturak diru-baliabideen muga gainditzen badu, kasuan kasu esleitu beharreko diru-kopurua banaketa-sistema proportzionalaren arabera finkatuko da.

4.– Ebazpen-proposamena lantzerakoan, Balorazio-batzordeak, multzo bakoitzean dauden diru-baliabideak kontuan izanik, multzo batean diru soberakina izan eta bestean diru-falta balego, diru-soberakinak batetik bestera pasatzea proposatuko du eta horrela jasoko da Hizkuntza Politikarako sailburuordeari egingo dion proposamenean, azken honek dagokion erabakia eman dezan.

15. artikulua.– Balorazio-irizpideak.

1.– Laguntza-eskabideei buruzko ebazpen-proposamena landu eta diruzko zenbatekoak finkatzeko orduan, zeregin horretarako berariaz eratutako Balorazio-batzordeak honako irizpide eta balio hauek izango ditu kontuan:

1.1.– A multzoa (nagusiki gaztelania darabilten paperean inprimatutako idatzizko egunkarien edizio digitalak –350.000 euro–):

a) Finantzaketa-maila propioa: gehienez ere 15 puntu.

b) Paperean inprimatutako idatzizko egunkariaren irakurle kopurua (CIES neurgailua): gehienez ere 60 puntu.

c) Euskararen presentziaren kantitatea (betiere, 8.2.2.1.h) puntuan dioen gutxienekotik gora), euskarazko berrien ikusgarritasun-maila, erabilgarritasuna eta askotarikotasuna (bai euskarriari dagokionez -bideo, twitter eta edozein sare sozialetako erabilera esan nahi da- bai aztergaiari dagokionez -gazteria, kirola, aisialdia, politika...-): gehienez ere 15 puntu.

d) Idatzizko egunkariaren zabalkunde-eremuaren tokiko informazioaren presentzia: gehienez ere 10 puntu.

1.2.– B multzoa (Internet bidez notiziak euskaraz ere ematen dituzten berri-agentziak –50.000 euro–):

a) Finantzaketa-maila propioa: gehienez ere 15 puntu.

b) Sortutako eta zabaldutako albisteen kopurua eta kalitatea: albisteen barietatea eta horien lanketa-maila (landutako berriak izatea, kronika pertsonalizatuak, elkarrizketak, lekukotasun-erreportajeak eta abar), erabilgarritasuna, informazioaren eguneraketa eta gaien aniztasuna: gehienez ere 55 puntu.

c) Bezero-kopurua eta bisita «bakarren» kopurua: gehienez ere 30 puntu.

2.– Aurreko puntuan aipaturiko irizpide berezietako bakoitzari dagokion puntuazioaren zehaztapena multzo bakoitzerako berariaz prestatutako ponderazio-taula batean jasoko da. Balorazio-batzordeak horrela proposatuta, multzo bakoitzak bere puntuazio tarteak eta estalpen indizeak izango ditu. Taula hori Balorazio-batzordeak Hizkuntza Politikarako sailburuordeari egin beharreko ebazpen-proposamenari erantsiko zaio.

16. artikulua.– Balorazio-batzordea.

1.– Aurkeztutako eskabideak aztertzeko eta ebaluatzeko, berariazko Balorazio-batzorde bat osatuko da.

2.– Balorazio-batzordea honako pertsona hauek osatuko dute:

a) Jokin Azkue Arrastoa, Euskara Sustatzeko zuzendaria, batzordearen buru izango dena.

b) Ana Esther Furundarena Olabarriaga, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren aholkularia, batzordearen buruordea izango dena. Ordezkoa, Jorge Giménez Bech, Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendaria.

c) Jose Manuel Bujanda Arizmendi, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Kabinetearen zuzendaria. Ordezkoa, Mireia Elkoroiribe Zenikaonandia, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko aholkularia.

d) Edurne Basoa Gonzalez, Euskara Sustatzeko Zuzendaritzako Sustapen Zerbitzuaren arduraduna. Ordezkoa, Araceli Díaz de Lezana, Euskara Sustatzeko Zuzendaritzako Estandarizazio Zerbitzuaren arduraduna.

e) Pablo Mendizabal Arnaez, Euskara Sustatzeko Zuzendaritzako teknikaria. Ordezkoa, Jose Miguel Odriozola Mujika, Euskara Sustatzeko Zuzendaritzako teknikaria. Idazkari-lanak egingo ditu eta hitza izango du, baina ez botorik.

3.– Balorazio-batzordea eratu aurretik, interesdunek errefusatzeko duten eskubidea erabiltzeko aukera izango dute, legez ezarritako egoera eta baldintzetan.

4.– Aurkeztutako egitasmoak baloratzeko, Balorazio-batzordeak iritzia eskatu ahal izango die adituei.

5.– Balorazio-batzordeak, deialdi honetan finkatutako irizpideak eta mugak kontuan izanik, ebazpen-proposamena landuko du eta Hizkuntza Politikarako sailburuordeari aurkeztuko dio, honek, zuzen eta bidezko joz gero, behin betiko ebazpena eman dezan. Aipaturiko proposamenak, honako atal hauek izango ditu gutxienez:

a) Diru-laguntzarik jaso ez duten eskabideen zerrenda eta laguntzarik ez jasotzeko izandako arrazoiak.

b) Diruz lagundutako egitasmoen zerrenda; onartutako gastu-aurrekontua, baldin eta adierazitako gastu-aurrekontua aldatu bada; lortutako puntuak osotara, eta diru-laguntzaren zenbatekoa.

17. artikulua.– Ebazpena.

1.– Balorazio-batzordearen proposamena ikusita, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak Agindu honek arautzen dituen diru-laguntzak esleitzeko ebazpena emango du eta interesdunei jakinaraziko die, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik sei hilabeteko epean.

2.– Aurrekoari kalterik egin gabe, diruz lagundutako egitasmoen berri Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da herritar orok jakin dezan.

3.– Epea amaitu eta interesdunak inolako jakinarazpenik jaso ez badu, eskabidea gaitzetsitzat joko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan ezarritako ondorioetarako.

4.– Laguntza-eskatzaileren bat hartutako ebazpenarekin ados ez bada eta gora jo nahi badu, ebazpena berariaz jakinarazi eta hurrengo egunetik hilabeteko epean Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari gorako errekurtsoa aurkezteko aukera izango du.

18. artikulua.– Diru-laguntzaren onarpena.

1.– Diru-laguntzaren onuradunak esleitutako diru-laguntza onartu egin behar du. Ondorioz, diru-laguntza esleitu zaiola adieraziz Euskara Sustatzeko Zuzendaritzak bidalitako jakinarazpena jaso eta 10 egun balioduneko epean, diru-laguntza onartu egiten duela adieraziko dio idatziz aipatu Zuzendaritzari.

2.– Diru-laguntzaren onuradunak onarpen-agiria epe horretan aurkezten ez badu, laguntzari uko egiten diola ulertuko da.

19. artikulua.– Onuradunaren betebeharrak.

1.– Agindu honetan arautzen diren diru-laguntzen onuradunek, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginean finkaturiko betebeharrez gain, honako betebehar hauek ere izango dituzte:

a) Diru-laguntza eskabide-orrian zehaztutako helburu zehatzerako erabili beharko dute.

b) Eskabide-orrian aurreikusitako egitasmoa bere osotasunean gauzatu beharko dute.

c) Kontrol Ekonomikorako Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak laguntzen xedearen fiskalizazio-funtzioak betetze aldera eskatutako informazio guztia eman beharko dute.

d) Hizkuntzaren kalitatea bermatzea guztiz garrantzizkotzat jotzen denez gero, Euskaltzaindiak emandako arau eta gomendioak aintzakotzat hartu eta beteko dituzte. Hori betetzeko eta euskararen zuzentasuna eta egokitasuna bermatzeko, hizkuntza-ezagutza ziurtatuta daukan pertsona bat izendatuko dute.

e) Indarrean dauden lege-eskakizunak bete beharko dituzte jabego intelektualari, egile-eskubideei, lege-gordailuari, banaketari eta abarri dagokienez.

f) Laguntzagai diren egitasmoek giza eskubideak eta pertsonen arteko bizikidetasun-balioak errespetatu beharko dituzte. Ondorioz, egitasmo horiek ezin izango dute jaso herritarrei iraingarri gerta dakiekeen ikur edo elementurik, ezta beren duintasunari kalte egiten dion edo indarkeriaren justifikazioa iradokitzen duen ikur edo elementurik ere.

g) Adierazpen- eta informazio-askatasunari begirunea erakustea. Horretarako, nork bere deontologia arauak beteko ditu eta, aldi berean, politika-aniztasuna eta politika-, gizarte- eta kultura-taldeei zor zaien aukera-berdintasuna bermatuko duen informazio egiazkoa eta objektiboa sustatuko du.

h) Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean xedatutakoari jarraituz, hizkera sexistarik ez erabiltzea eta, gizonen eta emakumeen rolei dagokienez, erabilera estereotipaturik ez egitea.

i) Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak emandako babesaren berri adieraztea, betiere 25. artikuluan esandakoaren arabera.

j) Diru-laguntzak emateko eta horien ordainketak bideratzeko, beharrezkoa izango da esleipendunek zerga-betebeharren eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak beteta dauzkatela ziurtatzea.

2.– Aipatutako betebehar horiek ez betetzeak jasotako diru-laguntza galtzea izango du ondorio bezala.

20. artikulua.– Diru-laguntzaren ordainketa.

Agindu honetan oinarrituz emandako diru-laguntzen ordainketak, gehienez ere, 2 zatitan egingo dira:

a) Lehenengo ordainketan diru-laguntza osoaren % 65 ordainduko da, onarpena jasotzen den egunean hasi eta 2 hilabeteko epean.

b) Bigarren ordainketan, hala badagokio, gainerako % 35a ordainduko da, diru-laguntza justifikatzeko agiri guztiak jaso eta ontzat eman ondoren.

Bigarren ordainketa hori Euskal Autonomia Erkidegoko 2017ko Aurrekontu Orokorren pentzutan egingo da.

21. artikulua.– Ebazpenaren aldaketa.

Diru-laguntza emateko kontuan hartu diren inguruabarretako bat aldatzen bada, diru-laguntzaren helburua betetzat jotzen dela, diru-laguntza eman duen ebazpena ere aldatu ahal izango da. Hori dela eta, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak bidezko likidazio-ebazpena emango du, eta, ebazpen horretan, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berregokituko da. Horiek horrela, dagokion onuradunari horren berri emango zaio eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 84.2 artikuluak dioenaren arabera, interesdunek gehienez 15 egun eta gutxienez 10 egun izango ditu egoki irizten dieten dokumentu eta egiaztapenak alegatzeko.

22. artikulua.– Ez-betetzeak eta itzultzeko ebazpena.

1.– Betebeharrak bete gabetzat joko dira honako kasu hauetan:

a) Jasotako diru-laguntza, osorik zein zatika, Agindu honetan zehaztutakoez beste jardueretarako erabiltzen bada.

b) Agindu honen 19. artikuluan zehaztutako betebeharrak betetzen ez badira.

c) Hala badagokio, likidazio-ebazpenak zehaztutako kopurua itzultzen ez bada horretarako emandako epean.

d) Beste xedapen batean, oro har, nahitaezkotzat jotzen diren gainerako egitekoak betetzen ez badira.

2.– Agindu honen pentzutan emandako diru-laguntzaren onuradunak eman eta eskuratutako zenbatekoa eta legez aplikagarriak izan daitezkeen interesak itzuli egin beharko dizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari honako kasu hauetan: aurreko pasarteetan jasotakoak gertatuz gero edo, oro har, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluan jasotako betebeharrak betetzen ez badira. Aurreko hori Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen eta horien kudeaketan parte hartzen duten Izaiki Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan esandakoaren arabera egingo da.

3.– Eskabide-orrian aurreikusitako egitasmoa bere osotasunean gauzatzen ez baldin bada, diru-laguntza itzultzeko prozedurak azaroaren 17ko 698/1991 Dekretuaren 5.1. artikuluak ezarritakoari jarraituko dio, eta interesdunak 15 egun balioduneko epea izango du alegazioak egiteko.

23. artikulua.– Diru-laguntzaren justifikazioa.

1.– Esleitutako diru-laguntzaren zenbatekoa edozein delarik ere, diru-laguntzaren onuradun orok diruz lagundutako egitasmoaren gauzatzea justifikatu behar du, ezinbestean, Euskara Sustatzeko Zuzendaritzaren aurrean. Justifikazioari ekiteko, diru-laguntza esleitzeko orduan erabilitako gastu-aurrekontu onartua erabiliko da.

2.– Justifikazioa aurkezteko azken eguna 2017ko martxoaren 31 izango da.

3.– Izapidetze presentziala aukeratuz gero, diru-laguntzaren justifikazioa Agindu honen 11. artikuluan aipatutako lekuetan aurkez daiteke.

4.– Era berean, justifikazioak bide elektronikoak erabiliz aurkezteko aukera izango da, euskadi.eus-eko gune elektroniko honetan: https://www.euskadi.eus/nirekudeaketak/

24. artikulua.– Diru-laguntzaren justifikazioarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Diru-laguntzaren justifikazioa honako hauek osatuko dute:

a) Diruz lagundutako egitasmoari eta lortutako emaitzei buruzko txostena.

b) Diruz lagundutako egitasmoari dagokion aurrekontu likidatua.

c) Beste diru-laguntzarik izan ez bada, horixe adierazten duen erantzukizunpeko aitorpena.

d) Diruz lagundutako egitasmoari dagozkion gastuen zerrenda sailkatua.

e) Diruz lagundutako egitasmoari dagozkion diru-sarreren zerrenda sailkatua.

f) Agindu honetako 19. eta 25. artikuluek ezarritako betebeharrak betetzeari buruzko aitorpena.

g) Aurrerago aipaturiko zerrendako gastuen frogagarri diren faktura edo agirien kopiak eta, behar denean, ordainketaren egiaztagiriak. Horien ordez, onuraduna den pertsona fisiko edo juridiko pribatuaren Kontabilitateko Egunkaria aurkezteko aukera izango da.

2.– Agindu honen 20. artikuluan aipatzen den diru-laguntzaren bigarren ordainketa egiteko, hala badagokio, diru-laguntzaren onuradunak, indarrean dauden xedapenei jarraituz, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak beteta izan behar ditu. Horien egiaztapena 7.1 artikuluan finkatutakoari jarraituz egingo da.

3.– Artikulu honen 1. atalean jasotakoaz gain, onuradunek urtean zehar euskaraz argitaratutako albisteen zerrenda aurkeztuko dute, argitaratze-dataren arabera antolatua.

4.– Diru-laguntzaren erabilera zuzena egin dela ziurtatzeko, Euskara Sustatzeko Zuzendaritzak egokitzat jotzen duen beste edozein informazio osagarri eskatzeko aukera izango du.

5.– Justifikaziorako aurkeztutako dokumentazio guztia aztertzeko eta ontzat emateko jarraipen-batzordea eratuko da. Azterketa horren ondorioz bideratu beharreko ordainketak edota likidazio-ebazpenaren inguruko proposamenak Hizkuntza Politikarako sailburuordeari egingo dizkio. Honako hauek osatuko dute jarraipen-batzordea:

– Euskara Sustatzeko zuzendaria, batzordearen buru izango dena.

– Sustapen Zerbitzuaren arduraduna.

– Euskara Sustatzeko Zuzendaritzako teknikari bat. Azken honek idazkari-lanak egingo ditu eta hitza izango du, baina ez botorik.

6.– Anomalia edo irregulartasunen bat ikusiz gero, Agindu honetako 21. eta 22. artikuluetan finkatutakoari ekingo zaio automatikoki.

25. artikulua.– Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren aipamena.

Agindu honen 19. artikuluan finkatutako betebeharraren arabera, laguntza-mota honetara jotzen duen hedabide orok Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak emandako babesaren berri adierazi beharko du. Hori dela eta,

a) Diruz lagundutako hedabide orok honako elementu hauez osatutako publizitate-oharra jaso beharko dute ezinbestean: Eusko Jaurlaritzaren logotipo normalizatua eta «Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua» esaldia.

b) Eusko Jaurlaritzaren logotipo normalizatua, esleitutako diru-laguntza onartzen den egunetik aurrera txertatuko da eta 12 hilabetez agerian egongo da.

c) Eusko Jaurlaritzaren logotipo normalizatua agerkariaren azalean jarriko da eta, hori guztiz ezinezkoa bada, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzarekin adostuko du onuradunak garrantzi eta ikusgarritasun bera duen tokirik egokiena.

d) Oro har, publizitate ohar horrek, gutxienez ere 45 cm2-ko azalera izango du: 9 x 5 cm edo antzerakoa.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Deialdi honetako 6. artikuluan jaso den guztirako zenbatekoa aldatu egin ahal izango da, eskatutako diru-laguntzen guztirako zenbatekoa kontuan harturik, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailean beste programa batzuk bideratu ondoren aurrekontuak agortu gabe geratu badira. Adierazitako aldaketa diru-laguntzak ebatzi baino lehen egin behar da. Aipatutakoaren berri eman beharko da Hizkuntza Politikarako Sailburuordearen ebazpen baten bitartez.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legeak xedatutakoari jarraituz, deialdi honen izapidetzean jasotako datu pertsonalak, Kultura Sailaren «Euskara sustatzeko laguntzak eta diru-laguntzak» izeneko fitxategian sartuko dira. Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren Euskara Sustatzeko Zuzendaritza da fitxategi horren titularra, eta 2006ko uztailaren 27ko Aginduan araututa dago. Fitxategiak laguntza emateko espedienteak kudeatzea du helburu. Aldez aurretik, Datuak Babesteko Agentziari eman zaio horren berri, eta datuen segurtasun osoa bermatzeko behar diren segurtasun-neurriak ezarri dira. Fitxategiaren datuak, bestalde, ez zaizkie beste pertsona batzuei jakinaraziko, legeak bideratutako kasuetan izan ezik.

Datu pertsonalen babesari buruz dauden arauei jarraikiz, eskatzaileak badu sartzeko, zuzentzeko, ezerezteko eta aurka egiteko eskubideez baliatzeko aukera, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko Lege Organikoak berariaz aitortzen duen bezala. Horretarako, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Zerbitzu Zuzendaritzara jo dezake (Donostia kalea 1, 01010, Gasteiz).

Deialdi honetan parte hartzen duten pertsonek beren onespena ematen dute Administrazio Publikoak erkatu ahal izateko adierazitako datuak eta berariazko egiaztapenak egiteko, diru-laguntzak behar bezala esleitzeko.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Laguntza-programa honek ez du Europako Batzordearen baimena behar, honelaxe xedatuta dago-eta Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 araudian (araudi hori Tratatuko 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa da). Izan ere, enpresa jakin bati emandako laguntza osoa ezin da 200.000 eurotik gorakoa izan edozein alditako hiru ekitaldi fiskaletan.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Administrazio-bidea amaitzen duen Agindu honen aurka interesdunak aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita. Bestela, zuzen-zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango du Euskadiko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazio Auzietarako Salan bi hilabeteko epean, honako Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteen aurretiazko izapidetzea arautzeari buruzko Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan bildutako ondorioetarako, Agindu honetako laguntzen ebazpena emateko Euskal Autonomia Erkidegoko 2016ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorretan kreditu egokia eta nahikoa izan behar da.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Agindu honetako euskarazko eta gaztelaniazko testuen artean interpretazio-auzirik sortuko balitz, jatorrizkoa euskaraz idatzitakoa dela kontuan izanik, hura hartuko da aintzat.

AZKEN XEDAPENETATIK LAUGARRENA

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean izango du eragina Agindu honek.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko abenduaren 23a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.


Azterketa dokumentala