Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

248. zk., 2015eko abenduaren 30a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
5504

AGINDUA, 2015eko abenduaren 15ekoa, zeinen bidez arautzen baita Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, euskal kirol-federazioen 2016ko kirol-programak finantzatzeko diru-laguntzen deialdia.

Abenduaren 26ko 287/2000 Dekretuaren xedea kirol-federazioen finantza-erregimena arautzea da, horiei beren urteroko kirol-programetarako itzuli beharrik gabeko diru-laguntzak emanez (2000ko abenduaren 30eko EHAA, 249. zk.).

287/2000 Dekretu horretako 3. artikuluak xedatzen duenez, urtez urte egingo da Dekretuak arautzen dituen laguntzak jasotzeko deialdia, Kulturako sailburuaren, gaur egun Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua denaren aginduaren bidez, eta deialdi horietan gorabehera hauek zehaztuko dira: deitutako laguntzak finantzatzeko diru-hornidura, eskabideak aurkezteko epeak eta tokia, erakunde eskatzaileek aurkeztu beharreko dokumentazioa, laguntzen zenbatekoa egiteko ponderazio-irizpideak, eta emandako laguntza justifikatzeko epea eta aurkeztu behar diren dokumentuak.

Halaber, agindu hau sartua dago Gazteria eta Kirol Zuzendaritzako Kirol Zerbitzuko Diru Laguntzen 2015-2017 Plan Estrategikoan, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturalp sailburuak onartua; aipatu sailaren web-orrian argitaratua dago.

Beraz, 287/2000 Dekretuan xedatutakoari jarraituz, agindu honen bitartez gorabehera horiek zehaztuko dira, 2016. urteari begira laguntza-deialdia aplikatu ahal izateko.

Horren ondorioz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea.

Euskal kirol-federazioen kirol-programetarako diru-laguntzak emateko modua arautzen duen abenduaren 26ko 287/2000 Dekretuaren bidez araututako diru-laguntzetarako 2016ko deialdian parte hartu nahi duenak hilabeteko epea izango du eskabidea aurkezteko, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2. artikulua.– Eskabideak aurkezteko lekua.

Eskabideak modu presentzialean aurkeztu ahal izango dira Zuzenean zerbitzuan, EAEko erregistro osagarrietan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan jasotakoetan) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan jasotako organoetan.

3. artikulua.– Entitate eskatzaileek aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Diru-laguntzak jasotzeko eskabideekin batera honako dokumentazioa aurkeztu behar da:

a) Eskabide-inprimakia (I. eranskina). Federazioaren legezko ordezkariaren NANaren fotokopia eta ordezkari horrek duen lege-ahalmenaren egiaztagiria ere aurkeztu behar dira.

b) Erakundearen 2015eko ekitaldiko urteko aurrekontua, batzar nagusiak onartua, VI. eranskineko kontabilitate-ereduaren arabera.

c) Federazioaren Identifikazio Fiskalerako Zenbakiaren fotokopia.

d) Zerga eta Gizarte Segurantzako kontuetan bere betebehar guztiak ordainduta dituela egiaztatzen duten agiri eguneratuak.

e) Entitate onuradunak eskatu dituen edo ustez jasoko dituen beste laguntza batzuen ziurtagiria, tokian tokiko federazioaren idazkariak emana, laguntzok emango dituen erakunde publiko zein pribatuaren izena eta diru-laguntzarako eskabideen egoera aipatuta (ezetsiak, erantzunaren zain, emanak) eta diru-kopuruak. Horrelakorik egon ezean, diru-laguntza jasotzeko aurkeztutako programetarako beste inongo laguntzarik ez dela eskatu edo jaso egiaztatzeko jakinarazpena.

f) Kirol-programa azaltzen duen memoria (II. eranskina). Honako hauek agertuko dira bertan:

– Federazioak antolatutako kirol-lehiaketa ofizialak. Lehiaketen gutxi gorabeherako kopurua, espezialitate edo diziplinen eta kategorien arabera. Parte hartuko duten kirolari eta kluben kopurua eta parte hartuko duten kluben portzentajea adierazi beharko da, federazioan afiliatuta dauden klub guztien aldean.

– Kirol-prestakuntzako jarduerak. Egingo diren jardueren zerrenda eta partaideen eta orduen kopurua gutxi gorabehera.

– Zuzendari teknikorik dagoen. Horren titulazioa, dedikazioa ordutan eta federazioarekin duen lotura.

– Parte-hartzera bideratutako kirolen inguruan federazioak antolatutako jarduerak (jolas, aisia eta osasunerako kirola).

– Kirol-selekzioen jarduerak.

– Kirol-modalitatea bertokoa den.

– Emakumeen eta gizonen arteko ezberdintasunak baztertzeko eta haien arteko berdintasuna sustatzeko federazioak bultzatzen dituen ekintzak.

g) Federazioen estamentu-liburua, Kirol Erakundeen Erregistroak legeztatua, eta Federazioaren idazkariak presidentearen oniritziarekin egindako egiaztagiria, 2015eko abenduaren 31n federazioak zituen kirolari federatuen kopurua adierazten duena (III. eranskina).

h) 2015eko abenduaren 31n federazioak afiliatuen artean zituen goi-mailako kirolarien zerrenda (Kirol Kontseilu Gorenak eta/edo Eusko Jaurlaritzak onartuak).

i) Federazioak euskara zenbateraino erabiltzen duen adierazten duen memoria (IV. eranskina). Honako hauek aipatuko dira:

– Euskaraz emandako prestakuntza-ikastaroak.

– Euskararen erabilera federazioen dokumentu eta argitalpenetan.

– Euskarazko web orririk duen.

– Jendeari harrera euskaraz egiten zaion.

– Federazioaren kanpo-harremanetan, federazioko kideekin eta federazioko hizkuntza-paisaian euskara erabiltzea.

j) Erantzukizunpeko adierazpena, egiaztatzen duena entitate eskatzaileak ez duela diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratiborik edo penalik jaso, ezta horretarako legezko inolako debekurik ere, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoarekin bat etorrita (V. eranskina).

k) Erantzukizunpeko adierazpena, egiaztatzen duena entitatea ez dagoela sartuta diru-laguntza bat itzultzeko edo hargatik zehapena ezartzeko prozedura batean, hain zuzen ere Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta beraren erakunde autonomoek ematen dituzten laguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetzen ari den halako prozedura batean.

l) Txapelketa ofizial propioen egutegia, Federazioko idazkariak sinatua eta presidenteak ontzat emana, Batzar Nagusiak zein egunetan onartu duen adierazita.

4. artikulua.– Diru-hornidura.

2016ko ekitaldirako agindu honetan arautzen diren laguntzak finantzatzeko bideratu den aurrekontu-hornidura bi milioi hirurehun eta berrogeita hamar mila (2.350.000) eurokoa da.

5. artikulua.– Laguntzak kuantifikatzeko irizpideak.

Segidan zehazten diren zenbatekoen batuketak esango du honako agindu honen deialdian parte hartuko duten federazioei zenbateko diru-laguntza emango zaien:

1.– Euskal kirol-federazioen 2015eko kirol-programak finantzatzeko diru-laguntzen deialdia arautzen duen Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2015eko babesean federazio bakoitzak eskuratu zuen diru-laguntzaren erdia (% 50).

2.– Aurreko puntuaren arabera federazio eskatzaile bakoitzarentzako diru-kopurua zehaztu ondoren, horien guztien batuketa agindu honetako 4. artikuluan zehaztutako kopuruari kenduko zaio eta gelditzen dena irizpide hauen arabera banatuko da:

a) Kirol-programa (puntuen % 75).

Ondoko hauek hartuko dira kontuan kirol-egitasmoaren interesa balioesteko:

– Federazioak antolatutako kirol-lehiaketa ofizialak.

– Kirol-prestakuntzako jarduerak.

– Zuzendari teknikorik dagoen.

– Parte-hartzera bideratutako kirolen inguruan federazioak antolatutako jarduerak (jolas, aisia eta osasunerako kirola).

– Kirol-selekzioen jarduerak.

– Kirol-modalitatea bertokoa den.

b) Lizentzia federatua duten kirolarien kopurua (puntuen % 5).

c) Euskararen erabilera (puntuen % 10). Puntu bana emango zaie euskaraz osoki egindako ondorengo ekintzei, eta puntu erdia euskaraz zati batean egindako ekintza bakoitzari:

– Euskaraz emandako prestakuntza-ikastaroak.

– Euskararen erabilera federazioen dokumentu eta argitalpenetan.

– Euskarazko web orririk duen.

– Jendeari harrera euskaraz egiten zaion.

– Federazioaren kanpo-harremanetan, federazioko kideekin eta federazioko hizkuntza-paisaian euskara erabiltzea.

d) Autofinantzaketa-maila (puntuen % 5), honako banaketa honen arabera:

% 0,00 - % 49,99: 0 puntu

% 50,00 - % 74,99: 2 puntu

% 75etik gora: 5 puntu

e) Goi-mailako kirolarien kopurua, Kirol Kontseilu Gorenak edo Eusko Jaurlaritzak onartuak (puntuen % 5), honako banaketa honen arabera:

(Ikus .PDF)

3.– Aurreko idatz-zatian zehaztutako balorazioa egin ondoren, federazio bakoitzari dagokion gainontzeko diru-kopurua honela kalkulatuko da: federazio bakoitzak lortutako puntuazioak federazio guztien puntuazioarekiko erakusten duen portzentajea aplikatuko zaio artikulu honen 2. puntuan aipatzen den guztirako kopuruari.

6. artikulua.– Diru-laguntzak ordaintzeko prozedura.

1.– Agindu honetako 3. artikuluan eskatzen den dokumentazio guztia eta diru-laguntzaren eskabidea aurkeztu ondoren, Gazteria eta Kiroletako zuzendariak ebazpena emango du onuradun bakoitzak jasoko duen lehenengo aurrerapena zenbatekoa izango den zehazteko eta ordainketa egiteko, euskal kirol-federazioen kirol-programetarako diru-laguntzak emateko modua arautzen duen abenduaren 26ko 287/2000 Dekretuko 5. artikuluan adierazitako ordainketa-arautegian xedatzen dena betez.

2.– Bigarren ordainketa aurreratua Gazteria eta Kiroletako zuzendariaren ebazpenaren bidez egingo da, betiere aurreko urtean jasotako diru-laguntzaren justifikazioa aurkeztu eta onetsi ondoren. Bigarren zati hori aipatutako urteko diru-laguntzaren % 25 izango da.

3.– Diru-laguntzaren gainerakoa, eskaera egin den urterako onetsitako diru-laguntzaren guztirakoa osatu artekoa, alegia, aurreratutako ordainketetan emandako zenbatekoak justifikatu ondoren likidatuko da.

7. artikulua.– Diru-laguntza justifikatzeko epea eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Diru-laguntzaren bat jaso duten federazioek diru hori agindu honetan eta diru-laguntza emateko ebazpenean zehaztutako helburuetarako erabili dela egiaztatu behar dute 2017ko otsailaren 15a baino lehenago, honako dokumentazio hau aurkeztuz:

a) 2016. urteko aurrekontuaren likidazioa, Batzar Nagusiak onartua, VII. eranskineko ereduaren arabera.

b) Burututako kirol-proiektuari buruzko memoria zehatza. Horrekin batera, eskabidean zehaztutako jarduerak burutu direla egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztu behar da.

c) Helburu berbererako beste diru-laguntzaren bat jaso bada eta deialdi honetarako eskaera aurkezteko unean horren berri ez bazuen, horien zerrenda.

d) Gastuaren justifikazioa.

Gastua justifikatzeko, jatorrizko fakturak edo Gazteria eta Kirol Zuzendaritzak zein Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko lurralde-ordezkaritzek konpultsatutako fotokopiak aurkeztu behar dira. Fakturen zenbatekoa emandako diru-laguntzaren bestekoa izan behar da, ebazpenean ezarritako baldintzen arabera.

e) Eskabidea egiterakoan bi hizkuntza ofizialak erabiltzeko konpromisoa aurkeztu duten federazioei dagokienez, konpromiso hori betetzen dela erakusten duten agirien aleak.

2.– Aurkeztutako dokumentazioa ikusirik, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak dagokion likidazio-ebazpena emango du eta, hala badagokio, dagoeneko ordaindu den baina itzuli egin behar den zenbatekoa adieraziko du, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta itzulketei buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuarekin bat etorrita.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Gazteria eta Kirol Zuzendaritzak jakinarazten du emandako datuak eta diru-laguntzen deialdi honetako eskabidean eta fitxategietan agertzen direnak Kultura Saileko «Kiroletarako Laguntzak eta Diru-laguntzak» izeneko fitxategi batean –2006ko uztailaren 26ko Aginduan araututakoa– sartuko direla, zeinen helburua baita diru-laguntzen deialdi hau eta horrekin zerikusia duten bestelako administrazio-prozedurak edo -espedientek kudeatzea. Datuak Babesteko Euskal Bulegoari lehendik eman zaio fitxategi horren berri; datuen segurtasun osoa bermatzeko segurtasun-neurriak ditu, eta datu horiek ez zaizkie hirugarrenei jakinaraziko, legez agindutako kasuetan izan ezik.

Datu pertsonalak babesteko araudiaren arabera, DPBLk berariaz aitortzen dituen datuak eskuratu, zuzendu, ezeztatu eta aurkatu ahal izango dira Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Araubide Juridiko eta Zerbitzuen Zuzendaritzarekin harremanetan jarriz (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).

Deialdi honetan parte hartzen duten pertsonek baimena ematen diote Administrazioari emandako datuak konparatzeko, eta aurkeztutako agiriak benetakoak direla egiaztatzeko (Administrazio honen esku egon, edo beste Administrazio Publiko batzuen esku egon), laguntzen onuradun izateko eskatutako baldintzak betetzen direla edo betetzen jarraitzen dela egiaztatzeko.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzen duen Ogasun eta Herri Administrazio Sailaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan jasotako ondorioetarako, agindu honetako diru-laguntzak eman ahal izateko, nahitaezko baldintza da horretarako kreditu nahikoa eta egokia egotea Euskal Autonomia Erkidegoko 2016. urteko Aurrekontu Orokorretan.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari. Beraz, horren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera sortuko ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko abenduaren 15a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala