Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

212. zk., 2015eko azaroaren 6a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

LEHENDAKARITZA
4701

204/2015 DEKRETUA, azaroaren 3koa, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren Estatutuei buruzkoa.

Azaroaren 27ko 4/2014 Legearen bidez, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua sortu zen, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio instituzionaleko izaera administratiboko organismo autonomo gisa. Institutuak nortasun juridiko propioa eta jarduteko gaitasun osoa ditu, bere politika publikoaren garapenari dagokion jardun administratiboa deszentralizazio-erregimenean gauzatzeko, politika hori datzalarik giza eskubideen bermean, bultzadan eta garapenean, memoriaren sustapenean eta bizikidetza demokratikoaren aurrerapen eta garapenean, lege honetan izendatzen zaion helburuari dagozkion baldintzetan.

1.2 artikuluan ezarri da Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua arautuko dela lege horretan xedatutakoaren, Euskal Autonomia Erkidegoan izaera administratiboko erakunde autonomoei aplikagarri zaien arautegiaren eta bere estatutuen bidez. Estatutuak Eusko Jaurlaritzaren dekretu bidez onartuko dira, Zuzendaritza Kontseiluak aldez aurreko txostena eginda, eta institutua atxikitzen zaion sailak proposatuta.

Halaber, azaroaren 27ko 4/2014 Legearen 13. artikuluan ezarri da lege horretan garatuko dela institutuaren antolaketa, egitura eta funtzionamenduari dagokion guztiaz aurreikusten dena; Jaurlaritzaren dekretu bidez onartuko den institutuaren Antolakuntza eta Jarduera Araudiak garatuko ditu aipatu aurreikuspenak.

Estatutuak eta institutuaren Antolakuntza eta Jarduera Araudia onartzeko formula juridikoa Jaurlaritzaren dekretu bidezkoa dela kontuan hartuta, dekretu bakarrean arautuko dira biak.

Horren ondorioz, Lehendakariak proposamena egin du eta institutuaren Zuzendaritza Kontseiluak aldeko txostena egin du; bada, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat eginez eta Gobernu Kontseiluak 2015eko azaroaren 3ko bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:

Artikulu bakarra.– Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren estatutuak onartzen dira. Horren barruan sartzen da institutuaren Antolakuntza eta Jarduera Araudia, institutua sortu duen azaroaren 27ko 4/2014 Legean ezarritakoa garatuz eta dekretu honen eranskineko testuarekin bat eginez.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2015eko azaroaren 3an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

AZAROAREN 3KO 204/2015 DEKRETUAREN ERANSKINA
MEMORIAREN, BIZIKIDETZAREN ETA GIZA ESKUBIDEEN INSTITUTUAREN ESTATUTUAK
I. KAPITULUA
IZAERA, HELBURUAK ETA EGINKIZUNAK

1. artikulua.– Izaera eta araubide juridikoa.

1.– Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua izaera administratiboko organismo autonomoa da. Nortasun juridiko propioa eta jarduteko gaitasun osoa ditu, eta memoriari eta bizikidetzari buruzko politika publikoa bultzatzeko ardura eta eginkizunak esleituak dituen Administrazio orokorreko sailari atxikitzen zaio, institutuaren egitura organikoa ezartzen duen dekretuak zehaztutako moduan.

2.– Erakunde autonomo horrek arauzko izango ditu Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua sortu duen azaroaren 27ko 4/2014 Legean xedatutakoa; Euskal Autonomia Erkidegoan izaera administratiboko erakunde autonomoei aplikagarri zaien arautegia, eta bere estatutuak.

2. artikulua.– Jarduera-eremua.

Institutuak bere jarduerak Autonomia Erkidegoko herrietan edo EAEtik kanpo, bereziki bere zirkunstantzia historikoengatik erakundeari izendatu zaion helburuari dagokionez sinbologia berezia duten toki jakin batzuetan. Horretarako, egoki diren lankidetza hitzarmenak sinatuko ditu instituzio publikoekin edo erakunde pribatuekin. Bere presentzia fisikorako lekua aukeratzerakoan, aintzat hartuko du komunikabide onena non den eta herritarrek haren jarduerak irisgarrien non dituzten.

3. artikulua.– Helburua.

1.– Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren xedea da parte hartzea diseinatzen, sustatzen, garatzen eta gauzatzen euskal gizartearen askatasunaren aldeko borrokaren, giza eskubideen bermearen eta bizikidetza demokratikoaren oroimenean funtsezkoak diren balio etikoei eta printzipio demokratikoei buruzko politika publikoa.

2.– Institutuak lan egingo du, gure herriak askatasuna eta demokraziaren garapena defendatzen hainbat hamarkadatan mantendu duen prozesua gogoan, etengabeko oroitzapena egin dadin herritarrek prozesu hura ezagutzea, ulertzea eta kontzientzia hartzea bermatzen duten balio politiko eta sozialez.

3.– Institutuak lan egingo du gordetzeko, garatzeko eta zabaltzeko memoriak eragin duen ondare kolektiboa, bizikidetza demokratikoaren oinarri diren balioen eta printzipioen defentsarena, biktimen lekukotasunean alderdi ordezkaezin bat duena.

4.– Institutuak bultzatu egingo du giza eskubideak eta bakearen balioak zabaldu, sustatu eta defendatzeko lana.

4. artikulua.– Eginkizunak.

1.– Institutuaren eginkizun nagusia izango da aurreko artikuluan izendatzen zaion helburuari buruzko politika publikoa koordinatzea. Horretarako, Autonomia Erkidegoko sektore publikoan dauden organo, zerbitzu edo entitateen jarduna koordinatuko du, definitu den politika publikoarekin zerikusia duen bezainbatean, eta kooperazioa eta lankidetza bultzatuko ditu beste edozein administrazio edo instituzio publikorekin.

2.– Institutuak arreta berezia jarriko du bere eginkizunak betetzerakoan instituzio publikoekin eta izaera pribatuko entitateekin eta haren eginkizunetan interesa duten elkarteekin lankidetzan jarduteko, gizartearekin ahalik harreman handiena izateko bidea bermatuz.

3.– Institutuak honako eginkizun hauek izango ditu:

a) Oroitzapena: programak, argitalpenak eta jarduera akademiko eta kulturalak antolatuz, baita bestelako ekitaldi batzuk ere, gizarte demokratiko eta aske baten eraketan garrantzia izandako pertsona eta gertaeren lekukotasuna eta memoria bizirik mantenduko dituztenak.

b) Kontserbazioa: Euskadiko memoria demokratikoaren ondarea gordetzeko lana eginez haren euskarri material guztietan.

Horretarako, bere jardueran aintzat hartuko du memoriari lotutako elementu eta lekuei buruzko informazio-funtsak eta inbentarioak sortu eta mantentzea, direla ondasunei, gune fisikoei, gizarte-inguruneei edo identifikazio eta aitorpen sozialerako balio duten beste batzuei buruzkoak.

c) Ikerketa: ikerketa sustatuz eta instituzioekin, entitate espezializatuekin eta gogoeta-foroekin lankidetzan arituz, ikerketa- eta azterketa-lanen bidez benetako informazioa eta datuak biltzeko behar diren dokumentazio-azpiegiturak sortuko dira. Ikerketaren bidez, ahalbidetuko da memoria eta bizikidetza eraikitzea, memoria zabaltzea eta komunikatzea.

d) Heziketa: bizikidetzaren eta memoriaren oinarrizko printzipioak pertsonaren oinarrizko eskubideen aitorpenaren eta errespetuaren gainean finkatuz, bai hezkuntza-komunitatean, bai eskubide horien urraketak jasateko edo eragiteko arriskua izan dezaketen edo birgizarteratze-prozesuen beharra duten kolektiboetan.

e) Parte-hartzea eta zabalkundea: memoriaren ondarea Administraziok herritar guztiei modu irisgarrian bermatu beharreko eskubidetzat hartuz.

f) Integrazioa: elkarlana eta komunikazioa sustatuz institutuaren helburuen antzekoak edo osagarriak dituzten instituzioen eta entitate publiko eta pribatuen artean, kooperaziorako eta lankidetzarako behar diren protokolo eta hitzarmenak sinatuz memoriaren eta bizikidetzaren azpiegituren sare bat sortzeko, bertan integra daitezen institutuaren helburuekin bat datozen era guztietako zentroak.

g) Kontsulta: institutuaren helburuarekin zerikusia duten gaiei buruzko txostenak eginez, administrazio publikoek eskatuta.

II. KAPITULUA
ANTOLAKUNTZA ETA FUNTZIONAMENDUA
1. ATALA
GOBERNU-ORGANOAK

5. artikulua.– Gobernu-organoak.

Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren gobernu-organoak honakoak dira:

a) Lehendakaritza.

b) Zuzendaritza Kontseilua.

c) Zuzendaritza.

6. artikulua.– Lehendakaritza.

1.– Gobernuko kide bat izango da institutuko lehendakaria, eta Gobernu Kontseiluak izendatuko du.

2.– Lehendakaritzak honako eginkizunak izango ditu:

a) Institutuaren ordezkari gorena izatea.

b) Institutua Gobernuaren plangintzarako eta politika orokorrerako ildo nagusietara egokitu dadin sustatzea.

c) Zuzendaritza Kontseiluko lehendakari izatea, haren bilkuretara deituz, bilkuretako gai-zerrenda ezarriz, bilkurak zuzenduz, erabakiak hartzean gerta litezkeen berdinketak bere kalitateko botoarekin ebatziz eta hartutako erabakiak betetzen direla zainduz.

d) Estatutu hauek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak.

3.– Lehendakaria aldi batean agertzen ez denean, lehendakariordeak ordezkatuko du eta gauzatuko ditu haren eginkizunak, hurrengo artikuluko 9. paragrafoan ezarritakoa betez.

4.– Lehendakariak bere kargua, automatikoki, utziko du Gobernu Kontseiluak institutuko lehendakari berria izendatzen duenean eta gobernu kidearen kargua uzten duenean.

7. artikulua.– Zuzendaritza Kontseilua.

1.– Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren Zuzendaritza Kontseiluko kideak izango dira:

a) Institutuko lehendakaria.

b) Institutuko zuzendaria.

c) Autonomia Erkidegoko administrazio publikoaren hamalau ordezkari. Institutua atxikita dagoen sailak izendatuko ditu, Administrazioko goi-kargudunen artetik.

d) Lau legebiltzarkide. Legebiltzarreko Osoko Bilkurak izendatuko ditu, ordezkaritza horretan ahal den adostasunik handiena eta aniztasuna bilatuz.

e) Foru erakundeetako hiru kide, foru aldundi bakoitzeko bat. Diputatuen Kontseilu bakoitzeko kideen artean hautatuko eta izendatuko dira.

f) Hiru kide Euskal Autonomia Erkidegoko udalerrien ordezkari gisa, Euskal Autonomia Erkidegoan hedatuen dagoen udalen elkarteak izendatuko ditu alkatetzen titularrak diren pertsonen artean.

g) Hiru kide independente. Eusko Legebiltzarrak izendatuko ditu, memoria sustatzen eta herritarren askatasunak eta elkarbizitza demokratikoaren printzipioak defendatzen itzal handia duten pertsonen artean.

2.– Erakunde bakoitzak kide bakoitzarentzako ordezkari bat izendatu ahal izango du.

3.– Erakunde autonomoaren Zuzendaritza Kontseilua osatuko duten pertsonak hautatzean eta izendatzean ahaleginak egingo dira gaikuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakume eta gizonen presentzia orekatua izan dadin.

4.– Artikulu honetako 1. artikuluaren c) idatz-zatitik f) idatz-zatira arte (biak barne) jasotzen diren Zuzendaritza Kontseiluko kideek beren izaerari eutsiko diote bakoitzak bere erakundekoa izaten jarraitu behar duelako baldintza betetzen duten bitartean, salbu eta izendapena egiteko eskumena duen organoak ordeztea erabakitzen badu.

5.– Artikulu honen 1. paragrafoko g) idatz-zatian jasotzen diren Zuzendaritza Kontseiluko kide independenteak lau urterako izendatuko dira, eta berrio hautatzeko aukera egongo da.

6.– Zuzendaritza Kontseiluko kideak izendatzeko gaitasuna duen instituzioetako batek adierazten badu ez duela kontseiluan parte hartzeko asmorik, edo izendapenak epe barruan egiten ez baditu, izendatu diren ordezkariekin eratuko da organoa, hurrengo paragrafoan aurreikusitako izendapena egin ondoren. Kiderik izendatzen ez duen erakundeak edozein unetan egin ahal izango du, geroago.

7.– Izendapenak jaso ostean, lehendakariaren dekretu bidez izendatuko dira Institutuaren Zuzendaritza Kontseiluko kideak.

8.– Zuzendaritza Kontseiluaren bilkurako gai-zerrendako punturen batean hala komeni bada, lehendakariak, Zuzendaritza Kontseiluarekin adostuta, bilkuran parte hartzera (hitzarekin baina botorik gabe) gonbidatu ahal izango ditu beste instituzio, administrazio eta erakunde publiko edo pribatu batzuen ordezkariak, baldin eta haien eginkizunak gaia jorratzeko interesgarriak badira. Ondorio horietarako, adostasuna dagoela ulertuko da Kontseiluko kideak informatu ondoren horietako batek ere kontrako iritzirik ematen ez duenean.

9.– Zuzendaritza Kontseiluak bere kideen artean aukeratuko du Institutuko lehendakariordea nor izango den; eta hura lehendakariaren ordezko baino ez da izango, azken hori aldi baterako agertzen ez denean.

10.– Zuzendaritza Kontseiluko idazkariaren eginkizuna Institutuari atxikitako funtzionario bati esleituko zaio, eta hark, hitza bai, baina botorik izango ez duelarik, deialdiak egingo ditu, lehendakariaren aginduz, bilkuren aktak jasoko ditu, lortutako akordioei buruzko ziurtagiriak emango ditu, lehendakariaren oniritziarekin, eta organoaren dokumentuak zainduko ditu. Horrez gain, Institutuko organoei aholkularitza juridikoa emango die. Era berean, aipatutako lanak egiteko nahikoak diren baliabidez hornituko da idazkaritzaren eginkizuna.

11.– Zuzendaritza Kontseiluko kideek euskara eta gaztelania erabili ahal izango dute bileretan, eta bi hizkuntzak erabiliko dira deialdietan, gai-zerrendetan, aktetan eta beste idazkietan.

8. artikulua.– Zuzendaritza Kontseiluaren eginkizunak.

1.– Zuzendaritza Kontseilua da Institutuaren jardueraren antolaketa orokorra finkatzen duen organoa, haren lehentasunak onetsiz eta izendatuta dauzkan eginkizunak betetzeko hobekuntza-proiektuak onetsiz; berari dagokio haren jarduera planifikatu aurretik informazioa jasotzea, eta izendatu zaizkion helburuak lortzeko behar diren baliabideak zenbatestea.

2.– Bere eginkizunak betez, Zuzendaritza Kontseiluak urtero onesten ditu Institutuaren aurrekontuen aurreproiektua, ekitaldi bakoitzeko jardueraren plangintza eta bere jardunaren ildo eta jarraibide orokorrak.

3.– Zehazki, hauek dira Zuzendaritza Kontseiluaren zereginak:

a) Aldez aurretik informazioa jasotzea institutuak aurrera eraman beharreko programa eta jardueren diseinuari buruz, horiek ekitaldiko jardueraren plangintzan sartuta ez daudenean.

b) Baimena ematea protokoloak, lankidetza-hitzarmenak eta lankidetzarako akordioak sinatzeko instituzioekin, administrazioekin eta izaera publiko edo pribatuko erakundeekin.

c) Administrazio publikoak eskatuta egiten diren txostenak onartzea.

d) Institutuko estatutuen proiektuaren gaineko txostena egitea, aldez aurretik.

9. artikulua.– Zuzendaritza Kontseiluko kideak.

Lehendakariari izendatutako eginkizunak gorabehera, Zuzendaritza Kontseiluko gainerako kideen eginkizunak dira kide anitzeko organo baten parte direnek berez dituztenak, eta, bereziki, lehendakariari proposatzea gai-zerrendan sartzeko puntuak, bilkuretara joatea eta eztabaidetan parte hartzea, kontseiluari aurkeztea egoki iritzitako proposamenak, kontseiluaren ezohiko bilkurara deitzeko ekimena baliatzea hala irizten diotenean zortzi kontseilukidek gutxienez, botoa ematea eta hura azaltzea, eta idatziz boto partikularrak aurkeztea edo emandako botoa azaltzea hartzen diren erabakiei buruz.

10. artikulua.– Zuzendaritza Kontseiluaren bilkuren deialdia eta bilakaera.

1.– Zuzendaritza Kontseilua gutxienez hiru hilean behin egingo du ohiko bilkura, baita lehendakariak deitzen duen guztietan ere. Ustekabeko eta premiazko egoeraren bat dagoenean, ezohiko deialdiak egin ahal izango dira. Lehendakariak deituko ditu ezohiko bilkura hauek; bestela, Kontseiluko zortzi kidek gutxienez, idatziz eskatu eta ondo arrazoitu ondoren. Azken kasu honetan, eskaera egin eta hurrengo hamabost egun naturaletan deitu beharko du lehendakariak ezohiko bilkura. Gai-zerrendan sartuko ditu eskaera arrazoitua duten puntuak eta interesgarritzat jotzen dituen beste batzuk.

2.– Zuzendaritza Kontseiluaren bilkuretarako deialdia gutxienez hamar egun baliodun lehenago jakinarazi beharko zaie kontseiluko kideei ohiko bilkuren kasuan, eta hiru egun baliodun lehenago ezohiko bilkuren kasuan. Jakinarazpenari erantsiko zaizkio, gainera, bilkurako gaiak jorratzeko eta erabakitzeko beharrezkoa den dokumentazioa.

3.– Bilkurak lehen edo bigarren deialdian egingo dira, eta bien artean ordu erdiko tartea utziko da.

4.– Zuzendaritza Kontseiluaren bilkura baten eraketa baliozkoa izan dadin, lehen deialdian beharrezkoa izango da kontseilukideen gehiengo osoa bilkuran egotea; eraketa bigarren deialdian baliozkoa izateko, gutxienez zortzi kidek egon beharko dute bilkuran. Nolanahi ere, eta deialdiaren baldintzak bete ez arren, Kontseilua behar bezala eratu dela ulertuko da kontseilukide guztiak bertaratu eta aho batez erabakitzen dutenean behar bezala eratuta dagoela.

5.– Erabakiak bilkuran dauden kideen gehiengo soilez hartuko dira eta aurretik gai-zerrendan sartutako puntuei buruzkoak izango dira, bilkuran dauden guztiek presazkotzat jotzen dituzten kasuetan izan ezik.

6.– Bilera guztien akta egingo da. Aktetan honakoak jasoko dira: nortzuk bertaratu diren, bilera non eta noiz egin den, aztertu diren gai nagusiak, bozketa egiteko moduak, bozketen emaitzak eta erabakien edukia. Aktak idazkariak sinatuko ditu, eta kontseiluburuak ontzat emango ditu. Bilera horretan edo hurrengoan onetsiko dira.

7.– Zuzendaritza Kontseiluak estatutu hauetan ezarritakoez gain funtzionamendurako beste arau batzuk ere hartu ahal izango ditu. Baina arau horiek ezarri ez badira, modu osagarrian aplikatuko da Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean kide anitzeko organoen funtzionamendurako ezarri dena.

11. artikulua.– Institutuko Zuzendaritza.

1.– Institutuko zuzendaria Administrazioko goi-karguduntzat hartuko da, eta haren izendapena, kargugabetzea, zerbitzu-harremana eta araubide juridiko aplikagarria Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 29. artikuluan ezarritakoaren araberakoak izango dira, baita Administrazioarekin zerbitzu-harreman hori duenari aplikagarri zaion gainerako araudiaren araberakoak ere.

2.– Institutuko zuzendariari ondoko eginkizunak betetzea eta gauzatzea dagokio:

a) Institutuaren jarduera zuzentzea.

b) Erakundeen arteko harremana eta memoriari lotutako politiken integrazioa.

c) Akordioak eta hitzarmenak sinatzea.

d) Institutuak hurrengo ekitaldian izango duen jarduera prestatzea, Zuzendaritza Kontseiluari proposatzea (urteko azken bilkuran) eta argitaratzea.

e) Institutuaren aurrekontuen aurreproiektua egitea eta Zuzendaritza Kontseiluari proposatzea.

f) Institutuaren proiektu eta jarduketak lantzea, haiei buruzko informazioa edo erabaki-proposamena aurkeztea Zuzendaritza Kontseiluari, baldin eta hark aldez aurretik ezagutu edo ontzat eman beharrekoak badira.

g) Zuzendaritza Kontseiluak hartutako erabakiak gauzatzea eta betetzea, hartarako beharrezkoak diren ebazpen edo egintza administratiboen bidez.

h) Institutuaren zerbitzuen zuzendaritza eta ikuskapena, eta haren langileriaren antolaketa, kontrol eta zuzendaritza, langileak motibatuta egon daitezen eta institutuaren helburuetan parte har dezaten saiatuz.

i) Laguntzak eta diru-laguntzak arautu, deitu eta ematea.

j) Institutuaren gastuak baimentzea eta ordainketak agintzea.

k) Ordenamendu juridikoaren arabera erakunde autonomoek ondareaz eta kontratazioaz dituzten eskumenak erabiltzea, eta, bereziki, Institutuaren kontratazio-organo gisa jardutea. Hori gorabehera, ekainaren 5eko 136/1996 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren kontratrazio-araubideari buruzkoa) Gobernu Kontseiluari eta Ogasun eta Herri Administrazio Sailari eman dizkien eskumenak erabiliko dira.

l) Institutuaren helburuak lortzeko beharrezkoa den beste edozein eginkizun, baldin eta beste organo bati berariaz esleitu ez bazaio, eta orobat lehendakariak edo Zuzendaritza Kontseiluak berariaz agintzen dizkion egintza zehatzen gauzatze materiala.

2. ATALA
BESTE ORGANO ETA ZERBITZU BATZUK

12. artikulua.– Zuzendariondokoa.

Zuzendariondokoaren kargua sortu da. Zuzendariak esleituko dizkio zereginak, Institutuari agindutako eginkizunen baten garapen teknikoa eta espezializatua, esaterako. Baina, bereziki, honako eginkizunak izango ditu:

a) Institutuko zuzendaria ez dagoenean, gaixorik dagoenean eta kargu hori bete gabe dagoenean, arau honetan hari emandako eginkizun eta eskumen guztiak burutzea, egoerak dirauen artean.

b) Institutuko Zuzendaritzari laguntza teknikoa eta administratiboa ematea hark eskatzen duenean, eta Zuzendaritzak berariaz eskuordetzen dizkion eginkizunak burutzea.

13. artikulua.– Institutuaren zerbitzuak.

Institutuaren zuzendariaren menpekotasun organikoa eta funtzionala izango dute honako zerbitzu hauek:

a) Kudeaketa Zerbitzua.

b) Ikerketa eta Artxibo Zerbitzua.

c) Hedapen Zerbitzua.

14. artikulua.– Kudeaketa Zerbitzua.

Kudeaketa Zerbitzuaren zereginak izango dira Institutuaren administrazioa, ekonomia eta giza baliabideak kudeatzea; eta zehazki:

a) Zuzendaritza Kontseiluaren idazkari-lanak egingo ditu, azaroaren 27ko 4/2014 Legeko 8.8. artikuluan eta Estatutu hauen 7.10 artikuluan ezarritakoaren arabera.

b) Institutuaren organoei lagunduko die ebazpenak, hitzarmenak eta erabakiak prestatzen. Halaber, lege-gaiei buruzko aholkuak emango dizkie.

c) Sortzen diren espediente administratiboak hastea eta izapidetzea.

d) Aurrekontuen aurreproiektua prestatzea, horren jarraipena egitea eta Institutuaren kudeaketa ekonomiko-administratiboa gauzatzea.

e) Institutuari atxikitako langileak administratzea eta kudeatzea, eta diziplina espedienteak izapidetzea, haren eskumena izango baita.

f) Langileak behar diren aztertzea eta Institutuaren lanpostu-zerrendaren proposamena gertatzea.

g) Barne-antolaketarako metodoak eta informazio eta prestakuntza sistemak proposatzea, lanerako sistemak arrazionalizatu eta hobetzeko.

h) Programa eta proiektuen jarraipena eta ebaluazio ekonomikoa egitea.

i) Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean xedatutakoa betetzen dela sustatzea eta koordinatzea, berdintasun unitate egokiaren bidez.

j) Institutuaren Zuzendaritzak agintzen dizkion antzeko beste eginkizun batzuk garatzea.

15. artikulua.– Ikerketa eta Artxibo Zerbitzua.

Ikerketa eta Artxibo Zerbitzuak honako eginkizun hauek ditu:

a) Memoriari, Bizikidetzari eta Giza Eskubideei buruzko azterlanak eta ikerketak bultzatzea.

b) Hezkuntza sistemako erakundeekin lankidetzan aritzea, memoriari, bizikidetzari eta giza eskubideei lotuta dauden ikerketa-proiektuak eta prestakuntza-programak garatzeko.

c) Memoriari, bizikidetzari eta giza eskubideei buruzko informazioa eta dokumentazioa biltzen dituen funts publikoa sortzea eta mantentzea.

d) Elkarlanean aritzea Euskadiko Artxibo Historikoarekin, beste artxibo publiko eta pribatu batzuekin, eta dokumentu-zentroekin.

e) Indarkeriaren, terrorismoaren eta memoria historikoaren datuak eta lekukotasunak artxibatzea.

f) Institutuaren Zuzendaritzak agintzen dizkion antzeko beste eginkizun batzuk garatzea.

16. artikulua.– Partaidetza eta Hedapen Zerbitzua.

Hedapen Zerbitzuak honako eginkizun hauek ditu:

a) Oroimenaren eraikuntzan eta giza eskubideen sustapenean herritarrek parte hartzeko guneak sortzea.

b) Erakusketa guneak sortzea; horietan, biktimen memoria eta giza eskubideen defentsarako borrokaren memoria demokratikoa jasotzeko.

c) Hezkuntza esparruko erakundeekin lankidetza akordioak egin daitezen sustatzea; eta programak, heziketa proiektuak eta tresna pedagogikoak garatzea. Betiere memoriari, bizikidetzari eta giza eskubideei lotuta.

d) Institutuaren Zuzendaritzak agintzen dizkion antzeko beste eginkizun batzuk garatzea.

III. KAPITULUA
INSTITUTUKO LANGILEAK

17. artikulua.– Institutuko langileak.

1.– Institutuaren langileak hauek dira: lanpostu bakoitzari esleitutako eginkizunen izaeraren arabera erakundean zerbitzuak ematen dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoen kidegoetako edo plantilletako funtzionario publikoak.

2.– Funtzionarioei honakoak aplikatuko zaizkie: apirilaren 12ko 7/2007 Legea, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuari buruzkoa; uztailaren 6ko 6/1989 Legea, Euskal Funtzio Publikoari buruzkoa; eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren karrerako funtzionarioei aplikatzen zaien funtzio publikoko araudia.

IV. KAPITULUA
ONDAREA, BALIABIDEAK, AURREKONTUAK ETA KONTABILITATEA

18. artikulua.– Ondareari eta kontratazioari buruzko araubidea.

1.– Institutuaren ondasunei eta eskubideei, eta atxikitzen zaizkionei, aplikatu beharreko araudiak bete egiten du Euskadiko ondareari buruzko Legearen testu bateginean (azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuak onetsia) ezarritakoa.

2.– Institutuaren eginkizunak betetze aldera egin behar diren kontratazioetan eta eskuratu behar diren ondasun eta zerbitzuetan kontratazio publikoari buruzko araudia aplikatuko da, botere adjudikatzaileei dagokienez, Sektore Publikoko Kontratuei buruzko legeriaren ondorioetarako administrazio publikotzat hartzen direlako.

19. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Institutuak baliabide ekonomiko hauek izango ditu:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura urtero ezartzen diren diru-kopuruak.

b) Tasak, prezio publikoak eta ondasun eta eskubideetatik datozen era guztietako produktu eta errentak; eta Institutuaren jardueraren ondoriozko diru-sarrera arruntak eta ezohikoak. Barruan sartzen dira, izan ere, Institutuaren aurrekontuen gain emandako izaera publikoko diru-sarrerak, diru-laguntzen onuradunek betebeharrak ez betetzeagatik izapidetutako itzulketa-prozedurei dagozkienak.

c) Institutuari emandako diru-laguntzak, ekarpenak eta dohaintzak.

d) Esleitzen zaizkion beste batzuk.

20. artikulua.– Ekonomiari eta aurrekontuari lotutako araubidea.

1.– Erakunde autonomoentzat ezarritako araubidea aplikatuko zaio aurrekontuei, ekonomia-finantzei eta kontrol ekonomikoari dagokienez; baita, oro har, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiak dituen gaiei dagokienez ere.

2.– Institutuak dagokion aurrekontu-aurreproiektua egingo du urtero, aurrekontu-gaietan ardura duten Administrazio Orokorreko organoek ematen dituzten arau eta jarraibideen arabera, eta eskumena duen sailera helaraziko du, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren Proiektuan txerta dezan.

V. KAPITULUA
ARAUBIDE JURIDIKOA

21. artikulua.– Araubide juridikoa.

1.– Institutuaren araubide juridikoa izango da azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuko III. tituluko II. kapituluan ezarritakoa; dekretu horrek Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartu zuen.

2.– Institutuaren lehendakariak eta zuzendariak bakarrik eman ditzakete ebazpenak eta egintza administratiboak.

3.– Institutuaren lehendakariak emandako egintzen eta ebazpenen bidez administrazio-bidea amaituko da. Haien aurka, berraztertzeko errekurtsoa jarrai ahal izango zaio organo berari.

4.– Institutuaren egintzen eta ebazpenen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio beraren lehendakariari, administrazio-kontratazioaren esparruan emandakoak izan ezik; izan ere, sektore publikoko kontratuei buruzko legeetan berariaz aurreikusitako errekurtsoak jarri ahal izango baitira haien aurka.

5.– Institutuaren lehendakariak berrikusiko ditu, ofizioz, erakundeko organoek emandako egintzak.

6.– Institutuaren zuzendariak ebatziko ditu auzibidera jo aurreko erreklamazioak, arlo zibileko eta lan arloko gaietan.


Azterketa dokumentala