Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

189. zk., 2015eko urriaren 5a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
4176

AGINDUA, 2015eko urriaren 1ekoa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena; 2015-2017 aldiari dagokionez, Euskal Kultura Ondarea babestu eta zaintzeko diru-laguntzetarako deialdia egiten duena.

Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 106. artikuluak dio Euskal Autonomia Erkidegoko eta lurralde historikoetako herri-administrazioek nahitaez bideratu behar dutela beren eskumeneko lan publikoen –hirurehun milatik gorakoen– aurrekontuaren ehuneko bata, gutxienez, legeak berak aurreikusten dituen helburuetarako.

Artikulu hori garatuz, Eusko Jaurlaritzak uztailaren 28ko 204/1998 Dekretua eman zuen, aurrekontu-erreserba horren arau erregulatzaileak onartzen dituena. Bertan aurreikusten da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari dagokionez, erreserba hori bihurtzea, zatika edo osorik, kultura arloan eskumenak dituen sailaren kargurako diru-atal, eta, hala, aurrekontu-erreserba horrek dituen helburuak benetan gauzatzea.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2015eko ekainaren 30eko Aginduak, halaber, aldatu egin zituen honako irizpide hauek: Euskal Kultura Ondarea zaindu, aberastu, babestu, hedatu eta sustatzeko inbertsioetarako aurrekontu-funtsak aplikatzeko direnak; izan ere, lehenago, Kultura sailburuaren 1999ko otsailaren 19ko Aginduan jasotzen ziren irizpide horiek.

Aipatutako aurrekontu-erreserbatik datozen kopuruak zuzen bideratzeko eta behar bezala erabiltzeko xedez, agindu honen helburua da aipatu diru-laguntzetarako deialdia egitea, eta, halaber, haiek zein baldintza eta eratan eskatuko eta ebatziko diren arautzea, betiere helburu horretarako esleituko den zenbatekoaren kargura; zehazki, «ehuneko bat kulturala» deritzonetik datorren diruarekin.

Horregatik, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honek, batetik, Euskal Kultura Ondarea babestu eta zaintzeko diru-laguntzetarako deialdia egiteko helburua du, eta, bestetik, diru-laguntza horiek emateko araubidea finkatzekoa. Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legeko 102.2 artikuluan jasotako jarduketa oro agindu honen helburutik kanpo geratzen dira; izan ere, lurralde historikoetako foru aldundien eskumenetan sartzen dira-eta. 2015etik 2017ra bitartean burutu beharko dira diruz laguntzen diren proiektuak.

2. artikulua.– Diru-laguntza jaso dezaketen jarduerak.

Agindu honen babesean laguntzen diren jarduerek bat etorri behar dute, nahitaez, babes-araudiarekin eta araudi hori garatzen duen hirigintza-plangintzarekin. Hona zein kategoriatan sailkatzen diren jarduerok:

a) Monumentu sailkatuak, inbentariatuak edo babestuak izateko espedientea irekita dutenak. Kategoriek horretan, bereziki lagun daitezke honako jarduerak hauek

– Babestutako monumentu-multzoa balioesteko oztopo diren elementuak eta zatiak, baita eraikuntzak eta eraikin osoak ere, deuseztatzea, eraistea edo kentzea.

– Monumentu-multzo baten jabetzen lotekako banaketari eustea, aurreko eraikina eraistea dela-eta ordezkatze-jarduera bati ekiten zaionean, betiere babes-araubideko irizpideei jarraituta.

– Erakinak berrerabiltzea. Berrerabilpentzat ulertuko da eraikinarekin bateragarria den erabilera berri bat baliatzea, edota, landa izaera duten multzoei dagokienez, gutxienez azken bost urteetan etendako erabilera bereizgarriari berriro ekitea. Kontzeptu horren ondorioz, honako hauek lagun daitezke diruz: erakina berrerabiltzeko beharrezko diren instalazio orokorrak, obra-zuzendaritzak eta proiektu teknikoak.

– Aztarnategi arkeologikoetan garrantzizkoak diren egiturak kontsolidatzea; kanpoan geratzen direlarik honako hauek: balioa emateko proiekturik ez dutenak (agindu honen aldian behar luke hasiera halako proiektuak).

– Orubearen edo egituren gaineko azterlanak (arkeologikoak, dokumentalak ...); betiere, haien helburu badira balioa ematea, berriztatzea, etab. Ondasunaren gainean esku hartzeko proiektuaren parte gisa integratuko dira azterlanok.

b) Kultura ondarea sailkatua, landa eta industria eitea edukirik inbentariatua edo babestua izateko espedientea irekita duena: kategoria horretan, batez ere, honako proiektuak lagun daitezke diruz: aipatu ondareari balioa eman eta hura berrerabiltzeko helburua dutenak, betiere kontzeptu hauen barruan: erabilera berrira egokitzeko barneko esku-hartzeak, beharrezko instalazioak eta obra-zuzendaritzak eta proiektu teknikoak. Berrerabilpentzat ulertuko da eraikinarekin bateragarria den erabilera berri bat baliatzea, edota gutxienez azken bost urteetan etendako erabilera bereizgarriari berriro ekitea.

c) Kultura Ondare sailkatua, inbentariatua edo babestua izateko espedientea irekia duena balorizatzea: bereziki, ondasuna balorizatu eta hori burutzeko premiari buruzko azterlan global batetik abiatzen diren ekimenak; eta, horien artean, aipatu kultura ondarea babesteko premiaz gizartea sentsibilizatzea helburutzat duten proiektuak. Helburu nagusitzat honako hauetariko baten bat duten proiektuak kanpo geratzen dira: babestutako terrenoak eta ondasunak erostea, kurtsoak eta biltzarrak, lehiaketak, programa informatikoak, ibilbide kulturalak, web-orriak sortu eta mantentzea eta argitalpenak (liburuak, monografiak...); azken kasu horretan, salbuespen direlarik diruz lagundutako jarduera ulertzeko beharrezko direnak.

d) Sailkatutako edo inbentariatutako ondasunak eta/edo euren ingurunea desjabetzeko finantzaketa. Kategoria horretan, tokiko administrazioak aipatu ondasunak eta euren ingurunea eskuratzea bakarrik lagun daiteke diruz. Toki Administrazio dira: udalak, mankomunitateak, koadrilak, kontzejuak eta hura osatzen duten gainontzeko entitateak. Desjabetzearen helburua honako hau izango da: deklarazioan sartzen den ondasun kulturala edo horren parte garrantziko bat balorizatzea.

d.1.– Ondare arkeologikoa:

Kontzeptu horretan honako hauek sartzen dira: labar-artedun leizeak, hiri-eremuetatik kanpoko gotorlekuak eta monumentu megalitikoak.

d.2.– Ondare eraikia:

Kontzeptu horretan honako hau ere sartuko da: hirigune historikoetako monumentu-multzoetan sartutako ondasunak eta/edo horien ingurunea desjabetzea.

e) Sailkatutako eta inbentariatutako ondarea edo babestua izateko espedientea irekia duena zaindu, aberastu, babestu eta sustatzeko beste edozein jarduera; betiere, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legean jasotako helburuekin bat datorrena, eta Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren beste agindu espezifiko batzuetan jasota ez dagoena.

3. artikulua.– Hartzaileak.

Deialdi honetan deskribatzen diren eta diruz lagun daitezkeen jarduerak burutzen dituzten pertsonak fisikoek edo juridikoek eskatu ahal izango dituzte diru-laguntza hauek.

4. artikulua.– Pertsona edo erakunde onuradunak.

1.– Agindu honetako 2. artikuluko a), b), c) eta e) idatz-zatietako jarduerei dagozkien diru-laguntzak, artikulu horretan aipatu jarduerak burutzen dituzten pertsona fisiko edo juridikoek –pribatuek zein publikoek– eskatu ahal izango dituzte.

2.– Agindu honetako 2. artikuluko d) idatzi-zatiko jarduerei dagozkien diru-laguntzak honako hauek eskatu ahal izango dituzte: Toki Administrazioko entitateek edo haren menpeko diren erakundeek; baldin eta aipatu diru-laguntzen helburu diren ondasunak eta terrenoak eskuratzen badituzte.

3.– Eusko Jaurlaritzaren abenduaren 30eko 317/2002 Dekretuak (Ondare urbanizatu eta eraikia birgaitzeko jarduketa babestuei buruzko abenduaren 30eko 317/2002 Dekretua) aipatzen dituen birgaitzeko hirigintza-sozietateak badira; bada, sailkatutako monumentu-multzoei buruzko a) idatz-zatiko jarduerak diruz laguntzeko eskabideak, sozietate horien bitartez bideratu ahal izango dira, eta, hala badagokio, horien eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika kultura Sailaren artean hitzarmen bat sinatu ahal izango da.

5. artikulua.– Erakunde edo pertsona eskatzaileek bete beharreko baldintzak.

1.– Jarduteko behar besteko gaitasuna izatea, eta pertsona juridikoen kasuan, legez eratuta egotea, eta, beharrezkoa bada, erregistro egokian inskribatuta egotea.

2.– Ezin izango dira aurkeztu, kasuan kasuko zigorrak ezarritako epean, laguntza publikoak lortzeko zigor administratibo edo penalik jasotako pertsona edo erakunde eskatzaileak, ezta ere horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik dutenak ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legean ezarritakoa barne (4/2005 Legea, otsailaren 18koa).

3.– Diru-laguntza horiek emateko –eta, bidezko denean, ordaintzeko– ezinbestekoa izango da amaiera ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emanda dituzten izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen arloan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiei. Hala ere, itzulketa- edo zigor-prozedura bat izapideetan izateak ez du galaraziko prozedurarako lehiatzea, ezta kontzesioa ere, eta, kasua bada, ordainketa egin aurretik aipatu prozedura amaiturik dagoela egiaztatu beharko da. Edozelan ere, gorago aipatu diru-laguntzen ondoriozko itzulketa-obligazioak bete ez dituzten pertsonek edo erakundeek ezin izango dituzte jaso agindu honetan araututako diru-laguntzak.

Halaber, publikoak ez diren pertsona fisikoei eta juridikoei dagokienez, esan behar da ezen, laguntzak eman eta ordaintzeko, zerga-betebeharrak konplitu izana egiaztatu beharko dutela, betiere Euskadiko Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren pentzutan diru-laguntzak eskuratu dituztenek zerga mailako obligazioak bete dituztela egiaztatzeari buruzko Ogasun eta Finantza sailburuaren 1991ko urriaren 7ko Aginduan xedatutakoarekin bat etorriaz (1991ko urriaren 15eko EHAA, 208 zk.). 2006ko ekainaren 19ko Aginduaz eguneratu zen aipatu aginduaren eranskina. Bestalde, laguntzak eman eta ordaintzeko, onuradunak eguneraturik eta beteta izan beharko ditu Gizarte Segurantzarekiko obligazioak.

4.– Helburu bererako, beste edozein erakunde edo administraziotik –publikotik zein pribatutik– beste diru-laguntzarik, laguntzarik, diru-sarrerarik edo bestelako baliabiderik eskatu badu edo, kasua bada, lortu badu erakunde eskatzaileak, guzti hori komunikatu egin beharko du.

6. artikulua.– Diru-baliabideak.

1.– Lehenengo artikuluan aurreikusitako helbururako baliabide ekonomikoek bi milioi eta laurehun mila (2.400.00) euro egiten dituzte; zeintzuetarik 800.000 euro 2015. urteko ordainketa-kredituei dagozkien, 800,000 euro 2016. urteko konpromiso-kredituei; eta, azkenik, 800.000 euro 2017. urteko konpromiso-kredituei.

Artikulu honetan kontsignatutako zenbatekoak gehitu ahal izango dira, eskatutako diru-laguntzen guztirako zenbatekoa kontutan harturik, eta Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren aurrekontua exekutatu ondoren ahitu gabe geratzen diren aurrekontu-baliabideen arabera. Adierazitako aldaketa diru-laguntzak ebatzi baino lehen egin beharko da. Halako zirkunstantziarik jazotzen bada, Euskal Herriko Agintaritzaren eman beharko horren berri, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen ebazpen bidez.

7. artikulua.– Diru-laguntzen gehienezko kopurua edo muga.

Agindu honetan aurreikusitakoaren arabera emango diren diru-laguntzek goreneko muga hauxe izango dute: diruz lagun daitekeen aurrekontuko diru-zenbatekoaren (BEZa barne dela) ehuneko ehuna (% 100), salbu eta monumentu-multzoan diren jabetzen lotekako banaketa-erregimenari eusteari dagokionez, zeinak diruz lagun daitekeen aurrekontuaren zenbateko ekonomikoaren ehuneko berrogei (% 40) (BEZa barne dela) izango baitu goreneko mugatzat; baina, betiere, ez da onartuko gainfinantzaketarik. Agindu honetan oinarritutik emango diren diru-laguntzetarariko batek ere ez du egingo 300.000 eurotik gora. Hala ere, horren ez du eragotziko honako hau: agindu honetako xedapen gehigarrietarik lehenengoan ezarritakoa aplika dakiekeen laguntzen onuradunei ezarritako muga.

Hori guztia betiere Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak helburu horretarako esleitzen dituen aurrekontuko diru-izendapenen barruan.

8. artikulua.– Proiektuak gauzatzeko epea.

Diruz lagundutako proiektuak 2015eko ekitaldian hasi beharko dira edo hasita egon beharko dute, eta, beranduenik ere, 2017ko abenduaren 31 baino lehenago amaitu beharko dira.

9. artikulua.– Bateragarritasuna.

Agindu honen bitartez deitzen diren diru-laguntzak bateragarriak izango dira, helburu bererako, beste erakunde publiko edo pribatu batzuek deitzen duten beste ezien laguntza edo diru-laguntzarekin, eta bai beste ezein diru-sarrera edo baliabiderekin; betiere, guzti horien helburu den jarduerarako jasotzen direnen guztikoak gainfinatzaketarik eragiten ez badu, hain justu ere emateko kontuan izan den aurrekontuarekiko. Halakorik jazotzen bada, deialdi honetan oinarriturik emandako laguntzaren zenbatekoan gehiegizkoa den partea, horixe izango da murriztuko dena.

10. artikulua.– Eskaerak aurkeztea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera.

2.– Eskabideak bertatik bertara aurkeztu ahal izango dira Kultura Ondarearen Zuzendaritzan (Donostia kalea, 1, 01010 Vitoria-Gasteiz), Zuzenean, EAEko erregistro osagarrietan edo azaroaren 26ko 30/1992 Legean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean; betiere, eskabide normalizatuaren bitartez, zeina osorik eta behar bezain ondo bete beharko den (aipatu erregistroak zerrendatuta daude apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzkoan). Eskabide-eredua euskadi.net webguneko egoitza elektronikoan eskuratu ahal izango da.

Bestalde, bide elektronikoa erabiliz ere aurkeztu ahalko dira eskabideak, euskadi.net egoitza elektronikoan sartuta:

– Castellano: https://www.euskadi.net/ayuda_subvencion/-/2015/defensa_patrimonio/es/

– Euskara: https://www.euskadi.net/diru_laguntza/-/2015/ondarea_babestu/eu/

3.– Pertsona eta erakunde interesdunek bertatik bertara edo bide elektronikoak erabili ahal izango dituzte prozedura honetako izapideak eskatzeko, kontsultatzeko eta bideratzeko.

4.– Eskabidea egiteko eta dokumentuak aurkezteko, bide presentziala edo elektronikoa erabiltzeak ez du esan nahi nahitaez baliabide horiek erabili behar denik prozeduraren ondorengo izapideetan, edozein unetan alda daitezke-eta.

Eskabidearen ondoko izapideak, bide elektronikoa erabiliz, hemen egin daitezke: http://www.euskadi.net/misgestiones.

5.– Eskaerak eta erantzukizunpeko adierazpenak –bai bide presentziala erabiliz bai bide elektronikoa erabiliz– nola tramitatu behar diren azaltzen dituzten argibideak honako egoitza elektroniko honetan daude ikusgai, eta, halaber, gainontzeko ereduak:

– Castellano: https://www.euskadi.net/ayuda_subvencion/-/2015/defensa_patrimonio/es/

– Euskara: https://www.euskadi.net/diru_laguntza/-/2015/ondarea_babestu/eu/

6.– Erakunde edo pertsona eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez dezakete, nahi duten eran. Era berean, prozedura osoan zehar, erakunde/pertsona eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeak, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzkoak, 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezartzen duen moduan.

11. artikulua.– Erakunde edo pertsona eskatzailearen betekizunak egiaztatzea.

1.– Laguntzak eskatzen dituzten erakundeek edo pertsonek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela automatikoki egiaztatuko du, behar beste aldiz, organo kudeatzaileak, eta horretarako ez du eskatzaileen baimenik beharko, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua aplikatuz. Interesdunek Nafarroako Ogasunean ordaintzen badituzte zergak, zerga-betebeharrak betetzen dituztela egiaztatzen duen egiaztagiria aurkeztu beharko dute.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.6 artikuluari jarraituz, eskabidearekin batera egindako ardurapeko adierazpen baten bitartez, honako betebehar hauek egiaztatuko dira:

– Helburu bererako diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo beste baliabide batzuk eskatu, eta, hala badagokio, jaso direla adierazi beharko da, edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik etorriak direla ere. Helburu bererako, beste diru-laguntzarik, laguntzarik edo diru-sarrerarik ez bada lortu ezta eskatu ere, hori frogatzen duen zinpeko adierazpena aurkeztu beharko da.

– Aurreko bi zerga-ekitaldietan eta korritzen duenean, «minimis» erregimenari lotutako beste ezein laguntza lortu bada, hori komunikatu egin beharko da.

– Eskaera egiten duen pertsonak edo erakundeak ez du izan behar diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen dion zigor administratibo edo penalik, ezta diru-laguntzak jasotzeko legezko debekurik ere, sexuaren bereizkeriaren ondoriozkoak barne (Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrena).

– Erakunde edo pertsona eskatzaileak adieraztea eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla, eta laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak betetzen dituela.

3.– Eskabideetan sartuko da badagoela aukera laguntza eskatzen duen erakundeak edo pertsonak honako hau baimen dezan, espresuki: gainerako datuak edo agiriak organo kudeatzaileak lortu edo egiaztatzea, bide presentziala zein elektronikoa erabilita, eta, betiere, Administrazio Publikoak dituen egiaztatze-, kontrolatze- eta ikuskatze-ahalmenen kalterik gabe.

12. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Kasu guztietan ere, eskabidearekin batera honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) Jarduera edo proiektuaren gaineko txosten zehatza, diruz lagundutako jarduera hori gauzatzeko gehienezko epeak berariaz jasoko dituena; horiek, betiere, ez dira izango 2017ko abenduaren 31az geroztikoak.

b) Proiektuko diru-sarreren eta gastuen aurrekontu xehatua, egoitza elektronikoan eskura dagoen «Gastuen eta sarreren aurrekontua» izeneko ereduaren araberakoa.

– Castellano: https://www.euskadi.net/ayuda_subvencion/-/2015/defensa_patrimonio/es/

– Euskera: https://www.euskadi.net/diru_laguntza/-/2015/ondarea_babestu/eu/

2.– Aurreko paragrafokoaz gain, eskabidearekin batera aurkeztu beharko den dokumentazio espezifikoa:

– Gutxienez azken bost urteotan etendako higiezinaren erabilera bereizgarriari berriz ekitea helburu duten proiektuen kasuan, gorabehera horren berri ematen duen zinpeko adierazpena, bai eta eraikinaren azken bost urteotako ur eta argiaren ordainagiriak ere.

– Higiezinetan egiten diren lanetan eta monumentu-multzo baten lotekako banaketa errespetatzen duten jardueren kasuan, diruz lagunduko diren jardueren proiektu teknikoak, lizentziak eta baimenak (edo horien eskabideak, nahiz eta gero, behin emanez gero, aurkezteko obligazioa izan, diru-laguntzaren justifikazio moduan).

– Industria- eta landa-ondarearen berrerabilpena eta balioestea justifikatuko duen proiektu teknikoa edo txosten zehatza.

– Eta, oro har, eskatutako diru-laguntza bermatuko duen beste edozein, betiere sailkapen eta balorazio egokia egiteko balio badu.

13. artikulua.– Laguntzen kudeaketa.

Kultura Ondarearen Zuzendaritzak kudeatuko ditu deialdi honetan aurreikusten diren diru-laguntzak.

14. artikulua.– Dokumentazioa aztertzea eta akatsak zuzentzea.

1.– Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Kultura Ondarearen Zuzendaritzak eskaera epe barruan eta eskatutako moduan egin dela egiaztatuko du, baita eskatzen den dokumentazio guztia aurkeztu dela ere.

2.– Eskabidea izapideak egiteko onartzeko eskatzen diren dokumentu batzuk falta direla edo horietan forma-akatsak daudela ikusiz gero, edo eskabidea balioesteko aurkeztutako dokumentazioan akatsak aurkituz gero, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari, huts-egitea konpondu edo aginduzko dokumentuak aurkez ditzan, eta jakinaraziko zaio ezen, hala egiten ez badu, eskabidean atzera egin duela edo izapideak egiteko eskubidea galdu duela ulertuko dela; betiere, hartarako, aldez aurretik ebazpen bat emango da.

15. artikulua.– Balorazio-batzordea.

1.– Diru-laguntzaren helburu diren jarduerak baloratzeko, Balorazio Batzorde bat eratuko da (Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legean xedatutakoa errespetatuz), aurkezteko epea amaituta eta eskaerak onartu diren ala ez erabaki ondoren. Batzorde horrek, ezarritako esleipen-irizpideak kontuan hartuta, dagokion ebazpen-proposamena igorriko dio Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari, eta honako hauek osatuko dute:

– Kultura Ondarearen zuzendaria edo horrek eskuordetutako pertsona. Batzordeburua izango da, eta boto-berdinketak gertatuz gero, bere kalitate-botoaz ebatziko ditu

– Euskal Kultura Ondarearen Zentroko arduraduna.

– Kultura Ondarearen Zuzendaritzako bi teknikari, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak izendatuak. Horietako bat batzordeko idazkari izango da.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da Balorazio Batzorderen osaera, Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 49.2 artikuluak ezartzen duenarekin bat etorriz.

2.– Balorazio Batzordeak egoki deritzonean, proiektuari dagokion gaian aditu diren aholkularien laguntza eskatu ahal izango du.

3.– Balorazio Batzordearen eraketa baliozkoa izan dadin, beharrezkoa izango da lehendakaria eta idazkari presente izatea.

4.– Balorazio Batzordeko kideak abstenitu egingo dira eta ezetsiak izan daitezke, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 28. eta 29. artikuluetan ezarritako kasuetan.

16. artikulua.– Emateko prozedura.

Agindu honetan jasotako diru-laguntzak emateko, ondoko norgehiagoka prozedura erabiliko da:

– Behin eskabideak aurkezteko epea bukatu ostean, eta, kasua bada, 14. artikuluan aurreikusi izapidea gauzatutakoan, agindu honetan ezarritako betekizunak konplitzen dituzten jarduerak ebaluatu egingo ditu Balorazio Batzordeak, hurrengo artikuluan finkatzen diren irizpideekin bat etorriaz.

– Diru-laguntza jaso ahal izateko, jarduerek nahitaez lotu beharko dituzte, gutxienez, hirurogei (60) puntu ebaluazio-fasean.

17. artikulua.– Ebaluazio eta hautaketa irizpideak.

Jarduerak ebaluatzeko eta hautatzeko, honako irizpide hauek erabiliko dira.

– 2. artikuluko a), b) c) eta e) idatzi-zatietan jaso eta diruz lagun daitezkeen jardueren kasuan (Monumentu-multzoekin, lan- eta industria-eiteko ondarearekin, kultura ondarea balorizatzearekin lotutako jarduerak, eta, oro har, ondarea zaindu, aberastu, babestu eta sustatzearekin lotutako beste edozein).

a) Kultura ikuspegiari dagokionez jardueraren interesa eta kalitatea. Eman beharreko guztizko puntuazioaren % 45eraino baloratuko da.

Jardueren interesari buruzko balorazioa honelaxe egingo da: sailkatutako monumentu-multzoei eragiten dieten jarduketei dagokienez, halako multzoen barruan puntuazioa maximoa emango zaie babes berezia duten higiezinei, harresiei eta gotorlekuei eragiten dieten esku-hartzeei, eta partzelazio gotikoari eustea ahalbidetzen duten esku-hartzeei. Horren ostean, proportzionaltasun-irizpideei jarraituz, higiezinen babes ertaina (35 puntu) eta oinarrizkoa (25 puntu) baloratuko dira, multzoa balorizatzeari lotutako beste proiektu batzuei puntuazioa txikiagoa (25) ematen zaielarik.

Inbentariatutako monumentu-multzoen osotasunari eragiten dien proiektuei 40 puntu emango zaizkie, eta multzoa balorizatzeari lotutako beste proiektu partzialei puntuazioa txikiagoa (20 puntu) emango zaie.

Monumentu indibidualei dagokienez, sailkatutako monumentu indibidualetan egiten diren jarduerei 40 puntu emango zaizkie, eta inbentariatuei 35.

Jardueraren kalitatearen balorazioa honelaxe eginen da: kasu bakoitzaren arabera, haren interesari doakionez lortutako puntuazioari aplikatu behar zaion ondoko faktorearen bitartez:

Kalitatea handia: 1.

Kalitate ertaina: 0.7.

Kalitate txikia: 0.5.

b) Eskabideko helburu den proiektu edo ekimenaren ezaugarri teknikoak. Eman beharreko guztizko puntuazioaren % 25eraino baloratuko da.

Finkatutako helburuak erdiesteko behar diren obra-motak zehaztuaz, proiektuaren garapen zehaztua aurkezten dutenei eta proposatutako ekimenarekin lortu nahi diren helburuak zehazten dituzten proiektuei balorazio maximoa (25 puntu) emango zaie.

c) Jardueraren kanpoko zabalkundea eta eragina. Eman beharreko guztizko puntuazioaren % 15eraino baloratuko da.

EAEn eragin zabala duten ekimenei puntuazio maximoa (15 puntu) emango zaie, lurralde mailako eragina dutenei 10 puntu, eta udalerriko mailakoa dutenei 5 puntu.

d) Aurkeztutako aurrekontu globalari dagokionez jardueraren autofinantzaketa-gradua. Eman beharreko guztizko puntuazioaren % 10eraino baloratuko da.

Diru-laguntzaren helburuari dagokionez, beste baliabide pribatu edo publiko batzuen bitartez guztizko aurrekontuaren % 50 ordaindu zaien proiektuei puntuazio maximoa (10 puntu) emango zaie. Hala, premisa horretan oinarriturik eta hirukotearen erregelaren bidez logika matematikoa aplikatuaz lortuko da proiektu bakoitzari dagokion puntuazioa.

e) Irabazteko asmorik gabeko erakunde izatearen kondizioa, diru-laguntza eskatzen duenarena. Eman beharreko guztizko puntuazioaren % 5eraino baloratuko da.

Baldintza hori betez gero, puntuazio maximoa emango da.

– 2. artikuluko d) idatzi-zatian zehaztu jarduerak, diruz lagun daitezkeenak (Sailkatutako eta inbentariatutako ondasunak eta/edo euren ingurunea desjabetzeko finantzaketa).

a) Ikuspegi kulturaletik jardueraren interesa eta kalitatea, eta proiektuaren ezaugarri teknikoak. Eman beharreko guztizko puntuazioaren % 40raino baloratuko da.

Arkeologia-guneetan, sailkatutakoei edo babestuak izateko espedientea irekita dutenei eragiten dieten jarduerak, eta, halaber, monumentu-multzoetan, sailkatutakoei edo babestuak izateko espedientea irekita dutenei eragiten dietenak; bada, horiei puntuazio maximoa (40 puntu) emango zaie.

Arkeologia-guneetan, inbentariatuei edo babestuak izateko espedientea irekita dutenei eragiten bazaie, eta, halaber, monumentu-multzoetan, inbentariatuei edo babestuak izateko espedientea irekita dutenei eragiten bazaie; bada, horiei: 30 puntu.

Arkeologia-guneetan; zehazki, indibidualki sailkatutakoetan edo babestuak izateko espedientea irekita dutenetan burutu behar bada jarduera; eta, halaber, monumentuetan; zehazki, indibidualki sailkatutakoetan edo babestuak izateko espedientea irekita dutenetan; bada, 35 puntu emango zaizkie; eta inbetentariatuak edo babestuak izateko espedientea irekita dutenak badira; bada, 25 puntu emango zaizkie.

Jardueraren kalitatearen balorazioa honelaxe eginen da: kasu bakoitzaren arabera, haren interesari doakionez lortutako puntuazioari aplikatu behar zaion ondoko faktorearen bitartez:

Kalitatea handia: 1.

Kalitate ertaina: 0.7.

Kalitate txikia: 0.5.

b) Ondasun kulturala egoki babesteko, ingurunean burutu den jardueraren kalterako eragina Eman beharreko guztizko puntuazioaren % 35eraino baloratuko da.

Hiri-eremuetatik kanpoko gotorlekuak, sailkatutako monumentu megalitikoak eta hiriguneetako monumentu-multzo sailkatuak balorizatzeri onerako eragiten badiote lurrak desjabetzeko jarduerek; bada, horiei puntuazioa maximoa (35 puntu) emango zaie.

Hiri-eremuetatik kanpoko gotorlekuak, inbentariatutako monumentu megalitikoak eta hirigune inbentariatuak balorizatzeri onerako eragiten badiote lurrak desjabetzeko jarduerek; bada, horiei 20 puntu emanen zaizkie.

Labar-artea duten leize edo babeslekuen inguruetan desjabetzen badira lurrak; bada, 15 puntu emanen dira.

c) Jardueraren kanpoko zabalkundea eta eragina. Eman beharreko guztizko puntuazioaren % 15eraino baloratuko da.

EAEn eragin zabala duten ekimenei puntuazio maximoa (15 puntu) emango zaie, lurralde mailako eragina dutenei 10 puntu, eta udalerriko mailakoa dutenei 5 puntu.

d) Aurkeztutako aurrekontu globalari dagokionez jardueraren autofinantzaketa-gradua. Eman beharreko guztizko puntuazioaren % 10eraino baloratuko da.

Diru-laguntzaren helburuari dagokionez, beste baliabide pribatu edo publiko batzuen bitartez guztizko aurrekontuaren % 50 ordaindu zaien proiektuei puntuazio maximoa (10 puntu) emango zaie. Hala, premisa horretan oinarriturik eta hirukotearen erregelaren bidez logika matematikoa aplikatuaz lortuko da proiektu bakoitzari dagokion puntuazioa.

18. artikulua.– Balorazio eta kuantifikazio irizpideak.

Behin balorazio-prozesua amaitu ondoren, onuradunen artean banatuko dira hasiera batean proposatutako diru-kopuruak. Diru-laguntza bakoitzaren zenbatekoa finkatzeko, artikulu honetako 16. paragrafoan aipatutako gutxieneko puntuazioa lortu duten eskabideen artean Batzorde Kalifikatzaileak deialdiari zuzendutako gehienezko diru-kopuru osoaren hainbanaketa egingo du, betiere jarraian zehazten diren formulak aplikatuaz:

a) Hainbanaketa hori bi aldagai kontuan hartuta egingo da: lortutako puntuazioa eta kasu bakoitzean hasieran proposatutako zenbatekoa. Formula hau erabiliko da horretarako:

non,

Si = programa edo jarduera bakoitzari dagokion hasierako zenbatekoa.

Ei = Kasu bakoitzean hasieran proposatutako laguntzaren zenbatekoa.

Pi = Programa edo jarduera bakoitzari Batzordeak esleitutako puntuazioa.

b) Baldin eta aurreko atalean ezarritako prozeduraren arabera kalkulatutako zenbatekoen batuketak aurrekontu-muga gainditzen badu, kasu bakoitzean eman beharreko laguntzaren zenbatekoa formula honen bidez zehaztuko da:

non,

Si’ = Programa edo jarduera bakoitzari dagokion behin betiko zenbatekoa.

D = Diru-laguntzaren helburu diren programa edo jardueren artean banatu beharreko zenbatekoa.

Si = Aurreko formularen arabera programa edo jarduera bakoitzari dagokion diru-laguntzaren hasierako zenbatekoa.

19. artikulua.– Ebazpena.

1.– Balorazio Batzordeak ebazpen-proposamen arrazoitu bat egingo du, eta proposamen hori, espediente osoarekin batera, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari igorriko zaio, berak ebazpena eman dezan.

2.– Ebazpenak honako hauek jasoko ditu, gutxienez:

a) Diruz lagundutako proiektuak eta esleitutako diru-zenbatekoak, bai eta ordainketa-faseak ere.

b) Eskatutako laguntza ukatu zaien proiektuen zerrenda, horretarako arrazoiak azalduta.

c) Agindu arautzaileko 8. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriaz, diruz lagundutako jarduerak burutzeko epea.

d) Behin proiektua gauzatzen amaituz gero, emandako diru-laguntzak justifikatzeko era eta epea, agindu honetako 23.2 artikuluak dioenari jarraituz.

e) Diruz lagundutako jarduera gauzatzea bermatzeko, egoki iritzitako beste edozein obligazio.

3.– Ebazpena bost hilabeteko epean jakinaraziko da, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunetik kontatzen hasita.

Nolanahi ere, akatsak zuzentzeko epea irekiko balitz, aipatu den epea etenda geratuko da, pertsona edo entitate interesdunari bidalitako jakinarazpena jasotzen denetik eta hark jakinarazpen horri erantzuten dion arte.

4.– Esandako epeetan ez bada ebazpenik jakinarazten, eskabideei uko egin zaiela ulertu ahal izango da, hain justu ere administrazio-prozedurari buruzko araubidean finkatutako isiltasun administratiboaren ondorioetarako.

5.– Laguntzak eskatzen dituztenei Ebazpena jakinaraziko bazaie ere; jende oro jakitun izan dadin, Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian emango da argitara.

6.– Jakinarazitako ebazpenaren aurka, edo ebazteko epea igarota berariazko ebazpenik eman ez bada, interesdunek gorako errekurtsoa jar dezakete Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren aurrean, 30/1992 Legeak, azaroaren 26koak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak, 114. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

20. artikulua.– Pertsona edo erakunde onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan zehaztu eta arautzen diren diru-laguntzen pertsona edo erakunde onuradunek ondoren azaltzen diren betebeharrak bete beharko dituzte:

1.– Emandako diru-laguntza onartzea. Alde horretatik, diru-laguntza eman zaiela aditzera ematen duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean pertsona edo erakunde onuradunek ez badiote diru-laguntzari idatziz espresuki uko egiten, onartu egin dutela ulertuko da.

2.– Laguntza zertarako eman den, hartarako erabili beharko da, ez beste ezertarako.

3.– Beste edozein administrazio, erakunde publiko edo pribatuk helburu bererako emandako laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskuratu badira, horren berri eman beharko da.

4.– Diru-laguntza emateko kontuan hartutako edozein baldintza objektibo zein subjektiboren aldaketa oro jakinaraztea. Eta diruz lagundutako jardueren exekuzioan atzerapenak eragin ditzaketen jazoerak edo zirkunstantziak –baldin eta proiektua exekutatzeko ezintasuna badakarte– albait arinen komunikatu beharko dira.

5.– Euren funtzioak egiten ari direlarik, Kultura Ondarearen Zuzendaritzak, Ogasun eta Finantza Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatutako informazioa ematea, jasotako diru-laguntzei dagokienez, eta, orobat, haiek dituzten ikuskatze-, segimendu-, egiaztapen- eta kontrol-ahalmen zein -funtzioei men egitea.

6.– Beste hizkuntza batzuetan editatzen badira ere, euskaraz ere ere editatu behar diren kartel eta testuetan –jarduerari buruzkoetan– honako aipamen hau jasotzea: Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak diruz lagundu izanari buruzkoa, eta, bestalde, Sailaren logotipo ofiziala ere jaso beharko da haietan.

21. artikulua.– Diruz lagundutako jardueren gaineko kontrola eta segimendua.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak, agindu hau kudeatzeko organo eskuduna den aldetik, diruz lagundutako jardueren kontrola eta jarraipena zainduko du.

Horretarako, eta legez beste entitate eta erakunde publiko batzuei dagozkien eskumenak urratu gabe, Euskal Kultura Ondarearen Zuzendaritzari dagokio diruz lagundutako jarduerak zuzen gauzatzen direla bermatzeko egoki iritzitako ikuskatze eta egiaztapenak egitea.

22. artikulua.– Diru-laguntzak ordaintzea.

1.– Agindu honen babesean eman beharreko diru-laguntzak atalka ordainduko dira, era honetan:

a) Lehenengo zatian, emandako diru-laguntzaren herena ordainduko da, behin 20.1 artikuluan aipatutako epea igaro ondoren, betiere berariaz uko egiten ez bazaio.

b) Gainerako kopurua ordainduko da laguntza emateko ebazpenean adierazitako moduan, aurrez gastua justifikatu ondoren. Zatika ere ordaindu ahal izango da, finantzatutako jardueraren gauzatze-mailaren arabera; bi ordainketa egin ahal izango dira, bat urtealdi bakoitzean.

Kasu horretan, ordainketa bakoitzari dagokion laguntza 23. artikuluan adierazi moduan justifikatu beharko da.

2.– Erregistratuta egon ezean, edo Ekonomia eta Ogasun Saileko Hirugarrenen Erregistroan dauden banku-datuak aldatu nahi izanez gero:

– bide presentzialean: ondoko helbidean paratutako inprimakia

https://www.euskadi.net/y22-izapide2/es/contenidos/autorizacion/alta_terceros/es_7999/alta_terceros.html

– bide elektronikoa erabilita: https://www.euskadi.net/y22-izapide2/es/contenidos/informacion/regtelter_infor/es_rtt/infor_rtt.html

23. artikulua.– Diru-laguntza justifikatzea.

1.– Justifikazio-dokumentazioa bertatik bertara aurkeztu ahal izango dira Kultura Ondarearen Zuzendaritzan (Donostia kalea, 1, 01010 Vitoria-Gasteiz), Zuzenean, EAEko erregistro osagarrietan edo azaroaren 26ko 30/1992 Legean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean (aipatu erregistroak zerrendatuta daude apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzkoan).

Halaber, bide elektronikotik aurkeztu ahal izango da justifikazio-dokumentazioa helbide honetan: http://www.euskadi.net/misgestiones

2.– Emandako diru-laguntza justifikatzeko, laguntza eragin duen jarduera jada burutu duela eta egindako gastuak egiaztatzen dituen dokumentazioa aurkeztu beharko du entitate edo pertsona onuradunak. Alegia, gutxienez, honako hauek:

a) Egindako jarduera justifikatzen duten agiriak:

Egindako jardueraren memoria, ahalik eta zehatzena; egindako lan edo jarduera azaltzen duen ziurtagiri teknikoa, edo, hala badagokio, halako ondasuna eskuratu dela egiaztatzen duten eskritura publikoak edo kontratu frogagarriak.

b) Gastuak justifikatzeko agiriak, jarraian zehazten denarekin bat datozenak:

b.1.– Diruz lagundutako jarduera burutzeko sortu diren gastuen fakturak, eta aurkeztutako gastu-aurrekontuaren bestekoa izan beharko du haien zenbatekoak.

b.2.– Salbuespen gisa, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontuaren kargurako finantziazioak ez badu aurkeztutako gastuen aurrekontuaren % 30 gainditzen, diru-laguntza jaso dezakeen jarduera burutzeko sortutako gastuen fakturek gastuen aurrekontu osoaren % 50eko zenbatekoa baino ez dute justifikatu beharko.

Nolanahi ere, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Kultura Ondarearen Zentroak hala eskatzen duenean, eta hiru hilabeteko epearen barruan, artikulu honetako 3. puntuan ezarritako aurkezpen-epetik hasita, pertsona edo erakunde onuradunek, aurkeztutako gastuen aurrekontuaren zenbateko osoa justifikatzen duten gainerako fakturak haren esku jartzeko konpromisoa hartuko dute.

c) Zinpeko adierazpen bidez, diru-laguntza jaso duen jardueraren gastu eta sarreren behin betiko balantze ahalik eta zehatzena, espresuki adieraziz erakunde publiko nahi pribatuetatik jasotako laguntzak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta kultura Sailak emandako laguntza barne. Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila emandako laguntzaz gain ez bada bestelako laguntzarik jaso, hori adierazten duen ziurtagiri bat erantsiko da.

d) Onuraduna beste herri-administrazio bat denean, organo eskudunak ziurtagiri bat aurkeztu behar du, emandako diru-laguntzaren helburua bete dela adierazteko eta hartarako erabilitako zenbatekoak zehazteko.

e) Diruz lagundutako jarduerak lizentzia edo baimenik behar badu, eta eskabidea egin den unean agiri horiek eskatu izana baino ez bada egiaztatu, jasotako behin betiko lizentzia horiek aurkeztu beharko dira, lehenago aurkeztu ez badira.

3.– Diruz lagunduko diren proiektuak justifikatzeko epeak honako hauek dira, gehienez ere:

– 2015ean gauzatzeko proiektuak: 2016ko urtarrilaren 15a baino lehen.

– 2015-2016 epealdian gauzatzeko proiektuak: 2015ean gauzatutako jarduerak, 2016ko urtarrilaren 15a baino lehen; 2016an gauzatutako jarduerak, 2017ko urtarrilaren 15a baino lehen.

2015-2017 epealdian gauzatzeko proiektuak: 2015ean gauzatutako jarduerak, 2016ko urtarrilaren 15a baino lehen; 2016an gauzatutako jarduerak, 2017ko urtarrilaren 15a baino lehen; 2017an gauzatutako jarduerak, 2018ko urtarrilaren 15a baino lehen.

24. artikulua.– Diru-laguntzaren likidazioa.

1.– Helburua eta irizpideak.

Diru-laguntza benetan egindakoari egokitzearren, eta behin betiko likidazioa egitearren, hasierako aurrekontua baino handiagoak diren gastuak justifikatzeagatik diru-laguntzaren kopurua ez da inola ere handituko.

2.– Prozedura.

a) Diru-laguntza justifikatzeko bidalitako dokumentuak behin aztertuta egokitzat jotzen badira, ordaintzeke dagoen diru-kopurua ordainduko da.

b) Diru-laguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzak aldatzen badira, eta diru-laguntzaren xedea bete dela ikusten denean, diru-laguntza emateko Ebazpena aldatu ahal izango da, dela egindako gastua aurrekontuetan dena baino gutxiagokoa delako, dela pertsona edo entitate onuradunek beste erakunde publiko zein pribatuetako sarrera edo laguntza batzuk jaso dituztelako ezarri diren mugak gaindituz.

Halaber, diru-laguntza osorik ezeztatzea bidezkoa bada edo agindu honetako 25. artikuluan zehaztutako kasuetan, aipatu ebazpena aldatu egingo da.

Horretarako, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak likidazio-ebazpena egingo du, frogagiriak aurkezteko epea bukatzen denetik bi hilabeteko epean, eta emandako diru-laguntzen zenbatekoak aldatu edo egokitu egingo dira.

Likidazio-ebazpenean jasotako parte bat edo guztia Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar bazaio, itzulketa egiteko bi hilabeteko epea emango da, hura jasotzen denetik hara; betiere, ondoko arauetan ezarritako prozedura ezarriaz: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzeri buruzkoa; abenduaren 17ko 689/1991 Dekretua, zeinarekin arautzen baitira: Euskal Autonomi Elkartearen Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen da eta horien kudeaketan parte hartzen duten Izaiki Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak.

c) Bestalde, 23. artikuluko 2.b.2 paragrafoaren bigarren lerroaldean zehaztu kasuan, ordainketa egiteko epea lerroalde horretan aipatu dokumentuak aurkezteko epea bukatzen denetik hara zenbatuko da.

25. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Ez-betetzea izango dira honako hauek:

a) Jasotako diru-laguntza osoa edo zati bat agindu honetan adierazitako jarduerez bestelakoetan erabiltzea.

b) Agindu honetan ezarritako betebeharrak edo, hala badagokio, laguntza ematerakoan ezartzen direnak ez betetzea.

c) Diru-laguntzaren likidazioa egiteko ebazpenean adierazitako zenbatekoa epearen barruan ez itzultzea (hala badagokio).

d) Diru-laguntzen arloan beste xedapenen batek izaera orokorrez ezarritako beste edozein betebehar ez konplitzea.

2.– Artikulu honetako aurreko puntuan zehaztu kasuren bat gertatu dela egiaztatzen bada, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurreikusi bezala eta bertan ezarritakoa bete ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Orokorrari itzuli beharko zaizkio jasotako diru-kopuruak eta legez dagozkien interesak.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Araudian ezarritakoarekin bat etorriaz, agindu honetan ezarritako laguntzek minimis arauen mendean daude (araudi hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 87. eta 88. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa da, eta 2013ko abenduaren 24ko L352/1 EBAOn argitaratu zen). Ondorioz, enpresa jakin bati emandako laguntza osoa ez da izango 200.000 eurotik gorakoa aurreko bi ekitaldi fiskaletan eta korritzen duen ekitaldi fiskalean.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta Datu Pertsonalen Fitxategi Publikoei eta Datuak Babesteko Euskal Agentzia sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean ezarritakoarekin bat etorriz, deialdi hau izapidetzean jasotako datu pertsonalak fitxategi batean sartuko dira, zeinaren helburu dira, batetik, deialdi hau kudeatzea, eta, bestetik, deialdi horretarako lehiatuko diren pertsonei informazioa ematea. Fitxategi honen arduraduna Kultura Ondarearen Zuzendaritza da. Hala nahi izanez gero, datuok eskuratu, zuzendu, ezeztatu eta datuoi aurka egiteko eskubideez baliatu ahalko da, horretarako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Araubide Juridiko eta Zerbitzuen Zuzendaritzara jo beharko da (Donostia kalea 1, 1 Vitoria-Gasteiz, 01010 Vitoria-Gasteiz).

Deialdi honetan parte hartzen duten pertsonek Administrazioari baimena ematen diote emandako datuak konparatzeko eta aurkeztutako agiriak benetakoak direla egiaztatzeko (Administrazio honen esku egon zein beste Administrazio Publiko batzuen esku egon); betiere, laguntzen onuradun izateko eskatutako baldintzak betetzen direla edo betetzen jarraitzen dela egiaztatzeko.

AZKEN XEDAPENA

Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari (Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 116. artikulua), hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, aurrez aipatutako data beretik aurrera (Administrazioarekiko Auzitarako Jurisdikzioa arautzeko uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10. artikulua).

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko urriaren 1a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.


Azterketa dokumentala