Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

174. zk., 2015eko irailaren 14a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
3865

166/2015 DEKRETUA, irailaren 8koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren sailetako eta erakunde autonomoetako lanpostuen zerrendak onartzen dituen Dekretua aldatzeko dena.

Urriaren 14ko 226/1997 Dekretuaren bidez onetsi ziren karrerako funtzionarioei eta lan-kontratuko langileei gordetako lanpostuen zerrendak. Dekretu hori hainbatetan aldatu izan da, eta aldaketa horietako bat ekainaren 26ko 105/2007 Dekretuaren bidez egin zen; izan ere, dekretu horrek funtzionarioentzat gordetako lanpostuen zerrendak aldatu zituen, analisi funtzionalen prozesuaren ondorioz.

Administrazioko barne-egiturak antolatzeko baliabideak dira lanpostuen zerrendak. Beraz, indarrean dauden prozeduren arabera izapidetu ondoren, aldeko ebazpena jaso duten aldaketak lanpostuen zerrendetan sartu behar dira aldian-aldian, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 18. artikuluan agindutakoa betetzeko.

Bestalde, azaroaren 9ko 289/2010 Dekretuaren bidez, Transferentzien Batzorde Mistoaren 2010eko urriaren 28ko erabakia onartu zen. Erabaki horren arabera, hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatu zitzaizkion lanaren, enpleguaren eta enplegurako lanbide-heziketaren esparruan Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak egiten zituen lan-arloko legeria betearazteko eginkizun eta zerbitzuak. Horrela, azaroaren 5eko 1441/2010 Errege Dekretuak ezarritako baldintzetan, karrerako funtzionarioak eta lan-kontratuko langileak transferitu ziren, 2011ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua zuzenbide pribatuko erakunde publikoari (aurrerantzean, Lanbide) atxiki zitzaizkion.

Halaber, abenduaren 28ko 354/2010 Dekretuaren bidez arautu ziren Lanbideren jardueren hasiera eta bitarteko pertsonal eta materialen atxikimendurako baldintzak. Bitarteko horiek honako hauetatik etor zitezkeen: Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoa; Egailan S.A., Prestakuntza eta Enplegua Sustatzeko Sozietatea (sozietate publikoa); eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra, zehazki, Enplegu eta Gizarte Gaietako Saila.

2011ko urtarrilaren 21ean, Mahai Orokorrean akordioa lortu zuten 2011ko urtarrilaren 1ean Lanbiden lanean hasi ziren langileen ordainsariei buruz. Gobernu Kontseiluak akordio hori onetsi egin zuen 2011ko urtarrilaren 25ean. Erabaki hori zela bide, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikotik transferitutako eta Lanbideri atxikitako funtzionarioen eta lan-kontratuko langileen ordainsarien berrikuspena onetsi zen, azaroaren 9ko 289/2010 Dekretuaren bitartez (erabaki horren eranskin gisa jasota dago). Horrela, osagarri pertsonal iragankorra sortu zen. Osagarri hori honako hauen arteko aldea izango da: transferitu zituztenean zeuzkaten urteko ordainsari osoak, eta, erabakiaren arabera, titulazio-talde bakoitzerako erreferentziatzat hartzen ziren ordainsariak.

Horrez gainera, erabakian adierazitakoaren arabera, Lanbideko lanpostuen zerrenda eta hor jasotako ordainsari-kontzeptuak onesteak atzeranzko eragina izango zuen 2011ko urtarrilaren 1era arte. Hori guztia Lanbideren jardueraren hasiera arautu zuen 351/2010 Dekretuan ezarritako arau-esparruaren barruan.

Aurrekoaren ildotik, 2011ko urtarrilaren 1ean Lanbideren jarduera hasi zenetik, transferitutako langileei (funtzionarioei eta lan-kontratuko langileei) eta Egailan, S.A. sozietatetik etorritako lan-kontratuko langileei behin-behineko ordainsari-araubidea aplikatu zaie, Gobernu Kontseiluaren 2011ko urtarrilaren 25eko erabakia aplikatuta, jaso behar diren behin betiko ordainsariak zehaztuko dituen lanpostuen zerrenda onetsi bitartean, Lanbideren jardueraren hasiera arautzen duen 354/2010 Dekretuaren 6. artikuluak ezarritakoari jarraituz. Aipatutako akordiotik ondorioztatzen denez, lanpostuen zerrenda hori eta hor jasotako ordainsari-kontzeptuak onesteak atzeranzko eragina izango du 2011ko urtarrilaren 1era arte. Hori guztia 354/2010 Dekretuan ezarritako arau-esparruaren barruan.

Urriaren 13ko 3/2011 Legeak (2011ko azaroaren 2an argitaratua) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua sortu zen, administrazio-izaera duen erakunde autonomo modura, nortasun juridiko propioarekin eta jarduteko gaitasun osoarekin. Hirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera, «Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua» zuzenbide pribatuko erakunde publikoa azkendu egingo zen, eta «Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua» administrazio-erakunde autonomoa subrogatuta geratuko zen azkendutako erakunde publikoaren eskubide eta betebehar guztietan. Horrenbestez, aipatutako erakunde publikoaren langileak eta bitarteko materialak erakunde autonomo berriari atxikita geratuko ziren, erakunde-araudiek ezarritakoaren arabera.

Horri dagokionez, adierazi behar da Lanbideko lanpostuen zerrenda argitaratu baino lehen berariazko enplegu-plana onetsi behar zela. Berariazko enplegu-plan horren bidez, sobera langile zituzten unitateetan zerbitzuak ematen zituzten langileen zati bat berriz atxiki ahal izango zuen erakunde autonomoak.

Abenduaren 30eko 247/2014 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailetako eta erakunde autonomoetako lanpostuen zerrendak onetsi zituen dekretua aldatzen duenak, Lanbide erakunde autonomoko lanpostuen zerrenda partzial bat argitaratu zuen. Zerrenda horretan, berriro atxikitzeko prozesuaren eraginpean ez dauden Lanbideren bulegoetako lanpostuak eta erakunde zentralekoak soilik ageri dira.

Lanpostuen zerrenda argitaratu zuen dekretu horrek 2011ko urtarrilaren 1era arte atzeranzko eragina duten ondorio ekonomiko eta administratiboak adierazten ditu, abenduaren 28ko 354/2010 Dekretuak, Lanbideren jardueren hasiera eta langileak eta baliabide materialak atxikitzeko baldintzak arautzen dituenak, I. eranskinean jasotzen dituen Lanbideko langileei dagokienez. Xedapen hori eraginkorra izango da, aipatutako erakundeko lanpostu guztiak lanpostuen zerrendaren bidez argitaratu ostean.

Lanbideko zuzendari nagusiaren 2015eko urtarrilaren 30eko Ebazpenaren bidez onetsi ziren erakunde autonomo horretako lanpostuak berriro atxikitzeko prozeduraren oinarri arautzaileak, aipatutako erakundearen enplegu-planean xedatuta dagoenaren arabera. Plan hori Gobernu Kontseiluak onetsi zuen 2014ko abenduaren 30ean egindako bileran hartutako erabakiaren bidez, eta Funtzio Publikoko sailburuordearen 2015eko urtarrilaren 14ko jarraibidean gai horri buruz jasotako argibideak kontuan hartuta.

Berriro atxikitzeko prozesu hori amaitutzat jo zen Lanbideko zuzendari nagusiaren 2015eko apirilaren 15eko Ebazpenaren bidez, berriro atxikitzeko pertsonen eta lanpostuen behin betiko zerrenda onetsita. Ebazpen horrek ondorioak izango ditu erakunde autonomoko lanpostu guztien zerrenda onesteko dekretua indarrean jarritako egun berean.

Horren ondorioz, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2015eko irailaren 8an egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Onestea.

Funtzionarioentzat gordetako lanpostuen zerrendetan egindako aldaketak onestea; aipatutako zerrendak dekretu honen eranskinean ageri dira, eta urriaren 14ko 226/1997 Dekretua aldatzen duen ekainaren 26ko 105/2007 Dekretuaren bidez onetsi ziren.

XEDAPEN GEHIGARRIA.– Ondorio ekonomiko eta administratiboak.

1.– Oro har, Gobernu Kontseiluaren 2011ko urtarrilaren 25eko erabakian jasotakoari jarraituz, dekretu honek atzeranzko eragina izango du 2011ko urtarrilaren 1era arte, abenduaren 28ko 354/2010 Dekretuaren I. eranskinean ageri diren Lanbideko langileei dagokienez. Dekretu horren bidez, Lanbideren jardueren hasiera eta langileak eta bitarteko materialak atxikitzeko baldintzak arautzen dira.

2.– Lanpostuen zerrenda argitaratzearen ondorioz, ordainsariak eguneratuko dira, eta 2011ko urtarrilaren 25eko Gobernu Kontseiluaren erabakia indarrean jarritako egunetik jaso diren behin-behineko osagarriak kenduko dira. Urteko ordainsari guztiak handiagoak izanez gero aipatutako erabakia aplikatuz behin-behinean ordaindutakoak baino, dagozkion zenbateko atzeratuak ordainduko zaizkio; ordainsari horiek txikiagoak izanez gero behin behinean jasotakoak baino, ez da likido negatiborik sortuko.

3.– Aurreko bi paragrafoetako neurriak eraginkorrak izango dira 2015eko urriaren 1etik aurrera, antolaketa-premiak direla-eta.

4.– Lanbideko zuzendari nagusiaren 2015eko apirilaren 15eko Ebazpenaren bidez berriro atxikitako lanpostuen ondorioz sortutako ondorio ekonomikoak 2015eko urriaren 1era atzeratuko dira.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Baliabideak.

Dekretu honek administrazio-bidea agortzen du, eta aurka egiteko aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar dakioke Gobernu Kontseiluari, hilabeteko epean, Dekretua argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita; edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien salan, bi hilabeteko epean, Dekretua argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Indarrean jartzea.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko irailaren 8a.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,

JOSU IÑAKI ERCORECA GERVASIO.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala