Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

169. zk., 2015eko irailaren 7a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
3789

AGINDUA, 2015eko uztailaren 29koa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena, nekazaritzako produktuak, elikagaiak eta arrantzako eta akuikulturako produktuak eraldatzeko eta merkaturatzeko laguntzak emateko 2015eko deialdiaren oinarriak onartzeko dena.

Nekazaritza Politika Erkidearen finantzaketari buruzko Kontseiluaren ekainaren 21eko 1290/2005 (EE) Erregelamenduaren bidez, Nekazaritzako Europako Berme Funtsa eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsa sortu ziren, hurrenez hurren, merkatuko neurriak eta beste neurri batzuk finantzatzeko eta landa-garapenerako programak finantzatzeko.

Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren bidez landa-garapenerako laguntza emateko eta Kontseiluaren 1698/2005 (EE) Erregelamendua indargabetzeko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduak, berriz, Europar Batasunak Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren bidez landa-garapenerako ematen duen laguntzari buruzko arau orokorrak xedatzen ditu —Nekazaritza Politika Erkidearen finantzaketa, kudeaketa eta jarraipena arautzeko eta Kontseiluaren 352/78 (EE), 165/94 (EE), 2799/98 (EE), 814/2000 (EE), 1290/2005 (EE) eta 485/2008 (EE) erregelamenduak indargabetzeko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1306/2013 (EB) Erregelamenduaren bidez sortu zen Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsa—: arautzen du zer helburu lortzen lagundu behar duen landa-garapenerako politikak eta zein diren Europar Batasunaren lehentasunak landa-garapenaren alorrean; landa-garapenerako politikaren testuinguru estrategikoa taxutzen du; eta landa-garapenerako politika aplikatzeko hartu beharreko neurriak zehazten ditu.

Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoan, 2015-2020 aldirako Euskadiko Landa Garapenerako Programa prestatu da, eta Batzordearen 2015eko maiatzaren 26ko C(2015) 3479 azken erabakiaren bidez onartu. Europar Batasunak eta Euskal Autonomia Erkidegoak elkarrekin finantzatzen dituzten neurriak hartzen ditu Programak. Bada, M04.2. neurria eta M08.6. neurriaren zati bat garatzen ditu agindu honek, hurrenez hurren, II. eta III. kapituluetan: M04.2. neurria nekazaritzako produktuak eraldatzeko, merkaturatzeko eta garatzeko inbertsioak egiteko laguntzari buruzkoa da, eta M08.6. neurria, berriz, basogintza-teknologietan inbertitzeko eta basogintzako produktuak eraldatzeko, mobilizatzeko eta merkaturatzeko inbertsioak egiteko laguntzari buruzkoa.

Landa-garapenerako politikaren arabera, Europar Batasunak eta Euskal Autonomia Erkidegoak elkarrekin finantzatzen dituzten neurriak eta Estatuak ematen dituen laguntzak bateragarriak dira. Hala ere, Estatuak ematen dituen laguntzek muga jakin batzuen barnean egon behar dute, eta kontrol-neurri jakin batzuk bete behar dituzte, koherentzia izan dadin bi politiken artean eta Tratatuaren 87., 88. eta 89. artikuluek lehiakortasunaren alorrean xedatzen dituzten arauak hertsiki bete daitezen; izan ere, begien bistakoa denez, landa-garapenaren alorrean ere aplikatu behar dira Tratatuaren 87., 88. eta 89. artikuluak.

2014 eta 2020 artean, Europako Itsas eta Arrantza Funtsa arautzeko eta Kontseiluaren 2328/2003 (EE), 861/2006 (EE), 1198/2006 (EE) eta 791/2007 (EE) erregelamenduak eta Europako Parlamentuaren ea Kontseiluaren 1255/2011 (EB) Erregelamendua indargabetzeko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 508/2014 (EB) Erregelamenduak eratzen du arrantzako eta akuikulturako produktuentzako laguntzen Erkidegoko erreferentziazko arauzko esparrua. Arrantza Politika Erkidearen 2013ko erreformarekin bat finkatutako helburuak lortzeko finantza-tresna da aipatutako erregelamendua.

Haren bidez, Europako Arrantza Funtsa Europako Itsas eta Arrantza Funtsa bihurtu zen. Bada, Europako Itsas eta Arrantza Funtsaren helburua Arrantza Politika Erkidearen, Itsas Politika Bateratuaren eta Europa 2020 estrategiaren helburuak lortzen laguntzea da, eta, horretarako, aipatutako erregelamenduko zioen azalpenak dioenez, honako hau du lehentasuntzat: arrantza- eta akuikultura-sektoreak ingurumenaren ikuspegitik jasangarriak, baliabideen erabileraren ikuspegitik eraginkorrak, berritzaileak eta lehiakorrak izan daitezen bultzatzea.

Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, Europako Itsas eta Arrantza Funtsaren barruko 2014-2020 aldirako Espainiako Arrantza Sektorerako Programa Eragilearen pean dago —izapidetze-prozesuaren azken fasean dago programa—.

Bestalde, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluekin bat nekazaritza- eta basogintza-sektoreetarako eta landa-inguruneetarako laguntzen zenbait kategoria barne-merkatuarekin bateragarri deklaratzeko Batzordearen ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduak eta Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluekin bat arrantzako eta akuikulturako produktuak ekoizten, eraldatzen eta merkaturatzen diharduten enpresentzako laguntzen zenbait kategoria barne-merkatuarekin bateragarri deklaratzeko Batzordearen abenduaren 16ko 1388/2014 (EB) Erregelamenduak xedatzen dute zer baldintza eta eskakizun bete behar dituzten laguntzek Estatu kideek diruz lagundu ditzaten (Estatuek ematen dituzten laguntza izan daitezen) eta Europar Batasunak baimendu behar izan ez ditzan. Alegia, baldin eta erregelamendu horiek aipatzen dituzten laguntzak arautzen eta ematen dituztenean estatuek bete egiten badituzte erregelamenduak, laguntzak bateragarriak dira merkatu erkidearekin eta, horrenbestez, ez da beharrezkoa Europar Batasunak baimendu ditzan; aitzitik, nahikoa da kasuan-kasuan dagokion epean jakinaraz daitezen.

Euskal Autonomia Erkidegoko 2015. urteko aurrekontu orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 5/2014 Legearekin eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuarekin bat,

Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearekin bat —26.4. artikuluaren arabera, «Jaurlaritzako kide gisa dagozkien eskumenei kalterik egin gabe, sailburuek beren sailari dagozkion gaietan administrazio-xedapen orokorrak eta ebazpenak emateko eskudantzia izango dute»—, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Deialdia.

Nekazaritzako produktuak, elikagaiak eta arrantzako eta akuikulturako produktuak eraldatzeko eta merkaturatzeko laguntzak emateko 2015eko deialdiaren oinarriak onartzea —agindu honen eranskinak dakartza—.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA.– Errekurtsoak.

Interesdunek berraztertzeko errekurtsoa aurkez dezakete agindu honen aurka, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren aurrean, agindua argitaratu eta hilabetean, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, agindua argitaratu eta bi hilabetean.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA.– Deialdiaren ebazpena.

Agindu honen bidez onartutako oinarrien IV. kapituluak arautzen dituen laguntzak ordaintzeko, beharrezkoa izango da Europako Itsas eta Arrantza Funtsaren barruko 2014-2020 aldirako Espainiako Arrantza Sektorerako Programa Eragilea onartzea —Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren maiatzaren 15eko 508/2014 (EB) Erregelamenduaren esparruan garatzen ari da programa hori, eta deialdiaren ebazpenak berariaz adieraziko du hura onartu izana—.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko uztailaren 29a.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala