Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

145. zk., 2015eko abuztuaren 3a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

SEGURTASUN SAILA
3409

AGINDUA, 2015eko abuztuaren 3koa, Segurtasuneko sailburuarena, zeinaren bidez arautzen baitira zezen-ikuskizun orokorretan lagin biologikoak hartzeko eta analizatzeko prozedura eta lagin horiek analizatuko dituzten laborategiak homologatzeko prozedura.

Zezen-ikuskizunei buruzko Euskadiko Araudiaren 55. artikuluak biltzen ditu zezenketa-abelburuen post mortem azterketei buruzko xedapenak; araudi hori azaroaren 11ko 183/2008 Dekretuaren bidez onartu zen, eta apirilaren 27ko 124/2010 Dekretuaren bidez aldatu. Halaber, 57.6 artikuluaren arabera, pikatzeko zaldiei analisiak egiteko aukera dago baldin eta haien portaera artifizialki aldarazteko manipulazioak jasan izanaren sintomak badituzte edo plazan izan eta geroko portaerak hala eskatzen badu.

Bestalde, aipatu araudiaren 55.10 eta 57.10 artikuluek ahalmena ematen diote ikuskizunen arloko organo eskudunari ausazko analisiak egiteko bai zezenketa-abelburuei bai pikatzeko zaldiei.

Aipatu araudian xedatuaren arabera, aurreikuspen hauek betetzeak ondoko hauek zehaztea eskatzen du: laginak hartzeko ze material behar den, lagin hori hartzeko prozedura zein izango den eta dagokion laborategira bidaltzeko baldintzak zein diren.

Azaldutakoagatik, eta Zezenketa-gaien Euskal Batzorde Aholku-emaileak aurretik txostena eginda, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Agindu honen xedea da lagin biologikoak hartzeko eta analizatzeko ze material eta prozedura behar den zehaztea, zezen-ikuskizun orokorrak prebenitu eta kontrolatzeko alderdi hauei dagokienez:

a) zezenketa-abelburuen adarren manipulazioak.

b) zezenketa-abelburuen eta pikatzeko zaldien portaera eta errendimendu naturala aldarazten duten produktuen erabilera eta aplikazioa.

2.– Agindu honetan xedatuak aplikatzekoak izango dira bai Zezen-ikuskizunei buruzko Euskadiko Araudiaren 55.4 eta 55.5 artikuluetan xedatutako zezenketa-abelburuen laginak hartzean eta analizatzean zein pikatzeko zaldiei buruzko 57.6 artikuluan xedatutako kasuetan. Halaber, aipatu araudiaren 55.10 eta 57.10 artikuluetan aurreikusitako ausazko analisietan ere aplikatuko dira.

3.– Agindu honen ondorioetarako, ez da manipulaziotzat hartuko adarrak garbitzea, zeina ikuskizunaren plazako buruak baimendua baitu ezpaltze baten karietara; ezpaltzea da zezenketa-abelburuaren adar bati edo biei eragiten dien eta horren traumatismoz gertatzen den alterazioa, hau da, adarretik partez askatutako hariak edo printzak agertzea, neurri ezberdinetakoak, baina adarraren luzerari eragiten ez diotenak.

2. artikulua.– Adar-laginak hartzeko behar den materiala.

1.– Zezenketa-abelburuen adar-laginak hartzeko, hala behar denetan eta plazaren maila edozein dela ere, honako material hau ezarriko du ikuskizun bakoitzerako izendatutako abeltzaintzako albaitarien esku ikuskizunen arloan eskumena duen organoak:

a) Ehunezko zinta metrikoa.

b) Adarrak garraiatzeko kutxak edo ontziak.

c) Garraiatzeko kutxa edo ontzien zigilagailua.

d) Paper gomaztatua edo zinta itsaskorra.

e) Kalibragailua edo kalibrea.

2.– Lehenengo eta bigarren mailetako plazetan, zinta-zerra mekaniko bat ezarriko du ikuskizunerako izendatutako albaitari-taldearen esku enpresa antolatzaileak; zinta horren gehieneko abiadura minutuko 1.385 metrokoa izango da, eta sei milimetroko zabalera duen orri amaigabea eta lau milimetroko hortz-neurria izango ditu.

3.– Hirugarren mailako plazetan, aldi baterakoetan eta eramangarrietan, aldiz, baldin eta arestiko atalean adierazitako zerra mekanikorik ez badago, adar-laginak hartzeko ezaugarri egokiak dituen mozteko tresna bat jarriko du ikuskizun bakoitzerako izendatutako animalien sanitaterako albaitarien esku ikuskizunen arloan eskumena duen organoak.

4.– Dagokion ebazpenaren bidez baimendutako ikuskizunak egiten diren egunetan, zezen-plazan egongo da aurreko paragrafoetan adierazitako manuzko material hori; ikuskizunerako izendatutako albaitari horien aburuz segurua den tokian egon ere, eta ikuskizuna antolatu duen enpresak zainduko diu.

3. artikulua.– Adar-laginak hartzeko prozedura.

1.– Lehenengo eta behin, kanpoko itxurari eta kanpoko kutikularen aldaketa nabariei begiratu behar zaie adarrak aztertzerakoan. Ondoren, lehenengo eta bigarren mailako plazetan, honela aztertuko da:

a) Zinta metriko batekin neurtuko da luzera, ilea hasten den lekutik adar-puntaraino, bai barnealde edo alde ahurretik, bai kanpoalde edo alde ganbiletik, eta cm–tan adieraziko. Bi neurketa horien baturaerdia izango da luzera osoa, zentimetrotan adierazia.

b) Ondoren, luzeran ebakiko da adarra zinta-zerra mekanikoaz, barnealdeko zein kanpoaldeko erdiko lerroari jarraikiz, norabide dortso-bentralean (neurketa-lerroak). Ondorioz, erdibiturik geratuko da adarra: barnealde ahurra eta kanpoalde ganbila.

c) Gero, kalibragailu edo kalibre batekin, alde zurrunaren luzera neurtuko da hezurrezko oinarritik adar-puntaraino. Halaber, alde zurruneko muinaren lerro zuria eta bertan dauden bulboak ikuskatuko dira.

d) Baldin eta, egin diren neurketa horietan, zezenen eta zekorren adarraren luzera osoaren seirena baino laburragoa bada adarraren alde trinkoa, edota muin-linea zuria ez badago erdian edo lausotu eta desagertu egiten bada adarra bukatu aurretik, edo beste edozein gauzagatik adarren osotasunari eta manipulazioari buruzko dudarik badago, adar erdi bakoitzetik 12 zentimetroko atala moztuko da, bi erdi horiek batuko dira itsasteko goma erabiliz, eta, bertan, «ESK» (eskuina) eta «EZK» (ezkerra) hizkiak jarriko dira, kasuan kasuko adarraren arabera; halaber, abelburu hori identifikatuko da, eta eskuratu diren lagin horiek laborategietara eramango dira analizatzeko.

2.– Hirugarren mailako plazetan, aldi baterakoetan eta eramangarrietan, baldin eta zinta-zerra mekanikorik badago, artikulu honen 1. paragrafoan ezarri den eran jokatuko da. Baldin eta aipatu gisako zerrarik ez badago, aldiz, adarren luzera osoa neurtuko da, atal horren a) hizkian ezarri dena betez. Horrelakoetan, adarraren azken zatia izango da lagina, 12 bat zentimetrokoa, adarraren puntatik neurtuta; lagin hori laborategira bidaliko da ireki gabe.

3.– Plazaren maila gorabehera, ikuskizun horretarako izendatutako abeltzaintzako albaitari-taldeko kide batek hartuko ditu adar-laginak, ikuskizunaren plazako burua edo plazako buruaren ordezkoa eta plaza titularreko ordezkaria edo ordezkariordea aurrean direla.

4.– Ikuskizuna antolatzen duen enpresako eta abeltzaintza-etxeko ordezkari bana egon ahal izango dira adar-laginen hartualdian, zeinek izendapen askeko albaitari baten aholkularitza jaso ahal izango baitute bertan. Ikuskizuna hasi aurretik, akreditazioa aurkeztu beharko diote pertsona horiek plazako ordezkariari, gero, hala behar denean, azterketa egingo dela jakinaraz diezaien. Aipatu pertsona horiek diligentzia horretan azaltzen ez badira, aktan jasoko da inguruabar hori.

5.– Dena den, burutuko diren jarduketa horien guztien akta egingo da, eta bertaratuko direnek sinatuko dute.

4. artikulua.– Adar-laginak ontziratzea eta garraiatzea.

1.– Honela bidaliko dira eskuratu diren laginak dagokion laborategira:

a) Lehenengo eta bigarren mailako plazetan, edota, arauzko zerra mekanikoa badutela-eta, adar-laginak aurreko artikuluaren 1. paragrafoan ezarri bezala hartu dituzten plazetan, material egoki eta gardenezko kutxa edo edukiontzi batean sartuko dira abelburu bakoitzaren bi adarrak; kutxa horrek neurri hauek izango ditu, gutxi gorabehera:

– Frontea: 150 milimetro.

– Garaiera: 210 milimetro.

– Sakonera: 60 milimetro.

– Lodiera: 4 milimetro.

Halaber, material bereko xafla bat izango du kutxak edo edukiontziak fronteetariko bati itsatsita, bertan gutun-azala sartzeko. Ondoko datu hauek idatziko dira gutunazal horren kanpoaldean: abelburuaren identifikazioa, zein abeltzain-etxetakoa den, aberearen jabea zein den, noiz toreatu den eta non. Gutun-azalaren barnean, dagokion dokumentazioa sartuko da. Halaber, kutxak zigilatzeko behar diren atalak izango ditu fronteetariko batean eta tapan.

b) Hirugarren mailako plazen, aldi baterakoen eta eramangarrien kasuetan, zeinetan ez baita zinta-zerra mekanikorik, tamaina, material eta neurri egokiak dituzten eta zigilatzeko modukoak diren ontzietan eramango dira adarrak laborategira. Halaber, aurreko paragrafoan adierazi diren datuak eta dokumentuak erantsiko zaizkio.

2.– Dena den, plazako ordezkariak eramango ditu laborategira kutxa edo ontziak, itxita eta zigilatuta, edo, hark eraman ezin badu, beste funtzionario batzuek edo plazako ordezkariak gainbegiratutako beste pertsona batzuek, eta, betiere, horien segurtasuna eta bortxaezintasuna bermatuko da.

3.– Kutxak edo ontziak laborategira eramatean, horiek jaso izanaren akta egingo da, zeina eramaileak eta laborategi jasotzaileko langileak sinatuko baitute; halaber, aktan jasoko da kutxa edo ontziak osorik daudela edo, bestela, anomaliak dituela.

4.– Behar diren analisiak egingo ditu laborategiak zezenketa-abelburuen adarretan manipulazioak egon diren ala ez zehazteko. Ireki gabeko adarrak badira lagin, ezer egin aurretik, 3. artikuluaren 3. paragrafoan ezarri den eran jardungo du laborategiak.

5.– Administrazioaren gain izango da adarren analisien kostua, salbu abeltzainaren erantzukizunpean errefusatutako abelburu bat jokatzen bada, orduan, Zezen-ikuskizunei buruzko Euskadiko Araudiaren 52.7 artikuluan xedatuaren arabera, ganadutegiaren gain izango baita.

5. artikulua.– Odol- eta gernu-laginak hartzeko behar den materiala.

1.– Zezenketa-abelburuen eta zaldien odol- eta gernu-laginak hartzeko, animalia bakoitzarentzako honako material hau ezarriko du ikuskizunerako izendatutako albaitari-taldearen esku ikuskizunen arloan eskumena duen organoak, plazaren maila edozein dela ere, eta, betiere, parte hartuko duten abelburuen eta pikatzeko zaldien kopuruaren eta jaialdi-motaren arabera:

A) Behin erabiltzeko latexezko eskularruak banakako ontzi esterilean, gutxienez pare bat animalia bakoitzeko.

B) Tinta ezabagaitzeko errotulagailu bat.

C) Gernu-lagina jasotzeko kit bat, hauek dituena:

a) Gernu-laginak jasotzeko plastikozko edo kristalezko hiru ontzi, tapa autozigiludunak. Bata A hizkiarekin markatua, bestea B hizkiarekin eta hirugarrena C hizkiarekin.

b) Gernua zuzenean biltzeko tresna. Zezenketa-abelburuen gernua zuzenean ateratzeko, xiringa bat eta horretarako orratz egokiak sartuko dira.

c) Esteripaperean edo antzekoren batean bildutako plastikozko baso tapadun bat, A, B eta C flaskoetan gernua isurtzen laguntzeko.

D) Odol-lagina jasotzeko kit bat, hauek dituena:

a) Kanpoko hiru ontzi: bat A laginerako, bestea B laginerako eta hirugarrena C laginerako.

b) Honako material hau biltzen duen ontzi bat edo plastikozko poltsa bat edo antzeko zerbait:

1.– Odola ateratzeko hamaika hustuketa-tutu, hutsik gutxienez 10 ml-ko edukierakoak.

2.– Odola ateratzeko hiru orratz, neurri egokikoak.

3.– Odola ateratzeko xiringa suntsigarri bat, edukiera nahikokoa. Tutu-euskarriak ere erabili ahal izango dira, haiei dagozkien orratzekin.

4.– Hustuketa-tutuak eta kanpoko edukiontzi eta ontziak identifikatzeko behar adina etiketa autoitsasgarri, zenbakituak.

5.– Kanpoko edukiontziak edo ontziak identifikatzeko hiru kartoi mehe.

6.– Kanpoko ontzientzako hiru segurtasun-zigilu, banaka kodifikatuak erliebezko ausazko zenbakiekin.

E) Banakako edukinontzi sorta bat, material gogorrekoak eta aldagaitzak, ez da horietan aztarnarik geratuko eta ixteko segurtasun-sistema bat izango dute. Hiru edukinontzik osatuko dute sorta bakoitza: batek «A» identifikazioa izango du, besteak «B» identifikazioa eta hirugarrenak «C» identifikazioa.

F) Edukinontzi orokorrak, aurreko puntuan adierazi diren edukinontzietariko bi sorta sartzeko adinakoak. Edukinontzi horiek material gogorrekoak eta aldagaitzak izango dira, eta ez da horietan aztarnarik geratuko. Halaber, ixteko segurtasun-sistema eta garraiatzeko heldulekuak izango dituzte.

2.– Dagokion ebazpenaren bidez baimendutako ikuskizunak egiten diren egunetan, zezen-plazan egongo da aurreko paragrafoetan adierazi den material hori, ikuskizunerako izendatutako albaitari horien aburuz segurua den tokian egon ere, eta ikuskizuna antolatu duen enpresak zainduko du aipatu materiala.

6. artikulua.– Odol- eta gernu-laginak hartzeko prozedura.

Zezen-ikuskizunei buruzko Euskadiko Araudiaren arabera, zezenketa-abelburuen kasuan, animalia hil eta berehala hartuko dira odol- eta gernu-laginak, eta pikatzeko zaldiak badira, aldiz, plazatik atera eta hurrengo bi orduetan; dena den, aurrez, plazako buruak horretarako agindua emango du. Honako hauek beteko dira:

a) Ikuskizunerako izendatutako albaitari-taldeko kide batek hartuko ditu analizatzeko odol- eta gernu-laginak, plazako ordezkaria edo, hala denean, ordezkariordea bertan dela. Ikuskizunaren plazako buruak edo haren ordezkoek ere parte hartu ahal izango dute lagin hauen hartualdian.

b) Enpresaren ordezkari bat eta abelburuaren jabea den abeltzaintzako enpresaren edo, halakorik dagoenean, zaldiaren titularraren ordezkari bat egon ahal izango dira bertan, zeinek izendapen askeko albaitariaren laguntza izan baitezakete. Ikuskizuna hasi aurretik, akreditazioa aurkeztu beharko diote pertsona horiek plazako ordezkariari, gero, hala behar denean, laginak hartuko direla jakinaraz diezaien. Aipatu pertsona horiek diligentzia horretan azaltzen ez badira, aktan jasoko da inguruabar hori.

c) Hildako abelburu edo zaldi bakoitzeko, honako gutxieneko odol- eta gernu-lagin kopuru hauek jasoko dira:

– Gernua, 90 ml, gutxienez. Lagin hori hiru flaskotan banatuko da: «A» ontzian, 50 ml, gutxienez; «B» ontzian, 20 ml eta, «C» flaskoan, beste 20 ml.

– Odola, 110 ml, gutxienez. Lagin hori hamaika tututan banatuko da, 10 ml bakoitzean. 5 tutu, «A» laginerako, beste 3 «B» laginerako eta beste 3 «C» laginerako.

d) Honela hartuko dira gernu-laginak:

– Zezenketa-abelburuetan, maskuritik zuzenean aterako da horretarako emandako orratz eta xiringarekin, eta plastikozko basora aldatuko da, eta, hortik, tapa autozigilatudun plastikozko edo kristalezko 3 flaskoetara. «A» lagina, 50 ml-koa, gutxienez, eta «B» eta «C» laginak, bakoitzak 20 ml-koak, gutxienez.

– Pikatzeko zaldietan, gernu-biltzailea ezarriko da. Gernua jasota, aurreko puntuan deskribatzen den moduan maneiatuko da lagina.

e) Honela hartuko dira odol-laginak:

– Albaitariaren ustez egokiena den ataletik aterako zaio animaliari odola; gutxienez 110 ml odol aterako zaio horretarako emandako xiringarekin, zeina 11 hustuketa-tututan banatuko baita, hau da, bakoitzean 10 ml. 1etik 5erako tutuak «A» laginari egokituko zaizkio, 6, 7 eta 8 tutuak «B» laginari eta 9, 10 eta 11 tutuak «C» laginari.

7. artikulua.– Odol- eta gernu-laginak ontziratzea eta garraiatzea.

1.– Honela ontziratuko dira eskuratu diren odol- eta gernu-laginak, eta honela igorriko laborategira:

a) Aipatu lagin horiek hartu ondoren, animaliaren identifikazioari dagokion errotulua jarriko zaio ontzi bakoitzari, eta honela banatuko dira edukiontzietan: «A» edukinontzian sartuko dira «A» flaskoko gernu-laginak eta «1», «2», «3», «4» eta «5» tutuetako odol-laginak; «B» edukinontzian, «B» flaskoko gernu-laginak eta «6», «7» eta «8» tutuetako odol-laginak, eta, «C» edukiontzian, «C» flaskoko gernu-laginak eta «9», «10» eta «11» tutuetako odol-laginak. Material horiek dagokien edukinontzietan sartu ondoren, itxi egingo dira segurtasun-zigilu kodetuekin.

b) Laginak hartzea bukatzean, garraiatzeko edukinontzi orokorrean sartuko dira betetako edukinontzi guztiak.

c) Batu den lagin bakoitzaren akta egingo du laginak hartuko dituen albaitariak. Akta horiek, gutun-azal itxietan, garraiorako edukinontzi orokorraren barruan sartuko dira, eta laborategira bidaliko.

d) Material hori guztia edukinontzi orokorrean sartu ondoren, itxi egingo da, eta zigilua jarriko zaio dagokion segurtasun-prezintu kodetuarekin.

e) Laginak hartzeko prozesua bukatu ondoren, kontserbazio-baldintza egokietan mantenduko da garraiorako edukinontzi orokorra, harik eta laborategira eraman arte. Plazako ordezkariak egingo du lekualdaketa edo, hark egin ezin badu, beste funtzionario batzuek edo plazako ordezkariak gainbegiratuta dauden beste pertsona batzuek; betiere, horien bortxaezintasuna bermatuko da.

2.– Edukiontziak laborategira eramatean, horiek jaso izanaren akta egingo da, zeina eramaileak eta laborategi jasotzaileko kideak sinatuko baitute; halaber, aktan jasoko da kutxa edo ontziak osorik daudela edo, bestela, anomaliak dituela.

3.– Laborategiak egoki iritzitako analisiak egingo ditu zehazteko zezenketa-abelburuen edo pikatzeko zaldien berezko portaera eta gaitasunak aldarazten dituzten gai edo produkturik egon den ala ez.

8. artikulua.– Emaitzen analisia eta jakinarazpena.

1.– Odol eta gernuaren «A» laginen froga analitikoak egingo ditu laborategiak lagin horiek laborategira heldu eta hurrengo hiru lanegunetan. «B» eta «C» laginak era egokian kontserbatu eta zainduko dira laborategian, beharrezkoa bada balizko kontraanalisia eta, hala badagokio, hirugarren analisi erabakigarri bat egiteko. Analisien helburua da aberearen edo zaldiaren portaera naturalean aldaketak eragin ditzaketen substantziak eta elementuak hautematea. Aldaketa horien kausa izan daitezke substantzia edo elementu horien izaera, kantitatea edo bi faktore horiek batera.

2.– Analisiaren emaitza eta laginen banakako aktaren kopia igorriko dio laborategiak ikuskizunen arloan eskumena duen organoari, eta azken horrek abeltzain interesdunari emango dio horren berri. Laborategiaren aburuz, analisia positiboa bada, abeltzain interesdunak hamar eguneko epea izango du, emaitzaren jakinarazpena egin eta biharamunetik hasita, kontraanalisia egin dadila eskatzeko. Kontraanalisia egiteko data laborategia eta abeltzain interesdunaren artean adostuko da, gehienez hamar eguneko epean kontraanalisia egiteko eskabidearen datatik aurrera.

3.– Odol- eta gernu-analisiaren kostua Administrazioaren kargura izango da, baina kontraanalisiaren eta analisi ebazlearen kostuak eskatzailearen kargura izango dira beti.

4.– «B» laginarekin egin beharko da kontraanalisia, laborategian berean. Bertan egon ahal izango dira edo interesduna edo hark ordezkari eskuordetzen duena, zeina behar bezala kreditaturik egon beharko baita. Baldin eta haietako norbait bertaratzen bada, haren aurrean zabaldu beharko da kontraanalisia egiteko erabiliko den lagina dagoen banakako edukiontzia, eta une horretan sinatuko dute bertaratze-akta bertan daudenek. Akatsik antzemanez gero, akta horretan jasoko dira. Analisiaren prozesu osoan, laborategian egon ahal izango dira kontraanalisian egoteko eskubidea baliatzen dutenak.

5.– Baldin eta analisien eta kontraanalisien emaitzak kontraesankorrak badira, hirugarren analisi bat egin ahal izango da kontraanalisiaren baldintza beretan. Horretarako, «C» hizkiarekin identifikatutako laginak erabiliko dira, eta lortutako emaitzak ebazleak izango dira.

6.– Behin prozesua amaituz gero, bertaratze-aktak eta kontraanalisiaren emaitzak emango dizkio laborategiak ikuskizunen arloan eskumena duen organoari, azken horrek zehapen-espedientea har dezan, baldin eta emaitza positiboa berresten bada.

9. artikulua.– Laginak kontserbatzea analizatzeko.

Odol- eta gernu-laginak laborategian gordeko dira, jasotzen direnetik hiru hilabete igaro arte, gutxienez. Adar-laginak, aldiz, sei hilabetez gorde beharko dira, gutxienez.

10. artikulua.– Laborategiak homologatzeko prozedura.

1.– Zezen-ikuskizun orokorretako adar-, odol- eta gernu-laginak hartu, zaindu eta analizatzeko homologatua izan nahi duen laborategiak eskabidea aurkeztu beharko dio ikuskizunen arloan eskumena duen organoari; eskabidearekin batera, honako zehaztapen edo ezaugarri hauek betetzen direla adierazten duen azalpen-memoria ere aurkeztu beharko dio:

a) Laborategian behar adinako bitartekoak edukitzea odol- eta gernu-laginak behar bezala kontserbatzeko jasotzen direnetik aurrera hiru hilabetez, eta adar-laginak, aldiz, sei hilabetez.

b) Analisiak egiteko protokoloak edukitzea, Europar Batasunean halako eta antzeko analisietan eskatzen diren irizpide eta arauak betetzen dituztenak, hain zuzen ere.

c) Egiten diren analisien ondoriozko txostenak aski direla bermatzeko gauza diren langileak edukitzea.

d) Agindu honetan ezarritako eragiketak eta analisiak egiteko behar den zehaztasuna, segurtasuna eta egokitasuna bermatzen duten tresnak edukitzea; besteak beste, mikrotomoa eta behaketa mikroskopikoa taldean ikusteko sistema eduki beharko dira.

2.– Aurreko atalean aipatu eskabidea aurkeztu eta gero, ikuskizunen arloan eskumena duen organoaren titularrak, beharrezko iritzitako informazioa eta egiaztapenak jaso ondoren, hari buruzko ebazpena emango du hilabeteko epean.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Zezen-ikuskizunei buruzko Euskadiko Araudiaren 55.10 eta 57.10 artikuluetan xedatuaren arabera, adar-, gernu- eta odol-laginak ausaz hartzeko agindu ahal izango du ikuskizunen arloan eskumena duen organoak; hala gertatzean, kostua Administrazioaren kargura izango da. Ausazko analisiak egitea eta dagozkien zehaztapenak urtero ezarriko dira Eusko Jaurlaritzan ikuskizunen arloan eskumena duen organoaren ebazpen baten bidez; Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da ebazpen hori.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe geratzen dira, batetik, Herrizaingoko sailburuaren 1999ko ekainaren 23ko Agindua, zezen-ikuskizun orokorretan laginak hartzeko prozedura eta lagin horiek analizatuko dituzten laborategiak homologatzeko prozedura arautzen dituena, eta, bestetik, lagin horiek aztertzeko ardura duten laborategiak homologatzeko prozedura, baita agindu honetan xedatuaren aurkakoa dioten maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak ere.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko abuztuaren 3a.

Segurtasuneko sailburua,

ESTEFANÍA BELTRÁN DE HEREDIA ARRONIZ.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala