Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

119. zk., 2015eko ekainaren 26a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
OGASUN ETA FINANTZA SAILA
2858

105/2015 DEKRETUA, ekainaren 16koa, Energiaren Euskal Erakundeari Itsas Gas Bunker Supply, S.L. sozietatearen kapital-gehikuntzan parte hartzeko baimena ematen diona.

Euskadiko Ondareari buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuaren 109.1 artikuluaren arabera, honako hauek osatzen dute enpresa-ondarea: merkataritza-sozietateak ordezkatzen dituzten baloreek; obligazioak eta akzio bihur daitezkeen obligazioek; lehentasunezko harpidetza-eskubideek; aukeren finantza-kontratuek; finantza-trukeko kontratuek; partaidetza-kredituek, eta bigarren mailako merkatu antolatuetan negoziatzekoak diren beste batzuek, baldin eta lege honen 1. artikuluan jasotako erakundeetarako eskubideak ordezkatzen badituzte.

Euskadiko Ondareari buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuaren 110.1 artikuluak ezartzen duenaren arabera, enpresa-ondarea osatzen duten ondasunak eta eskubideak eskuratzeko, aurretiaz, Gobernu Kontseiluaren baimena beharko da, dekretu bidez emana; eta horretarako proposamena, berriz, ondareari buruzko eskumenak dituen saileko buruak eta, zuzenean nahiz bitarteko erakunde baten bidez, sozietatea loturik duen edo loturik izango duen saileko buruak egin beharko dute, biek batera. Dekretu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu behar da, baina, edonola ere, ematen den egunetik aurrera izango da indarrean.

Itsas Gas Bunker Supply, S.L. sozietatearen xedea da:

a) Era guztietako itsasontziak, ontziak eta ur gaineko tresnak ustiatzea, propioak zein beste inorenak, baita itsas garraioarekin eta laguntzarekin zerikusia duen oro ere. Nagusiki, gasez elikatutako barne-errekuntzako motorrek bultzatutako itsasontziak ustiatzea.

b) Era guztietako itsasontzien armadore, ontzi-jabe edo kudeatzaile izatea; eta, oro har, itsas merkataritzari lotutako era guztietako operazioak egitea, merkataritzako eta industriako edozein operazio, gorago aipatutakoei artez edo zeharka lotuta.

c) Portuan, arradan edo itsas zabalean, itsasontzietarako garraioa eta horniketa egitea: erregaiak, solidoak, likidoak, ura eta beste edozein eratako hornigai. Nagusiki, gasa hornitzea, gasez elikatutako barne-errekuntzako motorrek bultzatutako itsasontzietarako.

d) Lehorreko era guztietako garraioak, ibilgailu propioetan, errentan hartutakoetan edo hirugarrenen kontura. Nagusiki, gasa garraiatzea, gasez elikatutako barne-errekuntzako motorrek bultzatutako itsasontzietarako.

Sozietateak berak gara ditzake sozietateren xedearen barruko ekintzak, osorik zein zati batean; edo zeharka, xede bera edo antzekoa duten sozietate batzuetako partaidetzaren bidez.

2015eko otsailaren 12an, Energiaren Euskal Erakundearen Zuzendaritza Kontseiluak erabaki zuen Eusko Jaurlaritzari eskatzea Energiaren Euskal Erakundeari baimena eman diezaiola Itsas Gas Bunker Supply, S.L. sozietatean duen partaidetza handitzeko, kapital sozialaren % 49raino, eta 12.000.000 euroko kapital-gehikuntza formalizatzeko, orotara 5.881.410 euro emanda; izan ere, eragiketa hori egiteko, goragoko paragrafoetan esan denez, Gobernu Kontseiluaren baimena behar da.

Ondorioz, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren eta Ogasun eta Finantzetako sailburuaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2015eko ekainaren 16an egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Baimena ematea Energiaren Euskal Erakundeari, Itsas Gas Bunker Supply, S.L. sozietatearen kapital-gehikuntzan parte hartzeko eta bost milioi zortziehun eta laurogeita bat mila laurehun eta hamar (5.881.410) euro emateko, haren % 49,02ren baliokidea; guztira, hamabi milioi (12.000.000) euro izanik. Eragiketa honen ostean, Energiaren Euskal Erakundeak % 49ko partaidetza izango du.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu honek onartzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteizen, 2015eko ekainaren 16an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

Ogasun eta Finantzetako sailburua,

RICARDO GATZAGAETXEBARRIA BASTIDA.


Azterketa dokumentala