Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

119. zk., 2015eko ekainaren 26a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
2854

AGINDUA, 2015eko ekainaren 24koa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena, zeinaren bidez aldatzen baita merkataritza-saltokiak modernizatzeko laguntza-programa arautzen duen agindua.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren 2014ko ekainaren 25eko Aginduak merkataritza-saltokiak modernizatzeko laguntza-programa arautzen du. Agindu hori 2014ko uztailaren 2an argitaratu zen EHAAn (124. zk.).

Merkataritza-banaketaren alorrean Ekonomia Garapen eta Lehiakortasun Sailak gauzatutako ekintzen artean, merkataritza-enpresen jarraipena eta hazkundea bermatzea dago, eta, horretarako, enpresa-transmisioan oinarritzen da eta horretan laguntzen die enpresei, modu ordenatuan eta planifikatuan egin dadin transmisio hori.

Ekonomia Garapen eta Lehiakortasun Sailaren helburuen artean, merkataritza-banaketako enpresen lehiakortasuna handitzea dago baita ere.

Ondorioz, komeni da babestea, Merkataritza-saltokiak modernizatzeko laguntza-programaren barruan, enpresa-transmisioko prozedurak eta merkataritza-enpresetako kudeaketa-sistemen ezarpena eta hobekuntza.

Azkenik, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren 2014ko ekainaren 25eko Aginduaren zenbait artikuluri ikazketa berria ematen zaie, horiek aplikatzerakoan sor daitezkeen interpretazio-arazoak saihesteko.

Horrenbestez, honako hau

XEDATZEN DUT:

Lehenengo artikulua.– 1.– Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren 2014ko ekainaren 25eko Aginduaren 5. artikuluko –diruz lagun daitezkeen inbertsioak– 1. paragrafoaren b) idatzi-zatia aldatzen da. Merkataritza-saltokiak modernizatzeko laguntza-programa arautzen du agindu horrek, eta aldatzen den paragrafo horren idazketa berria hauxe izango da:

«b) Salgaientzako baskula elektronikoak, ekipo informatikoak, horietarako aplikazioak eta osagarriak, betiere baldin eta merkaturatze-prozesuetan txertatuta badaude edota enpresaren kudeaketarako badira.»

2.– Aldatu egiten da 5. artikuluko –diruz lagun daitezkeen inbertsioak– 2. paragrafoa, zein honela idatzita geratuko baita:

«2.– Saltoki bakoitzeko onartuko den gutxieneko inbertsioa honakoa izango da:

a) 3.000 euro aurreko paragrafoko a) idatzi-zatian jasotako inbertsioetarako.

b) 900 euro aurreko paragrafoko b) idatzi-zatian jasotako inbertsioetarako.

Bi kategorietan inbertsioak egiten diren kasuetan, onartutako gutxieneko inbertsioa egiten den kategoriako inbertsioa bakarrik lagundu ahalko da diruz.

Agindu honetan ezarritako kopuruak eguneratu behar izanez gero, deialdi bakoitzaren ebazpenean eguneratuko dira».

Bigarren artikulua.– Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren 2014ko ekainaren 25eko Aginduaren 6. artikuluko –laguntzak– 3. paragrafoaren a) eta e) idatzi-zatiak aldatzen dira, eta g) idatzi-zatia gehitzen da. Merkataritza-saltokiak modernizatzeko laguntza-programa arautzen du agindu horrek, eta aldatzen diren paragrafo horien idazketa berria hauxe izango da:

«3.– a) 2 puntu gehiago, UNE 175001 ziurtapena edo «Saltokitik Enpresara» programan parte hartu izanaren egiaztagiria izanez gero».

«e) 5 puntu gehiago, laguntza eskatzen duen saltokiaren nagusiak edo gutxienez hango langile batek hezkuntza arautuko tituluren bat –Lanbide Heziketako erdi mailako zein goi-mailako titulua– edo Lanbidek emandako profesionaltasun-ziurtagiriren bat baduela egiaztatuz gero, tituluak merkataritzarekin zuzeneko loturaren bat badu betiere.

Tituluek eta ziurtagiriek merkataritzarekin zuzeneko lotura dutela ulertuko da baldin eta haien helburua merkataritzako saltokiaren enpresa-kudeaketa bada –erosketak, salmentak, bezeroaren arreta, biltegi-kudeaketa, marketina,...– edota lanpostua hobeto garatzea, betiere laguntza eskatzen duen saltokiaren jarduera komertzialaren arabera.

Merkataritza-saltokiaren titularrak edo langileek merkataritza-jarduera gauzatzeko ezinbesteko diren tituluak edo ziurtagiriak ez dira aintzat hartuko».

«g) 5 puntu gehiago, baldin eta saltokiaren enpresaburuak «Berriz Enpresa» enpresa-transmisioa bermatzeko programan edo erakunde publikoek zein pribatuek enpresa-transmisioa bermatzeko burututako beste programaren batean parte hartu izanaren egiaztagiria izanez gero. Eusko Jaurlaritzan merkataritza-arloan eskumena duen sailak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganberek elkarlanean garatutako programa da «Berriz Enpresa».

Azken kasu horretan, merkataritza-saltokia kokatuta dagoeneko Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganberaren egiaztagiri bat beharko da, non egiaztatuko baita saltokia jabez aldatzeko prozesuak.enpresa-transmisiotzat hartzeko baldintzak eta helburuak betetzen dituela.

Enpresa-transmisioa helburu duen proiekturako diru-laguntza lortzeko eskabidea lehen aldiz aurkezten denean bakarrik handitu ahalko da diru-laguntzaren portzentajea».

Hirugarren artikulua.– Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren 2014ko ekainaren 25eko Aginduaren 7. artikuluko –bestelako laguntzekiko bateragarritasuna– 2. paragrafoa aldatzen da. Merkataritza-saltokiak modernizatzeko laguntza-programa arautzen du agindu horrek, eta aldatzen den paragrafo horren idazketa berria hauxe izango da:

«2.– Agindu honetan araututako laguntzen babesa jasotzen duten enpresen inbertsio-proiektuek ezingo dute beste laguntzarik jaso, edozein dela ere beste laguntza horien izaera eta eman dituen organo edo administrazioa, baldin eta, agindu honetatik eratorritako laguntzei metatuta, agindu honen bidez diruz lagundutako inbertsio-proiektuaren kostua gainditzen badute».

Laugarren artikulua.– 1.– Merkataritza-saltokiak modernizatzeko laguntza-programa arautzen duen Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren 2014ko ekainaren 25eko Aginduaren 9. artikuluaren –Eskabideak eta agiriak– 3. paragrafoko azken zatia aldatzen da, zeinaren idazketa berria hauxe izango baita:

«Eskabide bakarra aurkeztuko da merkataritza-saltoki eta deialdi bakoitzeko. Enpresa batek hainbat merkataritza-saltokitan egiten baditu inbertsioak, eskabidea egiteko aurkeztu behar den dokumentazio komuna lehenengo eskabidean bakarrik aurkeztu beharko da, ez eskabide guztietan.

2.– Merkataritza-saltokiak modernizatzeko laguntza-programa arautzen duen Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren 2014ko ekainaren 25eko Aginduaren aipatu 9. artikuluaren 4. paragrafoko j) eta k) idatzi-zatiak aldatzen dira eta l) idatzi-zatia gehitzen da, zeinen idazketa berria hauxe izango baita:

«j) Eskabideari zegokion inbertsio-proiektuan jasotako aktiboen behin betiko fakturak, jatorrizkoak zein kopia erkatuak. Inbertsioak faktura elektroniko bidez ere frogatu ahalko dira, baldin eta zerga-alorrean onartuak izateko eskatzen diren baldintzak betetzen badituzte.

Diruz lagun daitezkeen aktiboak ondo identifikatuta dituzten fakturak bakarrik onartuko dira –ez dira onartuko kontzeptu kodetuak–. Gainera, faktura horiek, BEZik gabe, 50 euro edo gehiagokoak izan beharko dute.»

«k) Aurkeztu diren fakturak ordaindu direla egiaztatzen duten jatorrizko frogagiriak edo horien kopia erkatuak. 2.500 eurotik gorako ordainketak banku-transferentzia, banku-ziurtagiri nahiz ordain-estraktuen bidez justifikatuko dira. Ordaintzailea eta ordainketa jaso duena argi eta garbi identifikatuta azaldu beharko dira dokumentu horietan.

Diru-laguntza eskatzen den egunean aurkeztutako faktura guztiak ordainduta ez badaude –ordainketa geroratua onartuta badago– ordainagiriak onartuko dira, betiere ordainketa egin bada diru-laguntzaren eskabidea aurkeztu eta 90 eguneko epean eta deialdiko ekitaldian. Ordainketa geroratuaren frogagiria ordainketa egin eta 10 eguneko epean aurkeztuko da, Ekonomia Garapen eta Lehiakortasun Sailaren dagokion lurralde-ordezkaritzan. Bestela, organo eskudunak ebazpena emango du diru-laguntzaren zenbatekoa benetan justifikatutako zenbatekora egokituz, edo, bidezkoa bada, ez-betetze espedientea irekiko du.

Aurreko paragrafoan aipatzen diren frogagiriak aurkeztu ondoren ordainduko da diru-laguntza.»

«l) Merkataritza-saltokia kokatuta dagoen lurralde historikoko Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganberaren egiaztagiria, baldin eta 6.3.g) artikuluan aipatzen den enpresa-transmisioko programara atxiki bada».

AZKEN XEDAPENENETATIK LEHENENGOA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honen aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, agindua argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera hilabete biko epean.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko ekainaren 24a.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.


Azterketa dokumentala