Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

89. zk., 2015eko maiatzaren 15a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
2117

EBAZPENA, 2015eko maiatzaren 6koa, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusiarena, 2015eko ekitaldian prebentzio-ordezkarien oinarrizko mailako prestakuntza emateko baimenaren eta diru-laguntzaren deialdia egiten duena.

Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea sortzen duen abenduaren 21eko 7/1993 Legearen arabera, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea –aurrerantzean, Osalan– administrazio-erakunde autonomoa da, izaera juridiko propioa eta aritzeko ahalmen osoa dituena; Justizia, Enplegu eta Gizarte Segurantza Sailera atxikita dago –egun, Enplegu eta Gizarte Politiketako Saila–. Ekainaren 27ko 10/1997 Legeak aldatu egin zuen lege hori. Laneko segurtasun, higiene eta osasunari buruzko planak eta prestakuntza-ikastaroak programatu, antolatu eta bideratzea dago haren eginkizunen artean, betiere erakundea sortzeko aipatu legearen 4.1.h) artikuluaren arabera.

1997ko abenduaren 11n Confebask enpresaburuen elkarteak eta ELA, UGT, CCOO eta LAB sindikatuek EAEn hitzartutako Laneko Osasun eta Arriskuen Prebentzioaren Arloko Lanbidearteko Akordioaren III. atalean –Prebentziorako Prestakuntza– ezarritakoa betetzeko, Osalanek, prebentzio-ordezkarien prestakuntza dela-eta, dei egiten die prebentzio-ordezkariak trebatzeko oinarrizko mailako ikastaroak ematea nahi duten erakunde publiko zein pribatuei, 2015erako eta jarraian aipatzen diren baldintzetan, batetik, baimena eska dezaten diruz lagundutako ikastaro horiek eman ahal izateko, betiere Osalanek ezarritako baldintzak beteta dituztela, eta, bestetik, Euskal Autonomia Erkidegoko enpresetako prebentzio-ordezkariei zuzendutako prestakuntza hori emateko diru-laguntzak eska ditzaten. Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa eta besteren kontura lan egiten duten langile guztiei eragiten die aipatu lanbidearteko akordioak.

Hori dela eta, Euskal Autonomia Erkidegoko 2015. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 5/2014 Legearekin bat etorriz, hau

EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
OINARRI KOMUNAK

1. artikulua.– Xedea.

Ebazpen honen xedea da prebentzio-ordezkariak trebatzeko oinarrizko mailako prestakuntza ematea nahi duten erakunde publiko zein pribatuei dei egitea, honako hauek eska ditzaten:

a) EAEko enpresetako edo lantokietako prebentzio-ordezkariak trebatzeko diruz lagundutako ikastaroak emateko baimena, betiere Laneko Osasun eta Arriskuen Prebentzioaren Arloko Lanbidearteko Akordioan ezarritakoaren arabera, eta ebazpen honetan zehazten diren Osalanen baldintzak beteta dituztela.

b) 2015eko urtarrilaren 1etik 2015eko abenduaren 1era bitartean EAEko enpresetako edo lantokietako prebentzio-ordezkariak trebatzeko prestakuntza-jarduerak gauzatzeko diru-laguntza, betiere Osasun Alorreko eta Laneko Arriskuak Prebenitzeko Alorreko Lanbidearteko Akordioan ezarritakoaren arabera eta ebazpen honetan ezarritako baldintzetan.

2. artikulu artikulua.– Hartzaileak.

Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta dauden prestakuntza-zentroek, publikoek zein pribatuek, erakunde sindikalek, bai eta egiaztatutako prebentzio-zerbitzuek ere –azken horiek prebentzio-ordezkarien inguruan zerbitzuak ematen dizkieten enpresei dagokienez– baimena eskatu ahalko dute, eta, baimena lortu ondoren, diru-laguntza, 2015eko ekitaldian prebentzio-ordezkariak trebatzeko oinarrizko mailako prestakuntza emateko.

3. artikulua.– Eskabidea aurkezteko tokia eta epea.

Eskabideak izapidetzeko modua, eta horiek aurkezteko tokia eta epea eskabide-motaren –baimena ala diru-laguntza– arabera zehazten da.

4. artikulua.– Ebaluazio Batzordea.

1.– Baimen- zein dirulaguntza-eskabideak horretarako sortutako ebaluazio-batzorde batek baloratuko ditu.

2.– Batzorde hori honako pertsona hauek osatuko dute:

Lehendakaria: Francisco Javier Inda Ortiz de Zárate, Osalaneko zuzendariorde teknikoa.

Idazkaria: Teresa Salazar Arteche, Osalaneko Aholkularitza Juridikoko arduraduna.

Kide iraunkorra: Francisco Javier Calleja Quintana, Osalaneko Prestakuntza eta Dokumentazioko kudeatzailea.

Guztiek jasoko dute erakundeko teknikarien eta administrazio-langileen laguntza.

5. artikulua.– Datu pertsonalen babesa.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta Datu Pertsonalen Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legeak xedatutakoaren arabera, deialdi honetan izapidetutako datu pertsonalak Osalanen fitxategietan jasoko dira. Datu horiek eskuratzeko, zuzentzeko, ezeztatzeko edota horiei aurka egiteko, aipatu legean aurreikusten den eskubidea Osalanen aurrean balia daiteke, jarraian aipatzen diren lurralde-bulegoetako edozeinetan:

a) Arabako Lurralde Bulegoa. Jose Atxotegi 1, 01009 Vitoria-Gasteiz.

b) Bizkaiko Lurralde Bulegoa. Dinamita bidea z/g, 48903 Gurutzeta-Barakaldo.

c) Gipuzkoako Lurralde Bulegoa. Maldatxo Bidea z/g, 20012 Donostia.

II. KAPITULUA
PREBENTZIO-ORDEZKARIAK TREBATZEKO DIRUZ LAGUNDUTAKO OINARRIZKO MAILAKO PRESTAKUNTZA EMATEKO BAIMENA

6. artikulua.– Eskabidea.

Deialdi honen 2. artikuluan zerrendatutako edozein hartzailek eskatu ahalko du baimena 2015eko ekitaldian prebentzio-ordezkariak trebatzeko oinarrizko mailako prestakuntza emateko. Eskatzaileak bi taldetan sailkatuko dira:

a.– Prebentzio-ordezkariak trebatzeko diruz lagundutako oinarrizko mailako prestakuntza emateko 2014ko ekitaldian baimena lortu zuten erakunde publikoak zein pribatuak.

b.– Prebentzio-ordezkariak trebatzeko diruz lagundutako oinarrizko mailako prestakuntza emateko baimena lehen aldiz eskatzen duten erakunde publikoak zein pribatuak.

7. artikulua.– Betekizunak.

1.– Prebentzio-ordezkariak trebatzeko diruz lagundutako oinarrizko mailako prestakuntza emateko baimena lortu zuten erakunde publiko zein pribatuek berriztapen-eskabidea aurkeztu beharko dute (I.1 eranskina). Eskabide horrekin batera, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztuko da, 2014an baimena eman zitzaieneko baldintzak betetzen dituztela egiaztatzen duena, edo, bestela, zehaztasunez adieraziko dute ze aldaketa izan diren, baldin eta baldintzak ez badira mantentzen.

2.– Prebentzio-ordezkariak trebatzeko diruz lagundutako oinarrizko mailako prestakuntza emateko baimena lehen aldiz eskatzen duten erakunde publikoek zein pribatuek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Zerbitzuak ematen dizkieten enpresetako prebentzio-ordezkariak trebatzeko prestakuntza-zentroak edo prebentzio-zerbitzu egiaztatuak edota erakunde sindikalak izatea, arau-arloko oinarrizko prestakuntza emateko.

b) Trebatu nahi diren ikasle-kopurura doitutako hornidurak, baliabide materialak eta didaktikoak eskura izatea, ezaugarri hauen arabera:

1) Gutxienez 10 ikasle hartzeko ikasgelak izatea, ikasle bakoitzeko 2 m²ko azalera eta irakaslearentzako 4 m²ko azalera dituztenak.

2) Baliabide didaktikoak eta behar adinako hornidurak: arbela, telebista/bideoa, proiektorea, interneteko konexioa, telefonoa, etab.

c) Laneko arriskuen prebentzioan maila ertaineko edo goi-mailako eginkizunak betetzeko prestakuntza egiaztatzen duten irakasleak, edo eman beharreko gaietan gutxienez urtebeteko irakaskuntza- edo lan-esperientzia dutenak, eta prestakuntza hori euskaraz emateko gai direnak.

8. artikulua.– Eskabidearen izapideak eta eskabidea aurkezteko tokia eta epea.

1.– Baimen-eskabidea egiteko eta baimena lortzeko baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, 6. artikuluaren a) taldean sailkatutako erakundeek I.1) eranskinean dagokion atala bete beharko dute, eta, aipatu artikuluaren b) taldean sailkatutakoek, berriz, I.2) eranskina bete beharko dute. Nolanahi ere, eranskin horietan eskatzen den gainerako dokumentazioa erantsi beharko da.

2.– Erakunde eskatzailea kokatuta dagoen lurralde historikoko Osalanen lurralde-bulegoetan aurkeztuko dira eskabideak:

a) Arabako Lurralde Bulegoa. Jose Atxotegi 1, 01009 Vitoria-Gasteiz.

b) Bizkaiko Lurralde Bulegoa. Dinamita bidea z/g, 48903 Gurutzeta-Barakaldo.

c) Gipuzkoako Lurralde Bulegoa. Maldatxo Bidea z/g, 20012 Donostia.

Zuzenean aurkeztu ahalko dira, edo, nahi izanez gero, azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak, 38.4 artikuluan ezarritako bideetako bat baliatuz ere bidal daitezke.

3.– Eskabideak 15 laneguneko epean aurkeztu behar dira, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

4.– Eskaerak aurkeztu ondoren, emandakoa baino informazio gehiago eskatu ahalko da. Nolanahi ere, azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak, 71. artikuluan ezartzen duenaren arabera, hamar eguneko epea emango zaio interesdunari gabeziak konpontzeko edo nahitaezko agiriak eransteko, eta jakinaraziko zaio halakorik egiten ez badu bere eskabideari uko egin diola ulertuko dela, betiere aipatu Legeak 42. artikuluan ezarritakoarekin bat etorrita, aurretiaz dagokion ebazpena eman ondoren.

9. artikulua.– Ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epeak, eta jakinarazteko modua.

1.– Ikastaroak emateko baimenari dagokionez, Osalaneko zuzendari nagusiari dagokio ebazpen honetan araututako deialdia ebaztea, Ebaluazio Batzordeak proposamena egin ondoren.

2.– Hartutako ebazpena idatziz jakinaraziko zaie erakunde interesdunei, banaka, bi hilabeteko epean gehienez ere, baimen-eskabidea aurkeztu eta biharamunetik aurrera.

Atal honetan aipatutako epea igaro eta ebazpenik jakinarazten ez bada, beren eskabidea aintzat hartu dela ulertuko dute erakunde interesdunek, hala xedatzen baitu azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 43. artikuluak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearenak.

3.– Prebentzio-ordezkariak trebatzeko oinarrizko prestakuntzarako baimena emateko ebazpena emateak ez dakar berekin diru-laguntza emateko ebazpena.

4.– Zuzendari nagusiaren ebazpenak amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, berraztertzeko errekurtsoa jarri ahalko da organo horretan, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ere jar daiteke Bilboko Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean.

5.– Publikotasunaren ondorioetarako soilik argitaratuko dira Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ikastaroak emateko baimen-eskariei dagozkien ebazpenak.

6.– Nolanahi ere, baimena atzera bota daiteke, Osalaneko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez eta, betiere, erakunde interesdunari entzun ondoren, deialdi honen xede diren prestakuntza-jarduerak egiten ez badira, prestakuntza-erakundearen aldetik interes-gabezia dagoela ulertuko baita; baimena atzera bota ahalko da baita ere, lortutako baimena lortzeko eskatutako baldintzak betetzen ez badira edo baimena emateko aintzat hartutako edozein inguruabar aldatu bada eta ez bada horren berri eman.

III. KAPITULUA
PREBENTZIO-ORDEZKARIAK TREBATZEKO OINARRIZKO MAILAKO PRESTAKUNTZA EMATEKO DIRU-LAGUNTZA

10. artikulua.– Diru-baliabideak.

Guztira, 300.000 euro bideratuko dira deialdi honen xede diren diru-laguntzak finantzatzeko. Zenbateko hori Osalan erakunde autonomoaren aurrekontuko 2015eko ekitaldiaren ordainketa-kredituari dagokio, eta bi zatitan banatuko da: 100.000 euro, gehienez, arau-arloko lanak finantzatzeko, eta 200.000 euro, gehienez, alderdi teknikoa finantzatzeko. 300.000 euroko zenbateko horren barruan daude prestakuntza-materialetatik eta horiek prestatzetik eratorritako gastuak. Material horiek doan emango zaizkie prestakuntza-zentroei.

Indarrean dagoen legeriaren arabera, eta deialdiaren ebazpena eman aurretik dagokion aurrekontu-aldaketa onartzen bada, aipatutako zenbatekoa handitu ahal izango da. Osalaneko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez emango da horren berri.

11. artikulua.– Prestakuntza-orduak eta -moduluak.

1.– Prebentzio-ordezkarien trebakuntzari dagokionez, Laneko Osasun eta Arriskuen Prebentzioaren Arloko Lanbidearteko Akordioaren 9. eta 11. artikuluen babesean aurkez daitezkeen prestakuntza-programa espezializatuei eragin gabe, prestakuntza-ekintzak oinarrizko prestakuntzarekin erlazionatuta egongo dira, Laneko Osasun eta Arriskuen Prebentzioaren Arloko Lanbidearteko Akordioan adierazitakoaren arabera, eta bi zati bereiziko dira: lehenengoak, arau-arloko prestakuntzari buruzkoak, 16 ordu hartuko ditu; eta, bigarrenak, prestakuntza teknikoari buruzkoak, 32 ordu. Bi modulutan antolatuko dira ekintza horiek: lehenengoak, arau-arloko prestakuntzari buruzkoak, guztira 12 irakastordu edukiko ditu; bigarrena, prestakuntza teknikoari buruzkoa izango da eta 24 irakastordu hartuko ditu. Aipatu moduluetara joateko lanpostua nahitaez uzteko ordutzat joko dira gainerako orduak.

2.– Erakunde sindikalek emango dute oinarrizko ikastaroaren arau-arloko prestakuntza eta eskubideei eta betebeharrei buruzkoa, eta, lehentasunez, euren prebentzio-ordezkariei emango die prestakuntza hori.

Afiliazio sindikalik ez duten ordezkariek eskubidea izango dute beraiek aukeratutako erakunde sindikalak emandako arau-mailako prestakuntza jasotzeko.

Oinarrizko prestakuntza teknikoa emateko baimena duten zentroek edo erakundeek prebentzio-ordezkari independenteei arau-mailako trebakuntza emateko baimena izan ahalko dute.

3.– Osalanek ezarriko ditu eduki teknikoak zein arau-arlokoak, eta, beti ere, edukiok Laneko Osasun eta Arriskuen Prebentzioaren Arloko Lanbidearteko Akordioan ezarritakora lotuko dira.

12. artikulua.– Diru-laguntza emateko baldintzak.

1.– Diru-laguntza eskatzen duen zentroak aurretiaz eskatu eta lortu izan beharko du 2015eko ekitaldian prebentzio-ordezkariak trebatzeko oinarrizko mailako arau-arloko prestakuntza zein prestakuntza teknikoa emateko baimena.

2.– Deialdi honen bidez lortzen den diru-laguntza bateraezina da beste erakunde publiko zein pribaturen batek xede berberarekin emandako beste edozein diru-laguntzarekin.

3.– Ezingo dute diru-laguntza eskuratu administrazio-zehapenik edo zehapen penalik duten erakunde eskatzaileek, baldin eta zehazpen horrek diru-laguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galarazten badie; ez eta aipatutakoak eskuratzeko ezgaitzen duen legezko galarazpen bat dutenek ere. Horien artean, berariazko aipamena egin behar zaie otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, Gizonen eta emakumeen arteko berdintasunari buruzkoak, azken xedapenetatik seigarrenean agindutakoaren arabera, sexu-diskriminazioren ondorioz egin izan diren galarazpenei.

4.– Erakunde eskatzaileak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean eduki beharko ditu. Automatikoki eta behar adina aldiz egiaztatuko da diru-laguntzak eskatzen dituzten pertsonek edo erakundeek obligazio horiek betetzen dituzten. Deialdi honen organo kudeatzaileak egingo du egiaztapena, diru-laguntzen hartzaileei oniritzia eskatzeko beharrik gabe, hala xedatzen baitu azaroaren 11ko 1/1997 Legeak, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duenak.

5.– Entitate onuradunek jaso badituzte ezaugarri bereko beste laguntza edo diru-laguntzaren batzuk Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren edo haren erakunde autonomoen eskutik, eta laguntza horien inguruko itzulera- edo zigor-prozesuren bat izapidetzen ari bada, prozesu horrek amaituta egon behar du entitate horiei diru-laguntza esleitzeko edo esleituta dutenei dagokiena ordaintzeko.

6.– Deialdi honetatik kanpo geratuko dira, automatikoki, azken bost urteetan laneko segurtasun eta osasunaren aurkako delituengatik edo arau-hauste administratibo oso larriengatik izandako zigor edo zehapenei dagozkien alderdiak behar bezala egiaztatzen ez dituzten erakunde eskatzaileak. Orobat, deialditik kanpo geldituko dira Lan Arriskuen Prebentzioari buruzko Legean arau hauei buruzko obligazioak betetzen ez dituzten erakundeak: prebentzio-antolamenduko eredua, arriskuen ebaluazioa, prebentzio-jardueren plangintza, eta prebentzio-sistemaren ikuskapena, hala badagokio.

7.– Nolanahi ere, baimena ematea atzera bota daiteke, Osalaneko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez eta, betiere, erakunde interesdunari entzun ondoren, lortutako baimena lortzeko eskatutako baldintzak betetzen ez badira edo baimena emateko aintzat hartutako edozein inguruabar aldatu bada eta ez bada horren berri eman.

13. artikulua.– Diru-laguntza emateko prozedura.

1.– 2015eko urtarrilaren 1etik abenduaren 1era bitartean, EAEko enpresa edo lantokietako prebentzio-ordezkariei zuzendutako arau-arloko prestakuntza-jarduerak emateko diru-laguntza, ebazpen honetan ezarritako baldintzen arabera.

a) Diru-laguntza eskabidea. Izapideak eta eskabidea egiteko tokia eta epea.

1) Diru-laguntza hau eskatu ahalko dute EAEko enpresa edo lantokietan prebentzio-ordezkariei arau-arloko prestakuntza emateko baimena lortu duten erakundeek.

2) Eskabidea egiteko, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira prestakuntza-jarduera egingo den lurralde historikoari dagokion Osalanen Lurralde Bulegoan: II. eta III. eranskinetako Dok-1-Doc agiriak, behar bezala beteta, bai eta eguneroko bertaratze-parteak ere, irakasleak eta parte-hartzaileek sinatuta.

a) Arabako Lurralde Bulegoa. Jose Atxotegi 1, 01009 Vitoria-Gasteiz.

b) Bizkaiko Lurralde Bulegoa. Dinamita bidea z/g, 48903 Gurutzeta-Barakaldo.

c) Gipuzkoako Lurralde Bulegoa. Maldatxo Bidea z/g, 20012 Donostia.

Agiriok zuzenean aurkeztu ahalko dira, edo, nahi izanez gero, azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak, 38.4 artikuluan ezarritako bideetako bat erabiliz.

2015ean prestakuntza-jarduera bat baino gehiago gauzatzeko diru-laguntza eskatzen bada, II. eranskina behin bakarrik aurkeztu beharko da.

3) Eskabideak egiteko epea prestakuntza emateko baimenaren ebazpena EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean hasten da. 2015eko urtarrilaren 1etik aurrera egindako arau-arloko prestakuntza-jarduerentzat eskatu ahalko da diru-laguntza. Epe hori 2015eko abenduaren 1ean amaituko da, edo deialdi honen xede diren diru-laguntzak finantzatzera bideratutako baliabide ekonomikoak agortzen diren unean. Osalaneko Zuzendaritza Nagusiak emango du horren berri, EHAAn argitaratuz jakinarazpena.

4) Diru-laguntza eskatzen deneko prestakuntza-jarduera bukatu ondorengo hamar lanegunen barruan aurkeztu beharko da eskabidea, edo, hala badagokio, eskabidea egiteko epea irekitzen denean.

5) Eskabidea aurkeztu ondoren, emandakoa baino informazio gehiago eskatu ahalko da. Nolanahi ere, azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak, 71. artikuluan ezartzen duenaren arabera, hamar eguneko epea emango zaio interesdunari gabeziak konpontzeko edo nahitaezko agiriak eransteko, eta jakinaraziko zaio halakorik egiten ez badu bere eskabideari uko egin diola ulertuko dela, betiere aipatu Legeak 42. artikuluan ezarritakoarekin bat etorrita, aurretiaz dagokion ebazpena eman ondoren.

a) Ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epeak, eta jakinarazteko modua.

1.– Diru-laguntzak emateari dagokionez, Osalaneko zuzendari nagusiari dagokio ebazpen honetan araututako deialdia ebaztea, betiere Ebaluazio Batzordeak proposamena egin ondoren.

2.– Hartutako ebazpena idatziz jakinaraziko zaie interesdunei, banaka, gehienez ere hilabeteko epean, diru-laguntzaren eskabidea aurkeztu eta biharamunetik aurrera.

3) Idatzi-zati honetan aipatutako epea igaro eta ebazpenik jakinarazten ez bada, beren eskabidea aintzat hartu dela ulertuko dute interesdunek, hala xedatzen baitu azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 43. artikuluak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearenak.

4) Zuzendari nagusiaren ebazpenak amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, berraztertzeko errekurtsoa jarri ahalko da organo horretan, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ere jar daiteke Bilboko Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean.

5) Publikotasunaren ondorioetarako soilik argitaratuko dira Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian diru-laguntza jasotzeko eskariei dagozkien ebazpenak.

2.– 2015eko urtarrilaren 1etik abenduaren 1era bitartean EAEko enpresa edo lantokietako prebentzio-ordezkariei zuzendutako teknika-arloko prestakuntza-jarduerak emateko diru-laguntza, ebazpen honetan ezarritako baldintzen arabera.

a) Diru-laguntza eskabidea. Izapideak eta eskabidea egiteko tokia eta epea.

1) Arau-arloko prestakuntza bukatu ondoren, Osalanek prestakuntza-zentroetara bidaliko du teknika-arloko prestakuntza-jardueretan parte har dezaketenen zerrenda, ikasleek erakutsitako lehentasunen arabera; Osalanek aldez aurretik bidaliko die prestakuntza hori emateko baimendutako zentroen zerrenda, eta ikasleek aukeratu beharko dute zein komeni zaien.

2) Prestakuntza-jarduera amaitutakoan, ikastetxeek horietarako diru-laguntza eskatu ahalko dute. Horretarako, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira prestakuntza-jarduera egingo deneko lurralde historikoko Osalanen Lurralde Bulegoan: II. eta III. eranskinetako Dok-1-Doc agiriak, behar bezala beteta, bai eta eguneroko bertaratze-parteak ere, irakasleak eta parte-hartzaileek sinatuta.

– Arabako Lurralde Bulegoa. Jose Atxotegi 1, 01009 Vitoria-Gasteiz.

– Bizkaiko Lurralde Bulegoa. Dinamita bidea z/g, 48903 Gurutzeta-Barakaldo

– Gipuzkoako Lurralde Bulegoa. Maldatxo Bidea z/g, 20012 Donostia.

Agiriok zuzenean aurkeztu ahalko dira, edo, nahi izanez gero, azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak, 38.4 artikuluan ezarritako bideetako bat erabiliz.

2015ean prestakuntza-jarduera bat baino gehiago gauzatzeko diru-laguntza eskatzen bada, II. eranskina behin bakarrik aurkeztu beharko da.

3) Diru-laguntza eskatzen deneko prestakuntza-jarduera bukatu ondorengo hamar lanegunen barruan aurkeztu beharko da eskabidea, edo, hala badagokio, eskabidea egiteko epea irekitzen denean.

4) Eskabideak egiteko epea prestakuntza emateko baimenaren ebazpena EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean hasten da. 2015eko urtarrilaren 1etik aurrera egindako prestakuntza-jardueretarako emango dira diru-laguntzak. Epe hori 2015eko abenduaren 1ean amaituko da, edo deialdi honen xede diren diru-laguntzak finantzatzera bideratutako baliabide ekonomikoak agortzen diren unean. Osalaneko Zuzendaritza Nagusiak emango du horren berri, EHAAn argitaratuz jakinarazpena.

5) Eskabidea aurkeztu ondoren, emandakoa baino informazio gehiago eskatu ahalko da. Nolanahi ere, azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak, 71. artikuluan ezartzen duenaren arabera, hamar eguneko epea emango zaio interesdunari gabeziak konpontzeko edo nahitaezko agiriak eransteko, eta jakinaraziko zaio halakorik egiten ez badu bere eskabideari uko egin diola ulertuko dela, betiere aipatu Legeak 42. artikuluan ezarritakoarekin bat etorrita, aurretiaz dagokion ebazpena eman ondoren.

a) Ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epeak, eta jakinarazteko modua.

1) Diru-laguntzak emateari dagokionez, Osalanen zuzendari nagusiari dagokio ebazpen honetan araututako deialdia ebaztea, betiere Ebaluazio Batzordeak proposamena egin ondoren.

2) Hartutako ebazpena idatziz jakinaraziko zaie interesdunei, banaka, gehienez ere hilabeteko epean, diru-laguntzaren eskabidea aurkeztu eta biharamunetik aurrera.

3) Idatzi-zati honetan aipatutako epea igaro eta ebazpenik jakinarazten ez bada, beren eskabidea aintzat hartu dela ulertuko dute interesdunek, hala xedatzen baitu azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 43. artikuluak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearenak.

4) Zuzendari nagusiaren ebazpenak amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, berraztertzeko errekurtsoa jarri ahalko da organo horretan, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ere jar daiteke Bilboko Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean.

5) Publikotasunaren ondorioetarako soilik argitaratuko dira Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian diru-laguntza jasotzeko eskariei dagozkien ebazpenak.

14. artikulua.– Diru-laguntzaren zenbatekoa zehaztea.

1.– Deialdi honen xede diren prestakuntza-jarduerak finantzatzeko aplika daitezkeen prestakuntza-ordu bakoitzeko gehienezko modulu ekonomikoak (horien plangintza egitetik zein gauzatzetik eratorritako kostu guztiak barne) honako hauek dira:

Prestakuntza-jarduera – Prebentzio-ordezkarien oinarrizko prestakuntza: 112,50 euroko modulu ekonomikoa.

2.– Baliabide finantzarioen optimizazioa bateragarri egiteko eta deialdi honen xede diren premia zehatzak betetzeko bidea emango duten eraginkortasun-irizpideak aplikatuz zehaztuko da prestakuntza-ekintza bakoitzean parte har dezaketen ikasleen kopurua.

Prestakuntza-jarduera bakoitzeko 15 partaiderentzat emango da diru-laguntza, gehienez ere.

15 partaidera iristen ez diren kasuetan, honako taula honetan ezarritakoaren arabera finantzatuko dira ekintzak:

15 partaide edo gehiago: % 100.

14 partaide: % 98.

13 partaide: % 96.

12 partaide: % 94.

11 partaide: % 92.

10 partaide: % 90.

10 partaide baino gutxiagoko taldeek ez dute diru-laguntzarik jasoko.

3.– Ezingo dute diru-laguntzarik jaso deialdi honen bitartez gutxienez 10 ikasle biltzen ez dituzten taldeek. Prestakuntza honetan euskararen erabilera sustatzeko, euskarazko taldeak salbuespen izango dira, eta, gutxienez 5 ikasle biltzen dituzten taldeak onartu dira, Euskaraz gauzatzen diren jarduerak honako taula honetan ezarritakoaren arabera finantzatuko dira:

15 partaide edo gehiago: % 100.

14 partaide: % 98.

13 partaide: % 96.

12 partaide: % 94.

11 partaide: % 92.

10 partaide: % 90.

9 partaide: % 85.

8 partaide: % 80

7 partaide: % 70.

6 partaide: % 60.

5 partaide: % 50

5 partaide baino gutxiagoko taldeek ez dute diru-laguntzarik jasoko.

4.– Diru-laguntzaren zenbatekoak barnean hartzen ditu prestakuntza-materialen gastuak.

Osalanek doan emango die prestakuntza-eskuliburu bana ikasle guztiei. Soberan geratzen diren eskuliburuak Osalani itzuli beharko zaizkio.

15. artikulua.– Prestakuntza-jarduerak gauzatzea.

1.– Prestakuntza-erakundeek programatuta dituzten prestakuntza-ekintzen berri emango diote Osalani, gauzatzen hasi baino 10 egun lehenago, bai eta prestakuntza-ekintza bakoitzerako behar diren material didaktikoen bidalketaren berri ere, Osalanek horien inguruan egin behar duen ikusketa-lana errazteko.

2.– 36 orduko oinarrizko prestakuntza bukatzean, prestakuntza bukatu duten guztiei horren ziurtagiri bat emateko konpromisoa hartu du Osalanek. Oinarrizko prestakuntza hori bi modulutan banatuta dago: arau-arloko modulua, 12 ordukoa, eta arlo teknikoko modulua, 24 ordukoa. Prestakuntza-ekintza bat burututzat emango da, gutxienez prestakuntza-ekintzaren zati bakoitzaren % 80an izan bada partaidea.

16. artikulua.– Diru-laguntzak ordaintzea.

Diru-laguntzak ordainketa bakarrean emango dira, diruz laguntzeko eskatu eta eskabidea onartu deneko prestakuntza-jarduera bukatu ondoren, eta 13. artikuluko 1.a.2) eta 2.a.2) paragrafoetan aipatutako agirizko justifikazioa aurkeztu ondoren, baita beheko artikuluan aipatutakoak ere.

17. artikulua.– Diru-laguntzen justifikazioa eta likidazioa.

Diru-laguntzaren erakunde onuradunak prestakuntza-jarduera gauzatu izana justifikatu beharko du hura bukatu ondoren, emandako prestakuntza-ekintzen ziurtagirien edo zuzenbidean baliozkoa den beste froga-agiriren baten bidez; nolanahi ere, agiri horietan ikastaroari, partaide-kopuruari eta datei buruzko informazioa jaso beharko da, ebazpen honen 13. artikuluko 1.a.2) eta 2.a.2) paragrafoetan xedatutakoaren arabera, eta, betiere, 14. artikuluko 1. paragrafoan adierazitako zenbatekoa erreferentzia gisa hartuta.

18. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

1.– Erakunde onuradunaren betebehar izango dira azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50. artikuluan jasotakoak, eta, bereziki, honako hauek:

a) Esleitutako diru-laguntza onartzea. Diru-laguntzak esleitzeko ebazpena jakinarazi eta 15 egun naturaleko epean erakunde onuradunek ez badiote diru-laguntzari berariaz eta idatziz uko egiten, laguntza onartutzat joko da. Laguntzari uko egiten badiote, deialdi honetan diruz lagundutako beste jarduerak egiteko zehatuko dituzte.

b) Diru-laguntza ematea eragin zuen jarduera gauzatzea.

c) Diru-laguntza emateko bete beharreko betekizunak eta baldintzak bete direla egiaztatzea.

d) Prestakuntza-jardueren doakotasuna bermatzea horietan parte hartzen dutenentzat.

e) Osalanen, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren, Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren egiaztatze- eta kontrol-jardunen eraginpean jartzea.

Horretarako, instituzio, entitate eta erakunde horiei lokal eta instalazioetara sartzen utziko diete, eta parte-hartzaileekin, irakasleekin eta elkarrizketatzea komeni den gainerako pertsonekin harremanetan jartzen, baita langileen legezko ordezkaritzako kideak diren parte-hartzaileekin ere.

f) Helburu berberarekin edo antzekoarekin beste edozein Administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatutatik diru-laguntzak edo laguntzak jasoz gero, horren berri ematea.

g) Diru-laguntza ematerakoan kontuan hartutako gorabehera edo egoeretatik edozein aldatzen bada gerora, aldaketa objektiboa zein subjektiboa izan, horren berri eman behar du onuradunak.

h) Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioak edo haren erakunde autonomoek, zuzenbide pribatuko erakunde publikoek eta sozietate publikoek emandako laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasitako itzultze- edo zehapen-prozeduraren bat izapideetan badago, horren berri eman beharko da. Beraz, prozedura horiek bukatu arte ez zaizkie emango edota ordainduko ebazpen honetan aurreikusitako laguntzak onuradunei.

19. artikulua.– Arauak ez betetzea eta erantzukizunak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53.1 artikuluan ezarritako kasuetako batean egonez gero erakunde onuraduna, edo ebazpen honetan eta aplika daitezkeen arauetan eta diru-laguntza emateko ebazpenean ezarritako arauak bete ezean, Osalaneko zuzendari nagusiak ebazpen bat emango du, eta ebazpen horren bidez, honako hau adieraziko du: ordaintzeko dauden kopuruak jasotzeko eskubidea galdu egin duela erakunde onuradunak, eta hala badagokio, ordura arte jasotako diru-kopuruak eta diru-laguntza ordaintzen denetik aurrera sortutako legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusira itzuli beharko dituela, bidezko beste akzio batzuk eragotzi gabe. Diru-kopuru horiek sarrera publikotzat hartuko dira, dagozkien legezko ondorioetarako, eta erantzukizun-erregimena Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak 64. artikuluan ezarritakoa izango da.

20. artikulua.– Itzulketa-prozedura.

Arau aplikagarriak betetzen ez diren kasuetan, emandako diru-laguntza itzultzeko prozedura honako hau izango da:

a) Osalaneko zuzendari nagusiak prozedura hasi dela eta horren oinarri diren arrazoiak zein diren jakinaraziko dio diru-laguntzaren onuradun den erakundeari, eta 15 egun balioduneko epea emango dio egoki jotzen dituen alegazioak aurkez ditzan.

b) Alegazioak jaso ondoren edo epea alegaziorik egin gabe igarotzen bada, Osalaneko zuzendari nagusiak itzulketa-prozedurari amaiera emango dio; aplika daitekeen araudia ez dela betetzen uste badu, ebazpena emango du, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharreko diru-kopuruak ordaindu beharra deklaratzeko, jakinarazpena egiten denetik bi hilabeteko epean, gehienez ere. Epe hori borondatezko epetzat joko da. Itzulketa-prozedura gehienez ere sei hilabetean ebatzi behar da.

c) Borondatezko aldian ez bada itzultzen, Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Finantza Saileko Ogasun eta Finantzetako Sailburuordetzari jakinaraziko zaio, legezko araudi aplikagarrian xedatutakoari jarraikiz premiamendu-bideari ekin diezaion.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Ebazpen honek berariaz ezarri gabeko guztian, Herri Administrazioen Araubide Juridikoa eta Administrazio Prozedura Erkidea arautzen dituen azaroaren 26ko 30/1992 Legean eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuan jasotako arauak aplikatuko dira.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Osalaneko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, edo, bestela, Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Bilboko Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, bi hilabeteko epean; bi kasuetan, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko da epea. Herri Administrazioaren Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 116. eta 117. artikuluetan eta Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 8.3. eta 46. artikuluetan ezarritakoaren arabera egingo da hori.

Barakaldo, 2015eko maiatzaren 6a.

OSALANeko zuzendari nagusia,

IZASKUN URIEN AZPITARTE.

(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala