Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

85. zk., 2015eko maiatzaren 11, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

SEGURTASUN SAILA
2024

58/2015 DEKRETUA, maiatzaren 5ekoa, Euskadiko udaltzaingoen antolamenduari eta funtzionamenduari aplikagarri zaizkion esparru-arauak ezartzen dituena.

Euskadiko udaltzaingoak, hastapenetatik, oso heterogeneoak izan dira egiturari, plantillari, prestakuntzari, baliabide teknikoei eta are beren jardunean betetako funtzioei eta burututako zereginei dagokienez ere. Izan ere, ordenamenduak ez zuen kontuan hartzen udalerri bakoitzaren errealitatea, biztanle kopuruari eta udalerri bakoitzaren ezaugarri zehatzei zegokienez.

Egitura-desberdintasun horrek polizia-kidegoen arteko lankidetza eragozten du, eta hori dela eta, uztailaren 17ko 4/1992 Legeak, Euskal Herriko Poliziari buruzkoak, lehenengoz arautu zuen udaltzaingoen arteko koordinazioa, eta, gainera, Ertzaintzaren eta udaltzainen prestakuntzaren eta estatutu profesionalaren homogeneizazioa ere ezarri zuen.

Harrezkero, zenbait aurrerapen egin dira udaltzaingoen homologazioan; batetik, hautaketa eta prestakuntza modu bateratuan egiten delako Euskal Herriko Poliziaren Ikastegian, eta bestetik, polizien arteko koordinazio- eta harreman-mekanismoak aplikatu direlako, aurrez tokiko koordinazio-batzordeetan erabaki eta gero. Mekanismo horiei esker, baliabide tekniko eta informatikoak homogeneizatu egin dira, datuak eta informazioak elkarri helarazteko.

Horrekin guztiarekin batera, udaltzaingoen plantillak eta haien baliabideak eta bitartekoak modernizatuz joan dira pixkanaka, eta udaltzaingoen funtzioak eta zereginak berdimentsionatu egin dira. Udaltzaingoek hobera egin dute Euskadin, nola dimentsioan hala prestakuntza profesionalean eta teknikoan, udalerri bakoitzeko beharrekin eta herritarren eskaerekin bat.

Hala ere, aurrerapenak aurrerapen, izan badira desberdintasunak udaltzaingoen egitura eta plantilletan. Gainera, egitura profesionalak ez du behar bezala kontuan hartzen polizia-kidego modernizatuetan aginte-egiturak eska lezakeen gaikuntza handiagoa.

Hori dela eta, ekainaren 28ko 15/2012 Legeak, Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzekoak, 37. artikuluan eta hurrengoetan udaltzaingoen koordinazioa arautzean jasotzen duenez, Eusko Jaurlaritzak eman behar ditu udaltzaingoen koordinaziorako arau orokorrak, hau da, udaltzaingoen antolamendu- eta funtzionamendu-araudiek bete beharko dituzten esparru-arauak ezarri, bai eta homogeneizazioa bultzatu ere; besteak beste, haien egiturari eta plantillei dagokienez.

Horrenbestez, dekretu honen bidez, udaltzaingoen kategorien arteko proportzionaltasun-irizpideak ezartzen dira, udalerri bakoitzeko biztanle-kopurua eta ezaugarriak kontuan hartuta. Horrela, udaltzaingoen egitura profesionala homogeneizatzen da, eta, bereziki, polizia-kidego horien buruzagitzari dagozkion kategoriak, kontuan hartuta agintarien gaikuntza profesionala zuzenean lotuta dagoela kidegoaren plantillaren eta estali behar den udalerriaren tamainarekin.

Horren ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoko Udaltzaingoak Koordinatzeko Batzordeak txostena egin eta gero, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoari jarraiki, Segurtasuneko sailburuak proposatuta eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2015eko maiatzaren 5eko bileran eztabaidatu eta onartu ondoren,

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Dekretu honen xedea da: esparru-arauak ezartzea udaltzaingoen egitura profesionala eta langileen plantillak homogeneizatzeko, udaltzaingoaren antolamenduari eta funtzionamenduari buruzko udal-erregelamenduek haiek bete ditzaten.

2. artikulua.– Kontzeptua eta izena.

1.– Udaltzaingoak izaera zibileko institutu armatuak dira, egitura eta antolaketa hierarkizatua dute, eta alkatearen goi-agintaritzaren pean daude, zuzenean haren mende, hargatik eragotzi gabe toki-araubideari buruzko legerian ezarritako eskumen-eskuordetzeak.

2.– Euskadiko udaltzaingoen izendapen orokorra «Udaltzaingoa – Policía Local» izango da, deusetan galarazi gabe dagokion udalerrian tradizioz erabili diren beste izendapen batzuk erabiltzeko aukera.

3. artikulua.– Udaltzaingoaren kidegoa sortzea.

1.– Bost mila biztanleko edo hortik gorako Euskadiko udalerriek beren udaltzaingoak sortu ahal izango dituzte, arau hauek beteta: uztailaren 17ko 4/1992 Legea, Euskal Herriko Poliziari buruzkoa; ekainaren 28ko 15/2012 Legea, Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzekoa; toki-araubideari buruzko oinarrizko legeria; Erregelamendu hau, eta aplikatzekoak diren gainerako xedapenak.

2.– Bost mila biztanle baino gutxiagoko udalerrietan udaltzaingoa sortu nahi izanez gero, Eusko Jaurlaritzaren baimena beharko da aldez aurretik. Baimen hori salbuespen gisa emango da, beharrezko eta komenigarri dela frogatzen duten arrazoi sendoak daudenean. Baimen hori eman aurretik, hura sortzeko diren premia eta kostuen gainean udalak justifikazio-txosten bat prestatu beharko du, eta, orobat, zerbitzua ezartzeko programa bat.

3.– Udaltzaingoa sortzeko, udal-txostena egin beharko da udaltzaingoaren beharra eta haren kostua justifikatzeko, bai eta zerbitzua ezartzeko programa bat ere, eta beharrezkoa izango udaltzaingoak koordinatzeko eskumenak dituen EJko zuzendaritzari jakinaraztea horiek, hamabost eguneko epearen barruan, eta zuzendaritza horrek du EAEko Udaltzaingoak Koordinatzeko Batzordeari helaraziko dio egiten duen hurrengo bileran.

4. artikulua.– Kidego bakarra.

1.– Udalerri bakoitzean, udaltzainak kidego bakarrera bilduko dira, premien arabera zehaztutako espezialitateekin.

2.– Udalerriek bideratuko dute beren udaltzaingoaren antolamendua udalerriaren premien eta zerbitzuaren ezaugarrien arabera.

5. artikulua.– Kideak.

1.– Legez edo erregelamenduz ematen zaizkien funtzioak betetzeko behar adina kide izan beharko dituzte udaltzaingoek.

2.– Udalari dagokio bere udaltzaingoaren plantilla onartzea. Plantilla horrek eskala eta kategoria bakoitzari dagozkion lanpostu guztiak bildu, eta hauek zehaztuko dizkie: izendapena eta oinarrizko ezaugarriak, zeregin horretarako beharrezko eskakizunak, mailak eta ordainketa-osagarriak.

3.– Plantillaren guztizkoa zehazteko orduan, orientazio gisa hartu ahal izango dira kontuan EAEko Udaltzaingoak Koordinatzeko Batzordeak ezarritako gomendioak, hargatik galarazi gabe faktore zuzentzaile batzuk ponderatzea, hala nola lurralde-hedapena, herrigune barreiatuak dauden ala ez, gizarte-gatazkaren maila eta delinkuentzia-maila, herri barruko bideetako zirkulazio-dentsitatea eta udalerriaren izaera turistikoa.

6. artikulua.– Eskalak eta kategoriak.

1.– Euskal Herriko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legearen 118. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, udaltzaingoek eskala eta kategoria hauek izango dituzte:

a) Eskala teknikoa, hiru kategoriarekin: intendentea, komisarioa eta komisario-ondokoa.

b) Ikuskapen-eskala, bi kategoriarekin: ofiziala eta ofizial-ondokoa.

c) Oinarrizko eskala, bi kategoriarekin: agente lehena eta agentea.

2.– Udaltzaingoaren eskalak eta kategoriak sortzeko, Euskal Herriko Poliziari buruzko Legeak ezarritako irizpideak eta mugak hartuko dira kontuan, biztanle-kopuruari eta udaltzain-kopuruari dagokionez, eta dagozkion kategoriak sortu beharko dira kasu hauetan:

a) Komisario kategoria, 150.000 biztanle baino gehiago eta plantillan 100 udaltzain edo gehiago dituzten udalerrietan.

b) Komisario-ondoko kategoria, 100.000 biztanle baino gehiago eta plantillan 40 udaltzain edo gehiago dituzten udalerrietan.

c) Ofizial kategoria, 15.000 biztanle baino gehiago eta plantillan 20 udaltzain edo gehiago dituzten udalerrietan.

d) Ofizial-ondoko kategoria, 15.000 biztanle baino gutxiago eta plantillan 5 udaltzain edo gehiago dituzten udalerrietan.

3.– Intendente kategoria sortu ahal izango da 300.000 biztanle baino gehiago eta plantillan 400 udaltzain edo gehiago dituzten udalerrietan.

7. artikulua.– Funtzioak eskalaren eta kategoriaren arabera.

1.– Indarreko xedapenekin bat etorriz egotzitako gainerako funtzioak deusetan galarazi gabe, eta udaltzaingoen hierarkia-izaera kontuan hartuta, funtzio hauek izango dituzte, oro har, eskala bakoitzeko funtzionarioek:

a) Eskala teknikoa: udaltzaingoaren unitateak antolatzea, zuzentzea, orientatzea, koordinatzea eta gainbegiratzea dagozkie lehentasunez, bai eta, hala balegokio, zerbitzuak gauzatzea ere.

b) Ikuskapen-eskala: zerbitzuak planifikatzeko eta gauzatzeko berehalako erantzukizuna dagokie lehentasunez.

c) Oinarrizko eskala: goragokoek planifikatutako funtzioak egitea dagokie lehentasunez.

2.– Aurreko atalean xedatutakoarekin bat, udalerri bakoitzari dagokio, bere antolamendu- eta funtzionamendu-araudiaren bidez, udaltzaingoen barruan dauden kategorietako bakoitzari dagozkion funtzioak ezartzea.

3.– Aurreko ataletan ezarritakoa gorabehera, udaltzain funtzionarioek polizia-zerbitzuak gauzatzeko behar diren zereginak bete beharko dituzte, eta, nolanahi ere, kategoria edo eskala edozein dutela, berehalako esku-hartzea eskatzen duen edozein jarduketa egin beharko dute, polizia-funtzioen barrukoa bada.

8. artikulua.– Aginte-postuei eta kategoriei buruzko irizpideak.

1.– Eskala berean goragoko kategoria bat ezartzeko edo goragoko eskala baren kategoria bat, beharrezkoa izango da eragiten zaion eskalako beheragoko kategoriak aldez aurretik izatea, eta, halaber, beheragoko eskaletako kategoria guztiak.

2.– Udaltzaingoen antolamenduaren barruan, eskalen eta kategorien arteko proportzionaltasun-irizpidea betez zehaztu behar dira dagozkion plantilletako aginte-postuak eta kategoriak.

9. artikulua.– Udaltzaingoaren buruzagitza.

1.– Udaltzaingoaren gaineko berehalako agintaritza kidegoko buruzagitzari dagokio.

2.– Udaltzaingoko buruzagitzaz baliatzeak eta haren titulartasuna izateak berekin dakar kidegoa zuzentzea, koordinatzea eta agintea izatea, eskala edozein delarik ere.

3.– Udaltzaingoaren buruzagitzako postuei dagokien kategoriari dagokionez, kidegoarentzat onartutako hierarkia-egiturako gorengo kategoriari egokituko zaio, eta dekretu honen 6.2 eta 6.3 artikuluetan ezarritako irizpideei begiratuko zaie.

4.– Udaltzainburua aldi batez falta bada, kategoria bereko polizia-funtzionario batek ordeztuko du, eta, halakorik ezean, beherantz eginda hurrengo kategoriako batek.

LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA

1.– Esparru-arau hauek indarra hartu eta hiru urteko epean, udaltzaingoari buruzko araudia duten udalek esparru-arau hauetara egokitu beharko dute araudi hori.

2.– Esparru-arau hauek indarra hartzen dutenean udaltzaingoari buruzko araudi propiorik ez duten udalek ere hiru urteko epea izango dute beren araudia onartzeko.

BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA

Udaltzaingoko funtzionarioren batek udaltzaingoko buruzagitza-lanpostua betetzen badu, eta lanpostu hori dekretu hau aplikatzearen ondorioz aldatzen bada, funtzionario horrek bere lanpostuan jarraituko du, eta izendatu zutenean ezarri zizkioten baldintza berberak izango ditu, eta okupatzen duten lanpostuari benetan esleitutako ordainsariak jasoko.

Betetako lanpostuari esleitutako ordainsarietatik gorakorik ez du jasoko aipatu pertsonalak, eta, ondorioz, sortutako ordainsari osagarriek gaineko eskubiderik kontsolidatzerik ez dute izango ordainsari osgarriok: betetzen duen buruzagitzako funtzioak ordaintzeko direnak eta orain arte jaso diruenak.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu hau indarrean jarriko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean.

Vitoria-Gasteizen, 2015eko maiatzaren 5ean.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Segurtasuneko sailburua,

ESTEFANÍA BELTRÁN DE HEREDIA ARRONIZ.


Azterketa dokumentala