Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

62. zk., 2015eko apirilaren 1a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

EUSKO LEGEBILTZARRA
1489

IRAGARKIA, Eusko Legebiltzarrean karrerako funtzionario izateko hautaketa-prozesuen oinarri orokorrei buruzkoa.

Eusko Legebiltzarreko Mahaiak 2015eko martxoaren 17an hartutako erabakia betetzeko, agintzen dut:

Lehenengo: Eusko Legebiltzarrean karrerako funtzionario izateko hautaketa-prozesuen oinarri orokorrak argitara daitezela Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofizialean eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

Bigarren: Eusko Legebiltzarreko Mahaiaren 2015eko martxoaren 17ko erabakiaren aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango da organo horretan bertan, hilabeteko epean, erabakia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, edo zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, erabakia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

Hirugarren: oinarri orokor hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sortuko dituzte ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko martxoaren 17a.

Eusko Legebiltzarreko lehendakaria,

BAKARTXO TEJERIA OTERMIN.

EUSKO LEGEBILTZARREAN KARRERAKO FUNTZIONARIO IZATEKO HAUTAKETA PROZESUEN OINARRI OROKORRAK

1.– Xedea.

1.1.– Oinarri hauen xedea da arau orokorrak finkatzea Eusko Legebiltzarrak eskaintzen dituen plazak betetzeko, zeinak adieraziko baitira dagozkien oinarri espezifikoetan, Langileen Batzordearekin negoziatu ondoren. Hautaketa-sistema oposizio-lehiaketa izango da, hau da, hautaprobak eta merituen balorazioa egingo da.

Oinarri espezifikoetan honako hauek adierazi beharko dira nahitaez:

Lanpostuaren izena, atxikipena, lanpostu hutsen kopurua, horiek betetzeko sistema, eskatutako titulua, euskarazko hizkuntza-eskakizuna, plazaren eginkizun nagusiak. Era berean, plazak lortzeko txandak: irekia eta barne-promoziokoa, eta, kasua hori bada, desgaitasuna dutenentzat gordetako plazak.

1.2.– Desgaitasuna dutenentzat gordetako plazaren bat edo batzuk bete gabe geratuz gero, gehitu egingo lituzkete, hizkuntza-eskakizun berekin, deialdi bereko txanda irekian bete beharreko plazak. Era berean, barne-promoziorako gordetakoetatik bete gabe geratzen direnek gehitu egingo lukete txanda librea deialdi berean.

1.3.– Aukera-berdintasuna lortzeko asmoan aurrera egitearren, eta desgaitasuna duten pertsonak enplegu publikoan sartzea eta lanpostuak betetzea arautzen duen 2271/2004 Errege Dekretuko 3.2 artikuluak ezarritakoari jarraituz, baldin eta desgaitasuna dutenentzat gordetako kupoaren aldetik aurkeztutako desgaitasundun lehiatzaileren batek dagozkion ariketak gainditzen baditu baina plazarik lortzen ez badu eta, halaber, dagokion txandako beste lehiatzaile batzuek baino puntuazio handiagoa ateratzen badu, txanda horretako zerrendan sartua izango da puntuazio-ordenaren arabera.

2.– Hautaketarako baldintza orokorrak.

2.1.– Bete beharreko eskakizun batzuk dituzten lanpostuak ez dira beteko, inola ere, eskakizun horiek bete dituztela frogatu ez duten lehiatzaileekin.

2.2.– Epaimahaiak ezingo du proposatu karrerako funtzionario izateko pertsona aprobatu gehiago deialdiko plazen kopurua baino, salbu eta kasu hauetan:

a) Lehiatzaileek, izendatuak izan baino lehen edo lanpostua hartu baino lehen, lanpostuari uko egiten badiote.

b) Lanpostua hartzeko unean lanpostu-erreserbarik gabeko eszedentzia eskatzen badute.

Kasu horietan, esleitu egingo dira hutsik gelditutako plazak, dagokien txandan eta, behar bada, kupoan; eta, horretarako, epaimahaiak probak gainditu dituzten baina plazarik eskuratu ez duten lehiatzaileen zerrenda ordenatuarekin egindako zerrendaren lehentasuna erabiliko da.

3.– Enplegura iristeko eskakizunak.

3.1.– Eskakizunak betetzeko datak.

Deialdiko plazak lortu nahi dituzten pertsonek beteta eduki beharko dituzte oinarri orokor zein espezifikoetan zerrendatzen diren eskakizunak beranduen ere eskabideak aurkezteko epea amaitu baino lehen, salbu 10.1 oinarrian edo, kasua hori bada, oinarri espezifikoetan aurreikusitako salbuespenak, eta beteta eduki beharko dituzte eskakizunok harik eta esleitzen zaien plazaz, kasua hori bada, jabetu arte.

3.2.– Eskakizunak bete direla frogatzeko denbora eta modua.

Eskakizunak bete direla behin betiko frogatzeko denbora eta modua 11.4 oinarrian ezartzen dira.

3.3.– Parte hartzeko eskakizun orokorrak.

Deialdiko hautaprobetarako onartzeko eskakizun orokorrak hauek dira:

a) Espainiako nazionalitatea edo Europar Batasuneko kide den estaturen bateko nazionalitatea izatea, edo, bestela, Europar Batasunak egindako eta Espainiak sinatutako nazioarteko itunen ondorioz, Europar Batasunaren Itunean zehaztutako eran langileen joan-etorrirako askatasuna duen beste estatu bateko nazionalitatea izatea.

Halaber, Europar Batasuneko estatuetako herritartasuna dutenen ezkontideek parte hartu ahal izango dute, betiere zuzenbidearen arabera bananduta ez badaude; eta herritartasuna duenaren eta haren ezkontidearen ondorengoek ere parte har dezakete, betiere bikotea zuzenbidearen arabera bananduta ez badago eta ondorengoak 21 urtetik beherakoak badira edo adin horretatik gorakoak izanda ere bikotearen kontura bizi badira.

b) 16 urte beteta eta 65 urte bete gabe izatea.

c) Oinarri espezifikoetan eskatzen den titulua izatea, dagokion organo ofizialak emana, edo titulu hori lortzeko eskubideak ordaindurik edukitzea. Atzerrian lortutako titulu akademikoei dagokienez, haien homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da.

d) Lanpostuko lanetan aritzeko gai izatea eta lan horietan behar bezala aritzea eragotziko lukeen gaixotasunik edo eragozpen fisiko edo psikikorik ez izatea.

e) Diziplinako espediente bidez edozein administrazio publikotako zerbitzutik kenduta edo kanporatuta ez egotea, eta desgaikuntza absoluturik edo desgaikuntza berezirik ez izatea enplegu edo kargu publikoak betetzeko. Atzerritarra izanez gero, jatorriko herrialdean funtzio publikoan sartzea eragotziko liokeen desgaikuntzarik edo egoera baliokiderik edo diziplina-zigor edo kondena penalik ez edukitzea.

f) Administrazio publikoetako langileen bateraezintasunei buruz indarrean dagoen legedian aurreikusitako inolako ezgaitasun edo bateraezintasunik ez izatea. Hala ere, dagoeneko kargu publikoren bat edo jarduera pribatu bateraezinen bat dutenak lege-arau horietan aipatzen den aukeratzeko eskubideaz baliatu ahal izango dira.

g) Parte hartu nahi den kidegoko eskabidea jaso eta aztertzeagatik ordaindu beharreko tasa ordainduta izatea, zeinaren zenbatekoa oinarri espezifikoetan zehaztuko baita, deialdian hala eskatzen denean.

h) Oinarri espezifikoetan exijitutako beste edozein eskakizun.

3.4.– Desgaitasuna dutenentzat gordetako modalitatean parte hartzeko eskakizun espezifikoak.

Desgaitasunen bat duten pertsonak gainerako lehiatzaileen baldintza beretan onartuko dira hautaketa-prozesurako, baldin eta lanpostuaren eginkizunak betetzeari dagokionez 3.3.d puntuan aipatzen den beharrezko gaitasun psikofisikoa badute; eskainitako plaza bakoitzerako argitaratuko diren oinarri espezifikoen eranskin batean zehaztuko da gaitasun hori, bai eta, hala badagokio, orientazio gisa, zereginak betetzea eragozten duten desgaitasunak (nolanahi ere, kasu zehatz bakoitza Eusko Legebiltzarreko Prebentzio Zerbitzuak ebaluatuko du).

Desgaitasuna dutenentzat gordetako lanpostuetara lehiatu ahal izateko, eta 3.3 oinarrian ezarritako eskakizunak betetzeari utzi gabe, lehiatzaileek onarturik eduki beharko dute % 33ko edo gehiagoko desgaitasuna. Desgaitasun hori administrazio-organo eskudunak emandako ziurtagiri bidez frogatuko da.

Oposizio-aldiko ariketaren bat egiteko denborazko edo baliabidezko egokitzapenik behar izanez gero, eskabide-orrian adierazi beharko dute, beharrezkoak diren egokitzapenak zehaztuz.

Martxoaren 10eko 364/1995 Errege Dekretuko 19.1 artikuluan adierazitakoaz baliatuz, epaimahaiak ahalmena izango du deialdiko plazak lortu nahi dituzten eta desgaitasuna duten pertsonek eskatzen dituzten denborazko eta baliabidezko egokitzapenak egiteko.

3.5.– Barne-promozioko txandan parte hartzeko eskakizun espezifikoak.

Barne-promozioko txandatik aurkezten direnek, 3.3 oinarrian aipatzen diren parte hartzeko eskakizunak betetzeaz gainera, honako eskakizun espezifiko hauek bete beharko dituzte:

a) Deialdia argitaratzen den egunean, Eusko Legebiltzarrean jarduneko zerbitzuan edo pareko egoeran izatea, edo zerbitzu berezietan, edo eszedentzian lanpostua gordeta, edo seme-alabak zaintzeko eszedentzian.

b) Legebiltzarrean beheragoko hurrengo funtzionario-kidegokoa izatea, edo, deialdiko plazei dagokien kidego berekoa izanez gero, beheragoko kategoriako lanpostu batean aritzea.

c) Bi urteko zerbitzaldia buruturik izatea karrerako funtzionario gisa aurreko kidegoan edo postuan.

Txanda honetan parte hartzeko eskakizunak betetzen ez badira, ofizioz, txanda irekira pasatuko da eskabidea.

Sarbide irekiko sistema orokorrarekiko prozesu komunetan parte hartzen badute, oinarri espezifikoek aske utzi ahal izango dute oposizio-aldiko probak egitetik edo oposizio-aldia gainditzeko eskakizuna den informatikako edo ofimatikako ezagupenen batetik.

4.– Eskabideak aurkeztea.

4.1.– Prozesuan onartua izatea.

Deialdietako hautaketa-prozesuren batean parte hartu nahi dutenek eskabide bana aurkeztu beharko dute parte hartu nahi duten prozedura bakoitzeko, oinarri espezifikoekin bat etorriz.

Onartuak izateko eta, hala dagokionean, hautaprobetan parte hartu ahal izateko, hautagaiek:

a) Eskabideko atal guztiak bete beharko dituzte.

b) Eskabidea epe barruan aurkeztu beharko dute.

c) Ezarritako tasak ordaindu beharko dituzte, oinarri espezifikoetan hala eskatzen denean.

Gainera, adierazi behar dute eskakizun guzti-guztiak esandako epea bukatzen den egunean betetzen dituztela, are gaitasunen azterketari dagokion gaitasun psikofisikoa ere, oinarri espezifikoetan 3.4 puntuak aipatutako eranskinean agertuko dena, zeina zehazteko orduan erakunde espezializatu baten aholkularitza baliatu baita. Euskararen eta informatikaren eta ofimatikaren ezaguerari dagokion eskakizuna, aitzitik, 10.1 oinarrian esan bezala adierazi beharko da.

Deialdian txanda irekiko eta barne-promozioko plazak daudenean, lehiatzaileek bi txandetako batean bakarrik parte hartu ahal izango dute, desgaitasuna dutenen kupoa erabiltzeko duten aukera gorabehera, baldin eta hartarako ezarritako eskakizunak betetzen badituzte.

4.2.– Eskabideak aurkezteko eta tasak ordaintzeko epea.

Hautaketa-prozesuan parte hartzeko eskabideak oinarri espezifikoetan finkatutako epean aurkeztu beharko dira; oinarri haietan zehaztuko da noiz amaituko den epea (data eta ordua). Epea gutxienez 20 egun naturalekoa izango da, dagokion deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

4.3.– Eskabideak aurkezteko era.

Hautaketa-prozesuetan parte hartu nahi dutenek eskabidea Interneten bidez egin beharko dute, Eusko Legebiltzarraren www.legebiltzarra.eus helbide elektronikoan dagoen eredua betez, edo Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen www.ivap.euskadi.eus helbide elektronikoaren bitartez.

Internet bidezko eskaera KZgune publikoetan egin daiteke. KZguneen zerrenda eta kokapena helbide elektroniko honetan ikus daitezke: www.kzgunea.net

Eskabidea bete daiteke, halaber, Eusko Legebiltzarreko administrazio-etxean, Antolaketa eta Giza Baliabideen Zuzendaritzaren bulegoetan (Becerro de Bengoa kalea, z.g., Vitoria-Gasteiz), 09:00etatik 14:00etara, astelehenetik ostiralera.

4.4.– Eskabidearen edukia.

Eskabideko atal hauek bete behar dira:

a) Prozesua zuzen kudeatzeko norberari buruz eskatzen diren datuak.

b) Hala dagokionean, zein txandatan parte hartu nahi den (irekian edo barne-promoziokoan). Eskabidean aukerarik egiten ez bada edo aukera bat baino gehiago egiten bada kidego bererako, txanda irekian sartuko da hautagaia.

c) Zein kidegotan parte hartu nahi den.

d) Zein hizkuntza ofizial, euskara edo gaztelania, aukeratzen den oposizio-aldiko hautaprobak egiteko.

e) Desgaitasuna dutenentzat gordetako kupoan parte hartzeko aukera. Modalitate horretan parte hartu nahi dutenek eskabidean adierazi beharko dute hala egin nahi dutela, eta, horrez gain, hautaprobak egiteko, denbora eta baliabideen aldetik nolako egokitzapenak behar dituzten adierazi behar dute.

f) Titulazio akademikoa.

g) Euskarako hizkuntza-eskakizuna frogatzea.

4.5.– Eskabideak aurkezteagatik ordaindu beharreko tasak ordaintzeko era.

Deialdi honetako 4.1 oinarriak aurreikusitako eskakizuna betetzeko, eta eskabideak aurkezteko erabili den moduaren arabera, ordainketa honela egingo da:

Eskaera Internetez eginez gero, ordainketa ere bide beretik egin daiteke, banku-sukurtsalera joan beharrik gabe. Ordaintzeko era hau eguneko 24 orduetan erabil daiteke.

Visa, Maestro edo Mastercard txartelekin ordaindu daiteke edo, bestela, oinarri espezifikoetan adierazitako erakundeen banka elektronikoko zerbitzuaren bidez. Hala ere, ondorengo lerrokadan adierazitakoaren arabera ere egin daiteke ordainketa.

Ordainketa banku-sukurtsaletan bertan egiteko, oinarri espezifikoetan adierazitako erakundeetara joan behar da. Ordainketa egiteko, 4.3 oinarriko eskabideak tramitatzeko sistemak emandako jaso izanaren agiria edo bertan azaltzen diren datuak aurkeztu beharko dira. Jaso izanaren agiriek barra-kodea ere badaukatenez, irakurgailu optikoa duen kutxazain automatikoaren bidez edo eskuzko datu-eskuratzearen bidez ordaindu daiteke.

4.6.– Tasak ez ordaintzeak dakartzan ondorioak.

Hautagaiak ez baditu tasak ordaintzen eskabideak aurkezteko epearen barruan, betebehar hori oinarri espezifikoetan ezarrita dagoenean, prozesutik kanpo geratuko da. Bestalde, ordaindutako zenbatekoan akatsen bat baldin badago, 10 egun balioduneko epea emango zaio hautagaiari akatsa zuzendu dezan.

Tasa ordaintzea eta ordainagiria aurkeztea ez da nahikoa izango prozesuan parte hartzeko; eskabidea behar bezala eta emandako epearen barruan aurkeztu behar da, 4.2 eta 4.3 oinarrietan adierazi bezala, alegia.

4.7.– Hautaketa-prozesuko datuen babesa eta kudeaketa.

Eskabideetan emandako informazio guztia fitxategi batean sartuko da, eta hautaketa-prozesua kudeatzeko eta langileak aldi baterako kontratatzeko nahiz bitarteko funtzionarioak izendatzeko eratzen diren lan-poltsak kudeatzeko bakarrik erabiliko da. Fitxategiaren erabilera eta funtzionamendua guztiz bat etorriko da Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legeak ezarritakoarekin.

Deialdiko plazak lortu nahi dituzten pertsonek berariazko baimena eman beharko dute segurtasun-neurriak behar dituzten eta hautaketa-prozesurako beharrezkoak diren datuen tratamendurako. Baimena ematen dute, halaber, hautaketa-prozesuan sortutako poltsetan dauden datuak beste administrazio publiko batzuei lagatzeko, bitarteko langileak hautatzeko beren prozesuetarako.

Hautaketa-prozesuetan parte hartzen dutenen informazio-eskubideak bermatzeko (Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea), prozesuko zerrenden kontsulta Interneten bidez egin ahal izango da, Eusko Legebiltzarraren www.legebiltzarra.eus helbide elektronikoan eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen www.ivap.euskadi.eus helbide elektronikoan.

Eskabidean azaltzen diren helbide, telefono eta posta elektronikoak balekotzat joko dira. Idatziz jartzerakoan egindako akatsak eta edozein aldaketa epaimahaiari jakinaraztea eskaeragilearen erantzukizuna izango dira.

Egin beharko liratekeen jakinarazpenetarako, eskabide-orrian adierazten dena hartuko da helbidetzat, salbu eta geroago espresuki eta modu frogagarrian besteren bat adierazten bazaio deialdia egin duen agintaritzari. Alabaina, Eusko Legebiltzarreko langileen kasuan, ez badute eragozpenik, lantokikoa hartu ahal izango da helbidetzat.

5.– Lehiatzaileak onartzea.

5.1.– Prozesuan onartutakoen zerrendak.

Eskabideak aurkezteko epea bukatu ondoren, Eusko Legebiltzarreko Mahaiak onetsi egingo du onartu diren eta baztertu diren lehiatzaileen behin-behineko zerrenda, zeina argitara emango baita Interneten bidez Eusko Legebiltzarraren www.legebiltzarra.eus helbide elektronikoan eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen www.ivap.euskadi.eus helbide elektronikoan. Zerrenda horretan adierazita egongo da, halakorik bada, kanporatutako lehiatzaile bakoitza zergatik kanporatu den. Interneten argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, deialdiko plazak lortu nahi dituztenek 10 eguneko epea izango dute kanporaketa eragin duten akatsak edo hutsak zuzentzeko edo zerrendaren aurkako erreklamazioak aurkezteko, hala baitago aurreikusita Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 71.1 artikuluan.

Erreklamaziorik ez baldin badago, behin-behineko zerrendak behin betikotzat joko dira. Erreklamaziorik aurkezten baldin bada, onartutako eta baztertutako lehiatzaileen behin-behineko zerrenda behin betiko egiten duen erabakian onartuko edo baztertuko dira erreklamazioak, eta erabaki hori ere aurreko lerrokadan aipatutako helbide elektronikoetan argitaratuko da.

5.2.– Egitatezko okerrak zuzentzea.

Egitatezko okerrak prozedurako edozein unetan zuzendu ahal izango dira, ofizioz zein alderen batek eskaturik.

6.– Epaimahaia.

6.1.– Izendapena eta osaera.

Eusko Legebiltzarreko Mahaiak izendatuko ditu kalifikazio-epaimahaiko kideak. Epaimahai horrek kide kopuru bakoitia izango du, 7 kide gehienez ere.

Eusko Legebiltzarreko Mahaiko kide bat izango da lehendakaria, eta idazkari-lanak Ganberako Legelarien Kidegoko edo Goi Mailako Teknikarien Kidegoko pertsona batek egingo ditu.

Iragarritako plazei dagokien lanbide-arloa ondo ezagutu eta epaimahaikide gisa egin beharreko zereginak ondo betetzeko prestakuntza egokia izango dute epaimahaia osatzen dutenek, eta aintzat hartuko da emakume eta gizonen kopurua orekatua izatea.

Onartu diren eta baztertu diren lehiatzaileen zerrendaren onespenarekin batera argitaratuko da Eusko Legebiltzarreko Mahaiak egindako epaimahaikide titular eta ordezkoen izendapena.

Epaimahaiak, hautaprobetako edozeinetarako, beharrezko iruditzen zaizkion aholkulariak eskatu ahal izango ditu. Aholkulari horiek kasuan kasuko espezialitatean laguntza teknikoa ematera mugatuko dira.

6.2.– Izendapena egiteko baldintzen aldaketa.

Izendapenak baliozkoa izaten jarraituko du, izendapena egiteko baldintzak epaimahaiko kideak izendatu ondoren aldatu arren. Hori horrela izanik ere, Eusko Legebiltzarreko Mahaiak izendapen hori ezeztatu eta delako kidearen ordez beste bat izendatu ahal izango du, baldin eta egoera aztertuta izendapena bere horretan uzteak epaimahaiaren ohiko funtzionamenduari kalte egin badiezaioke. Ezeztatze eta ordezkatze horiek Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira.

6.3.– Parte ez hartzea eta errefusatzea.

Baldin eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 28 eta 29. artikuluetan aurreikusitakorik gertatzen bada, epaimahaia osatzen duten kideek uko egin beharko diote epaimahaian egoteari, Eusko Legebiltzarreko Mahaiari jakinaraziz, eta deialdiko plazak lortu nahi dituzten pertsonek ezetsi egin ahal izango dituzte.

6.4.– Epaimahaiaren jarduteko arauak eta ahalmenak.

Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 22tik 27ra arteko artikuluetan ezarritako arauen arabera jardungo du epaimahaiak. Epaimahaiburuak aginduta, idazkariak bilerarako deia egingo du, eta epaimahaia hautaprobak hasi baino behar beste denbora lehenago bilduko da. Epaimahaiaren osaera balioduna izateko, ezinbestekoa da epaimahaiburua eta idazkaria (edo, hala dagokionean, haien ordezkoak) eta gutxienez kide gehienak bertaratzea.

Epaimahaikide guztiek izango dituzte hitza eta botoa. Epaimahaiaren erabakiak bilkuran direnen botoen gehiengo bidez hartuko dira. Berdinketa gertatuz gero, epaimahaiburuaren botoak ebatziko du.

Epaimahaiburua (edo haren ordezkoa) bertaratu ez bada, gaixo dagoelako, haren kargua hutsik dagoelako edo bestelako lege-arrazoiren bat dagoelako, hierarkian maila goragokoena duen, antzinatasun handiena duen edo adinez zaharrena den epaimahaikideak hartuko du haren lekua, hurrenkera horretan.

Idazkari titularraren edo haren ordezkoaren kargua hutsik badago, bertaratu ez bada, gaixo badago edo titularrari zein ordezkoari eragiten dien legezko bestelako arrazoiren bat badago, epaimahaikideen gehiengoaren erabakiz aukeratzen den kideak beteko du haien kargua.

Epaimahaiak, oinarri orokorretan eta espezifikoetan aurreikusi gabeko gaietan, hautaketa-prozesua burutu ahal izateko beharrezkotzat jotzen dituen neurriak hartu ahal izango ditu, bai eta oinarrien interpretazioari eta aplikazioari dagozkien arazo guztiak ebatzi ere.

Epaimahaiaren erabakiak, oinarri hauetan aurreikusi gabeko kontuez direnean, Interneten bidez argitaratuko dira Eusko Legebiltzarraren www.legebiltzarra.eus helbide elektronikoan eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen www.ivap.euskadi.eus helbide elektronikoan.

Epaimahaiak ezingo ditu hautatutzat jo deialdiko plaza kopurua baino lehiatzaile gehiago. Muga hori hausten duten proposamenak erabat baliogabeak izango dira.

Epaimahaiaren ebazpenak lotesleak izango dira izendapenak egiteko eskumena duen organoarentzat. Organo horrek, alabaina, ebazpenok berrikusi ahal izango ditu administrazio-prozedura erregulatzen duten arauei jarraituz.

Jakinarazpenetarako eta gainerako gorabeheretarako, epaimahaiak Eusko Legebiltzarrean izango du egoitza.

6.5.– Egindako lanarengatik jaso beharreko ordaina.

Epaimahaikideek, eta epaimahaiak eskatuta berari aholku ematen dioten pertsonek, indarrean dagoen araudiaren arabera dagokien ordaina jaso ahal izango dute beren lanarengatik, baita bertaratzeagatik ere.

Era berean, probetan zaintze- eta kontrol-lanetan aritzen direnek ere indarrean dagoen araudiaren arabera dagokien ordaina jaso ahal izango dute.

7.– Argitaratzeko lekuak.

Eusko Legebiltzarreko Mahaiaren eta epaimahaien erabakiak, oinarri orokor hauen eta dagozkien oinarri espezifikoen babesean egindako deialdiei dagokienez, bai eta prozesuko bestelako informazioa, emaitzak eta kalifikazioak ere, Interneten bidez argitaratuko dira Eusko Legebiltzarraren www.legebiltzarra.eus helbide elektronikoan eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen www.ivap.euskadi.eus helbide elektronikoan. Zernahi gisaz, epaimahaiek, egoki iritziz gero, beste era batera ere jakinarazi ahal izango dituzte. (Aipatutako helbide elektronikoetan kontsultak egiteko, NANa eta eskabidearen erreferentzia-zenbakia sartu beharko dira).

8.– Hautatzeko prozedura.

Plazak lortu nahi dituzten lehiatzaileak oposizio-lehiaketaren bidez aukeratuko dira, 1. oinarrian ezarri den bezala.

8.1.– Oposizio-aldia.

Deialdi bakoitzeko oinarri espezifikoetan zehaztuko diren hautaprobek osatuko dute oposizio-aldia. Proba horien helburua betiere izango da eskainitako plazetako eginkizunak eta lanak egiteko garrantzia duten ezagupenak eta trebetasunak ebaluatzea.

Hautaprobak nahitaezkoak eta kanporatzaileak izango dira. Hala ere, oinarri espezifikoek, eskainitako plazaren ezaugarrien arabera, kanporatzaileak izango ez diren probak ezarri ahal izango dituzte.

Oinarri espezifikoetan zehaztuko dira oposizio-aldia gainditzeko frogatu behar diren informatikako ezagupenak. Frogatzeko sistema eta epeak 10.6 oinarrian daude adierazita.

8.2.– Euskara-probak.

Euskara-probak hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko egingo dira, hautaketa-prozesuko edozein unetan eta betiere merituak baloratu aurretik. Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak denboran gertuen egindako deialdi bateratuetan egingo dira, zeinak garaiz iragarriko baitzaizkie dagokion proba egiteko asmoa eskabidean agertu duten lehiatzaileei. Hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko proba espezifikoak, bestalde, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legean eta apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuan jasotako aurreikuspenen arabera egingo dira. Hala eta guztiz, epaimahaiak, lehiatzaile kopurua kontuan hartuta, edo aipatutako deialdi bateratuetan egitea posible ez denean, Antolaketa eta Giza Baliabideen Zuzendaritzari proposatu ahal izango dio proba egitea oposizio-aldia gainditu dutenei.

8.3.– Lehiaketa-aldia.

Lehiaketa-aldian, oposizio-aldia gainditu dutenek alegatutako eta frogatutako merituak aztertuko eta baloratuko dira.

Meritu baloragarriak eta baremoa deialdi bakoitzeko oinarri espezifikoetan zehaztuko dira. Esperientzia, hizkuntzak, tituluak, informatikako ezagupenak, argitalpenak eta jasotako eta emandako prestakuntza baloratu ahal izango dira.

Erakunde ofizialek edo homologatuek emandako tituluak eta ziurtagiriak baino ez dira baloratuko.

Nolanahi ere, merituen balorazioaren garrantzia proportzionatua izango da, eta ez da kanporatzailea izango.

8.4.– Azken kalifikazioa.

Lehiatzaile bakoitzaren azken emaitza zehazteko, honako puntuazio hauek batuko dira: oposizio-aldian lortutako puntuak (oposizioko ariketa bakoitzean lortutakoen batuketa izango da) eta merituen balorazioan lortutakoak, bai eta egiaztatutako hizkuntza-eskakizunen balorazioa ere, eskakizunok baldintza ez badira.

Emaitza eta kalifikazio guztiak 7. oinarrian adierazitako helbide elektronikoetan emango dira argitara.

Berdinketarik izanez gero, 11.1 oinarrian eta oinarri espezifikoetan zehaztutako irizpideen arabera ezarriko da lehentasuna sailkapen-ordenan.

9.– Hautaketa prozesuaren bilakaera.

9.1.– Probak egitea.

Lehenengo ariketa egiteko data, ordua eta tokia Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta Interneten Eusko Legebiltzarraren www.legebiltzarra.eus helbide elektronikoan eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen www.ivap.euskadi.eus helbide elektronikoan, ariketa-eguna baino bost egun lehenago gutxienez ere. Argitaratu ordez, lehiatzaileei zuzenean eta modu frogagarrian jakinarazi ahal izango zaizkie datuok, aurreko epe berean. Hurrengo ariketak lehen aipatu diren Interneteko helbideetan iragarriko dira, gutxienez 48 ordu lehenagotik bakoitza.

Deialdiko plazak lortu nahi dituzten pertsonei dei bakarra egingo zaie ariketa bakoitzerako. Ariketara ez agertzea prozesutik kanpora uzteko arrazoi nahikoa izango da, non eta ezinbesteko arrazoiren bat izaten ez den; arrazoi hori behar bezala egiaztatuko da eta epaimahaiak askatasunez erabakiko du aintzat hartu ala ez.

Prozesuan onartutakoek egin ditzakete hautaketa-probak, eta baztertu gisa azaldu arren gora jotzeko errekurtsoa jarri dutenek ere bai, proba egiteko unean oraindik ebazpenik jaso ez dutela egiaztatzen badute. Hautagai bakoitzak, nork bere burua identifikatzeko, nortasun-agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena eraman beharko du probetara.

Arau orokor gisa, ariketa bat amaitzen denetik hurrengoa hasi arte 72 ordu igaro beharko dute gutxienez. Alabaina, oinarri espezifikoetan, edo epaimahaiak egoki irizten badio, ezarri ahal izango da ekitaldi berean ariketa bat baino gehiago egitea. Neurri hori epaimahaiak hartzen badu, kasu horretan ere 72 ordu lehenago eman beharko du horren berri.

Oposizio-aldiko proba bakoitza bukatutakoan, epaimahaiak lehenbailehen argitaratuko ditu behin-behineko emaitzak eta gehienez ere hiru egun balioduneko epea ezarriko du erreklamazioak egiteko, epaimahaiaren ebazpena argitaratzen den egunetik kontatzen hasita.

Epaimahaiek, komunikazio publiko bidez, ezarriko dute hurrengo argitalpenaren edo hautaketa-prozesurako gertaera garrantzitsuaren data.

Probak zuzentzerakoan, ahal denean, deialdiko plazak lortu nahi dituzten pertsonen anonimotasuna bermatzeko behar diren neurriak hartuko ditu epaimahaiak.

9.2.– Oposizio-aldiko puntuazioen zerrenda.

Oposizio-aldiko probak bukatu eta, erreklamaziorik egon bada, horiek ebatzi ondoren, gainditu dutenen puntuazioen behin betiko zerrenda argitaratzeko aginduko du epaimahaiak.

Deialdiko kidego bakoitzeko gaindituen zerrendak argitaratuko dira, kontuan hartuta txanda (irekia edo barne-promoziokoa) eta parte hartzeko modalitatea (orokorra edo desgaitasuna dutenentzat gordetakoa).

9.3.– Euskara-proba.

Euskara-probak 8.2 oinarrian aurreikusitakoaren arabera egingo dira, betiere 10.4 oinarrian adierazitakoa betez.

9.4.– Merituak alegatu, egiaztatu eta baloratzea.

Oposizio-fasea gainditu dutenen behin betiko zerrenda argitaratzearekin batera 10 egun balioduneko epea ezarriko da merituak alegatu eta egiaztatzeko.

Oinarri espezifikoetan ezarriko dira deialdi bakoitzean epaimahaiak baloratuko dituen merituak eta erabiliko duen baremoa. Merituetarako erreferentziazko datak 10.1 oinarrian daude araututa.

Merituak egiaztatzeko, 4.3 oinarrian adierazitako lekuetan gaindituen eskura egongo den inprimakia bete beharko da. Inprimakiarekin batera, alegatutako merituak egiaztatzen dituzten agirien kopiak bidali behar dira, 10. oinarrian ezarritakoari jarraituz.

Oinarri espezifikoetan ezarritako baremoaren arabera baloratuko ditu merituak epaimahaiak.

9.5.– Azken kalifikazioen behin-behineko zerrenda.

Alegatu eta egiaztatutako merituen balorazioa egin ondoren, epaimahaiak kalifikazioen behin-behineko zerrendak argitaratuko ditu, kontuan hartuta txanda (irekia edo barne-promoziokoa), parte hartzeko modalitatea (orokorra edo desgaitasuna dutenentzat gordetakoa) eta deialdiko plazen hizkuntza-eskakizuna.

Dokumentazioa zuzendu behar duten hautagaien zerrenda ere argitaratuko da, ondo egiaztatu beharreko merituen aipamen zehatzarekin.

Zerrendak argitaratu eta hurrengo egunetik hiru egun balioduneko epea izango dute interesdunek okerrak zuzentzeko eta egin nahi dituzten erreklamazioak egiteko.

10.– Merituak eta eskakizunak alegatu eta egiaztatzea.

10.1.– Merituen jabe izateko eta eskakizunak betetzeko erreferentziazko datak.

Alegatzen diren merituen jabe izateko eta eskakizunak betetzeko erreferentzia-data eskaerak aurkezteko epea bukatzen denekoa izango da. Euskarako ezagupenak eta informatika eta ofimatikakoak epe horretatik kanpo gelditzen dira.

a) Euskara-titulu eta -ziurtagiriak deialdi bakoitzaren oinarri espezifikoetan hizkuntza-eskakizunaren azterketarentzat aurreikusitako idatzizko ariketa egin baino lehen lortu behar dira.

b) Informatika- eta ofimatika-ziurtagiriak 10.6 oinarrian ezarritako moduan lortu behar dira.

10.2.– Emandako zerbitzuak.

Merituak aurkezteko ezarritako 10 eguneko epean alegatu eta egiaztatu behar dira emandako zerbitzuak (9.4 oinarria):

a) Eusko Legebiltzarrean emandako zerbitzuak alegatu bakarrik egin behar dira, ez dira egiaztatu behar. Administrazioak ofizioz zenbatuko ditu.

b) Gainontzeko administrazio publikoetan emandako zerbitzuak alegatu eta egiaztatu egin behar dira. Administrazio bakoitzak erabakiko du zein eredu erabili, baina ziurtagiriak jatorrizkoa izan beharko du eta lan egindako aldiak, kidegoa, aukera, eskala, klasea edo kategoria, lanpostuaren izena eta lan-aldi bakoitzean betetako eginkizunak zehaztu beharko ditu.

10.3.– Titulu akademikoak edo lanbide-titulu baliokideak.

Parte hartzeko baldintza gisa ezarritako titulazio akademikoak eskaera egiteko unean alegatu behar dira.

Oinarri espezifikoen arabera meritu gisa baloratuko diren titulazio akademikoak merituak aurkezteko ezarritako 10 eguneko epean alegatu beharko dira (9.4 oinarria). Epe horretan, titulazioaren edo titulua eskuratzeko tasak ordaindu izanaren fotokopia soila aurkeztu beharko da. Ez da fotokopia konpultsaturik aurkeztu behar 11.4 oinarriko dokumentazioa aurkezteko fasera iritsi arte.

Ez dira baloratuko goragoko maila bateko titulazio bat lortzeko beharrezkoak izanik hautagaiek jada alegatu dituzten titulazioak.

Eusko Legebiltzarreko Langileen Erregistroan titulazio akademikoak erregistratuta dituztenek horren berri eman beharko dute merituak aurkezteko epean, baina ez dute ziurtagiririk aurkeztu beharko. Titulazioak erregistratuta egon arren epe barruan alegatu ez bada, epaimahaiak ez ditu balioetsiko.

Titulazio batek, onartua izateko, estatuburuak egindako agiri ofiziala izan behar du, titularrak Lehen Hezkuntza, Bigarren Hezkuntza edo unibertsitateko ikasketa-maila gainditu duela egiaztatu behar du eta Espainiako Estatu osoan balioduna izan behar du.

Ikasketa-ziurtagiriek, nahiz eta ikasketa-plan osoari erreferentzia egin, ez dute titulazio akademikoen balioa izango. Alabaina, «Lehen Ikasketen Ziurtagiria» (1975 baino lehenagokoa) Eskola Graduatu Tituluaren baliokidea izango da.

Tituluen homologazioa Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratua badago, tituluak baliokidetzat joko dira.

10.4.– Euskara.

Lanpostu jakin batzuetan eskatzen den hizkuntza-eskakizuna daukatenek edo meritu gisa alegatu nahi dutenek, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen hizkuntza-eskakizunen erregistroan titular gisa agertzen badira, eskaeran adierazi beharko dute, baina ez dute ezer egiaztatu beharko, eta euskara-proba egitetik salbuetsita geratuko dira.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak ematen ez duen euskara-titulu edo -ziurtagiriren bat dutenek, deialdietako hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko probak egitetik salbuetsita geratu nahi badute, onartuak izateko eskabidean Eusko Legebiltzarrari baimena eman beharko diote ziurtagiri horiek dauden erregistroetan sartzeko eta alegatutakoa zehatza dela egiaztatzeko.

Eskabidean ez bada espresuki baimen hori ematen, alegatutako titulu edo ziurtagiriaren kopia aurkeztu beharko da dagokion hizkuntza-eskakizunaren idatzizko ariketa egin aurretik.

Gainontzeko hautagaiek hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko proba gainditu beharko dute, 8.2 oinarrian aurreikusitakoaren arabera.

Euskararen jakite-maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak baliokidetu eta Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuko mailekin parekatzeko azaroaren 9ko 297/2010 Dekretuak zehazten ditu Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoen hizkuntza-eskakizunen ziurtagiri eta titulu baliokideak. Informazio hori Eusko Legebiltzarraren www.legebiltzarra.eus helbide elektronikoan kontsulta daiteke, eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen www.ivap.euskadi.eus helbide elektronikoan.

10.5.– Hizkuntzak.

Oinarri espezifikoen arabera meritu gisa baloratuko diren hizkuntza-titulazioak merituak aurkezteko ezarritako 10 eguneko epean alegatu beharko dira (9.4 oinarria). Epe horretan, titulazioaren edo titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren fotokopia soila aurkeztu beharko da. Ez da fotokopia konpultsaturik aurkeztu behar 11.4 oinarriko dokumentazioa aurkezteko fasera iritsi arte.

Eusko Legebiltzarreko Langileen Erregistroan titulazio akademikoak erregistratuta dituztenek horren berri eman beharko dute merituak aurkezteko 10 eguneko epean (9.4 oinarria), baina ez dute ziurtagiririk aurkeztu beharko. Titulua erregistratuta eduki arren ez bada merituak aurkezteko epearen barruan alegatzen, titulua ez da balioetsiko.

Ez da hizkuntza-ezagupenak egiaztatzeko probarik egingo.

Deialdietan kontuan hartuko diren hizkuntzen ziurtagiri eta titulu baliokideak Eusko Legebiltzarraren www.legebiltzarra.eus helbide elektronikoan daude zehaztuta, eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen www.ivap.euskadi.eus helbide elektronikoan.

10.6.– Informatika eta ofimatika.

Informatika- eta ofimatika-ezagupenak IT Txartelaren egiaztatze-sistemaren bidez egiaztatuko dira, salbu sistema horretan sartu gabeko ezagupen eta programetarako. Tecnalia Research&Innovation erakundeak onetsi eta ebaluatutako zentroetan egindako proba bat gaindituz lor daitezke ziurtagiriak.

IT Txartelaren egiaztatze-sisteman sartu gabeko informatikako eta ofimatikako ezagupen eta programak oinarri espezifikoetan ezarritako moduan egiaztatuko dira.

Oposizio-fasea gainditzeko betekizun gisa ezarritako informatika- eta ofimatika-ezagupenak merituak aurkezteko epearen hasiera-data baino lehen egiaztatu beharko dira eta epe horretan alegatu eta aurkeztuko dira.

Deialdi espezifiko bakoitzean meritutzat jotako informatika- eta ofimatika-ezagupenak merituak aurkezteko epean alegatu eta egiaztatu beharko dira (9.4 oinarria).

Tecnalia Research & Innovation erregistroetara sartzeko baimena:

Nahi duenak baimena eman diezaioke eskaeran Eusko Legebiltzarrari alegatu dena zehatza dela egiaztatzeko jo beharreko erregistroetara jotzeko, eta, horrela, ez du ziurtagiririk aurkeztu beharko. Baimenik ematen ez dutenek, berriz, oinarri honetan ezarritako epeetan eta agirien bidez egiaztatu beharko dute ezagupen horiek badituztela.

IT Txartelaren ziurtagiria lortzea:

Egiaztatze-proban parte hartzeko, onetsitako zentro batean izena eman behar da. Zentroen zerrenda osoa www.it-txartela.net helbide elektronikoan ikus daiteke.

Izen-ematea www.it-txartela.net web orrian egin daiteke.

Probak egin eta kalifikatzeko, ziurtagiria ematen duen organoak ezarritako arau orokorrei jarraituko zaie.

10.7.– Prestakuntza, hobekuntza eta irakaskuntza- eta ikerketa-jarduera.

Oinarri espezifikoetan aurreikusitako moduan, baloratu ahal izango da prestakuntza- eta hobekuntza-ikastaroak gainditzea ikastaro horiek darabiltzaten gaiek zuzeneko lotura dutenean lortu nahi diren lanpostuen berezko eginkizun eta lanekin edo lanpostu horietan jarduteko beharrezko trebetasunekin, Eusko Legebiltzarrak, Arartekoak, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak, unibertsitateek eta/edo beste administrazio publiko batzuek antolatu edo homologatuta edo prestakuntza, giza baliabideen garapen, lanbide-prestakuntza edo ikerketaren arloan prestigio aitortua duten instituzioek emanda.

Era berean, irakaskuntza- eta ikerketa-jarduera baloratu ahal izango da, aurreko ataleko modu berean. Jarduera horretan sartzen dira ikastaroak ematea, komunikazioak edo ponentziak aurkeztea kongresu, mintegi eta jardunaldietan, ikerketa-proiektuetan parte hartzea eta argitalpenak.

Prestakuntza- eta hobekuntza-ikastaroetan parte hartzea edo irakaskuntza- eta ikerketa-jarduera egiaztatzeko, irakasteari, asistentziari edo argitalpenari buruzko diploma edo ziurtagiria beharko da, dagokion erakundeak fotokopia soilean emana, eta bertan adierazi beharko da nahitaez ikastaro edo prestakuntza-jardueren iraupena eta zer egunetan egin diren. Ez da fotokopia konpultsaturik aurkeztu behar 11.4 oinarriko dokumentazioa aurkezteko fasera iritsi arte.

11.– Hautatuen zerrenda.

11.1.– Azken kalifikazioen behin betiko zerrenda eta sailkapena.

Erreklamazioak aurkezteko epea eta merituen zuzenketa egiteko epea bukatuta, eta erreklamaziorik egon bada horiek ebatzi ondoren, epaimahaiak sailkapen-ordena erabakiko du kasu bakoitzean, lorturiko puntuazioaren arabera. Sailkapen-ordena horrek hautaketa-prozesuan lehiatu diren eta probak gainditu dituzten guztiak bilduko ditu.

Puntuazio-berdinketarik izanez gero, oinarri espezifikoetan berdinketa hausteko ezarritako irizpideen arabera ebatziko da.

Puntuazio bera lortuz gero, emakumeei emango zaie lehentasuna emakumeak % 40 baino gutxiago diren Legebiltzarreko Administrazioko kidegoen kasuan, salbu eta lanposturako beste hautagaiak neurri hori ez aplikatzea justifikatzen duten ezaugarriak betetzen baditu –betiere ezaugarriok sexua dela-eta diskriminatzaileak ez badira–, hala nola laneratzeko edo lanbide-sustapenerako arazo bereziak dituzten beste kolektibo batzuetako kide izatea.

11.2.– Eskainitako plazen kopurua handitzea.

Deialdi bakoitzaren bidez egiten den eskaintzan jasotako plaza kopurua handitu ahal izango da promozio, erretiro, heriotza edo titularraren lanpostu-erreserba gabeko eszedentziagatik, edo lanpostu-zerrendan lanpostu berriak, deialdikoen berdinak, finkatzearen ondorioz berritik sortuak izateagatik, hutsik dauden plazekin.

Plaza kopurua handitzeko mugako data izango da Antolaketa eta Giza Baliabideen Zuzendaritzak, epaimahaiaren eskariz, lanpostu hutsei buruzko txostena egiten duen eguna. Aurreko lerrokadan adierazitakorako, epaimahaiak hutsik dauden lanpostuei buruzko nahitaezko txostena eskatuko dio Antolaketa eta Giza Baliabideen Zuzendaritzari, zeinak eskaeraren egunetik gehienez ere hiru egun balioduneko epean egin eta helarazi beharko baitio.

11.3.– Hautatutako lehiatzaileen zerrenda argitaratzea.

Behin betiko sailkapen-ordena eta hautatutako lehiatzaileen zerrenda Interneten argitaratuko dira, Eusko Legebiltzarraren www.legebiltzarra.eus helbide elektronikoan eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen www.ivap.euskadi.eus helbide elektronikoan.

11.4.– Dokumentazioa aurkeztea.

Aukeratuen behin betiko zerrenda argitara eman ondoren, argitaratu eta hurrengo egunetik gehienez ere 15 egun balioduneko epean aurkeztu beharko dituzte honako dokumentu hauek:

a) NANaren fotokopia konpultsatua.

b) Administrazioak atzerritar bakoitzari jakinarazpen bat bidaliko dio norberaren egoeraren arabera zehazki zein agiri aurkeztu behar duen adierazteko.

c) Baloratu beharreko merituak eta deialdian parte hartu, oposizio-fasea gainditu eta esleitutako postua bete ahal izateko eskakizunak betetzen direla egiaztatzen duten agirien fotokopia konpultsatuak. 10. oinarriarekin bat etorriz, oinarri espezifikoetan zehazten dira horiek guztiak.

d) Zinpeko deklarazioa edo agintza, ezein administrazio publikoren zerbitzutik diziplina-espediente bidez ez dituztela kendu eta funtzio publikoak betetzeko ezgaiturik ez daudela aitortuz, eta orobat Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko 53/1984 Legean aurreikusitako inolako ezgaitasun- edo bateraezintasun-ziorik ez dutela ere.

Espainiako herritartasuna ez dutenek beraien estatuko funtzio publikoan jardutea galarazten dien diziplina-zigorrik edo kondena penalik ez dutela adierazten duen zinpeko deklarazioa edo agintza aurkeztu beharko dute.

e) Deialdian parte hartzeko eskatutako tituluaren fotokopia konpultsatua, edo titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren ziurtagiria. Zuzenbidean onarturiko beste edozein era bidezko bada ere, aipaturiko fotokopia Eusko Legebiltzarreko Antolaketa eta Giza Baliabideen Zuzendaritzak konpultsatu ahal izango du.

f) Desgaitasuna dutenentzat gordetako kupoan parte hartuz gero, legez aintzatetsitako desgaitasunaren ziurtagiria aurkeztu beharko da.

11.5.– Osasun-azterketa.

Eusko Legebiltzarreko Prebentzio Zerbitzuak osasun-azterketa egingo dio lehiatzaile bakoitzari, egiaztatzeko ezen dagozkion eginkizunak normal betetzea eragotziko duen eritasunik edo akats fisiko edo psikikorik ez duela eta lanerako gai direla.

Desgaitasuna dutenentzat gordetako kupoan parte hartuz gero, Eusko Legebiltzarreko Prebentzio Zerbitzuak osasun-azterketa egingo dio lehiatzaileari, lanpostuaren eta desgaitasunaren arabera haren gaitasuna edo gaitasunik eza zehazteko. Behin betiko erabakia eman ahal izateko, lanpostua jabetzan hartu aurretik lehiatzaileari probaldia egiteko eskatu ahal izango du Eusko Legebiltzarreko Prebentzio Zerbitzuak.

11.6.– Funtzionario publikoen egiaztatzea.

Lehendik funtzionarioak direnak salbuetsita egongo dira aurreko izendapena lortzeko egiaztaturiko baldintzak eta eskakizunak justifikatzetik. Aski izango dute aurkeztea dagokien administrazioak emaniko ziurtagiria, beren egoera eta espediente pertsonalean adierazten diren gainerako inguruabarrak egiaztatzen dituena.

11.7.– Dokumentuak ez aurkeztearen ondorioak.

Ezingo dira izendatu aipatutako dokumentuak aurkeztu beharreko epearen barruan aurkezten ez dituztenak, ezinbesteko arrazoiren bat izan ez bada behintzat, ezta aurkeztutako dokumentuek erakusten dutenaren arabera oinarri orokor eta espezifikoetako eskakizunen bat betetzen ez dutenak ere. Horrenbestez, lehiatzaile horiei dagokienez, jarduketa guztiak anulatuta eta eraginik gabe geldituko dira, eta izendapenerako zituzketen eskubide guztiak galduta. Halakoetan, dagokion sailkapen-ordenan ezarritako lehentasunari jarraituz eta deialdian parte hartzeko exijitzen diren eskakizunak egiaztatu ondoren, aurreko anulazio horren ondorioz, deialdiko lanpostu kopuruaren barruan sartzerik duen lehiatzaileak jasoko du izendapena.

12.– Izendatzea.

Dokumentuak aurkezteko epea bukatuta, epaimahaiak praktiketako funtzionario izendatzeko proposamena egingo dio Eusko Legebiltzarreko Mahaiari, 1990eko ekainaren 22ko Langileen Estatutuaren eta Legebiltzarreko Administrazioaren Araubide Juridikoaren 24. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Legebiltzarreko Mahaiaren erabakiaren bidez, hautatuak praktiketako funtzionario izendatuko dira karrerako funtzionario bihurtu aurretik. Erabaki hori Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Izendatua denak izendatze-argitalpenean adierazitako egunean jabetu beharko du lanpostuaz, edo, argitalpen horretan zehaztu ez baldin bada, gehienez 15 egun naturaleko epean, izendapena Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofizialean argitaratu zen egunetik kontatzen hasita. Epe hori beste 10 egun natural luzatu ahal izango da, izendatua izan denak eskatuta eta betiere arrazoi justifikaturik baldin badago.

Argitalpenean adierazitako datan edo, halakorik ez badago, ezarritako epearen barruan lanpostuaz jabetzen ez direnek beren eskubidea galduko dute besterik gabe. Halakoetan, 11.7 oinarrian adierazi bezala jokatuko da.

13.– Azken arauak.

13.1.– Hautaketa-prozesuei aplikatzeko araubide juridikoa.

Oinarri orokorretan eta espezifikoetan aurreikusi gabekoetarako, hautaprobak honako arau hauek betez egingo dira: Langileen Estatutua eta Legebiltzarreko Administrazioaren Araubide Juridikoa, 1990eko ekainaren 22koa, eta hura garatzeko arauak; osagarririk behar izanez gero, euskal funtzio publikoari buruzko legeria eta araudi osagarria, eta, halakorik izan ezean, funtzionario publikoei buruzko legeria orokorra, Legebiltzarreko funtzio publikoarekin bateraezina ez den neurrian.

13.2.– Aurkaratze eta errekurtsoen araubidea.

Deialdia, haren oinarriak nahiz horietatik eta epaimahaiaren jardunetik sortzen diren administrazio-egintzak eta Eusko Legebiltzarreko Mahaiaren erabakiak aurkaratu ahal izango dira honako lege hauetan aurreikusitako kasuetan eta eran: Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea eta Administrazioarekiko Auzietarako Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legea.

13.3.– Lan-poltsak.

Hautaketa-prozedura bakoitza bukatutakoan, deialdiko lanpostuei dagokien lan-poltsa antolatuko da, langileen ordezkariekin negoziatu ondoren legelari nagusiak ematen duen ebazpenean ezarritakoari jarraituz. Hala badagokio, antolaketa horretan sartu ahal izango dira gaur egungo lan-poltsetan dauden pertsonak.


Azterketa dokumentala