Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

52. zk., 2015eko martxoaren 17a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
1274

AGINDUA. 2015eko otsailaren 25ekoa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak kudeatutako izaera pertsonaleko datuen fitxategi automatizatuak eta ez automatizatuak arautzen dituena.

Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren 20. artikuluak xedatzen du administrazio publikoetako fitxategiak sortzea, aldatzea edo deuseztatzea Estatuko Aldizkari Ofizialean edo dagokion aldizkari ofizialean argitaraturiko xedapen orokorraren bidez baizik ezin daitekeela egin, eta artikulu horrek, aurrekoa garatzen duen abenduaren 21eko 1720/2007 Dekretuaren 54. artikuluarekin batera xedapen horren oinarrizkoa edukia ezartzen du.

Titulartasun publikoko izaera pertsonaleko datu fitxategien eta Datuak Babesteko Euskal Agentzia sortzeko otsailaren 25eko 2/2004 Legearen 18. artikuluaren bidez, Datuak Babesteko Erregistroa sortzen da, eta, bertan ezartzen duenez, lege horren aplikazio-eremuaren barnean dauden fitxategiak erregistro horretan inskribatuko dira.

Eusko Legebiltzarra eratzeko 2/2004 Legea garatzen duen urriaren 18ko 308/2005 Dekretuaren 2. artikuluan ezartzen duenez, Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde publikoek Datuak Babesteko Euskal Agentziari (DBEE) jakinaraziko diote izaera pertsonaleko datuen fitxategien sortze, aldatze edo deuseztatze oro, datuok Datuen Babeserako Erregistroan inskriba daitezen; hori DBEEko zuzendariaren 2014ko urriaren 31ko Ebazpenaren bidez onartutako eredu normalizatuaren bidez emandako xedapena edo erabakia helaraziz egingo da –ebazpen horren bitartez, Datuak Babesteko Erregistroari honako hauek jakinarazteko formulario elektronikoak onartzen dira: izaera pertsonaleko fitxategiak sortzea, aldatzea edo deuseztatzea, eta, bestalde, euren izapideketa arautzen da.

Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren 2011ko azaroaren 30eko Aginduaren bitartez, sail horrek aldi hartan kudeatzen zituen izaera pertsonaleko fitxategi automatizatuak arautu ziren.

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2012ko azaroaren 5eko Aginduaren bitartez, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saileko izaera pertsonaleko datuen fitxategiak arautu ziren; eta, halaber, garai hartako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saileko izaera pertsonaleko datuen fitxategiak arau ziren.

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saileko izaera pertsonaleko datu-fitxategiak ezagutaraztea errazten eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren izaera pertsonaleko datuen fitxategi automatizatuen segurtasuna antolatzen duen Eusko Jaurlaritzaren 2002ko uztailaren 16ko Erabakiari egokitzeko, izaera pertsonaleko datuen fitxategi guztiak biltzen dira agindu honetan; gainera, agindu honek –bere eskuduntza-eremuan– izaera pertsonaleko datu-fitxategiak arautzen dituzten aurreko xedapen arautzaileak indargabetu egiten ditu, eta I. eranskinean sartzen dira lehengo eta oraingo aginduek araututako fitxategiak eta bai berriaren berri sortzen direnak ere; betiere, denboraren joanak edo legezko xedapenekin; eta II. eranskinean, ostera, aurretiazko fitxategi guztiak ezeztatuz. Beraz, fitxategiak hainbat xedapenetan ez sakabanatzeko, eta herritarren argitasun eta segurtasun juridikoaren mesedetan, Industria, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko datu pertsonalen fitxategi guztiak zerrendatu dira xedapen honen I. eranskinean. Eranskin horretan, gainera, aurreko xedapenetan azaltzen ez ziren fitxategi berri batzuk ere sartu dira.

Beraz, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Legean, Titulartasun publikoko izaera pertsonaleko datu fitxategien eta datuak babesteko euskal agentzia sortzeko otsailaren 25eko 2/2004 Legean eta Xedapen Orokorrak Egiteko Prozedurari buruzko abenduaren 22ko 8/2003 Legean xedatutakoa betetzeko, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Agindu honen xedea Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren ardurapeko izaera pertsonaleko datuen fitxategiak arautzea da.

2.– Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren 20.2 artikuluaren eta berau garatzeko araudiaren arabera, agindu honen I. eranskinean hauek adieraziko dira zehazki horiei buruz: fitxategiak edo tratamenduak identifikatzea –izenak aipatuz–; beren helburuen eta aurreikusitako erabileren deskribapena; datuen jatorria –zein kolektiboren datu pertsonalak bildu nahi diren adieraziz–; fitxategien oinarrizko egitura, zehazki deskribatuz identifikazio-datuak, eta, hala behar bada, bereziki babestutako datuak, eta bertan barne hartutako izaera pertsonaleko datuen gainerako kategorienak; eta horiek antolatzeko erabilitako tratamendu-sistemak; aurreikusitako datu-komunikazioak; datuen nazioarteko transferentziak; fitxategien organo arduradunak; sartzeko, eskuratu, zuzendu, ezabatu eta aurkatzeko eskubideak zein zerbitzu edo unitateren aurrean erabil daitezkeen; eta indarreko legeriaren arabera eska daitekeen segurtasun-maila (oinarrizkoa, ertaina eta handia).

2. artikulua.– Fitxategiak sortzea eta ezabatzea.

Hurrenez hurren, agindu honen I. eta II. eranskinetan zerrendatzen diren izaera pertsonaleko datuen fitxategiak sortzen eta ezabatzen dira.

3. artikulua.– Datuak lagatzea.

1.– Agindu honen I. eranskinean aurreikusitako datu-lagapenari kalterik egin gabe, fitxategietako datuak laga ahal izango dira, Administrazioaren esparruan, lege-ordenamenduak agintzen dituen funtzioak betetzeko, zehazki, antzeko eskumenak edo gai berberei buruzkoak baliatzeko.

2.– Halaber, fitxategi horietako datuak EAEko Administrazio Publikoko eta beste administrazio publikoetako estatistika-organo eta -zerbitzuei utzi ahal izango zaizkie; betiere, Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legean eta Estatistika-Funtzio Publikoari buruzko maiatzaren 9ko 12/1989 Legean xedatutakoaren babesean.

3.– Era berean, abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren 11.2 artikuluaren arabera, izaera pertsonaleko datuak Herriaren Defendatzaileari, Fiskaltzari edo epaileei edo epaitegiei edo Kontuen Auzitegiari laga ahal izango zaizkie, beren egitekoak buru ditzaten.

4. artikulua.– Segurtasun- eta kudeaketa-neurriak.

Fitxategi bakoitzaren ardura duten organoek behar diren neurriak hartuko dituzte, honako hauek bermatzeko: fitxategi horiek euren xederako erabiliko direla, datu pertsonalen segurtasuna, eta datuok ez direla aldatuko, galduko eta baimenik gabe tratatuko. Gainera, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Legean eta berau garatzeko arauetan aitortutako bermeak, betebeharrak eta eskubideak eraginkor egiteko neurriak hartuko dituzte.

5. artikulua.– Datuen tratamendurako zerbitzuak ematea.

1.– Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak lankidetza-hitzarmenak egin ahal izango ditu datu pertsonalak tratatzeko xedearekin, 15/1999 Lege Organikoak datuen titularren bermeei eta babesari buruz ezartzen duena zehatz-mehatz betez.

2.– Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren kontura datu pertsonalak automatikoki tratatzeko zerbitzua egiten dutenek datu-tratamenduaren arduradunak emandako jarraibideak kontuan hartu beharko dituzte, eta jarraibide horien arabera jardungo dute. Eta hala izango dela jasoko da zerbitzua eskaintzeko egiten den lankidetza-hitzarmenean. Hala, beraz, alde batetik, datuak ezin izango dira beste xede baterako aplikatu edo erabili, eta, bestetik ezin izango zaio inori haien berri eman, nahiz eta datuak gordetzeko asmoarekin izan, horrela xedatzen baitu abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren 12. artikuluak.

6. artikulua.– Datuen aurka egiteko, datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezerezteko eskubideak gauzatzea.

Fitxategi automatizatuek eta ez automatizatuek eragiten dutenek eskubidea izango dute datuen aurka egiteko, datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezerezteko; hain justu ere agindu honetako eranskinean, fitxategi bakoitzerako xedatzen den zerbitzu edo unitatearen aurrean.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren 2011ko azaroaren 30eko Aginduaren bitartez, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak kudeatutako izaera pertsonaleko datuen fitxategi automatizatuak arautzen dira; Bada, agindu horren eranskineko fitxategi hauek ezeztatu egiten dira: 1etik 41erakoak (biak barne), 48tik 50erakoak (biak barne), 52tik 58rakoak (biak barne), 61etik 66rakoak (biak barne), 69tik 78rakoak (biak barne) eta 80tik 89rakoak (biak barne). Halaber, ezeztatu egiten da: Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2012ko azaroaren 5eko Agindua, zeinarekin arautu egiten baitira: Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saileko izaera pertsonaleko datuen fitxategiak.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honetako eranskinetan zerrendatutako izaera pertsonaleko datuen fitxategi automatizatuak eta ez automatizatuak datuak babesteko Euskal Bulegoari jakinaraziko zaizkio, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren Zerbitzu Zuzendaritzaren bitartez jakinarazi ere, betiere Datuen Babesetako Erregistroan inskriba daitezen, Agentziak hartarako prestatutako eredu normalizatu baten eta agindu honen kopia baten bitartez.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko otsailaren 25a.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala