Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

45. zk., 2015eko martxoaren 6a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
1100

AGINDUA, 2015eko martxoaren 4koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, Donostian (Gipuzkoa) den «Bellas Artes» Jauregia, kultura-ondasun gisa, monumentu izendapenaz Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzeko dena.

Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioaren 148.1.16. eta Estatutuaren 10.19. artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondarearen gaiari dagokionez. Aipatutako eskumen horretan oinarrituz, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea onartu zen, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.

2014ko irailaren 8ko Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen Ebazpenaren bidez, Donostian den «Bellas Artes» Jauregiak duen balio kulturala eta indarrean dagoen legedia ikusirik, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian sartzeko espedienteari hasiera eman zitzaion. Ebazpen hori 2014ko irailaren 12ko EHAAn argitaratu zen (173. zk.).

Aipatutako espedientearen administrazio-tramitazioak espedientea jendaurrean jartzera eta interesdunei entzutera behartu zuen, aipatutako 7/1990 Legeko 17. eta 11.3. artikuluetan eta artikulu horiekin erlazionatutako beste xedapenetan ezarritakoarekin bat etorriz.

Informazioa jendaurrean jartzeko eta interesdunei entzuteko izapidea egin ondoren, alegazioak jarri zituzten epearen barruan «S.A. Deportes y Espectáculos (SADE)» enpresak –babesten den higiezinaren titularra–, Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta «Áncora» Hiritarren Elkarteak.

Aurkeztutako alegazioak aztertu ostean, higiezina finkatu eta zaharberritzeko balorazio-azterketa ekonomiko bat egin ondoren, eta Euskadiko Monumentu Ondare Arkitektonikoaren Aholku Batzordea entzun ostean, alegazioak erantzun dira Euskal Kultura Ondarearen Zentroko txosten teknikoen bidez. Txosten horiek espedientean daude. Bere ondorioetatik, dekretu honen III. eranskinean ezartzen den baimendutako esku-hartzeen erregimena eratortzen da.

Horregatik guztiagatik, zati batean onartzen dira aurkeztutako alegazioetako batzuk, eta alderdi batzuetan aldatzen dira II. eranskina (deskribapena) eta III. eranskina (baimendutako esku-hartzeen erregimena) «Bellas Artes» Jauregia monumentu kategoriarekin Euskal Kultura Ondarearen Inbentario Nagusian sartzeko.

Hori guztia dela eta, aipaturiko Legearen 17. artikuluan oinarrituz, Euskal Kultura Ondarearen Zerbitzu Teknikoek egindako txostena aztertu ondoren, eta Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen proposamena aintzat hartuz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Donostian (Gipuzkoa) den «Bellas Artes» Jauregia, kultura-ondasun gisa, monumentu izendapenaz Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzea.

Bigarrena.– Euskal Kultura Ondarearen Legeak aurreikusten dituen ondorioetarako, aipatutako ondasunaren deskribapen formala egitea, agindu honen I. eranskineko mugaketarekin, II eranskineko deskripzioarekin eta III. eranskineko baimendutako esku-hartzeen erregimenarekin bat etorriz.

Hirugarrena.– Jabego Erregistroari agindu honen berri ematea, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 26. artikuluan aurreikusten diren ondorioetarako.

Laugarrena.– Donostiako Udalari bere hirigintza-araudia ondasun horrentzat egokitu dezan eskatzea, Euskal Kultura Ondarearen Legeak xedatutakoa betez.

Bosgarrena.– Agindu hau jakinaraztea espedienteko interesdunei, Donostiako Udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentuari eta Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuari, eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailari.

Seigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Inskribatzeko den agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du, eta, beraz, beraren aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, hilabeteko epean, edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzietarako salari, bi hilabeteko epean, Agindu hau argitaratzen edo jakinarazten den egunaren biharamunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko martxoaren 4a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

I. ERANSKINA
MUGAKETA

a) Mugaketaren eremua.

Mugaketak barruan hartzen ditu, batetik, «Bellas Artes» Jauregiaren eraikina, eta bestetik, eraikinaren bere aurreko ingurua. Horrela, bada, mugaketa-eremuak honako muga hauek ditu: ekialdera, Prim kalean, eraikinaren ondoko espaloiaren kanpoko ertza; mendebaldera, Urbieta kalean, eraikinaren ondoko espaloiaren kanpoko ertza; hegoaldera, aipatutako bi ertzen jarraipenek sortzen duten puntua; eta, iparraldera aldameneko lurzatiekin jabetza mugatzen duten bi lerroak.

b) Mugaketaren justifikazioa.

Eraikina Prim eta Urbieta kaleak elkartzen diren tokian dago, eta perfekzioz egokitzen da kale horiek sortzen duten hiri-trazadurara. Bai kokapenagatik, bai eta konposizioagatik ere eraikinaren pertzepzioa garrantzi handikoa da hiriaren forman, zabalgunearen ateetako bat sortzen baitu. Horregatik, kultura ondasunaren babes-eremuaren mugaketari dagokionez, nahikotzat jotzen da aipatutako kaleen espaloien jarraipenek mugatzen duten eremua.

(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
DESKRIBAPENA

Eraikina Prim eta Urbieta kaleek sortutako izkinan dago, kale horiek eratzen duten hiri-trazadurari egokitua. Garrantzi handikoa da hiriaren forman, zeinetan kokapenagatik eta konposizioagatik bolumen bereziki esanguratsua sortzen duen deituriko Cortázar zabalguneko ate bihurturik.

Proiektua Ramón Cortázar Urruzola arkitekto donostiarraren lana da. Arkitekto hori Donostian jaio zen 1867. urtean eta Euskadiko arkitektura garaikidearen sortzaile signifikatua da. Eraikin kopuru handia diseinatu eta eraiki zuen Gipuzkoan. Eraikiotan, bere ibilbide profesionaleko garai bakoitzeko joera espresibo nagusiak erabili zituen. 1891. eta 1945. urteen artean egin zuen lan.

Hala ere, Ramón Cortázarrek arkitekturari egin zion ekarpena ez zen soilik estilistikoa izan; izan ere, bere ibilbide profesionalean erabilitako estiloak –eklektizismoa, modernismoa, euskal estilo berria, art-déco eta arrazionalismoa– maisuki erabiliz aparte, eraikuntzari buruzko ekarpenak ere egin zituen, garaiko teknologiarik aurreratuenak baliatuz eta Euskal Herrian hormigoi armatuaren erabileran aitzindari izanik.

«Bellas Artes» Jauregia arkitekto honen lan apartaren adibide bikaina da, bai estetikaren alorrean bai eta eraikuntzaren alorrean ere.

Enkargu hau aurrera eramateko Pariseko ereduetatik hartu zuen inspirazioa, garaiko famatuenak baitziren, baina irakurketa berritzaile bat eginez. Horrela, Frantziako Bigarren Inperio edota Beaux-arts tankerako diseinua egin zuen, baina ez interpretazio mimetiko bat eginez ezpada ze interpretazio esentzializatu bat proposatuz. Nahi hori –arkitektura berri batentzako lengoaia bilatzeko nahia– erabakigarria da eraikin honen ekarpena aintzat hartu eta eraikin-sistema berrietatik etorriko den modernitatea bideratzeko transizio-eraikintzat hartzeko.

Eraikinak Urbieta kalerantz bolumen bat osatzen du, zeinetan bi atal bereizten diren: bat aldameneko bizitetxearen ondoan dagoena; eta beste bat kupuladuna, kaleak elkartzen diren lekuaren aurrean dagoena.

Urbieta kalerantz, beheko solairuan, sei hutsarte daude, zeintzuetatik hiru nagusiak eraikinaren sarrera nagusiak diren. Hiru hutsarte hauen gainean, hiru idi-begi leiho daude, girlandaz apainduak. Gorago, lehengo hiru hutsarteen erdiko ardatzak jarraituz, pilastren arteko leiho zabalak daude; eta hegaletan, ardatz bakoitzeko pilastren arteko bi leiho daude, goikoa puntu-erdiko arkuduna da. Eskuineko eta ezkerreko aldeak ez dira berdinak: eskuineko ardatzak ezkerrekoaren tamaina bikoitza duen horma-atal baitu. Goiko aldean berriz, bost bao daude, zeinetatik erdiko hirurek, kaxeatutako pilastren artean, beheko solairuko sarrera-ate nagusiek seinalatutako ardatzak jarraitzen dituzte, eta fatxadan hormigoizko balaustre eta zorua dituen balkoi irten eta jarrai batek komunikatzen ditu. Kupula gainean duen atalari dagokionez, Urbieta kaleko fatxadaren aldean, beheko solairuan hutsarte bat du, eta lehendabiziko solairuan arku karpanel xarmanta duen leiho zabal bat. Gainean karatula bat dago eta, aurrean balkoi irten bat, balaustreekin. Ardatz horren gainean, leiho zabal handi bat dago, erdi-puntuko arkuduna eta, bere gainean, kupula dago.

Bi kaleek bat egiten duten puntuaren aurrean dagoen fatxadan eraikinak elementu hauek ditu: beheko solairuan bi sarbide; lehendabiziko solairuan, leiho zabala, arku karpanel luzeduna, balaustredun balkoi irtena duena, eta arkuaren gainean karatula duena; bigarren solairuan, beste leiho zabala, zeinaren leihoburua erdi-puntuko arku batekin kupularen oinarrian sartuta dagoen.

Prim kaleko fatxadak Urbieta kaleko fatxadak jarraitzen dituen konposizio- eta dekorazio-lerro berdinak jarraitzen ditu. Era berean, bi ataletan banatzen da, hau da, ondoko eraikinarekin tarte-horma duena eta bi kaleen bidegurutzearen aurrean kupula duen atala.

Nahiz eta material garaikideak erabili, eraikinaren konposizio dekoratiboa nabarmena da. Fatxada alaitzen du pilastrek, girnaldek, idi-begiek eta abarrek osaturiko dekorazioak, bai eta, eraikin osoan, zerrendaka, kolore arre eta zuriaren alternantziak.

Nahiz eta hiri-presentzia nabarmena izan eta hiriko ikono bezala agertu, inguruan dituen bizitetxeen eskalan egindako eraikina da eta horiekin batera armoniaz txertatzen da.

Azkenik, elementurik bereizgarriena angelua estaltzen duen kupula da. Orain ez du jatorrizko eraketa, baina, hala ere, eraikuntzaren monumentalitate borobila mantentzen du. Horrekin batera, ornamentazio-errepertorio neurritsua du: gruteskoak, orden erraldoiko pilastrak, kartelak, dentikuluak, inposta zabalak eta kromatismo fina, harlandua eta hainbat koloretako errebokoak erabiliaz lortua.

Halaber, erakina berreskuratze aldera, nabarmentzekoa da puntu-erdiko arku itzelez burututako hiru leiho zabal handien jatorrizko arotzeria. Burdinazkoak ziren eta bigarren eta hirugarren solairuak komunikatzen dituen hutsartea ixten dute. Beirateetan baranda atala dago sartua –burdinezkoa hori ere– hirugarren solairuko forjatuaren mailan jarria. Beiratearen goiko aldean, abaniko forma jarraituz jarritako kristalen gainean, burdinazko greka zegoen, eta, erdian, eraikinaren «PBA» logotipo ederra zeraman girlanda.

Eraikina egilearen borondate argiaren emaitza izan zen, funtzioarekin bat datorren arkitekturaren forma lortu nahian, kanpoko lengoaia barruko modernitatera egokituz eta beharrezkoak ez ziren dekoraziozko gehiegikeriak saihestuz. Maisutasunez lortu zuen, dekorazio mugatu batek leundutako bolumen soil bat sortuz eta bolumen hori bizitegi-zabalgunean perfekzioz txertatuz.

Eraikuntzaren alderditik, garaiko teknologiarik puntakoena erabili zuen, hormigoi armatua, horrela era eraginkorrenean egokitu zen eraikinaren zinema-erabilerara. Erantzun horrek eraikineko leku guztietatik ikuspegi garbia ahalbidetu zuen, eta, horrela, beste eraikuntza-sistemen gabeziak gaineratu zituen. Hori ez ezik, suaren aurkako laguntza eraginkorra ere bazen, eta, horregatik, ikusleentzako segurtasun handiagoa lortu zuen. Egitura hau zutik gelditzen diren Mugimendu Modernoaren aurreko egitura historiko bikainenetako bat da –duen modernotasunari dagokionez– , halaber, momentuko ausartietako bat ere izan zen, zeren eta ahalbidetu baitzuen entsegu-gela zabal eta argitsu bat besaulki-patioaren gain-gainean.

Dena den, urbanismoaren aldetik ere asmatu zuen eta «Bellas Artes» Jauregia ikono monumentala bihurtu zuen, ez Amarako zabalgunekoa bakarrik Donostiakoa baino. Hori, angeludun kokapen batean konposizio egokia asmatzearen ondorioa da. Horretarako kantoia nabarmendu zuen kupula akaberarekin, eta foyerraren kokapena egoki ezarriz. Horrela, funtzionalki ere asmatu zuen, gainontzeko orubea zinema-erabilerarako gelditu baitzen, eta, ondoren, kaxa-eszenikoa ere gehitu ahal izan zen, instalazioaren erabilera optimizatuz.

1943. urteko erreformak ez ditu eraikinaren balioak gutxitu, zeren eta arrazionalismo espresionista estiloan egindako obra bikaina baita, euskal arkitekturan gelditzen den bakarrenetakoa, non nabarmentzekoak diren tribunen kurbadura dotorea eta hegal nabariak.

III. ERANSKINA
BAIMENDUTAKO ESKU-HARTZEEN ERREGIMENA

1.– «Bellas Artes» Jauregiarentzat baimendutako birgaitze esku-hartze mota, orokorrean, B motako Zaharberritze Kontserbatzailea izango da, 317/2002 Dekretuan (Ondare urbanizatu eta eraikia birgaitzeko jarduketa babestuei buruzkoa) zehaztutako lehendabiziko esku-hartze moten azpitaldearen barruan dagoena.

Babestutako eraikinarekin bateragarria den erabilera berri batean beharrezkoak diren kanpoko fatxadan hutsarte berriak irekitzeari dagokionez, onargarriak izango dira betiere esku-hartzeen erregimen honen 2., 3. eta 4. paragrafoetan ezartzen dena betetzen badute eta, Gipuzkoako Foru Aldundiak hala proposatu ondoren, egin nahi den esku-hartzeak Euskadiko Monumentu Ondare Arkitektonikoaren Aholku Batzordearen txostena badu.

2.– Eraikinean, babes berezidun elementuak honako hauek izango dira:

– Kanpoko horma-egituraren multzoa, harrizko eta adreiluzko fabrikaz egina, bere jatorrizko estaldurak eta koloreak barne, bai eta fatxaden konposizioa osatzen duten elementu guztiak ere, hala nola: beheko, lehendabiziko, bigarren eta hirugarren solairuetako jatorrizko hutsarteak, jatorrizko arotzeriaren ataltze eta errementeriazko karelak barne; eta fatxadetako dekorazioak, inpostak, gruteskoak eta balaustradak barne.

– Barruko egituraren multzoa, hormigoi armatuzkoa, bere zapata, zutabe eta habeekin, jatorrizko forma eta antolamenduarekin, entseguetako gelako zutabeen dekorazioa eta sortutako barruko bi espazio nagusiak barne, hau da, proiekzio aretoaren espazioa eta entseguetako gelaren espazioa.

– Estalkiaren egituraren estaltze-sistema, hormigoizko lauzaz eta arbelezko estalduraz egina, eta, hala badagokio, teilatupeko espazioko aireztatze-hutsarteak berreskuratuz.

3.– Eraikuntza esku-hartzeak bideratuko dira aipatutako elementuak zaintzera eta bateragarria den edozein erabileraren funtzionaltasuna bermatzera. Edonola ere, obrek eraikinaren elementu tipologiko, formal edota egiturazkoak errespetatu beharko dituzte eta ez dira horiekiko egokiak ez diren erabilerak onartuko.

Eraikinaren balioekin bateragarria den edozein berrerabilpenek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

– Eraikina finkatu: kanpoko bolumena, ontzat jo daitekeen estalkiaren gaineko aprobetxamendua ere gehituz; estalkiaren tipologia, pizarraz estalia jatorrizko akaberak eta formak berreskuratuz; kanpoko horma-egituraren itxiturak; markesina perimetrala jarriz leihoen hutsarteak bere moldura, arotzeria eta errementariarekin; eta barruko hormigoi armatuzko egitura guztia, jatorrizko material, forma eta egitura-tipoarekin.

– Eskaileretako errementeriazko elementu guztiak finkatu.

– Kontserbatu, ahal den neurrian eraikinean bertan, bai galdara-gelako eta bai proiekzio kabinako jatorrizko instalazio elektrikoaren makineria eta bere aginte-taulak, bai eta proiekzio-makineria eta suteen aurkako segurtasuneko garaiko instalazioak ere.

4.– Eraikinarekin hobesten diren erabilera bateragarriak jendaurreko ikuskizunak eta jolas jarduerekin zerikusia duten erabilerak dira. Halaber, bateragarritzat jotzen dira:

– Hirugarren sektoreko erabilerak, hala nola: merkataritza- eta ostalaritza-erabilerak.

– Erabilera publikoak eta ekipamenduzkoak, hala nola, kultura- eta gizarte- ekipamendua eta instituzio-ekipamendua.

– Hala badagokio, eta eraikinaren leku egokian, erabilera administratiboak edota bulegoak.

– Hala badagokio, eta eraikinaren leku egokian, etxebizitza erabilera.


Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana