Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

241. zk., 2014ko abenduaren 18a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
5379

226/2014 DEKRETUA, abenduaren 9koa, eraikinen eraginkortasun energetikoaren ziurtagiriari buruzkoa.

2002/91/EE Zuzentarauak, Europar Erkidegoko eraikinen eraginkortasun energetikoa sustatzeko, estatu-kideei eskatu zien eraikinen eraginkortasun energetikoaren ziurtagiri bat ezartzea. Urtarrilaren 19ko 47/2007 Errege Dekretuak transposizioz jaso zuen, partzialki, aipatutako 2002/91/EE Zuzentaraua, eta eraikin eraiki berrien eraginkortasun energetikoaren estatu mailako ziurtagiri bat arautu zuen.

Gerora, lehenago aipatutako zuzentaraua 2010/31/EB Zuzentarauak aldatu zuen, eta Espainiako ordenamendu juridikoak transposizioz jaso zuen, partzialki, apirilaren 5eko 235/2013 Errege Dekretuaren bidez; errege-dekretu horrek indargabetzen du aurreko 47/2007 Errege Dekretua, eta arautzen eraikinen eraginkortasun energetikoa, bai berriena bai lehendik daudenena, izan ere, hori da higiezinen parkeko energia-kontsumoa gutxitzeko gakoa.

Euskal Autonomia Erkidegoak azaroaren 22ko 240/2011 Dekretuaren bidez arautu zuen, halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren administrazio-eginkizunen jarduna, hain zuzen 47/2007 Errege Dekretuak ezarritako ziurtagiriaren oinarrizko prozedura behar bezala aplikatzeko.

Azaldutako guztiagatik, beharrezkoa da Autonomia Erkidegoaren arautegia eguneratzea, apirilaren 5eko 235/2013 Errege Dekretu berrian xedatutakoari egokitzeko. Horregatik, egoki iritzi zaio, segurtasun eta argitasun juridikoa tarteko, azaroaren 22ko 240/2011 Dekretua indargabetzeari eta esparrua eraikin guztietara zabaltzeari, lehendik dauden eraikinak barne hartuz.

Apirilaren 5eko 235/2013 Errege Dekretuaren arabera, autonomia erkidegoei dagokie zenbait eginkizun burutzea Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagirien zuzentasuna eta eraginkortasuna bermatzeko. Ziurtagiri horien muina dira, hain zuzen, ziurtagirion kontrola eta erregistroa, sustatzaileek edo jabeek eraikinen eraginkortasun energetikoaren ziurtagiria eskuratu egiten dutela bermatzeko aurreikuspenak eta Eraginkortasun Energetikoaren Etiketa erakustearen erregulazioa.

Bestalde, Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Estatutuari buruzko abenduaren 22ko 6/2003 Legearen –Euskal Herriko Autonomia Estatutuko 10.28 artikuluaren babesean promulgatutakoa– 16. artikuluan ezartzen du etxebizitzak erosi edo alokatzen dituzten kontsumitzaileen eta bezeroen eskubidea dela informazio egiazkoa, osoa, zuzena eta ulergarria izatea, EAEko araudi orokor oinarrizkoaren eta autonomikoaren arabera. Eskubide hori modu berezian sustatu eta babestu behar dute Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoek.

Garrantzia handia duenez higiezinen merkatuan, baita kontsumitzaileen eta bezeroen eskubideentzat ere, Dekretuak zehaztu egiten du eraikinen Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiriari buruzko informazioa zelan eman behar dieten etxebizitza edo lokal bat saldu edo alokatzen dutenek erosi edo alokatu nahi dutenei. Azkenik, arau honek 6/2003 Legean eta Birgaitzeari eta hiri-berroneratzeari eta -berrikuntzari buruzko ekainaren 26ko 8/2013 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian aurreikusitako arau-hausle eta zehatzaile motatan sartzen du dekretuko manuak ez-betetzea.

Horren ondorioz, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren proposamenez, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren irizpenarekin bat etorriz, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2014ko abenduaren 9an egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

Dekretu honen xedea da egokitzea eraikin eraiki berrien ziurtagiri energetikoaren arloko indarreko araudi autonomikoa –azaroaren 22ko 240/2011 Dekretuan dagoena– 2010/31/EB Zuzentarau berriaren eskakizunei, zeina garatu baita eraikinen eraginkortasun energetikoa ziurtatzeko oinarrizko prozedura onartzeko apirilaren 5eko 235/2013 Errege Dekretuaren bidez.

Esparru arau-emaile honek arautzen du eraikinen Eraginkortasun Energetikoko Ziurtagiriak jaso, erregistratu, berriztatu, eguneratu eta ikuskatzea, horrek Eraginkortasun Energetikoaren Etiketetan duen isla, horien erabilera eta alor honetan saltzaileak erosleari edo alokatzaileak errentariari eman behar dion informazioa, kontsumitzaileen eta bezeroen eskubideak bete daitezen.

2. artikulua.– Aplikazio-eremua.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoan du eragina dekretu honek, eta hauei aplikatzen zaie:

a) Eraikin eraiki berriei eta lehendik dauden eta 1.000 m2 baino gehiagoko azalera erabilgarria duten eraikinen aldaketa, konponketa edo zaharberritzeei, egoera hauetakoren bat gertatzen denean:

– baldin eta haren itxitura guztien ehuneko 25 baino gehiago berritzen bada.

– baldin eta erabilera edo jardueraren intentsitatea aldatzen bada eta horrek nabarmen eragiten badio eraginkortasun energetikoari.

b) Lehendik dauden eraikinak edo horien zatiak saltzen direnean edo errentari berri bati alokatzen zaizkionean, betiere indarreko ziurtagiririk ez badute.

c) Lehendik dauden eraikinetan edo horien zatietan agintari publiko batek 250 m2 baino gehiagoko azalera erabilgarria okupatzen duenean eta herritarrak bertaratu ohi denean.

2.– Dekretu honen aplikazio eremutik kanpo daude eraikinen eraginkortasun energetikoa ziurtatzeko oinarrizko prozedura onartzekoa den urtarrilaren 19ko 235/2013 Errege Dekretuaren 2.2 artikuluan adierazitako eraikinak.

Azalera aintzat hartu gabe eta apirilaren 5eko 235/2013 Errege Dekretuaren 1.3.h) artikuluan ezarritako eraikinaren definizioarekin bat, kanpo gelditzen dira barne-giroa egokitzeko energiarik behar ez duten lokalak ere.

3. artikulua.– Betebeharrak eta erantzukizunak.

1.– Eraikinaren edo haren zati baten sustatzailea edo jabea da eraginkortasun energetikoaren ziurtagiria egitea kontratatzeko arduraduna, indarreko arautegiaren arabera berau beharrezko denean. Halaber, bera izango da eguneratzeei dagokien ziurtagiria izateko arduraduna.

Eraikin eraiki berrien ziurtagiri energetikoen kasuetan, zeinentzat, dekretu honen garapenean emango diren xedapenen arabera, kontrola eska baitaiteke, sustatzailea edo jabea izango da kreditatutako eragile bat kontratatzeko arduraduna.

Halaber, ziurtagiri energetikoari dagozkion agiriak gorde beharko ditu ezein ikuskapen edo eskakizunetarako.

Sustatzaileak edo jabeak eskatu beharko du Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiria horretarako prestatutako Erregistroan inskribatzeko, arau erregulatzailean ezarritako modu eta epeetan, izan zuzenean zein haren izenean diharduen eta ziurtagiri hori sinatzen duen pertsona baten bidez.

2.– Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiria sinatuko duen teknikari eskuduna izango da bertan agertzen diren datuen zehaztasunaren eta egiazkotasunaren arduraduna.

II. KAPITULUA
ERAGINKORTASUN ENERGETIKOAREN ZIURTAGIRIAK

4. artikulua.– Xedapen orokorrak.

1.– Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiria sinatuko du eskumena duen teknikari batek –apirilaren 5eko 235/2013 Errege dekretuaren 1.3.p) artikuluan aurreikusitakoa hartuko da halakotzat–, eta, egingo da eraginkortasun energetikoa ziurtatzeko aitortutako agirien Erregistro Orokorrean –aipatu errege-dekretuak horretarako sortua– inskribatutako agiri aitortuan ezarritako kalkulu-metodologiaren arabera.

2.– Hauek izango dira Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiriaren modalitateak:

a) Eraikin eraiki berri baten edo haren zati baten Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiria honela banatzen da:

1) proiektuaren Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiria, burutzapen-proiektuaren barnean geldituko dena.

2) bukatutako eraikinaren Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiria, Eraikinaren Liburuan sartuko dena.

b) Lehendik dagoen eraikin baten edo haren zati baten Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiria.

3.– Eraikin baten zati bat egoitza-erabilerakoa bada, eta gainerakoak beste erabilera batzuetakoak, gutxienez ziurtagiri bat egingo da egoitza-alderako, eta beste bat gainerakoetarako.

4.– Egoitza-erabilerakoak ez diren lokalei, ireki baino lehen egingo zaie ziurtagiria, non eta ez dagoen indarreko ziurtagiri bat eta ez den aldatu haren erabilera, burutzen den jardueraren intentsitatea edo eraginkortasun energetikoari eragiten dion beste alderdiren bat.

5.– Ziurtagirietan argi geratu beharko da jasota ea eraikin osoa hartzen duten edo haren zati bat (etxebizitza, lokala, etab.), zein argi eta garbi identifikatu beharko baitira.

5. artikulua.– Ziurtagiriaren edukia.

Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiriak jasoko du, gutxienez, eraikinen eraginkortasun energetikoa ziurtatzeko oinarrizko prozedura onartzeko apirilaren 5eko 235/2013 Errege Dekretuan ezarritako edukia.

6. artikulua.– Ziurtagiriaren indarraldia eta eguneratzea.

1.– Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiriak hamar urteko indarraldia izango du.

2.– Ziurtagiria eguneratu beharko da, baldin eta, edozein inguruabar dela eta, aldaketak gertatzen badira eraikinaren aspektuetan eta, eraikinaren kalifikazio energetiko ezberdina ezartzearen ondorioz, Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiria aldatzea eragiten badute.

Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiria eguneratu egin beharko da, batez ere honako egoera hauetan:

a) Egiten den obrak eraikinaren inguratzaile termikoari eragiten dionean.

b) Instalazio termiko bat (berogailua, klimatizazioa edo ur bero sanitarioa) berritzen denean edo berri bat martxan jartzen denean.

c) Erabileraren edo jardueraren intentsitatea aldatu, eta horrek nabarmen eragiten dionean eraginkortasun energetikoaren kalifikazioari.

Ziurtagiria eguneratu eta gero, beste 10 urterako indarraldiari hasiera emango zaio.

Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiria eguneratzea dakarten obrek dirauten bitartean, beharrezko froga, egiaztapen eta ikuskapenak egin beharko dira.

3.– Jabea da Ziurtagiria eguneratzeko arduraduna.

4.– Eguneratzea egiterakoan, une horretan aplikagarriak diren kalkulu-metodologia eta eraginkortasun energetikoa ziurtatzeko agiri onartuak erabiliko dira.

III. KAPITULUA
ERAGINKORTASUN ENERGETIKOAREN ZIURTAGIRIEN KONTROLA

7. artikulua.– Kontzeptua eta eragina.

1.– Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiriaren kontrolak honako hauek egiztatzen ditu: prozedura, aplikatutako kalkulu-metodologiaren arabera esleitutako kalifikazio energetikoa eta ziurtagirietan jasotako datuen zehaztasuna.

2.– Dekretu honen garapen-aginduetan zehaztutako Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagirien gainean egingo da kontrola, eta dagokion txostena emango da ondorioz.

8. artikulua.– Kreditutako eragileak.

1.– Eraginkortasun energetikoaren araugintza esparruan frogatutako eskarmentua duten kontrol-erakundeek edo -entitateek egin beharko dute eraikin eraiki berrien Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagirien kontrola. Horretarako, beharrezko esperientzia eta prestakuntza izan beharko dute, baita eginkizun hori betetzeko behar diren giza-baliabideak eta baliabide materialak ere.

Garapen-aginduan zehaztuko dira euren eginkizunak betetzeko behar diren prozedura, betekizunak eta baldintzak, baita eragile horiekin zerikusia duten gainerako alderdiak ere.

2.– Objektibotasun-, inpartzialtasun- eta zuzentasun-printzipioen menpe egongo dira kreditatutako eragileak, eta, euren obligazioei eta jarduerak aseguratzeko exijentziari dagokienez, agindu honetan ezartzen diren baldintzak bete beharko dituzte.

3.– Sustatzaileak edo, hala badagokio, jabeak, kreditatutako eragilearekin batera egin behar du lan, eta kontrol-lana erraztu behar du, eta, batik bat, hauek egin behar ditu:

a) Bermatu epean egingo dela kreditatutako eragile bati eskatutako kanpo-kontrolaren enkargua, Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiriari buruzko egiaztapen oro egitea posible izan dadin.

b) Bermatu kreditatutako eragileak irispide askea duela kanpo-kontrola egiteko eskatu zaion eraikinera edo haren zati batera, baita beharrezko agiri guztietara ere.

IV. KAPITULUA
IKUSKARITZA-PLANAK

10. artikulua.– Ikuskaritza-planak.

1.– Energiaren arloan eskumena duen zuzendaritzak onartu ahal izango ditu eraikinen ikuskaritza-planak, egiaztatzeko Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagirian eta kanpo-kontroleko txostenean adierazitako kalifikazio energetikoa errealitateari egokitzen zaiola, eta begiratu beharko du arau aplikagarriak betetzen direla. Hala ere, egoki irizten denean, beste ikuskaritza batzuk egin ahal izango dira.

2.– Energiaren arloan eskumena duen zuzendaritzak ikuskaritza-planak egitea eta dagozkien ikuskaritzak exekutatzea gomendatu diezaieke eraginkortasun energetikoaren arloan laguntzaileak diren erakundeei edo energiaren arloan kontrol- edo ikuskaritza-eginkizunak legez burutu ditzaketen beste entitate publiko batzuei.

V. KAPITULUA
ERAGINKORTASUN ENERGETIKOAREN ZIURTAGIRIEN ERREGISTROA

11. artikulua.– Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagirien Erregistroa.

1.– Energiaren arloan eskumena duen zuzendaritzari atxikita, Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagirien Erregistro bat izango da, non inskribatuko baitira Proiektuaren Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiriak, Amaitutako Eraikinaren Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiria eta Lehendik Dauden Eraikinen Ziurtagiriak edo haien zatienak, eta baita haien eguneratzeak ere.

2.– Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagirien Erregistroa publikoa eta irispide askekoa da, eta eraikinaren eraginkortasun energetikoaren gaineko argibideak ematen ditu. Ez du egiaztatuko, ordea, eraikinari eska dakizkiokeen gainerako baldintzak bete diren edo ez.

12. artikulua.– Inskripzioa.

1.– Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiri guztiak horretarako prestatutako Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagirien Erregistroan inskribatu beharko dira.

Inskribatzea beharrezkoa da erosleari edo errentariari eraikinen ezaugarri energetikoei buruzko informazioa emateko eginbeharra betetzeko, apirilaren 5eko 235/2013 Errege Dekretuaren 1. artikuluaren 2. puntuan xedatutakoaren arabera.

2.– Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiria elektronikoki inskribatuko da Erregistroan, dekretu honen garapen-arauetan zehaztutako baldintzetan eta bertan adierazitako eran.

3.– Hitzarmenak sinatu ahal izango dira energiaren arloan eskumena duen sailaren eta eraginpeko elkarte, erakunde edo elkargo profesionalen artean, hain zuzen, elkargo horiek gaitzeko, izapideak elektronikoki egin ahal izan ditzaten erregistro horrekin, eraikinaren sustatzaile edo jabearen edo teknikari egiaztatzailearen ordezkaritzan.

13. artikulua.– Erregistroko datuak kontsultatzea.

Hirugarrenek Erregistroko informaziora duten irispidea Eraginkortasun Energetikoaren Etiketako datuetara mugatzen da, Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Legean aurreikusitako mugekin.

VI. KAPITULUA
ERAGINKORTASUN ENERGETIKOAREN ETIKETA ETA ARGIBIDEAK KONTSUMITZAILE ETA BEZEROENTZAT

14. artikulua.– Eraginkortasun Energetikoaren Etiketa.

1.– Ziurtagiria Erregistroan jasota geratu eta erregistro-zenbaki bat eskuratu ondoren, interesdunak, aplikazio informatikoaren bidez, dagokion Eraikinaren Eraginkortasun Energetikoaren Etiketa lor dezake.

2.– Eraginkortasun Energetikoaren Etiketa da lortutako eraginkortasun energetikoaren kalifikazio-maila adierazten duen bereizgarria, euskaraz eta gaztelaniaz idatzita egongo da eta jasoko ditu bai Ziurtagiriaren erregistro-zenbakia, baldin eta Ziurtagiri hori eguneratuta badago, eta bai horren balio-aldia.

15. artikulua.– Eraginkortasun Energetikoaren Etiketa erakustea.

1.– Agintari Publiko batek edo herritar-kopuru handi bati zerbitzu publikoak eskaintzen dizkieten eta, ondorioz, herritarrek sarri erabiltzen dituzten erakunde-eraikinetan edo horien zati batean, nahitaezkoa da Eraginkortasun Energetikoaren Etiketa ageriko lekuan eta herritarrek ondo ikusteko moduan jartzea, betiere 250 m2-tik gorako azalera erabilgarria badute, apirilaren 5eko 235/2013 Errege dekretuaren bigarren xedapen iragankorreko baldintza eta epeetan.

2.– Herritarrak sarritan joan ohi diren eraikinetan edo titulartasun pribatuko eraikinen unitateetan ere, betiere 500 m2-tik gorako azalera erabilgarria badute, nahitaezkoa da Eraginkortasun Energetikoaren Etiketa jartzea, bai eraikitzen ari denean, bai salgai edo alokagai dagoenean.

3.– Borondatezkoa da Eraginkortasun Energetikoaren Etiketa erakustea gainerako eraikinetan.

16. artikulua.– Indarreko arauak betetzen ez dituzten etiketak debekatzea.

1.– Akatsa edo nahasmena eragin dezaketen etiketak egotea saihesteko, debekatzen da eraikinen energia-kontsumoari buruzko etiketak, markak, sinboloak edo inskripzioak erakustea, betiere, Autonomia Erkidegoko Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiriaren Erregistroan inskribatu eta gero, aplikazio informatikoak emandakoak ez badira.

2.– Debeku hori ez zaie aplikatuko Erkidegoko edo Europako Batasunaren estatu-kideetako etiketa ekologikoei, ez eta Energia Aurreztu eta Garatzeko Zentroak (Cadem) orain arte emandako etiketei ere.

17. artikulua.– Kalifikazio energetikoari buruzko informazioa.

1.– Eraikin osoa edo haren zati bat saltzen edo alokatzen bada, eskaintza, sustapen edo publizitate guztietan jaso beharko da kalifikazio energetikoari buruzko informazioa, dekretu honetan ezarritako salbuespenak salbuespen, eta, bertan, argi eta garbi adierazi beharko da proiektuaren, amaitutako eraikinaren edo lehendik dagoen eraikinaren Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiriari dagokion.

2.– Kalifikazio energetikoari buruzko informazioa honela gauzatuko da:

1) Publizitate euskarriak –obrako hesiak, erakusleihoak, higiezinen atariak edo antzekoak– erabiltzen badira, kalifikazio energetikoari buruzko informazioak kalifikazio energetikoaren eskala, lortutako kalifikazioa eta erregistro-zenbakia jasoko ditu gutxienez, eta era ikusgarrian.

2) Prentsa idatziko iragarkiak direnean, kalifikazio energetikoa eta erregistro-zenbakia sartu beharko dira; dena den, baldin eta, neurria edo bestelako arrazoiak tarteko, datu horiek sartzeak publizitatea irakurtzea zailtzen badu, onartuko da kalifikazio energetikoa soilik jasotzea, salbuespenez.

3) Audio-iragarkietan, aski izango da kalifikazio energetikoa zehaztea.

4) Eraikinen edo etxebizitzen kanpoaldean ezartzen diren salmenta- edo alokairu-karteletan, harremanetarako telefonoa bakarrik agertzen bada, ez da kalifikazio energetikoari buruzko informaziorik agertu beharko.

3.– Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiriaren eta Eraginkortasun Energetikoaren Etiketaren esanahia eta funtzionamendua jakitera emateko, heziketa- eta sustapen-kanpaina informatiboak egingo ditu Eusko Jaurlaritzak, hain zuzen, kontsumitzaileek energia modu arduratsuagoan erabil dezaten.

18. artikulua.– Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiria, eta hori Eskritura Publikoan eta Jabetza Erregistroan islatzea.

1.– Notarioek, obra berria deklaratzeko eskriturak baimentzeko, eta jabetza-erregistratzaileek, Jabetza Erregistroan obra berria deklaratzeko eskrituren inskripzioak egiteko, eskatuko dute amaitutako eraikinaren Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiria, behar bezala inskribatuta, betiere ekainaren 26ko 8/2013 Legearen bidez sartutako Lurzoruaren Legearen Testu Bateginaren 20. artikuluaren arabera.

2.– Notarioek idatziz jasoko dute, lehendik dauden eraikinak alokatzean edo jabaria ordain bidez eskualdatzeko eskritura publikoak baimentzean, behar bezala inskribatutako Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiria ekarri den ala ez; hala dagokionean, lekukotzaz gehituko da eskritura publiko horretarako.

Jabetza-erregistratzaileek, aurreko paragrafoan aipatutako kontratuen inskripzioa egitean, bazterreko oharrean jasoko dute behar bezala inskribatutako Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiria egiaztatuta gelditu den, eta, eskakizun hori bete ezean, administrazio eskudunari jakinarazi behar diote.

Ziurtagiri energetikoari dagokionez egindako bazterreko oharrak ziurtagiri energetikoa ekarri den edo ez islatu beharko du, eta, ekartzen bada, baita kalifikazio-maila eta Ziurtagiriaren data eta erregistro-zenbakia ere.

Hiruhilero, energiaren arloan eskumena duen zuzendaritzari helaraziko zaio ziurtagiri bat non adieraziko baita ziurtagiri energetikoaren arloan eska daitezkeen agiriak ekarri diren ala ez.

VII. KAPITULUA
ADMINISTRAZIO-LANKIDETZA

19. artikulua.– Lankidetzaren jarduera esparrua.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoek, dagozkien eskumenen eremuan, sustatuko dute ahalik eta eraikinen eraginkortasun energetiko gehien eta horien ziurtapen-prozesu gehien lortzea. Eraginkortasun energetikoaren arloan eskumena duten administrazioek euren jarduera egokituko dute lankidetza- eta kooperazio-irizpideetara, aintzat hartuz administrazioen arteko harremanen arau nagusiak.

2.– Eraikinen eraginkortasun energetikoaren maila hobetzeko, Eusko Jaurlaritzak lankidetza-hitzarmenak egin ditzake estatuko, autonomietako eta Europako beste herrialde batzuetako administrazioekin, eta, batez ere, kulturaren, hizkuntzaren edo historiaren aldetik harreman sendoak dituzten erkidego eta herrialdeekin.

3.– Administrazioen arteko jarduera koordinatze aldera, euren arteko akordioak sustatuko dira, giza-baliabideak eta baliabide materialak errentagarri bihurtzeko eta eraginkortasun energetikoa babestearen arloan aplikagarriak diren arauak –indarrean daudenak– benetan betetzen direla begiratzeko.

VII. KAPITULUA
ARAU-HAUSTEAK ETA ZEHAPENAK

20. artikulua.– Arau-hausteak eta zehapenak.

1.– Birgaitzeari eta hiri-berroneratzeari eta -berrikuntzari buruzko ekainaren 26ko 8/2013 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian xedatutakoaren arabera, ziurtagiri energetikoaren arloan arau-haustea diren dekretu honetako manuen ez-betetzeak lege horretan aurreikusitakoaren arabera zehatuko dira.

2.– Kontsumoaren arloko arau-haustea diren dekretu honetako manuen ez-betetzeak Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Estatutuari buruzko abenduaren 22ko 6/2003 Legean aurreikusitakoaren arabera zehatuko dira.

LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA

2013ko ekainaren 1etik aurrera onetsitako Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiri guztiak, Autonomia Erkidegoan dauden eraikinei edo horien zatiei dagozkienak, horretarako prestatutako Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagirien Erregistroan inskribatu beharko dira, bi hilabeteko epean arau hau indarrean sartzen denetik aurrera.

BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA

Nahi izanez gero, inskribatu ahal izango dira Energia Aurreztu eta Garatzeko Zentroak (Cadem) emandako ziurtagiriak, 2015eko abenduaren 31 arte baliodunak izango direnak, eta 2013ko ekainaren 1a baino lehen teknikari ziurtatzaileek onetsitako ziurtagiriak, urtarrilaren 19ko 47/2007 Errege Dekretuaren babesean.

LEHENENGO XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabeturik gelditzen da azaroaren 22ko 40/2011 Dekretua, eraikin eraiki berrien eraginkortasun energetikoaren ziurtagiria arautzen duena.

BIGARREN XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Halaber, indargabe gelditzen dira Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2012ko abenduaren 12ko Agindua, kanpo-kontrola arautzekoa, eta Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren 2013ko apirilaren 2ko Agindua, eraikinaren Eraginkortasun Energetikoaren Erregistroari buruzkoa, eta dekretu honen aurka doan eraikinen eraginkortasun energetikoaren ziurtagirien arloko bestelako xedapen oro.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Energiaren arloan eskumena duen sailaren titularrak emango ditu dekretu hau garatzeko eta aplikatzeko behar diren xedapenak.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2014ko abenduaren 9an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.


Azterketa dokumentala