Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

238. zk., 2014ko abenduaren 15a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
5326

EBAZPENA, 2014ko azaroaren 25ekoa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko idazkari nagusiarena, UPV/EHUren Egoitza Elektronikoaren funtzionamenduari eta edukiei buruzko arautegia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agindua emateko dena.

UPV/EHUren Egoitza Elektronikoa ezinbesteko baliabidea da unibertsitatearen zerbitzuak eta izapideak bitarteko elektronikoen bidez eskaini ahal izateko. Egoitza Elektronikoa UPV/EHUren web gune instituzionala da, eta oinarri da unibertsitateko administrazioaren eraginpekoek unibertsitatearekin bitarteko elektronikoen bidezko harremana izan ditzaten.

UPV/EHUko Egoitza Elektronikoa UPV/EHUn Bitarteko Elektronikoen Erabilera Arautzeko eta Egoitza Elektronikoa Sortzeko Arautegiaren bidez sortu zen (arautegia 2013ko irailaren 6an argitaratu zen EHAAn), eta arautegi honek, aipatutako araudian jasotakoa oinarri hartuta, xede du UPV/EHUren Egoitza Elektronikoaren funtzionamendua era edukiak arautzea.

Arautegi hau 2014ko azaroaren 6an aurkeztu zen Gobernu Kontseiluan, eta zuzenketak egiteko epea bukatuta ez denez zuzenketarik aurkeztu, arautegia behin betiko bihurtu da.

Bestalde, UPV/EHUko Estatutuetako 187.1.b) artikuluan zehaztuta dago idazkari nagusiaren eginkizuna dela UPV/EHUko erabaki guztien publizitatea bermatzea, eta, otsailaren 25eko 3/2004 Legeak, Euskal Unibertsitate Sistemari buruzkoak, dio erabakiak oso-osorik argitaratu behar direla Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

Hori guztia kontuan hartuta, ondokoa

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Agindua ematea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko UPV/EHUren Egoitza Elektronikoaren funtzionamenduari eta edukiari buruzko araudia, eranskinean jasotakoa.

Bigarrena.– Araudia indarrean sartuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean.

Leioa, 2014ko azaroaren 25a.

UPV/EHUko idazkari nagusia,

JOSÉ LUIS MARTÍN GONZÁLEZ.

ARAUTEGIA, UPV/EHUren EGOITZA ELEKTRONIKOAREN FUNTZIONAMENDUARI ETA EDUKIEI BURUZKOA.
ZIOEN AZALPENA

Ekainaren 22ko 11/2007 Legeak, Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa Izateari buruzkoak (aurrerantzean HZPSEL), herritarrei aitortu egiten die herri administrazioekin izan behar dituzten harremanak bitarteko elektronikoz bideratzeko eskubidea. Horrela, bada, herri administrazioen egoitza elektronikoa arautzen du, eta egoitza horien ezaugarri orokorrak zehazten ditu, autonomia zabala emanez administrazioei arauok garatzeko.

Beraz, HZPSELn ezarritako oinarriak garatze aldera, Gobernu Kontseiluak, 2013ko uztailaren 18an, UPV/EHUn Bitarteko Elektronikoen Erabilera Arautzeko eta Egoitza Elektronikoa Sortzeko Arautegia onartu zuen (2013-09-06ko EHAA).

Arautegi horren bidez, besteak beste, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen (aurrerantzean UPV/EHU) egoitza elektronikoa sortu eta arautzen da, egoitza elektronikoa ezinbesteko tresna izanik unibertsitateko zerbitzuak eta izapideak bitarteko elektronikoen bidez betetzeko.

Hori guztia kontuan hartuta, aipatutako arautegiko 2.1 eta 5. artikuluan jasotakoa garatzeko, arautegi hau osatu da horren bidez UPV/EHUren Egoitza Elektronikoaren funtzionamendua eta edukia arautzeko.

I. TITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea eta ezarpen eremua.

1.– Arautegi honen xedea da UPV/EHUren egoitza elektronikoaren funtzionamendua eta edukia arautzea.

2.– UPV/EHUren Egoitza Elektronikoa unibertsitatearen organo, zerbitzu, administrazio unitate eta gainontzeko egitura guztiei ezarriko zaie, bai eta horiekin guztiekin bitarteko elektronikoen bidezko harremanak dituzten erabiltzaile guztiei ere.

II. TITULUA
EGOITZA ELEKTRONIKOA

2. artikulua.– Azalpena eta identifikazioa.

1.– UPV/EHUren Egoitza Elektronikoa UPV/EHUren webgune bat da, herritarrak unibertsitatearekin harremanetan jartzeko balio duena, eta bertan unibertsitateak gestionatutako eta administratutako zenbait zerbitzu eta izapide biltzen dira.

2.– UPV/EHUren Egoitza Elektronikoaren helbidea egoitza.ehu.eus da. Horren bidez, zuzenean sartu ahal izango da bertan; bestela, UPV/EHUren web gunean (www.ehu.eus) dagoen loturaren bidez.

3. artikulua.– Printzipioak.

UPV/EHUren Egoitza Elektronikoak, informazioari eta zerbitzuei dagokienez, honako printzipio hauek beteko ditu: erantzukizuna, publizitate ofiziala, osotasuna, irisgarritasuna, segurtasuna, egiazkotasuna, elkarreragingarritasuna, neutraltasuna, baliagarritasuna, kalitatea eta eguneratzea; eta, bereziki, izaera pertsonaleko datuen babeserako eskubidea errespetatuko du. Era berean, arloan ezar daitekeen administrazio elektronikoari buruzko legedian jasotako gainontzeko printzipioak ere bete beharko dira.

4. artikulua.– Titulartasuna eta gestioa.

1.– Egoitza Elektronikoaren titularra Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatea da.

2.– Idazkaritza Nagusia da UPV/EHUren Egoitza Elektronikoko eduki komunak/erakunde edukiak gestionatzeko eta administratzeko ardura duen organoa. Gestio teknologikoaren arduraduna informazio eta komunikazio gaien arloko gerenteordetza izango da.

3.– Egoitza Elektronikoan prozedura batekin lotuta unibertsitateko kideen eskura jartzen diren eduki eta zerbitzuak gestionatzeko ardura kasuan kasuko prozedura arautzeko eskumena duen unibertsitateko organo edo zerbitzuarena izango da.

4.– UPV/EHUko Egoitza Elektronikoan sartzen diren unibertsitateko zerbitzu eta organoetako titularrak izango dira unibertsitateko kideen eta gainontzeko herritarren eskura egoitzan jartzen diren eduki eta zerbitzuak gestionatzearen arduradun, eta, era berean, beren ardura izango da egoitzan argitaratzen diren edukiak eguneratzea, eta benetakoak eta zuzenak direla bermatzea.

5. artikulua.– Ordutegia.

1.– UPV/EHUren Egoitza Elektronikoa urteko egun guztietan egongo da erabilgarri, eguneko 24 orduetan. Arrazoi teknikoak direla-eta erabilgarri egongo ez dela aurreikusten bada, ahalik eta lasterren emango da horren berri UPV/EHUren webgunean eta Egoitza Elektronikoan bertan, eta, betiere, datuak kontsultatzeko eta horietara irispidea izateko unibertsitatean dauden bestelako bitartekoak zeintzuk diren adieraziko da.

2.– UPV/EHUren Egoitza Elektronikoa Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan egongo da eskuragarri.

6. artikulua.– Edukia.

1.– Egoitza Elektronikoak, UPV/EHUn Bitarteko Elektronikoen Erabilera Arautzeko eta Egoitza Elektronikoa Sortzeko Arautegiko 5. artikuluan eta gainerako xedapenetan jasotakoari jarraituz, ondokoak bilduko ditu:

a) Egoitza Elektronikoaren nabigazio mapa.

b) Egoitza Elektronikoaren informazio eguneratua, argi eta garbi ikusgarri jarrita zein den egoitzaren gestioaren eta administrazioaren organo arduraduna; egoitzan jasota egongo da, era beran, egoitzari buruzko arautegia.

c) UPV/EHUko Erregistro Orokorra, UPV/EHUko Erregistro Elektronikoaren Antolaketa eta Funtzionamendurako eta Erregistro Elektronikoa Sortzeko Arautegian jasotakoa.

d) Prozedura Elektronikoen katalogoa: bertan daude jasota baliabide elektronikoen bidez izapidetu daitezkeen unibertsitateko administrazio prozedurak.

e) UPV/EHUko zerbitzuen karta.

f) Unibertsitateari buruzko arautegiak, banatuta, batetik, arau orokorrak, eta, bestetik, UPV/EHUrenak berarenak.

g) Postontzi elektronikoa, horren bidez erabiltzaileek aukera izan dezaten UPV/EHUren Egoitza Elektronikoari buruzko kexuak azaldu eta iradokizunak egiteko.

h) UPV/EHUren Iragarki Ohol Elektroniko Ofiziala, UPV/EHUn informazioa zabaltzeko erabiltzen diren zenbait baliabide elektronikori buruzko arautegian, 8. artikuluan, oro har araututakoa.

i) UPV/EHUren Aldizkari Elektroniko Ofiziala, horrelakorik izanez gero.

j) Kontratatzailearen profila eta arlo publikoko kontratuei buruzko araudian jasotako gainerako zerbitzuak.

k) Informazio orokorra, UPV/EHUko zerbitzu publikoetara bitarteko elektronikoen bidez sartzeko unibertsitateko kideek eta gainerako herritarrek eskura dituzten baliabideei buruzkoa, batez ere ondokoei buruzkoa: bitarteko elektronikoen bidez harremanetan egoteko onartuta dauden sinadura elektronikoko sistemei buruzko informazioa, eta prozedura horien bitartez sinatutako agirien baliozkotasuna egiaztatzeko beharrezko diren tresnei eta horien erabilerari buruzkoa.

l) UPV/EHUk administrazio jardunean erabiltzen dituen zigilu elektronikoen zerrenda eta horiek egiaztatzeko zerbitzua.

m) Unibertsitateak emandako agiri elektronikoak benetakoak eta zuzenak direla egiaztatzeko sistema.

n) UPV/EHUko administrazio prozeduren izapideak zertan diren elektronikoki kontsultatzeko aukera emango duen atal bat (Nire Kudeaketak izenburua izango du).

o) Egoitza Elektronikoko erabiltzeen ohiko galderak bilduko dituen atal bat.

p) UPV/EHUren Egoitza Elektronikoak erabiltzen dituen data eta ordu ofiziala.

q) Egun ez baliodunen zerrenda edo, bestela, urteko egutegia.

r) Unibertsitatearen aurrean herritarren ordezkari izateko gaituta dauden funtzionarioen zerrenda.

s) UPV/EHUn datu pertsonalak eta pribatutasuna babestearen arloko informazioa, Datuen Babeserako Euskal Agentziaren lotua adierazita.

t) Irispenari buruzko informazioa.

u) Jabetza intelektualari eta industria jabetzari buruzko informazioa.

v) Lotura interesgarriak.

w) UPV/EHUko idazkari nagusiak emandako erabakiaren bidez zehaztutako gainerako eduki edo zerbitzuak.

III. TITULUA
IDENTIFIKAZIOA ETA AUTENTIFIKAZIOA

7. artikulua.– Egoitza Elektronikoaren identifikazioa.

UPV/EHUko Egoitza Elektronikoan sartu eta komunikazio segurua izateko, sinadura elektronikoko sistema bat erabiliko da, gailu seguruen bidezko ziurtagiri espezifiko batean oinarritua. Ziurtagiri horrek egoitza elektronikoaren domeinua identifikatzen du (egoitza.ehu.eus), eta UPV/EHUren izenean dago erregistratuta. Ziurtagiri honetan bildutako informazioa Egoitza Elektronikoan egongo da eskuragarri.

8. artikulua.– Zigilu elektronikoak.

1.– UPV/EHUn Bitarteko Elektronikoen Erabilera Arautzeko eta Egoitza Elektronikoa Sortzeko Arautegiko 14. artikuluan jasotakori jarraituz, administrazio jarduna modu automatizatuan egiten denean, unibertsitatearen edo jarduna egiteko organo eskudunaren zigilua erabili ahal izango da, edo, bestela, egiaztapen kode segurua.

2.– Unibertsitateari eta administrazio organoei lotutako zigilu elektronikoak UPV/EHUko idazkari nagusiaren erabaki bidez sortuko dira, Administrazio Elektronikoko Batzordeak aztertu ondoren.

3.– Zigilu elektronikoan organoaren izen osoa agertuko da eta ezingo da pertsona fisikoei buruzko erreferentziarik egon.

9. artikulua.– Erabiltzaileen identifikazioa.

1.– Egoitza Elektronikoan eskaintzen diren zerbitzuetara sarbidea izateko, erabiltzaileek UPV/EHUk onartzen dituen sinadura elektronikoko sistemak erabili ahal izango dituzte. Horiei buruzko informazioa Egoitza Elektronikoan egongo da eskuragarri eta sinadura elektroniko aurreratuko sistemak erabili beharko dira agiri elektronikoak osorik daudela eta benetakoak direla egiaztatzea eskatzen duten jardueretan.

2.– Jarduerak edo izapideak interesduna identifikatzea baino eskatzen ez den kasuetan, beste sistema batzuk erabiltzea baimendu ahal izango da. Beste sistema horietan nahikoa izango da erabiltzaileak erregistratu ondoren adostutako gakoak erabiltzea, bi aldeek ezagutzen duten informazioa ematea edo sistema ez kriptografikoak baliatzea. Sistema hori erabili ahal izateko, prozeduretan hala adierazi beharko da.

3.– Pertsona fisiko eta juridikoek ordezkari baten bitartez jardun ahalko dute. Ordezkari horrek, betiere, bere sinadura elektronikoa erabili beharko du, UPV/EHUko Erregistro Orokorraren Antolaketa eta Funtzionamendurako eta Erregistro Elektronikoa Sortzeko Arautegiko 23. artikuluan zehaztutako baldintzetan.

4.– Pertsona juridiko eta nortasun juridikorik gabeko erakundeek ziurtagiri elektronikoak erabili ahal izango dituzte, pertsona juridikoentzat eta nortasun juridikorik gabeko erakundeentzat onartuak, hurrenez hurren; horiez gain, UPV/EHUk sinadura elektroniko aurreraturako onartutako sistemak ere erabili ahal izango dituzte.

5.– Halaber, HZPSELko 22. artikuluan eta UPV/EHUko Erregistro Orokorraren Antolaketa eta Funtzionamendurako eta Erregistro Elektronikoa Sortzeko Arautegiko 24. artikuluan zehaztutakoaren arabera, interesdunek, unibertsitatean egin beharreko izapide eta jardueretarako, funtzionario publiko gaitu batek bere sinadura elektronikoko sistema erabiliz identifikatzea edo autentifikatzea eskatu ahal izango dute.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Idazkaritza Nagusiak araudi hau interpretatu eta garatu ahal izango du, eta beharrezkoak iruditzen zaizkion neurriak eta aginduak ezarriko ditu haren aplikazio egokirako.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Arautegi honetako 5.2 artikuluan zehaztutakoa gorabehera, UPV/EHUren Egoitza Elektronikoa Europar Batasuneko hizkuntza ofizialetan ere egon ahal izango da erabilgarri.

LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA

Egoitza Elektronikoa martxan jarriko da idazkari nagusiaren erabaki bidez, informazio eta komunikazio teknologien arloan eskumena daukan gerenteordetzarekin koordinatuta.

Egoitza Elektronikoko edukiak apur-apurka joango dira ezarriz.

BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA

Gaitutako funtzionarioaren bidez identifikazioa, 9.5 artikuluan jasotakoa, atzeratu egingo da Egoitza Elektronikoan identifikazio horretarako bete beharreko baldintzak argitaratu arte.

AZKEN XEDAPENA

Arautegi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.


Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana