Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

231. zk., 2014ko abenduaren 3a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ETXEPARE EUSKAL INSTITUTUA / BASQUE INSTITUTE
5160

EBAZPENA, 2014ko azaroaren 14koa, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariarena, Euskara eta Euskal Kulturako hiru irakurle hautatzeko deialdia irekitzeko dena.

Etxepare Euskal Institutua (aurrerantzean EEI) Sortzeko eta Arautzeko 3/2007 Legearen 3.b) artikuluak ondoko helburua xedatzen du aipatutako Institutuarentzat: «Euskal Kultura bere hizkuntza ofizialetako edozeinetan eta zeinahi adierazpen, euskarri, bide eta adierazmoldetan kanpoan ezagutarazten eta hedatzen laguntzea, bereziki euskaraz sortutako kultura eskaintza sustatuz eta hedatuz».

Etxepare Euskal Institutuaren antolaketa- eta jarduera-araudia onartzen duen maiatzaren 13ko 88/2008 Dekretuaren 19. artikuluak xedatzen du Institutuaren helburuen artean dagoela munduan zeharreko unibertsitateetan eta beste zentro batzuetan euskararen presentzia, azterketa eta ikasketak sustatzea, batik bat unibertsitateetan irakurletzak ezartzea bultzatuz.

Ondorioz, Etxepare Euskal Institutuari egoki iruditu zaio hainbat unibertsitatetan Euskara eta Euskal Kulturako hiru irakurle hautatzeko lehiaketa publikoaren deialdia egitea.

Hori dela eta, hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Deialdiaren helburua.

Deialdi honen helburua da euskara eta euskal kulturako hiru irakurle hautatzea honako unibertsitate hauetan aritzeko:

– Irakurle bat Txileko lau unibertsitatetan: Txileko Unibertsitatea, Txileko Pontificia Universidad Católica, Valparaisoko Unibertsitatea eta Valparaisoko Pontificia Universidad Católica.

– Irakurle bat Chicagoko Unibertsitatean.

– Irakurle bat Tokioko TUFS (Tokyo University of Foreign Studies) unibertsitatean.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Deialdi honetan Txileko lau unibertsitateetarako eta TUFS unibertsitaterako ikasturte bakoitzean bideratutako guztizkoa hogeita hamar mila zortziehun eta hirurogeita zortzi (30.868) eurokoa izango da eta hogeita hamahiru mila seiehun eta laurogeita hamasei (33.696) dolarrekoa Chicagoko Unibertsitaterako.

Aurreko baliabide ekonomiko guztiak irakurletzak mantentzeko gastuak finantzatzeko erabiliko dira. Beraz, zenbateko hori ez da beti bat etorriko, zehatz-mehatz, irakurlearen soldatarekin. Gainera, Txileko unibertsitateei dagokienez, irakurleek unibertsitate batetik bestera joateko izan ditzaketen garraio gastuak edota asegurua kontratatzekoak ere kopuru horietan sartuta daude.

3. artikulua.– Hautagaiek bete behar dituzten baldintzak.

Deialdi honetan parte hartu ahal izateko baldintza hauek bete beharko dira:

Graduko titulua (edo lizentzia) eta euskarako C1 titulua egiaztatuta izatea.

4. artikulua.– Tokiko unibertsitatearen araberako baldintzak eta zenbatekoak

4.1.– Txileko Unibertsitatea.

Baldintzak:

Klase-orduak: astean 1,5 ordu eta 12 orduko ikastaroa ikasturteko.

Zenbatekoa: 4.224 euro ikasturteko irakurletzarako.

4.2.– Txileko Pontificia Universidad Católica.

Baldintzak:

Klase-orduak: astean 4,5 eskola-ordu.

Zenbatekoa: 10.872 euro ikasturteko irakurletzarako.

4.3.– Valparaisoko Unibertsitatea.

Klase-orduak: astean 1,5 eskola-ordu.

Zenbatekoa: 2.124 euro ikasturteko irakurletzarako.

4.4.– Valparaisoko Pontificia Universidad Católica

Klase-orduak: astean 3 eskola ordu

Zenbatekoa: 7.248 euro ikasturteko irakurletzarako.

4.5.– Chicagoko Unibertsitatea

Klase-orduak: lanaldi partziala.

Zenbatekoa: 26.000 dolarreko soldata.

Hautagaiak bete beharreko ezinbesteko baldintza akademikoak: ingeleseko C2 titulua egiaztatuta.

4.6.– Tokioko TUFS unibertsitatea

Klase-orduak: 120 ikasturteko.

Zenbatekoa: 6.400 euro ikasturteko irakurletzarako.

Bestelako eskakizunak:

Argitalpen akademikoak edozein hizkuntzatan eta/edo irakaskuntza-eskarmentua atzerrian, Japonian lehentasunez.

Unibertsitatean lanean hasterako, lan-jarduerak Japonian izatea baimentzen duen bisatua edo erresidentzia baimenaren jabe izatea.

5. artikulua.– Egonaldiaren baldintzak tokian tokiko unibertsitatean.

Hautatuak deialdi honen helburu diren tokian tokiko unibertsitateei atxikiko zaizkie, 4. artikuluan agertzen diren baldintzen arabera. Tokian tokiko unibertsitatearen herrialdean indarrean dagoen legediaren araberako kontratua sinatuko dute eta unibertsitate kontratugilearen klausula zehatzak bete beharko dituzte, bereziki kontratuak irauten duen bitartean aplikagarri zaien ordainsarien eta zergen erregimenari dagokionez. Irakurleak unibertsitatearekin kontraturik ez badu, Etxepare Euskal Institutuak zuzenean bere kontu korrontean ordainduko dizkio irakurleari unibertsitatearen izenean 4. artikuluan aipatzen diren kopuruak.

Euskara eta Euskal Kulturako irakurle izateak ez dakar inolako lan- edo administrazio-harremanik Etxepare Euskal Institutuarekin eta, ondorioz, Institutu honek ez du bere gain hartuko irakurleak tokian tokiko unibertsitatearekin duen kontratu-harremanetik edo bere ekintzetatik eratorritako erantzukizunik, bereziki bere funtzioak betetzean sor daitezkeen kalteengatik.

Etxepare Euskal Institutuak bere gain hartuko ditu tokian tokiko unibertsitatera lehenengo joan-etorriaren gastuak, irakurlea bere lanpostuan hasten dela bermatzeko.

6. artikulua.– Irakurle izateak honako konpromisoak onartzea ekarriko du:

– Unibertsitateek zehaztutako datarako lanean hastea, eta bertan zerbitzua ematea ikasturtearen amaierara arte, luzatzeko aukerarekin.

– Emandako ordutegia betetzea.

– Euskara eta Euskal Kulturaren programa didaktikoa egitea ikasturtearen hasieran. Programa hori Etxepare Euskal Institutura bidali beharko da.

– Ikasleen ebaluazioa egitea eta ikastaroa kudeatzea, bai eta ekintza akademikoak antolatzea ere (hitzaldiak, literatura jardunaldiak...) euskara ikertzeko eta euskal kultura sustatzeko asmoz.

– Tokian tokiko irakasleak eta ikertzaileak euskara, euskal kultura eta antzeko gaiekin zerikusia duen guztian lagundu eta orientatzea.

– Etxepare Euskal Institutuak antolatzen dituen prestakuntza ikastaroetan parte hartzea. Bereziki, 2014-15 ikasturtetik aurrera antolatuko den Euskara Atzerriko hizkuntza gisa irakasteko ikastaroa egitea, gehienez ere hiru urteko epean.

– Etxepare Euskal Institutuari hitzarmenaren jarraipenerako beharrezko dituen agiriak helaraztea (hasierako fitxa, ikasturte amaierako memoria eta abar), Etxepare Euskal Institutuak hitzarmena behar bezala doan ebaluatzeko.

Goian aipatutako konpromisoak ez betetzeak irakurleak ez jarraitzea ekar dezake.

Irakurleak egindako irakasle-lana ziurtatzen duen egiaztagiri akademikoa jasotzeko eskubidea izango du, bertan ordu guztiak, irakasgaiak, ikastaroak... zehaztuta.

7. artikulua.– Irakurletzei dagozkien zenbatekoak ordaintzea.

Etxepare Euskal Institutuak egingo dizkie tokian tokiko unibertsitateei edo irakurleei unibertsitatearen izenean, hala dagokionean, irakurletzak mantentzetik eratorritako gastuen finantziaziorako zenbatekoen ordainketak.

Tokian tokiko unibertsitateei edo irakurleei dagokie Etxepare Euskal Institutuak egindako diru ekarpenak justifikatzea.

8. artikulua.– Eskabideak aurkezteko lekua eta epea.

8.1.– Eskabidea (I. eranskina) behar bezala beteta, dagokion dokumentazioarekin batera, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariari aurkeztu beharko zaio, Etxepare Euskal Institutuaren egoitzan (Prim kalea 7, 20006 Donostia), goizeko 08:30etik 14:00etara, edo Eusko Jaurlaritzaren Zuzenean bulegoetan. 30/1992 Legean ezarritako edozein bidetatik ere aurkeztu ahal izango da eskaera (30/1992 Legea, azaroaren 26koa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena).

8.2.– Eskabideekin batera, hautagaiek ondoko dokumentazioa aurkeztu beharko dute:

Pasaportearen fotokopia (edo bestela NANarena edo AIZerena).

II. eranskineko taula behar bezala beteta (ez da onartuko honela aurkezten ez den curriculumik).

Proiektu pedagogikoa, euskarako eta euskal kulturako programazioek osatua. Euskarako lehen mailetan irakasteko programazio laburra aurkeztu beharko da, helburuak, edukiak, metodologia, baliabideak eta bibliografia adieraziz. Euskal Kulturako gai ezberdinei (musika, zinea, antzerkia, eskultura...) buruzko programazio laburra ere aurkeztu beharko da, helburuak, edukiak, metodologia, baliabideak eta bibliografia adieraziz. Proiektu pedagogiko guztiaren luzera gehienez ere bost orrialdekoa izango da (letra Arial 12, lerro artean tarte bikoitza utziz).

Hautagaiek ez dituzte euren CVaren taulan aipatutako merituak dokumentu bidez egiaztatu beharko eskabidea egitean, baina aurkeztu egin beharko dituzte hautatuak badira. Hautagaiek aipatzen dituzten meritu guztiek (hizkuntzak, emandako ikastaroak, jasotako formazioa....) ziurtagirien bidez frogagarriak izan beharko dute.

8.3.– Hautagairen batek unibertsitate bat baino gehiagotarako eskaera egin nahi izanez gero, unibertsitateko eskabide-orri (I. eranskina) bana eta proiektu pedagogiko bana aurkeztu beharko ditu.

8.4.– Eskabideak aurkezteko hilabeteko epea egongo da, deialdi hau EHAAn argitaratzen den biharamunetik hasita. Eskabideak aurkezteko I. eta II. eranskinak Etxepare Euskal Institutuaren web orrian egongo dira eskuragarri word formatuan.

8.5.– Hautagaiek eskabidean emandako informazio guztia fitxategi batean sartuko da. Fitxategi horren erabilera hautapen prozesura eta etorkizunean ager daitezkeen irakurle beharrei erantzuteko sortuko diren poltsak kudeatzera mugatuko da. Fitxategi honen erabilera eta funtzionamendua Datu Pertsonalak Babesteko 15/1999 Lege Organikoaren, abenduaren 13koa, eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko 2/2004 Legearen, otsailaren 25ekoa, aurreikuspenekin bat etorriko da.

9. artikulua.– Hautapen-batzordea.

Eskabideak aztertu eta ebaluatzeko Hautapen Batzorde bat eratuko da. Batzorde horretako kideak hautatzeko, kontuan hartuko da honako lege hauetan alderdi horri buruz ezarritakoa: otsailaren 18ko 4/2005 Legean, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerakoan, eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legean.

Batzordearen osaera EHAAn argitaratuko da.

10. artikulua.– Hautapen-irizpideak.

Hautagaien hautapena ondoko baremoaren arabera egingo da, eta guztira gehienez 30 puntu lortu ahal izango dira:

Unibertsitateko tituluak lanpostuarekin duen lotura: gehienez ere 5 puntu, ondoko irizpideen arabera:

Euskal Filologia, Itzulpengintza eta Interpretazioa (A hizkuntza euskara), Euskal Ikasketak: 5 puntu

Beste filologiak eta Itzulpengintza eta Interpretazioa: 4 puntu

Giza eta Gizarte Zientzietako gainerako lizentziatura edo graduak: 3 puntu

Gainerako lizentziaturak edo graduak: 2 puntu

Hizkuntzak jakitea (egiaztatuta), deialdian beharrezkoak direnez gain: gehienez ere 5 puntu, ondoko irizpidearen arabera: 0,25 puntu hizkuntza eta Europako esparruko A2tik gorako maila bakoitzeko.

Irakaskuntzan eskarmentua eta prestakuntza: gehienez ere 10 puntu, ondoko irizpideen eta egiazta daitekeen ordu kopuruen arabera.

Irakaskuntzako eskarmentua:

Euskara eta euskal kultura irakatsi izana atzerriko unibertsitateetan: 2 puntu ikasturteko.

Euskara irakatsi izana euskaltegi eta ikastetxeetan: puntu 1 ikasturteko.

Bestelako hizkuntzak irakatsi izana unibertsitatean: 0,50 puntu ikasturteko.

Bestelako hizkuntzak irakatsi izana ikastetxeetan: 0,25 puntu ikasturteko.

Prestakuntza:

Master espezifikoak: 1,5 puntu masterreko. Linguistikari buruzkoak (Chicagoko Unibertsitaterako): 2 puntu.

Master ez espezifikoak: 0,5 puntu masterreko.

Doktorego espezifikoak: 2 puntu doktoregoko. Linguistikari buruzkoak (Chicagoko Unibertsitaterako): 2,5 puntu.

Doktorego ez espezifikoak: 0,5 puntu doktoregoko.

IGI-CAP: 0,75 puntu.

Glotodidaktika ikastaroa, Excellence in Basque Studies: 0,25 puntu bakoitzeko.

Atzerriko Unibertsitateetan eta goi-mailako zentroetan euskara irakasteko prestakuntza ikastaroa: puntu 1.

Aurkeztutako proiektu pedagogikoa: gehienez ere 5 puntu.

Beste meritu batzuk: gehienez ere 5 puntu. Honakoak hartuko dira kontuan: euskal kulturarekin zerikusia duten jardueretako parte-hartzea, argitalpenak, bestelako lan eskarmentua eta abar.

11. artikulua.– Onartuen eta baztertuen zerrenda.

Hautagaien profila ezarritako baldintzekin bat datorrela egiaztatu ondoren, eta eskabideak aurkezteko epea amaitzen denetik gehienez hilabeteko epearen barnean, Etxepare Euskal Institutuaren web-orrian argitaratuko da hautapen prozesuan parte hartzeko onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda, baztertzeko arrazoia berariaz azalduz. Baztertuek 10 egun naturaleko epea izango dute, hala badagokio, dokumentazioa osatzeko. Egiten ez badute, bere eskaerari uko egin diotela ulertuko da.

Aipatutako epea igaro ondoren, Etxepare Euskal Institutuaren web-orrian argitaratuko da hautapen prozesuan parte hartzeko onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda, baztertzeko arrazoia berariaz azalduz.

Hautapen Batzordeak behin betiko zerrendako hautagaien merituak 10. artikuluan agertzen diren irizpideen arabera aztertuta, hiru proposatuko ditu unibertsitateko. Hiru horiek aztertuta, Unibertsitateak hautagai egokirik ez dagoela irizten badio, zerrendan hurrengo dauden hautagaien artean aukeratu ahal izango du irakurletzat nahi duena.

Irakurlearen egokitasuna baloratzeko, unibertsitateetako ordezkariek eskubidea izango dute aukeratuak elkarrizketa batera deitzeko.

Deialdi honetan eskainitako plazak esleitu gabe gelditu ahal izango dira ondoko kasuetan:

Eskabide bat ere aurkeztu ez bada.

Deialdian eskatzen diren baldintzak betetzen ez badituzte hautagaiek.

Deialdi hau argitaratu ondoren, dagokion unibertsitateak Institutuaren eta bien arteko lankidetza hitzarmenetan ezarritako baldintzak aldatzen dituenean edo dela delako arrazoiarengatik hitzarmena gauzatzen ez bada edo bertan behera gelditzen bada.

12. artikulua.– Ebazteko eta izapideak egiteko organo eskuduna.

Etxepare Euskal Institutuaren zuzendariak ebatziko du deialdi hau, zioak behar bezala azalduz, hautatutako pertsonak eta plazarik gabeko hautatuak zein diren adieraziz. Azken hauek erreserban egongo dira, hautatuek ukoa aurkeztu edo ordezkatu beharra gertatzen bada ere. Hautatu horiekin lan-poltsa osatuko da, sei unibertsitate hauetako irakurletzen beharrei erantzun ahal izateko.

Ebazpena Etxepare Euskal Institutuaren web orrian argitaratuko da.

Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria izango da organo eskuduna betearaztean sor daitezkeen zalantzak eta gertaerak kudeatu eta argitzeko.

13. artikulua.– Lanpostua esleitzea.

Hautatuek medikuaren ziurtagiri ofiziala aurkeztu beharko dute, beraien esku utzitako funtzioak inolako eragozpenik gabe bete ditzaketela egiaztatzen duena. Gainera, tokian tokiko unibertsitateko Euskara eta Euskal Kulturako irakurle izaera onartu beharko dute, xede horretarako dokumentu bat sinatuz.

14. artikulua.– Ukoak eta ordezkapenak.

Hautatuek ikasturtea amaitu baino lehenago euren lanpostuari uko egiten badiote, ezingo dute berriz hautagai izan hurrengo deialdietan, behar bezala justifikatutako ezinbesteko arrazoietan beraien ukoa oinarritu ezean.

Aurretik aipatutako ukoa onartzen bada, Etxepare Euskal Institutuak lanposturik gabe aukeratutako lehen hautagaia proposatuko du, ordezkoaren adostasuna lortu ondoren.

15. artikulua.– Errekurtsoak.

Aukeratutako hautagaien zerrenda Etxepare Euskal Institutuko zuzendariaren ebazpen bidez argitaratuko da Institutuaren web orrian. Administrazio-bidea amaitzen duen ebazpen horren aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete interesdunek EEIko zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, edota administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko dagokion aretoan, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Administrazio-bidea amaitzen duen ebazpen honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete interesatuek EEIko zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, edota administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko dagokion aretoan, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

Bigarrena.– Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Donostia, 2014ko azaroaren 14a.

Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria,

MARÍA AITZPEA GOENAGA MENDIOLA.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala