Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

229. zk., 2014ko abenduaren 1a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

DATUAK BABESTEKO EUSKAL BULEGOA
5118

EBAZPENA, 2014ko azaroaren 19koa, Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren zuzendariarena, Datuak Babesteko Sarien II. Edizioaren deialdia egiten duena.

Datuak Babesteko Euskal Bulegoa 2004an sortu zen, euskal administrazio publikoetako datu tratamenduetan pribatutasunerako eskubidea bermatzen duen erakundea izateko. Euskal gizartean pribatutasunarekiko errespetuaren kultura zabaltzea Agentziaren berezko eginkizun bat da, baina herritarren laguntza behar du, eta botere publikoena eta gizarteko beste sektoreena ere bai.

Horregatik, Agentziaren hamargarren urteurrenean datuak babesteko sariak deitu genituen, datu pertsonalak babesteko pertsonen eskubidea sustatzen eta hedatzen nabarmendu diren eta euren erakundeetan esparru honetan hobekuntzak sustatzen dituzten erakundeen eta pertsonen lana aitortzeko.

Iaz hasitako bideari jarraikiz, bidezkoa da datu pertsonalak babesteko sarien bigarren edizioaren deialdia egitea.

Ondorioz, Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legeak esleitutako ahalak baliatuz, honakoa

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Datu Pertsonalak Babesteko Sarien II. Edizioaren deialdia egitea, Ebazpen honetako I. eranskinean jasotako oinarrien arabera.

Bigarrena.– Ebazpen hau argitaratzea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren web orrian.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko azaroaren 19a.

Zuzendaria,

IÑAKI PARIENTE DE PRADA.

I. ERANSKINA
DEIALDIAREN OINARRIAK

1. oinarria.– Xedea eta helburua.

Datuak Babesteko Euskal Bulegoak Datuak Babesteko Sarien II. edizioa deitu du, ohorezko goraipamena egiteko, pribatutasunerako oinarrizko eskubidea babesteko arloan eta eskubidearen gaineko ezagutza sakontzeko arloan edo zabalkundearen esparruan, garrantzi handiko ekarpenen bat egin duten erakundeei eta pertsonei.

Sari hauen bidez, omendu nahi ditugu oinarrizko eskubide honekiko sentsibilitatea agertzeagatik nabarmendu diren pertsonak eta erakundeak.

2. oinarria.– Sariak eta Modalitateak.

Sariak honako modalitateak ditu:

– Datu pertsonalak babesteko eskubidearen defentsan eta sustapenean izandako puntako ibilbide profesionalari.

– Datu pertsonalak babesteko esparruan jardunbide onak erabili dituen Euskal Autonomia Erkidegoko organizazioari.

– Komunikabideetan edo argitalpen profesional edo zientifikoetan editatutako lan onenari.

Sarituari jendaurrean gorazarre egingo zaio, eta ohorezko saria emango zaio. Sarituek ez dute dirurik jasoko.

3. oinarria.– Epaimahaia.

Sariak epaimahai batek emango ditu, honako irizpideen arabera:

a) Zuzenbidearen zabalkundeari egindako ekarpena.

b) Izaera berritzailea.

c) Zerbitzu publikoa hobetzea.

d) Kalitate teknikoa.

Epaimahaia honako hauek osatuko dute:

Lehendakaria: Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren zuzendaria.

Epaimahaikideak: Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren Kontseilu Aholku-emaileko kideak eta Lege Aholkularitza eta Ikuskaritzaren arduraduna eta Fitxategien Erregistroa eta Auditoria Zerbitzuaren burua.

Idazkaria: Datuak Babesteko Euskal Bulegoko idazkari nagusia. Hitzarekin baina botorik gabe jardungo du.

Berdinketa egonez gero, lehendakariak hartuko du erabakia, saria ex aequo ematea erabaki ezean.

4. oinarria.– Ebazpena.

Epaimahaiaren erabakia hautatuei jakinaraziko zaie, eta sarituen zerrenda Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren web orrian argitaratuko da.

5. oinarria.– Sari banaketa.

Sari banaketa ekitaldi publiko batean egingo da, eta behar adinako denboraz argitaratuko da Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren web orrian www.avpd.es

6. oinarria.– Datu babesa.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren 5. artikuluak xedatutakoa betetzeko, jakinarazi nahi dugu deialdia izapidetzeko behar diren datu pertsonalak «Prestakuntza, jarduera eta gertaeretara bertaratuak eta gonbidatuak» fitxategian jasoko ditugula eta sariak kudeatzeko eta izapidetzeko baino ez ditugula erabiliko. Fitxategiaren organo arduraduna Datuak Babesteko Euskal Bulegoa da. Interesdunak Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren Idazkaritza Nagusira jo dezake atzitzeko, zuzentzeko, ezerezteko eta aurka egiteko eskubideez baliatzeko. Hona helbidea: Tomas Zumarraga Dohatsuaren kalea 71-3.a – 01008 Vitoria-Gasteiz.


Azterketa dokumentala