Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

221. zk., 2014ko azaroaren 19a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OGASUN ETA FINANTZA SAILA
HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
4965

214/2014 DEKRETUA, azaroaren 11koa, Euskal Irrati Telebista erakunde publikoari Euskal Telebista, SA sozietate anonimo publikoaren kapitala murrizteko baimena ematen diona.

Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuak hau ezartzen du 110. artikuluan: enpresa-ondarea osatzen duten ondasunak eta eskubideak eskuratzeko, aurretiaz, Jaurlaritzaren Kontseiluaren baimena beharko da, dekretu bidez emana; eta horretarako proposamena, berriz, ondareari buruzko eskumenak dituen sailburuak eta, zuzenean nahiz bitarteko erakunde baten bidez, sozietatea loturik duen edo loturik izango duen saileko buruak egin beharko dute, biek batera. Dekretua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta ematen den egunetik aurrera izango du eragina. Era berean, a sensu contrario, xedapen honen aplikazio-eremuak barne hartzen ditu enpresa-ondarea berregituratzeko kapital sozialaren murrizketak ere.

Sozietatearen helburua irudiak eta soinuak sortzea eta transmititzea da eta, zuzen-zuzenean edo aldez aurretik grabaturik, emisio erradioelektrikoen, uhinen edo kableen bidez transmititzea, herritar guztiei helarazteko, helburua informazioa, kultura, artea, aisialdia, mezu komertzialak eta publizitatea zabaltzea izanik, bai eta hezkuntza sistemei laguntzeko bitartekoa izatea ere, euskal kultura eta, batik bat, euskara sustatzeko eta garatzeko.

Euskal Telebista, SA sozietate anonimo publikoak, 2014ko ekainaren 30eko Batzar Orokor Unibertsal Ezohikoan, honako erabaki hau hartu zuen: kapital soziala berrogeita hamazazpi milioi seiehun eta hirurogeita hamaika mila bostehun eta berrogeita hamaika euro eta hogeita hamabi zentimo (57.671.551,32) murriztea; eta, horretarako, sei koma zero bat (6,01) euroko balio nominala duten bederatzi milioi bostehun eta laurogeita hamabost mila bederatziehun eta hogeita hamabi (9.595.932) akzio amortizatzea, hurrenez hurren 7.634.253tik 17.230.184ra zenbakituak, biak barne.

Euskal Irrati Telebista erakunde publikoa da aipatu erakundearen akziodun bakarra; horrenbestez, sozietate horretan bazkide izateari dagozkion eskubideez baliatuko da, akzioren amortizazioaren bidezko kapital soziala murrizteko erabakia hartzearren. Halaber, lehenengo paragrafoan azaldutakoarekin bat, Jaurlaritzaren Kontseiluaren baimena behar da kapital sozialaren murriztapenak burutzeko.

Azkenik, Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuaren 10.2. artikuluan xedatutakoaren arabera, Euskal Irrati Telebista zuzenbide pribatuko ente publikoa Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari atxikita dago.

Horren ondorioz, Ogasun eta Finantzetako sailburuaren eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren proposamenez, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2014ko azaroaren 11n egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Telebista, SA sozietate anonimo publikoaren kapital soziala murrizteko Euskal Irrati Telebista erakunde publikoari baimena ematea, hain zuzen ere, berrogeita hamazazpi milioi seiehun eta hirurogeita hamaika mila bostehun eta berrogeita hamaika koma hogeita hamabi (57.671.551,32) euroko murriztapena egiteko, sei koma zero bat (6,01) euroko balio nominala duten bederatzi milioi bostehun eta laurogeita hamabost mila bederatziehun eta hogeita hamabi (9.595.932) akzioren amortizazioaren bidez.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu honek onartzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteizen, 2014ko azaroaren 11n.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ogasun eta Finantzetako sailburua,

RICARDO GATZAGAETXEBARRIA BASTIDA.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.


Azterketa dokumentala