Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

209. zk., 2014ko azaroaren 3a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
4660

AKORDIOA, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren arteko kudeaketa-gomendioari buruzkoa, Prestakuntza Ekintzak programatzeko. Izan ere, premiak detektatu dira lan-esperientziaren bidez eta/edo prestakuntza ez-formalaren bidez eskuratutako konpetentziak ebaluatzeko eta ziurtatzeko prozeduraren deialdian (Ebazpena, 2013ko abenduaren 12koa, Lanbide Heziketako sailburuordearena eta Enplegu eta Laneko sailburuordearena, 2013-12-27ko EHAAn argitaratua).

Alde batetik, Juan María Aburto Rique jaunak, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluko presidente gisa jardunez,

Eta, bestetik, Cristina Uriarte Toledo andreak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuak, honako hau

ADIERAZTEN DUTE:

Lehenengoa.– Enpleguari buruzko abenduaren 16ko 56/2003 Legean Enplegurako Lanbide Heziketaren lege-esparrua finkatzen da, eta lege horren 26. artikuluan ezartzen denez, enplegurako prestakuntzako azpisistema osatzen duten prestakuntza-ekintzen helburuak honako hauek dira: lanbide-konpetentziak eta -prestakuntzak eskuratzea, hobetzea eta etengabe eguneratzea; biztanleria aktiboaren bizi osoko prestakuntza sustatzea; eta pertsonen, enpresen, lurraldeen eta sektore produktiboen beharrizanak uztartzea.

Bigarrena.– Martxoaren 23ko 395/2007 Errege Dekretuak, enplegurako lanbide-prestakuntzaren azpisistema arautzekoak, lan-arloko eskumena duten administrazioei agintzen die modulukako prestakuntza bat eskaintzeko, Lanbide Ziurtagiriak lortzeko aukera emango duena, hain zuzen ere prestakuntza-eskaintza egokitu dadin lan-merkatuaren eta sektore produktiboen beharrizan aldakorretara.

Autonomia-erkidegoen esparruan prestakuntza-eskaintza programatzeko eta kudeatzeko zenbait bide aurreikusten dira, eta bide horietako bat da zentro propioen bidez garatzen dena. Alde horretatik, zentro propioak dira Erreferentzia Nazionaleko Zentroak, titulartasun publikoko Lanbide Heziketako zentro integratuak eta Administrazio Publikoaren gainerako zentroak, baldin eta enplegurako lanbide-prestakuntza emateko instalazio eta ekipamendu egokiak badituzte (23.2 eta 9.1.a artikuluak) (23.2 artikulua, 9.1.a artikuluarekin lotuta).

Hirugarrena.– Ekonomia Jasangarriari buruzko Legea osatzen duen martxoaren 11ko 4/2011 Lege Organikoak bosgarren xedapen gehigarria erantsi zion ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoari, Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzkoari. Bada, hain zuzen ere, bosgarren xedapen gehigarri horrek arautzen du hezkuntza- eta lan-arloko administrazio eskudunek prozedura bat ezarri behar dutela, hezkuntza-sistemako lanbide-heziketa irakasteko baimena duten zentroek aukera izan dezaten, araututako baldintzak betetzen badituzte, enplegurako lanbide-heziketako ikasketak ere emateko; xedapen gehigarri horrek arautzen du, halaber, hezkuntza-sistemako lanbide-heziketa eta enplegurakoa modu integratuan eskaintzen duten funts publikodun zentroek aukera izan behar dutela aurrekontu-baliabideak eskuratzeko, hain zuzen ere enplegurako prestakuntza-ekintzak finantzatzeko, betiere hezkuntza- eta lan-arloko administrazio eskudunek hitzartzen dituzten lankidetza-mekanismoekin bat etorriz.

Laugarrena.– 1224/2009 Errege Dekretuak, uztailaren 17koak, lan-esperientziaren bidez eta/edo ikasketa ez-formalen bidez eskuratutako lanbide-konpetentziak ezagutzeari buruzkoak, prozedura bakar bat finkatzen du hezkuntza- eta lan-arlorako, langileek eskuratutako lanbide-konpetentziak ebaluatu eta egiaztatu asmoz urteroko deialdien bitartez. Lege-multzo horixe da aipatutako prozedura garatzeko oinarrizko lege-esparrua Estatu osoan, eta 10. artikuluko 5. atalak berariazko deialdiak egiteko aukera ematen du, kolektibo jakinen beharrizanei erantzuteko.

2013ko abenduaren 27an argitaratu zen 2013ko abenduaren 12ko Ebazpena, Lanbide Heziketako sailburuordearena eta Enplegu eta Lan sailburuordearena, lan-esperientziaren bidez eta/edo prestakuntza ez-formalaren bidez eskuratutako lanbide-konpetentziak ebaluatzeko eta ziurtatzeko prozedura deituz, Lanbide Prestakuntza hauetan: «Gainazal- eta altzari-garbiketa eraikinetan eta lokaletan», «Osasun-arloko garraioa», «Denetariko biktimei eta hondamendiei zuzendutako osasun-arreta», «Etxeko gizarte- eta osasun-arreta», «Gizarte-erakundeetako mendeko pertsonei zuzendutako gizarte- eta osasun-arreta», «Izurriteak kontrolatzeko zerbitzuak», «Organismo kaltegarriak kontrolatzeko zerbitzuen kudeaketa», «Behe-tentsioko instalazio elektrikoen muntatze- eta mantentze-lanak», «Elektromedikuntza-sistemen instalatze- eta mantentze-lanak», «Mintegi, lorategi eta lorezaintza-zentroetako jarduera osagarriak», «Sukaldaritza», «Industria-ekipamenduaren mantentze-lanak eta muntatze mekanikoa», bai eta konpetentzia-unitate hauetan ere: «Administrazioa eta Finantzak» (goi-mailako teknikaria), «Mekanizazioa» (teknikaria) eta «Soldadura eta Galdaragintza» (teknikaria).

Bosgarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu, eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuak (martxoaren 1eko 8/2013 Dekretuaren bidez emandako idazketaren arabera) Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari esleitzen dio enplegu-politika eta, Lanbide Heziketako Sailburuordetzarekin lankidetzan, enplegurako lanbide-prestakuntzaren azpisistema.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari atxikita egonik, eginkizun dauka, besteak beste, enplegua, enplegu-prestakuntza, eta autoenplegua eta enpresa-sorkuntza sustatzeko programak kudeatzea (Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari buruzko urriaren 13ko 3/2011 Legearen 3.b) artikulua).

Seigarrena.– Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 193/2013 Dekretuak xedatzen duenez, sail horri dagokio Lanbide Heziketako Euskal Plana garatzea, aplikatzea eta eguneratzea, horretarako beharrezkoak diren neurriak hartuta; sail horri dagokio, halaber, hezkuntza-sisteman lanbide-heziketako eta bizialdi osoko ikaskuntza-politikak diseinatzea, bizitza osoan zehar prestakuntza pertsonalak, profesionalak eta sozialak eskuratzeko edo areagotzeko aukera emango dutenak, betiere Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari esleitutako eskumenak errespetatuta.

Zazpigarrena.– Bizialdi Osoko Ikaskuntzari buruzko urriaren 10eko 1/2013 Legeak (urriaren 17ko EHAA) eta EAEko Lanbide Heziketako Hirugarren Planak (Jaurlaritzaren Kontseiluak onartu zuen 2011ko ekainaren 21ean) nabarmentzen dute lanbide-heziketako eskaintza integratu bat egin beharra, titulartasun publikoko nahiz pribatuko zentro-sare zabal baten bidez, bai hasierako lanbide-heziketan, bai enplegurako lanbide-heziketan.

Zortzigarrena.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak, Euskal Autonomia Erkidegoko langabetuek prestakuntzaren arloan dituzten beharrizanei erantzuteko, eta eskuragarri dauden baliabide publikoak eraginkortasunez erabili eta optimizatzeko, Lanbide Ziurtagiriak eskuratzeko prestakuntza-ekintzen programak sustatzen dituzte Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren mendeko lanbide-heziketako zentro publikoen sarean.

Hartara, lan-merkatuaren egoera aintzat hartuta, eta enpresa-sarearen beharrizanak eta egun dauden zentro publikoen sarearen prestakuntza-gaitasuna ikusita, Lanbide erakunde autonomoak eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioaren zentroekin garatu beharreko prestakuntza-ekintzen plangintza prestatu dute, eta kudeaketa-gomendio hau izenpetzea hitzartu dute, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz. Hona hemen akordio hori arautuko duten

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Xedea.

Akordio honetan aipatzen den kudeaketa-gomendioak helburu hau du: Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila titularra den prestakuntza-zentroek prestakuntza-programazio bat egitea, 2013ko lan-esperientziaren bidez eta/edo prestakuntza ez-formalaren bidez eskuratutako lanbide-konpetentziak ebaluatzeko eta ziurtatzeko prozeduraren deialdian parte hartu duten langileei eta langabeei zuzendua (2013ko abenduaren 12ko Ebazpena, Lanbide Heziketako sailburuordearena eta Enplegu eta Laneko sailburuordearena, EHAAn argitaratua 2013-12-27an).

Gomendio honen xede den programazioa osatzen duten prestakuntza-ekintzak 2014ko ekitaldian hasi eta bukatuko dira.

Bigarrena.– Prestakuntza-eskaintzaren plangintza.

Prestakuntza-eskaintzaren nondik norakoa erabaki du Ebaluazio eta Kalitate Agentziak egindako beharrizanei buruzko txostenak, erakunde hori arduratzen baita konpetentzia ziurtatzeko prozedura kudeatzeaz. Prozedura hori elkarrekin zuzendu eta finantzatu dute Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak eta Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak, dauden baliabide ekonomikoak optimizatzeko ahaleginetan.

Kudeaketa-gomendio honen barruko prestakuntza-eskaintza –Euskal Autonomia Erkidegoko langile aktiboei eta langabeei zuzendua– dauden baliabide publikoen erabilera optimizatzen saiatzen da, eta prestakuntza eskaintzen die –Konpetentziak Ezagutzeko Tresnaren bidez aholkatuak eta ebaluatuak izan ondoren– Lanbide Ziurtagiri bat eskuratu ahal izateko prestakuntza-ibilbidea amaitu behar duten pertsonei. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren mendeko Lanbide Heziketako Zentro Publikoen parte-hartzea kalitatearen aldeko apustu bat izan da, kalitatea eta gastuaren arrazionalizazioa bermatzen duena; izan ere, zentro horiexek bakarrik daude gaituta ziurtatze-prozedura horretako hautagaiak ebaluatzeko.

Hirugarrena.– Prestakuntza-programazioa eta hartarako diru-hornidura.

Akordio honetako I. eranskinean adierazten da zer programazio egingo duten EAEko hiru lurraldeetako zentro publikoek, bai eta hartara bideratutako diru-hornidura ere, prestakuntza-ekintzen eta zentroen arabera banakatuta.

Gomendio honetako prestakuntza finantzatzeko kreditua zazpiehun eta hogeita bost mila eta seiehun (725.600) eurokoa da, 2014ko ekitaldiko ordainketa-kredituaren gain.

Laugarrena.– Alta ematea Estatuko Prestakuntza Zentro eta Entitateen Erregistroan.

Akordio honetako I. eranskinean adierazten den programazioan parte hartzen duten zentroek alta emanda egon behar dute, emango duten espezialitate bakoitzerako, enplegurako lanbide-heziketaren azpisistemari dagokion Estatuko Prestakuntza Zentro eta Entitateen Erregistroan. Ziurtapen horrek eragin osoa izango du, harik eta prestakuntza-zentro eta -entitateen euskal erregistroa eratzen den arte. Hura eratzen denean, euskal erregistroaren araudiak xedatzen dituen eskakizunetara egokituko dira ziurtapenak.

Bosgarrena.– Zuzeneko harremana Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta lanbide-heziketako zentroen artean.

Prestakuntza-programazio hau gauzatzeko, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak zuzeneko harremana izango du programazioaren barruko prestakuntza-zentro bakoitzarekin. Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren antolamendu ekonomiko-finantzarioarekin bat etorriz, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak prestakuntza-ekintza bakoitza emateko esleitu den diru-zenbatekoa sartuko du sail horren lurralde-ordezkaritzen kontuetan. Lehenbiziko ordainketa % 25ekoa izango da, 2014ko ekitaldiko ordainketa-kredituaren gain, eta prestakuntza-ekintzak hastean ordainduko da; gainerako % 75a bukaeran ordainduko da, ordainketa-kreditu beraren gain, prestakuntza-ekintzen gastua justifikatu ondoren.

Seigarrena.– Prestakuntzaren hartzaileak.

Programazio honetako prestakuntza-ekintzetan parte hartu ahal duten pertsonak:

1.– Lan-esperientziaren bidez eta/edo prestakuntza ez-formalaren bidez eskuratutako konpetentziak ebaluatzeko eta ziurtatzeko prozeduraren deialdietan parte hartu duten langile aktiboak nahiz langabeak –2013ko abenduaren 1eko Ebazpena, Lanbide Heziketako sailburuordearena eta Enplegu eta Lan sailburuordearena, EHAAn argitaratua 2013-12-27an–, lanbide-ziurtagiri bat eskuratu ahal izateko prestakuntza-ibilbidea amaitu behar dutenak.

2.– Aurreko atalaren ildoan eskainitako prestakuntza-ekintzetarako hautagaiak osatzen ez badira, 2013 baino lehenagoko deialdietako ziurtatze-prozeduretan parte hartutako ikasleengana jo ahal izango da, prestakuntza horien premia badute.

Hautatutako langabe guztiek lehendik langabe moduan eta Lanbiden enplegu-eskatzaile moduan egon behar dute izen emanda.

Zazpigarrena.– Prestakuntza-ekintzetan parte hartuko duten pertsonak hautatzea.

A) Prestakuntza Zentroen gain joango da ikastaroetan parte hartuko duten ikasleak hautatzea. Zentro horiek ikasleak hautatuko dituzte hurrengo atalean aipatutako deialdian parte hartu duten hautagaien artetik, eta haien zerrenda kontsultatzeko moduan egongo da Gaituz aplikazio informatikoan,lan-esperientzia eta ikasketa ez-formalak ezagutzeko prozedura kudeatzearekin lotutako atalean. Zentroek lehentasun hauek izango dituzte:

1.– Lehentasunez eta maila berean, lan-esperientziaren bidez eta/edo prestakuntza ez-formalaren bidez eskuratutako konpetentziak ebaluatzeko eta ziurtatzeko prozeduraren deialdietan parte hartu duten langile aktiboak nahiz langabeak (2013ko abenduaren 1eko Ebazpena, Lanbide Heziketako sailburuordearena eta Enplegu eta Lan sailburuordearena, EHAAn argitaratua 2013-12-27an), lanbide-ziurtagiri bat eskuratu ahal izateko prestakuntza-ibilbidea amaitu behar dutenak).

Aipatutako langileen artean, lehentasun-ordena honi jarraituko zaio:

a) Araututako sektore batean ari direnez, lanbide-ziurtagiri bat behar duten langileak.

b) Konpetentziak Ezagutzeko Tresnan parte hartu duten langileak eta langabeak, beren lanbide-profilei dagokien lanbide-prestakuntzako konpetentzien ziurtapena osatu behar dutenak. Horien artean, lehentasuna izango dute ziurtatu beharreko prestakuntza-unitate gutxiago falta zaizkienez ziurtagiria lortzetik hurbilen daudenek.

2.– Aurreko atalaren ildoan eskainitako prestakuntza-ekintzetarako hautagaiak osatzen ez badira, 2013 baino lehenagoko deialdietako ziurtatze-prozeduretan parte hartutako ikasleengana jo ahal izango da, prestakuntza horien premia badute.

B) Hautatutako langabe guztiek lehendik langabe moduan eta Lanbiden enplegu-eskatzaile moduan egon behar dute izen emanda. Hautaketa-prozesua amaitzen denean, Prestakuntza Zentroek 7 egun baliodun izango dituzte haren emaitzaren berri emateko Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.

C) Lanbide Ziurtagiria lortzeko ziurtatu gabeko prestakuntza-unitateak adina ikastaro egin daitezke, eta ez gehiago.

D) Prestakuntza Zentroak bere iragarki-taulan agertuko du, prestakuntza-ekintzak hasi baino gutxienez 24 ordu lehenago, hautatuak izan direnen eta ikastaroetan parte hartzeko erreserban daudenen zerrendak. Horrekin batera, prestakuntza-ekintzak non, noiz eta zer ordutan egingo diren adierazi behar dute.

Prestakuntza Zentroek egoki iritzitako bestelako bideak ere balia ditzakete ikasleei beren parte-hartzearen berri emateko. Prestakuntza Zentroek ordainduko dute hautaketako emaitzen berri emateko bestelako bide horien kostua, halakorik balego.

Zortzigarrena.– Alderdien betebeharrak.

1.– Prestakuntza emango duten Zentroek betebehar hauek izango dituzte:

a) Akordio honen I. Eranskinean adierazitako prestakuntza-ekintzak gauzatzea, aurreikusitako ordu eta egunetan, eta haietan gerta daitezkeen aldaketa esanguratsuen berri ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari. 2014an hasi eta amaitu behar dira prestakuntza-ekintza guztiak.

b) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea prestakuntza-ekintzen hasiera, akordio honen II. eranskinean adierazitako eredua erabiliz.

c) Lanbide Ziurtagiriak arautzeko errege-dekretuek prestatzaileentzat ezarritako eskakizunak betetzen direla ziurtatzea. Ikastaroak ematen dituen zentroko Zuzendaritzak ziurtagiri bat egin behar du, akordio honen III. eranskinean jasotako ereduari jarraituz, eskakizun horiek betetzen direla egiaztatzeko. Ikastaroen hasierako dokumentazioari atxikiko zaio ziurtagiri hori.

d) Ikastaroen hasieran, gutxienez honako material hau ematea prestakuntza-ekintzetan parte hartzen dutenei:

– Eskuliburu bat, editatua edo euskarri informatikoan, espezialitatearen eduki guztiak biltzen dituena.

– Ikastaroa garatzeko beharrezkoa den idazmahaiko materiala eta ezinbestekoak diren babes-elementuak.

e) Lan-esperientzia eta/edo ikasketa ez-formalak ezagutzeko prozedurari buruzko informazioa ematea prestakuntza-ekintzetan parte hartu nahi duten pertsonei, haien prestakuntza-premiak eta programatu diren prestakuntza-ekintzetan parte hartzeko aukerak argitzeko.

f) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak prestakuntza-ekintzak egiteko emandako finantzaketaren publizitatea egitea.

g) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko teknikariekin batera hautatzea prestakuntza-ekintzetan parte hartuko duten pertsonak. Aholkulariak edo ebaluazio-batzordeak egindako txosten pertsonala aurkeztu behar du hautagaiak, agindutako prestakuntza adierazten duena. Txosten hori aurkezten duen ikasleak ez ditu funtsezko prestakuntza-unitateak egin beharko, baldin eta ustez ziurtatzen baditu lan-esperientzia edo ikasketa ez-formalak frogatuta.

h) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko teknikariei ematea haiek ikastaroen garapenari buruz eskatutako informazio guztia.

i) Parte-hartzaileen ebaluazioa egitea, Euskal Autonomia Erkidegoan Lanbide Ziurtagiriak Garatzeko eta Aplikatzeko 2014ko jarraibideekin bat etorriz.

j) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari hilero jakinaraztea ikasleen bajak edo uzteak, bai eta prestakuntza-ekintzak egitean gertatzen diren gorabehera aipagarriak ere.

k) Ikastaroetan libre geratu diren lekuen berri ematea erreserban dauden pertsonei, eta bajak betetzen dituzten pertsonek prestakuntza-ekintzaren gainerako denbora aprobetxatzeko behar adinako jakintza dutela ziurtatzea.

l) Ikastaroetan parte hartzen duten pertsonen bertaratze-kontrola eramatea.

m) Ikasleei baja ematea, baldin eta egoera hauetakoren batean badaude:

– Prestakuntza-ekintzaren % 25era ez agertzea, arrazoia edozein dela ere, justifikatuta nahiz justifikatu gabe. Parte-hartzailea prestakuntza-ekintza hasita zegoela sartu bada, bertaratu ez izana kalkulatzeko, kontuan hartuko dira sartu zenetik ekintza bukatu arte geratzen ziren orduak.

– Prestakuntza ematen duen zentroaren edo erakundearen eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren iritziz prestakuntza-ekintza ez aprobetxatzea, edo portaera egokirik ez izatea.

– Prozedura hau beteko da ikasle bat baztertzea erabakitzeko:

1) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak edo prestakuntza-zentro edo -erakundeak kanporatzeko arrazoiren bat hautematen badu, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari horren berri idatziz eman ondoren, Lanbidek jakinarazpena aintzat hartzen badu, Enplegurako Prestakuntzaren eta Diru-sarreren Bermerako zuzendariak kanporatze-prozedura hasteko erabakia hartu, eta erabaki horren berri emango dio dagokion ikasleari. Ikaslea baztertzeko proposamena egiteko arrazoia azalduko da prozedurari ekiteko erabaki horretan, eta ikasleak hamar egun naturaleko epea izango du alegazioak aurkezteko. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak ebatziko du prozedura, 15 eguneko epean. Egoerak hala eskatzen badu, prestakuntza-ekintzaren jarraipen egokia bermatzeko behin-behineko neurriak har daitezke baztertze-prozedurari ekiteko erabakian. Neurri horietako bat izan daiteke ikaslea behin-behinean baztertzea prozedura abiatzeko erabakia jakinarazten zaionetik prozedura ebatzi arte.

2) Ebazpenaren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta biharamunetik aurrera, edo bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ere aurkez daiteke, Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

n) Akordio honetako IV. eranskinean ageri diren kalitate-inkestak egitea ikasleei, eta haiek bete ondorengo 7 egun baliodunetan emaitzak igortzea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko teknikariei.

o) Lanbideko teknikariek intzidentziak egiaztatu eta konpondu nahian ikastaroetara egindako bisitaldiak erraztea.

p) «Bukaerako Ebaluazioari buruzko Akta» egitea (X. eranskina, Lanbide Ziurtagiriei buruzko 2014ko Jarraibideei buruzkoa) Gaituz aplikazioa erabiliz, gainditutako prestakuntza egiaztatzeko diplomak ateratzea aplikazio horretatik eta ikasleei ematea, Lanbide Ziurtagiria egiteko eskaerarekin batera, hala badagokio. Ikasleak ikastaroa emaitza onarekin gainditzen ez badu, bertaratze-ziurtagiria emango zaio.

q) Ezarritako moduan eta dokumentazioarekin justifikatzea emandako prestakuntza-ikastaroen gastuak, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan likidazio-eskaera aurkeztea, 2014ko abenduaren 22a baino lehen. Justifikazioa egiteko, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak horretarako emandako ebazpenari jarraituko zaio, bertan jasotzen baitira gastua behar bezala justifikatzeko jarraibideak eta dokumentazio zehatza.

2.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren betebeharrak honako hauek dira:

a) Kudeaketa-gomendioari buruzko akordio honetan oinarrituta egindako prestakuntza-ekintzak finantzatzea.

b) Prestakuntza-zentroetako arduradunekin lankidetzan aritzea, prestakuntza-ekintzetan parte hartuko duten pertsonak aukeratzen. Horretarako, ezarritako aurrerapenaz eman behar du hautagaien zerrenda, bai eta lehentasunak ezartzeko prozesurako informazioa ere; halaber, aholkularitza teknikoa eman behar du prozesu horretan.

c) Gertatzen diren intzidentziak konpontzen laguntzea ikastaroak ematen dituzten zentroei.

d) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari helarazitako ikastaroen emaitzen aktak gorde behar dituzte ikastaroak eman dituen zentroko arduradunek.

e) Hautagai bakoitzak prestakuntzan eskuratutako moduluak edo unitateak erregistratzea.

f) Ziurtagiri partzial metagarriak egitea eta ematea.

Bederatzigarrena.– Gomendioaren indarraldia.

Onartutako programazioa eta diru-hornidura izango ditu kudeaketa-gomendio honek.

Hamargarrena.– Kudeaketa-gomendio honek ez dio beste inori lagatzen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eskumenen eta horiek gauzatzeko funtsezko elementuen titulartasuna. Hori horrela, erakunde autonomo horrek eman behar ditu kudeaketa-gomendio honen xede den jarduera material zehatzaren euskarri edo sorburu diren egintza eta ebazpen juridikoak.

Bi aldeak ados daude agiri honetan adierazten denarekin, eta, horrela jasota gera dadin, kudeaketa-gomendio hau formalizatzeko tresna hau izenpetzen dute biek.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko urriaren 24a.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua,

JUAN MARÍA ABURTO RIQUE.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala