Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

208. zk., 2014ko urriaren 31, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

SEGURTASUN SAILA
4641

207/2014 DEKRETUA, 2014ko urriaren 21ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoak segurtasun pribatuaren arloan dituen eskumenak arautzen dituena.

Euskal Autonomia Erkidegoak eskumena du segurtasun pribatuaren sektorean Euskal Autonomia Erkidegoan egiten diren jarduerak kontrolatzeko, Autonomia Estatutuaren eta Segurtasun Pribatuari buruzko 2014ko apirilaren 4ko 5/2014 Legearen arabera, zeina berria baita. Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema antolatzen duen 2012ko ekainaren 28ko 15/2012 Legeak jasotzen ditu eskumen horiek eta segurtasun publikoko politikekin duten lotura.

Eskuduntza horiek nola gauzatu antolatzeko asmoz, bere garaian idatzi zen 1996ko abenduaren 24ko 309/1996 Dekretua, une hartan indarrean zegoen araudiak emandako eskuduntzen arabera.

Hala ere, 2014ko apirilaren 4ko 5/2014 Legea berriki onartzeak aldatu egin du funtsean jarduera-sektore horri aplikagarria zitzaion araubidea, arestian aipatutako 1996ko abenduaren 24ko 309/1996 Dekretuak aurreikusitako erregulazioan eraginez. Hortaz, azken hori berrikusi egin behar da.

Berrikuspen hori beharrezkoa da, bai lege berriak zeregin eta kontrol berriak ezartzen dituelako Euskal Administrazioaren kargura, bai Euskadiko Segurtasun Pribatuaren Erregistro berri bat sortzera behartzen duelako, Euskal Autonomia Erkidegoak arlo horretan garatu beharreko eskuduntzak zuzen gauzatzeko ezinbesteko tresna gisa.

Hortaz, Dekretu honen bidez eguneratzen da segurtasun pribatuaren arloan Euskal Autonomia Erkidegoak dituen berezko eskuduntzen eta atribuzioen kudeaketa-mekanismoen konfigurazioa, eta, era berean, horiek gauzatu behar dituzten Segurtasun Saileko organoak zehazten dira, sektoreari eragiten dion lege-esparru berria kontuan hartuta.

Horri jarraikiz, Segurtasuneko sailburuak proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak 2014ko urriaren 21ean izandako bileran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau,

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Helburua.

Dekretu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoari dagozkion eskuduntzen gauzatzea erregulatzea, segurtasun pribatuari buruzko estatuko araudia aplikatuta.

2. artikulua.– Segurtasun-enpresak, detektibe-bulegoak, prestakuntza-zentroak eta norberak erabiltzeko alarmen zentralak.

1.– Autonomia Erkidegoaren berezko eskuduntzen arloan, segurtasun publikoan eskumena duen sailaren zuzendaritza-organoari dagokio egitura organikoaren eta funtzionalaren dekretua zehaztea:

a) Egoitza autonomia-erkidegoan duten eta jarduera-esparrua haren lurraldera mugatuta daukaten segurtasun pribatuko enpresen eta haien ordezkaritzen eraketa baimentzea, edo hala badagokio, gaitzen dituzten erantzukizunpeko aitorpena jasotzea.

b) Egoitza autonomia-erkidegoan duten eta jarduera-esparrua haren lurraldera mugatuta daukaten detektibe pribatuen bulegoen eta haien sukurtsalen irekiera gaitzen duten erantzukizunpeko aitorpena jasotzea.

c) Egoitza autonomia-erkidegoan duten segurtasun pribatuko langileak prestatzeko zentroen erantzukizunpeko aitorpena jasotzea.

d) Norberak erabiltzeko alarmen zentral hartzailea baimentzea beren titulartasuneko eta autonomia-erkidegoan kokatutako ondasun higiezinetan edo higigarrietan instalatutako segurtasun-sistemetatik jasotako alarma-seinaleak konektatzeko, hartzeko, egiaztatzeko, eta, hala badagokio, erantzuna emateko eta transmititzeko.

e) Euskadiko Segurtasun Pribatuaren Erregistroan ofizioz inskribatzea, aurreko lerrokadetan azaldutako kasuetan, segurtasun-enpresak eta haien ordezkaritzak; detektibe-bulegoak eta haien sukurtsalak; segurtasun pribatuko langileak prestatzeko zentroak eta norberak erabiltzeko zentral hartzaileak, baita gainerako erregistro-datuak, aldaketak eta inskripzioaren baliogabetzea ere.

2.– 2014ko apirilaren 4ko 5/2014 Legearen 19.1.f) eta 24.2.f) artikuluetan aurreikusitako kasuetan eman behar diren abal edo kauzio-asegurua lehenengo lerrokadan aipatzen den organoaren esanetara egingo da. Bermea abal gisa emanez gero, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusian gordailutuko da.

3.– Aurreko lerrokadetan aipatutako organoa eskumenduna da segurtasun-enpresek eta detektibe-bulegoek EAEko administrazioari aurkeztu behar dioten dokumentazioa eta jakinarazpenak jasotzeko, segurtasun pribatuari buruzko estatuko araudiaren arabera. Dokumentazio eta jakinarazpen horiek honako hauek izango dira, besteak beste:

a) Jardueren hasiera-dataren jakinarazpena.

b) 2014ko apirilaren 4ko 5/2014 Legearen 21.1.c) eta 25.1.h) artikuluetan aurreikusitako jakinarazpenak.

c) Segurtasun pribatuko enpresen jarduerei buruzko txostena eta urteko kontuen laburpena, 2014ko apirilaren 4ko 5/2014 Legearen 21.1.e) artikuluak aipatuak.

d) Detektibe-bulegoetako aurreko urteetako jardueren urteko txostena, 2014ko apirilaren 4ko 5/2014 Legearen 25.1.i) artikuluak aipatua.

e) Segurtasun pribatuari buruzko estatuko araudiaren arabera aurkeztu behar duten beste zeinahi dokumentazio edo jakinarazpen.

3. artikulua.– Segurtasun pribatuaren arloko jarduerak eta zerbitzuak.

1.– Autonomia-erkidegoaren berezko eskuduntzen arloan, segurtasun publikoan eskumena duen sailaren zuzendaritza-organoari dagokio egitura organikoaren eta funtzionalaren Dekretua zehaztea, eta legez aurreikusitako kasuetan autonomia-erkidegoan egiten diren segurtasun pribatuaren arloko jardueren eta zerbitzuen baimenak ebaztea. Bereziki, zeregin hauek dagozkio:

a) 2014ko apirilaren 4ko 5/2014 Legearen 40.2 artikuluan aurreikusitako kasuetan edo baldintzetan suzko armak eramaten dituzten segurtasun pribatuko zerbitzuen prestazioa baimentzea.

b) 2014ko apirilaren 4ko 5/2014 Legearen 41.2 artikuluan aurreikusitako zaintza- eta babes-zerbitzuak baimentzea.

c) 2014ko apirilaren 4ko 5/2014 Legearen 43. artikuluan aurreikusitako babes pertsonaleko zerbitzuak baimentzea, Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean garatzen direnean.

d) 2014ko apirilaren 4ko 5/2014 Legearen 42.2 artikuluaren arabera, bide eta eremu publikoetan edo sarbide publikoa dutenetan irudiak eta soinuak hartzeko segurtasun pribatuaren arloko helburuekin kameren edo bideokameren erabilera baimentzea.

e) Segurtasun pribatuari buruzko estatu-araudian aurreikusita dauden eta erkidegoaren lurraldean segurtasun pribatuko jarduerak eta zerbitzuak eskaintzeari buruzkoak diren beste zeinahi baimen edo salbuespen.

2.– Babes pertsonaleko zerbitzuak baimentzeko, Ertzaintzaren txostena eskatu ahal izango da, eskatutako zerbitzua gauzatuko den lekuak kontuan izanda. Segurtasun pribatuari buruzko estatuko araudian aurreikusita dauden eta eraginkortasunez kontrolatzeko beharrezkoa den baimena eta hari buruzko datu guztiak jakinaraziko zaizkio Ertzaintzan dagozkien unitateei.

3.– Lehenengo lerrokadan ezarritakoari kalterik egin gabe, segurtasun publikoan eskumena duen sailburuari dagokio erabakitzea, eskumen autonomikoen baitan, 2014ko apirilaren 4ko 5/2014 Legearen 41.3 artikuluan aurreikusitako kasuetan zaintza- eta babes-zerbitzuen prestazioei buruz.

4. artikulua.– Segurtasun-neurriak.

1.– Autonomia-erkidegoan kokatutako segurtasun-enpresek, detektibe-bulegoek eta industria-, merkataritza- eta zerbitzu-establezimenduek eta -instalazioek hartu beharreko nahitaezko segurtasun-neurriei dagokienez, egitura organikoaren eta funtzionalaren dekretua zehazten duen eta segurtasun publikoan eskumena duen sailaren zuzendaritza-organoari dagokio hau:

a) Segurtasun-neurriak nahitaez hartu behar dituzten eta autonomia-erkidegoan kokatuta dauden industria-, merkataritza- eta zerbitzu-establezimenduak eta -instalazioak baimentzea, segurtasun pribatuari buruzko estatuko araudian aurreikusitakoaren arabera beharrezkoa denean.

b) Segurtasun pribatuko erabiltzaileei eta segurtasun-enpresei ezartzea erakundearen, enpresaren edo enpresa-taldearen segurtasun integralaren aurrean segurtasun-zuzendari bat izendatzeko derrigortasuna, segurtasun pribatuari buruzko estatuko araudian aurreikusitakoaren arabera beharrezkoa denean.

c) Zenbait segurtasun-jardueretarako segurtasun-buru espezifiko bat egon dadin eskatzea.

d) Segurtasun-sailen sorkuntzen jakinarazpena jasotzea horretara behartuta ez dauden enpresen eta erakundeen eskutik.

e) 2014ko apirilaren 4ko 5/2014 Legearen 44. artikuluaren kontuan harturik 5.1.c) eta 5.1.d) artikuluetan aurreikusitako kasuetan segurtasun-gordailuen zerbitzuen prestazioaren derrigortasuna zehaztea.

f) Segurtasun pribatuari buruzko estatuko araudian aurreikusitako aurrerapenaren eta kasuetan, objektu baliotsuen edo arriskutsuen eta leherkorren garraioari eta banaketari buruzko jakinarazpena jasotzea, Ertzaintzan dagokien unitateek gainbegiraketa egin ahal izateko.

g) Oro har zehaztea blindatu gabeko ibilgailuen babesa, segurtasun pribatuari buruzko estatuko araudian aurreikusitako kasuetan.

h) Zaintza egiteko, pertsonak eta ondasunak babesteko, objektu baliotsuak, leherkorrak edo arriskutsuak gordailutu, garraiatu eta banatzeko baimendutako enpresei dagokienez, zehaztea, segurtasun pribatuari buruzko estatuko araudian aurreikusitakoaren arabera, zer kasutan bermatu behar duten beren egoitzaren eta zerbitzua ematen duten langileen arteko komunikazioa.

i) Segurtasun pribatuari buruzko estatuko araudiaren arabera, segurtasun-neurrien ezarpenari eta funtzionamenduari dagokionez, segurtasun pribatuari buruzko estatuko araudian aurreikusitako gainerako esku-hartzeak egitea.

j) Nahitaezko segurtasun-neurrien ezarpena salbuestea horiekin batera gertatzen diren baldintzengatik beharrezkoak ez badira edo desegokiak badira, segurtasun pribatuari buruzko estatuko araudiaren aurreikuspenen arabera.

2.– Segurtasun publikoan eskumena duen sailburuordeak modu arrazoituan agindu ahal izango du autonomia-erkidegoan kokatutako industria-, merkataritza- eta zerbitzu-establezimenduek eta -instalazioek eta bertan egin beharreko ekitaldien antolatzaileek segurtasun pribatuari buruzko estatuko araudian ezarritako neurriak hartzea, 2014ko apirilaren 4ko 5/2014 Legearen 51. artikuluan adierazitako irizpideak kontuan hartuta, titularrari edo antolatzaileari aldez aurretik entzun ondoren.

3.– Segurtasun-neurriak organo edo organismo publikoetan ezartzea beharrezkoa dela joz gero, egitura organiko eta funtzionalari buruzko dekretua zehazten duen eta segurtasun publikoan eskumena duen saileko zuzendaritza-organoak dagokion proposamena egingo du, eta, babestu beharreko instalazioak edo lokalak mendeko dituzten administrazio-organoarekin edo erakundearekin aldez aurretik adostuta, bidezko ebazpena emango du.

Autonomia-erkidegoko erakunde komunen eraikin edo instalazio publikoetan babes- eta segurtasun-neurriak ezarriz gero, segurtasun publikoan eskumena duen sailaren zuzendaritza-organoak dagokion ebazpena emango du, eraikin edo instalazio horiek mendeko dituzten zuzendaritza-organoekin aldez aurrekin komunikatu ondoren.

5. artikulua.– Lankidetza profesionala.

1.– Ertzaintzak segurtasun-enpresei, detektibe-bulegoei eta segurtasun pribatuko langileei eskatu ahal izango die lankidetzarako betebehar berezia beren eginkizunetan, segurtasun pribatuari buruzko estatuko araudian ezarritakoaren arabera.

2.– Ertzaintzak arriskuak ebaluatzea errazteko eta ondorioz babes-neurriak ezartzeko lagungarri den informazioa eman ahal izango die segurtasun pribatuko langileei, beren eginkizunak betetzean. Informazio horretan izaera pertsonaleko datuak baleude, segurtasun publikoarentzat egiazko arriskua dagoenean edo arau-hauste penalak saihesteko baino ezin izango dituzte horiek jakinarazi.

6. artikulua.– Lankidetza eta partaidetza.

Segurtasun publikoan eskumena duen sailak egokiak diren antolakuntza-neurriak hartuko ditu segurtasun- eta ikerketa pribatuko zerbitzuen eta Ertzaintzaren eta udaltzaingoen arteko koordinazioa bermatzeko, eta horretarako, hau sustatuko du:

a) Segurtasun pribatuko enpresei eta langileei jarraibide eta gidalerroak igortzea errazteko komunikazio-kanalak egotea.

b) Gorabehera kritikoetan baterako erantzuna planifikatzea, eta segurtasun pribatuko enpresa eta langileentzako laguntza bilatzea beren eginkizunak betetzean, polizia-indarrekin edo segurtasun publikoko sistemako beste alde batzuekin.

c) Nahitaezko segurtasun-neurriak eduki behar dituzten jardueretan eta jarduerarako segurtasuna garrantzitsua denetan, segurtasunari buruzko politika publikoetan parte hartzea.

d) Euskadiko Segurtasun Pribatuaren Batzorde Mistoaren jarduera bultzatzea.

7. artikulua.– Kontrol-jarduerak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoak segurtasun pribatuari dagokionez onartutako eskumenen arloan, Ertzaintzari dagokio segurtasun pribatuaren esparruan enpresak, detektibe-bulegoak, horien zerbitzuak edo jarduerak eta horien langileak eta bitartekoak kontrolatzea eta ezartzen diren aginduak eta jarraibideak betetzea. Horretarako, hau dagokio:

a) Segurtasun pribatuko zerbitzuen prestazio-kontratuen jakinarazpena jasotzea, horiek hasi baino lehenago, 2014ko apirilaren 4ko 5/2014 Legearen 9.2 artikuluaren arabera.

b) Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldean detektibe-bulegoek edo haien sukurtsalek egindako ikerketa-zerbitzuen kontratuen jakinarazpena jasotzea.

c) Segurtasun pribatuko enpresek instalatutako sistemen datuak jasotzea eta horietara sartu ahal izatea, 2014ko apirilaren 4ko 5/2014 Legearen 15. artikuluan ezarritako baldintzetan.

d) Segurtasun-enpresen aldetik jasotzea eskura dituzten segurtasun pribatuko langileen alten eta bajen jakinarazpenak eta zerbitzuekin lotutako gertakari zehatzak, 2014ko apirilaren 4ko 5/2014 Legearen 21.1 artikuluan ezarritakoaren arabera, segurtasun pribatuari buruzko estatuko araudian ezarritako aurrerapenarekin eta baldintzetan.

e) Detektibe-bulegoen eskutik jasotzea, edozein arrazoirengatik bulegoa itxiz gero, kontratuei, ikerketa-txostenei eta erregistro-liburuei buruzko dokumentazio profesionala, 2014ko apirilaren 4ko 5/2014 Legearen 25.1.j) artikuluak aipatutakoak.

f) Segurtasun pribatuko langileen betebeharren betetze-maila egiaztatzea dokumentazio profesionalari eta armen kontserbazioari dagokionez, bai eta delitu edo arau-hauste kasuetan izandako jokaerei dagokienez ere, 2014ko apirilaren 4ko 5/2014 Legearen 27, 32.1.c), 32.1.d), 32.3, 33.2, 33.3, 34.1, 34.4, 37.4 eta 39.5 artikuluetan ezarritakoaren eta hura garatzeko arauzko araudiaren arabera, eta horien armei dagokienez, arma horiek edukitzeari eta erabiltzeari buruzko estatuko araudiaren arabera.

g) Segurtasun pribatuko enpresetako ingeniari eta teknikariek, segurtasun-langileek eta prestakuntza-zentroetako irakasleek dagokien akreditazioa dutela egiaztatzea.

h) Bideozaintza-sistemekin egindako grabaketak eskatzea, 2014ko apirilaren 4ko 5/2014 Legearen 42.4 artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

i) Alarmen kudeaketa-zerbitzuak kontrolatzea, alarmen zentralen eskutik konexioen eraginkortasunaren dataren jakinarazpena hartzea, alarmen zentralen eskutik alarmen jakinarazpena hartzea eta horiek datozen higiezinerako sartzea dagokiolarik, bai eta salaketa-prozedurak eta alarmen deskonexioa ere alarma faltsuengatik, segurtasun pribatuari buruzko estatuko araudian aurreikusitakoaren arabera.

j) Segurtasun-enpresek eskatuta, baimentzea ibilgailu batean armarik gabeko segurtasun-zaindarien eskutik giltzen zaintza-zerbitzuen prestazioa, segurtasun pribatuari buruzko Estatuko araudian aurreikusitako baldintzetan.

k) Detektibe pribatuen bulegoekin lotuta, 2014ko apirilaren 4ko 5/2014 Legearen 49.3 artikuluan aipatutako txostena bere esku izatea.

l) Detektibe pribatuen bulegoekin lotuta, ikerketa pribatuetan lortutako datuak bere esku izatea, 2014ko apirilaren 4ko 5/2014 Legearen 49.5 eta 50. artikuluetan aurreikusitakoaren arabera.

m) Zirkulatzeko bide espezifikoak eta esklusiboak dituzten garraiobideen zaintza- eta babes-zerbitzuen koordinazioa, baita beharrezkoa den beste zeinahi kasurena ere, segurtasun pribatuari buruzko estatuko araudian ezarritakoaren arabera.

n) Nahitaezkoa denean, segurtasun-enpresek eta detektibe-enpresek eduki behar dituzten erregistro-liburu orokorren eta espezifikoen diligentziatua, eta segurtasun pribatuari buruzko estatuko araudian aurreikusitako beste zeinahi.

ñ) Beharrezkoa izandakoan poligonoetako, urbanizazioetako eta beste leku batzuetako zaintzaileek identifikatutako pertsonak agertzen diren zerbitzu-orriak igortzea, segurtasun pribatuari buruzko estatuko araudiaren aurreikuspenen arabera.

o) Segurtasun pribatuko neurriak edukitzera behartuta dauden enpresen, establezimenduen eta instalazioen eta ekitaldien arduradunen eskutik jasotzea dagokion dokumentazioa, segurtasun pribatuari buruzko estatuko araudiaren arabera; hain zuzen, segurtasun-neurriek, bitarteko materialek eta alarma-sistemek erakunde eskumendunen homologazio-eskakizunak betetzen dituztela bermatzen dutenak.

p) Segurtasun-enpresen, detektibe-bulegoen, segurtasun pribatuko langileen, akreditatutako langileen, prestakuntza-zentroen eta segurtasun pribatuko zerbitzuen erabiltzaileen eskutik jasotzea Ertzaintzak egin beharreko kontrol- eta kudeaketa-jardueretarako beharrezkoak diren beste zeinahi datu.

q) Segurtasun pribatuari buruzko araudian espezifikoki erregulatutako gainerako kontrol-eginkizunak edo polizia-jarduerei atxikitakoak nahiz horien osagarriak direnak.

2.– Kontrol-jarduerak egitean administrazio arau-hauste bat egon daitekeela detektatuz gero, eskudun agintaritzari dagokion prozedura zigortzailea abiarazteko eskatuko diote. Delitu-egitate bat egon daitekeela detektatuz gero, berriz, berehala emango diote horren berri agintaritza judizialari.

8. artikulua.– Ikuskatze-jarduerak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean 2014ko apirilaren 4ko 5/2014 Legearen 54. artikuluan aurreikusitako ikuskatze-jarduerak Ertzaintzari dagozkio, eta artikulu horretan aurreikusitako jarduerei lotuko zaie.

Ondorio horretarako, segurtasun-enpresek, detektibe-bulegoek eta segurtasun pribatuko langileek, akreditatutako langileek, segurtasun pribatuko zerbitzuak nahitaez kontratatu behar dituzten establezimenduek, prestakuntza-zentroek, norberak erabiltzeko alarmen zentralek eta zerbitzu horiek kontratatzen dituzten erabiltzaileek beren instalazio eta bitartekoetarako sarbidea erraztu beharko diete Ertzaintzako kideei, ikuskapena egin dezaten, eta erraztasunak eman beharko dizkiete segurtasun-kontratuetan, ikerketa-txostenetan eta erregistro-liburuetan dagoen informazioa eskura dezaten, segurtasun pribatuari buruzko estatuko araudian aurreikusitako kasuetan eta moduan.

2.– Ertzaintzak urteko ohiko ikuskapen-planak ezarriko ditu kontrolatu beharreko jarduerei dagokienez, segurtasun pribatuari buruzko estatuko araudiaren arabera, irregulartasunei buruzko kontrol- edo salaketa-ekintzetatik eratorritako egiaztapen-jarduerei kalterik egin gabe. Egindako ikuskatzearen emaitzarekin akta bat idatziko da.

3.– Segurtasun pribatuaren kontrolaz eta ikuskapenaz arduratzen diren Ertzaintzako kideek dagokion informazioa eskatu eta behin-behineko neurriak hartu ahal izango dituzte 2014ko apirilaren 4ko 5/2014 Legearen 55. artikuluan aurreikusitako prozedura zigortzailea ezarri baino lehen, eta berehala emango die horren berri organo eskumendunari, espediente zigortzaileari hasiera emateko. Horiek berretsi, aldatu edo baliogabetu egin beharko dira hamabost eguneko epean gehienez.

9. artikulua.– Ahal zigortzailea baliatzea.

1.– 2014ko apirilaren 4ko 5/2014 Legean ezarritakoarekin bat etorrita, Euskal Autonomia Erkidegoari dagokio lege horren arau-hausteak zigortzea honako kasu hauetan:

a) Baimena edo aurretiazko kontrola eta erregistro-inskripzioa autonomia-erkidegoari dagokion segurtasun-enpresek, detektibe-bulegoek, segurtasun pribatuko langileen prestakuntza-zentroek eta norberak erabiltzeko alarmen zentralek egindako arau-hausteak.

b) Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako eta segurtasun-neurriak hartzera behartutako establezimendu eta instalazioek egindako arau-hausteak.

c) Autonomia-erkidegoaren lurraldean zerbitzuak eskaintzen dituzten segurtasun pribatuko jarduerei, zerbitzuei eta funtzioei buruzko beste zeinahi motatako arau-hausteak, hain zuzen, segurtasun-enpresek, detektibe-bulegoek, segurtasun pribatuko langileek, akreditatutako langileek eta borondatez edo nahitaez segurtasun pribatuko zerbitzuak edo neurriak kontratatzen dituztenek eginak.

2.– Segurtasun publikoan eskumena duen sailaren egitura organikoaren eta funtzionalaren Dekretuak ezarriko ditu bere zein zuzendaritza-organori dagokion ahal zigortzailea gauzatzea, baita kautelazko neurriak eta prozedura zigortzailearen instrukzioa hastea eta hartzea ere.

10. artikulua.– Euskadiko Segurtasun Pribatuaren Erregistroa.

1.– Euskadiko Segurtasun Pribatuaren Erregistroa sortzen da bere egitura organikoaren eta funtzionalaren dekretua zehazten duen eta segurtasun publikoan eskumena duen sailaren zuzendaritza-organoari atxikita.

2.– Ofizioz inskribatuko dira, dagokien baimenak eman, edo, hala badagokio, erantzukizunpeko aitorpenak aurkeztu ondoren, edo nahitaezko gaikuntzak lortu ondoren:

a) Gizarte-egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duten eta jarduera-eremua lurralde horretara mugatuta duten segurtasun-enpresak eta haien ordezkaritzak.

b) Gizarte-egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duten eta jarduera-eremua lurralde horretara mugatuta duten detektibe pribatuen bulegoak eta haien sukurtsalak.

c) Egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duten segurtasun pribatuko langileen edo langilegaien prestakuntza-zentroak.

d) Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta dauden eta jarduera-eremua lurralde horretara mugatuta duten norberak erabiltzeko alarmen zentralak.

e) Inskribatutako segurtasun-enpresei eta detektibe pribatuen bulegoei eragiten dieten aldaketak, 2014ko apirilaren 4ko 5/2014 Legearen 21.1.c) eta 25.1.h) artikuluetan aipatutako erregistro-datuei dagokienez.

3.– Era berean, Erregistroan inskribatuko dira datu hauek, autonomia-erkidegoan zerbitzua eskaintzen duten segurtasun pribatuko zerbitzuei dagokienez:

a) Segurtasun informatikoko jarduerak egiten dituzten enpresen datuak, segurtasun pribatuari buruzko estatuko araudian ezarritakoaren arabera.

b) Segurtasun pribatuaren arloan ezarritako zigorrak.

c) Kontratuen eta haien aldaketen jakinarazpenak.

d) Segurtasun-enpresen aldetik egindako jakinarazpenak segurtasun pribatuko langileen altei eta bajei buruzkoak eta eskaintzen dituzten zerbitzuekin lotutako gertakari zehatzei buruzkoak, 2014ko apirilaren 4ko 5/2014 Legearen 21.1.c) artikuluaren arabera.

e) Euskadin segurtasun pribatua kontrolatzeko eta kudeatzeko beharrezkoak diren beste zeinahi datu.

4.– Administrazio Elektronikoari buruzko 2012ko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan aurreikusitakoaren arabera, segurtasun-enpresek egindako kontratuei eta horien aldaketei, segurtasun pribatuko langileen altei eta bajei, eta eskaintzen dituzten zerbitzuekin lotutako gertakari zehatzei buruzko jakinarazpenak eta kontrol- eta kudeaketa-jardueretarako beharrezkoak diren eta aurrekoekin lotuta dauden beste datu batzuen jakinarazpenak Egoitza Elektronikoaren helbide honen bidez baino ez dira egingo: https://euskadi.net

5.– Erregistroan ezin izango da inskribatu enpresarik, baldin eta haren izena bat badator edo nahastu egin badaiteke lehendik izena emanda dagoen beste baten izenarekin edota herri-administrazioen organoen edo dependentzien izenarekin, edota izena jarduera berdinetarako edo antzekoetarako aurretik izena emandako marka batekin bat datorrenean edo nahastera eraman dezakeenean, titularrak hala eskatzean edo adostasuna ematean izan ezik.

6.– Segurtasun pribatuko enpresak, detektibe-bulegoak, segurtasun pribatuko langileak prestatzeko zentroak eta norberak erabiltzeko alarmen zentralak direla-eta, gai honi buruzko erregistro-idazpenak baino ez dira publikoak izango: izenari edo sozietatearen izenari buruzkoak, egoitzari buruzkoak, identifikazio fiskaleko zenbakiari buruzkoak, eta jarduera batzuei buruzkoak (baimenduta dutenak edo haien gaineko erantzukizunpeko aitorpena dutenak).

7.– Erregistroak inskribatzen dituzten segurtasun pribatuko enpresen gainean egiten dituzten inskripzioen eta oharren datuak jakinarazi beharko dizkio Segurtasun Pribatuaren Erregistro Nazionalari, baita haien aldaketak eta ezeztapenak ere.

11. artikulua.– Ohorezko aipamenak.

1.– Bere betebeharrak betetzean nabarmentzen diren segurtasun pribatuko langileei Segurtasun Saileko ohorezko aipamenak eman ahal izango zaizkie.

2.– Aipamen horiek ofizioz edo partikularren, langileen enpresen edo segurtasun pribatuarekin zerikusia duten beste erakunde batzuen ekimenez eman ahal izango dira. Hain justu, egitura organiko eta funtzionalari buruzko dekretua zehazten duen eta segurtasun publikoan eskumena duen saileko zuzendaritza-organoak emango du, interesatuari aldez aurretik ofizialki jakinarazi ondoren.

3.– Segurtasun pribatuko langileei ez ezik, segurtasun pribatuaren sektorearekin edo jarduerekin lotutako edo haiekin zerikusia duten pertsona fisiko edo juridikoei ere eman ahal izango zaizkie aipamenak.

4.– Ohorezko aipamenak emango dira arriskugarritasun, nekagarritasun, ekimen profesional edo gizarte-garrantzi bezeria kontuan hartuta.

12. artikulua.– Erakundeen arteko lankidetza.

1.– Segurtasun publikoan eskumena duen sailak lankidetza- eta koordinazio-mekanismoen ezarpena sustatuko du segurtasun pribatuan eskumena duten beste administrazio batzuekin.

2.– Halaber, baterako informazio-, kontrol- eta ikuskatze-mekanismoen ezarpena bultzatuko du zergen, lanaren eta gizarte-segurtasunaren arloan eskumena duten organoekin segurtasun pribatuko enpresei dagokienez, iruzurra eta intrusismoa saihesteko.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Segurtasun publikoan eskumena duen sailburuordeak urtero emango dio sektorearen funtzionamenduaren berri Eusko Jaurlaritzari, 2014ko apirilaren 4ko 5/2014 Legearen 21.1.e) eta 25.1.i) artikuluen aurreikusitakoaren arabera.

LEHEN XEDAPEN IRAGANKORRA

Dekretu hau indarrean sartzean Euskal Autonomia Erkidegoko Segurtasun Enpresen Erregistroan inskribatutako dauden segurtasun-enpresak automatikoki inskribatuta geratuko dira Euskadiko Segurtasun Pribatuaren Erregistroan, 2014ko apirilaren 4ko 5/2014 Legean eta hura garatzeko araudietan ezarritako betebeharretara edo eskakizunetara egokitzeko beharrari kalterik egin gabe.

BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA

Dekretu hau indarrean sartzean Barne Ministerioak baimenduta dauden eta Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta dauden segurtasun pribatuko langileen prestakuntza-zentroak Euskadiko Segurtasun Pribatuaren Erregistroan inskribatuko dira, 2014ko apirilaren 4ko 5/2014 Legean eta hura garatzeko araudietan ezarritako betebeharretara edo eskakizunetara egokitzeko beharrari kalterik egin gabe.

HIRUGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA

Segurtasun publikoaren arloko sailburuordearen aginduaren bidez zehaztuko da dekretu honen 10.4 artikuluan aurreikusitako betebeharrak noiztik aurrera eskatu ahal izango diren.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetuta geratzen da 1996ko abenduaren 24ko 309/1996 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoak segurtasun pribatuaren arloan dituen aginpideak arautzen dituena.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Segurtasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen 2013ko apirilaren 9ko 194/2013 Dekretuaren agindu hauek aldatzen dira:

1.– Segurtasuneko sailburuaren eskuduntzei buruzko 4. artikuluko 2. lerrokadaren k) idatzi-zatia honela idatzita geratuko da:

«k) Segurtasun pribatuaren arloan, segurtasun pribatuagatik zaintza- eta babes-zerbitzuen prestazioa erabakitzea Segurtasun Pribatuari buruzko 2014ko apirilaren 4ko 5/2014 Legearen 41.3 artikuluan aurreikusitako kasuetan; segurtasun pribatuko zerbitzuetan hirugarrenei kalteak sor diezazkieketen edo herritarren segurtasuna arriskuan jar dezaketen bitarteko material edo teknikoak erabiltzea, lege horren 8.5 artikuluan ezarritakoaren arabera; segurtasun-neurriak har daitezen agintzea, lege horren 51. artikuluaren arabera, eta, halaber, baimenen, gaikuntzen eta erantzukizunpeko aitorpenen iraungipen-zigorrak ezartzea Segurtasun Pribatuari buruzko 2014ko apirilaren 4ko 5/2014 Legeko arau-hausteengatik».

2.– Segurtasuneko sailburuaren eskuduntzei buruzko 13. artikuluko 3. lerrokadaren d) idatzi-zatia honela idatzita geratuko da:

«d) Segurtasun pribatuaren arloan, lankidetza-mekanismoak eta -prozedurak ezartzea Ertzaintzaren eta segurtasun pribatuaren sektorearen artean; jarduketa nabarmenak ohorezko aipamenekin nabarmentzea, eta, era berean, beste organo batzuei esleitu gabeko Segurtasun Pribatuari buruzko 2014ko apirilaren 4ko 5/2014 Legeko arau-hauste oso larriengatik zigorrak ezartzea».

3.– Segurtasuneko sailburuaren eskuduntzei buruzko 13. artikuluko 3. lerrokadaren 3) idatzi-zatia honela idatzita geratuko da:

«e) Pertsonen, eraikinen, instalazioen, jardueren eta interes bereziko objektuen segurtasuna planifikatzea eta koordinatzea, neurriak hartzea proposatuz. Autonomia-erkidegoko erakunde komunen eraikin eta instalazio publikoetan babes- eta segurtasun-neurrien ezarpena ebaztea eta organo edo erakunde publikoetan segurtasun-neurrien ezarpena proposatzea eta adostea, horiek menpekoak dituzten erakundeekin aldez aurretik adostuta. Interes publikokoa denean, mehatxua edo jazarpena jasaten duten pertsona edo erakundeak babesteko zerbitzua planifikatzea eta koordinatzea, bai polizia-zerbitzu publikoaren bitartez, bai berariaz horretarako kontratatutako segurtasun-zerbitzu pribatuak erabiliz, horretarako beharrezkoak diren jarraibideak emanez».

4.– Ertzaintzaren zuzendariaren eskuduntzei buruzko 17. artikuluko h) letra honela idatzita geratuko da:

«h) Segurtasun pribatuaren arloan autonomia-erkidegoaren berezko eskuduntzen gauzatzea, Segurtasun Sailaren beste organo batzuei agindu gabekoak, eta izendatu ahal izan zaizkion beste zeinahi, bai berariazkotasunagatik, bai Ertzaintzari esleitutako eginkizunen edo zerbitzuen atxikipenagatik edo osagarritasunagatik. Halaber, Euskadiko Segurtasun Pribatuaren Erregistroa eramatea dagokio».

5.– Ertzaintzaren zuzendariaren eskuduntzei buruzko 17. artikuluko j) letra honela idatzita geratuko da:

«j) Segurtasun Pribatuari buruzko 2014ko apirilaren 4ko 5/2014 Legearen arau-hauste larri eta arinengatik zigorrak ezartzea».

6.– Segurtasun Koordinazioaren zuzendariaren eskuduntzei buruzko 18. artikuluko 3. lerrokadaren c) idatzi-zatia honela idatzita geratuko da:

«c) Herritarren Segurtasuna babesteari buruzko 1992ko otsailaren 21eko 1/1992 Lege Organikoak eta Segurtasun Pribatuari buruzko 2014ko apirilaren 4ko 5/2014 Legeak xedatzen duten erregimen zigortzaileari buruzko espedienteak irekitzea eta izapidetzea».

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Estatuko araudi aplikagarria garatzean edo aldatzean beharrezkoa denean, segurtasun publikoaren arloan eskumenak dituen sailburuak egin beharreko jakinarazpen eta datu guztien zerrenda eguneratuko du egoitza elektronikoaren helbide elektronikoaren bidez: https://euskadi.net.

Horrez gain, nahitaezko jakinarazpen horien zerrenda etengabe eguneratuta egongo da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2014ko urriaren 21ean.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Segurtasuneko sailburua,

ESTEFANÍA BELTRÁN DE HEREDIA ARRONIZ.


Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana