Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

159. zk., 2014ko abuztuaren 25a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
3611

EBAZPENA, 2014ko uztailaren 30ekoa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena. Horren bidez argitara ematen da ekintzaileentzako laguntzen deialdia.

Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2014ko uztailaren 28ko bilkuran hartutako Erabakiaren bitartez, ekintzaileentzako laguntzen deialdia aldatzea onartu du, eta, 82/2012 Dekretuaren, maiatzaren 22koaren, bitartez onartutako Lanbideren Estatutuen 10.2 artikuluaren p) paragrafoan xedatutakoarekin bat etorriz, erakunde autonomo horren zuzendari nagusiari dagokio deialdi hori argitaratzea.

Horregatik guztiagatik, honako hau

EBATZI DUT:

Lehena.– Ekintzaileentzako laguntzen deialdia argitaratzea, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2014ko uztailaren 28ko bilkuran hartutako erabakiaren bitartez onartu eta gero. Ebazpen honen eranskinean dator deialdia.

Bigarrena.– Laguntzen deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Erabakiak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Hirugarrena.– Deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Erabakiaren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Gasteizko Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko uztailaren 30a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

ADOLFO ALUSTIZA FERNÁNDEZ.

ERANSKINA
EKINTZAILEENTZAKO LAGUNTZEN DEIALDIA

Azken urteotan dugun krisi ekonomiko orokorreko egoeran, dinamismo ekintzailea ezinbesteko faktorea da hazkunde ekonomikoa eta aurrerapena bultzatzeko, era horretan enplegu- eta aberastasun-aukera berriak sor daitezen. Horregatik, guztiz beharrezkoa da beren proiektuarekin banaka eta sozialki konprometituta dauden ekintzaileei, modu integral batez, laguntzea prozesu ekintzailearen fase guztietan.

Euskal gizartea ohartzen da pertsona ekintzaileak izatearen garrantziaz: norberaren laneko etorkizuna diseinatzearen eta sortzearen aldeko apustua egiten dute, eta aldi berean, beste pertsona batzuentzako lan-aukerak sortzen dituzte.

Horrelako proiektuek enplegua sortzeko duten ahalmena dela-eta, guztiz beharrezkoa da haiei laguntza integrala ematea.

Ekintzailetzaren bidea ideia sortzearekin batera hasten da, eta berau egoki balioetsi eta landu ondoren, negozio edo enpresa bat abiaraztea ekar dezake, sustatzaileari behar dituen prestakuntza eta laguntza emanez gero; sendotzeko aldi bat beharko da ondoren, harik eta enpresa-ehunean sartzen den arte.

Pertsona sustatzaileari negozio-ideia sortzeko, aztertzeko eta sistematikoki egituratzeko lehen fasean laguntzea funtsezkoa da bidearen hasiera horretan; horri esker, izan ere, ideia baliozkotu edo birmoldatu ahal izango du. Gainera, ekintzailetzarekin lotutako hainbat gaitasun eta trebetasun bereganatu ahal izango ditu sustatzaileak aholkularitzako eta laguntzako jardueren bitartez.

Negozio-ideia zehatz bat duten sustatzaileei laguntza ematea funtsezko une kritiko bat da bide horretan; aipatutako laguntza hori enpresa-jarduera hasteko egin beharreko jarduerak bultzatzeko laguntza eta tutoretzako jardueren bitartez eman daiteke; eta horrek, aldi berean, laguntzen du sustatzaileek ekintzailetzarekin lotutako hainbat gaitasun eta trebetasun beregana ditzaten.

Azkenik, enpresa-jarduera berriki hasi duten pertsonei ere laguntza eman nahi zaie; horrelakoek oso ongi ezagutzen dute sortu duten negozioa, baina ez dute beharrezko ezagutzarik batzuetan enpresa-jardueretan ohikoak diren izapide eta jarduera guztien gainean.

Hazkunde Adimentsua eta Jakintzan eta Berrikuntzan oinarritutako ekonomia garatzea da Europa 2020 Estrategiaren hiru lehentasunetako bat. Ildo horretatik, laguntzeko baldintza orokorrak zein finantzaketarako sarbidea hobetzea da ekimen nagusietako bat, ideia berritzaileak hazkundea eta enplegua sortzen dituzten produktu eta zerbitzu bihur daitezen bermatzeko.

Hori oinarri hartuta eta 2013-2016 aldirako Enplegua Sustatzeko Programaren barruan –azken horrek ekintzailetza sustatzea du lehentasunezko 6 programa operatiboen artean–, Eusko jaurlaritzak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua bere erakunde autonomoaren bitartez, laguntza hori sendotu nahi du ekintzaileei aurretik aipatutako aldietan laguntzeko beste tresna baten bidez: hau da, ideia sortzean, bideragarritasun-plan bat eratu eta jarduera hastean eta, azkenik, proiektua hasitakoan, enpresak merkatuan egin beharreko lehen pausoak errazten dituen hasierako laguntzan. Europako Gizarte Funtsaren finantzaketa ere edukiko du horretarako.

Gazteei eman behar zaie arreta berezia prozesu horretan. Eurostaten datuen arabera, 25 urtetik beherako gazteen langabezia-tasa % 23,7 zen Europar Batasunean 2013ko urrian; 5,65 milioi gazte lanik gabe guztira, alegia. Egoera bera dugu gure lurraldean; hilabete horretan bertan % 41,2 da EAEko gazteen langabezia-tasa Eustaten datuen arabera; hortaz, 16 eta 24 urte arteko 21.700 gazte aktibok ez dute lanik.

Horregatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak egindako proposamena kontuan hartuta, erakunde autonomo horretako administrazio-kontseiluak, 2014ko uztailaren 28ko bilkuran, ekintzaileentzako laguntzen deialdia onartu zuen. Hona hemen zertan datzan:

I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Deialdiaren helburua.

Deialdi honek 2014ko ekitaldian enpresa-proiektuen sustatzaileei, hiru lerroren bitartez, eman beharreko diru-laguntzen oinarri arautzaileak ezartzea du xedetzat:

1.– Ekintzaileak izan daitezkeen pertsonentzako laguntzak ekintzailetzako tokiko proiektuen barruan enpresa-ideia bat sortzen, aztertzen eta egituratzen bakar-bakarrik aritu daitezen. (Enpresa ideia bat garatzeko laguntzak)

2.– Negozio-ideia zehatz bat duten ekintzaileek enpresa-proiektu berriak abian jar ditzaten bultzatzeko laguntzak, betiere ekintzailetzako tokiko proiektuen esparruan. (Enpresa proiektu berriak abian jartzeko laguntzak)

3.– Enpresa-jarduera bat hasi duten pertsonentzako laguntzak, hura sendotu dezaten. (Enpresa jarduera bat sendotzeko laguntzak)

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Deialdi honek arautzen dituen laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoen zenbatekoa 1.500.000 eurokoa da, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren aurrekontuaren 32110 – Enplegua programaren baitan. Horietatik, 2014. urteko ordainketa-kredituari dagozkio 1.000.000 euro, eta 2015erako konpromiso-kredituan sartuko dira beste 500.000 euro. Aipatutako baliabide ekonomikoen % 50 finantzatu ditu Europako Gizarte Funtsak 2007-2013 EGF Euskadi Programa Operatiboaren barruan.

Laguntzen guztizko bolumenak ez du gaindituko aipatu zenbatekoa edo, indarreko legeriaz bat aurrekontu-aldaketak onartzen badira, zenbateko hori eguneratzetik ateratzen dena. Eguneratzerik izango balitz, horren berri argitara eman beharko litzateke EHAAn, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez eman ere.

2.– Aurreko lerrokadan aurreikusitako baliabide ekonomikoen zenbateko osoa honela dago banatuta diru-laguntzen lerroetan:

a) II. kapituluan araututako enpresa-ideia bat garatzeko laguntzak finantzatzeko: 320.000 euro, 2014 ekitaldiko ordainketa-kredituari dagozkionak.

Zenbateko hori honela banatuko da:

– 200.000 euro bideratuko dira 18 eta 25 urte arteko gazte ekintzaileentzako laguntzetara.

– 120.000 euro bideratuko dira 25 urte edo gehiago dituzten pertsona ekintzaileentzako laguntzetara.

b) Negozio-ideia zehatz bat duten pertsona ekintzaileek enpresa-proiektu berriak abian jartzera bideratutako laguntzak finantzatzeko (III. kapituluan araututa daude): 280.000 euro bideratuko dira; horietatik 140.000 euro 2014 ekitaldiko ordainketa-kredituari dagozkio, eta gainerako 140.000 euroak 2015 ekitaldirako konpromiso-kredituari.

Zenbateko hori honela banatuko da:

– 160.000 euro (horietatik, 80.000 euro 2014ko ordainketa kredituari dagozkio, eta 80.000 euro 2015eko konpromiso-aurrekontuari) 18 eta 25 urte arteko gazte ekintzaileentzako laguntzetara bideratuko dira.

– 120.000 euro (horietatik, 60.000 euro 2014ko ordainketa kredituari dagozkio, eta 60.000 euro 2015eko konpromiso-aurrekontuari) 25 urte edo gehiago dituzten ekintzaileentzako laguntzetara bideratuko dira.

c) IV. kapituluan araututako enpresa-jarduera bat sendotzeko laguntzak finantzatzeko: 900.000 euro bideratuko dira; horietatik 540.000 euro 2014ko ordainketa-kredituari dagozkio, eta gainerako 360.000 euroak 2015 ekitaldirako konpromiso-kredituari.

Zenbateko hori honela banatuko da:

– 450.000 euro (horietatik, 270.000 euro 2014ko ordainketa kredituari dagozkio, eta 180.000 euro 2015erako konpromiso-aurrekontuari) 18 eta 25 urte arteko gazte ekintzaileentzako laguntzetara bideratuko dira.

– 450.000 euro (horietatik, 270.000 euro 2014ko ordainketa kredituari dagozkio, eta 180.000 euro 2015erako konpromiso-aurrekontuari) 25 urte edo gehiago dituzten ekintzaileentzako laguntzetara bideratuko dira.

3.– Diru-laguntzen lerro bakoitza finantzatzeko baliabide ekonomikoei dagokienez, aurreikusitako bi taldeetako baten ekintzaileentzako laguntzei dagokien kreditua amaitu ezean, beste taldearentzat aurreikusitako laguntzei erantzuteko erabili ahal izango da geldikina.

4.– Europako Gizarte Funtsak parte hartu ahal izango du deialdi honen baitan emandako diru-laguntzen % 50 finantzatzen, EAEko 2007-2013 EGF Programa Operatiboaren barruan.

3. artikulua.– Erakunde laguntzaileak.

1.– Deialdi honen II. eta III. kapituluetan araututako laguntzen onuradunen laguntza eta/edo tutoretza (negozio-ideia bat aztertzea eta garatzea, eta enpresa-proiektu berrian abian jartzea), Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriek, udalerri taldeek, mankomunitateek, kuadrillek, bai eta haiekin lotutako edo haien mendeko erakundeek ere, egin beharko dute, betiere Eskualdeko Enplegu Planak egiteko eta gauzatzeko laguntzen deialdietan parte hartu badute. Aipatutako planak 2013ko maiatzaren 9ko Aginduan daude araututa (maiatzaren 23ko EHAAn argitaratuta), bai eta Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren 2012ko uztailaren 26ko erabakiaren bidez (Lanbideko zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez argitaratuta abuztuaren 29ko EHAA). Horrelakoek, dena den, Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzuaren baimena jaso beharko dute aldez aurretik erakunde laguntzaile gisa jarduteko.

2.– Nolanahi ere, hartarako gaitasun tekniko nahikoa dutela egiaztatzea baldintza izango da sustatzaileen laguntzan eta/edo tutoretzan erakunde laguntzaile gisa jardun ahal izateko. Halaber, honako baldintza hauek ere bete beharko dituzte:

Gutxienez bi urteko esperientzia ekintzaileei laguntzeko zereginetan.

Behar bezainbat langile gaitu izatea sustatzaileei lagundu ahal izateko.

3.– Sustatzaileei laguntzeko eta tutorizatzeko jarduerez gain, deialdi honen II. eta III. kapituluetan aurreikusitako diru-laguntzak kudeatu eta ordaindu ere egin beharko dituzte erakunde horiek; halaber, Europako Gizarte Funtsari ziurtatzeko beharrezko baldintzak justifikatu beharko diote ondoren Lanbide-EEZri.

4.– Programa honetan parte hartzeko eta erakunde laguntzaile bihurtzeko eskabideak eredu ofizialean aurkeztu beharko dira (I. eranskina), eta honako toki hauetan eskuratu ahal izango da hori: http://lanbide.net web-orrian, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zerbitzu zentraletan edo Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren lurraldeetako enplegu-bulegoetan. Horretaz gain, eskabideak Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako moduetako edozeinetan aurkeztu ahal izango dira.

5.– Erakunde laguntzaile gisa jarduteko eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztu behar dira:

Ekintzailetza-proiektua, hauek ere jasota: sustatzaileekin aholkularitza eta laguntzako prozesuan zehar garatu beharreko jarduketak, bai eta arreta eman nahi zaien pertsonen kopurua ere, enpresa-ideia bat garatzeko aholkularitza eta tutoretzako jarduerak zein enpresa-proiektu berri bat abian jartzekoak bereizita; halaber, jarduera horietako bakoitzean arreta emango dieten 25 urtetik beherako zein 25 urteko eta gehiagoko pertsonen kopurua ere zehaztu behar dute.

Erakunde eskatzailearen ziurtagiria, laguntza-zereginak gauzatzeko gaitasun tekniko eta materialari buruzkoa, esperientzia egiaztatuko duena eta jarduera aurrera eramango duten pertsonak adierazten dituena.

Proiektuan parte hartuko duten sustatzaileak hautatzeko prozesuaren deskribapena; publizitate, lehia eta objektibotasuneko printzipioak errespetatu beharko ditu horrek, edozelan ere.

6.– Erakunde laguntzaile gisa jarduteko eskabideak aurkezteko epea 10 egun baliodunekoa izango da, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

7.– Lanbideko Laneratzea Aktibatzeko Zuzendaritzak bere gain hartuko du eskabideak kudeatu eta izapidetzeko ardura, eta Lanbideko zuzendari nagusiak izango du ebazteko eskumena.

8.– Eskabideak aurkezteko epea amaituta, aztertu egingo dira, eta erakunde laguntzaile gisa jarduteko baimena emango zaie deialdian aurreikusitako baldintzak betetzen dituztenei. Baldin eta deialdi honen II. eta III. kapituluetan aurreikusitako laguntzak finantzatzera bideratutako baliabide ekonomikoak ez badira aski erakunde laguntzaileek arreta eman nahi dieten pertsona guztiak estaltzeko, murriztu egingo da erakunde laguntzaile bakoitzak arreta eman beharreko pertsona kopurua eskatutakoaren araberako proportzioan.

9.– Deialdi honen barruan sustatzaileei aholkularitza emateko erakunde laguntzaile gisa jarduteko baimena, bai eta bertan aurreikusitako diru-laguntzak kudeatzeko eta ordaintzekoa ere, Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez emango da; dagokion lankidetza-hitzarmena sinatu beharko da haren baldintzak zehazteko, halaber, betiere II. eranskinean jasotako ereduaren arabera.

Eskabideak ebazteko eta jakinarazteko, gehienez hilabeteko epea izango da, eskabidea aurkezten den egunetik zenbatzen hasita, eta epe hori amaitutakoan baztertutzat hartuko da, baldin eta esanbidezko ebazpena ematen ez bada.

Deialdi hau gauzatzeko laguntzaile gisa baimendutako erakundeen berri emango da http://www.lanbide.net webgunean, baita haietako bakoitzak arreta eman beharreko pertsona kopuruaren berri ere.

II. KAPITULUA
«ENPRESA IDEIA» BAT GARATZEKO LAGUNTZAK EKINTZAILETZAKO TOKIKO PROIEKTUEN ESPARRUAN

4. artikulua.– Diruz lagun daitekeen jarduera.

Kapitulu honen babespean diru-laguntza jaso ahal izango da negozio-ideia bat aztertu eta garatzeko, edozein jarduera-adarretan, eta arduraldi esklusiboko erregimenean, 5. artikuluan aurreikusitako baldintzak betetzen dituzten sustatzaileen aldetik, betiere deialdi honen 3. artikuluan aipatutako erakunderen baten laguntzako eta/edo tutoretzako tokiko proiektuetan parte hartzen badute.

2.– Kapitulu honen babespean garatutako jarduerek hiru hilabeteko iraupena izango dute gutxienez, eta, edozelan ere, 2014ko urriaren 31 baino lehen hasi beharko dituzte.

5. artikulua.– Onuradunak.

1.– Kapitulu honetan aurreikusitako laguntzen onuradunak izan ahalko dira eskabidea aurkezteko unean eskakizun hauek betetzen dituzten ekintzaileak:

a) EAEn erroldatuta egotea eta zinezko egoitza izatea.

b) Langabea izatea eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan lan-eskatzaile gisa izena emanda egotea.

c) Aurretik EJZn edo Langile Autonomoen Erregimen Berezian alta emanda egon ez izana.

d) Edozer jarduera-adarretan enpresa- edo negozio-proiektu bat garatzeko ideia bat edukitzea.

e) Deialdi honen 3. artikuluan aurreikusitako erakunderen bateko ekintzailetza aholkatzeko eta laguntzeko prozesu batean jasota egotea.

2.– Laguntza horien onuradunak izateko, hauxe egiteko konpromisoa hartu behar dute sustatzaileek:

a) Duten enpresa-ideia aztertzen eta garatzen jardutea bakarrik.

b) Deialdi honen kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek enpresa-ideia sortzeko eta garatzeko zehaztutako aholkularitzako eta laguntzako jarduera guztietara joatea.

d) Beste laguntzarik ez jasotzea xede horretarako.

6. artikulua.– Laguntzaren zenbatekoa.

Sustatzaileei enpresa-ideia garatzeko eman beharreko laguntzek honako zenbateko hauek izango dituzte gehienez:

– 2.000 euro sustatzaileak 18 urte baino gehiago eta 25 urte baino gutxiago baditu eskabidea aurkezten duenean.

– 1.500 euro sustatzaileak gutxienez 25 urte baditu eskabidea aurkezten duenean.

7. artikulua.– Eskabideak, dokumentazioa eta horiek aurkezteko epea.

1.– Kapitulu honetako diru-laguntzak jasotzeko eskabideak III. eranskinean jasotako eredu ofizialean aurkeztu beharko dira (http://lanbide.net web-orrian eskuragarri), eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak baimendutako erakundeen bitartez, betiere horrelakoek ekintzailearen laguntza eta/edo tutoretzako zereginak egiten badituzte. Diru-laguntza eman ahal izateko ezarri diren baldintzak eta betekizunak betetzen dituztela eskatzaileek egiaztatuko dute erakunde horiek.

2.– Eskabidearekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:

a) NANaren fotokopia edota identitate-datuak elektronikoki egiaztatzeko baimena.

b) EAEko errolda-ziurtagiria edota erroldako datuak elektronikoki egiaztatzeko baimena.

c) Erakunde laguntzailearen ziurtagiria, eskatzaileak laguntza eta/edo tutoretzako programan parte hartzen duela egiaztatzen duena; laguntza eta/edo tutoretzako planean aurreikusitako jarduerak jasoko dira bertan.

3.– Kapitulu honetan araututako laguntzen eskabideak aurkezteko 7 egun balioduneko epea egongo da, laguntzako prozesua hasi ondoko egunetik aurrera zenbatuta.

8. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzeko modua.

Kapitulu honetan aurreikusitako laguntza 3. artikuluan adierazitako erakunde laguntzaileek ordainduko diete onuradunei, laguntza eman ondoren.

III. KAPITULUA
EKINTZAILETZAKO TOKIKO PROIEKTUEN BARRUAN ENPRESA JARDUERA BERRIAK ABIARAZTEA SUSTATZEKO LAGUNTZAK

9. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduerak.

1.– Kapitulu honen babespean diru-laguntza jaso ahal izango da enpresa- edo negozio-proiektu bat abian jartzeko beharrezko tutoretza eta laguntzako ekintzak garatzeko, 10. artikuluan aurreikusitako baldintzak betetzen dituzten sustatzaileen aldetik, betiere horiek deialdi honen 3. artikuluan aipatutako erakunde laguntzaileren baten laguntza eta/edo tutoretzaren xede badira.

2.– Kapitulu honen babespean garatutako jarduerek hiru hilabeteko iraupena izango dute, eta, edozelan ere, 2014ko urriaren 31 baino lehen hasi beharko dituzte.

10. artikulua.– Onuradunak:

1.– Kapitulu honetan aurreikusitako laguntzen onuradunak izan ahalko dira eskabidea aurkezteko unean eskakizun hauek betetzen dituzten pertsona fisiko ekintzaileak:

a) EAEn erroldatuta egotea eta zinezko egoitza izatea.

b) Langabea izatea eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan lan-eskatzaile gisa izena emanda egotea.

c) Bideragarritasun plan bat izatea enpresa edo negozio berri bat abian jartzeko, zeina dagokion erakunde laguntzaileak balioztatu beharko baitu laguntza-fasearen barruan.

d) Deialdi honen 3. artikuluan aurreikusitako erakunderen bateko enpresa-ezarpena aholkatzeko eta laguntzeko prozesu batean egotea.

e) Enpresa-jarduerak EAEn izan beharko du helbide soziala eta fiskala, eta lantokia ere egon beharko da EAEn.

2.– Laguntza horien onuradunak izateko, hauxe egiteko konpromisoa hartu behar dute sustatzaileek:

a) Enpresa edo negozioak abian jartzen jardutea bakarrik.

b) Deialdi honen kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek enpresa edo negozioa ezartzeko zehaztutako aholkularitzako eta laguntzako jarduera guztietara joatea.

c) Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta ematea gehienez 3 hilabeteko epean, negozioa abian jartzeko diruz lagundutako tutoretza eta laguntzako prozesua amaitzen denetik zenbatzen hasita.

d) Beste laguntzarik ez jasotzea xede horretarako.

Ekintzaileek ez badute JEZen altarik ematen adierazitako epean, galdu egingo dute diru-laguntzaren bigarren ordainketa jasotzeko eskubidea.

11. artikulua.– Diru-laguntzaren zenbatekoa.

Sustatzaileei enpresa-proiektu berriak abian jartzeko eman beharreko laguntzek honako zenbateko hauek izango dituzte gehienez:

– 2.000 euro sustatzaileak 18 urte baino gehiago eta 25 urte baino gutxiago baditu eskabidea aurkezten duenean.

– 1.500 euro sustatzaileak gutxienez 25 urte baditu eskabidea aurkezten duenean.

12. artikulua.– Eskabideak, dokumentazioa eta horiek aurkezteko epea.

1.– Kapitulu honetako diru-laguntzak jasotzeko eskabideak III. eranskinean jasotako eredu ofizialean aurkeztu beharko dira (http://lanbide.net web-orrian eskuragarri), eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak baimendutako erakundeen bitartez, betiere horrelakoek ekintzailearen laguntza eta/edo tutoretzako zereginak egiten badituzte. Diru-laguntza eman ahal izateko ezarri diren baldintzak eta betekizunak betetzen dituztela eskatzaileek egiaztatuko dute erakunde horiek.

2.– Eskabidearekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:

a) NANaren fotokopia edota identitate-datuak elektronikoki egiaztatzeko baimena.

b) EAEko errolda-ziurtagiria edota erroldako datuak elektronikoki egiaztatzeko baimena.

c) Erakunde laguntzailearen ziurtagiria, eskatzaileak laguntza eta/edo tutoretzako programan parte hartzen duela egiaztatzen duena; laguntza eta/edo tutoretzako planean aurreikusitako jarduerak jasoko dira bertan.

3.– Kapitulu honetan araututako laguntzen eskabideak aurkezteko 7 egun balioduneko epea egongo da, laguntzako prozesua hasi ondoko egunetik aurrera zenbatuta.

13. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzeko modua.

Deialdi honen 3. artikuluan aurreikusitako erakunde laguntzaileek honela ordainduko diete diru-laguntza onuradunei:

– Emandako diru-laguntzaren % 50, 2014ko ekitaldiko aurrekontuaren ordainketa-kredituaren kontura, hura emandakoan, bideragarritasun-plana osatu eta enpresa-proiektua ezartzeko aholkularitza-prozesua hasi ondoren.

– Gainerako % 50a, 2015eko ekitaldiko konpromiso-kredituaren kontura, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan (JEZ) alta eman ondoren, aldez aurretik erakunde laguntzaileari, laguntzako prozesua amaitu eta hiru hilabetera gehienez, JEZeko altaren kopia zein egindako jarduerak zehazten dituen amaierako memoria aurkeztuta. Laguntza garatu duen erakundeak baliozkotu behar du memoria hori, eta haren edukiak lan-planaren zein lortutako emaitzen planaren jarraipena egitea ahalbidetu behar du. Lanbide-EEZri igorriko diote memoria hori, laguntzaren onuradunei buruzko informazioarekin batera, Europako Gizarte Funtsari justifikatzeko.

IV. KAPITULUA
ENPRESA JARDUERA HASITA «PROIEKTUA SENDOTZEKO» LAGUNTZA BEHAR DUTEN PERTSONENTZAKO LAGUNTZAK

14. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduerak.

1.– Deialdi honen babespean diru-laguntza jaso ahal izango da enpresaren eguneroko jardunean aholkularitza- eta laguntza-gastuak ordaintzeko, bai eta Gizarte Segurantzaren langile autonomoen araubide berezian kotizatzeko gastuak ordaintzeko ere.

2.– Diru-laguntza jaso dezaketen aurreko lerrokadan aipatutako gastuak 6 hilabetekoak izango dira, diru-laguntza baiesteko ebazpena jakinarazi ondoko egunetik hasita.

3.– Legez eratutako edozer erakunde edo enpresak egin ahal izango ditu aholkularitza eta laguntza, betiere haren jardueraren barruan diruz lagundu beharreko ekintzak jasota badaude.

15. artikulua.– Onuradunak.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako laguntzen onuradunak izan ahalko dira eskabidea aurkezteko unean eskakizun hauek betetzen dituzten ekintzaileak:

a) EAEn erroldatuta egotea eta zinezko egoitza izatea.

b) JEZen eta Langile Autonomoen Erregimen Berezian alta eman izana 2014ko ekitaldian eta 2014ko urriaren 18 baino lehen.

c) Enpresa-jarduerak EAEn izan beharko du helbide soziala eta fiskala, eta lantokia ere egon beharko da EAEn.

16. artikulua.– Laguntzaren zenbatekoa.

Kapitulu honetan araututako laguntzaren gehieneko zenbatekoa 3.000 euro izango da.

17. artikulua.– Eskabideak, dokumentazioa eta horiek aurkezteko epea.

1.– Deialdi honetako diru-laguntzak jasotzeko eskabideak eredu ofizialean aurkeztu beharko dituzte ekintzaileek (IV. eranskina), eta honako toki hauetan eskuratu ahal izango dute hori: http://lanbide.net web-orrian, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zerbitzu zentraletan edo Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren lurraldeetako enplegu-bulegoetan. Horretaz gain, eskabideak Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako moduetako edozeinetan aurkeztu ahal izango dira.

2.– Eskabidearekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:

a) NANaren fotokopia edota identitate-datuak elektronikoki egiaztatzeko baimena.

b) EAEko errolda-ziurtagiria edota erroldako datuak elektronikoki egiaztatzeko baimena.

c) JEZeko altaren egiaztagiria.

d) Gizarte Segurantzako Langile Autonomoen Erregimen Bereziko altaren egiaztagiria.

3.– 15 egun balioduneko epea izango dute horiek aurkezteko, deialdi hau EHAAn argitaratu ondoko egunetik aurrera zenbatuta, hori argitaratu aurretik emandako altei dagokienez, eta 15 egun baliodunekoa JEZeko alta ematen denetik, ondoren emandako alten kasuan.

18. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzeko modua.

Diru-laguntza honela ordainduko diete onuradunei:

– Diru-laguntzaren % 60, berau onartutakoan, 2014ko ekitaldiko aurrekontuaren ordainketa-kredituaren kontura.

– Bigarren ordainketa bat, 2015eko ekitaldiko konpromiso-kredituaren kontura, benetan egindako eta egiaztatutako gastuen zenbatekoarekin; gehienez geratzen den % 40koa izango da, betiere egindako gastuaren egiaztagiriak aurkeztu ondoren: aholkularitza eta laguntzako fakturak, eta Gizarte Segurantzako Langile Autonomoen Erregimeneko kuotak ordaindu izanaren egiaztagiriak.

Justifikatutako zenbatekoa emandako diru-laguntza baino txikiagoa bada, doitu egingo da, eta aldea itzuli beharko da, egonez gero.

Hilabeteko epea dute gehienez hori justifikatzeko, diru lagundutako aldia amaitzen denetik hasita.

V. KAPITULUA
DIRU LAGUNTZEN XEDAPEN KOMUNAK

19. artikulua.– Laguntzen onuradunak.

1.– Honako hauek ez dituzte jasoko deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak: zigor- eta administrazio-arloko diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta dauden pertsona fisikoak eta horretarako ezgaitzen duten legezko debekuen eraginpean daudenek. Halakoetan aipatu behar dira Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legearen, otsailaren 18koaren, arabera sexu-diskriminazioarengatik gertatutakoak.

2.– Bestalde, onuradunei ordainketa egin baino lehenago, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta bere erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntza edo diru-laguntzen esparruan hasi eta oraindik izapideetan dagoen itzultzeko edo zehatzeko edozein prozedurak bukatuta egon beharko du.

20. artikulua.– Prozedura izapidetzea eta ebaztea.

1.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia da prozedura ebazteko eskudun organoa, eta Laneratzea Aktibatzeko Zuzendaritza arduratzen da da, bestalde, eskabideak kudeatzeaz eta izapidetzeaz, betiere erakunde laguntzaileek II. eta III. kapituluetan araututako laguntzak izapidetzeko esleituta dituzten eginkizunak baztertu gabe; horrelakoak aipatutako zuzendaritzarekin elkarlanean egingo dituzte.

2.– IV. kapituluan aurreikusitako laguntzen eskabideak aurkezteko ordenaren arabera ebatziko dira, harik eta aurrekontu-zuzkidura amaitzen den arte. Aurrekontuko zuzkidura agortuz gero, gelditzen diren eskabideak ukatuko dira, eta horren berri emango da Lanbideren webgunean zein Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian Lanbideko zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez.

3.– Eskabideak ebazteko eta jakinarazteko, gehienez sei hilabeteko epea izango da, eskabidea aurkezten den egunetik zenbatzen hasita, eta epe hori amaitutakoan diru-laguntzaren eskabidea onartutzat hartuko da, baldin eta esanbidezko ebazpena ematen ez bada.

4.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpenak amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita; bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ere jar daiteke Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita.

5.– Publizitate-printzipioa betetzeko, Lanbideko zuzendari nagusiaren ebazpenaz honako hau emango da jakitera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian: alde batetik, deialdi honen babesean diru-laguntza zein pertsonak jaso duten eta zenbateko laguntza jaso duten, eta, bestetik, zein pertsonari emandako diru-laguntzak aldatu diren. Nolanahi ere, ebazpena berariaz eta banan-banan ere jakinaraziko da.

21. artikulua.– Laguntzaren justifikazioa.

1.– II. kapituluan aurreikusitako laguntzen onuradunek, laguntza eta/edo tutoretza amaitu ondoko hilean, hauxe aurkeztu beharko dute: enpresa-proiektuaren bideragarritasuna aztertzeko laguntza jasotzen duten aldian egindako lanak zehazten dituen memoria edo, bestela, proiektuaren bideragarritasun-txostena. Laguntza eta/edo tutoretza egin duen erakundeak sinatu behar du aipatutako dokumentazioa.

2.– III. kapituluan jasotako laguntzei dagokienez, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergako (JEZ) altaren kopia aurkeztu beharko dute onuradunek erakunde laguntzailearen aurrean, eta horrekin batera, baita egindako jarduerak zehazten dituen amaierako memoria ere. Horretarako hiru hilabeteko epea dute gehienez, laguntzako prozesua amaitzen denetik hasita. Laguntza garatu duen erakundeak baliozkotu behar du memoria hori, eta haren edukiak lan-planaren zein lortutako emaitzen planaren jarraipena egitea ahalbidetu behar du.

Erakunde laguntzaileek Lanbideri igorriko diote aipatutako informazioa Europako Gizarte Funtsaren baldintzak betetzeko eskatzen zaien gainerakoarekin batera.

Ekintzaileak ez badu JEZen alta ematen 10.2 c) artikuluan aurreikusitako epean (3 hilabete negozioa abian jartzeko diruz lagundutako tutoretza eta laguntzako prozesua amaitzen denetik hasita), galdu egingo du emandako diru-laguntzaren bigarren zatia jasotzeko eskubidea, betiere dagokion espedientea izapidetu ondoren.

3.– Deialdi honen IV. kapituluan jasotako laguntzei dagokienez, bigarren ordainketa eskatzeko unean justifikatu beharko da, hilabeteko epean, diruz lagundutako aldia amaitzen denetik aurrera zenbatuta, 18. artikuluan xedatuta dagoen moduan.

4.– Diru-laguntza aurreikusitako epeen barruan justifikatu ezean, jasotako diru-laguntza guztia itzuli beharko dute onuradunek; horrenbestez, artikulu honetan justifikatzeko aurreikusitako epeak amaitzen badira berau gauzatu gabe, dagokion prozedurari ekingo zaio jasotako zenbatekoak itzuli beharra adierazteko eta ordaintzeke daudenak eskuratzeko eskubidea galdutzat jotzeko.

22. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Onuradunaren betebehar izango dira 1/1997 Legegintzako Dekretuak, azaroaren 11koak, onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2. artikuluan jasotakoak, eta, bereziki, honako hauek:

– Behar bezala justifikatzea eskakizunak eta betebeharrak bete dituztela, bai eta laguntza ematea edo laguntzaren onura jasotzea ekarri duen jarduera egin dutela ere.

– Sortutako material guztietan Europako Gizarte Funtsaren finantzaketaren berri ematea.

– Honako erakunde hauen egiaztatzeko eta kontrolatzeko jarduerak onartzea: erakunde laguntzaileenak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarenak, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailarenak, Ogasun eta Finantza Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoarenak zein Herri Kontuen Euskal Epaitegiarenak, bai eta Europako Gizarte Funtsaren Unitate Administratzailearenak, Europako Batzordearenak eta Europako Kontuen Auzitegiarenak ere.

– Helburu berberarekin beste edozein administrazio publiko edo erakunde publiko nahiz pribatutatik diru-laguntzak edo laguntzak jasoz gero, horren berri ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.

– Diru-laguntza ematerakoan kontuan hartutako egoeraren bat, objektiboa edo subjektiboa, aldatu bada, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea.

– Diru-laguntzaren gai diren jardueren helburuan edo izaeran nabarmen eragiten duten gorabeheren berri ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.

– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek, zuzenbide pribatuko erakunde publikoek eta sozietate publikoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi, eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzultze- edo zehapen-prozedura jakinaraztea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.

23. artikulua.– Diru-laguntza aldatzea.

Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan aldaketarik gertatuz gero, emandako diru-laguntza aldatu ahal izango da, betiere deialdi honetan diru-laguntzen onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunei eutsiz. Baldintzen aldaketa horren ondorioz diru-laguntza osoa edo zati bat itzuli behar bada, itzultzeko prozedurari hasiera emango zaio.

24. artikulua.– Beste diru-laguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusitako laguntzekin batera ezin da eskuratu kontzeptu eta helburu beragatik beste diru-laguntza, laguntza edo diru-sarrerarik, horrelakoak beste administrazio batzuek edota erakunde publiko edo pribatu batzuek emanak izan.

25. artikulua.– Ez-betetzeak eta emandako diru-laguntzak itzultzea.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzen onuradunak Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53.1 artikuluan aipatzen diren kasuetako batean badaude, edo deialdi honetan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez badute, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak ebazpen bat emango du; ebazpen horren bitartez, jasotako kopuruak osorik edo zati batean itzuli behar dituztela adieraziko du, eta kopuru horiei diru-laguntza ordaintzen den unetik aurrerako legezko interesak erantsi beharko zaizkie, dagozkion gainerako ekintzak aparte utzi gabe, hala xedatuta baitago 698/1991 Dekretuan, abenduaren 17koan, horrek arautzen baitu Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen bermeen eta itzulketen araubide orokorra.

2.– II. eta III. kapituluetan aipatutako laguntza eta/edo tutoretzako prozesua aldez aurretik utziz gero, horren zergatia edozein dela ere, hauxe izango da emandako diru-laguntza itzultzeko araubidea:

– Prozesua hasi eta hilabete igaro aurretik utziz gero, jasotako diru-laguntza osorik itzuli beharko du, eta egin gabe dauden ordainketak ezeztatuko dira, horrelakorik badago.

– Prozesua bigarren hilabetea amaitu aurretik utziz gero, zenbateko hauek itzuli beharko ditu:

II. kapituluan araututako diru-laguntzari dagokionez, 1.000 euro 25 urte edo gehiago dituen ekintzaile bat bada, eta 1.333 euro 25 urte baino gutxiagoko ekintzaileen kasuan.

III. kapituluan araututako diru-laguntzari dagokionez, 500 euro 25 urte edo gehiago dituen ekintzaile bat bada, eta 667 euro 25 urte baino gutxiagoko ekintzaileen kasuan.

Horrez gain, ordaintzeke dagoen diru-laguntzaren bigarren zatia jasotzeko eskubidea ere galduko du.

– Hirugarren hilabetean, laguntza eta/edo tutoretzako prozesua amaitu aurretik, utziz gero, zenbateko hau itzuli beharko du:

II. kapituluan araututako diru-laguntzari dagokionez, 500 euro 25 urte edo gehiago dituen ekintzaile bat bada, eta 667 euro 25 urte baino gutxiagoko ekintzaileen kasuan.

III. kapituluan araututako diru-laguntzari dagokionez, 250 euro 25 urte edo gehiago dituen ekintzaile bat bada, eta 333 euro 25 urte baino gutxiagoko ekintzaileen kasuan.

Horrez gain, ordaintzeke dagoen diru-laguntzaren bigarren zatia jasotzeko eskubidea ere galduko du.

Diru-laguntza ordaintzen denetik egokiak diren legezko interesak aplikatuko zaizkie itzuli beharreko zenbatekoei.

Nolanahi ere, prozesua utzi arte egindako jarduerei buruzko memoria aurkeztu beharko da. Horrela egin ezean, diru-laguntza ez dela justifikatu joko da mantendutako zenbatekoari dagokionez, eta 21.4 artikuluan xedatutakoa aplikatu beharko da; horrenbestez, diru-laguntza osorik itzuli beharra egongo da.

3.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak abiaraziko du itzultzeko prozedura, eta idazkia bidaliko dio laguntzaren onuradunari, ez-betetzea eragin duen edo duten gertaeraren edo gertaeren berri emateko. Hori ez ezik, egokitzat jotako alegazioak edo egiaztagiriak aurkezteko hamabost eguneko epea duela ere jakinaraziko dio. Prozedura hori hasten denean, eten egingo dira egiteko dauden ordainketak, halakorik egonez gero.

4.– Alegazioak aurkezteko epea igarotakoan halakorik aurkeztu ez badu edo onartu ez badira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak ebazpena emango du. Diru-laguntzak itzultzeko prozedura ebazteko epea gehienez 12 hilabetekoa izango da.

5.– Ebazpenak arauren bat bete gabe utzi dela iritzi, eta diru-laguntza osorik edo zati bat jasotzeko eskubidea galdutzat emanez gero, interesdunak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko dizkio dagozkion diru-kopuruak; horretarako, bi hilabeteko epea izango du, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita. Epe hori borondatezko epetzat joko da.

6.– Borondatezko aldian itzulketarik egiten ez bada, itzuli beharrekoak premiamendu bidez berreskuratzeko izapideak hasiko dira.

26. artikulua.– Izaera pertsonaleko datuen tratamendu automatizatua.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko 15/1999 Lege Organikoan, abenduaren 13koan, xedatutakoa betez, deialdi honetan araututako laguntza-eskabideak betetzearen ondorioz lortutako datu pertsonalak bere titulartasuneko fitxategi batean sartuko ditu Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak. Fitxategi hori, «Enplegurako eta prestakuntzarako diru-laguntzak» izenekoa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoak datu pertsonalak biltzeko dauzkan fitxategiak arautzen dituen Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuaren Aginduaren, 2012ko urriaren 10ekoaren, bidez dago araututa.

Interesdunek, halaber, datu horiek eskuratzeko, zuzentzeko, ezeztatzeko eta haiei aurka egiteko eskubideak baliatu ahal izango dituzte, legeak onartzen duen eran; horretarako, idazki bat bidali beharko dute hori jakinaraziz Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzura (Jose Atxotegi kalea 01009, Vitoria-Gasteiz).

27. artikulua.– Diru-laguntzen arloan aplikatu beharreko araubide juridikoa.

Diru-laguntzen programa honetan, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Testu Bateginean –1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, onartzen duena– eta 698/1991 Dekretuan, abenduaren 17koan, ezarritako diru-laguntzen erregimen juridikoa izango da aplikagarri, horrek arautu baitzuen Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen bermeen eta itzulketen araubide orokorra eta bertan ezarri baitziren horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen eskakizunak, araubidea eta betebeharrak.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala