Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

127. zk., 2014ko uztailaren 7a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
3049

128/2014 DEKRETUA, ekainaren 24koa, Gaztaroa-Sartu Koop. Elk. sozietatea gizarte-interesekotzat aitortzeko dena.

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 74. artikuluan xedatzen denez, gizarte-interesekotzat aitortu ahal izango dira gizarte-zerbitzuak ematen dituzten irabazi-asmorik gabeko erakundeak, hain zuzen ere, aitortzeko haien ibilbidea eta Gizarte Ekintzako Hirugarren Sektoreak EAEko gizarte-zerbitzuak garatzeko emandako laguntza. Arauz ezartzen diren baldintzak bete beharko dituzte, betiere.

Urriaren 7ko 424/2013 Dekretuak, gizarte zerbitzuak ematen dituzten irabazi-asmorik gabeko erakundeak gizarte-interesekotzat aitortzeari buruzkoak, gizarte-intereseko aitorpena lortzeko betekizunak eta prozedura arautzen ditu.

Haren babesean, Gaztaroa-Sartu Koop. Elk. entitateak aipatutako aitorpena eskatu du, uste baitu merezi duela gizarte-interesekoa dela aitortzea, gizarte-ekintzaren arloan egiten dituen jarduerengatik.

Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzak jakinarazi bezala, Gaztaroa-Sartu Koop. Elk. sozietatea irabazi-asmorik gabeko erakundea da, 2013an eratutakoa, Gaztaroa Birgizarteratze Elkartearen eraldaketaren ondorioz. Eraldaketaren erabakia publiko egiteko eskriturak ezartzen duenaren arabera, Gaztaroa Elkartearen ondare, eskubide eta betebehar guztiak Gaztaroa-Sartu, Koop. Elk. lan elkartuko eta gizarte-ekimeneko sozietatera eskualdatzen dira, oinordetza unibertsalez, zeinaren helburu nagusia baita mendetasuna, babes-falta, minusbaliotasuna, pobrezia eta gizarte-bazterkeria pairatzen duten –edo pairatzeko arriskuan dauden– pertsona eta/edo taldeak erabat gizarteratzeko diren jarduerak eta zerbitzuak sustatzea eta garatzea. Ibilbide historikoa du Euskal Autonomia Erkidegoan gizarte-zerbitzuak ematen; izan ere, egiaztatu du bere jarduera etenik gabe burutu duela 2008tik, Bizkaiko Lurralde Historikoan, nagusiki. Ibilbide historiko hori egiaztatzeko, Gaztaroa Birgizarteratze Elkartearen jarduera hartzen da kontuan, hots, Gaztaroa-Sartu Koop. Elk. elkartearen aurrekoa.

Aipatu 424/2013 Dekretuan xedatutakoaren arabera, Jaurlaritzaren Kontseiluan adostutako dekretu bidez aitortuko da gizarte-interesekotzat elkarte hau, gizarte-zerbitzuen arloan eskumena duen sailburuak proposatuta, zeinak dagokion espedientea izapidetu baitu.

Horrenbestez, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak proposatuta, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2014ko ekainaren 24an egindako bileran aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Aitortzea Gaztaroa-Sartu Koop. Elk. sozietatea gizarte-interesekoa dela, burutzen dituen ekintzen bidez Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte-zerbitzuak garatzen laguntzeagatik.

2. artikulua.– Aitortzea Gaztaroa-Sartu Koop. Elk. sozietateari aitorpen honen berezko eskubideak, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 74. artikuluan xedatutakoak.

Vitoria-Gasteizen, 2014ko ekainaren 24a.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua,

JUAN MARÍA ABURTO RIQUE.


Azterketa dokumentala