Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

115. zk., 2014ko ekainaren 19a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
2708

16/2014 EBAZPENA, maiatzaren 30ekoa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, Eusko Jaurlaritzak egindako hitzarmen bat, beherago zehaztutakoa, argitaratzea xedatzen duena.

Eusko Jaurlaritzak zenbait hitzarmen sinatu dituenez gero, zabalkunde egokia izan dezaten, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Honako hitzarmen hauen testua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea:

– Lankidetza-Hitzarmena, Barakaldoko Udalaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren artekoa, informazioaren, administrazioaren eta kudeaketa elektronikoaren esparruko zerbitzuak elkarri emateko, I. eranskinean jasota dago.

– Amurrioko Udalarekiko Hitzarmena, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 38.4.b) artikuluan ezarritakoa betetzeko (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari zuzendutako idazkiak udal erregistroetan aurkezteko lankidetza), II. eranskinean jasota dago.

– Hitzarmena, Kuartangoko eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen artekoa, hizkuntza-prestakuntza eta normalizazioaren arloan izenpetua, IV. eranskinean jasotzen da, III. eranskinean jasota dago.

– Estatistikako Institutu Nazionalak Instituto Vasco de Estadística/Euskal Estatistika Erakundeari biztanleen udal erroldatik datorren informazioa lagatzeko Protokoloa, IV. eranskinean jasotzen da.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko maiatzaren 30a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

SANTIAGO LARRAZABAL BASAÑEZ.

I. ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN MAIATZAREN 30EKO 16/2014 EBAZPENARENA
LANKIDETZA-HITZARMENA, BARAKALDOKO UDALAREN ETA EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIOAREN ARTEKOA, INFORMAZIOAREN, ADMINISTRAZIOAREN ETA KUDEAKETA ELEKTRONIKOAREN ESPARRUKO ZERBITZUAK ELKARRI EMATEKO

Barakaldo, 2014ko apirilaren 1a.

HAUEK BILDU DIRA:

Alde batetik, Josu Iñaki Ercoreca Gervasio, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazio eta Justiziako sailburua, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioaren ordezkari moduan, Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretutik datozkion eskumenak baliatuz -dekretu horren arabera sortu, ezabatu eta aldatzen dira Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioko sailak, eta baita haien egitekoak eta jardun-arloak finkatu ere-; apirilaren 9ko 188/2013 Dekretuko 18. artikuluaren arabera dagozkion eskumenak erabiliz –Herri Administrazio eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala dator zehazturik dekretu horretan–; eta betiere Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legeko 26. artikuluan adierazitako eskumenekin eta indarreko legediak esleitzen dizkion guztiekin bat etorrita.

Bestetik, Alfonso García Alonso, Barakaldoko Udaleko jarduneko alkatea. Udalaren ordezko modura etorri da, Toki-araubidearen oinarriak arautzen dituen legea aplikatuz (7/1985 Legea, apirilaren 2koa), eta Toki Araubidearen gaietan indarrean dauden xedapenen Testu Bateginak esleitutako eskumenak erabiliz (apirilaren 18ko 781/1986 Legegintzako Errege Dekretu bidez onartua).

Bi aldeek lankidetza-hitzarmen hau sinatzeko lege-gaitasun nahikoa dutela aitortzen diote elkarri, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 1996ko urtarrilaren 9an hartutako erabakian adierazitako baldintzak ere betetzen dira (hor dago zehazturik zein diren Jaurlaritzaren Kontseiluak baimendu behar dituen hitzarmenak).

AZALTZEN DUTE:

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta Barakaldoko Udalak, besteak beste, honako betebehar hauek dituzte: herritarrei intereseko zerbitzuak eskaintzea, eraginkortasuna bilatzea baliabide publikoen erabileran, eta administrazio-tramitazioa sinplifikatzea, gardentasun-, parte hartze- eta lankidetza- printzipioekin bat etorrita.

Obligazio horiek bai EAEko Administrazioak bai Toki Administrazioak bete beharrekoak dira, azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 1. artikuluan eta, bereziki, 2.1 artikuluan adierazi bezala. Horretarako, Toki Administrazioarekiko harremanen araubide berezia jasotzen da 9. artikuluan; harremanotan, gai honetan oinarrizkoa den legediari jarraituko zaio, eta, haren osagarri gisa, Legearen I. tituluan xedatutakoari.

Helburu horiek lortzeko ezinbestekoa da herri-administrazioen arteko lankidetza areagotzea. Hain zuzen ere, administrazioek informazioa trukatzeko sistemak sortu behar dira, hartara, herritarrei, izapideak egin behar dituztenean, datuen ziurtagiriak ekartzeko eskatu beharrik egon ez dadin.

2.– Horretarako, beharrezkoa da azkar eta eraginkorki aurrera egitea administrazio elektronikoaren garapenean, Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa izateari buruzko 11/2007 Legea benetan betetzeko. Izan ere, lege horren arabera, herri-administrazio guztiak beharturik daude beraiekiko harremanak elektronikoki gauzatzeko aukera ematera; eta, horretarako, ezinbestekoa da administrazio guztien eskura jarritako zerbitzu elektroniko batzuk edukitzea lehenbailehen, legez ezarritako betebeharra benetan betetzea lortu ahal izan dadin.

21/2012 Dekretu, otsailaren 21eko, Administrazio Elektronikoari buruzkoak dioenaren arabera, datuak eta dokumentuak ez emateko eskubidearen erabilera erraztearren, gainerako herri-administrazioekin hitzarmenak egitea sustatuko du Administrazioak, 11/2007 Lege, ekainaren 22ko, Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa izateari buruzkoaren 9. artikuluan jasotakoari jarraikiz. Hitzarmen horietan, zenbait prozedura erabakiko dira, organo lagatzaileek ikus dezaten ea erabili den aipatu eskubidea, sarbide-eskaeren xede izan diren datu edo dokumentuei dagokienez.

Era berean, eta Euskal Autonomia Erkidegoko toki-erakundeek ere parte har dezaten estatu- eta foru-administrazioekin izenpetutako hitzarmenen bidez formalizatutako zerbitzuetan, eta baita geroago erabakitzen direnetan ere, beharrezkoa da mekanismo egoki bat jartzea, autonomia-erkidegoko lurraldean kokatutako toki-erakundeek erraz balia ditzaten aipatu hitzarmenak, hori bai, zerbitzu bakoitzean erabiltzaileari ezarritako betebeharrak beti beteko direla bermatzen duen prozedura baten bidez.

3.– EAEko Administrazioak eta Presidentetzako Ministerioak lankidetza-hitzarmen bat izenpetu zuten 2010eko urriaren 18an, administrazio elektronikoaren esparruko zerbitzuak elkarri emateko, eta EAEko Administrazioak SARA sarean sarbidea izatea dago haren aplikazio-esparruaren barruan. Sare horretan Presidentetzako Ministerioak eta autonomia-erkidegoek garatutako azpiegitura teknologikoak daude, eta nahi duten administrazio guztiek konektatzeko eta aplikazioak trukatzeko sistema bat erabiltzeko aukera ematen du. Hitzarmen horretako II. eranskinean esaten da EAEko Administrazioa konprometitzen dela toki-administrazioek, beraiek erabakitako teknologia, mekanismoak eta prozedurak erabiliz, SARA sarean sarbidea izan dezaten bideratu eta sustatzera.

4.– Gainera, aipatu 30/1992 legeak dio administrazioen betebeharra dela elkarri ematea beren eskumenak erabiliz garatzen duten jarduerari buruz behar duten informazioa, bai eta, era berean, dagokien esparruan, beste administrazioek beren eskumenak eraginkorki erabiltzeko eska ditzaketen lankidetza eta laguntza aktiboak elkarri ematea ere.

Horretarako, aipatutako 30/1992 Legearen 4.2 artikuluak dioen bezala, erakunderen bati zer edo zer eskatzen zaionean, herri-administrazioek haren esku dauden datuak, agiriak edo frogabideak eskatu ahal izango dituzte, eta, era berean, laguntza eskatu ahal izango dute beren eskumenak baliatzeko; horretarako behar adina bitarteko izan beharko dituzte, bereziki elkarri laguntzeko eta lankidetzan aritzeko beren eskumenen lurralde-esparrutik kanpo gauzatu beharreko egintzen tramitazioetan.

Sinatzaileek datu jakin batzuk behar izaten dituzte beren egitekoak burutzeko eta egokituta dauzkaten eskumenak erabiltzeko. Beraz, herri-administrazioen arteko harremanetan elkarri laguntzea nagusi izan behar dela kontuan hartuta eta beraien jardunean eraginkortasunaren printzipioa eta herritarrei zerbitzu eman beharraren printzipioa aplikatuta, aldeek uste dute beren arteko datu-trukea arautu behar dutela. Trukean baliabide informatikoak edo telematikoak erabiliko dira, eta, herri-administrazioek dauzkaten datuez den bezainbatean, herritarrei dagozkien bermeak eta eskubideak errespetatuko dira.

5.– Horregatik, bi aldeek argi ikusten dute zerbitzuak linean ematea sustatu behar dela, zerbitzuen, izapideen eta prozeduren elkarreragingarritasuna handitzeko.

Alde horretatik, sinatzaileek, bakoitzak bere eskumen-esparruan, beharrezkotzat jotzen dute administrazio elektronikoaren esparruko proiektuen koordinazioa sustatzea, eta haietatik etekinik handiena ateratzea izatea helburua, aldeek jarritako zerbitzuak erabiliz, eta, gisa horretan, administrazioen beharrak nahiz interes publikoa betetzea bilatuz.

Erabiliko den elkarreragingarritasun-sistemak aukera ematen du datuen transmisio elektronikoen bidez ordezteko paperezko ziurtagiriak eta beste frogagiri batzuk, eta trukatutako informazioaren benetakotasuna, osotasuna, konfidentzialtasuna, baliagarritasuna eta kontserbazioa ziurtatzen ditu.

Hori, bestalde, halaxe aginduta dago 30/1992 Legearen 35. artikuluan eta 11/2007 Legearen 6.2.b) artikuluan, onartu baitute herritarrek ez dutela zertan herri-administrazioek badauzkaten datuak eta dokumentuak atzera berriz ekartzen ibili behar.

6.– Aldeak elkarreragingarritasun-sistema ezartzearen alde daude, trukatutako informazioaren benetakotasuna, osotasuna, konfidentzialtasuna, baliagarritasuna eta kontserbazioa ziurtatzen baititu.

Helburu horiek lortzen eraginkorragoak izateko, eta herri-administrazioen arteko lankidetza- eta koordinazio-printzipioei jarraikiz, erabaki hau bereziki baliagarria da bi administrazio sinatzaileentzat.

Horregatik guztiagatik, alderdiek lankidetza-hitzarmen hau sinatu dute.

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Xedea eta helburua.

Hitzarmen honen xedea da baldintza eta irizpide orokorrak finkatzea, sinatzaileek, alde batetik, ematen dituzten zerbitzu elektronikoen aprobetxamendu erkidea egin dezaten; eta, bestetik, informazioa truka dezaten beraien artean.

Horren ondorioa da zerbitzu jakin batzuk erabilgarri egotea, eta aldeetako bakoitzak emandako zerbitzuetarako sarbidea eta haien erabilera erkidea erraztea. Zerbitzu horiek hitzarmen honetan eta hitzarmeneko eranskinetan adierazi bezala emango dira.

Hitzarmenaren xede nagusia da herri-administrazioen esku dauden datuak eta agiriak ez emateko eskubidearen erabilera erraztea, ekainaren 22ko 11/2007 Legeko 6.2.b) artikuluan adierazita dagoen bezala; hau da, pertsona interesdunak ados egon edo lege batek hala erabakiz gero.

Hala ere, hitzarmen honi esker, herritarrek emandako datuak egiaztatu edo begiratu egin ahal izango ditu Administrazioak, haien adostasuna izan behar gabe, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko Lege Organikoaren 11.2 eta 21. artikuluetan adierazitako moduan.

Bigarrena.– Aplikazio-eremua.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta Bilboko Udalak hitzarmen honetako eranskinetan zerrendatutako zerbitzuen funtzionalitateak baliatu ahal izango dituzte; eranskinak hauek dira:

● I. eranskina: datuen transmisioa.

● II. eranskina: Estatuko Administrazio Orokorraren eta Udalaren arteko datu-bitartekotza.

● III. eranskina: Jakinarazpen eta komunikazio elektronikoen zerbitzua.

Era berean, aldeek beste funtzionalitate batzuk ere baliatu ahal izango dituzte. Horretarako, beste funtzionalitate horiek beste eranskin batean edo batzuetan zehaztu, eta hitzarmen honetara bilduko dituzte. Sinatzaileek adostuko dute zeintzuk, baina, edonola ere, horretarako prozedurak derrigorra izango du bermatzea, beti, zerbitzu bakoitzean erabiltzailearentzat jarritako betebeharrak beteko direla.

Hirugarrena.– Informazio-trukearen arduradunak.

1.– Administrazio lagatzaile bakoitzak erabakiko du zein protokolo eta baldintza bete behar diren datuak trukatzeko eskaintzen diren zerbitzuetan sarbidea izateko. Datuak bitartekotza bidez trukatzeko eskabideak koordinatu, izapidetu eta kontuan izateko organo arduraduna hau da:

● Barakaldoko Udalean: Administrazio elektronikoan eskuduna den organoa.

● Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan: Administrazio elektronikoan eskuduna den zuzendaritza.

2.– Datuen lagapena hartzen duen administrazio bakoitzak datuetara sarbidea izateko baldintzak beteko ditu, eta baimendutako administrazio-izapide eta -prozeduren esparruan lagatzaileak emandako informazioa eskuratu nahi duten pertsonen eta organoen sarbidea kudeatuko du. Datuak bitartekotza bidez trukatzeko eskabideak koordinatu, izapidetu eta kontuan izateko organo arduraduna hau da:

● Barakaldoko Udalean: Administrazio elektronikoan eskuduna den organoa.

● EAEko Administrazioan: Administrazio elektronikoan eskuduna den zuzendaritza.

Laugarrena.– Baldintza teknikoak eta funtzionalak.

Datuen bitartekotza-protokoloen Elkarreragingarritasun Arau Teknikoan jasotako baldintzak (Estatuko Aldizkari Ofiziala, 2012ko uztailaren 26koa) hitzarmen hau aplikatuz egiten den datuen truke bitartekotuari aplikatuko zaizkio.

Bosgarrena.– Jarraipen Batzorde Teknikoa.

Hitzarmen honetan eta eranskinetan erabakitakoaren kudeaketa, jarraipena eta kontrola egiteko, Jarraipen Batzorde Tekniko bat eratuko da; kide hauek izango ditu: Barakaldoko Udalak izendatutako bi pertsona, eta Eusko Jaurlaritzak izendatutako beste bi.

Jarraipen Batzorde Teknikoak ohiko bilkura bat izango du urtean. Horrez gainera, aparteko bilkura egingo du aldeetako batek eskatzen duen bakoitzean.

Jarraipen Batzorde Teknikoari dagokio hitzarmen hau interpretatzean eta betetzean sortutako arazoak konpontzea, bai eta alde sinatzaileei hitzarmenaren edozein aldaketa proposatzea ere.

Gainera, Jarraipen Batzorde Teknikoak hitzarmenaren funtsa ukitzen ez duten aldaketa teknikoak ezar ditzake.

Seigarrena.– Araubide ekonomikoa.

Lankidetza-hitzarmen honek ez du sortzen sinatzaileen arteko kontraprestazio ekonomikorik. Hala ere, aldeek beharrezko inbertsioak egin beharko dituzte beren instalazioetan, hitzarmen hau sinatuta beren gain hartu dituzten betebeharrak betetzeko, betiere berez egin ahal izanez gero.

Zazpigarrena.– Hitzarmenaren indarraldia.

Hitzarmen honen indarraldia lau urtekoa da, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita. Epe hori urtero luzatuko da automatikoki, gehienez ere hamabost urtera arte. Esku hartzen duen edozein administraziok berariaz denuntziatu ahal izango du hitzarmena, gutxienez iraungitze-data baino hiru hilabete lehenago.

Hitzarmenaren formalizazioa eta haren iraungipena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Bizkaiko lurralde historikoko aldizkari ofizialean eta Barakaldoko udaletxeko iragarki-taulan argitaratuko dira.

Zortzigarrena.– Hitzarmenaren berrikuspena.

Alderdiek noiznahi proposatu ahal izango dute hitzarmena berrikustea, bidezkotzat jotzen diren aldaketak egiteko.

Klausulak berrikusten badira, aldaketak aldeek sinatu beharreko gehigarri batean jasoko dira.

Gainera, aldeek, gehigarrien prozedura hori erabiliz, eranskinak sartzea itundu ahal izango dute, baina horrek ez du berekin ekarriko hitzarmeneko klausulak berrikustea.

Bederatzigarrena.– Araubide juridikoa.

Hitzarmen honek araudi lokalari jarraituko zaio, eta, haren osagarri gisa, Azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legeari.

Hamargarrena.– Gatazkak konpontzea.

Hitzarmen hau sinatu duten aldeek konpromisoa hartu dute hura betetzean sortzen diren gorabeherak elkar hartuta konpontzeko.

Hitzarmenaren garapenean eta betearazpenean aldeen artean auziren bat sortzen bada, eta bosgarren klausulan aipatutako batzorde teknikoak ezin badu konpondu, administrazioarekiko auzien jurisdikzioan helegitea jarri ahal izango da, jurisdikzio hori araupetzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legean xedatutakoarekin bat etorriz.

Hamaikagarrena.– Komunikazioa.

Aldeek hitzarmenaren beste sinatzailea ere aipatuko dute, bakarka zein batera hitzarmenaren gaiaz egiten dituzten komunikazio-egintza guztietan.

Hitzarmen hau Estatuko Administrazio Orokorrari jakinaraziko zaio.

Azaldutako guztia frogatzeko, alderdiek hitzarmenaren bi (2) ale sinatu dituzte ondorio bakarrerako, goiburuan adierazitako tokian eta egunean.

Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,

JOSU IÑAKI ERCORECA GERVASIO.

Barakaldoko Udaleko alkatea,

ALFONSO GARCÍA ALONSO.

I. ERANSKINA
DATUEN TRANSMISIOA

1.– Xedea.

Eranskin honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta udalen artean datuak transmititzeko baldintzak arautzea. Hortaz, bi aldeak informazioaren lagatzaile moduan nahiz lagatakoaren hartzaile moduan ari daitezke.

Lagatzaileak informazioa bere zereginetan diharduen bitartean biltzen du, administrazioa baitira, eta lagapen-hartzaileak, berriz, esleituta dauzkan eginkizunak betetzeko eskatzen du.

Nolanahi ere, informazioa indarreko arau-esparrua eta, bereziki, datu pertsonalen babesari buruzkoa errespetatuta eman eta eskuratuko da beti. Alde horretatik, trukatzen diren datu pertsonalak egokiak eta bidezkoak izango dira, eta ez gehiegizkoak, datu horiek lortzeko arrazoi izandako helburu jakin, esplizitu eta legezkoez nahiz esparruaz den bezainbatean, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko Lege Organikoaren 4. artikuluak xedatu bezala.

2.– Informazioa ematearen helburua.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta udalen mendeko organoek eta erakundeek kudeatutako administrazio-prozeduretan interesa duten pertsonen datuak egiaztatzea, betiere aipatu prozedura horietan datu horiek baldintza badira.

3.– Informazioaren edukia.

Datuen lagatzaile bakoitzak elkarreragingarritasun-zerbitzuen katalogoa izan eta argitaratuko du lagapen-hartzaile diren erakundeentzat, nahi dutena kontsulta dezaten. Zerbitzu-katalogo horretan, zehatz jasoko dira trukatuko diren datuak, zerbitzuetara sarbidea izateko baldintza teknikoak, izapidetze-baldintzak eta lagapen-hartzaileak jakin beharreko beste edozein informazio.

4.– Informazioa transmititzeko baldintzak.

Datuen bitartekotza-protokoloen Elkarreragingarritasun Arau Teknikoan jasotako baldintzak (Estatuko Aldizkari Ofiziala, 2012ko uztailaren 26koa) aplikatuko dira datuen truke bitartekotuan.

5.– Datu pertsonalen babesa.

Aldeak honako hauetan xedatutakoak betetzera konprometitzen dira: 15/1999 Lege Organikoa, abenduaren 13koa, Datu Pertsonalak Babesteari buruzkoa; 1720/2007 Errege Dekretua, abenduaren 21ekoa, 15/1999 Lege Organikoa, abenduaren 13koa, Datu Pertsonalak Babesteari buruzkoa garatzeko erregelamendua onartzen duena; eta Eusko Legebiltzarraren 2/2004 Legea, otsailaren 25ekoa, Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzkoa, hala nola hura garatzeko estatu- edo autonomia-mailako arautegia.

Aurrekoa oinarri hartuta, eta datuak kontsultatzeko, beharrezkoa izango da datuok nori buruzkoak diren begiratzea eta, gero, haren adostasuna izatea, lege-mailako arau batek kontsulta baimendu ezean. Baimena prozedura abiarazteko eskaeran agertu behar da, edo ondoko zeinahi komunikaziotan, sisteman kontsulta egin baino lehen eginez gero. Baimena modu sinesgarrian agerrarazten ez bada, ezin egin izango da kontsulta. Administrazio-prozeduren hasiera eskatzeko inprimaki edo formulario elektronikoak baimena jasotzeko prestatu behar dira.

Ematen diren datu pertsonalen arduradunak, informazioa laga baino lehen, fitxategi horiek behar bezala deklaratuta eduki behar ditu datuen babeserako kasuan kasuko agentzian. Tratamenduaz norbait arduratzen bada, aurreko arduradun horrek argibide egokiak emango dizkio datuetarako sarbidea eman dezan, hitzarmen honen xede diren zerbitzuak gauzatzeko.

6.– Informazioaren eskuragarritasuna.

Informazio-sistema asteko zazpi egunetako 24 orduetan egongo da eskuragarri.

7.– Ezingo da eskatu informazioa beste sistema batzuk erabiliz bidaltzeko, ez eta herritarrari eskatu ere, banan-banan, ekartzeko informazio hori.

1) Lagapena hartzen duen administrazioak ez dio, lagatzaileari, informazioa, hitzarmenean, eranskinetan edo aldeek ituntzen dituzten aldaketetan adierazitakoak ez diren beste bitarteko batzuk erabiliz bidaltzeko eskatuko.

2) Lagapen-hartzailea den administrazioak ez die eskatuko pertsona interesdunei lagatzaileak emandako ziurtagiriak edo bestelako agiriak aurkezteko. Aitzitik, informazio hori hitzarmen honetan ezarritako sistemaren bidez transmititzeko eskatuko dio lagatzaileari; non eta ez den ezinezkoa, arrazoi teknikoengatik edo antolamenduagatik, lagatzaileak informazio hori bidaltzea.

Azaldutako guztia frogatzeko, alderdiek hitzarmen honetako I. ERANSKINAren bi (2) ale sinatu dituzte ondorio bakarrerako.

Barakaldo, 2014ko apirilaren 1a.

Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,

JOSU IÑAKI ERCORECA GERVASIO.

Barakaldoko Udaleko alkatea,

ALFONSO GARCÍA ALONSO.

II. ERANSKINA
ESTATUKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN ETA ESTATUKO GAINERAKO ADMINISTRAZIOEN ETA UDALAREN ARTEKO DATU-BITARTEKOTZA

1.– Xedea.

Eranskin honen xedea da Estatuko Administrazio Orokorraren, eta Estatuko gainerako administrazioen, eta Barakaldoko Udalaren arteko Datu Bitartekotza arautzea (Barakaldoko Udala, aurrerantzean, Udala izango da). Bitartekotza hori Presidentetzako Ministerioak eta Eusko Jaurlaritzak administrazio elektronikoaren esparruko zerbitzuak emateko izenpetutako lankidetza-hitzarmenaren ondorio da.

Estatuko Administrazio Orokorraren esparruan, 2007ko ekainaren 22an, 11/2007 Legea onartu zen, Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa izateari buruzkoa, eta, haren 6.2b artikuluan, herri-administrazioek dauzkaten datuak eta dokumentuak ez emateko herritarren eskubidea jasotzen da. Lege-aurreikuspen hori eraginkorra izan dadin, Ogasun eta Herri Administrazioko Ministerioak datu horien bitartekotza-plataforma bat garatu du.

Plataforma horri esker, interesa duten herri-administrazioek herritarren datuak automatikoki eta bitarteko elektronikoen bidez kontsultatu ahal izango dituzte, dela aipatu dokumentuak ekartzeko betebeharra kentzeko, dela datu horiek egiaztatu ahal izateko, betiere lege batek horretarako gaitzen baditu, edo herritarrak baimena ematen badu. Presidentetzako Ministerioak eta Eusko Jaurlaritzak administrazio elektronikoaren esparruko zerbitzuak emateko izenpetutako lankidetza-hitzarmenari jarraikiz, toki-administrazioek onura atera dezakete administrazio elektronikoaren esparruan garatutako sistemen elkarreragingarritasunetik, eta, Eusko Jaurlaritzaren bidez, sarbidea izan dezakete hitzarmen horretako eranskinetan zerrendatutako zerbitzuek ematen dituzten funtzionalitateetan, edo etorkizunean gehitzen direnetan. Eusko Jaurlaritzak egingo du bitartekotza, bai estatu-administrazioetan dauden datuak EAEko gainerako administrazioei lagatzeko; bai eta EAEko gainerako administrazio horietan dauden datuak Estatuko Administrazio Orokorrari eta estatuko gainerako administrazioei lagatzeko ere.

Kontuan hartuta beharrezkoa dela administrazioak lankidetzan aritzea herritarrei zerbitzu integratuak emateko, eta kontuan hartuta, halaber, 11/2007 Legearen 4.e artikuluan jasotako printzipioa, eranskin honen xedea da zehaztea zer baldintza bete behar diren administrazioen arteko datuen bitartekotza-zerbitzua erabili nahi denean, administrazio-zereginak betetzean beharrezkoak diren datuak kontsultatzeko, legeak eskatutako segurtasun-, osotasun- eta konfidentzialtasun-bermeak betez.

2.– Norainokoa.

Eranskin honen aplikazioak Udalaren mendeko organoen edo erakundeen edozein aplikazio informatiko datuen bitartekotza-zerbitzua erabiltzeko gaitzen du, hitzarmen honetan azaldutako eran.

Zerbitzuaren barruan dago esparru pribatuko datuak trukatzeko oinarrizko plataforma baterako konexioa, oinarrizko zerbitzu batzuk izatea eta segurtasun-politika erkide bat egotea, Euskalsarea sarera konektatutako herri-administrazioen aplikazioen artean informazio-truke segurua egiteko, dokumentu honetan jasotako ezaugarrien eta baldintzen arabera.

Ogasun eta Herri Administrazioko Ministerioaren bitartekotza-plataformak web-atari informatibo bat izango du, eskainitako elkarreragingarritasun-zerbitzuei buruzko dokumentazio guztia jasoko duena, honako hauek barne: erabilgarri dauden elkarreragingarritasun-zerbitzuen katalogoa, zerbitzuetara sartzeko informazio teknikoa, eta haietan sartzeko baimen-formularioak.

3.– Zerbitzu-emailearen betebeharrak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, berak ematen baitu zerbitzua, bere gain hartzen ditu honako betebehar hauek:

(i) Udalaren eskura jartzea herri-administrazioen arteko datuen bitartekotza-zerbitzua.

(ii) Zerbitzuak integratzen proba egiteko inguruneak edukitzea, azken erabiltzaileen eskura jarri baino lehenago ondo dabiltzala bermatzeko.

(iii) Udalaren integrazio- eta garapen-ekipoei beharrezko euskarria emateko mekanismoak prestatzea, udal horren aplikazioak zerbitzuekin integra daitezen.

(iv) Beharrezko baliabideak izatea zerbitzuen erabileraren ondorioz sortutako gorabeherak eta kontsultak kontuan hartu eta erantzun egokia emateko.

(v) Egindako eragiketen auditagarritasun-elementuak ematea, transakzioei uko ez zaiela egin ziurtatu ahal izateko.

(vi) Informazioa eta eskainitako bitartekotza-zerbitzuak behar bezala babesteko beharrezko segurtasun-neurri guztiak hartzea.

(vii) Bitartekotza-zerbitzuak ematearekin zerikusia duten datu guztien eskalagarritasuna, sendotasuna, eskuragarritasuna, osotasuna eta konfidentzialtasuna bermatzea.

4.– Zerbitzuen onuradunaren betebeharrak.

Udala, datuen bitartekotza-zerbitzuaren onuraduna izaki, honako hauek egitera konprometitzen da:

(i) Konektibitate- eta hedapen-lan egokiak egitea, bere bulego edo instalazioetatik datuen bitartekotza-zerbitzuan sarbidea izateko EUSKALSAREAren bidez.

(ii) Elkarreragingarritasun Eskema Nazionalean, hura garatzeko arauetan eta, bereziki, datuen bitartekotza-protokoloen Elkarreragingarritasun Arau Teknikoan jasotako benetakotasun-, konfidentzialtasun- eta osotasun-betebeharrak nahiz segurtasun-neurriak betetzea.

(iii) Zerbitzuen errendimendu- edo monitorizazio-probak egingo direla ituntzea Eusko Jaurlaritzarekin, datuak egiaztatzeko sistema hauen gainerako erabiltzaileentzako zerbitzuak beste batzuentzat baliagarri egotea arriskuan ez jartzeko.

(iv) Datuen hartzailea denean, adostasuna eskatzea herritarrei, datuak eskatzeko ahalmena ematen duen legerik egon ezean.

(v) Zerbitzua ondo erabiltzea, baimendutako kasuetan baliatuz.

(vi) Datuen bitartekotza-zerbitzuaren erabilera eta hartarako sarbidea erraztea, sustatzea eta bideratzea bere eskumen-esparruko erakundeei dagokienez, eta zerbitzuaren kalitatea bermatzea dagokion neurrian.

(vii) Zerbitzuaren sistema erabiltzaileak eta aplikazioen administrazio-prozesuak bateratzeko ezarritako prozedurak betetzea.

5.– Zerbitzuen kalitateari buruzko akordioa.

Datuen bitartekotza-protokoloen Elkarreragingarritasun Arau Teknikoan jasotako baldintzak aplikatuko dira (Estatuko Aldizkari Ofiziala, 2012ko uztailaren 26koa).

6.– Erantzukizuna mugatzea.

Eusko Jaurlaritza edo haren hornitzaileak inoiz ez dira behartuta egongo beren gain hartzera zerbitzua gaizki erabiltzeagatik edo zerbitzurik ez izateagatik zeharka eragindako edozein kalte edo galera.

7.– Aipamenak.

Eusko Jaurlaritzak zerbitzuak erabiltzen dituzten erakundeen zerrenda argitaratu ahal izango du onuradunak aipatzen dituen edozein zerrendatan edo argitaratutako edozein prentsa-aldizkaritan, aurretiazko baimenik behar izan gabe.

Udalak zerbitzu horien erabilera aipatu ahal izango du, aurrez Eusko Jaurlaritzaren baimena lortu behar izan gabe.

Azaldutako guztia frogatzeko, alderdiek hitzarmen honetako II. ERANSKINAren bi (2) ale sinatu dituzte ondorio bakarrerako.

Barakaldo, 2014ko apirilaren 1a.

Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,

JOSU IÑAKI ERCORECA GERVASIO.

Barakaldoko Udaleko alkatea,

ALFONSO GARCÍA ALONSO.

III. ERANSKINA
JAKINARAZPEN ETA KOMUNIKAZIO ELEKTRONIKOEN ZERBITZUA

1.– Xedea.

Eranskin honen xedea da baldintzak eta betebeharrak arautzea Udalek erabil dezaten Euskal Autonomia Erkidegoko (EAEko aurrerantzean) Administrazioak garatutako jakinarazpen eta komunikazio elektronikoen zerbitzua.

Nolanahi ere, zerbitzua indarreko arau-esparrua eta, bereziki, datu pertsonalen babesari buruzkoa errespetatuta erabiliko da beti.

2.– Norainokoa.

a) Pertsona interesdunek erretilu birtual bakar batean jasoko dituzten jakinarazpen eta komunikazio elektronikoak. Erretilu horrek aukera emango du itxura pertsonalizatzeko, Udalen atarietatik erabilia izan ahal izateko.

b) Barakaldoko Udalaren mendeko organo edo erakundeen edozein aplikazio informatikotarako gaitzen da, jakinarazpen eta komunikazio elektronikoen zerbitzua baliatzeko.

c) Udalak herritarren eskura jartzen dituen prozedura guztietarako erabili ahal izango du EAEko jakinarazpen eta komunikazio elektronikoen zerbitzua, eta bere ardura izango du zerbitzua bere aplikazio informatikoetan funtzionamenduan jartzea, eguneratzea eta mantentzea.

d) Bi aldeek hitzematen dute elkarri jakinaraziko diotela zerbitzuaren bateragarritasunari eragin diezaiokeen edozein informatizazio-neurri.

3.– Zerbitzu-emailearen betebeharrak.

EAEk, jakinarazpen eta komunikazio elektronikoen emaile gisa, bere gain hartzen ditu betebehar hauek:

a) Zerbitzuaren funtzionamendu ona zaintzea.

b) Proba-ingurune bat izatea, zerbitzuan hobeto integratzeko.

c) Beharrezko mekanismoak prestatzea, zerbitzuen erabiltzaileak herritarrei informazio- eta arreta-laguntza eman diezaien, eta beharrezko euskarria erakundeei.

4.– Zerbitzuen erabiltzailearen betebeharrak.

Barakaldoko Udalak, EAEko jakinarazpen eta komunikazio elektronikoen erabiltzaile gisa, bere gain hartzen ditu betebehar hauek:

a) Herritarrei ematea jakinarazpen eta komunikazio elektronikoen zerbitzua erabiltzeko behar diren bitartekoak.

b) Jakinarazpen eta komunikazio elektronikoak jasotzeko prozedurei buruzko informazioa ematea, bai eta jakinarazpen eta komunikazio elektronikoak jasotzeko zer kanal elektroniko hobesten den adierazteko aukera ematea ere.

c) Herritarrei informazio- eta arreta-laguntza ematea, eta parte hartzea jakinarazpen eta komunikazio elektronikoen zerbitzuaren antolamenduan.

5.– Ezaugarri teknikoak eta zerbitzu-maila.

Eranskin honen xede diren zerbitzuek atal honetan zehazten diren ezaugarri teknikoak eta zerbitzu-maila izango dituzte.

a) Zerbitzuaren erabilgarritasuna.

Jakinarazpen eta komunikazio elektronikoen zerbitzua asteko egun guztietako ordu guztietan erabili ahal izango da.

b) Jakinarazpen eta komunikazio elektronikoaren zerbitzurako sarbidea.

Bi modu daude jakinarazpen eta komunikazio elektronikoaren zerbitzuan sartzeko:

– Alde batetik, bada interfaze bat, zerbitzua darabilen udalak behar bezala identifikatu eta baimendutako pertsonentzat. Interneteko nabigatzaile baten bidez sar daiteke.

– Bestetik, bada web-zerbitzuko interfaze automatizatu bat ere, W3C The World Wide Web Consortium (W3C) deritzonean une bakoitzean ezarritako erreferentziazko estandarren araberakoa. Zerbitzurako sarbidea udalak behar bezala identifikatuta eta baimenduta dituen aplikazioetarako izango da.

Jakinarazpen eta komunikazio elektronikoen zerbitzura EAEko herri-administrazioko sarearen (Euskalsarearen) bidez sartuko da.

c) Segurtasun-, konfidentzialtasun- eta auditoria-betebeharrak.

Jakinarazpen eta komunikazio elektronikoen zerbitzuan interfaze grafikoaren edo zerbitzu-interfazearen bidez egiten diren eragiketa guztiak zifratu egingo dira.

Udalaren aplikazio erabiltzaileen eta jakinarazpen nahiz komunikazio elektronikoen zerbitzuaren arteko komunikazio guztiak dena delako komunikazioaren osotasuna eta benetakotasuna bermatuz egingo dira.

Gainera, jakinarazpen eta komunikazio elektronikoen zerbitzuak sisteman egiten diren eragiketen beharrezko jarduera-arrastoak gordeko ditu.

d) Euskarria eta gorabeheren konponketa.

Zerbitzua erabiltzen duen udalak agintzen du jarriko dituela zerbitzu batzuk martxan, administrazio elektronikoaren zerbitzuen azken erabiltzaileei gorabeheretan laguntzeko; zehazki, jakinarazpen eta komunikazio elektronikoen zerbitzua erabiltzen duten udal-zerbitzuei. Udalak informazioa emango du bere administrazio-prozedura bereziei buruz, bai eta bere prozeduren esparruaren barruan egiten den jakinarazpen eta komunikazio elektronikoaren zerbitzuaren erabilerari buruz ere.

Eusko Jaurlaritzak bigarren mailako laguntza-zerbitzu bat eskainiko dio Udalari, jakinarazpen eta komunikazio elektronikoen zerbitzuaren erabileran sor daitezkeen arazoak konpontzeko. Zerbitzu hori kanal elektroniko eta telefonikoen bidez emango da, astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 18:00etara bitarte.

Hala ere, plataforma asteko egun guztietako ordu guztietan erabilgarri egotea bermatzeko, Eusko Jaurlaritzak gorabeheretan laguntzeko 24x7 zerbitzu bat prestatzeko konpromisoa hartzen du, jakinarazpen eta komunikazio elektronikoen zerbitzuaren funtzionamendu onari eragiten dioten arazoak konpontzeko.

Ziurtagiriak egiten dituzten Ziurtapenerako Zerbitzu Emaileek eskainiko dituzte ziurtagiri elektronikoen erabilerarekin zerikusia duten laguntza-zerbitzuak.

Azaldutako guztia frogatzeko, alderdiek hitzarmen honetako III. eranskinaren bi (2) ale sinatu dituzte ondorio bakarrerako.

Barakaldo, 2014ko apirilaren 1a.

Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,

JOSU IÑAKI ERCORECA GERVASIO.

Barakaldoko Udaleko alkatea,

ALFONSO GARCÍA ALONSO.

II. ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN MAIATZAREN 30EKO 16/2014 EBAZPENARENA
HITZARMENA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAREN ADMINISTRAZIOAREN ETA AMURRIOKO UDALAREN ARTEKOA, HERRI ADMINISTRAZIOEN ARAUBIDE JURIDIKOAREN ETA ADMINISTRAZIO PROZEDURA ERKIDEAREN 30/1992 LEGEAREN 38.4.B) ARTIKULUAN EZARRITAKOA BETETZEKO. (EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIOARI ZUZENDUTAKO IDAZKIAK UDAL ERREGISTROETAN AURKEZTEKO LANKIDETZA)

Vitoria-Gasteizen, 2014ko apirilaren 1ean.

BILDU DIRA:

Batetik, Josu Iñaki Ercoreca Gervasio, Herri Administrazio eta Justiziako sailburua dena, Euskal Autonomia Erkidegoaren ordezkari gisa, eta bestetik,

Josune Irabien Marigorta, Amurrioko Udaleko alkate-lehendakaria, udal horren ordezkari gisa.

Bi ordezkariok, ondorengo manu hauek emandako eskumenak erabiliz dihardute: batetik, Herri Administrazio eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 9ko 188/2013 Dekretua nahiz Jaurlaritzaren Kontseiluak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 38.4.b artikuluan aurreikusitako hitzarmenak gauzatzeko, 1996ko urriaren 29an hartutako Erabakia; eta bestetik, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legea nahiz, Toki Araubidearen arloan indarrean dauden xedapenen Testu Bategina onartu zuen apirilaren 18ko 781/1986 Legegintzazko Errege Dekretua.

Bi aldeek, elkar onartzen dute eta elkarri aitortzen diote honako hitzarmen hau gauzatzeko legezko gaitasuna. Horretarako, honako hau

ADIERAZTEN DUTE:

30/1992 Legearen 38.4.b) artikuluaren arabera, Administrazio Publikoei zuzendutako eskaera, idazki eta jakinarazpenak aurkez daitezke edozein administrazio-organotako erregistroan, dela Estatuko Administrazio Orokorrekoa, dela autonomia-erkidegoetako administrazioetakoak, dela probintzietako diputazioen, kabildoen eta uharteetako kontseiluen administraziotakoak, dela Toki-araubidearen oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 121. artikuluak aurreikusten dituen udalerrietako udaletakoak, dela gainerako Toki Administrazioko erakundeetakoak, betiere, azken kasu honetan, dagokion hitzarmena sinatu bada.

Aipatutako manu hori betetzea eta herritarren eta administrazio publikoen arteko harremanak erraztea da gaur sinatzen den hitzarmen honen helburua; izan ere, administrazio sinatzaileek lehendik zuten asmoa, hots, herritarrek, EAEko Administrazioaren edozein organo edo erakunderi zuzendu nahi dizkioten agiriak Amurrioko Udalaren erregistroetan, eraginkortasun osoz, aurkeztu ahal izatea, gauzatu egiten da hitzarmen hau dela medio.

Gauzak horrela, arestian aipatutako administrazioek hitzarmen hau sinatzen dute, hona hitzarmenaren

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Hitzarmen honen helburua da, EAEko Administrazioari eta haren menpeko edo hari atxikitako berezko nortasun juridikodun zuzenbide publikoko erakundeei herritarrek zuzentzen dizkieten eskaera, idazki eta jakinarazpenak Amurrioko Udalaren erregistroetan aurkeztu ahal izatea.

Bigarrena.– EAEko Administrazioari eta haren menpeko edo hari atxikitako lotutako berezko nortasun juridikodun zuzenbide publikoko erakundeei herritarrek zuzentzen dizkieten eskaera, idazki eta jakinarazpenak Amurrioko Udalaren erregistroetan aurkezten direneko data hartuko da kontuan interesatuek epeak betetzeari dagokionean; ildo horretatik, 30/1992 Legearen 48. artikuluan ezarritakoari jarraituko zaio.

Hirugarrena.– Amurrioko Udalak honako konpromiso hauek hartzen ditu:

a) EAEko Administrazioko Organoei edo administrazio horren menpeko edo hari atxikiriko zuzenbide publikoko erakundeei herritarrek zuzentzen dizkieten eskaera, idazki eta jakinarazpenak bere erregistroetan onartzea.

b) EAEko Administrazioari zuzendutako eskaera, idazki eta jakinarazpenei bere erregistroetan sarrera ematea, eta honako hauek idatzita gordetzea: sarrera-zenbakia, izenburua, idazkia jaso zeneko eguna eta ordua, interesatuaren datuak, eta, hala dagokionean, idazkia bidali duen organoaren izena, edo bidaltzen zaion pertsona edo organoaren izena; behar denetan, idazki edo jakinarazpenaren laburpena ere jasoko da; hori guztia 30/1992 Legearen 38.3 artikuluaren eta bigarren xedapen gehigarriaren arabera.

c) Agiriok erregistroan jaso eta, beranduen, handik bi egunera, dagozkien organo edo erakundeei zuzenean bidaltzea, betiere, irteera-data idatzita egongo delarik. Agiriok ahalik eta azkarren jaso daitezen, ahal delarik behintzat, egoki iritzitako teknika eta bitarteko elektroniko, informatiko eta telematikoak erabiliko dira; betiere, 30/1992 Legearen 45. artikuluan eta horrekin bat datozen gainerako manu eta xedapenetan aurreikusten diren berme eta betebeharrak kontuan izanik.

Laugarrena.– EAEko Administrazioak honako konpromiso hauek hartzen ditu:

a) Amurrioko Udalari, EAEko Administrazioa osatzen duten eta haren menpe edo hari atxikita dauden organo eta erakundeei buruzko informazioa ematea, bai eta informazio hori, etengabe, eguneratzea ere.

b) Amurrioko Udalari baliabide egokiak ematea, berorrek, EAEko Administrazioari eta haren menpeko edo hari atxikitako zuzenbide publikoko erakundeei buruzko informazioa eman diezaien herritarrei.

c) Erregistroak antolatzeko eta informatizatzeko laguntza teknikoa eta behar den lankidetza eskaintzea.

Bosgarrena.– Baldin eta, hitzarmen hau sinatzen duten administrazioek euren erregistroak informatizatzeko neurririk hartzen badute, elkarri jakinarazteko konpromisoa hartzen dute, betiere, neurriok interkomunikazio sistemen bateragarritasunari eragiten badiote; horrelakoetan, administrazio sinatzaileok, aipatutako bateragarritasuna eta euren erregistroen arteko koordinazioa bermatzeko hitzarmena sinatuko dute.

Seigarrena.– Hitzarmen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik aurrera, lau urtez egongo da indarrean. Baldin eta, administrazio sinatzaileetako batek hitzarmena amaitu baino, gutxienez, bi hilabete lehenago, espresuki, kontrakorik ez badio, hitzarmen hau, besterik gabe, beste lau urtetarako luzatuko da.

Hitzarmena, ondorengo arrazoi hauek direla kausa ere iraungi egingo da: administrazio sinatzaileek adostasunez hala erabakitzen badute; edota administrazioetako batek, beste administrazioak hitzarmenean ezarritako betebeharrak nabarmenki urratu dituelako, bere aldetik hala erabakitzen badu.

Hitzarmen honen formalizazioa nahiz iraungipena, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean eta Amurrioko Udaleko iragarki taulan argitaratuko dira.

Zazpigarrena.– Hitzarmen honen interpretazioa eta aplikazioa direla eta sor daitezkeen zalantza eta eztabaiden inguruko erabakiak hartzea, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari dagokio; erabakiok betearazleak izango dira eta haien aurka, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahalko da.

Ados daudela adierazteko, hala jasota gera dadin eta dagozkion ondorioak izan ditzan, interesatuek jatorrizko bi ale sinatu dituzte, idazpuruan esandako lekuan eta egunean.

Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,

JOSU IÑAKI ERCORECA GERVASIO.

Amurrioko Udaleko alkate-lehendakaria,

JOSUNE IRABIEN MARIGORTA.

III. ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN MAIATZAREN 30EKO 16/2014 EBAZPENARENA
HITZARMENA, KUARTANGOKO UDALAREN ETA HERRI ARDURALARITZAREN EUSKAL ERAKUNDEAREN ARTEKOA. HIZKUNTZA-PRESTAKUNTZA ETA NORMALIZAZIOAREN ARLOAN

Parte hartzen dute:

Alde batetik, Maite Iruretagoiena Ibarguren andreak, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Zuzendaria eta ordezkari gisa, eta

Bestetik, Iñaki Guillerna Saenz jaunak, kuartangoko Udaleko Alkatea eta ordezkari gisa.

Adierazi dute:

I.– 10/1982 Legeak (Euskararen Erabilpena Arauzkotzeko Oinarrizko Legeak) aitortzen du herritar orok eskubidea duela euskara nahiz gaztelania erabiltzeko herri-administrazioarekiko harremanetan, eta, ondorioz, administrazioari agintzen dio eskubide hori gauza dezan.

II.– 6/1989 Legeak (Euskal Funtzio Publikoari buruzko Legeak), hizkuntza-normalizazioari buruzko tituluan, 10/1982 Legean ezarritako printzipio eta tresnak biltzen ditu. Legeak, halaber, hizkuntza-eskakizunaren figura sortzen du; horrela, aurrerantzean, Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetako lanpostuak betetzeko prozesuetan eta, oro har, hautaketa-prozesuetan, irizpide objektiboak izango dira euskara-maila baloratzeko.

III.– Urriaren 14ko 241/2003 Dekretuak (Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen egitura eta eginkizunak arautzen dituenak) 15.1 artikuluan ezartzen duenez, erakunde horri dagokio, Euskalduntze Zerbitzuaren bitartez, «Euskadiko administrazio publikoen zerbitzura dauden langileen hizkuntza-gaitasuna sustatu, antolatu eta ebaluatzea, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legean eta horren garapeneko arauetan ezarritako moduan, hartara euskal administrazio publikoetan, beroriekin lankidetzan arituz, euskararen erabilera normalizatzeko, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak hizkuntzaren normalizaziorako ezarritako planekin bat etorriz.»

IV.– Apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duenak) testu bakar batean biltzen ditu euskararen administrazio-erabilerari buruzko hainbat xedapen, hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko plangintza-prozesuaren antolamenduari buruz Eusko Jaurlaritzak zenbait dekretutan emandako xedapenak.

V.– kuartangoko Udalak onartuta dauka hizkuntza-normalizaziorako plana, beti ere apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren arabera (Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen du).

VI.– Hori guztia ikusita, kuartangoko Udalak Herri Arduralaritzaren Euskal erakundearen lankidetza eskatzen du indarrean dauden xedapenen arabera bete behar dituen hizkuntza-helburuak lortzeko.

Horregatik guztiagatik, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak eta kuartangoko Udalak erabaki dute lankidetzan aritzea azken erakunde horren hizkuntza-normalizazioko lanetan. Horretarako, hitzarmen hau adostu dute, ondoko printzipioak eta jarduteko ildoak abiapuntu dituela.

HITZARMENAREN HELBURUA

Lehenengoa.– Hitzarmen honen bidez finkatu nahi da zein nolako harreman juridikoa izango duten Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak eta kuartangoko Udalak beren artean, Ogasun eta Herri administrazio sailburuaren 2005eko azaroaren 30eko Aginduan ezarritakoetatik aplikagarriak direnei dagokionez. Agindu horren bidez, batetik, arautzen da Herri arduralaritzaren Euskal Erakundeak Euskal Autonomia Erkidegoko herri-erakundeei eskainiko dien hizkuntza-prestakuntzako zerbitzua, eta bestetik, ezartzen dira euskara-ikastaroetara doazen udal-langileak ordezkatzeko dirulaguntzen arauak.

Bigarrena.– Aurreko klausula horrek aipatzen duen harreman juridikoak honako jardute-esparruak izango ditu:

– Euskara-ikastaroak antolatzea: euskalduntze/alfabetatzeko eta 4. hizkuntza-eskakizunari dagokion hizkuntza-prestakuntzako ikastaroak.

– Dirulaguntzak: euskara-ikastaroetara doazen langileak ordezkatzeko.

– Terminologia juridiko-administratiboa.

– Euskarazko administrazio-materialak prestatu eta erabiltzea.

EUSKALDUNTZE/ALFABETATZEKO ETA 4.HIZKUNTZA-ESKAKIZUNEKO HIZKUNTZA-PRESTAKUNTZAKO IKASTAROAK

Hirugarrena.– Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak kuartangoko Udalaren esku jartzen ditu Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2005eko azaroaren 30eko Aginduaren I. kapituluan jasotako hizkuntza-prestakuntzako zerbitzuak. Agindu horren bidez, batetik, arautzen da Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak Euskal Autonomia Erkidegoko herri-erakundeei eskainiko dien hizkuntza-prestakuntzako zerbitzua, eta bestetik, ezartzen dira euskara-ikastaroetara doazen toki-langileak ordezkatzeko dirulaguntzen arauak.

Laugarrena.– Ogasun eta Herri Administrazio Sailburuaren 1998ko ekainaren 9ko Aginduaren bidez argitaratutako hitzarmen-eredua aplikatuz ezarritako ordu-kredituak 2006eko irailaren 30era arte izango dute balioa. Hortik aurrera, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2005eko azaroaren 30eko Aginduaren seigarren artikuluaren 3. paragrafoan ezarritako parametroen arabera zehaztutako ordu-kreditua izango du langile bakoitzak. Agindu horren bidez, batetik, arautzen da Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak Euskal Autonomia Erkidegoko herri-erakundeei eskainiko dien hizkuntza-prestakuntzako zerbitzua, eta bestetik, ezartzen dira euskara-ikastaroetara doazen toki-langileak ordezkatzeko dirulaguntzen arauak.

Bosgarrena.– Alderdi biek ezagutzen dituzte 2005eko azaroaren 30eko Aginduaren III. kapituluan datu pertsonalak babesteari buruz aipatzen diren xedapenak, eta hitz ematen dute bete egingo dituztela.

Seigarrena.– kuartangoko Udalak, hitzarmen hau izenpetzearen ondorioz, onartu egiten ditu Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2005eko azaroaren 30eko Aginduko hizkuntza-prestakuntzako zerbitzuak jaso ahal izateko baldintzak. Agindu horren bidez, batetik, arautzen da Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak Euskal Autonomia Erkidegoko herri-erakundeei eskainiko dien hizkuntza-prestakuntzako zerbitzua, eta bestetik, ezartzen dira euskara-ikastaroetara doazen toki-langileak ordezkatzeko dirulaguntzen arauak.

EUSKARA-IKASTAROETARA DOAZEN LANGILEAK ORDEZKATZEKO DIRULAGUNTZAK

Zazpigarrena.– 1.– Udal-administrazioetako langileak euskara-ikastaroetara joatea errazagoa izan dadin, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak dirulaguntzak emango ditu ikastaroetara doazen langileak ordezkatzeko, baldin eta ordezkapen horiek beharrezkoak badira.

2.– Dirulaguntzak horiek Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2005eko azaroaren 30eko Aginduaren II. Kapituluan ezarritakoari egokituko zaizkio; Agindu horren bidez, batetik, arautzen da Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak Euskal Autonomia Erkidegoko herri-erakundeei eskainiko dien hizkuntza-prestakuntzako zerbitzua, eta bestetik, ezartzen dira euskara-ikastaroetara doazen toki-langileak ordezkatzeko dirulaguntzen arauak.

3.– Alderdi biek ezagutzen dituzte 2005eko azaroaren 30eko Aginduaren III. kapituluan datu pertsonalak babesteari buruz aipatzen diren xedapenak, eta hitz ematen dute bete egingo dituztela.

TERMINOLOGIA JURIDIKO-ADMINISTRATIBOA

Zortzigarrena.– Administrazio-hizkera finkatzeko eskumena IVAPi dagokiola-eta, erakunde horrek Euskalterm datu-base terminologikoaren barruan bateratuz eta onartuz doazen termino juridiko-administratiboak jarriko ditu hitzarmen hau izenpetzen duten herri-erakundeen esku.

Kuartangoko Udalak, IVAPek hala eskatzen dionean, bere eguneroko kudeaketan ohikoak diren administrazio-agirietan erabiltzen diren termino eta unitate lexikalak aurkeztuko ditu.

Kuartangoko Udalak, idazten dituen administrazio-agirietan, IVAPek Euskalterm izeneko datu-base terminologikoan onartutako terminologia juridiko administratiboa erabiliko du.

EUSKARAZKO ADMINISTRAZIO-MATERIALAK PRESTATU ETA ERABILTZEA

Bederatzigarrena.– kuartangoko Udalak, IVAPekin elkarlanean, behar diren maiztasun-azterketak egingo ditu bere agirietan, eta, horrela, herri-erakunde horrek gehien erabiltzen dituen administrazio-agiri eta -espedienteak zein diren zehaztuko da. Ekimen horren bidez jakingo da zein idazki diren herritarren eta kuartangoko Udalaren arteko idatzizko harremanetan premia handiena dutenak euskara aldetik egokitzeko.

Kuartangoko Udalak administrazio-agirien egokitzapenean antzematen dituen behar orokor eta zehatzak jakinarazi ahal izango dizkio IVAPi; horrelakoetan, bada, hizkuntza aldetik egokitzeko hautatu diren administrazio-agiri zehatzak eskuratuko dizkio. IVAPek, berriz, administrazio-idazki horien ereduak prestatuko ditu, eta kuartangoko Udalari bidaliko aztertu eta balora ditzan.

Administrazio-idazkien behin betiko proposamen guztiak, diren aurreko lerroaldean aipatutako bidez egindakoak nahiz IVAPek bere kabuz egindakoak, lankidetza-hitzarmen hau sinatzen duten herri-erakunde guztiei igorriko zaizkie.

KLAUSULA OROKORRAK

Hamargarrena.– Hitzarmen honek, sinatuz gero, aurreko lankidetza-hitzarmena ordezkatuko du, dena delako herri-erakundeak hizkuntza-prestakuntzaren eta -normalizazioaren arloan IVAPekin sinatuta leukakeen hitzarmena, esan nahi da.

Hamaikagarrena.– Hitzarmen honek urtebeteko iraupena izango du, eta berez luzatuko da urtez urte, aldeetako batek ere ez badu berariaz adierazten bertan behera utzi nahi duela.

Hamabigarrena.– Hitzarmen hau bertan behera uzteko nahia adieraz lezake aldeetako edozeinek, bere aldetik, eta, hala eginez gero, bermatu egin beharko da hasitako jarduerak amaitu egingo direla. Nahi hori adierazi eta handik hiru hilabetetara amaituko da hitzarmenaren indarraldia.

Eta adostasun frogatzat, alde biek sinatzen dute hitzarmen hau, Vitoria-Gasteizen, 2014ko urtarrilaren 29an.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen aldetik,

MARÍA TERESA IRURETAGOYENA IBARGUREN.

Kuartangoko Udalaren aldetik,

IÑAKI GUILLERNA SAENZ.

IV. ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN MAIATZAREN 30EKO 16/2014 EBAZPENARENA
ESTATISTIKAKO INSTITUTU NAZIONALAK INSTITUTO VASCO DE ESTADÍSTICA/EUSKAL ESTATISTIKA ERAKUNDEARI BIZTANLEEN UDAL ERROLDATIK DATORREN INFORMAZIOA LAGATZEKO PROTOKOLOA

Batetik, Gregorio Izquierdo Llanes jaunak, Estatistikako Institutu Nazionaleko (aurrerantzean, INE) presidenteak, parte hartu du. Gregorio Izquierdo Llanes jaunak erakunde horren izenean eta bere ordezkari gisa jardun du, azaroaren 26ko 30/1992 Legeak Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearenak, 6. artikuluan eta hamahirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoarekin eta 508/2001 Errege Dekretuak maiatzaren 11n onartu zuen Estatistikako Institutu Nazionalaren Estatutuko 5.2 a) artikuluan ezarritakoarekin bat etorrita.

Bestetik, Josu Mirena Iradi Arrieta jauna, Euskal Estatistika Erakundeko (aurrerantzean, Eustat) zuzendari nagusia, Euskal Autonomia Erkidegoaren izenean, Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legeak esleitutako eskuduntzak betez, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2014ko apirilaren 1eko bilkuran emandako baimena dela bide.

HONAKO HAU AZALDU DUTE:

Lehena.– Instituto Vasco de Estadística/Euskal Estatistika Erakundeak Biztanleria Erregistroa eta Migrazio Mugimenduen Estatistika deituriko eragiketak esleituta ditu. Eragiketa horiek arautzen dituzte, bai 2010-2012ko Euskal Estatistika Planak, gaur egun indarrean dagoenak, bai maiatzaren 22ko 78/2012 Dekretuak, 2012. urteko Estatistika Egitaraua onartzen duenak. Eragiketa horiek betetze aldera, Estatistikako Institutu Nazionalak daukan errolda-informazioa behar du.

Bigarrena.– Apirilaren 2ko 7/1985 Legeak, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituenak, 17. artikuluko 3. atalean ezartzen du Estatuko Administrazio Orokorrak erregelamenduz zehaztutako moduan bidaliko dizkiotela udalek Estatistikako Institutu Nazionalari bakoitzak bere erroldako zehaztasunak, udalerri guztien errolden arteko koordinazioa burutu ahal izateko. Koordinazio horren ondorioz sortzen den emaitza Padrón continuo (errolda jarraitua) deitzen den INEren datu-base batean biltzen da.

Hirugarrena.– Udal Errolda administrazioko erregistro bat da, eta Oinarriak arautzen dituen Legeak arautzen du haren lagapena. Lege horrek 16.3 artikuluan ezartzen du Udalerriko erroldako zehaztasunak doakionaren aldez aurreko baimenik gabe emango zaizkie zehaztasunok eska ditzaten beste administrazio publikoei, bakoitzari bere eskumenak betetzeko beharrezkoak dituenean bakarrik, eta bizilekuari zein egoitzari dagokienez zehaztasunok esanguratsuak diren gaietarako soil-soilik.

Laugarrena.– Horrez gain, Udal Errolda datu pertsonalak dituen erregistro bat denez, abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak, Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzkoak ezarritakoaren mende dago. Lege horren arabera, hirugarrenei datuak lagatzeko ez da behar izango ukituaren aurretiazko adostasunik, datuak hirugarrenen legezko eskumenak betetzeko beharrezkoak baldin badira, lege-maila duen arau batek lagapen hori baimentzen baldin badu, edo lagapena Herri Administrazioen artean egiten baldin bada; eta datuak geroago xede historiko, estatistiko edo zientifiko bat betetzeko erabiliko badira. Lege horretako 4. artikuluko 2. atalean ezarrita dago komunikazioa egitea zertarako eskatu den eta horretarako erabiltzea bakarrik izango dela legitimoa.

Bosgarrena.– Hori guztia kontuan hartuta, komeni da Estatistikako Institutu Nazionalaren eta Instituto Vasco de Estadística/Euskal Estatistika Erakundearen artean bide formal bat zehaztea, informazio-elkartrukeak eta elkartrukeen baldintzak bertan jasota gera daitezen. Horregatik, alderdi biek Protokolo hau sinatzea erabaki dute. Hona hemen Protokoloaren Klausulak:

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Protokolo orokorraren xedea.

Protokolo honen xedea edukiak, prozedurak, bideak eta erabilera ezartzea da, INEk Errolda Jarraitutik (Padrón Continuo) ateratako informazioa Eustati laga diezaion. Lagapen hori erabiliko da Eustatek legez esleituta dituen eskumenak eta Euskal Estatistika Planean edo Urteko Estatistika Egitarauetan etorkizunean jasoko diren beste lege batzuek esleitzen dizkiotenak bete ditzan.

Bigarrena.– Alde bien konpromisoak.

1 INEren konpromisoak.

INEk konpromisoa hartu du Eustati honako informazio hau emateko:

1.– Errolda jarraitutik datozen deskarga nominaletako fitxategiak, Euskal Autonomia Erkidegoaren eremukoak, urte bakoitzeko urtarrilaren 1ean eta uztailearen 1ean. Urtarrilaren 1eko fitxategia hurrengo hilean, hots, otsailean bidaliko da; eta uztailaren 1eko fitxategia irailean. Erregistroaren diseinua eta bete beharreko aldagaiak I. eranskinean zehaztu dira.

2.– Aldaketa nominalei buruzko fitxategiak (altak, bajak eta aldaketak), Euskal Autonomia Erkidegoaren eremukoak. Eta aldaketa-data, -gakoa eta -zergatia adierazi beharko dira.

Errolda-mugimendu guztiak sartu beharko dira, erroldako datuen zuzenketak eta berrikuspenak barne hartuta: esaterako, sarrera okerren eta bikoiztutako sarreren bajak; atzerritarren inskripzioen bajak, iraungi direlako; altak, omisio bat egin delako edo beste arrazoi batzuengatik; errolda-inskripzioen berritzea; atzerritarren bizilekuaren berrespena; etab.

Erregistroaren diseinua eta bete beharreko aldagaiak I. eranskinean zehaztu dira.

Urte bakoitzean bi fitxategi bidaliko dira: lehenengo fitxategian urtarrilaren 1etik ekainaren 30a arteko eguneko aldakuntzak jasoko dira; eta bigarrenean uztailaren 1eko abenduaren 31 arteko eguneko aldakuntzak. Haietako lehena irailean bidaliko da, eta bigarrena otsailean.

3.– Baja nominalen fitxategia, Euskal Autonomia Erkidegorako identifikazio-dokumentuaren zenbakia jarrita. Zenbaki hori Egoitza Aldakuntzen Estatistikaren (Estadística de Variaciones Residenciales) azken fitxategitik lortu beharko da.

Zein probintziatara bidaliko den adieraziko da, baina udalerriaren eremua eta udalerri horren tamaina zehaztu gabe.

Fitxategia uztailean bidaliko da.

Erregistroaren diseinua eta bete beharreko aldagaiak I. eranskinean zehaztu dira.

2 Eustaten konpromisoak.

Eustatek konpromisoa hartzen du INEk emandako datuak Biztanleria Erregistro Estatistikoa garatzeko eta Migrazio Mugimenduen Estatistika egiteko erabiltzeko, bai eta hurrengo urteetako Euskal Estatistika Planetan edo Urteko Egitarauetan esleitzen zaizkion biztanleriari buruzko beste estatistika-eragiketa batzuk egiteko ere.

3. idatz-zatian adierazi den fitxategia Migrazio Mugimenduen Estatistikarako baino ez da erabiliko; beraz, ez da Biztanleria Erregistroa osatzeko erabiliko.

Era berean, konpromisoa hartzen du fitxategi nominaletako datuak biztanleria-zifrak eskuratzeko ez erabiltzeko, fitxategi horiek biztanleriaren kopuru ofizialei egokituta ez daudelako. Era berean, ez ditu erabiliko aldaketa-egunaren, -zergatiaren edo -gakoaren arabera informazioa lortu edo hedatzeko.

Hirugarrena.– Sekretu estatistikoa.

Eustatek eta INEk bere gain hartuko dute informazioaren erantzukizuna, hau da, informazio hori norbanakoen datuak behar bezala babesteko moduan erabiliko dela zainduko dute; are gehiago, eragiketan parte hartzen duten pertsona guztiek sekretu estatistikoa gordeko dute, baina horrez gain, Funtzio Estatistiko Publikoari buruzko maiatzaren 9ko 12/1989 Legea eta Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legea aplikatzearen ondoriozko murrizketak beteko dituzte.

Laugarrena.– Jarraipen Batzordea.

Protokoloaren Jarraipen Batzorde bat sortu da. Hona hemen batzordea osatzen duten ordezkariak:

– INEren ordezkariak:

– Errolda-unitateko burua.

– Erroldaren ustiapen estatistikoez arduratzen den Unitatearen Arloko burua.

– Estatistiken Planifikazio, Koordinazio eta Zabalkundeko Zuzendaritza Nagusiko ordezkari bat.

– EUSTATen ordezkariak:

– Ekoizpeneko eta azterketa estatistikoko zuzendariordea.

– Estatistika Soziodemografikoen Arloko arduraduna.

– Arlo Juridiko eta Administratiboko arduraduna.

Protokolo hau interpretatu edo betetzean sor daitezkeen desadostasunak edo eztabaidak Jarraipen Batzordeak ebatziko ditu.

Bosgarrena.– Finantziazioa.

Protokolo honek ez du alderdien arteko kontraprestazio ekonomikorik sortuko.

Seigarrena.– Protokoloaren indarraldia.

Protokolo hau sinatu eta hurrengo egunean indarrean egongo da; eta indarrak izango du epe mugagabean; betiere, Eustatek egiten dituen estatistika-eragiketek datozen Euskal Estatistika Planetan edo Urteko Egitarauetan agertzen jarraitzen baldin badute.

Zazpigarrena.– Izaera eta aplika daitezkeen araubide juridikoa eta jurisdikzioa.

Protokolo hau administratiboa da, eta azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Sektore Publikoko Kontratuen Legearen Testu Bateginetik baztertuta geratuko da, Lege horren 4.1.c) artikuluaren arabera. Halaber, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 6. eta 8. artikuluek arautuko dute.

Bestalde, aipatu 30/1992 Legearen 8.3. artikuluan xedatutakoaren arabera, protokoloa indarrean dagoen bitartean sor daitezkeen auzi eztabaidagarriak administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren pean jarriko dira, bera arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearekin bat etorriz.

Eta horrekin guztiarekin ados daudela agertzeko, alderdiek Protokolo honen lau ale sinatu dituzte 2014ko apirilaren 2an.

Estatistikako Institutu Nazionaleko Presidentea,

GREGORIO IZQUIERDO LLANES.

Instituto Vasco de Estadística/Euskal Estatistika Erakundeko zuzendari nagusia,

JOSU MIRENA IRADI ARRIETA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala