Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

111. zk., 2014ko ekainaren 13a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA
2601

AGINDUA, 2014ko ekainaren 3koa, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuarena, ingurumen-boluntariotzako proiektuak egiten dituzten irabazte-asmorik gabeko erakundeentzako diru-laguntzak deitu eta arautzen dituena.

Euskadiko Autonomia Estatutuaren 11.1.a) artikuluan xedatutakoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen du ingurumen eta ekologiaren alorrean estatuko oinarrizko legeria bere lurraldean garatzeko eta betearazteko.

Aipatutako eskumena Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak gauzatzen du, betiere lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuko 13. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz; izan ere, dekretu horren bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu eta horien funtzioak eta jardun-arloak finkatzen dira.

Euskal Autonomia Erkidegoko ingurugiroa babesteari buruzko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 98. artikuluaren arabera, herri-administrazioek dute ingurumen-hezkuntza gizarte-sektore guztietan sustatzeko eginkizuna, hain justu ere ingurumena babestera bideratutako informazioa, jarrerak, balioak eta jokabideak herritarrengan hedatzeko eta zabaltzeko ekimenen bitartez.

Boluntarioei buruzko ekainaren 25eko 17/1998 Legeak, batetik, boluntarioek gure erkidegoan egiten duten jarduerarako berariazko lege-esparrua ezartzen du, eta, bestetik, zehaztu egiten du: euskal administrazioak boluntariotza sustatzeko eta herritarrek gizartea eraikitzen parte hartzeko duten eskubidean sakontzeko konpromisoa.

Bestalde, 2002ko ekainaren 4an, Jaurlaritzaren Kontseiluak onartu 2002-2020 Garapen Iraunkorreko Euskal Ingurumen Estrategian honako kontsiderazio hau egiten da: ingurumen-politiken arloan, herritarren eta eragile sozialen lankidetza aktiboa baldintza behinenetarikoa da jasangarritasunean aurrera egiteko bidean.

Ildo berean, aipatutako Euskal Estrategia horren arabera, gobernuz kanpoko erakunde, ekologista, kontsumitzaileen elkarte eta beste erakunde batzuen partaidetza aktiboa ere funtsezkoa izango da, zertarako-eta, batetik, ardura eta interes kolektiboen gaineko sentsibilizazioa eta zabalkundea egiteko, eta, bestetik, pertsona oro motibatu eta inplikatzeko.

Ingurumen-boluntariotza da herritarrek parte hartzeko era libre, altruista eta zuzena; eta era berean honako emaitzak eragiten ditu: ingurunea hobetzea; eta ingurumena hobetu eta kontserbatzeko motibazioari eta inplikazioari dagokienez eraldaketa pertsonal eta sozial sakona. Eta ikusten denez, aipatu helburuak lortzeko tresna eragingarrieteako bat da.

Azken urteetan, diru-laguntza lerro honen bitartez, gero eta gehiago lagundu dira ingurumen-boluntariotzako honelako proiektuak: irabazte-asmorik gabeko erakundeek burututakoak; eta baliabide ekonomikoak optimizatu behar diren aldi honetan ere, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak delako diru-laguntza lerroa darabil aipatu jarduerak oraindik gehiago sustatzeko, izan ere, oso onuragarriak dira-eta bai hezkuntzarako, bai gizartea kontzientziatzeko eta bai ingurumena hobetzeko ere.

Hortaz, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak sustatu egiten du diru-laguntza lerro hori.

Ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu, aldatu eta horien funtzioak eta jardun-arloak finkatzeari buruzko abenduaren 15eko 20/2002 Dekretuak ematen didan eskumena baliatuaz; eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuan xedatutakoekin eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntza eta laguntzei aplikatzeko gainontzeko xedapenekin bat etorriaz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Lehiaren prozeduraren bitartez diru-laguntzak ematearena arautzeko helburua du agindu honek; irabazte-asmorik bako erakundeek jaso ditzakete laguntza horiek, 2014ko urtarrilaren 1etik 2015eko maiatzaren 31ra arte, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoan egiten badituzte ingurumen-boluntariotzako proiektuak.

2. artikulua.– Ingurumen-boluntariotzako proiektuen deskribapena.

1.– Ondoren zehazten diren bezalako proiektuek jaso ditzakete diru-laguntza: ingurune fisikoaren gaineko ekintza zuzenak egiten dituztenak, hain justu ingurumen-boluntarioek era libre, altruista eta irabazte-asmorik gabekoan egindakoak badira ekintzok, eta horretaz gain, erakunde sozialek koordinatzen badituzte, zertarako-eta, ondoren aipatutako eremuetakoren baten, ingurunea hobetu eta babesteko:

a) Ingurune naturala: ekosistemak kontserbatzea (ibaiak, basoak, kobak, gailurrak, itsasertzea, hezegunak, eta beste habitat batzuk); pasaia mantentzea eta leheneratzea; flora eta faunako espeziak ikertzeko atazetan laguntzea, eta natura-ingurunearen erabilera publikoa. Ez dute diru-laguntzarik jasoko honako proiektuak: espezie inbaditzaileak kentzeko direnak, salbu eta boluntariotza bidez gauzatzeko ekintzak direla jasota egon berariaz, betiere erakunde eskumendunek onartutako kontrol-egitasmo baten barruan.

b) Babestutako naturguneak: goragoko idatzi-zatian jasotakoez gain, baliabideak mantentzen laguntzea (bide-zidorrak, ekipamenduak, ...)

c) Hirietako ingurumena: hirietako ingurumen-kalitatea hobetzea, hirietako eta hiri-inguruetako berdeguneen gaineko ekintzak, eta hiri eta herrietako fauna eta flora ezagutzeko ikerketa-atazetan laguntzea.

d) Mintegien edo hazi-bankuen bidez landare-espezie eta –barietateak kontserbatzea.

2.– Ikerketa-atazetan laguntzearen arloan, lankidetza hau gauzatu behar da ibilbide zientifiko eta ikertzailea aitortua duten pertsona eta erakundeekin.

3.– Ez dira jotzen boluntariotzako jardueratzat: informazio- edo zabalkunde-materialen edizio hutsa, edo prestakuntza-jardueren burutze hutsa.

4.– Eskabidea egiten duten erakundeek proiektuaren koordinatzaile tekniko bat izendatu beharko dute, zeina proiektua diseinatu, exekutatu eta ebaluatzeaz arduratuko baita. 18 urtetik gorako gutxienez 10 partaide boluntario izan behako ditu proiektu bakoitzak.

5.– Aurreko idatzi-zatietan azaltzen diren proiektuak; betiere, Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldearen barruan gauzatu beharko dira, eta 2014an hasita egon beharko dute.

6.– Halaber, diru-laguntzaren xede diren jarduerak gauzatzeko behar diren baimenak izapidetu eta lortu beharko dira, jarduerok gauzatu aurretik hain zuzen ere.

3. artikulua.– Aurrekontu-zuzkidura.

Xede horretarako, gehienez ere, ehun eta hamabi mila (112.000) euro bideratuko dira.

4. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Erakunde interesdunek bitarteko elektronikoz egin beharko dituzte eskabideak, kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak.

2.– Izapidetze elektronikoa honelaxe arautzen da: Administrazio Elektronikoaren 2012ko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren bidez eta Informatika eta Administrazio Elektronikorako Plataforma Teknologikoa -PLATEA- onartzen duen Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenaren bidez.

3.– Eskaerak, erantzukizunpeko aitorpenak eta gainerako ereduak izapidetzeko moduari buruzko zehaztasunak egoitza elektronikoan daude eskuragarri: https://www.euskadi.net/diru_laguntza/2014/volamb/eu/y22-izapide/eu

4.– Eskabidearen ondorengo izapideak helbide elektroniko honetan eginen dira, bitarteko elektronikoen bidez: http://www.euskadi.net/misgestiones

5. artikulua.– Erakunde onuradunak.

Agindu honetan araututako diru-laguntzak honako hauek jaso ahal izango dituzte: irabazte-asmorik gabeko erakunde edo elkarte pribatuak, betiere euretan administrazio publikoek partaidetzarik ez badute.

6. artikulua.– Entitate eskatzaileen baldintzak.

1.– Erakunde eskatzaileek inskribaturik egon beharko dute Eusko Jaurlaritzaren Boluntariotzako Erakundeen Errolda Orokorrean, hain justu ere agindu hau argitarazten den eguna baino urte bat lehenagotik.

2.– Boluntarioei buruzko ekainaren 25eko 17/1998 Legeaz eraenduko dira erakunde onuradunak.

3.– Erakunde onuradunek eguneraturik izan beharko dituzte zergekiko eta Gizarte Segurantzarekiko obligazioak.

4.– Diru-laguntza hauek ematea eta, hala badagokio, ordaintzea honexek baldintzatuko du: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntza edo diru-laguntzen esparruan, dirua itzultzeko edo zehapenen bat ezartzeko ezein espedientek bukaturik egon beharko du.

5.– Ondokoak ezin izango dira sartu deialdi honetan: lagun edo diru-laguntza publikoak aukera galdua izanik zigor penal edo administratiboren bat dutenak; edo legezko galarazpen edo kausaren baten izatea, eta horrek halakorik eskuratzeko ezgaitzea, barne delarik Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeko azken xedapenean ezarritakoa.

7. artikulua.– Erakunde eskatzailearen betekizun jakin batzuk egiaztatzea.

1.– Erakunde eskatzaileak Eusko Jaurlaritzaren Boluntariotzako Erakundeen Errolda Orokorrean inskribaturik izatea, organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du.

2.– Laguntzak eskatzen dituzten erakundeek zerga-obligazioak eta gizarte-segurantzarekikoak betetzen dituztela automatikoki egiaztatuko du organo kudeatzaileak, eta ez da beharko haien berariazko baimenik, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.3 artikuluko bigarren paragrafoari jarraikiz (Euskal Autonomia Erkidegoaren 2011ko Aurrekontu Orokorrak onartzeko abenduaren 23ko 5/2010 Legeko azken xedapenetarik hirugarrenaz gehitu zen artikulu hori).

3.– Eskabideek honako aukera hau jaso beharko dute: diru-laguntzak eskatzen dituen erakundeak esanbidez adieraztea baimena ematen diola organo kudeatzaileari gainerako datuak edo dokumentuak lortu edo egiaztatzeko, Administrazio Publikoak esleituta dituen egiaztatu, kontrolau edo ikuskatzeko ahalmenak bazter utzi gabe.

4.– Erantzukizunpeko deklarazioaren bidez, barne dela eskabidea, honako obligazio hauek egiaztatuko dira:

a) Helburu berarekin beste edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatuk emandako diru-laguntzak, laguntzak, sarrerak edo baliabideak eskatu eta, kasua bada, eskuratuz gero, horren berri ematea.

b) Pertsona edo erakunde eskatzailea ez egotea: administrazio- edo zigor-arloan diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta, edo diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko ezgaitzen duen legezko debekuren baten eraginpean, bereziki kontuan izanik sexu-diskriminazioaren ondoriozkoetan.

c) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi eta oraindik bideratzeko dagoen edo bukatuta dagoen edozein itzultze- edo zigor-prozeduratan sartuta ez dagoela.

d) Halaber, erakunde eskatzaileak adierazten du egiazkoak direla eskaeran eta harekin batera aurkeztutako dokumentuetan agertzen diren datuak, eta betetzen dituela diru-laguntza jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak.

e) Ez dela helburu bererako diru-laguntzarik jasotzen ari Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren aurrekontu-zuzkiduren kargura.

8. artikulua.– Beste diru-laguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Agindu honetan araututako diru-laguntzak bateragarriak izango dira funts publiko zein pribatuen kontura helburu bererako eman daitezkeen beste diru-laguntzekin, ondorengo paragrafoan xedatutakoa salbuespena izango da.

2.– Honako agindu honetan araututako diru-laguntzak ez dira bateragarriak izango Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren aurrekontu-zuzkiduren kontura helburu bererako lor litezkeen beste diru-laguntza batzuekin.

3.– Nolanahi ere, laguntzen zenbateko osoak ezin izango du proiektuaren edo jardueraren kostuaren ehuneko ehuna gainditu.

9. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.– Gastu hauek lagun daitezke diruz:

a) Boluntarioen erantzukizun zibileko eta istriputako asegurua.

b) Jarduera gauzatzeko materialak, memoria teknikoan behar bezala justifika daitezenak.

c) Boluntarioak prestatzeko eta egindako jardueren zabalkunde egiteko behar diren materialen edizio-gastuak. Gehienez, 500 puntu.

d) Garraio- (kilometroak) eta mantenu-gatuak edo pertsonak edo merkantziak garraiatzeko ibilgailuak alokatzeko direnak, betiere jarduerak burutzeko beharrezkoak badira eta memoria teknikoan egoki justifikatzen badira. Ahal delarik, ibilgailuen plaza guztiak aprobetxatuko dira.

2.– Goragoko gastu horiez gain, honako hauek ere lagunduko dira diruz:

a) Gastu orokorrak. Halakotzat hartuko dira: jarduera burutzeko, erakundearen egiturak eragindakoak (telefonoa, elektrizitatea, posta, fotokopiak, paper-gauzak, material suntsikorra, etab.). Eta ez dira izango muga honetatik gorakok: gorago paragrafoaren arabera diruz lagun daitezkeen kanpo-gastuen % 10a. Gastu horiek justifikatzea ez da beharrezkoa.

b) Langileen gastuak. Erakunde onuraduneko langileek sortutakoak jotzen dira halakotzat; langileak plantillakoak izanik nahiz proiektua koordinatzeko berariaz kontratutakoak izan; gastuok, betiere, nomina bidez justifikatu beharko dira. Eta ez dira izango muga honetatik gorakok: diruz lagundutako kanpo-gastuen % 20a.

3.– Ez dira diruz lagunduko honako gastu hauek:

a) Diru-laguntza jaso duen proiektuari zuzenean lotuta ez dudenak; batez ere, erakunde onuradunaren ohiko funtzionamendukoak edo egiturazkoak.

d) Produktu ikus-entzunezkoak edo elektronikoak (bideo, CD-ROM, DVD edo antzekoak) diseinatu, muntatu, kopiatu edo banatzea.

c) Web-orriak argitaratzeari lotutako gastuak.

d) Beharrezkoak ez direnak edo behar bezala justifikatu gabeak, edota bidegabetzat edo neurrigabekotzat hartzen direnak, ekonomiaren eta kostu-eraginkortasun erlazioaren printzipioak kontuan izanda.

e) Zeharkako zergak, balio erantsiaren gaineko zerga eta beste batzuk, berreskuratu edo konpentsatu badaitezke, eta errentaren gaineko zerga pertsonalak.

4.– Artikulu honetan ezarritako irizpideekin bat etorriaz, Administrazioari dagokio zehaztea zeintzu gastu lagun daitezkeen diruz.

10. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa.

1.– Norgehiagoka bidezko diru-laguntzatzat hartuko dira laguntzak, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Herriko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 51.4 artikuluan ezarritakoaren arabera.

2.– Diru-laguntzaren zenbatekoa, 9. artikuluan ezarritakoarekin bat, onartutako gastu-sailen % 100 izan daiteke, gehienez ere, eta proiektu bakoitzerako, ezingo du gainditu 12.000 euroko kopurua.

3.– Irabazi-asmorik gabeko erakunde bakoitzari, gehienez ere, proiektu baterako diru-laguntza eman ahalko zaio. Eskabide bat baino gehiago aurkezten bada, puntuaziorik handiena lortu duen proiekturako baino ez da emango diru-laguntza.

11. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea eta tokia.

1.– Eskabideak aurkezteko epea bi hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

2.– Eskaerak baliabide elektronikoen bitartez aurkeztuko dira euskadi.neten egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.net/diru_laguntza/2014/volamb/eu/y22-izapide/eu

3.– Erakunde eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete, nahi duten eran. Era berean, prozedura osoan, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan xedatutako moduan.

4.– Datu pertsonalak babesteari buruzko 15/1999 Lege Organikoaren arabera, eskatzaileei jakinarazten zaie ematen dituzten datuak fitxategi batean bilduko direla. Fitxategi horren helburua da diru-laguntzen deialdi hau eta gaiarekin lotutako beste edozein administrazio-espediente ere kudeatzea. Fitxategiaren arduraduna Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren Zuzendaritza da. Datuak eskuratu, zuzendu, deuseztatu eta aurkatzeko eskubideaz sail bereko Zerbitzuen Zuzendaritzan baliatu ahal izango da. Horretarako, helbide honetara jo beharko da: Donostia kalea, 1 -01010 Vitoria-Gasteiz (Araba).

12. artikulua.– Aurkeztu beharreko agiriak.

Erakunde eskatzaileek eskabideaz batera honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte:

1.– Memoria teknikoa. 16. artikuluan jasotako balioespen-irizpideei buruzko informazio garrantzitsua ere memoria horretan zehaztu beharko da (aukera izango da memoria osagarri bat entregatzeko).

2.– Aurrekontu banakatua eta zehaztua.

3.– Dagokion Ogasunaren egiaztagiri eguneratua, Balio Erantsiaren Gaineko Zergaren –erroldatuta dagoenekoaren– erregimena egiaztatzen duena.

13. artikulua.– Aurkeztutako eskabidean egindako okerrak zuzentzea.

Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren Zuzendaritza aurkeztutako eskaeran akats edo zehaztasun-ezak antzemanez gero, erakunde eskatzaileari jakinarazi eta hamar eguneko epea emango dio horiek zuzentzeko; eta ohartaraziko dio, hala egiten ez badu, eskaerari uko egin diola ulertuko dela, aldez aurretik dagokion ebazpena eman ondoren. Ebazpen hori Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42. artikuluan ezarritakoari jarraituz emango da.

14. artikulua.– Diru-laguntzak kudeatzeko ardura duen organoa.

Ingurumen eta Lurralde Politika Saileko Ingurumen Sailburuordetzako Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusi laguntzak kudeatzeko eginkizunak betetzea.

15. artikulua.– Ebaluazio-organoa.

1.– Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren zuzendariak eta Ingurumen eta Lurralde Politika Saileko bi teknikarik (Ingurune eta Ingurumen Plangintzarako zuzendariak izendatutakoek) kide anitzeko organoa osatutako dute, aurkeztutako eskabideak aztertzeko eta ebaluatzeko.

2.– Ebaluazio-organoak dagokion ebazpen-proposamena aurkeztuko dio Ingurumeneko sailburuordeari. Proposamen horretan zehaztuko da zein jarduerek jaso dezaketen diru-laguntza eta horien zenbatekoak, agindu honen 16. artikuluan aipatutako esleipenerako irizpideen eta aurrekontu-mugen arabera.

16. artikulua.– Balioespen-irizpideak eta esleipen-prozedura.

1.– Proiektuak balioesteko irizpideak honako hauek izango dira:

a) Proposatu diren jarduerek ingurumenerako duten interes maila (gehienez, 20 puntu).

b) Memoria teknikoan aurkeztutako proiektuaren kalitate teknikoa. Balioesteko kontuan hartuko dira: helburuen zehaztasuna, jardueren azalpen zehatza, metodologiaren garapena, giza baliabideak egokiak izatea, bideragarritasuna eta ebaluazioa (gehienez, 12 puntu).

c) Aurrekontuaren gardentasuna eta detaileak; ahal den neurrian, hura banakako preziotan egoki xehaturik (gehienez, 10 puntu).

d) Gizarte-errentagarritasuna, hau da, kostuen eta jardueren onuren edo onuradunen arteko oreka (gehienez 12 puntu).

e) Erakundearen esperientzia, antzeko jarduerak gauzatzen (gehienez, 9 puntu). Irabazi-asmorik gabeko beste elkarte eta erakunde batzuk honako agindu honen 2. artikuluan azaldutakoen antzeko proiektuetan izan duten ibilbidea egiaztatzeko, memoria teknikoaren atal bat, honako hauei dagokiena, bete beharko da: erakundeak garatutako edo garatzen ari den ingurumen- edo boluntariotza-ekintzen laburpena; dena dela, Sailak, egoki iritziz gero, agiri osagarriak eskatu ahal izango ditu.

f) Proiektua beste erakunde batzuekin batera gauzatzea (gehienez, 9 puntu). Ez da lankidetza kontsideratuko: erakundeek diruzko kontraprestazio baten truke egindakoa.

g) Proiektuan parte hartuko duten boluntarioen kopurua (gehienez, 20 puntu). Memoria teknikoan kalkulu zehatza aurkeztu ezean, atal honetan 0 puntu lortuko da.

h) Euskaraz gauzatutako proiektuak (gehienez, 8 puntu).

2.– Laguntza horiek bakarrik eskuratu ahal izango dituzte: a) idatzi-zatian jasotako alderdietan 10 puntuko gutxieneko puntuazioa, b) idatzi-zatian 6koa eta aurreko paragrafoko c) idatzi-zatian 5ekoa lortzen dituzten eskabideek, baldin eta atal horretan jasotako irizpideen arabera egiten den balioespen orokorrean gutxienez 51 puntu lortzen badituzte.

3.– Behin galdatutako eskakizun subjektibo eta objektiboak dauzkatenek aurkeztutako proiektuen balioespena egin denean, galdatutako gutxieneko puntuazioa lortu dutenak ordenatzeari ekingo zaio, beheranzko noranzkoan, lortu duten puntuazioaren arabera, eta laguntzak ordenazio horren arabera esleituko dira, agindu honen 10.2 artikuluak ahalbidetzen duen gehieneko kopuruagatik, harik eta, hala gertatzen bada, deialdiaren zuzkidura agortzen den arte.

17. artikulua.– Ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epeak, jakinarazteko modua eta publizitate-prozedura.

1.– Aurkezten diren eskabideak prozedura bakar baten bidez izapidetuko dira, eta prozedura hori ebaztea, erakunde interesdunek planteatutako gai guztiak erabakita, Ingurumeneko sailburuordeari dagokio, betiere ebaluazio-organoaren proposamenez.

2.– Hartzen den ebazpenean, laguntza eman den edo ez zehaztuko da, hain justu eta lehen kasu horretan: zein erakunde onuraduna, zein den laguntza jaso duen proiektua, zein den onartu den aurrekontua, aurrekontuko zein kontu-sail lagunduko diren diruz, eta emandako diru-laguntzaren zenbatekoa. Eskabide ukatuen kasuan, ukatze horren zergatiak ere adierazi beharko dira.

3.– Aurreko paragrafoan aipatutako ebazpenak ez dio administrazio-bideari amaierarik ematen; izan ere, ebazpen horren aurka, interesdunek gorako errekurtsoa jarri ahal izango diote Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuari; hilabeteko epea izango dute horretarako, jakinarazpena egin eta biharamunetik zenbatzen hasita, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

4.– Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie erakunde interesdunei. Dena den, jendeak horren berri izan dezan, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da erakunde onuradunen zerrenda, eman zaien diru-laguntza eta finantzatutako inbertsio-proiektua adierazita.

5.– Prozedura ebazteko eta ebazpenak erakunde interesdunei jakinarazteko gehieneko epea sei (6) hilabetekoa izango da, agindu hau argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita. Adierazitako epea igaro eta ebazpenik ez bada jakinarazi, euren diru-laguntza eskabidea ezetsitzat hartu ahalko dute interesdunek, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan ezarritako ondorioetarako.

18. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzea.

1.– Laguntza onartu ondoren ordainduko da emandako diru-laguntzaren % 50, 20.1 artikuluan ezarritakoaren arabera. Ordainketa aurreratu horiek eten egingo dira baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak jakin badaki ezen erakunde onuradunak, bahitura judiziala dela medio edo beste kausaren bat dela-eta, kitatu beharreko zorren bat duela. Kasu horretan, diru-laguntzaren zenbateko guztia ordainduko da, hala badagokio, betiere zorra kitatu dela justifikatu ostean.

2.– Diru-laguntzaren gainerako % 50a, berriz, erakunde onuradunak 19. artikuluan adierazten diren epeetan diru-laguntzaren justifikazioa aurkeztearen pentzutan geratuko da.

19. artikulua.– Diru-laguntzak justifikatzea.

1.– Justifikazio-agiriak bide elektronikotik aurkeztu beharko dira, helbide honetan: https://euskadi.net/misgestiones

2.– Erakunde onuradunek dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Exekuzioari buruzko memoria, zeinetan honako hauek jaso beharko baitira: eskabideko memorian jasotako alderdi guztiei dagokienez proiektuaren exekuzioa; hasierako aurreikuspenei dagokienez jazotako aldaketak, eta horien justifikazioa, barne direla jardueraren argazkiak; gauzatutako jardueraren planoak edo krokisak; jarduera zenbat pertsonak egin zuten; boluntarioen zerrenda zenbakitua, eta proiektuaren exekuzioari buruzko ebaluazioa (aukera izango da memoria osagarri bat entregatzeko).

c) Proiektuaren balantze ekonomikoa eta gastuen justifikazioa, zeinetan jasotzen baitira proiektuko gastu eta sarrera guztiak, nahiz eta emandako diru-laguntzak zehaztu ez gastuko kontu-sail guztiak.

d) Diruz lagundutako kontu-sailetan egindako gastuei dagozkien fakturak. Fakturetan adierazten bada ezen ordainketa transferentzia bidez egiten dela, hura egin dela justifikatzeko agiri bat helaraziko da.

Zerrenda bateko zenbakiak dituztela aurkeztu beharko dira dokumentuak. Zerrenda horretako dokumentuak ordenatuta agertuko dira, aurrekontuko atalen arabera.

e) Erakundera sartzeko erabakien kopia, boluntarioek eta antolakundeak sinatua, betiere Boluntarioei buruzko 17/1998 Legeko 8.3 artikuluko zehaztapenekin bat etorriaz.

f) Erakunde aseguratzaileak emandako egiaztagiria. Bertan, gutxienez, erakundeak boluntarioen alde kontratatutako aseguru-polizen datuak egiaztatu beharko dira, eta, bestalde, zehaztu egin beharko dira asegurua duten pertsona kopurua eta polizaren guztizko zenbatekoa.

g) Proiektuan edo jardueran sortutako materialen kopia.

h) Proiektua egiteko behar diren baimenak, jarduerak egin aurretiko data izan behar dutenak.

2.– Aurreko paragrafoan aipatzen diren dokumentuak bi hilabeteko epean aurkeztuko dira, jardueraren amaiera-datatik zenbatzen hasita.

20. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako diru-laguntzak jasotzen dituztenek, betiere, honako betebehar hauek izango dituzte:

1.– Emandako diru-laguntza eta, horrekin batera, agindu honetan aipatutako baldintza eta arau guztiak onartzea. Alde horretatik, diru-laguntza esleitu izana jakinarazten duen komunikazioa jaso eta 10 eguneko epearen barruan, diru-laguntzaren onuradunak berariaz eta idatziz hari uko egiten ez badio, diru-laguntza onartu egin duela ulertuko da.

2.– Diruz lagundutako jarduerak 2015eko maiatzaren 3irako amaitu beharko dira.

3.– Boluntarioei buruzko ekainaren 25eko 17/1998 Legearen ondoriozkoak, bestek beste:

a) Istriputako eta erantzukizun zibileko asegurua kontratatzea boluntarioentzat, baldin eta proiektuan boluntarioek parte hartzen badute. Erantzukizun zibileko aseguruak gutxienez 300.506,05 euroko kapitala izan behar du aseguratuta, istripuko eta aseguruaren urtekorako, hain justu ere polizari atxikitako boluntario bakoitzarentzat.

b) Boluntariotzaren barneko estatutu bat izatea.

c) Boluntarioei informazioa ematea honako hauetaz: helburuak, antolaketa-egitura eta antolakundearen funtzionamendua.

d) Boluntarioekin akordioak sinatzea, zeintzuetan jasoko baitira boluntarioek erakundearekin duten erlazioari buruzko zehaztapenak, eta, halaber, parteek hartzen dituzten konpromisoak.

e) Jarduerak burutzeko gaitu eta identifikatzen dituen akreditazio bat ematea boluntarioei, eta, halaber, parte hartzea justifikatzeko agiri bat.

f) Boluntarioen alta eta bajen erregistroa abiaraztea eta mantentzea.

4.– Proiektuekin batera organo eskudunaren aldez aurreko txostena aurkeztu beharko da, egin beharreko ekintzarekin ados dagoela adieraziz, baldin eta proiektuko jarduerek eremu hauek ukitzen badituzte: natura-ondarea, naturagune babestuak, ibai-ibilguak, garrantzi komunitarioko lekuak, ondare historikoa osatzen duten ondasunak, eta babestutako flora eta fauna espezieak. Proiektua egiteko unean, erakundeak behar diren baimen guztiak ez baditu, diru-laguntza osorik kentzea ekarriko du. Natura 2000 Sareko espazioen kasuan, Ingurumen eta Lurralde Politika Saileko Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren Zuzendaritzaren nahitaezko adostasun-txostena egin beharko da, deialdi hau ebatzi aurretik egin ere.

5.– Jarduerak sorrarazten duen argitalpen, liburuxka eta, oro har, publizitate orotan, berariaz adierazi behar da hura Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak diruz lagundu duela, Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunari buruzko araudian xedatutakoaren arabera (Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunaren eskuliburua arautzen duen abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretua; EHAAen argitaratua, 205. zk.).

6.– Diruz lagundutako ekintzak sustatzeko sortutako kartelak, testuak eta agiriak euskaraz, edo euskaraz eta gaztelaniaz, idatziko dira.

7.– Azterlanek, egitarauek, argitalpenek eta abarrek generoaren eta berdintasunaren ikuspegiak jasoko dituzte, eta ez dute elementu diskriminatzailerik jasoko ez hizkuntzan ezta irudietan ere.

8.– Aurkeztutako dokumentazioan dagoen informazio tekniko eta grafikoa erabiltzeko eskubidea Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren esku uztea, doan eta esklusibotasunik gabe, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren informazio-sistemetan erabili eta sartzeko, eta bai honako hauetan argitaratu eta hedatzeko ere: edozein hedabide eta formatu bibliografiko, ikus-entzunezko edo informatikotan zein teknikak ahalbidetzen duen orotan. Erakundeak material horiek bere web-orri baten argitaratzen baditu, artxibo digitala entregatu ordez, nahikoa izango da adieraztea zein url helbidetan dagoen artxiboa, bertatik eskuratu ahal izateko. Edonola ere, jabetza intelektualaren eskubideak errespetatuko dira.

Erakundearen ustez, emandako informazioaren zati bat loturik bagago honako hauei: uztailaren 18ko 27/2006 Legearen –Ingurumenaren gaian informazioa eskuratzeko, publikoki parte hartzeko eta justiziara jotzeko eskubideak arautzen dituenaren– 13. artikuluan aurreikusitako salbuespenei, alde batetik, dokumentazioan bertsio osoa entregatuko da, eta bertan adieraziko da zein zati egon daitezkeen salbuespenei loturik, eta, bestetik, bertsio laburtua, zeinak kendurik dituen zati horiek. Bertsio hori izango da jendaurrean jarriko dena.

9.– Emaitzak aurkezteko eta proiektuen zabalkundea egiteko, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak jardunaldietakoren baterako deialdia egiten badu, hark parte hartzea eskatuko da.

10.– Diruz lagundutako jardueren zabalkunde publikoa haien exekuzioko edozein unetan egingo da, notizia prentsara bidaliaz; hartarako, onuradunak organo kudeatzailearen laguntza eskatu ahal izango du.

11.– Diru-laguntzen erakunde onuradunek honako betebeharrak konplitu beharko dituzte: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko 50.2 artikuluan ezarritakoak; batez ere, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, laguntzen xedea fiskalizatzeko dituzten funtzioetan jardunez, eskatzen dien edozein informazio eman beharko dute.

12.– Diru-laguntza zein helburutako eman den, helburu horretarako bakarrik erabiliko da.

21. artikulua.– Diru-laguntzak jasotzeko baldintzak aldatzea.

Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, eta, edozelan ere, beste administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatuetatik beste diru-laguntza batzuk edo bestelako laguntzak jasotzen badira, edota, kasua bada, helburu bererako beste diru-sarrera zein baliabide batzuk eskuratzen badira, diru-laguntza emateko ebazpena aldatu egin ahal izango da; betiere, diru-laguntzen onuradun izateko arauetan jarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira.

Ondorio horietarako, Ingurumeneko sailburuordeak kitapen-ebazpena emango du, zeinarekin doitu eginen baita emandako diru-laguntzaren kopurua, edo, egoki bada, neurriz kanpo lortutako diru-kopuruak itzuli beharra aginduko baita.

22. artikulua.– Betebeharrak ez betetzea eta laguntza itzultzeko prozedura.

Diru-laguntzaren onuradunak oinarri hauetan ezarritako edozein baldintza bete ezean, organo eskudunak, interesdunei entzun ondoren, diru-laguntza jasotzeko eskubidea galdu duela adieraziko dio, eta beharrezkoa izanez gero, dagokion zenbatekoa Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko betebeharra ere erabaki ahal izango du, hala ezartzen baita azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Beteginean, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta haiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan.

Halaber, beste laguntza edo diru-laguntza batzuekiko bateragarritasun-maila gaindituz gero, onuradunak itzuli egin beharko du diru-laguntza honen helburu den jardueraren kostutik gora jasotako dirua, agindu honetako zortzigarren artikuluan adierazitakoaren arabera. Hala ere, hori guztia ez da eragozpen izango zehapenak ezartzeko, ez eta kalte eta galerengatiko kalte-ordainak edota, kasua bada, erantzukizun penala eskatzeko ere.

Dagozkien ondorioei begira, zenbateko horiek sarrera publikotzat joko dira.

23. artikulua.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, administrazio-bidea agortzen baitu, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahalko zaio Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuari, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasita hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahalko da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera bi hilabeteko epearen barruan.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honetan berariaz jaso gabe geratu den guztirako, ondorengo bi arau hauetan ezarritakoa aplikatuko da: Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea, eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina, hain zuzen ere.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Gasteizen, 2014ko ekainaren 3a.

Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua,

ANA ISABEL OREGI BASTARRIKA.


Azterketa dokumentala