Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

111. zk., 2014ko ekainaren 13a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
2596

EBAZPENA, 2014ko martxoaren 6koa, Industriako sailburuordearena, zeinaren bitartez ebazten baita International Technology Corp. Soft., S.A enpresaren ez-betetze espedientea, 2007ko maiatzaren 21eko aginduak arautzen duen Gauzatu-Industria programaren barruan emandako diru-laguntzari dagokionez.

Ikusirik International Technology Corp. Soft., S.A enpresaren GZI-0036-2012 diru-laguntza espedientea, oinarri teknologiko edota berritzaileko ETEak sortzeko eta garatzeko Gauzatu Industria programa arautzen duen Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2007ko maiatzaren 21eko aginduaren barruan dagoena.

GERTAKARIAREN AURREKARIAK

Lehenengoa.– 2012ko urriaren 29an Ebazpena eman zen, eta horren bitartez, Gauzatu-Industria programa aplikatuz, 1.453.500,00 euroko aurrerakina, itzuli beharrekoa, eman zitzaion International Technology Corp. Soft., S.A.ri 2012ko maiatzetik 2015eko apirilera bitarteko aldian Lezamako udalerrian (Bizkaia) gauzatu beharreko babesteko moduko 4.845.000,00 euroko inbertsioaren % 30 da, eta aldi horretan 50 enplegu sortu behar ziren.

Bigarrena.– 2013ko azaroaren 26ko Ebazpenaren bidez, Industria eta Energia sailburuordeak ez-betetze espedientea ireki zuen International Technology Corp. Soft., S.A. enpresaren aurka, ez zuelako egin 120.000,00 euroko gutxieneko inbertsioa eta ez zuelako justifikatu proiektuko inbertsioari buruzko aginduko 8. artikuluan ezartzen ziren gutxienekoak bete zirela. Espediente horren bitartez adierazten zen enpresak eskubidea galdu zuela eman zitzaion aurrerakin itzulgarria jasotzeko.

Hirugarrena.– 2014ko urtarrilaren 22an interesatuari ebazpenaren berri eman ondoren eta bere interesak defendatze aldera, hamabost eguneko epea eman zitzaion egoki zeritzona esateko; epe hori igaro eta inolako alegaziorik aurkeztu ez denez, ez-betetze espedientea ebazten da, espediente hori zabaltzeko arrazoi izan ziren gertakariak ez direlako indargabetu eta objektiboki egiaztatu direlako.

OINARRI JURIDIKOAK

Lehenengoa.– Industria sailburuordea da ez-betetze espediente hau ebazteko eskumenak dauzkan organoa. Espedientea irekitzea ebatzi da Industria, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2007ko maiatzaren 21eko Aginduaren 20.3 artikulua aplikatuz, zeinak Gauzatu Industria oinarri teknologikoko edo berritzaileko ETEak sortzeko eta garatzeko programa arautzen baitu, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren 4.2 artikulua aplikatuz, zeinak Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretatik irteten diren diru-laguntzen berme eta itzulera erregimenak arautzen baititu eta Euskadiko Ogasun Orokorraren Printzipio Ordenatzaileen 53.4 artikulua aplikatuz.

Bigarrena.– Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren 2007ko maiatzaren 21eko Aginduak, oinarri teknologiko edota berritzaileko ETEak sortu eta garatzeko Gauzatu-Industria programa arautzen duenak, bere 20. artikuluan dio araudi aplikagarrian ezarritako baldintzak edota kasuan kasuko diru-laguntza emateko ebazpenean ezartzen direnak betetzen ez badira, ez-betetze espedientea irekiko dela eta espedientea ireki ondoren laguntzak jasotzeko eskubidea galduko dela eta, hala behar balitz, dagoeneko jasotako diru-laguntzak gehi dagozkien legezko interesak itzuli beharko direla.

Hirugarrena.– Abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak arautzen du Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretatik irteten diren diru-laguntzen berme eta itzulera erregimena eta bertan ezartzen dira kudeaketan parte hartzen duten erakunde kolaboratzaileen betebeharrak. Dekretuko 4.1 artikuluak hauxe dio: «Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen pentzutik diru-laguntzaren bat jasotzen duten onuradunek derrigorrez frogatu behar dute ez daudela ondoko ez-betetze kasuetan inplikatuta: dirua beste helburu baterako erabiltzea, diru-laguntza jaso baina lanak ez burutzea, ezarritako helburuak eta egindako gastuen arteko erlazioa behar bezala ez egiaztatzea edo oro har maiatzaren 30eko 1/1991 Legearen 31.4 artikuluan edo dagokion arau erregulatzailean ezarritako obligazioak ez betetzea. Osterantzean, eman zaion diru-laguntza eta zenbateko horri dagozkion legezko interesak itzuli egin beharko ditu».

Laugarrena.– Bestalde, azaroaren 11ko 1/1997 Dekretu Legegileak onartzen duen Euskadiko Ogasun Orokorreko Printzipio Ordenatzaileen Legeko 53.1 artikuluak dio ezingo dela exijitu laguntza edo diru-laguntza ordaintzea eta, hala badagokio, jasotako kopurua itzuli beharko dela eta laguntza edo diru-laguntza lortu bada behar ziren baldintza guztiak bete gabe, laguntza edo diru-laguntza hori ordaindu zen unetik aplikagarri ziren legezko interesak ere itzuli beharko direla.

Bosgarrena.– Gauzatu-Industria programa arautzen duen Aginduko 20. artikuluaren arabera, ez-betetzea egongo da proiektuko inbertsioari eta enpleguari buruzko aginduko 8. artikuluan ezarritako minimoak betetzen ez direnean. Arau beraren 8. artikuluan aipatzen dira gutxienez 120.000,00 euroko inbertsioa egingo duten proiektuak eta aldi berean gutxienez 3 lanpostu sortuko dituztenak, gehienez ere 36 hilabeteko epean.

Seigarrena.– Behar bezala egiaztatu denez ez direla betetzen Gautzatu-Industria programa arautzen duen aginduan eta Industria eta Energia sailburuordearen 2012ko urriaren 29 Ebazpenean, eta diru-laguntza emateko ezarritako baldintzak eta ez-betetze espedientea irekitzeko arrazoi izan ziren gertakariak indargabetu ez direnez, adierazten da ez-betetze hori gertatu zela.

Ikusirik aipatutako legezko aginduak eta aplikagarri diren gainerako xedapen orokorrak eta berariazkoak, hauxe

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Adieraztea International Technology Corp. Soft., S.A. enpresak ez dituela betetzen Gauzatu- Industria programa arautzen duen aginduan eta diru-laguntza emateko ebazpenean ezarritako baldintzak, ez duelako egin proiektuko inbertsioari buruzko aginduaren 8. artikuluan eskatutako 120.000,00 euroko gutxieneko inbertsioa. Ondorioz, 2012ko urriaren 29ko Ebazpenaren bitartez eman zitzaion aurrerakin itzulgarria jasotzeko eskubidea galduko du eta oraindik itzultzeko dagoen zenbatekoa itzuli beharko du, hau da, 353.737,08 euro gehi legez dagozkion interesak (6.517,03 euro).

Bigarrena.– Interesatuari ebazpen honen berri ematea, jakinaraziz Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren aurrean errekurritu daitekeela, gehienez ere hilabeteko epean, Administrazio Publikoen erregimen juridikoari eta prozedura administratibo komunari buruzko legean ezarritakoari jarraikiz.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko martxoaren 6a.

Industriako sailburuordea,

JUAN IGNACIO GARCÍA DE MOTILOA UBIS.


Azterketa dokumentala