Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

111. zk., 2014ko ekainaren 13a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
OGASUN ETA FINANTZA SAILA
2595

82/2014 DEKRETUA, maiatzaren 27koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari Bilbao Exhibition Centre, S.A. sozietatearen kapital-gehikuntzan parte hartzeko baimena ematen diona.

Bilbao Exhibition Centre, S.A. sozietatearen Akziodunen Batzar Nagusiak, 2014ko martxoaren 25ean egindako bilkuran, sozietatearen kapitalari 30.600.000 euro gehitzea erabaki zuen.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, Bilbao Exhibition Centre, S.A. sozietatearen bazkide denez, lehentasunezko eskubidea du sozietatearen Akziodunen Batzar Nagusiak jaulkitzen dituen akzio berriak harpidetzeko, Kapital Sozietateen Legearen testu bategina onartu zuen abenduaren 22ko 1/2010 Legegintzako Errege Dekretuaren 304. artikuluan agindutakoarekin bat etorriz.

Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuak honako hau ezartzen du 110.1 artikuluan: enpresa-ondarea osatzen duten ondasunak eta eskubideak eskuratzeko, aurretiaz, Jaurlaritzaren Kontseiluaren baimena beharko da, dekretu bidez emana, eta horretarako proposamena, berriz, ondareari buruzko eskumenak dituen saileko buruak eta, zuzenean nahiz bitarteko erakunde baten bidez, sozietatea loturik duen edo loturik izango duen saileko buruak egin beharko dute, biek batera. Dekretu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu behar da, baina, edonola ere, ematen den egunetik aurrera izango da indarrean.

Kapitala ordezkatzen duten baloreak eskuratzeko baimena ematen duen dekretuak, doako eskuraketa ez baldin bada behinik behin, nahitaezkoa izango du sozietatearen xedea adieraztea, baita Euskal Autonomia Erkidegoak eskuratze horretan zuzenean nahiz zeharka izango duen partaidetzaren ehunekoa ere.

Bilbao Exhibition Centre, S.A. sozietatearen helburu soziala da «azoka-jarduerara zuzenean edo zeharka bideratutako ondasun higiezinak sustatu, eraiki, zaindu eta ustiatzea, betiere hauetariko eraren batean: alokairua, salmenta edo, berak edo hirugarrenek legez onartutako ezein formularen bidezko lagapena».

Ondorioz, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren eta Ogasun eta Finantzetako sailburuaren proposamenez, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2014ko maiatzaren 27an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari baimena ematea hamabost milioi eta hirurehun mila (15.300.000) euro harpidetzeko, Bilbao Exhibition Centre, S.A. sozietatearen Akziodunen Batzar Nagusiak erabakitako kapital-gehikuntzan (30.600.000). Halaber, baimena ematen zaio ordainketa aipatu batzarrak ezarritako epeetan eta moduan egiteko, eta sozietatearen estatutuak aldatzeko. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak Bilbao Exhibition Centre, S.A. sozietatean izango duen partaidetza zuzena % 49,36koa izango da.

2. artikulua.– Ondare eta Kontratazioko zuzendariari ahalmena ematea aurreko artikuluetan xedatutakoa burutzeko beharrezkoak diren jarduerak gauzatzeko eta agiriak izenpetzeko.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu honek onartzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteizen, 2014ko maiatzaren 27an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

Ogasun eta Finantzetako sailburua,

RICARDO GATZAGAETXEBARRIA BASTIDA.


Azterketa dokumentala