Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

35. zk., 2014ko otsailaren 20a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
831

AGINDUA, 2014ko urtarrilaren 21ekoa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena eta Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuarena, nekazaritzako nitratoek ura kutsatzeko arriskua duten zonetan ingurune kaltebera izendatutakoei eusteko dena.

Nekazaritzan erabilitako nitratoek eragindako kutsaduratik urak babesteari buruzko 1991eko abenduaren 21eko Kontseiluaren 91/676/EEE Zuzentarauak (nitratoei buruzkoak) honako hau ezartzen du: euren lurraldeetan, nitrato-maila jakin batzuetatik gora dituzten zonak ingurune kaltebera izendatuko dituzte estatu kideek, eta horretaz gain, zona kalteberei dagokienez ekintza-programak ezarri beharko dituzte.

Zuzentarau horren 3.4 artikuluan xedatzen denez, estatu kideek –bidezkoa bada– ingurune kalteberen izendapenak hedatu edo aldatu egingo dituzte epe egokian, gutxienez lau urterik behin, hain justu ere aurreko izendapena egiterakoan aurreikusiko gabeko aldaketak eta faktoreak kontuan izateko. Eta 5.7 artikuluan xedatzen denez, estatu kideek berraztertu eta, beharrezko bada, aldatu eginen dituzte ekintza-programak, eta, halaber, 5. paragrafoarekin bat onartutako neurri osagarri posibleak, gutxienez lau urterik behin.

Eusko Jaurlaritzari dagozkion eskumenak baliatuaz, honako dekretu hau onartu zen: Abenduaren 22ko 390/1998 Dekretua, nekazaritzako nitratoek ura kutsatzeko arriskupean dauden inguruak izendatzeko arauak finkatzeari buruzkoa eta Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza-lanetan Egoki Jarduteko Kodea onartzeari buruzkoa. Dekretu horren xedapen gehigarriren bitartez, Vitoria-Gasteizko Unitate Hidrogeologikoaren Ekialdeko Sektorea ingurune kaltebera izendatu zen.

Lurralde Antolaketa, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuak, Garraio eta Herrilan sailburuak eta Nekazaritza eta Arrantza sailburuak emandako 2000eko abenduaren 18ko Aginduaren bidez, nekazaritzatik eratorritako nitratoekin ura kutsatzeko arriskua duten ingurune kalteberen gaineko Ekintza Plana onartu zen. Agindu hori indargabetu egin zen, 2008ko urriaren 15eko Aginduaz, zeina 2009ko azaroaren 2ko Aginduaz aldatu baitzen; eta azken horretan, Europako Batzordeak zenbait huts atzeman ostean, 2009ko azaroaren 2ko Aginduko hutsen zuzenketa egin zen, zeina 2010-11-16ko EHAAn argitaratu baitzen.

Ingurune Kalteberen Bilakaera Tenporalaren Kontrol eta Segimendu Neurrietan lortutako emaitzekin bat, Ekintza Planean jasotako neurriak eragingarriak dira; izan ere, plana indarrean denbora gehien egon den zonetan, nitratoen kontzentrazioan gutxitze progresiboa atzeman da. Kontrol eta segimendu neurriok honako hauek dira: Ura-Uraren Euskal Agentziak burututakoak, eta 2008ko urriaren 15eko Aginduaren eranskineko 10. puntuan ezarritakoak. Hortaz, behin plana berrikusi eta gero, kontsideratzen da ez dela beharrezko aldatzea.

Ingurune kaltebera izendatutako zonei dagokienez, 2008ko apirilaren 8ko Aginduak hedatu egin zuen Dulantzi Sektorean hasiera baten izendatutako ingurune kaltebera; eta 2009ko azaroaren 18ko Aginduaren bidez, Vitoria-Gasteizko Unitate Hidrogeologikoa, I eta II Foronda-Mendebaldeko Sektorea: nitratoek kutsatzeko arriskua duen ingurune kaltebera izendatu zen.

Ingurune Kalteberen Bilakaera Tenporalaren Kontrol eta Segimendu Neurrietan lortutako emaitzekin bat, ez da egoki jada izendatutakoez gain beste zonarik izendatzea ingurune kaltebera. Kontrol eta segimendu neurriok honako hauek dira: Ura-Uraren Euskal Agentziak burututakoak, eta 2008ko urriaren 15eko Aginduaren eranskineko 10. puntuan ezarritakoak.

Nitratoei buruzko Zuzentarauan ezarritakoa betetzearren, beharrezko da ebazpen bat argitaratzea, zeinetan, batetik, deklaratuko baita eutsi egiten zaiela jada ingurune kaltebera izendatutakoei, eta, bestetik, kontsideratzen baita ez dela beharrezko Ekintza Plana aldatzea.

Eta guzti hori dela-eta, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuak eta Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak honako hau,

EBAZTEN DUGU:

Lehenengo.– Gaur egun, ingurune kaltebera izendatutakoei eustea.

– Vitoria-Gasteizko Unitate Hidrogeologikoa. Dulantzi eta Mendebaldeko Sektoreak.

– Vitoria-Gasteizko Unitate Hidrogeologikoa. I eta II Foronda-Mendebaldea Sektorea.

Bigarrena.– Ingurune kaltebera hauei aplikatzeko Ekintza Plana hauxe izango da: Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura sailburuak eta Ingurumen eta Lurralde Antolamendu sailburuak 2008ko urriaren 15ean emandako Aginduak zehaztutakoa. Agindu horren bitartez, nekazaritza-jardueratik datozen nitratoek kutsatzeko arriskua duten ingurune kalbereba izendatutako zonen gaineko Ekintza Plana onartzen da; bestalde, agindu hori aldatu egin zen, Ingurumen eta Lurralde Antolamendu, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren 2009ko azaroaren 2ko Aginduaren bitartez.

Hirugarrena.– Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuak agindu hau jakinaraziko dio Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioari.

Laugarrena.– Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakieke Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuari eta Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuari, hilabeteko epean, edo zuzenean administraziorekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan bi hilabeteko epean; betiere, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

Bosgarrena.– Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko urtarrilaren 21a.

Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua,

ANA ISABEL OREGI BASTARRIKA.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.


Azterketa dokumentala