Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

34. zk., 2014ko otsailaren 19a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

SEGURTASUN SAILA
797

14/2014 DEKRETUA, otsailaren 11koa, Jendaurreko ikuskizunen eta jolas jardueren ordutegiak eta jarduera horiei buruzko beste alderdi batzuk Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan ezartzen dituen Dekretua hirugarren aldiz aldatzen duena.

Jendaurreko Ikuskizunei eta Jolas Jarduerei buruzko azaroaren 10eko 4/1995 Legeak, Autonomia Estatutuaren 10.38 artikuluan aurreikusitako eskumena baliatuz onartu zenak, 5.d) eta 20.1 artikuluetan, eskumena ematen dio Jaurlaritzari jendaurreko ikuskizunen eta jolas jardueren ordutegi orokorra arauz zehazteko, betiere, ikuskizun edo jarduera motak, garaia edo urtaroa eta lanegun, jai-bezpera eta jaiegun arteko bereizketa kontuan hartuta.

Eskumen hori baliatuz, abenduaren 16ko 296/1997 Dekretua onartu zen, Jendaurreko ikuskizunen eta jolas jardueren ordutegiak eta jarduera horiei buruzko beste alderdi batzuk EAEren eremuan ezartzen zituena. Dekretu hori uztailaren 28ko 210/1998 Dekretuak eta martxoaren 13ko 36/2012 Dekretuak aldatu zuten.

Dekretu hori tresna eraginkorra izan da jendaurreko ikuskizunen eta jolas-jardueren lokalen ordutegiak arautzeko, baina martxoaren 13ko 36/2012 Dekretuaren bidez egindako aldaketa aplikatu izanak erakutsi du ezen, beharrezkoa dela udalek ordutegia luzatzeko dituzten mekanismoak eraginkortasun handiagoz hornitzea.

Ildo horretatik, batetik, bertan behera uzten da udalek onartu beharreko urteko egutegia, eta malgutasun handiagoa ezartzen da, betiere, ordutegi bereziak baimentzeko bertan ezartzen diren mugen barruan; eta, bestetik, murriztu egiten da eskumena duen udal-agintaritzak interesdunak eskatutako ordutegi-luzapena ebazteko duen epea.

Horregatik, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, Segurtasuneko sailburuak proposatuta, Jendaurreko Ikuskizun eta Jolas Jardueretarako Euskal Kontseiluak aldeko txostena eman eta gero, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2014ko otsailaren 11ko bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATZEN DUT:

Lehenengo artikulua.– Aldatu egiten da abenduaren 16ko 296/1997 Dekretuaren 12. artikulua (296/1997 Dekretua, Jendaurreko ikuskizunen eta jolas jardueren ordutegiak eta jarduera horiei buruzko beste alderdi batzuk ezartzen dituena Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan), eta honela gelditzen da idatzita:

«12. artikulua.– Udalek ordutegi bereziak ezartzeko dituzten eskumenak.

1.– Udal-agintariek gehienez ere bi orduz luzatu ahal izango dute ordutegia udalak berak edo EAEko organo eskumendunak jai gisa edo interes turistikodun gisa kalifikatu dituzten gertaerak direla-eta. Gertaera horiek, besteak beste, honako hauek izan daitezke: ospakizun publikoak, auzoko jaiak, gertaera sozialak, azokak, sariketak, erakusketak edo antzekoak. Nolanahi ere, urtean, gehienez ere hamabost egunetan luzatu ahal izango da ordutegia.

2.– Halaber, udalek gehienez ere bi orduz luzatu ahal izango dute aurreikusitako ixteko ordua, jarraian adierazten diren kasu hauetan:

a) Zaindariaren egunak, alegia, udal bakoitzak bere udal-mugartean ofizialki ezarri dituenak.

b) Aste Santuan, ostegunetik astelehenera; Inauterietan, ostegunetik asteartera; eta gabonetan, abenduaren 15etik urtarrilaren 6ra.

3.– Aurreko paragrafoetan ezarritakoa gorabehera, udalek ordutegi orokorra gehienez ere bi orduz luzatu ahal izango dute (urtean, gehienez ere hamabost egunetan), aurreikusi ezin daitezkeen ezohiko inguruabarrak direla-eta, betiere, inguruabar horiek lehenengo paragrafoan aurreikusitako gertaeren antzekoekin zerikusia badute.

4.– Auzoetako jaien kasuan edo udal-mugartearen barruko lurralde-eremu batera mugatutako beste gertaera batzuen kasuan, udalak erabaki ahal izango du ordutegi berezi hori udalerriaren eremu horretarako bakarrik izango dela.

5.– Artikulu honetan adierazten den ordutegi-erregimenaren luzapena erabakitzeko, udalek aukera izango dute lokalei neurri zuzentzaile bereziak eskatzeko; esate baterako, gehiegizko zarata- edo bibrazio-maila kontrolatu, arindu edo ezerezean uzteko gailuak instalatzeko obligazioa.

6.– Udalak gai honetan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako Zuzendaritzari jakinarazi behar dio aurreko paragrafoen arabera hartutako ordutegi-erregimen berezia, ordutegi hori indarrean jarri baino 72 ordu lehenago, eta zehaztu egin behar du ordutegi hori zein eremutan eta zein egunetan aplikatuko den, baita ordutegi horrek, hala badagokio, ekar ditzakeen mugak ere.

Halaber, udalek argitara emango dute baimendutako ordutegi-erregimen berezi hori, herritarrek eta eragindako establezimenduen titularrek horren berri izan dezaten. Nolanahi ere, beti adierazi beharko da ordutegi-erregimen horrek zein lurralde-eremuri eta zein eguni eragiten dion.

7.– Udal-agintariek lokalen kanpoaldean terrazak edo antzekoak jartzeko lizentzia bereziak eman dituzten kasuetan, udalak berak instalazio horietarako ezarri dituen ixteko ordutegiak bete beharko dira, betiere dekretu honetan ezarritako mugen barruan eta hirugarrenei eragozpenik sortu gabe.»

Bigarren artikulua.– Aldatu egiten da abenduaren 16ko 296/1997 Dekretuaren 13. artikulua (296/1997 Dekretua, Jendaurreko ikuskizunen eta jolas jardueren ordutegiak eta jarduera horiei buruzko beste alderdi batzuk Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan ezartzen dituena), eta honela gelditzen da idatzita:

«13. artikulua.– Administrazio-prozedura.

1.– Dekretu honen 11. eta 12. artikuluan jasotako baimenak eskatzeko prozedura enpresa-jardueren titularrek eta horien interesak biltzen dituzten enpresa-elkarteek abiarazi ahal izango dute. 11. artikuluan aurreikusitako baimenetarako prozedura udalek ere abiarazi ahal izango dute.

2.– Dekretu honen 11. artikuluan jasotako eskaera-prozedurei dagokienez, espedientea ebazteko eskumena duen Administrazioak luzatzeko eskabideari buruzko ebazpen espresua eman eta jakinarazi beharko du, gehienez ere hiru hilabeteko epean. Ebazpen espresuaren berri eman gabe gehienezko epea agortzen bada, interesdunek zilegitasuna dute aurkeztutako eskabidea administrazio-isiltasunagatik onartu dela ulertzeko.

3.– Dekretu honen 12. artikuluan aurreikusitakoaren babesean dauden eskaeraprozedurak abiarazi behar dira gutxienez ordutegia luzatzeko eskatzen den eguna baino hilabete lehenago, eta luzapena indarrean jartzeko eskatutako eguna baino 72 ordu lehenago ebazpen espresua eman eta jakinarazi egin beharko da. Gehienezko epea agortzen bada ebazpen espresurik jakinarazi gabe, interesdunek onartutzat jo dezakete aurkeztutako eskabidea, administrazioisiltasunagatik.

Dekretu honen 12.3 artikuluan aurreikusitako eskaera-prozedurak abiarazi behar dira gutxienez ordutegia luzatzeko eskatzen den eguna baino 10 egun lehenago, eta luzapena indarrean jartzeko eskatutako eguna baino 72 ordu lehenago ebazpen espresua eman eta jakinarazi egin beharko da. Gehienezko epea agortzen bada ebazpen espresurik jakinarazi gabe, interesdunek onartutzat jo dezakete aurkeztutako eskabidea, administrazio-isiltasunagatik.

Ordutegi-erregimenaren luzapen berbererako eskabide bat baino gehiago baldin badaude, prozedura beraren barruan sartuko dira guztiak, Herri Administrazioaren Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 73. artikuluan ezarritakoa betez, eta aurkeztutako lehenengo eskabidearen eguna hartuko da hasierako eguntzat, espedientea ebazteko eguna zehazteko.

4.– Ordutegi bereziaren edo berezien luzapenak bakarrik onartuko dira baldin eta beroriek hirugarrenei eragozpenik eragiten ez badiete eta osasun publikoari edo herritarren segurtasunari loturiko arazorik sortzen ez badute.

5.– Ikuskapena eta kontrola egiteko xedez, dagokion Administrazioak udalerrian herritarren segurtasun arloan eskumenak dituzten agintari polizialei ordutegi-luzapenen berri eman beharko diete ordutegi horiek indarrean sartu baino lehen.»

XEDAPEN IRAGANKORRA

Dekretu hau indarrean jarri aurretik Udalek onetsita zituzten ordutegi bereziko egunen urteko egutegiak ez dira, inola ere, hurrengo ekitaldietara luzatuko. Beraz, baimenduak izan ziren urte naturalean soilik izango dituzte ondorioak.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2014ko otsailaren 11n.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Segurtasuneko sailburua,

ESTEFANÍA BELTRÁN DE HEREDIA ARRONIZ.


Azterketa dokumentala