Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

28. zk., 2014ko otsailaren 11, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

LAN HARREMANEN KONTSEILUA
633

ERABAKIA, 2014ko urtarrilaren 7koa, Lan Harremanen Kontseiluaren Osoko Bilkurarena, Funtzionamendu araudia onartzekoa.

Borja de la Sota Galdizek, Lan Harremanen Kontseiluko idazkari nagusiak,

EGIAZTATZEN DUT:

Lan Harremanen Kontseiluaren Osoko Bilkurak 2014ko urtarrilaren 7an egindako bileran Lan Harremanen Kontseiluaren Funtzionamendu Araudia onartzea erabaki zutela bileran ziren kide guztiek aho batez. Funtzionamendu Araudi horren testua ondoren transkribatu dena da:

ATARIKOA

Lan Harremanen Kontseiluari buruzko Eusko Legebiltzarraren 4/2012 Legearen lehen azken xedapenak sei hilabeteko epea ezarri zuen, indarrean sartzen zenetik, Kontseiluaren funtzionamendu-araudia aldatzeko.

Hala ere, eta 4/2012 Legearen hainbat alderdi garatzen dituen urriaren 29ko 434/2013 Dekretua (2013ko azaroaren 4ko EHAA) onartu arte, Lan Harremanen Kontseilua arautzen duen esparru juridikoa erabat osatu ez denez, ezinezkoa izan da Kontseiluaren beraren baitan xedapen arauemaile berrietara egokitutako funtzionamendu-araudia landu eta onartzeko prozesuari ekitea, oinarrizko koherentziazko arrazoiak tarteko.

Une honetan, erregelamendu bidezko garapena eskatzen zuten Legearen hainbat alderdi arautu ostean eta Osoko Bilkuraren ekitaldi baten bitartez, erakundearen egitura ezartzea eta barne-funtzionamenduko arauak onartzea dagokio, bere eginkizunak eraginkortasunez garatze aldera. Araudi honek «ad extra» ondoriorik izan ez arren eta, esan bezala, Kontseiluaren beraren esparrura mugatzen bada ere, bere garaian EHAAn argitaratu zen aurretiazko araudia ordezkatzen duenez, zein Lan Harremanen Kontseilua arautuko duten funtzionamendu-arauen indarraldia argitzeko arrazoiak direla-eta, gomendagarria da, orobat, ofizialki argitaratzea.

I. TITULUA
EGOITZA ETA EGITURA

1. artikulua.– Egoitza eta egitura.

Lan Harremanen Kontseiluak Bilbon du egoitza. Osoko Bilkurak erabakiz gero, Kontseiluak ohiko edo ohiz kanpoko bilerak bere egoitzan zein Gipuzkoa edo Arabako lurralde-egoitzetan egin ahal izango ditu.

Osoko Bilkuraren eta barne-araudi honetan jasotako batzorde iraunkorren eta ez iraunkorren bidez buruko ditu Kontseiluak bere eginkizunak.

Kontseiluaren batzorde iraunkorrak Osoko Bilkuraren Prestaketa Batzordea eta Txosten Batzordea dira.

Batzorde ez iraunkorrak, berriz, Osoko Bilkurak araudi honetan aurreikusitakoaren arabera sortutakoak dira.

II. TITULUA
FUNTZIONAMENDUA
I. KAPITULUA
OSOKO BILKURAREN BILERAK.

2. artikulua.– Kontseiluaren Osoko Bilkuraren bilerak ohikoak edo ohiz kanpokoak izango dira.

3. artikulua.– Kontseiluaren Osoko Bilkura gutxienez hiru hilez behin izango du ohiko bilera. Osoko Bilkuraren bileretarako deia Kontseiluko buruak egingo du bilera baino bost egun lehenago, gutxienez. Horren aurretik, Prestaketa Batzordearen bilera egingo da, eta bertan Osoko Bilkuraren bileraren gai-zerrenda ezarriko da.

4. artikulua.– Kontseiluko buruak proposaturik, deialdian azaltzen ez den beste punturen bat gai-zerrendan sartzea erabaki ahal izango du Osoko Bilkurak bileraren hasieran eta bertan diren kide gehienak alde izanda, baldin eta araudi honen 6. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, jorratu beharreko puntua tratatzeko behar besteko quoruma badago.

5. artikulua.– Kontseiluaren Osoko Bilkuraren ohiz kanpoko bilera sindikatuen edo enpresaburuen alderdietako kideen gehiengoak eskatzen duenean egingo da. Kontseiluko buruak ere deitu ahal izango du. Eskaeran argi eta garbi jasoko dira jorratu beharreko puntua edo puntuak.

Kontseiluaren lehendakaritzak egingo du Osoko Bilkuraren ohiz kanpoko bilerarako deia, bilera baino 48 ordu lehenago gutxienez, prestaketa-batzordeak aldez aurretik bilera egiteko beharrik gabe eta gai-zerrenda beste inolako gairik sartzeko aukera barik.

6. artikulua.– Eratzea eta erabakiak hartzea.

Kontseiluaren Osoko Bilkurak erabakiak hartu ahal izateko quoruma eta erregimena, 424/2013 Dekretuaren 8. artikuluak gai-zerrenda osatzen duten gai ezberdinen arabera ezarritakoak izango dira.

7. artikulua.– Kontseiluaren buruari dagokio bilerak hasi, moderatu eta amaitzea. Kontseiluko burua egon ezean, idazkari nagusiak zuzenduko du bilera, Lan Harremanen Kontseilua arautzen duen 4/2012 Legearen 13. artikuluko j) atalak ezarritakoarekin bat.

8. artikulua.– Kontseiluaren idazkari nagusiak Osoko Bilkuraren ohiko eta ohiz kanpoko bilera bakoitzaren akta egingo du. Hurrengo ohiko bileran onartuko dira aktak eta, idazkari nagusiak sinatu eta lehendakaritzak ontzat eman ondoren, Kontseiluaren idazkaritza nagusiak gordeko ditu.

II. KAPITULUA
KONTSEILUAREN BATZORDE IRAUNKORRAK

9. artikulua.– Kontseiluan ordezkaririk duten sindikatuetako kide banak eta enpresaburuen aldeko beste horrenbeste kidek osatuko dute Osoko Bilkuraren Prestaketa Batzordea. Kontseiluaren buruak eta idazkari nagusiak Prestaketa Batzordearen bileretan esku hartuko dute, hitz egiteko eskubidearekin baina botoa emateko eskubiderik gabe.

Kontseiluaren Osoko Bilkuraren ohiko bileretan jorratu beharreko gaiak prestatzea eta bileren gai-zerrendak onartzea dira Prestaketa Batzordearen eginkizunak.

Kontseiluaren lehendakaritzak egingo du Prestaketa Batzordearen bilerarako deia 48 ordu lehenago, gutxienez, eta bileran dauden kideen gehiengo soilez hartuko ditu erabakiak, kide horiei dagokien taldea edozein izanda.

10. artikulua.– Kontseiluan ordezkaririk duten sindikatuetako kide banak eta enpresaburuen alderdiko beste horrenbeste kidek osatuko dute Kontseiluaren Txostenen-Batzordea. Kontseiluaren buruak eta idazkari nagusiak Txosten-Batzordearen bileretan esku hartuko dute, hitz egiteko eskubidearekin baina botoa emateko eskubiderik gabe.

Txosten-Batzordeak Osoko Bilkuraren ordezko batzordearena egingo du Lan Harremanen Kontseilua arautzen duen 4/2012 Legearen 3.1. artikuluko a), b) eta c) ataletan adierazitako kontsulta-eginkizunaren garapenean, eta beraz, Osoko Bilkurak ez ditu horren erabakiak berretsi behar izango.

Batzordea eratuta geldituko da talde bakoitzeko, hots, sindikatuetako eta enpresaburuen taldeko, gutxienez kideen herena bertaratu denean: eta bileran diren kideen gehiengo soilez hartuko ditu erabakiak, kide horiei dagokien taldea edozein izanda.

Talde bakoitzaren barruan, sindikatu eta enpresaburuenean, botoa ordezkatzeko aukera egongo da. Ordezkapen hori batzordearen idazkariari jakinarazi beharko zaio modu sinesgarrian, eta idazkariak bileraren aktan horren berri jasoko du.

Botoa ordezkatuz, ezingo da inondik inora bilerara bertaratutako beste taldeko kide-kopurua gainditu, edo erabakiak hartzerakoan taldeen parekotasuna aldatu.

Txostenen Batzordeak kontsulta-eginkizuna gauzatzeko jarduketa-protokoloa prestatu eta proposatuko dio Osoko Bilkurari, onar dezan.

III. KAPITULUA
KONTSEILUAREN BATZORDE EZ IRAUNKORRAK

11. artikulua.– Lan Harremanen Kontseiluaren Osoko Bilkurak bestelako batzorde ez iraunkorrak sortzea erabaki ahal izango du, eta horien eraketa, jarduteko erregimena eta eginkizunak sorrera-erabakian ezarriko dira.

Edonola ere, batzorde ez iraunkor horiek Osoko Bilkurak behin betiko onetsi beharreko agiria onartuz amaitu beharko dituzte beren lanak, eta onespen horretatik aurrera deuseztatuta geratuko dira, Osoko Bilkurak ebazpenik emateko inolako beharrik gabe.

III. TITULUA
EKONOMIA- ETA FINANTZA-ERREGIMENA

12. artikulua.– Lan Harremanen Kontseilua arautzen duen Legearen 14. artikuluan aurreikusitakoarekin bat, Kontseiluak ekonomia- eta finantza-arloko autonomia-printzipioarekin jardungo du.

Autonomia hori gauzatzerakoan, idazkari nagusiak Kontseiluaren sarrera eta gastuen aurrekontua egingo du, eta Osoko Bilkurak urteko laugarren hiruhilekoko ohiko bileran onartuko du.

Aurrekontua ezarritako epean onartu ezean, aurreko urteko aurrekontua luzatu ahal izango da.

Kontseiluaren Osoko Bilkurari dagokio aurrekontuaren gauzatzea gainbegiratu eta egiaztatzea. Horretarako, aurrekontuaren betetze-mailari buruzko txostena igorriko die Kontseiluaren idazkari nagusiak hiru hilez behin kide guztiei.

Halaber, Kontseiluaren Osoko Bilkurari dagokio aurrekontuaren zenbatekoa eraldatzeko aldaketak erabakitzea, eta baita funtzionamendu eta kapitaleko gastuen kapituluen arteko intsuldaketak eskatzen dituzten barne-transferentziak onartzea ere.

Hori guztia, gainera, Kontseiluak, EAEko sektore publikoko erakunde den heinean, aplikagarri dituen ekonomia- eta finantza-arloan indarrean dauden arauak betez.

13. artikulua.– Kontseiluaren aurrekontu-proposamena prestatzeko, EAEko aurrekontu orokorraren kargura jaso beharreko transferentzien aurreikusitako zenbatekoa aintzat izango du idazkari nagusiak sarreren kapituluan.

Aurrekontua behin betiko onartu baino lehen eta aurrekontu-beharrek denboran zehar duten bilakaeraren arabera, Osoko Bilkurak Eusko Jaurlaritzarengana jo ahal izango du, Kontseiluaren buruaren bitartez, EAEko aurrekontu orokorren proiektuan jasotako zenbatekoak gehitzeko eskatzera.

Era berean, Osoko Bilkurak dagokion Legebiltzarreko Batzordearengana jo ahal izango du bere aurrekontu-beharrak azaltzera, eta EAEko aurrekontu orokorren Legean Kontseiluari zuzendutako transferentziak gehitzeko eskatzera.

14. artikulua.– Kontratazio-erregimena.

Lan Harremanen Kontseiluaren kontratazioak sektore publikoko kontratuen inguruan herri-administraziotzat jotako erakundeetarako indarrean dagoen araudia beteko du. Horiek horrela, Kontseiluaren Osoko Bilkura izango da kontratazio-organoa, eta kudeaketa-organoen esku utzi ahal izango ditu eskumen batzuk. Lan Harremanen Kontseiluaren kontratatzailearen profilari buruzko informazio publikoan jasoko da eskumenak ordezkatzeko erabaki hori.

15. artikulua.– Zerbitzuaren kausazko kalte-ordainak.

Kontseiluaren buruak eta idazkari nagusiak, euren jardueran egin behar dituzten gastuen ordaina jasotzeko eskubidea izango dute, gastu horiek behar bezala justifikatu beharko dituztelarik.

16. artikulua.– Kontseiluko kideen diru-esleipenak.

Lan Harremanen Kontseiluak zuzenean ordainduko dizkie Kontseiluan esku hartzeko eskubidea duten erakunde eta konfederazioei, bakoitzak izendatutako kide-kopuruaren arabera dagozkien zenbatekoak.

Eta horrela ager dadin eta izan behar dituen ondoreak izan ditzaqn, egiaztagiri hau eman eta sinatzen dut Bilbon 2014ko urtarrilaren zazpian.

Lan Harremanen Kontseiluko idazkari nagusia,

RICARDO BORJA DE LA SOTA GALDIZ.


Azterketa dokumentala