Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

28. zk., 2014ko otsailaren 11, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
631

AGINDUA, 2014ko urtarrilaren 30ekoa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, musika-ikasketa profesionaletan sartzeko probak eta onartzeko prozedura arautzekoa.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 49. artikuluak xedatutakoaren arabera, musika-ikasketa profesionaletara sartzeko, berariazko sarbide-proba bat gainditu behar da. Proba horren bidez, baloratu nahi da zer heldutasun, gaitasun eta ezaguera dituzten hautagaiek, ikasketa profesionalak probetxuz egiteko, abenduaren 22ko 1577/2006 Errege Dekretuan ezarritako helburuak betetze aldera. Errege Dekretu horrek Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak araututako musika-ikasketa profesionaletako curriculumaren oinarrizko alderdiak finkatzen ditu.

Abenduaren 11ko 229/2207 Dekretuak ezartzen ditu Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumen-eremuan musika-ikasketa profesionalen curriculuma eta ikasketa horietan sartzeko probak (2008ko martxoaren 13ko EHAA), eta dekretu horren 21. artikuluak xedatzen du Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren egitekoa izango dela proben edukiak prestatzea, proben ebaluazio-irizpideak finkatzea, probak egiteko prozedurak zehaztea, eta epaimahaien osaera eta izendapena erabakitzea.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren 2009ko martxoaren 20ko Aginduak, berriz, musika-ikasketa profesionaletarako sarrera-probak eta haiek egiteko prozesua arautzen eta deitzen ditu, eta horrez gain, lehen aipatutako dekretuan ezarritakoa garatu zuen. Agindu hori indarrean egon den denboran, zenbait gabezia hauteman dira, eta horregatik jo da beharrezkotzat beste bat egitea.

Horrenbestez, ondokoa

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Helburua eta aplikazio-eremua.

Agindu honen helburua da Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan musikako ikasketa profesionalak irakasteko zentro publiko eta pribatu baimenduetan egiten diren sartzeko probak eta onartzeko prozedurak arautzea.

2. artikulua.– Sartzeko proben helburua eta izaera.

1.– Musikako ikasketa profesionaletarako sarrera-probek aukera hauetakoren bat izango dute helburu:

a) Ikasketa horien lehen mailaren bidez sartzea.

b) Lehena ez den mailaren baten bidez sartzea.

2.– Hautapen-probak dira sarrera-probak; izan ere, hautagaiei puntuazio bat esleitzen zaie ikasketetara sartzeko, eta hautagai guztien artean, batzuek plaza bat lortuko dute, plazen eskaintza mugatua denean.

3. artikulua.– Proba gainditzearen ondorioak.

1.– Proba gainditzeak balioko du proba egin den ikasturterako plaza bat lortzeko, proba egin den zentroan. Lortutako plaza hautatutako espezialitatean izango da, edo kideko instrumentuan (ikusi taula, 9. artikulua). Proba gainditu duten ikasle guztiek hautatutako espezialitatean plaza aukeratzen dutenean, hautatutako espezialitatean instrumentua aukeratu ez duten ikasleek beste instrumentu batean aukeratu ahal izango dute plaza.

2.– Hautagairen batek sarrera-proben deialdi berean bi espezialitaterako edo gehiagorako probak egiten baditu eta espezialitate batean baino gehiagotan lortzen badu plaza, bakar batean matrikulatu ahal izango da.

4. artikulua.– Musika-ikasketa profesionaletara sartzeko proben egitura eta edukiak.

1.– Musika-ikasketa profesionaletan sartzeko probek atal hauek izango dituzte, instrumentu guztietako eta kantuko espezialitateetan.

a) Interpretazioa eta alderdi teknikoak.

b) Proba teoriko-praktikoa.

2.– Proba bakoitzaren oinarrizko egitura I. eranskinean adierazten da.

3.– Lehen mailarako sarbide-probaren erreferentea musikako oinarrizko ikasketetako laugarren mailako curriculuma izango da. Oinarrizko ikasketak ez dituzten espezialitateetarako, maila teknikoaren zailtasunari dagokionez, hautagaiak aukeratutako espezialitatean ikasketa profesionalei ekiteko behar bestekoa izango da, eta espezialitate horretan nahikoa ezagutzak dituela erakutsi beharko du. Lehen maila ez den beste mailaren baten bidez sartzeko probaren erreferentea plaza eskatu den aurreko mailaren curriculuma izango da, abenduaren 11ko 229/2007 Dekretuan ezarritakoaren arabera.

4.– Kontserbatorio eta zentro baimenduek ikasturte bakoitzeko urriaren lehen hamabostaldian argitaratuko dituzte honako agiri hauek (iragarki-taulan eta web-orrian):

– Zerrenda orientagarriak, mailaka ordenatuak, eta espezialitate bakoitzeko obrak, ikasketak eta proba teknikoak adierazten dituztenak.

– Ariketa teoriko-praktikoko edukien zerrenda.

– Proba teoriko eta instrumentalen ebaluazio-irizpideak.

5.– Aipatutako epeen aurretik, ikastegiek agiri horren kopia informatiko bat igorri behar diote Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaritzari.

6.– Nolanahi ere, probetako atalen batean, aukeratzeko ahalmena baldin badute hautagaiek, hau izango da zentroek espezialitate eta maila bakoitzeko eskaini behar duten obren gutxieneko kopurua: epaimahaiaren aurrean aurkezteko eskatzen den kopuruaren hirukoitza.

7.– Horrez gain, espezialitateren batek bere baitan hartuko balu probetako atalen bat egiteko salbuespenen bat, kontserbatorio eta zentro baimenduek urriaren lehenengo hamabostaldian argitaratu behar dituzte instrumentu zehatz batzuetako probetarako aurreikusita dauden salbuespenak (akordeoia, baxu elektrikoa, klabezina, moko-txirula, gitarra elektrikoa, Errenazimenduko nahiz barrokoko hari pultsatuko instrumentua, organoa, txistua eta zango-biola).

8.– Espezialitateren batean, hautagaiek derrigorrean obraren bat interpretatu behar badute, urriaren lehenengo hamabostaldian argitaratuko da, eta obra horren izenburua, berriz, martxoaren 15ean.

5. artikulua.– Proba bateratuak.

Proben antolamendua errazte aldera eta irizpideak bateratze aldera, zentroak taldekatu ahal izango dira, sarrera-proba bakar bat egiteko. Horrenbestez, hautagaiek sarrera-proba egiteko eskaera egiten dutenean hautatuko dute zein zentrotan matrikulatu nahi duten.

6. artikulua.– Deialdia.

1.– Urtero egingo da ikasketetarako sarrera-probak egiteko ohiko deialdia, lehen mailaren bidez sartzeko zein lehen maila ez den beste mailaren baten bidez sartzeko. Deialdiari buruzko egutegia eskaerak aurkezteko epea hasi baino bi hilabete lehenago argitaratuko da gutxienez; hain zuzen, ikastegi bakoitzeko iragarki-taulan, haien web-orrietan eta hezkuntzako lurralde-ordezkaritzetan argitaratuko da.

2.– Sarrera-proben izapideak urtero egingo dira, eta kronograma hau beteko dute:

– Eskaera: maiatzeko lehen hamabostaldia.

– Epaimahaien proposamenak Berriztatzeko zuzendaritzari helarazteko: maiatzeko azken astea.

– Epaimahaiak izendatzea: ekaineko lehen astea.

– Probak egiteko egunak: ekaineko bigarren hamabostaldia.

– Emaitzak argitaratzea: proba guztiak amaitu eta hurrengo 48 orduko epean.

7. artikulua.– Epaimahaiak: osaera eta eginkizunak.

1.– Espezialitate eta/edo instrumentuen familia bakoitzeko epaimahai bat egongo da probak prestatzeko, egiteko eta ebaluatzeko; zentroetako zuzendariek proposatuko dituzte epaimahaiak, eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak izendatuko ditu. Hiru irakaslek osatuko dute epaimahaia:

– Musika-hizkuntzako, musika-konposizioko edo beste irakasgai teorikoren bateko irakasle bat.

– Kasuan kasuko instrumentu-familiako bi irakasle.

2.– Ikasturte horretan hautagaiaren irakasleak izan diren irakasleek ezingo dute epaimahaikideak izan, baldin eta espezialitate bereko beste irakasleren bat badago zentroan.

3.– 7. artikuluan adierazten den epean, kontserbatorioko edo zentro baimenduko zuzendariak epaimahaiko proposamen bat bidali behar du Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaritzara (proposamen horretan, epaimahaikide titularrak, karguak eta ordezkoak zehaztuko dira), eta, gero, izendapenaren ebazpena emango du Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak.

4.– Epaimahaia legearen arabera osatua egongo da, gutxienez, bi epaimahaikide agertzen badira. Halakorik gertatzen bada, epaimahaikideetako batek epaimahaiburuaren lanak egingo ditu eta besteak idazkariarenak.

5.– Epaimahaiaren antolamenduaren eta funtzionamenduaren araubideari dagokionez, azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak, organo horiei buruz arautzen dituen xedapenak beteko dira.

8. artikulua.– Sarrera-proba egiteko eskaera.

Sarrera-proba egiteko eskaera (II. eranskinean adierazitako inprimaki-ereduaren arabera formalizatuko da) bakoitzak aukeratutako espezialitatean egingo da, eta proba aukeratutako instrumentuarekin edo haren kideko instrumenturen batekin egin ahal izango da. Hauek izango dira kideko instrumentuak:

(Ikus .PDF)

9. artikulua.– Probak egitea eta proben ebaluazioa.

1.– Epaimahaiburuek egiaztatu egingo dute hautagaien nortasuna (hautagaiek nortasun-agiri nazionala edo beste egiaztagiriren bat aurkeztu behar dute).

2.– Kantuko eta espezialitate instrumentaletako plazetarako hautagaiek epaimahaiaren aurrean interpretatuko dituzten obren partiturak eduki behar dituzte eta proba puntuatuko duen epaimahaiari kopia bat emango diote.

3.– Hautagaia pianoan izango duen laguntzailearekin aurkeztuko da probara, beharrezkoa izanez gero.

4.– Interpretazio-proba publikoa izango da beti. Hortaz, zentroek protokolo bat zehaztuko dute sarrera-probak egiteko, eta hala, atal hori publikoa izan dadin.

5.– Zati teoriko-praktikoko ariketa guztiak berdinak zango dira hautagai guztientzat eta espezialitate guztietako epaimahaientzat; betiere, maila berekoak badira. Hala ere, saio bat baino gehiago egitea beharrezkoa izanez gero, ariketa horiek ezberdinak izango dira.

6.– Epaimahaikideek elkarrekin egingo dituzte balorazioak.

7.– Proba gainditzeko, beharrezkoa izango da azken kalifikazioan 5 puntu lortzea.

8.– Sarrera-probako bi zatietako bakoitza 0-10 bitartean puntuatuko dira, eta proba gaindutzat emateko beharrezkoa izango da zati bakoitzean, gutxienez, 5 puntu lortzea. Ataletako bakoitzaren puntuazioa lortzeko, atala puntuatu duen epaimahaikide bakoitzak adierazitako puntuen batez bestekoa egingo da.

9.– Sarrera-probaren azken kalifikazioa zehazteko, bi zatietan lortutako puntuen batez bestekoa egingo da (azken kalifikazioan dezimalak ere emango dira).

10.– Sarrera-probak izaera orokorra duenez, aurreikusitako ariketa guztiak egin behar dituzte hautagaiek. Ariketaren batera aurkezten ez diren hautagaiak beren kalifikazioari uko egingo diote.

Probetan lortutako kalifikazioak (III. eranskina) zentroko iragarki-taulan eta web-orrian argitaratuko dira; gero, aktetan jasoko dira, eta haiek ere argitaratu egingo dira, agindu honetako IV. eranskinean adierazitako ereduaren arabera.

10. artikulua.– Plazen esleipena eta itxarote-zerrenda.

1.– Proban lortutako puntuazioaren arabera esleituko dira plazak; eta hautagai batek baino gehiagok puntuazio berbera lortuz gero, berdinketa hausteko adinari erreparatuko zaio (jaiotze-urtea), gazteenetik zaharrenerako lehentasuna ezarriz. Oraindik ere berdinketa baldin badago, instrumentuaren proban lortutako puntuazioa hartuko da kontuan.

2.– Eta berriro berdinketa gertatuz gero, urte horretako zozketa ofizialean berdinketa hausteko suertatutako letra hartuko da kontuan.

3.– Plazak mugatuak direnean, eta nahikoa puntuazio lortu duten hautagai guztientzat plazarik ez dagoenean, lortutako puntuazioen araberako itxarote-zerrenda bat ezarriko dute zentroek, gerta daitezkeen bajak betetzeko. Plaza horiek betetzeko epea urriko azken eskola-egunean amaituko da, egun horretan itxiko baita ikasturtearen azken planifikazioa.

4.– Ikasturtea hasi eta gero, espezialitateren batean plaza hutsak geratuz gero, kasuan kasuko instrumentuari edo haren kidekoari dagokion proba egin eta gainditu duten hautagaiekin beteko ditu zentroak plaza horiek.

11. artikulua.– Erreklamazioak.

1.– Erreklamaziorik izango balitz, honako prozedura hau bete behar da:

Probetako emaitzen inguruko erreklamazioak egiteko, hautagaiak hari dagokion epaimahaira jo behar du bi egun balioduneko epean, onartutakoen, eta hala dagokionean, itxarote-zerrendakoen aktak argitaratzen direnetik aurrera zenbatzen hasita. Erreklamazioak idatziz egin beharko dira eta bertan alegazioak zehaztu.

Epaimahaia hurrengo 24 orduetan bilduko da aurkeztutako erreklamazioak baloratzeko.

2.– Puntuazioren bat zuzenduz gero, ez da inola ere aldatuko eskainitako plazen kopurua; baina behin-behineko ebazpenak, ostera, bai.

3.– Erreklamazio baten ondorioz, erreklamazio-egilea ez den beste hautagairen bat baztertuko balitz, epaimahaiko idazkariak hautagai horri idatziz jakinaraziko dio, bai eta arrazoiak azaldu ere.

4.– Nolanahi ere, epaimahaiek erreklamazioak erabakitzeko ematen dituzten ebazpenen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke Hezkuntza Berritzeko zuzendariaren aurrean.

5.– Berariazko sarrera-proba egin den zentroko zuzendariak sei hilabetez gorde behar ditu proba egin den bitartean sortu diren agiri guztiak.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetuta geratu da 2009ko martxoaren 20ko Agindua, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuarena, musika-ikasketa profesionaletarako sarrera-probak eta haiek egiteko prozesua arautzen eta deitzen dituena, bai eta agindu honetan xedatutakoaren aurka egiten duten maila bereko eta gutxiagoko gainerako xedapenak ere.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari ahalmena ematen zaio agindu honetan xedatutakoa garatze eta aplikatze aldera beharrezko xedapenak emateko.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek prozeduraren alorrean arautzen ez dituen alderdiak arautzeko, azaroaren 26ko 30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Jardunbide Erkideari buruzkoa, aplikatuko da.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Agindu honek 2013-2014 ikasturtean izango du eragina.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko urtarrilaren 30a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala