Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

247. zk., 2013ko abenduaren 30a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
5605

EBAZPENA, 2013ko abenduaren 26koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena; honen bitartez argitaratzen da Euskal Autonomia Erkidegoan, Enplegu Zentro Berezietako Lanbide Jarduerari Laguntzeko Unitateen 2014ko ekitaldiko finantziazio-laguntzen deialdia -erakunde autonomo honen Administrazio Kontseiluaren erabaki bidez onartua-.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2013ko abenduaren 18ko bileran hartutako erabakiaren bitartez onartu da Euskal Autonomia Erkidegoan, Enplegu Zentro Berezietako Lanbide Jarduerari Laguntzeko Unitateen finantziazio-laguntzen deialdia, eta, maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bitartez onartutako Lanbideren Estatutuen 10.2 artikuluaren p) idatzi-zatian xedatutakoarekin bat etorriz, erakunde autonomo honen zuzendari nagusiari dagokio deialdi hori argitaratzea.

Horregatik guztiagatik, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.- Euskal Autonomia Erkidegoan Enplegu Zentro Berezietako Lanbide Jarduerari Laguntzeko Unitateen finantziazio-laguntzen deialdia argitaratzea. Deialdi hori erakunde autonomo honen Administrazio Kontseiluak 2013ko abenduaren 18ko bilkuran hartutako erabakiaren bitartez onartu zen, eta ebazpen honen eranskin gisa dator.

Bigarrena.- Jakinaraztea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ebazpen hau argitaratu eta biharamunetik aurrera izango dituela ondorioak laguntzen deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabakiak.

Hirugarrena.- Deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabakiaren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko abenduaren 26a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

ADOLFO ALUSTIZA FERNÁNDEZ.

ERANSKINA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAN, ENPLEGU ZENTRO BEREZIETAKO LANBIDE JARDUERARI LAGUNTZEKO UNITATEEN 2014KO EKITALDIKO FINANTZIAZIO-LAGUNTZEN DEIALDIA

Desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta euren gizarteratzeari buruzko lege orokorra azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen; bada, haren Testu Bateginaren 43. artikuluak zehazten duenez, enplegu-zentro berezien xede nagusia da, merkatuko operazioetan erregularki parte hartuz, ondasunen edo zerbitzuen jarduera produktibo bat egitea, eta, euren helburua, ordaindutako lanpostu bat ziurtatzea desgaitasuna duten pertsonei; era berean, pertsona horien ahalik eta kopuru handiena ohiko enplegu-erregimenean sartzeko bide bat osatzen dute. Artikulu horrek eransten duenez, enplegu-zentro bereziek eskaini beharko dituzte, laguntza-unitateen bidez, desgaitasuna duten pertsona langileek behar dituzten egokitze pertsonal eta sozialeko esparruen zerbitzuak, haien egoeraren araberakoak eta arauz zehazten denarekin bat datozenak.

Enplegu-zentro berezietako egokitze pertsonal eta sozialeko esparruen zerbitzuak esatean, zera ulertzen da, aipatu xedapen arauemailean ezartzen duenaren arabera: lanpostu batera heltzeko, bertan irauteko edo aurrera egiteko, desgaitasuna duten enplegu-zentro berezietako pertsona langileek dituzten oztopoak, trabak edo zailtasunak gainditzen laguntzen duten zerbitzuak. Halaber, gizarte-, kultura- eta kirol-inklusiora bideratutakoak ere barne hartzen dira.

Apirilaren 21eko 469/2006 Errege Dekretuak lanbide-jarduerari Laguntzeko Unitateak arautzen ditu enplegu-zentro berezien egokitze pertsonal eta sozialeko zerbitzuen esparruan.

Lanbide Jarduerari Laguntzeko Unitateak lanbide anitzeko taldeak dira, eta horiek, hainbat eginkizunen bitartez, desgaitasuna duten langileek enplegu-zentro berezietan izan ohi dituzten oztopoak edo trabak gainditzen laguntzen dute, lanpostuan txertatzeko prozesuan, eta baita lanpostuan iraun dezaten ere, bereziki, laneratzeko oso zailtasun handiak dituzten pertsonei dagokienez, hala nola % 65eko edo goragoko desgaitasun-maila aitortua izanik garun-paralisia dutenei, gaixotasun mentalen bat edota adimen-desgaitasunen bat dutenei eta desgaitasun fisiko edo zentzumen-desgaitasunen bat dutenei dagokienez.

Nabarmendu beharrekoa da adimen-desgaitasunen bat eta buru-nahasmenduren bat duten langileek EAEn lortu duten enplegu-bolumen handia (Euskadiko enplegu-zentro berezi guztietako langileen % 50 dira ia). Hori dela-eta, lanpostuetara egokitzeko eta enplegu egonkor eta kalitatekoan gora egiteko beharrezkoak diren lanbide-gaitasunak eskuratzeko ibilbide indibidualizatuetarako laguntza bermatuko duten langile espezializatuez hornitu behar dira zentro horiek.

Horrela, Lanbide Jarduerari Laguntzeko Unitateetan txertaturiko langileek hainbat eginkizun dituzte, honako hauek, besteak beste: pertsona eta horren lanpostua aztertuz, desgaitasuna duen langileak bere jarduera gauzatzeko dituen laguntza-premiak atzematea; enpleguan txertatzeko eta enpleguari eusteko pizgarri gisa balio izateko familia- eta gizarte-ingurunearekin izan beharreko harremanak ezartzea; langile desgaituaren autonomia eta independentzia faboratzea; desgaitua lanpostura egoki dadin lortzeko behar diren prestakuntza-programa guztiak garatzea, eta langileari lan-merkatu arruntean txertatzen laguntzea.

Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusiak proposatuta, erakunde autonomo honetako Administrazio Kontseiluak 2013ko abenduaren 18an egindako bileran Enplegu Zentro Berezietako Lanbide Jarduerari Laguntzeko Unitateen finantziazio-laguntzen deialdia onartu zuen, honako baldintza hauek kontuan hartuta:

1. artikulua.- Xedea.

Agindu honen xedea da Enplegu Zentro Berezietako egokitze pertsonal eta sozialeko zerbitzuen esparruan Lanbide Jarduerari Laguntzeko Unitateen finantzaketarako diru-laguntzen 2014rako deialdia arautzea Euskal Autonomia Erkidegoan; diru-laguntzok apirilaren 21eko 469/2006 Errege Dekretuan arautu ziren.

2. artikulua.- Finantzatzera bideratutako baliabide ekonomikoak.

1.- Deialdi honen xede diren laguntzak finantzatzeko, 4.000.000 euro bideratutako dira.

2.- Enplegu Zentro Berezietako Lanbide Jarduerari Laguntzeko Unitateak 2014ko ekitaldiko finantzazio-laguntzak ebazteko, kreditu nahikoa eta egokia egon behar da 2014. urterako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan, betiere Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluaren ondorioetarako; agindu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Nagusien kargutan egiteko diren gastu-espedienteen aurreratutako tramitazioa araupetu zen.

3. artikulua.- Jarduera diruz lagungarriak.

Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzen helburua da Enplegu Zentroetako Lanbide Jarduerari Laguntzeko Unitateetan kontratu mugagabea duten langileen soldata-kostuak eta Gizarte Segurantzako kostuak 2014ko urtarrilaren 1etik 2014ko abenduaren 31ra arte finantzatzea, betiere langile horiek apirilaren 21eko 469/2006 Errege Dekretuaren 2. artikuluan aurreikusitako eginkizunak gauzatzen badituzte.

4. artikulua.- Diru-laguntzaren erakunde onuradunak.

1.- Deialdi honetan arautzen diren diru-laguntzen onuradun izateko aukera izango dute nortasun juridiko propioa duten eta honako eskakizun hauek betetzen dituzten Enplegu Zentro Berezien titular diren erakundeek eta zentro horiek:

a) Enplegu Zentro Berezi horiek Enplegu Zentro Berezien Erregistroan erregistratuta egotea.

b) Enplegu Zentro Berezien plantillan hurrengo artikuluan jasotako desgaitasun-mota eta desgaitasun-maila duten langileak egotea.

c) Enplegu Zentro Bereziek hurrengo paragrafoan aurreikusitako osaera duten Laguntzeko Unitateak edukitzea.

2.- Enplegu Zentro Berezietako lanbide-jarduerari Laguntzeko Unitateen osaerak honako modulu hauekin bat etorri behar du:

a) 5. artikuluan deskribaturiko kasuetako batean dauden 15 langile desgaitu gehienez, erdi mailako edo goi mailako teknikari 1 (edo jakintza eta/edo esperientzia parekagarriak dituena), gutxienez bere lanaldiaren % 20 sartzen duena, eta produkzioan laguntzeko arduradun 1 lanaldi osoan, edo kontratazioa lanaldi partzialerako egiten den kasuan, proportzionalki dagokion kopurua.

b) 16-30 langile, erdi mailako edo goi mailako teknikari 1 (edo jakintza eta/edo esperientzia parekagarriak dituena), gutxienez bere lanaldiaren % 80 egiten duena, eta produkzioan laguntzeko 2 arduradun lanaldi osoan, edo kontratazioa lanaldi partzialerako egiten den kasuan, proportzionalki dagokion kopurua.

c) 31-45 langile, erdi mailako edo goi mailako 2 teknikari (edo jakintza eta/edo esperientzia parekagarriak dituena), horietako bat lanaldi osoan eta besteak gutxienez bere lanaldiaren % 50 egiten duena, eta produkzioan laguntzeko 3 arduradun lanaldi osoan, edo kontratazioa lanaldi partzialerako egiten den kasuan, proportzionalki dagokion kopurua.

d) 46-60 langile, erdi mailako edo goi mailako 2 teknikari (edo jakintza eta/edo esperientzia parekagarriak dituena) lanaldi osoan, eta produkzioan laguntzeko 4 arduradun lanaldi osoan, edo kontratazioa lanaldi partzialerako egiten den kasuan, proportzionalki dagokion kopurua.

c) 61-75 langile, erdi mailako edo goi mailako 3 teknikari (edo jakintza eta/edo esperientzia parekagarriak dituena), horietako bi lanaldi osoan eta besteak gutxienez bere lanaldiaren % 50 egiten duena, eta produkzioan laguntzeko 5 arduradun lanaldi osoan, edo kontratazioa lanaldi partzialerako egiten den kasuan, proportzionalki dagokion kopurua.

f) 75 langile baino gehiago izanez gero, proportzionalki ezarriko da Lanbide Jarduerari Laguntzeko Unitatearen plantilla, aurretiaz adierazitako irizpideei jarraikiz.

Hurrengo artikuluan ezarritako desgaitasun-mota eta desgaitasun-maila duten langileen kopurua (zerbitzua langile horiei zuzenduta dago) modulu bakoitzari dagokion mugarekin bat ez badator, Lanbide Jarduerari Laguntzeko Unitateko langileek sartutako denborak desgaitasuna duten langile horien kopuruarekiko proportzionaltasunari eutsiko dio.

Justifikaturiko kausak direla-eta Unitate horiek osatzen dituzten langileen artean lanpostu hutsik geratzen bada, arestian ezarritako proportzionaltasunari eusteko bete beharko dira lanpostu huts horiek.

5. artikulua.- Azken jasotzaileak.

Programa honen azken jasotzaileak Enplegu Zentro Berezietako langile desgaituak izango dira, betiere ondoren deskribaturiko kasuren batean badaude:

a) % 33ko edo goragoko desgaitasun-maila aitortuta izanik, garun-paralisia, gaixotasun mentalen bat edo adimen-desgaitasunen bat duten pertsonak.

b) % 65eko edo goragoko desgaitasun fisikoko edota sentsorialeko maila aitortuta duten pertsonak.

6. artikulua.- Diru-laguntzaren zenbatekoa.

1.- Diru-laguntzaren zenbatekoa urteko zenbateko finko bat izango da aurreko artikuluan adierazitako desgaitasun-mota eta desgaitasun-maila dituen eta denbora mugagaberako lanaldi osoan edota sei hilabeteko edo gehiagoko aldi baterako kontratu bidez kontrataturiko pertsona bakoitzeko. Kontratu mugagabearen kasuan, diru-laguntza urteko 1.200 eurokoa izango da, eta, aldi baterako kontratuen kasuan, aldiz, 600 eurokoa.

Horretaz gain, diru-laguntza lanaldiaren proportzioari jarraikiz murriztuko da Laguntzeko Unitateko langileen nahiz azken jasotzaileen kontratua lanaldi partzialerako denean.

2.- Diru-laguntzaren zenbatekoak inola ere ezin izango ditu gainditu, bakarrik edota beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edota baliabideekin batera, denbora mugagaberako kontrataturiko Laguntzeko Unitateetako langileen soldata-kostuak edo Gizarte Segurantzako kostuak, diruz lagundutako denbora-tarteari dagozkionak.

7. artikulua.- Eskaerak aurkeztea.

1.- Deialdi honetako diru-laguntzak jasotzeko eskabideak eredu ofizialean aurkeztu beharko dira (II. eranskina), eta honako toki hauetan eskuratu ahal izango da hori: http://lanbide.net web-orrian, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zerbitzu zentraletan edo Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren lurraldeetako enplegu-bulegoetan.

Horretaz gain, eskaerak Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako moduetako edozeinetan aurkeztu ahal izango dira.

2.- Eskabide-orriarekin eta horren A, B, C eta D eranskinekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:

a) LJLUren memoria deskribatzailea, gutxienez ere honako hauek zehaztuz:

- Kokapen fisikoaren xehetasunak.

- Jardun-esparrua.

- Unitatearen osaera, teknikariak eta arduradunak bereizita.

- Organigrama funtzionala.

b) Urteko Kudeaketa-plana, gutxienez honako hauek zehaztuz:

- Lortu beharreko helburuak.

- Jardueren tenporalizazioa.

- LJLU osatzen duten langileen eginkizunen deskribapena.

- Eskura dituen azpiegitura, baliabideak eta bitarteko instrumentalak.

- Zerbitzua emateko baldintzak.

c) NANaren fotokopia -Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan nortasun-datuen egiaztapen elektronikoa baimendu ez bada, betiere- eta eskabidea sinatzen duen pertsonak duen ordezkaritzaren egiaztagiria.

d) Lanbide-jarduerari Laguntzeko Unitateetako langileen (horien kontratazioa diruz laguntzen da) urteko ordainsari gordina egiaztatzen duen ziurtagiria.

e) Hirugarren Interesdunaren Datuen Altari buruzko fitxa, eskatzaileak eta dagokion banketxeak izenpetu eta zigilatuta.

3.- Eskabideak deialdi honetan eskaturiko baldintzak betetzen ez baditu, hamar eguneko epean falta edo akatsa konpontzeko eskatuko zaio interesdunari. Hori egin ezean, eskabidean atzera egin duela ulertuko da, eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71. artikuluan aurreikusitako ondorioak izango ditu horrek.

4.- Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

8. artikulua.- Prozedura eta ebazpena.

1.- Lanbideko Laneratzea Aktibatzeko Zuzendaritzak bere gain hartuko du eskabideak kudeatu eta izapidetzeko ardura, eta Lanbideko zuzendari nagusiak izango du ebazteko eskumena.

2.- Eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren, deialdi honetan aurreikusitako baldintzak betetzen dituztenak emango dira. Programa hau finantzatzera bideratutako baliabide ekonomikoak ez badira nahikoak eskatutako laguntza guztiak ordaintzeko, eman beharreko eskabideen artean banatuko dira funtsak, bakoitzari legokiokeen laguntzaren neurrian, baliabide ekonomikoen muga kontuan hartu gabe.

3.- Prozedura ebazteko eta ebazpen hori jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, eskabideak aurkezteko epea amaitu eta biharamunetik aurrera. Epe hori igaro ondoren ebazpenik jakinarazten ez bada, eskabidea baztertutzat jo ahal izango da.

Ebazpenak amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, ebazpen horren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita edo zuzenean Gasteizko administrazioarekiko auzietako Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.

9. artikulua.- Diru-laguntza ordaintzeko modua.

Diru-laguntzak ordainketa bakar batean ordainduko dira esleitzen direnean, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako berme-erregimena aplikatu beharko da; dekretu horretan ezartzen dira Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargurako bermeen eta diru-laguntzen itzuleraren sistema orokorra arautzen duen eta hura kudeatzen duen erakunde laguntzaileen baldintzak, erregimena eta obligazioak.

10. artikulua.- Diru-laguntzaren justifikazioa.

Diru-laguntzaren onuraduna izateko, erakundeak honako hauek aurkeztu beharko ditu 2015eko martxoaren 31 baino lehen:

- Laguntzeko Unitateen jarduerari buruzko memoria, diruz lagundutako aldiari dagokiona.

- Laguntzeko Unitateetan denbora mugagaberako kontrataturiko langileen nominen -diruz lagundutako aldikoen- kopia, eta Gizarte Segurantzako kotizazio-dokumentuen -TC2 eredukoen eta aipaturiko aldikoen- kopia.

Dokumentazioa aurreikusiriko epean aurkezten ez bada edo aurkezturiko dokumentaziotik ondorioztatzen bada ordainduriko diru-laguntzaren zenbatekoak Laguntzeko Unitateetan denbora mugagaberako kontrataturiko langileen soldata-kostua eta Gizarte Segurantzako kostua gainditzen dituela, ateratze-prozedura abiaraziko da, 15. artikuluan aurreikusiriko prozedurarekin bat etorrita.

11. artikulua.- Diru-laguntzaren baldintza orokorrak.

Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak eman eta ordaintzeko, honako baldintza hauek bete beharko dira:

a) Enpresa eskatzaileek beren zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak betetzen dituztela egiaztatzea.

Organo kudeatzaileak, behar beste aldiz, automatikoki egiaztatuko du diru-laguntzak eskatzen dituzten enpresek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela egiaztatzen duen dokumentazioa, eta, horretarako, ez du eskatzaileen baimenik beharko, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.3 artikuluak xedatzen duenari jarraikiz.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi eta oraindik bideratzeko dagoen edozein itzultze- edo zigor-prozedura amaitzea.

c) Zigor- eta administrazio-arloan diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzeko zigorrik jaso ez izana, eta horretarako ezgaitzen duen legezko debekurik jaso ez izana, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera sexu-diskriminazioarengatik gertaturikoak barne.

12. artikulua.- Erakunde onuradunen betebeharrak.

Erakunde onuradunaren betebehar izango dira azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50. artikuluan jasotakoak, eta, bereziki, honako hauek:

a) Diru-laguntza ematea eragin zuen jarduera gauzatzea.

c) Diru-laguntza emateko bete beharreko betekizunak eta baldintzak bete direla egiaztatzea.

c) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Nagusiko esku-hartze organoek, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak egin beharreko egiaztatze-jardunen eraginpean jartzea.

d) Helburu berberarekin edo antzekoarekin beste edozein Administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatutatik diru-laguntza edo laguntzak jasoz gero, horren berri ematea.

e) Diru-laguntza ematerakoan kontuan hartutako gorabehera edo egoeretatik edozein aldatzen bada gerora, aldaketa objektiboa zein subjektiboa izan, horren berri eman behar du onuradunak.

13. artikulua.- Diru-laguntza aldatzea.

Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan gertatu den aldaketa orok ekarri ahal izango du emandako diru-laguntza aldatzea, deialdi honetan diru-laguntzen onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunak betetzen badira, betiere. Baldintzen aldaketa horren ondorioz, diru-laguntza osoa edo zati bat itzuli behar bada, itzultzeko prozedurari hasiera emango zaio.

14. artikulua.- Beste diru-laguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Orokorrean, deialdi honetan deskribatutako laguntzak bateragarriak izango dira beste edozein diru-laguntza edo laguntzarekin; nolanahi ere, hainbat finantzaketa-iturritatik jasotako laguntzen zenbateko osoak ezin izango ditu gainditu diruz lagundutako aldian Laguntzeko Unitateetan denbora mugagaberako kontrataturiko pertsonen soldata-kostua eta Gizarte Segurantzako kostua. Kostu hori gaindituz gero, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztuko da.

15. artikulua.- Betebeharrak ez betetzea eta itzulketako prozedura.

1.- Deialdi honetan aurreikusitako laguntza jaso duten erakunde onuradunak Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53.1 artikuluan aipatzen diren kasuetako batean badaude, edo deialdi honetan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez badute, Lanbideko zuzendari nagusiak ebazpen bat emango du; ebazpen horren bitartez, jasotako kopuruak osorik edo zati batean itzuli behar dituztela adieraziko du, eta kopuru horiei diru-laguntza ordaintzen den unetik aurrerako legezko interesak erantsi beharko zaizkie, dagozkion gainerako ekintzak aparte utzi gabe, hala xedatuta baitago abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan, horrek arautzen baitu Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen bermeen eta itzulketen araubide orokorra.

2.- Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak abiaraziko du itzultzeko prozedura, eta idazkia bidaliko dio laguntzaren onuradunari, ez-betetzea eragin duen edo duten gertaeraren edo gertaeren berri emateko. Hori ez ezik, alegazioak edo egokitzat jotzen dituen egiaztagiriak aurkezteko hamabost eguneko epea duela ere jakinaraziko dio.

3.- Alegazioak aurkezteko epea igarotakoan halakorik aurkeztu ez badu edo ez badira onartu, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak ebazpena egingo du. Laguntzak itzultzeko prozedura gehienez ere 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

4.- Ebazpenak arauren bat bete gabe utzi dela iritziz gero, eta diru-laguntza osorik edo zati bat jasotzeko eskubidea galdutzat ematen badu, interesatuak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari itzuli beharko dizkio dagozkion diru-kopuruak; horretarako, bi hilabeteko epea izango du, ebazpena jakinarazten denetik hasita. Epe hori borondatezko epetzat joko da.

Borondatezko aldian ez badira zenbateko horiek itzultzen, haiek premiamendu bidez berreskuratzeko izapideak hasiko dira.

16. artikulua.- Izaera pertsonaleko datuen tratamendu automatizatua.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Legean xedatutakoari jarraikiz, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak haren jabetzako fitxategi automatizatuetan txertatuko ditu honako deialdi honetan araututako laguntzak eskatzeko orrien bidez eskuratutako datu pertsonalak.

Halaber, pertsona interesdunek datu horiek eskuratzeko, zuzentzeko, ezeztatzeko eta haiei aurka egiteko eskubideak izango dituzte, legeak onartzen duen eran; horretarako, hori adierazten duen idazki bat igorri beharko diote Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari (Jose Atxotegi kalea 1, 01009 Gasteiz).

17. artikulua.- Diru-laguntzen arloan aplikatu beharreko araubide juridikoa.

Diru-laguntzen programa honetan, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Testu Bateginean -azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua onartzen duena- eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako diru-laguntzen erregimen juridikoa izango da aplikagarri, horrek arautu baitzuen Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen bermeen eta itzulketen araubide orokorra eta bertan ezarri baitziren horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen eskakizunak, araubidea eta betebeharrak.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala