Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

247. zk., 2013ko abenduaren 30a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
5602

AGINDUA, 2013ko abenduaren 18koa, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuarena. Honen bidez, 2 milioi euroko kontu-sail berezia esleitzen zaie Euskal Autonomia Erkidegoko udalei, Gizarte Larrialdietarako Laguntzen programaren kreditua 2013. urtean handitzeko.

Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko abenduaren 23ko 18/2008 Legean jasotako prestazio ekonomikoetako bat dira Gizarte Larrialdietarako Laguntzak (GLL), eta gizarte-marjinazioko egoerak prebenitu, saihestu edo leuntzera zuzenduta daude.

2012. urterako aurrekontuak onartzen dituen abenduaren 23ko 6/2011 Legearen aurrekontu-luzapenarekin bat etorriz, 17.300.000 euroko kreditua xedatu da Gizarte Larrialdietarako Laguntzen programa finantzatzeko.

Hasiera batean, Gizarte Larrialdietarako Laguntzetara bideratutako 17,3 euro horiek Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2013ko martxoaren 27ko Aginduan jasotako irizpideei eta banaketari jarraikiz esleitu zitzaizkien EAEko udalerri eta mankomunitateei (apirilaren 8ko EHAA, 56. zenbakia).

Hala eta guztiz ere, agerian geratu da horren emaitza izan den kontu-saila ez dela nahikoa Euskadiko udaletara iristen diren eskaera guztiei erantzuteko. Hori dela-eta, programa horretako premien itxiera-aurreikuspen bat eskatu zaie udalei, eta ikusi ahal izan denez, laguntza horien eskariak hazkunde handia izan du krisialdi ekonomikoaren eraginaren ondorioz. Egiaztatu denez, egoera horren eraginez herritar askoren bizi-egoerak nabarmen okertzen ari dira, eta horrekin batera, udalek erabil ditzaketen baliabide ekonomikoak murrizten; izan ere, helburu horietarako Eusko Jaurlaritzaren aldetik jasotzen zuten dirua beren aurrekontuekin osatzen zuten hainbat eta hainbat udalek.

Beraz, beharrezkoa da 2013ko ekitaldian GLLen programaren premiak betetzeko 2.000.000 euroko kreditu-partida gehigarria finantzatzea. Diru-hornidura berri bat da, Gobernu honek egiten duen aurrekontu-ahaleginaren ondoriozkoa, gure gizarteko biztanleria babesgabeenaren artean krisialdi ekonomikoak dituen ondorioak arintzen saiatzeko.

Gizarteratzeko eta Diru-sarrerak Bermatzeko abenduaren 23ko 18/2008 Legearen 88. artikuluko d) idatzi-zatian ezarritakoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko udalei dagokie gizarte-larrialdietarako laguntzak onartu edo ukatzea eta, horrela badagokio, ordaintzea. Horretarako, udalek aldez aurretik jakin behar dute urtero gehienez erabil dezaketen diru kopurua, betiere aurrekontu-ekitaldi bakoitzean laguntza horietara zuzendutako guztizko aurrekontu-esleipenaren barruan.

Horren bestez, 2013ko martxoaren 27ko Aginduaren banaketa-irizpide berberei jarraikiz, GLLen programara bideratutako ekarpen berezi gehigarriko baliabide ekonomiko gehigarriak eskatu dituen udal bakoitzari dagokion esleipena egiten da.

Horri jarraikiz, honako hau

XEDATZEN DUT:

Lehena.– Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2013ko martxoaren 27ko Aginduan zehaztutako irizpideak aplikatzea, 2013ko ekitaldian Gizarte Larrialdietarako Laguntzen programan 2.000.000 euroko kreditu-partida berezi gehigarria esleitzeko.

Bigarrena.– Banaketa-irizpide horiek aplikatuz, baliabide ekonomiko gehigarriak eskatu dituen Euskal Autonomia Erkidegoko udal bakoitzari dagokion esleipenerako aurrekontu-muga ezartzea, 2.000.000 euroko ekarpen berezi gehigarria betearazteko. Honen eranskinean jasotzen da udal bakoitzari egindako esleipenen taula.

Hirugarrena.– Udalei diru-kopuruak transferitzeko, prozedura hau zehaztea:

1.– Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak Agindu hau Jaurlaritzaren Kontseiluan argitaratu ondoren ordainduko die Udalei Agindu honen eranskinean esleitutako zenbatekoak, ordainketa bakar batean.

2.– Aurrekontu-ekitaldiaren amaieran, udal bakoitzari dagozkion ordainketak behin betiko arautuko ditu sailak, ekitaldian emandako benetako laguntza-ebazpenak oinarri hartuta.

3.– Udalek prestazioen ordainketari aplikatu gabeko soberakin-zenbatekoak Euskadiko Ogasun Nagusiari ordaindu beharko dizkiote.

Laugarrena.– Agindu honek onartu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko abenduaren 18a.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua,

JUAN MARIA ABURTO RIQUE.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala