Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

235. zk., 2013ko abenduaren 11, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
5379

AGINDUA, 2013ko azaroaren 26koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, 2014-2016 epealdiri dagokionez, oinarrizko eta/edo aplikatutako ikerketa proiektuak egiteko laguntzak emateko deialdia egiten duena.

Euskal Autonomia Erkidegoaren ahal zientifikoa eta teknologia areagotzeko premia dagoela ikusirik, izan ere, premia hori argi ikusten da bai jarduerak nazioartekotzea dela-eta, bai inpaktu zientifiko eta teknologiko handiko foroetan emaitzak argitaratzea dela-eta eta bai euskal gizartearen arazo sozial, teknologiko eta ekonomikoak konpontzen laguntzea dela-eta; eta talde ikertzaileen ikerketa-kalitatea sustatu eta sendotzearren; egokia da ikerketa oinarrizko eta aplikatuko proiektu zehatzak, sail honek kudeatuak, garatzeko proiektuarekin aurrera egitea.

Euskal Autonomia Erkidegoko zientzia- eta teknologia-sistema sendotu egiten da deialdi honen bidez; izan ere, deialdi honek ezagutzaren garapenari lagundu egiten dio, baita erakunde ezberdinetako taldeen arteko koordinazioari ere. Era berean, beste deialdi batzuekin koordinatuta ere badago; hain zuzen ere, enpresekin lankidetzan teknologia berritzailea garatzera bideratutakoekin, alde batetik, eta bikaintasunezko ikerketa-unitateen eta ikerketa-taldeen baliabide materialak, giza baliabideak, antolamendua eta funtzionamendua sustatzea xede dutenekin, bestetik.

Kontuan izanik: 193/2013 Dekretua, apirilaren 9koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen (2013ko apirilaren 24ko EHAA, 78. zk.).

Halaber, kontuan izan behar dira, batetik, 1991ko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua (1992ko otsailaren 7ko EHAA, 26. zk.), Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorraren kontura emandako diru-laguntzen bermeen eta itzulketaren jardunbide orokorra arautzen duena eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, jardunbidea eta betebeharrak ezartzen dituena, eta bestetik, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretua, Euskadiko Ogasun Nagusiaren antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartu zuena.

Azkenik, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorraren kontura egindako gastu-espedienteen aurretiko izapideak arautu dituen Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduarekin bat etorriz,

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Deialdiaren xedea.

Deialdi honen helburua hauxe da: beherago zehaztutako modalitateekin bat ikerketa-proiektuak gauzatzeko laguntza ekonomikoak ematea:

1. modalitatea:

Erakunde bakarreko ikertzaile-taldeen proiektuak.

2. modalitatea:

Proiektu berean, erakunde desberdinetako ikertzaile-taldeek parte hartzen duteneko lankidetza-proiektuak.

2. artikulua.– Kreditu erabilgarria.

1.– Agindu honen xede diren laguntzetarako 688.000 euro izango dira, guztira, honela banatuta: 304.000 euro 2014. ekitaldirako; 192.000 euro 2015. ekitaldirako, eta 192.000 euro 2016. ekitaldirako. Diru guzti hori Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-sailaren kontura emango da.

2.– Guztizko aurrekontuaren % 50 lehentasunez erabiliko da modalitateetako bakoitzeko proiektuak finantzatzeko. Modalitateetariko baten kreditu erabilgarria agortzen ez bada, beste bateko eskabide finantzagarriak finantzatzeko erabiliko da.

3.– Aipatu zenbatekoa gehitu ahal izango da, guztira eskatutako laguntzen zenbatekoa kontuan hartuta eta erakunde kudeatzailearen beste laguntza-programa batzuk gauzatu ondoren agortu gabe gera litezkeen aurrekontuen arabera, eta, betiere, haiek ebatzi aurretik. Zirkunstantzia hori gertatzen bada, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpenaren bidez emango da horren berri.

3. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Jarraian adierazten diren erakundeak izan daitezke deialdi honetako modalitateetan ikerketa-proiektuak egiteko laguntzen onuradun:

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko agente akreditatuak, urriaren 1eko 221/2002 Dekretuaren 2. artikuluan azaltzen diren agente-kategorietan badaude (221/2002 Dekretua, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sarea arautzeko oinarriak eguneratu zituena). Hona hemen artikulu horretan zerrendatzen diren kategoriak:

– Oinarrizko eta bikaintasunezko ikerketa-zentroak.

– Zentroak, departamentuak, sekzioak, institutuak edo unibertsitateetako beste ikerketa-unitate batzuk, EHUkoak izan ezik.

– Elkarlaneko ikerketa-zentroak.

– Teknologia-zentroak.

– Ikerketa-zentro sektorialak.

Deialdi honen helburuei dagokienez, honako hau joko da agente zientifiko-teknologikoen erregistroko zerrenda eguneratutzat: deialdirako eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean, Ekonomia eta Lehiakortasun Saileko Teknologia eta Estrategia Zuzendaritzak egiaztatua.

2.– Ezingo dute erakunde onuradun izan diru-laguntza publikoak eskuratu ahal izateko zigor penal edo administratiboren baten edo horretarako ezgaitzen dituen lege-debekuren baten eraginpean daudenek, ez eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoaren arabera sexu-bazterkeriagatik zigortutakoek ere.

4. artikulua.– Ikertzaileen betekizunak.

1.– Erakunde onuradun bakoitzak bere plantillako den ikertzaile-talde bat aurkeztuko du eskabidean, zeinak lan egingo baitu laguntzaren helburu den proiektuan. Ikertzaileetako bakoitza honako epearen barruan kontratatu beharko du erakunde eskatzaileak: deialdiko eskabideak entregatzeko epea amaitu baino lehen; eta ikertzaileak proiektuan zenbat denboran parte hartzea aurreikusten den; bada, epe hortik gorako dedikazioa-aldia izango du. Erakundearekin kontratua izan beharko du ikertzaile nagusiak, proiektu osoak irauten duenetik gorako epealdi baterako izango dena.

Deialdi honetan eskatutako proiektua garatzen den urteetan, eskatutako edo emandako beste proiektu batzuetan konprometitutako orduak deklaratu beharko ditu ikertzaileetariko bakoitzak; eta pertsona bakoitzeko dedikazio osoari doakionez urteko 1.600 orduko maximoa kontuan izanik, ordu erabilgarri aski izan beharko ditu proiektu honetan konprometitutako jarduerak gauzatzeko.

Doktoretza-tesia egiteko kontratatutako pertsona bada (doktoretza aurreko bekaduna), finantzatzen duen erakundearen izendapena aurkeztu beharko du, zeinetan honako hauek adierazi behar diren: finantzaketa-epealdi osoa, deialdi honetan eskatutako proiektuari urteko zenbat ordu dedikatu zaizkion (ziurtagiria), ordu horiek bateragarriak eginik doktoretza-tesiari buruzko proiektua gauzatzearekin, tesia eta proiektu-jarduera zenbateraino gainjartzen diren (portzentajea), eta tesia zein zentrotan egin behar den. Proiektu eskabide bakoitzean, doktoretza aurreko bekadun bakar batek bakarrik parte hartu ahal izango du.

2.– Research Professo edo Research fellow kategorietan Ikerbasque Fundazioak kontratatutako ikertzaileak, baldin eta erakunde bati atxiki eta erakunde horretako plantillado badira, deialdi honi dagokionez, ikertzaile kontsideratuko dira. EHUko irakasleak BERCetakoren bati atxikita badaude, BERCko plantillako kontsideratuko dira, urteko dedikazio eta epealdi jakin baterako, eta horiek adskripzio-agirian zehaztuko dira; bestalde, guztizko lan-dedikazioak, EHUn egiten dituen funtzioak barne direla, ez du egingo urteko 1.600 ordutik gora.

3.– Ikertzaileak ezin izango du parte hartu deialdi honetako eskabide bat baino gehiagotan. Eskabide batera baino gehiagotara aurkeztuz gero, ohartaraziko zaio ezen aukeratu egin behar duela haietarik zeinetan parte hartuko duen (bakarrean).

4.– Aurreko deialdietan finantzatutako proiektuetan parte hartzen duten ikertzaileek ezin izango dute parte hartu deialdi honetan; betiere, 2013ko abenduaren 31n, obligazioak burutzeko dituztela-eta euren jarduerak amaitu ez badituzte, kanpo delarik emaitzak argitaratzea. Zirkunstantzian horretan dauden proiektu-eskabideei ezezkoa emango zaie.

5.– Ondokoak izango dira ikerketa-taldea osatzen dutenak:

a) Ikertzaileak, doktoretza egiaztatzeko titulua dutenak. Gutxienez bi izango dira, taldea zuzenduko duen ikertzaile nagusia barne delarik.

b) Ikerketa-laguntzaileak: gradu, lizentziatura, ingeniari edo arkitekto tituluaren jabe direnak.

6.– Erakunde eskatzaile bakoitzeko ikertzaileen, proiektuari dagokionez, gutxieneko dedikazioa urteko 1.400 ordukoa izango da, eta talde bakoitzeko ikertzaile nagusiaren gutxieneko dedikazioa urteko 420 ordukoa izango da.

5. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduerak.

1.– Deialdi honetan, honako kontzeptuetarako eska daiteke laguntza:

a) Laguntzaileak:

Deialdi honetan, laguntzaile bati ordaintzeko diru-kopurua finantzatu ahal izango da. Hauek izango dira baldintzak:

Laguntzaileen lanaldi osoagatik, hau da, urteko 1.600 ordugatik, ordaindu beharreko kopurua urteko 15.500 euro izango da. Proiektuari denbora gutxiago eskainiko balitzaio, ordaindu beharreko zenbatekoa proiektuari eskainitako denboraren araberakoa izango litzateke.

Laguntzaileak honako baldintzak bete beharko ditu: gradu, lizentziatura, ingeniari edo arkitekto titulua izatea; deialdian parte hartzen duten erakundeen plantillakoa ez izana lehenagotik; ez jasotzea dirurik beketatik edo beste ikerketa-proiektu batzuetarako diru-laguntzarik, ezta soldatarik edo bestelako diru-sarrera publiko edo pribaturik ere. Proiektuak dirauen bitartean, zeregin horietan pertsona bera aritzea komeni bada ere, gutxienez urte batez egon beharko du.

b) Material inbentariagarria:

Kontzeptu horregatik ez dira urteko 18.000 euro baino gehiago ordainduko; betiere, kontuan izanik, deialdian ez dela finantzatzen BEZaren gastua. Proiektuaren kargura eskuratutako ekipamendu bakoitzak 18.000 eurotik beherako kostua izango du, eta erakunde onuradunaren inbentarioan jasoko da. Espresuki uzten dira kanpoan altzariak eta instalazioak, baita kudeaketarako ekipamendu informatikoa erostea ere.

c) Material suntsikorra:

Kontu-sail horretan ez da mugarik izango, baldin eta behar bezala justifikatuta badago eta proiektuaren jardueretan beharrezkoa bada. Finantziaziotik kanpo da bulegoko material orokorra.

d) Bidaiak:

Proiektuko jarduerak burutu ahal izateko egiten direnak. Bidaia-gastuak onartuko dira, proiektua betearazteko azken urtean lortutako emaitzak erakusteko, betiere ikertzaile-taldeko pertsona bakar batentzat.

e) Bestelako gastuak:

Finantzatutako urteko aurrekontuaren % 5eko balio maximoaren barruan, aurreko kontzeptuetan jaso gabeko gastuak finantzatu ahal izango dira, betiere proiektuaren helburuak gauzatzeko beharrezkoak direla justifikatzen bada.

2.– Elkarlanean egiteko proiektuei dagozkien eskabideen kasuan, kontzeptuetarako aurreikusi diren mugak honako hauei aplikatu zaizkie: parte hartzen duten erakundeetako bakoitzari, modu independentean.

6. artikulua.– Ikerketa-proiektuen baldintzak.

1.– Deialdi honen ondorioetarako, proiektuak 2014ko ekitaldian hasiko dira; zehazki, 16.1 artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriaz, emandako diru-laguntza onartu dela kontsideratzen denean; eta, bestalde, urte baten, bitan edo hirutan gauzatu ahal izango dira; baina, betiere, 2017ko ekainaren 30a baino lehenago bukatu beharko dira.

2.– Deialdira aurkezten diren ikerketa-proiektuek II. eranskinean aipatzen diren printzipioak errespetatu beharko dituzte.

7. artikulua.– Eskabideak formalizatzea eta aurkeztea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2014ko urtarrilaren 31ean amaituko da, egun hori barne dela.

2.– Eskabidea egiteko, inskripzio-orria erabili beharko da; inskripzio-orri hori, berriz, modu telematikoz lortu ahal izango da, Saileko egoitza elektronikoan, helbide honetan: (unibertsitateak eta ikerketa) www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net. Helburu horretarako, erakunde eskatzaileak sinadura elektronikarako erakunde-txartela izan beharko du, eta, halakorik izan ezean, legezko ordezkariak alta hartu beharko du Eusko Jaurlaritzaren ordezkarien Erregistro Elektronikoan (Herrizaingo, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuaren 2012ko abenduaren 14ko Agindua), lotura honetan: https://euskadi.net/y22-izapide2/es/contenidos/informacion/egoitza_ordezkarien_erregistro/es_egoitza/egoitza_representantes.html. Proiektuaren eskatzaile eta ikertzaile nagusi denak, erabiltzaile gisa, alta hartuko beharko du aplikazioan edo ziurtagiri elektroniko pertsonalaren bidez sartu (esate baterako, NAN elektronikoa), eta aplikazio horretan zehaztutako jarraibideak errespetatu beharko ditu. Parte hartzen duten ikertzaileak NANaren bitartez identifikatu beharko dira, eta, eskabidean parte hartzean, Zientzia Politikarako Zuzendaritzari (deialdiaren organo kudeatzaileari) baimena ematen diote identitate-datuak egiazta ditzan, eskudun administrazioan, hain zuzen ere bitarteko elektronikoen bidez edo eskura diren beste bitarteko batzuen bitartez.

3.– Behin eskabide telematikoa zehaztapen guztiekin bete eta agindu honetako 1. eranskinean zehaztutako dokumentazioa aplikazioari gehiturik, erakundeak edo legezko ordezkariak aukera dezake izapideetan aurrera egitea bide elektronikoaren bidetik ala paperezko formatuaren bidetik.

4.– Izapideketa paper bidez egin nahi izanez gero, aplikazioak sortzen duen eskabidea inprimatu beharko da, eta erakunde eskatzailearen legezko ordezkariak sinatu beharko du. Paperezko formatuan, manuzko agiri guztiekin batera aurkeztu beharko da eskabidea, artikulu honetako 6. paragrafoan zehazten den lekuan. Bide telematikotik aurkeztearen alde egiten bada, erakundeak edo legezko ordezkariak elektronikoki sinatu beharko du eskabidea, betiere 2. paragrafoan zehaztutakoarekin bat etorriaz, eta orduantxe bakarrik geratuko da erregistraturik eskabidea.

5.– Nolanahi ere, eskarian erantzukizunezko adierazpena ere sartu behar da, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 50. artikuluaren 6. paragrafoan agertzen dena (legegintza-dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen da, Euskadiren 2011ko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 5/2010 Legearen bidez sartu dena).

6.– Paper-formatuko eskabideak honako helbide honetara bidali beharko dira:

Eusko Jaurlaritza

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila

Zientzia Politikarako Zuzendaritza

Erreferentzia: Ikerketa-proiektuak

Donostia kalea, 1

01010 Vitoria-Gasteiz

Edo Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomoen erregistroen eraketa, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan zehaztutako erregistroetarik edozeinen bidez edo zuzenean, betiere deialdian eskabideak aurkezteko ezarritako epearen barruan. Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeko 38.4 artikuluan aipatu edozein bulegotan ere aurkeztu ahal izango dira, eta bai Herritarrei Laguntzeko Bulegoetan (Zuzenean) ere: Bizkaian, Kale Nagusia 85; 48011 Bilbao; Gipuzkoan, Andia kalea 10-behealdea; 20003, Donostia; eta Ramiro de Maeztu kalea 10-behealdea; 01008, Vitoria-Gasteiz.

7.– Lankidetza-proiektuak badira, 3. artikuluan zehaztutakoak izango dira erakunde parte-hartzaileak, eta euretariko bakoitzak eskatzaile gisa jardungo du. Parte hartzen duen erakundeetako bat, gainera, proiektuaren koordinatzailea izango da, eta proiektuaren garapenaz arduratzeaz gain, bere gain hartuko du Administrazioarekiko elkarrizketak eta harremanak izateko funtzioa. Zirkunstantzia hori espresuki jaso beharko da eskabidean, eta horretaz gain, zehaztu egin beharko da zeintzuk diren erakunde laguntzaileak. Eskabidearen parte hori bete ostean, erakunde laguntzaileek euren }eskabidea egin beharko dute, zeina erakunde koordinatzailearen proiektuari lotuko duten.

8. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko organoa.

Zientzia Politikarako Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzea, Ikerketa Proiektuen Zerbitzuaren bidez.

9. artikulua.– Jakinarazpenak eta aurkeztutako eskabidean egindako akatsak zuzentzea.

1.– Betetzeko epea ezarri behar duten jakinarazpenak badira, hala nola zuzenketa eskatzekoak eta deialdiaren ebazpena jakinaraztekoak, honako prozedura honen bitartez egingo dira:

EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan (https://euskadi.net) aipatu ebazpena argitara emanez egingo da jakinarazpena. Epeak zenbatzeko ondorioak sortzen dituen data izango da jakinarazpen horrena ere.

Jakinarazpen-era horretaz gain, honela ere egingo da: www.euskadi.net egoitza elektronikoaren iragarki-oholean ediktu bat argitaratuaz.

Zientzia Politikarako Zuzendaritzak interesdunei bidali ahal izango dizkie egindako jakinarazpenei buruzko abisuak, SMS edo posta elektronikoaren bidez. Abisu horiek ez dute inola ere jakinarazpen-baliorik izango.

2.– Punturen baten, agindu honetako goragoko paragrafoetan eskatutakoa ez badute betetzen eskabideek eta dokumentazioak, sinatzaileari zera eskatuko zaio: 10 eguneko epean, akatsa zuzentzeko edo manuzko agiriak aurkezteko, ohartarazten zaiolarik ezen, hala egiten ez badu eskabidean atzera egin duela kontsideratuko dela, betiere aldez aurretiko ebazpena delarik, zeina 30/1992 Legeko 42. artikuluan jasotako zehaztapenekin bat etorria eman beharko den (30/1992 Legea: Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa).

10. artikulua.– Ebaluazio-batzordea.

Ebaluazio-batzordeko kide izango dira: Zientzia Politikarako zuzendaria (bera izango da lehendakaria), Unibertsitateetako zuzendaria, Ikerketa Proiektuen teknikaria, eta zientzia-ebaluazioko aditu bat edo bi, Politika Zientifikorako zuzendariak izendatutakoak. Aipatu batzordeak eskabide bakoitzari buruzko txostenak eskatu ahal izango dizkie dagokien jakintza-arloan ospea eta ebaluatzeko esperientzia dituzten ikertzaileei. Ebaluazio eta Prospektiba Agentzia Nazionalak edo Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentziak egin ahal izango dituzte aipatu txostenak. Ebaluazio-batzordeak deialdiko irizpideak behar bezala aplikatuko ditu, eta, bestalde, kasuan kasuko gaiko adituek egindako interpretazioa bateratuko du.

11. artikulua.– Ebaluazio-irizpideak.

Diru-laguntzak emateko ebazpen-proposamena prestatu ahal izateko, ebaluazio-batzordeak jarraian aipatzen diren irizpideak izango ditu kontuan, eskabideak ebaluatu, aukeratu eta lehentasunen arabera ordenatu ahal izateko:

1.– 1. modalitateko proiektuetarako, 100 puntu eman daitezke guztira:

(Ikus .PDF)

2.– 2. modalitateko proiektuetarako, 100 puntu eman daitezke guztira:

(Ikus .PDF)

3.– Ebaluazio-sistema homogeneizatu eta irizpideak aplikatzerakoan objektibotasun handiagoa lortze aldera, deialdiaren III. eranskinean adierazi dira irizpideak zehatzago baloratzeko aspektuen xehetasunak, ebaluatzaileei euren lanean laguntzeko eta ebaluazio-prozedura gardenagoa izan dadin.

12. artikulua.– Onartutako aurrekontua zehaztea eta laguntzak esleitzeko prozedura.

1.– Diru-laguntzak lehiaketa prozeduraren bidez emango dira, eta proiektuaren iraupen osoari dagozkionak izango dira. Horretarako, ebaluazio-batzordeak egingo du laguntzak esleitzeko proposamena, aurkeztutako eskabideak ebaluatuaz.

2.– Ebaluazioan, 50 puntu edo hortik gorako balioespena lortzen duten eskabideak bakarrik finantza daitezke.

3.– Bi prozedura independienteren bidez emango dira laguntzak, bat 1. modalitaterako izango dena eta beste bat 2. modalitaterakoa.

4.– Prozeduretako bakoitzean, laguntzen esleipena honako hau kontuan izanik egingo da: balorazio-fasean proiektu bakoitzak lortutako puntuazioaren ondoriozko lehentasun-ordena; bestalde, laguntzetan zenbateko maximoa emango da, betiere onartutako aurrekontuarekin bat etorriaz eta harik modalitatea finantzatzeko ekonomi-esleipenak agortu arte.

5.– Modalitateren baten ez bada agortzen aurrekontu erabilgarria, beste modalitate bateko proiektuak finantzatzera bideratuko da soberakina; betiere, proiektu horiek, batetik, 50 puntutik gora badituzte, eta, bestetik, hasieran modalitatea finantzatzeko ekonomia-esleipena eskasa zela-eta diru-laguntzarik izan ez badute.

6.– Onartutako aurrekontuak kontuan hartuko ditu 5. artikuluan ezarritako kontzeptuak; eta honelaxe zehaztuko da: eskabidean planteatu eta behar bezala egiaztatutako beharren eta adituen gomendioen arabera. Urteka banatuko da diru-laguntzaren guztirako zenbatekoa, aipatu diren beharren eta onartutako lan-planaren arabera.

13. artikulua.– Ebazpena.

1.– Ebaluazio Batzordeak Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeari ebazpen-proposamena aurkeztuko dio, eta honek esleitu edo ukatu egingo ditu laguntzak, ebazpen arrazoitu baten bidez. Ebazpen horren berri emango zaie interesdunei. Jende oro jakitun izan dadin, EHAAn argitaratuko da erakunde onuradunen zerrenda, esleitutako urtekako zenbatekoa, eta, gauza dadin, finantziazioa jaso duen programaren titulua.

2.– Onartzen den proiektu bakoitzari buruz datu hauek jaso beharko dira ebazpenean:

– Zein modalitateri lotzen zaion.

– Ikertzaile nagusiaren izena.

– Erakunde onuradunak.

– Ikerketa-proiektuaren titulua.

– Proiektua egiteko izango diren urteetarik bakoitzerako esleitutako zenbatekoa.

Elkarlanean egiteko proiektuak badira, parte hartzen duen erakunde onuradun bakoitzari dagokion finantzaketa ere jasoko da.

3.– Ebazpen horren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, ebazpena jakinarazten den egunaren biharamunetik aurrera, hilabeteko epean. Deialdiaren argitalpena amaitu eta 6 hilabeteren buruan ebazpenik ematen edo jakinarazten ez bada, isiltasuna dela-eta eskabideak ezetsi egin direla ulertu ahal izango da.

14. artikulua.– Beste diru-laguntza eta laguntza batzuekiko bateragarritasuna/bateraezintasuna.

Diru-laguntza hau bateragarria da helburu berarekin beste erakunde finantziatzaile batzuek emandakoekin. Ikerketa-proiektu batek beste erakunde baten edo Eusko Jaurlaritzako beste sail baten deialdian parte hartzen badu eta zati batean behintzat finantzatua izan bada, beste erakunde horren finantzaketak estaltzen ez duen zatia deialdi honen bidez osatu ahal izango da, baina guztirako finantzaketak ezin izango ditu gainditu ikerketak dituen diru-beharrak. Gainfinantzaketarik detektatuz gero, deialdi honen bidez emandako finantzaketa kopuru egokian txikituko da. Zientzia Politikarako Zuzendaritza beste alderdi finantzatzailearekin harremanetan jarri ahal izango da, kofinantzaketa-akordio bat lortzeko. Nolanahi ere, eskatzaileak argi eta garbi egiaztatu beharko du zein diren kanpoko finantzaketaren xedea, jarduerak, zenbatekoa eta banaketa.

15. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzeko baldintzak.

1.– Proiektuko ikertzaile nagusia zein erakunde onuradunari dagoen atxikita, harexeri ordainduko zaio diru-laguntzen zenbatekoa. Proiektua koordinatua bada, parte hartzen duen erakunde onuradun bakoitzari ordainduko zaio.

2.– Urteko zenbatekoak aurretiaz ordainduko dira urte bakoitzean. Proiektua burutzeko azken urtea denean, azken urteko diru-laguntzaren % 75 ordainduko da aurrez. Azken urteko bigarren ordainketa –gainerako % 25ari dagokiona– egiteko, entitate onuradunak dagokion dokumentazio guztia, deialdiaren 16. artikuluan ageri dena, bidali beharko du, betiere Zientzia Politikarako Zuzendaritzaren oniritziarekin onartua izan delarik.

Diru-laguntza onartzeko epea, 16.1 artikuluan zehaztua, igarotakoan egingo da lehen urteari doakion ordainketa. Bigarren eta hirugarren urtekoen ordainketa aurreratuak egiteko, aurreko urteko txosten urtekoa entregatu behako da, eta horretaz gain, honako hauek justifikatu beharko dira: helburuak maila egokian bete direla, eta onartutako proiektuko planean aurreikusi bezala gastatu dela diru-laguntza.

3.– Diru-laguntzaren zenbatekoa abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako berme erregimenaren arabera bermatuko da; dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kargura emango diren diru-laguntzen berme eta itzulketei buruzko erregimen orokorra arautzen da, eta horretaz gain, diru-laguntzen kudeaketan parte hartuko duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta obligazioak ere ezartzen dira.

4.– Erakundea Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikokoa ez bada, Euskal Autonomia Erkidegoko zerga-betebeharrak eguneraturik izan beharko ditu, Ogasun eta Finantzetako sailburuaren 1991ko urriaren 7ko Aginduan ezarritakoari jarraituz (1992ko uztailaren 8ko EHAA, 131. zenbakia).

5.– Laguntzeak eskatzen dituzten erakundeek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela automatikoki egiaztatuko du, behar beste aldiz, organo kudeatzaileak, eta horretarako ez du eskatzaileen baimenik beharko, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua aplikatuz. Interesdunek Nafarroako Ogasunean ordaintzen badituzte zergak, zerga-betebeharrak egunean dituztela egiaztatzen duen egiaztagiria aurkeztu beharko dute.

16. artikulua.– Proiektuaren garapenari jarraipena egiteko dokumentuak.

1.– Ebazpena jakinarazitakoan, diru-laguntzaren urtekako banaketaz informatuko dira erakunde onuradunak. Egoitza elektronikoan (9.1 artikulua) ebazpena argitaratzen denetik harako 10 egun naturaleko epean ez bada egiten uko berariazkorik, erakunde onuradunak diru-laguntza onartu egiten duela ulertuko da. Une horretatik aurrera proiektuak gauzatzeari ekingo zaio, urte bateko, biko edo hiruko aldian, Ebazpenean ezarritakoaren arabera.

2.– Laguntzaileentzako diru-laguntzarik egonez gero, laguntzailea erakundearekin lotzen duen kontratuaren kopia bidali beharko da, non parte hartuko duen proiektuaren kodea eta titulua jaso beharko diren, baita bere egitekoak eta urteko dedikazioa ere. Kontratu hori ez da izango deialdiaren ebazpenaren aurretikoa. Kontzeptu horrengatik esleitutako diru-laguntza ez bada deialdian ezarritako zenbatekoaren % 100ekoa eta ez badu kontratuaren kostu guztia estaltzen, laguntzaileek beste eginkizun batzuk egin ahal izango dituzte erakundean, harik eta eurei dagokien dedikazioa bete arte.

3.– Erakunde onuradun bakoitzeko ikertzaile nagusiak, proiektua burutzeko urte bakoitza amaitzean, proiektuaren urteko txosten bat aurkeztu beharko dio Zientzia Politikarako Zuzendaritzari. Ondokoak jasoko dira txosten horretan: proiektuaren helburuen erdieste-maila, izandako gorabeherak, ateratako emaitzak eta diru-laguntzatik gastatu denaren zenbatespena.

4.– Gastua egiaztatzea: proiektua gauzatzeko azken urtea amaitzerakoan, urteko txostena aurkeztu ondoren, erakunde onuradunak, egindako gastu guztiaren ziurtagiria aurkeztu beharko du, kontzeptuen araberako banaketa adieraziz, eta, gerakinik balego, hori ere justifikatuz. Era berean, proiekturako edo proiektuaren helburu partzialetarako jasotako sarreren eta egindako gastuen balantzea aurkeztu beharko da. Proiektua amaitu osteko hilabete biko epean aurkeztu behar da ziurtagiri hori.

5.– Azken buruko txosten zientifikoa: proiektua gauzatzeko azken urtea amaitu osteko lau hilabete igaro baino lehen, proiektuko ikertzaile nagusiak amaierako zientzia-txostena aurkeztu beharko du, eta bertan zehaztasun handiz adierazi: aurrekariak, bibliografia, helburuak, metodologia, emaitzak, emaitzen eztabaida, ondorioak eta zabalkunde- eta jendarteratze-jarduerak.

6.– Argitalpenak: proiektuaren emaitzak aldizkari espezializatuetan argitaratzen badira, edo emaitzok honako hauek eragiten badituzte: liburuak, monografiak, artikuluak, doktore-tesiak, lizentziatura-tesinak, kongresuetarako komunikazioak, patenteak, kontratuak, baliagarritasun-modeloak eta abar, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren babesa utzi beharko da jasota, proiektuaren kodea ere aipatuz.

7.– Erakunde onuradunaren legezko ordezkariaren oniritziarekin bidali beharko da proiektuaren jarraipenari dagokion dokumentazio guztia.

8.– Aipatu txostenak egiteko formulario elektronikoak bide telematikoz eskuratu ahal izango dira, Sailaren egoitza elektronikoaren bidez, zehazki, helbide elektroniko honetan: www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net (unibertsitateak eta ikerketa).

9.– Urteko txostenaren, amaierako txosten zientifikoaren eta egindako argitalpenen gaineko ebaluazio zientifikoa egin ahal izango da. Dagokien ezagutzaren alorrean ospe eta ebaluazio-esperientzia aitortua duten ikertzaileek egin ahal izango dituzte ebaluazio horiek. Ebaluazioaren emaitza negatiboa bada eta onuradunaren jokaera arau-hauste administratiboa bada, Laguntza eta diru-laguntza publikoen alorreko arau-hauste eta zehapenen erregimena aplikatuko da; hots, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan jasotakoa, horren bitartez onartu da-eta Euskal Herriko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateratua.

17. artikulua.– Diru-laguntza gauzatzeko baldintzak.

1.– Zientzia Politikarako Zuzendaritzaren jarraibideekin eta agindu honetan ezarritakoarekin bat etorriaz egin beharko dituzte gastuak ikertzaile-taldeko kideek; eta arau horietan espezifikatu gabekoari dagokionez, erakunde onuradunean diren arau orokorrekin bat egingo dituzte. Proiektuaren diru-laguntzari egotzitako gastu guztiak behar bezala justifikatu beharko dira, baimendutako pertsonentzako jardueren arabera, eta, bestalde, gastuaren faktura eta frogagiri egokien bidez egiaztatu beharko dira.

2.– Proiekturako proposatutako xedeak betetzeko eta helburuak gauzatzeko erabili ez diren zenbateko guztizkoei eta partzialei dagokienez nahiz Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen bermeei eta itzulketei dagokienez, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan (1992ko otsailaren 7ko EHAA, 26. zenbakia) eta Euskal Herriko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateratua onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuan xedatutakoari jarraituko zaio.

3.– Jatorrizko fakturak erakundean bertan artxibatu beharko dira, eta erabilgarri egongo dira Zientzia Politikarako Zuzendaritzak egin lezakeen edozein egiaztapenerako.

4.– Erakunde onuradunak informazioa eman beharko die Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri-Kontuen Euskal Epaitegiari, hain justu ere erakunde bi horiek, beren eginkizunen barruan eta deialdi honen kargura jasotako diru-laguntzei dagokienez eskatzen dioten informazioa.

5.– Salbuespenez, ikerketa proiektua bukatzea eta, ondorioz, diru-laguntza gastatzea eragotzi duten arrazoiak egon direnean, proiektuaren azken urtea bukatzen den epealdian, ikertzaile nagusiak, erakundeko legezko ordezkariaren oniritziz, proiektua burutzeko eta kreditua gastatzeko epealdia luzatzea eskatu ahal izango dio Zientzia Politikarako Zuzendaritzari. Luzapenak ez du gaindituko hiru hilabeteko epea, eta eskabide hori egiteko arrazoiak egiaztatu beharko dira.

18. artikulua.– Diru-laguntzen baldintzak aldatzea.

Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, betiere diru-laguntzaren helburua bete egin dela ulertzen bada, eta, kasua bada, beste erakunde publiko edo pribatu batek emandako diru-laguntza eta laguntza batzuk ere eskuratu badira, diru-laguntzak emateko ebazpena aldatu ahal izango da. Ondorio horietarako, Unibertsitate eta Ikerketako Sailburuordetzak bidezkoa den likidazio-ebazpena emango du, esleitutako diru-laguntzen zenbatekoak berregokitzeko.

Agindu honetan ezarritakoa ez betetzeagatik urtealdi bakoitzari esleitu zaion diru-zenbatekoa aldatu edo indargabetu behar bada, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuorderen ebazpen indibidual baten bidez jakinaraziko da hori.

19. artikulua.– Diru-laguntzarako eskubidea galtzeko edo itzulketa egiteko kausa.

1.– Diru-laguntza emateko arrazoitzat hartutako baldintzak nola edo hala bete ez direla egiaztatzen bada, jasotako zenbatekoak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoaren Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako zehaztapenekin bat etorriaz.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan azaldutako kausez gain, ondoko hauek izango dira diru-laguntzarako eskubidea galtzeko eta itzulketa egin behar izateko kausak:

1) Ikertzaile nagusiak ikerketa-proiektuari uko egitea edo ikertzaile hori erakunde onuraduna ez den beste erakunde batera edo Euskal Autonomia Erkidegotik kanpora aldatzea, baldin eta horrek arriskuan jartzen badu proiektuaren zuzendaritza eta aurreikusitako helburuak lortzea.

2) Ikerketa-proiektu bera egiteko, beste iturri batzuetatik jasotako finantzaketak metatzea edo ikerketa-proiektuaren aldakiak, aski justifikatu gabeak, beste erakunde publiko edo pribaturen bati aurkeztea finantzaketa eske, aurrez Zientzia Politikarako Zuzendaritzari horren berri eman gabe eta horrek emandako onarpena jaso gabe.

3) Ikerketa-proiektua proposatu diren helburuetatik eta onartutako epeetatik aldenduz garatzea, Zientzia Politikarako Zuzendaritzaren baimenik izan gabe.

4) Ikertzaile-taldeko kideek berek proiektuan jarduteko finkatu duten dedikazioa nabarmen ez betetzea, proiektuko ikertzaile nagusiaren kasuan bereziki.

5) Deialdi honetako oinarrien ez-betetze larria (osorik edo zati batean).

6) Datuen ezkutaketa larria, haien aldaketa edo eske-idazkian edozein manipulazio egitea.

20. artikulua.– Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, deialdi honen tramitazioan jasotako datu pertsonalak, erabiltzea eta argitaratzea parte-hartzaileek baimenduko dituztenak, fitxategi batean jasoko dira. Fitxategi horren izena Ikerketa Proiektuak izango da, eta haren helburua diru-laguntzen deialdi hau kudeatzea izango da, eta baita deialdi honetara aurkezten diren pertsonei deialdiaren garapenari buruz informatzea ematea ere. Fitxategi honen arduraduna Zientzia Politikarako Zuzendaritza da. Sarbide-, zuzenketa-, ezabatze- eta aurkatze-eskubideak erabiltzeko, Zientzia Politikarako Zuzendaritzara jo beharko da, helbide honetara: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

Era berean, deialdi honetara aurkezten diren pertsonek baimena ematen diote Zientzia Politikarako Zuzendaritzari, aurkeztutako dokumentuak egiazkoak diren egiaztatzeko, beste erakunde publiko batzuetan.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren pentzutan egingo diren gastu-espedienteak aurrez izapidetzeari buruz Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan aipatzen diren ondorioetarako, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2014. urteko aurrekontu orokorretan aldez aurretik behar besteko kreditu egoki egotearen baldintzapean gelditzen da agindu honetako laguntzen ebazpena.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Deialdi honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, argitaratzen den egunaren biharamunetik hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke administrazioarekiko auzietako jurisdikzio-organoaren aurrean, argitaratzen den egunaren biharamunetik bi hileko epean.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko azaroaren 26a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

I. ERANSKINA

1.– Eskabidean honako informazio hau jasotzen da:

a) Erakundearen eta ikertzaile nagusiaren identifikazioak.

b) Parte hartzen duten ikertzaile bakoitzaren identifikazioa, non honakoak jasotzen diren: titulazioa akademikoa, kontratu mota (alde baterakoa edo mugagabea) eta kontratatutako urteko dedikazioa.

c) Eskabide-fasean edo aktibo diren ikerketa-proiektuen identifikazioa, zeintzuetan parte hartuko baitu ikerketa-taldeak, eskatutako proiektua martxan delarik.

d) Beste erakunde batzuek kofinantzatutako proiektuei buruzko informazioa; eskatutako exekuzio-aldian eta eduki zientifikoan gainjartzen direnak badira proiektu horiek.

e) Ikerketa-taldeak egingo duen lan-egitasmoari buruzko informazioa, ikertzaile bakoitzaren helburuen, atazen eta dedikazio-orduen gaineko txostenak eginez.

f) Ikertzaileek behar dituzten baliabideen (suntsikorra, inbentariagarria), bidaien eta beste.

2.– Eskabidearekin batera honako hauek aurkeztuko dira:

a) Parte hartzen duten ikertzaileetarik bakoitzak sinatutako dokumentua, zeinetan 2014-2016 epealdiko proiektu aktiboetarako dedikazioa jasotzen den, kofinantzatutako proiektua eta eskatutako proiekturako dedikazioa ere barne direlarik.

b) Ikerketa-proiektuaren memoria, honako hauek jasotzen dituena:

– Laburpena.

– Aurrekariak eta gaiaren egungo egoera.

– Bibliografia nagusia.

– Hipotesiak – Helburu orokorrak eta eragingarriak.

– Proiektuaren interesa – Metodologia.

– Proiektua gauzatzeko instalazioak, tresnak eta teknika erabilgarriak.

– Lan-egitasmoa. Kronograma.

– Erantzukizunen eta atazen banaketa hedatzea, egoki bada.

– Ikerketa-taldeak gian duen esperientzia.

– Egindako azken 5 proiektuen emaitzak eta lortutako errendimendua.

– 2. modalitateko kasua bada: erakunde parte-hartzaileetako taldeen integrazioa, komunikazioa eta kudeaketa.

c) Erakunde eskatzailearekin ikertzaile bakoitzak dun lan-kontratuaren kopia, zeinetan hasiera-data, bukaera-data, iraupena eta urteko dedikazioa zein den jasotzen baitira.

d) Ikerketa-taldeko ikertzaile bakoitzaren curriculum vitae.

e) Parte-hartzaile bakoitzaren identitate-agiriaren (pasaportea) kopia, eta zentro parte-hartzaile bakoitzaren IFK.

f) Proiektu kofinantzaturako eskabidearen kopia.

g) Proiektu kofinantzatuaren ebazpenaren kopia.

h) Eskatutako inbentariagarriaren proforma fakturak.

i) II. eranskinean zehaztutako printzipioak betetzeari buruzko deklarazioa.

j) Esleipen-irizpideetan oinarriturik proposamenaren balorazio zuzena egiteko egokitzat jotzen den dokumentazioa.

II. ERANSKINA
DEIALDIRA AURKEZTEN DIREN PROIEKTUEK BETE BEHAR DITUZTEN PRINTZIPIOAK

Deialdira aurkezten diren proiektuek honako printzipio hauek errespetatu behar dituzte:

a) Honako adierazpen eta hitzarmen hauetan ezarritako oinarrizko printzipioak: Helsinkiko Adierazpena (Munduko Medikuntza Elkartea), giza eskubideei eta biomedikuntzari buruzko Europako Kontseiluaren Hitzarmena, giza genomari eta giza eskubideei buruzko Unescoren Adierazpen Unibertsala, eta ikerkuntza biomedikoari, datu pertsonalen babesari eta bioetikari dagokienez Espainiako legedian ezarritako baldintzak.

b) Gizakiekin ikerketak egin edo giza jatorriko laginak erabiltzea eragiten duten proiektuek uztailaren 3ko 14/2007 Legean, Ikerkuntza Biomedikoari buruzkoan, araututakoa bete behar dute.

Era berean, lege horri lotuta egongo dira giza enbrioia jatorri duten zelulak eta ehunak edota horietatik eratorritako zelula-lerroak erabiltzea espezifikoki eskatzen duten ikerkuntza-proiektuak.

c) Saiakuntza klinikoak xede dituzten proiektuek otsailaren 6ko 223/2004 Errege Dekretuan ezarritakoa bete behar dute.

d) Animaliekin esperimentuak egitea dakarten proiektuek indarrean den legezko araubidean ezarritakoa bete beharko dute, eta, bereziki, urriaren 10eko 1201/2005 Errege Dekretuan, esperimentuak egiteko eta bestelako helburu zientifikoetarako erabiltzen diren animalien babesari buruzkoan, ezarritakoa.

e) Bestalde, genetikoki eraldatutako organismoak erabiltzea xede duten proiektuek honako hauetan ezarritakoa bete beharko dute: apirilaren 25eko 9/2003 Legea, genetikoki eraldatutako organismoak modu itxian erabiltzeari, nahita askatzeari eta komertzializatzeari buruzkoa, eta urtarrilaren 31ko 178/2004 Errege Dekretua, hori garatzen duen erregelamendu orokorra onartzen duena.

f) Agente biologikoak erabiltzea dakarten proiektuak, berriz, azaroaren 8ko 31/1995 Legean, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzkoan, eta hori garatzen duten errege-dekretuetan araututakoaren arabera egokitu beharko dira, agente biologikoak edukitzeari dagokionez izan daitezkeen arriskuak direla-eta.

g) Azkenik, material genetikoa hartzea edo trukatzea xede duten proiektuek honako hauetan ezarritakoa bete beharko dute: Dibertsitate Biologikoari buruzko Hitzarmena, Elikadurarako eta Nekazaritzarako Baliabide Fitogenetikoei buruzko Nazioarteko Ituna, eta uztailaren 26ko 30/2006 Legea, Landaretegiko Haziei eta Landareei nahiz Baliabide Filogenetikoei buruzkoa.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala