Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

219. zk., 2013ko azaroaren 18a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA
5007

EBAZPENA, 2013ko urriaren 16koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena; honen bidez, Bergarako Arantxo-Lamiategi Elkarte zibilak Bergarako udalerrian (Gipuzkoa) sustatutako Lamiategiko betelanek eragindako ibai-bideratze proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiten da.

Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren arabera, I. eranskineko B) atalean agertzen diren proiektuak ingurumenaren gaineko inpaktua banaka ebaluatzeko jardunbide baten mende egongo dira, eta jardunbide horri amaiera emateko ingurumen-inpaktuaren adierazpena egin beharko da, betiere proiektu horiek egiteko edo, hala badagokie, baimentzeko hartzen den administrazio-erabakiaren aurretik.

Bergarako udalerrian, Bergarako Arantxo-Lamiategi Elkarte Zibilak sustatuta, Lamiategiko betelanek eragindako ibai-bideratze proiektua onartzeko prozedura hasita, eta ondorengo araudian xedatutakoa aplikatuz: batetik, otsailaren 27ko Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babesteari buruzko 3/1998 Lege Orokorra eta, bestetik, proiektuek ingurumen-inpaktua ebaluatzeko legearen testu bategina onartzeko den urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretua. Beraz, bi arau horiek betez, proiektu horrekin zerikusia duten eta jarraian aipatzen diren izapideak gauzatu dira, besteak beste:

Ingurumen-inpaktuaren azterlanaren edukia ezartzea. Ur Agentziak eskatuta, 2012ko urriaren 30ean, Ingurumen Sailburuordetzak kontsulten izapideari hasiera eman zion, proiektuek ingurumen-inpaktua ebaluatzeko Legearen testu bategina onartzen duen urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren 8.1 artikuluan aurreikusitakoaren arabera. Behin Ingurumen Sailburuordetzak 2011ko ekainaren 24an proiektuak ingurumen-inpaktuaren azterlanaren zabalerari eta xehetasun-mailari buruzko txostena bidali eta gero, izapide hori bukatu egin zen.

Jendaurreko informazioaren izapidea. Ur Agentziak jendaurrean jarri zituen proiektua eta ingurumen-inpaktuaren azterlana (2013ko apirilaren 2ko Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala, 61. zk.).

Entzunaldiaren izapidea. Ur Agentziak proiektuaren eta ingurumen-inpaktuaren azterlanaren gaineko kontsulta egin zien eragindako administrazioei eta interesdunei.

Espedientea bidaltzea eta ingurumen-inpaktuaren adierazpena eskatzea. 2013ko irailaren 16an, Ur Agentziak Ingurumen Sailburuordetzari igorri zion espedientea, proiektuek ingurumen inpaktuari buruzko testu bategina onesten duen urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren 12.1 artikuluan ezarritakoa betez.

Aipatutako proiektuaren espedientean ageri diren txostenak eta dokumentazio teknikoa aztertuta, ikusi da ingurumen-inpaktuaren azterlana zuzena dela, eta indarrean dagoen araudian ezarritakoari egokitzen zaiola. Ingurumen Sailburuordetza da ingurumen-inpaktuaren adierazpena emateko eskumena duen organoa, xedapen hauen arabera: alde batetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra, eta, bestetik, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 22ko 629/2009 Dekretua. Eta, hortaz, honako hau,

EBATZI DU:

1.– Bergarako udalerrian, Bergarako Arantxo-Lamiategi Elkarte Zibilak sustatuta, Lamiategiko betelanek eragindako ibai-bideratze proiektuaren ingurumen-inpaktuaren aldeko adierazpena egitea.

2.– Honako baldintza hauek ezartzea proiektua burutzeko; baldintzok lotesleak dira Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 47.2 artikuluari jarraiki.

2.A.– Proiektua, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egiteko Ingurumen Sailburuordetza honetan aurkeztutako agirietan jasotakoaren arabera eta, berariaz, ebazpen honetan finkatutako zehaztapenen arabera gauzatu beharko da.

Proiektu honen ingurumen-inpaktuaren ebaluaziori buruzko prozedurak, proiektuaren sustatzaileak aurkeztutako dokumentazio teknikoaz gain, kontuan izan du espedientean ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egiteko prozeduraren aldietan erantsitako txostenen edukia.

2.B.– Proiektua aldatu edo handitu nahi izanez gero, urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren 16. artikuluan xedatutakoa aplikatu behar da, bere II. eranskineko 9.k) epigrafearekin bat. Dekretu horren bidez onartu zen proiektuen ingurumen-inpaktua ebaluatzeko Legearen testu bategina.

Proiektuan aldiro egiten diren aldaketak –hau da, aurreko idatzi-zatian adierazitakoen garrantzirik izan gabe, obrak egiteko falta diren gainerako prozeduretan sortzen diren aldaketak–, ingurumenaren ikuspegitik ere arrazoitu egin beharko dira. Proiektuak honako hauetan jaso beharko ditu aldaketak: neurri babesle eta zuzentzaileetan, ingurumena zaintzeko programan, aurrekontuan eta baldintza-agirietan.

2.C.– Neurri babesleak eta zuzentzaileak.

Ingurumen-inpaktua ebaluatzean proiektuaren sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioan proposatutakoarekin bat etorriaz gauzatuko dira neurri babesle eta zuzentzaileak. Era horretan, neurri hauek hartzeak, batetik, eta kontrolerako esleitutako langileria, bestetik, azterketan ezarritako eta ingurumen-inpaktuaren adierazpen honetan ezarritako kalitateko helburuak bermatu ahal izango dituzte.

Neurri hauek guztiak obra kontratatzeko baldintza-agirietan erantsi beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Horretaz gain, ondorengo paragrafoetan adierazitako neurriak ere gehitu beharko dira.

2.c.1.– Ondare naturala babesteko neurriak.

Urriaren 20ko 7/2006 Foru Arauak, Gipuzkoako mendiei buruzkoak, eta urtarrilaren 16ko 4/1990 Foru Dekretuak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko flora-espezie batzuk babestekoak, xedatutakoa betetzeaz gain, neurri hauek ere aplikatuko dira:

2.c.1.1.– Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Ahalik eta gehien mugatuko da espazioak obrako materialez okupatzea, eta makineria eta ibilgailuak horretarako prestatutako esparrutik kanpo ibiltzea.

2.c.1.2.– Tokiko bertako zuhaitz-landaredia naturala ebakitzea saihestuko da zuzeneko okupazioa aurrez ikusten ez den eremuetan. Horretarako, obrak hasi baino lehen, zehatz-mehatz mugatu eta balizatuko dira lanak gauzatzeko derrigorrez ebaki behar ez diren bertako zuhaitzak eta zuhaitz-unadak. Babestu beharreko eremu horiek berariaz zehaztu beharko ditu ebazpen honetako 2.c.10 idatz-zatian ezarritako ingurumen-aholkularitzak. Mugen eta balizen ezaugarri eta kokapen zehatzak ebazpen honen 2.c.11 paragrafoko lan programaren araberakoak izango dira.

2.c.1.3.– Kontserbatu beharreko zuhaitzak behar bezala babestu behar dira, sistema erradikularraren kolpeak eta kaletak saihesteko. Ebazpen honen 2.c.10 paragrafoan ezarritako ingurumen aholkularitzak berariz zehaztuko ditu jarduera horiek.

2.c.1.4.– Adierazi den eremutik kanpo ustekabeko eraginik gertatuko balitz, zuzentzeko eta leheneratzeko neurri egokiak aplikatuko lirateke, ebazpen honetako 2.c.10 idatz-zatian ezarritako ingurumen-aholkularitzak txostena egin ondoren.

2.c.1.5.– Kontratistak erabiliko dituen instalazio-guneak, makinak gordetzeko guneak eta obrako materialak eta hondakinak aldi batean pilatzeko guneak barne, ingurumenean ahalik eta kalte gutxiena sortzeko irizpideak kontuan izanda proiektatuko dira. Gune horiek sekula ere ez dira kokatuko intereseko landare-formazioetan (bertako baso-masa, ibaiertzeko landaredia, Europar Batasunaren intereseko habitatak) ez eta ibaietatik hurbil dauden lurzoruetan.

Obra hasi aurretik xehetasun-kartografia bidez zehatz-mehatz mugatuko dira gune horiek guztiak, eta kontratistak erabiliko dituen guneen ezaugarriak zehaztuko dira. Proposamen horiek obraren zuzendaritzak onartu behar ditu, ebazpen honetako 2.c.10 idatz-zatian aipatutako ingurumen-aholkularitzak txostena egin ondoren. Instalazio horien ezaugarriak eta kokapena ebazpen honen 2.c.11 paragrafoko lan programaren araberakoa izango da.

2.c.1.6.– Kontutan izanda Lamiategi ubideak Angiozar ubidean isurtzen dituela urak, eta azken hau bisoi europarrarentzako interes bereziko gunea dela, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Mustela lutreolaren (Linnaeus, 1761) Kudeaketa Plana onesten duen 2004ko maiatzaren 12ko Foru Aginduan ezarritakoa bete beharko da.

2.c.1.7.– Proiektuaren inguruko guneetan ez da baztertzen Basa eta Itsas Fauna eta Landaredian Arriskuan dauden Espezieen Euskadiko Katalogoko honako flora espezie hauek agertzea: Ilex aquifolium, Carex strigosa.

Espezie horretako landareak kaltetu ditzakeen edozer gauza egin aurretik, Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Babesten duen ekainaren 30eko 16/1994 Legean eta Basoko eta Itsasoko Fauna eta Flora Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoa erregulatzen duen uztailaren 9ko 167/1996 Dekretuan ezarritakoa hartuko dute kontuan, bai eta kasu bakoitzean Aldundiko organo eskudunak adierazten duena ere.

2.c.2.– Ibaien ekosisteman ondorio kaltegarririk ez eragiteko neurriak.

Aplika daitezkeen prozeduren esparruan uren arloko organo eskudunak egoera honetan ezarriko dituen baldintzez gain, honako neurri babesleak eta zuzentzaileak ere hartu beharko dira:

2.c.2.1.– Errekastoen ibilgu berriak eraikitzerakoan, ibaioheak iragazketa bidez ur-xaflarik galtzen ez duela ziurtatuko da, eta aldi berean, uda garaian ur-emaria bildu eta uretako fauna nahiz landarediarentzako mikrohabitat txikiak sortzea ahalbidetuko duen diseinua erabiliko da. Horrez gain, ibai-ibilguari hondo lakarra eta irregularra jarriko zaio, ibaiko fauna-espezie adierazgarriak pasa daitezen. Edonola ere, ibilgu berriaren ohea leheneratzerakoan, ibai-zati horri dagokion granulometria ematen ahaleginduko da.

2.c.2.2.– Halaber, ibilgu berrien bi aldeetako ezponda berriak diseinatzerakoan oso kontuan izango da ezponden luzeera osoan ahalik eta izaera naturalena izatea. Ondorioz, ezponda horietan babes artifizial zurrunak jartzea saihestuko da: harri-lubeta edo hormigoizkoak. Behar izanez gero, horien ordez, ingeniaritza biologikoko konponbideak erabiliko dira.

2.c.2.3.– Ibai-ibilgu berriaren ertzak leheneratzea, proiektuak ingurumen-inpaktuaren ebaluaziorako aurkeztutako agirien arabera egingo da. Horren arabera, ibilguaren ertzen diseinuak jarraiko landare-banda jartzeko aukera eskaini beharko du, belarra, sastraza nahiz zuhaitza, ezinbestekoa, errekaren funtzio ekologikoari eusteko.

2.c.2.4.– Erreketako zorbidea, konexiorako ibilgu-tarte berrian nahiz proiektua gauzatuko den lurzatitik ibaian behera, ahalik eta egoera naturalenean geratuko da; beteketarik, itxiturarik edo euren funtzioa galaraz dezakeen beste edozein eginkizunik gabe.

2.c.2.5.– Ekintzak bideratuko dira Fallopia japonica bezalako landare inbaditzaileek indar har ez dezaten. Alde horretatik, landare estaldura leheneratzeko erabilitako lurraren jatorria ongi zaindu beharko da; ez da erabiliko aipatutako espezieek kutsatutako lurrik.

2.c.3.– Ura eta lurzorua babesteko neurriak.

Aplika daitezkeen prozeduren esparruan uren arloko organo eskudunak egoera honetan ezarriko dituen baldintzez gain, honako neurri babesleak eta zuzentzaileak ere hartu beharko dira:

2.c.3.1.– Dekantazio-baltsako isuriek organu eskudunak emandako dagokion isuri-baimena izan beharko du eta bertan ezarritako baldintzak bete beharko ditu.

2.c.3.2.– Dekantazio-baltsak garbitu egin beharko dira, garbitzearen maiztasuna zehaztuko duena tratamendu-sistemaren etekinik onena bermatzea eta uneoro erabilera gaitasun nahikoa edukitzea izango dira.

2.c.3.3.– Obra-makineriarako eta haren mantentze-lanetarako utziko den azalera isolatu egingo da drainatze naturaleko sare batekin. Zola iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistema izango ditu, olioek eta erregaiek lurzorua eta ura kutsa ez dezaten. Ezin izango da erregairik zamatu, oliorik aldatu eta oro har tailerreko lanik egin adierazitako gunetik kanpo.

Elementu horien kokalekua eta neurri zehatzak Ebazpen honen 2.c.11 paragrafoan aipatzen den lan programan jasoko da.

2.c.3.4.– Eraikuntza-fasean, minimizatu egingo dira drainatze-sarera isurtzen diren material finak. Horretarako, urak eramateko gailuak eta sedimentuak atxikitzeko sistemak erabiliko dira, lanek kutsatutako urak batzeko.

Gailu horien neurria zehazteko kalkulu hidraulikoak egingo dira, solidoei ongi eusten dietela bermatzeko, eta dagokionean, gune jakin batean isurtzen dela bermatzeko, betiere, uraren parametro fisiko-kimikoak indarrean dagoen araudiaren araberakoak direla ziurtatuz.

Sistema horien kokalekua eta neurri zehatzak ebazpen honetako 2.c.11 idatz-zatian aipatzen den lan-programan jasoko dira.

Hormigoizko upelen ikuzketa, betiere, horretarako egokitutako eremuetan egingo da. Ez da inola ere onartuko hormigoiaren ikuzketaren hondarrak ibaiaren ibilgura isurtzea. Hormigoiaren hondakinak ebazpen honen 2.c.5 paragrafoan ezartzen diren baldintzen arabera kudeatu beharko dira.

2.c.3.5.– Lurzorua kutsatzen duten substantziak daudela pentsatzeko arrazoi sendoak baldin badaude, lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko otsailaren 4ko 1/2005 Legean ezarritakoa beteko da.

2.c.4.– Airearen kutsadura eta hauts-isuriak saihesteko neurriak.

2.c.4.1.– Obrak dirauen bitartean, ibilgailuak igaro ondoko garbiketa-lanak zorrotz kontrolatuko dira, bai obrek ukitutako ingurunean, bai obretara sartzeko guneetan. Aldi baterako hutsik dauden pistak eta azalerak ureztatzeko sistema eduki beharko da.

2.c.4.2.– Obra-guneko irteeran ibilgailuak garbitzeko gailuak jarriko dituzte, solidoak biltzeko sistema bati kateatuta.

Aipatutako elementuen ezaugarriak, kokapen zehatza eta neurriak ebazpen honetako 2.c.11 puntuan zehaztutako dokumentazioan adieraziko da.

2.c.5.– Soinuek eta bibrazioek eragindako eragina gutxitzeko neurriak.

2.c.5.1.– Eraikuntza-fasean, beharrezkotzat jotzen diren jarraibide egokiak aplikatuko dira, obrako makineriaren mantentze-lanei eta zarata jatorrian murrizteari dagokienez.

2.c.5.2.– Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta isuri akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-isuriei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-isuriak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

2.c.5.3.– Bestalde, proiektua gauzatu ahal izateko eragin-eremuan obren eraginez sortutako zaratek ez dute gaindituko Euskal Autonomi Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritako kalitate akustikoko helburuak, hau guztia aipatutako Dekretuko 35 bis artikuluan aurrikusitakoari utzi gabe.

2.c.6.– Hondakinak kudeatzeko neurriak.

2.c.6.1.– Obrek iraun bitartean sortutako hondakinak hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta arautegi zehatzetan aurreikusitakoarekin bat etorriz kudeatuko dira.

Hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei jarraituz, hondakin oro, lehentasunez, behar bezala baimendutako balorazio-prozesu batetik igaro beharko da. Alde horretatik, honako lehentasun-hurrenkera hau ezartzen da: berriro erabiltzeko prestatzea; birziklatzea; beste balorizazio mota bat, balorizazio energetikoa barne dela.

Hondakin horiei balioa ematea teknikoki, ekonomikoki edo ingurumen-ikuspegitik bideraezina dela behar bezala ziurtatu ondoren soilik deuseztatu ahal izango dira hondakinak.

Debekatuta dago sortzen diren hondakin mota ezberdinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorrian bertan bereiziko dira, eta hondakinak biltzeko eta biltegiratzeko bitarteko egokiak jarriko dira, nahasketarik ez gertatzeko.

2.c.6.2.– Proiektua gauzatzerakoan hondakinak sortzen badira eraikitze- eta eraiste-lanen ondorioz, hondakin horiek honelaxe kudeatuko dira: eraikitze- eta eraiste-hondakinen produkzioa eta kudeaketa arautzen dituzten otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan ezarritakoaren arabera.

Aipatu 112/2012 Dekretuaren 4. artikuluaren arabera, proiektuaren sustatzaileak eraikitze proiektuari hondakinen eta eraikitze- eta eraispen-materialen kudeaketa-azterlan bat gehitu beharko dio; azterlan horrek, I. eranskinean ezarritako gutxieneko edukia izan beharko du.

2.c.6.3.– Zabortegira bidali beharreko hondakinak honelaxe kudeatuko dira: hondakinak zabortegietan utziz deuseztatzea arautzen duen abenduaren 27ko 1481/2001 Errege Dekretuaren, hondakinak zabortegietan utziz deuseztatzea eta betegarriak egikaritzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuaren, eta horien aldaketen arabera.

2.c.6.4.– Hondakin arriskutsuentzako ontzietan kontuan izan beharko dituzte uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak (833/1988 Errege Dekretua, hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko oinarrizko araudia onartzen duena); itxita egongo dira kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.

Aurreko paragrafoan aipatzen diren ontzi edo ontzikiak etiketatuta egon behar dute, eta etiketak argia, irakurtzeko modukoa eta ezabaezina izan beharko du, eta uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuak 14. artikuluan horretarako adierazitako jarraibideen araberakoa.

2.c.6.5.– Olio erabilia kudeatzeko, honako hauek hartuko dira kontuan: industriako olio erabiliaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretua eta olio erabiliaren kudeaketa Euskal Autonomia Erkidegoan arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretua.

Erabilitako olioa, baimendutako kudeatzaile bati eman arte, behar bezala etiketatutako andel estankoetan bilduko da estalitako biltegi batean; andelok azpila edo atxikipen-sistemaren bat eduki beharko dute. Zola iragazgaitzaren gainean egon beharko dute, edozein ihes edo isuriri aurre egiteko prestatuta, elementu nagusia hautsiko balitz ere.

2.c.6.6.– Araudi hau errazago betetzeko, lan desberdinetan sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak edukiko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta horien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, inolaz ere ez da eragingo kontrolatu gabeko efluenterik erregai eta produktuak biltegiratzean eta makineria mantentzeko lanak egitean; ezta hondakinik erreko ere.

Aurrekoaren haritik, eremu jakin bat egokituko da, aldi batean hondakin arriskutsuak pilatzeko; hala nola olio-poteak, iragazkiak, olioak, margoak eta abar. Gainera, hondakin geldoentzako edukiontziak ere jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Halaber, sortutako hondakinak biltzeko gailu estankoak jarriko dira obran (bidoiak, e.a.). Hondakinok euren izaeraren arabera bereiztuko dira, betiere aipatutako puntu garbian aldi batez biltegiratu ondoren.

2.c.7.– Kultura-ondarea babesteko neurriak.

Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legean ezarritako gainerako betebeharrak betetzea aparte utzi gabe, obrak egiterakoan aztarna arkeologikoren bat aurkituz gero, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kulturako Zuzendaritza Orokorrari jakinaraziko zaio berehala, eta hark erabakiko du zein neurri hartu behar diren.

2.c.8.– Paisaia babesteko eta lehengoratzeko neurriak.

2.c.8.1.– Betelanaren paisaiaren lehengoratze proiektua, eta baita errekasto berriak lehengoratzeko neurriak ere, ingurumen-inpaktuaren ebaluaziorako aurkeztutako dokumentazioaren arabera egingo da.

Betelanerako betetze plan bat diseinatuko da, non betetze prozesua ematen den heinean botatze-eremuetan landare-berritze bizkorra egingo den, horrela betetze-fase bakoitzean higadura eta herrestatze arrisku-eremuak ahalik eta txikienak izango dira.

2.c.8.2.– Obrak eragindako eremu guztietan egingo dira obraren paisaia-integraziorako lanak –baita kontratistaren instalazio eremuak edo bestelako eremuak barne–, baita ingurumen-inpaktuaren azterlanean agertu ez arren proiektuaren ondorioz kaltetu direnak ere. Ingurumen-lehengoratzean sartuko dira lurraren berroneratze geomorfologikoa eta edafikoa, baita landare-azalera izan dezaketen guneen landare-berritzea ere, eremu ez urbanizatuen kasurako eta hiri-eremuetan lorategietako elementuak berriz jartzeko.

2.c.8.3.– Lur-mugimenduak egiten diren bitartean, lur begetala modu askotan kendu, pilatu eta zabalduko da, ondoren eragindako espazioak leheneratzeko eta landareberritzea errazteko.

2.c.8.4.– Landare inbaditzaileak ez zabaltzeko ekintzak burutuko dira. Alde horretatik, landare-estalkia leheneratzeko erabilitako lurren jatorria kontrolatu beharko da, espezie horiekin kutsatutako lurrak ez erabiltzeko.

2.c.8.5.– Ingurua leheneratu ondorengo bi urtean, mantentze-lanak egingo dira: lurra aitzurtu, ongarritu, ureztatu eta hutsarteak landareberritu.

2.c.9.– Garbiketa eta obra bukatzea.

Lanak amaitu ondoren garbiketa-kanpaina zorrotza egingo da, proiektuaren eremutik obra-hondar guztiak garbitzeko. Halaber, jardueraren funtzionamenduan zehar, proiektuaren eragin eremuan, periodikoki garbiketa-kanpainak egingo dira.

2.c.10.– Ingurumenari buruzko aholkularitza.

Obrak amaitu arte eta horren bermeak dirauen arte, ingurumen gaietan, kultura-ondarearen zaingoan eta neurri babesle eta zuzentzaileetan, ondo jantzitako aholkularitza eduki beharko du obraren zuzendaritzak, ingurumena-inpaktuaren azterlaneko erabakien arabera. Baldintza-agirian obraren zuzendaritzari izendatutako egitekoak direla eta aipatutako gaiei buruz obraren zuzendaritzak erabakiak hartu aurretik aholkularitza horretako espezialistek egindako txostena hartu beharko dute gogoan.

2.c.11.– Lan-programaren diseinua.

Lanak hasi aurretik kontratatzaileak jarraian datozen idatz-zatietan azaltzen diren gaiei buruzko jarduera-proposamen zehaztua egin beharko du.

– Proposamen horiek lanen gauzatze-programarekin batera jasoko dira eta lanen zuzendariak berariaz onartu beharko ditu, ebazpen honetako aurreko idatz-zatian aipatutako ingurumen-aholkularitzak txostena egin ondoren. Honakoak dira agiriok:

– Kokapenari buruzko xehetasunak eta makinariaren parkea eta obrako material eta hondakinen aldi baterako biltegiratze eremuen ezaugarriak.

– Obretan sortutako eraikuntza- eta eraispen-hondakinak kudeatzeko plana, eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen duen otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuaren 5.1 artikuluan eta eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuaren 7. artikuluan aurreikusitakoari jarraiki.

– Zuzeneko okupazioa egingo ez den aldeetan dauden ingurumen-intereseko eremuak zehatz-mehatz zehaztea eta balizatzea.

– Urak bideratzeko eta sedimentuei eusteko aurreikusitako sare eta sistemen xehetasunak.

– Kamioien gurpilak garbitzeko gailuen ezaugarriak eta kokapena.

2.D.– Ingurumena Zaintzeko Programa.

Ingurumena Zaintzeko Programa sustatzaileak proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusten denaren arabera egingo da (lekuak, parametroak eta neurketen maiztasuna). Gainera, ondoren zehazten diren beste kontrol hauek ere erantsi behar zaizkio.

Programa hori obra kontratatzeko baldintza-agirietan sartuta egon behar da, eta bete ahal izatea bermatuko duen aurrekontuaz hornituko da.

2.d.1.– Gorabeheren erregistroa.

Obrak egin ahala sortutako gorabeheren erregistroa egin beharko da, baita neurri zuzentzaileak eta babesleak noraino bete diren jasotzeko ere. Erregistro hori Ingurumen Sailburuordetzak ikuskatzeko moduan egin beharko da, eta, obrak amaitzen direnean, nolanahi ere, Sailburuordetzara bidali beharko da. Proiektua gauzatzean aldaketarik egin bada, aldaketa horiek xehetasunez adierazi beharko dira. Aldaketa guztiak, gainera, ingurumenean eragin dezaketen kaltearen ikuspegitik justifikatu behar dira.

2.d.2.– Obraren okupazio-mugen kontrola.

Egindako okupazioa proiektuko aurreikuspenekin bat datorrela egiaztatuko da; obrek ez dute aurrez ikusitako azalera baino handiagoa izango.

2.d.3.– Uren kalitatearen kontrola.

Errekastoaren ibai-bideratzea Lamiategiko betelanak egin behar direlako gauzatuko da, betelanean obretako indusketa lanetako honako materiale hauek bakarrik baimenduko dira: kutsatzaile-edukia A ebaluazioko balio adierazleetan (EBA-A) ezarritako baloreen azpitik dutenak. Adierazle horiek lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko otsailaren 4ko 1/2005 Legearen I. eranskinean daude jasota.

Oro har, lanean irekitako zuloetatik ingurumen urtarrera isurketak egin daitezkeenean, 2.c.10 paragrafoan aurreikusten diren ingurumeneko aholkularitzak urak isuri aurretik ur horiek bideratu, drainatu eta eusteko gailuak ondo dabiltzala egiaztatuko dute; euri-aldietan ibaira finik isuri ote den ere aztertuko dute.

Sistema horien funtzionamendua eraginkorra ez dela ikusten bada, beharrezko diren neurriak hartuko dira, kaltea sortzen duten zuloetan lanak aldi baterako gelditzea barne, material esekiz betetako urak lurgaineko ur-ibilguetara irits ez daitezen.

2.d.4.– Leheneratzearen arrakasta kontrolatzea.

Bermearen aldian, proiektuak ukitutako gainazalen lehengoratzeak izan duen arrakastari aldizkako jarraipena egingo zaio, eta, berariaz, baita proiektuaren eraginez ibai-bideratzea jasan duen errekastoaren landare-berritzea.

2.d.5.– Ingurumena Zaintzeko Programari buruzko agiri bategina.

Sustatzaileak Ingurumena Zaintzeko Programaren testu bategina landu beharko du ingurumen inpaktuaren azterlanean, eta ebazpen honetan proposatu diren betebehar guztiak bilduko ditu.

Programa horretan kontrolatuko diren parametroak eta parametro bakoitzerako erreferentziako balioak zehaztuko dira; horrez gain, laginketarako eta analisirako metodologia, kontrolerako puntuen kokapenari buruzko kartografia xehatua, haien maiztasuna eta guztia gauzatzeko aurrekontuaren gaineko xehetasunak ere jasoko dira.

2.d.6.– Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak bidaltzea.

Ingurumena zaintzeko programa osatzen duten txosten eta analisien emaitzak behar bezala erregistratu eta Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritza honetara bidaliko dira. Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak urtean behin bidaliko dira, ingurumenean aditua den erakundeak egindako txostenarekin batera. Aipatutako txostenean, emaitzen analisia jasoko da, epe horretan emandako gertakari nagusiak, gertakarien arrazoiak eta konponbideak bereziki aipatuta.

Sustatzaileak datuak euskarri egokian bilduko ditu bi urtez gutxienez, eta Herri Administrazioen ikuskaritza zerbitzuen eskueran egongo dira; hori guztia, hala ere, ez da eragozpen izango kasu bakoitzean aplikagarri den araudia betetzeko.

2.E.– Baldin eta arautegi berria indarrean sartzeak edo barneratzen diren sistemen egiturari eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrak hala egitera bagaramatza, neurri babesle zein zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa aldarazi ahal izango dira, bai neurtu behar diren parametroen kasuan, baita neurketaren aldizkakotasuna eta aipatutako parametroek hartu behar duten tarteari dagozkion mugen kasuan ere. Era berean, jardueraren sustatzaileak hala eskatuta, edo ofizioz, ingurumen-organoak neurri babesle zein zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa aldaraz ditzake. Hori guztia, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta, edo ingurumenarekiko inpaktua saihesteko ezarri diren neurri babesle, zuzentzaile zein osabidezkoak gutxiegizkoak direla egiaztatzen denean.

2.F.– Ebazpen honek aurreko idatz-zatietan ezarritakori kalterik egin gabe, proiekturen sustatzaileak jarraian aipatutako agiriak helaraziko dizkio ingurumen-organo honi, espedientean txertatzeko.

2.f.1.– Obrak hasi aurretik ingurumena zaintzeko programako agiri bategina.

Agiri hori Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzara bidali beharko du eskumena duen organoak, oniritzia eman ondoren.

2.f.2.– Obrak amaitu eta bi hilabeteko epean baino lehen, obrak garatu bitartean sortutako gorabeheren erregistroa, neurri babesleak eta zuzentzaileak zein neurritaraino bete diren jasoko duena, ebazpen honen 2.d.1 idatz-zatian aurreikusitakoaren arabera.

2.f.3.– Urtero, obrak hasten direnetik, ingurumena zaintzeko programari buruzko dokumentua.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 47.8 artikuluaren arabera, bi urteko epea ezartzea proiektua egikaritzen hasteko, ingurumenaren gaineko inpaktuaren adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik. Epe hori proiektuari hasiera eman gabe bukatzen bada, sustatzaileari egotzi dakizkiokeen arrazoiengatik, ingurumenaren gaineko inpaktuaren adierazpen hau baliogabetu egingo da. Hala ere, organo aginpidedunak hasiera emateko epea luzatu ahal izango du, behar bezala justifikatutako arrazoirik balego.

4.– Proiektuek ingurumenaren gainean duten eraginari buruzko testu bategina onesten duen urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren 14.3 artikuluan ezarritakoaren arabera, proiektuaren sustatzaileak aldez aurretik jakinarazi beharko dio ingurumen-organoari proiektuari dagozkion lanak zein egunetan hasiko diren.

5.– Ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko urriaren 16a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

ALEJANDRA ITURRIOZ UNZUETA.


Azterketa dokumentala