Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

204. zk., 2013ko urriaren 24a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA
4573

430/2013 DEKRETUA, urriaren 16koa, zeinaren bidez urgentziako deklaratzen baita Menagarai-Beotegiko Kontzejuak, nahitaez desjabetzeko, honako eskubide eta ondasunak okupatzea: «Menagarai-Beotegin hondakin uren saneamendu partzialerako eta argiteria publikoa baserri sakabanatuei bideratzeko proiektua» burutzeko beharrezko ondasun eta eskubideak.

Menagarai-Beotegiko Kontzejuak, «Menagarai-Beotegin hondakin uren saneamendu partzialerako eta argiteria publikoa baserri sakabanatuei bideratzeko proiektua» espedientea formalki onartu eta gero, proiektua gauzatzeko lur guztiak erabiltzeko beharra adierazi zuen.

2013ko otsailaren 2an, Menagarai-Beotegiko Kontzejuak nahitaezko desjabetze espedientea hastea eta ondasun eta eskubideen zerrenda jendaurrean jartzea erabaki zuen, hilabeteko epez prentsan eta 2013ko martxoaren 1eko Arabako Aldizkari Ofizialean (26 zk.) iragarkiak txertatuz. 2013ko otsailaren 2an ere, Menagarai-Beotegiko Kontzejuak erabaki zuen Eusko Jaurlaritzari eskatzea proiektuak eragiten dituen eskubide eta ondasunak okupatzeko premiazkotasunaren adierazpena, Nahitaezko Desjabetzearen Legearen 52. artikuluan ezarritakoa betetzeko.

Urgentziaz okupatu beharreko ondasunak eta eskubideak banakatuta eta zehazturik agertzen dira dosierrean jasotako zerrendan, identifikazioak egiteko datu askirekin agertu ere. Zerrenda hori jendaurrean jarri zen egoki zenean, eta alegazio bi aurkeztu ziren, administrazio-espedientean adierazten denez.

Zerbitzu teknikoek ikusi dutenez, ez dago espedientea izapidetzeko inolako hirigintza-oztoporik.

Ondasun eta eskubide horiek okupatzea luza ezinezkotzat jotzen da, honako arrazoi hauengatik:

Menagarai-Beotegiko eskualdearen saneamendua hobetzea eta isuri desegokiak saihestea nahi delako, kolektore bidez.

Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 26.1.f) artikuluan xedatzen denaren arabera, Eusko Jaurlaritzari dagokio nahitaez desjabetu beharreko ondasun eta eskubideak urgentziaz okupatu behar direla deklaratzea, nahitaezko desjabetzeak honako hauek hartzen dituenean: burutze-unitate osoak, lurraldearen hirigintza-antolaketari dagozkion sistema orokorrak edo antolaketa horren elementuren bat eta hiri-lurzoruan egin beharreko banakako jarduketak. Goian aipatutako Lege horrek 26.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, orduko Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurugiroko sailburuari zegokion horretarako proposamena Jaurlaritzaren Kontseiluari aurkeztea.

Hori dela bide, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak proposaturik, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2013ko urriaren 16an egindako bilkuran aztertu eta onetsi ondoren, hauxe

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.- Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko Legearen 26.ean xedatutakoari jarraituz, nahitaez desjabetzeko, «Menagarai-Beotegin hondakin uren saneamendu partzialerako eta argiteria publikoa baserri sakabanatuei bideratzeko proiektua» burutzeko beharrezkoak diren ondasun eta eskubideak Menagarai-Beotegiko Kontzejuak urgentziaz okupatu beharrekoak direla deklaratzea. Berariaz hasarazitako espedientean jasotako zerrendan daude zehaztu eta banakatuta ondasun eta eskubide horiek.

AZKEN XEDAPENA

Administrazio-bidea amaitzen duen dekretu honen aurka, lehenik, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa jar dakioke Jaurlaritzaren Kontseiluari, hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan, bi hilabeteko epean. Epeok, dekretu hau argitaratu eta hurrengo egunetik hara zenbatuko dira.

Vitoria-Gasteizen, 2013ko urriaren 16an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua,

ANA ISABEL OREGI BASTARRIKA.


Azterketa dokumentala