Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

204. zk., 2013ko urriaren 24a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
4570

EBAZPENA, 2013ko urriaren 3koa, Familia Politikarako eta Komunitate Garapenerako zuzendariarena, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2013ko maiatzaren 8ko Aginduaren babesean aurkeztutako dirulaguntza-eskabideak ebazten dituena. Agindu horren bidez, immigrazioko langile teknikariak kontratatzeko laguntzetarako oinarriak eta laguntza horietarako deialdia egiten da 2013 urterako.

AURREKARIAK

1.– Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2013ko maiatzaren 8ko Aginduaren bidez (EHAA, 2013ko ekainaren 5ekoa), erakunde publikoei esku-hartze sozialaren esparruan programa, proiektu eta jardueretarako laguntza teknikoa edo administratiboa emateko eta horiek garatzeko laguntzetarako oinarriak zehaztu eta laguntza horietarako deialdia egiten da. Aipatutako Aginduaren III. Kapituluan dirulaguntzen bigarren lerroa arautzen da: immigrazioko teknikarien kontratazioaren jarraipenerako eta kultura arteko bizikidetzaren alorreko jardueretarako laguntzak. Eta, Agindu horren 18. artikuluak immigrazio teknikarien kontratazioarekin jarraitzeko erakunde publikoei zuzendutako dirulaguntzen aurrekontu kreditua zehazten du.

2.– 2013ko maiatzaren 8ko Aginduaren 19.2 artikuluak honakoak zehazten ditu: alde batetik, dirulaguntza eskuratzeko eskatzaileak bete beharreko betekizun eta baldintzak; eta, bestetik, dirulaguntzak esleitzeko irizpide zehatzak.

3.– Enplegu eta Gizarte Politiketako Saileko Familia Politikarako eta Komunitate Garapenerako Zuzendaritzan immigrazio teknikarien kontratazioarekin aurrera jarraitzeko dirulaguntza eskatu duten erakunde publikoak I. eranskinean adierazitakoak dira.

2013ko maiatzaren 8ko Aginduaren 8.4 artikulua betez, eta Familia Politikarako eta Komunitate Garapenerako Zuzendaritzako zerbitzuek landutako txosten teknikoa ikusita, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– II. eranskinean zehazten diren erakunde publikoei bertan adierazitako diru-kopuruak ematea, ondorengo kontzeptupean: Immigrazio teknikariak kontratatzen jarraitzeko.

Bigarrena.– III. eranskinean jakinarazten diren dirulaguntza-eskabideak ukatzea.

Hirugarrena.– Emandako dirulaguntza bi epetan ordainduko da:

a) Aurreikusitako epea uko egin gabe igaro ondoren % 70 emango da, dirulaguntza ematen den egunetik hasita hilabeteko epean.

b) Gainerako % 30, ondorengo puntuetan ezarritakoaren arabera zuritzen denetik kontatzen hasi eta bi hilabeteko epean.

Laugarrena.– Erakunde onuradunak diruz lagundutako jarduerak plazaratu, zabaldu edo argitaratzen dituenean, nahitaez adierazi eta jasoarazi beharko du horietan, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren laguntza izan duela.

Bosgarrena.– Gastuen justifikazio orokorra 2014ko lehenengo bi hilabeteetan egingo da, jatorrizko egiaztapen-dokumentuen ekarpenaren bidez edota, salbuespen gisa, dokumentu horien kopia konpultsatuen bidez edo dagokion erakunde publikoan fede publikoa duen pertsonak aldez aurretik ziurtagiria eman ondoren. Azken kasu horretan, ziurtagiriak immigrazio teknikari gisa kontratatu diren pertsonen kopurua eta lanbide-kategoria, horien ordainsariek eragindako guztizko kostu ekonomikoa eta garatutako jardueren zerrenda eta kostua adieraziko ditu, 2013 urteari dagozkionak.

Seigarrena.– Dirulaguntzaren gastuak zuritzeko bidaltzen diren agiriak aztertu ondoren bigarren ordainketa gutxitu behar izatea gertatuz gero, edo Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari jasotako guztia edo zati bat itzuli behar izanez gero, bai gehiegizko finantzaketa egon delako edo bai eskatutako ordainagiri guztiak aurkeztu ez direlako, Familia Politikarako eta Komunitate Garapenerako zuzendariak banakako kitapen-ebazpena emango du ziurtagiriak aurkezteko epea bukatzen denetik hasi eta bi hilabeteko epean, eta, hala badagokio, bi hilabeteko epea emango du, ebazpena jasotzen denez geroztik, itzuli beharrekoa itzultzeko.

Zazpigarrena.– Dirulaguntzak eta horien jasotzaileak ere Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko dira.

Familia Politikarako eta Komunitate Garapenerako zuzendariaren ebazpen honek ez du administrazio-bidea amaitzen, eta haren kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Gizarte Politiketako sailburuordeari, hilabeteko epean, jakinarazpen hau jaso eta biharamunetik kontatzen hasita, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 114 eta 115 artikuluek xedatutakoaren arabera.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko urriaren 3a.

Familia Politikarako eta Komunitate Garapenerako zuzendaria,

JOSÉ LUIS MADRAZO JUANES.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala