Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

204. zk., 2013ko urriaren 24a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
4565

AGINDUA, 2013ko urriaren 9koa, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuarena, udalei bake-epaitegien 2013ko funtzionamendu-gastuetarako diru-laguntzak emateko oinarriak ezartzeko dena.

Botere Judizialaren Lege Organikoak xedatzen duenez, udalerriaren esparruan txertatutako organoak dira bake-epaitegiak, eta Auzitegi eta Epaitegien Mugape eta Antolaketari buruzko abenduaren 28ko 38/1988 Legearen 50. eta hurrengo artikuluetan jasotako aurreikuspenen arabera, instalazioak eta baliabide materialak, besteak beste, udalaren ardura dira aipatutako bake-epaitegirik dagoen lekuetan. Artikulu horietan jasotzen da, halaber, udalei diru-laguntzak eman behar zaizkiela, eta, hori dela-eta, ez zaio orain arte uko egin aipatutako organoetako baliabide materialen mantenurako udalekin izan ohi den lankidetzari.

Bake Justiziari buruzko abenduaren 22ko 411/1998 Dekretuak han-hemengo arauak bildu ditu, arlo horretako diru-laguntzei buruzko alderdi orokorrak arautzeko.

Horrela, diru-laguntzen programa bat garatu da Euskal Autonomia Erkidegoan, udalek bake epaitegien arloan dituzten beharrei aurre egiteko sostengu ekonomiko gisa. Hori dela-eta, 1990. urtetik hona Euskal Autonomia Erkidegoko udalei eman beharreko laguntzak arautu dira baita laguntza horietarako deialdiak egin ere, bake-epaitegien funtzionamendu- eta inbertsio-gastuei aurre egin diezaieten.

Esandakoaren ondorioz, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartu zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza-Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Euskal Autonomia Erkidegoko udalei diru-laguntzak ematea da agindu honen helburua, beren udalerrietako bake-epaitegien 2013ko funtzionamendu-gastuei aurre egin diezaieten.

2. artikulua.– Erakunde onuradunak.

Bake-epaitegia duten Euskal Autonomia Erkidegoko udal guztiek jaso ditzakete agindu honetan araututako diru-laguntzak.

3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Bake-epaitegietako funtzionamendu-gastuetarako gehienez 457.475 euroko diru-laguntza emango da guztira.

4. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduerak.

1.– Udal bakoitzari eman beharreko diru-laguntzak udalerri bakoitzak daukan biztanle-kopuruaren arabera kalkulatuko dira, eskala honi jarraikiz:

(Ikus .PDF)

Taula hori aplikatuta ateratako kopuruak ondoren azaltzen diren faktore zuzentzaileen arabera egokituko dira:

1) 1.850 euroko osagarria jasoko dute udalek, udalerrian espetxea badago.

2) Udalerriko biztanleriaren arabera egokituko litzaiekeen kopuruaren % 85 jasoko dute udalek, udalerriko bake-epaitegiko idazkaritza langile bakarreko idazkaritza-talde bateko partaidea bada.

3) Aurreko paragrafoan aipatutako idazkaritza-taldeen egoitza udalerrian kokatuta duten udalek, arau orokorren arabera dagokien zenbatekoaren % 100az gain, udalerriko biztanleriaren arabera idazkaritza-taldeko udalei dagokien zenbatekoaren % 15 jasoko dute.

2.– Diru-laguntzak emateko, udalerriko biztanleria besterik ez da kontuan hartuko, erakunde eskudunaren azken argitalpen ofiziala aintzat hartuta.

5. artikulua.– Diru-laguntzak emateari buruzko ebazpena argitaratzea.

1.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik hilabeteko epean, Justizia Administrazioko zuzendariak ofizioz ebatziko du, aldizkari ofizial horretan bertan argitaratuko den ebazpen baten bidez.

2.– Aurreko idatzi-zatian ezarritako epean Justizia Administrazioko zuzendariak ebazpenik ematen ez badu, eskaerak ezetsitzat joko dira, administrazio-isiltasunaren bidez.

3.– Artikulu honen 1. paragrafoan xedatutako emate-ebazpena argitaratu ostean ordainduko zaizkie diru-laguntzak udal onuradunei.

6. artikulua.– Diru-laguntzak kudeatzeko organoa.

Justizia Administrazioko Zuzendaritzak, diru-laguntzak emateko arauak eta baldintzak betetzen direla ikusteko, deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak kudeatzeko lanak egingo ditu, besteak beste, egokitzat jotzen dituen gainbegiratu, ikuskatu eta egiaztatzekoak direnak.

7. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

1.– Udal onuradunek Justizia Administrazioko Zuzendaritzari ezagutarazi beharko dizkiete beste edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatuengandik helburu bererako jasotako laguntza edo diru-laguntzak, diru-sarrerak nahiz bestelako baliabideak.

2.– Diru-laguntza jasotzen duten udalak behartuta daude Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, diru-laguntzen destinoa fiskalizatzeko duten funtzioa betez, eskatzen dieten informazio guztia ematera.

3.– Adierazitako destinoa betetzeko erabili beharko dute diru-laguntza udal onuradunek.

4.– Bake Justiziari buruzko abenduaren 12ko 411/1998 Dekretuko 14.1 artikuluan ezarritakoa betez, udalek urteroko lehen hiru hilabeteetan memoria aurkeztu beharko diote Justizia Justizia Administrazioko Zuzendaritzari, eta bertan azaldu zein udal-bitarteko eta instalazio erabili ziren aurreko urtean bake-epaitegiari zerbitzua emateko, eta gastu errealak zenbatekoak izan ziren. Agindu honetako II. eranskinean ezarritako eredua erabilita idatziko da memoria.

Justifikatutako gastua onartutako diru-laguntza baino txikiagoa bada, justifikatu gabeko zenbatekoa bueltatu beharko da Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Errege Dekretuko 53. artikuluarekin eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen eta horien kudeaketan parte hartzen duten Izaiki Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuko 4. eta 5. artikuluekin bat etorriz.

5.– Agindu honetan araututako diru-laguntzak bateragarriak izango dira entitate publiko edo pribatuek xede berarekin ematen dituztenekin, betiere guztiak batuta diru-laguntza honen objektu den gastuaren % 100 gainditzen ez bada. Halakorik gertatuz gero, gastuaren % 100 gainditzen duen kopurua kenduko zaio deialdi honen arabera dagokion diru-laguntzari.

6.– Diru-laguntza emateko kontuan izandako baldintzak aldatu egiten badira edo agindu honen objektu den diru-laguntzaz gain beste laguntzaren bat jasotzen bada beste administrazio edo erakunde publiko nahiz pribaturen batengandik, diru-laguntza emateko ebazpena aldatu egin ahal izango da, betiere, laguntza eskuratzeko bete beharreko betekizunak bete gabe uzten ez direnean.

7.– Diru-laguntza emateko betekizunak betetzen ez direla frogatzen bada, Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari itzuli egin beharko zaizkio, batetik, jasotako kopuruak eta, bestetik, sortutako legezko interesak, hala agintzen baitute Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen eta horien kudeaketan parte hartzen duten Izaiki Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak. Itzultzeko modua ere aipatutako dekretuetan jasotzen da.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honetan aurreikusi gabeko alderdiei arau hauek aplikatuko zaizkie: batetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legea, bereziki VI. tituluan ezarritakoa (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartutako testu bategina, 1998ko urtarrilaren 19ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratua); bestetik, administrazio-prozedura erkidearen araudia, baita Bake Justiziari buruzko abenduaren 22ko 411/1998 Dekretua ere.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, interesdunek berraztertze-errekurtsoa jar diezaiokete Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita; edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko urriaren 9a.

Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,

JOSU IÑAKI ERCORECA GERVASIO.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala