Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

199. zk., 2013ko urriaren 17a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LEHENDAKARITZA
4421

EBAZPENA, 2013ko irailaren 10ekoa, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariarena, Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko ikerlanen argitalpenen I. Lehiaketarako deialdia egiten duena 2013. urterako.

Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen helburu nagusia da emakumeen eta gizonen artean berdintasun benetakoa eta eraginkorra lortzea Euskal Autonomia Erkidegoko politikagintza, ekonomia, kulturgintza eta gizartearen eremu guztietan. Ildo horretan, Emakunde da Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan emakume eta gizonen berdintasun-politika bultzatu, aholkatu, planifikatu eta ebaluatzen duen erakundea, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak ezartzen duenaren arabera.

Berdintasunaren aldeko politikak garatuko baditugu, aztertu beharra daukagu, batetik, zer genero-harreman eta -rol dauden egun emakumeen eta gizonen artean eremu guztietan dauden ezberdintasunen oinarrian, eta, bestetik, abian jartzen diren ekimenek nola eragiten duten edo nola eragin dezaketen. Azterlan horiek zabaltzea nahitaezkoa da eztabaida publikorako eta erabaki politikoak hartzeko; are gehiago genero-ikuspegia politika guztietan txertatu nahi badugu.

Horrela, bada, profesionalek eta gizarte-eragileek egindako ikerketen argitalpena eta zabalkundea sustatzeko eta laguntzeko, ebazpen hau sortu da, Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko ikerlanen argitalpenen I. Lehiaketaren deialdia arautzeko (2013); izan ere, arlo horretan egin diren eta gizartearen interesekoak diren ikerlanak azpimarratu eta erakusgarri jarri nahi baitira. Azaldutako helburu guztiak aintzat hartuta, deialdi hau arautuko dugu, publizitate-, lehia- eta objektibotasun-irizpideen arabera.

Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Deialdia.

Ebazpen honen helburua da Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko ikerlanen argitalpenen I. Lehiaketa arautzea eta 2013ko deialdia egitea. Deialdi horren bidez, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzen laguntzen duten ikerlanak hautatuko dira, argitalpen digitalaren bidez zabalkundea emateko. Ebazpen honen I. eranskinean onartzen eta jasotzen dira deialdiaren oinarriak.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Ebazpen honek amaitu egiten du administrazio-bidea, eta, beraren aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete, zuzenean, dagokion Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, ebazpena EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Prozeduraren arloan aurreikusi gabekoari dagokionez, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea aplikatu beharko da.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko irailaren 10a.

Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendaria,

MIREN IZASKUN LANDAIDA LARIZGOITIA.

I. ERANSKINA
EMAKUMEEN ETA GIZONEN ARTEKO BERDINTASUNAREN ARLOKO IKERLANEN ARGITALPENEN I. LEHIAKETA (2013. URTEA)

Lehenengoa.– Xedea.

Lehiaketa honen bidez, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzen laguntzen duten ikerlanak hautatu nahi dira, helburu izanik lan horiei zabalkundea ematea, euren argitalpen digitalaren bidez.

Bigarrena.– Lehentasunezko gaiak.

Honako hauek jotzen dira ikerlanen argitalpenaren lehentasunezko gaitzat:

1.– Balioen aldaketa, batik bat, haurtzaro eta gaztaroaren eremuetan.

2.– Emakumeek zientziaren, teknologiaren eta berrikuntzaren arloan duten jarrera hobetzeko estrategiak: hezkuntzakoak, akademikoak, enpresarialak.

3.– Antolamendu sozioekonomikoen aldaketak, ekoizpen eta ugalketaren eremuetan oreka handiagoa lortzen laguntzen dutenak.

4.– Emakumeen aurkako indarkeria prebenitzea.

Hirugarrena.– Helburuak.

Aurkezten diren ikerlanek helburu hauek lortzen lagundu behar dute:

– Hobeto ezagutzea emakumeen eta gizonen egoera, baldintza eta haien arteko ezberdintasunak, baita bizitzaren arloetan genero-harremanak zer-nolakoak diren eta ezberdintasunak zerk eragiten dituen ere.

– Berdintasun-politiketarako jardunbide egokiak izan daitezkeen ikerketen emaitzak ezagutaraztea.

Laugarrena.– Hautaketa eta Saria.

1.– Saria izango da erakusgarri jartzea emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren aldeko gaien ikerketan jarduten dutenen ekoizpen intelektuala, izan bakarka egindakoa, izan lankidetzan egindakoa, hots, unitate akademiko batetik edo diziplina arteko izaera duten beste unitate batzuetatik datorren lankidetzan egindakoa (izaera hori izango dute gizartearen intereseko jakintza-arlo batzuk nahasten dituztelako). Saria jasotzen duten lanak editatu egingo ditu Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak, eta bere web orrian ere jarriko ditu.

2.– Gehienez ere 4 sari emango dira, eta gainerakoak ordezko gisa utziko dira, edo atzera botako dira. Epaimahaiaren ustez aurkeztutako lanek gutxieneko mailarik ez badute, sariak eman gabe utzi ahal izango dira.

3.– Deialdi hau lehiaketa-prozeduraz ebatziko da. Ondorio horietarako, lehiaketa izango da prozedura bat zeinaren bidez saria emango baita aurkezten diren hautagaitzak alderatuta, helburu izanik hautagaitza horien arteko lehentasuna finkatzea, 9. oinarrian finkatutako esleipen-irizpideei jarraituz. Saria emateko, irizpide horiek aplikatuz lortzen den puntuazio-hurrenkerari jarraituko zaio.

Bosgarrena.– Hautagaitzak aurkeztea.

1.– Hautagaitzak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Lehiaketa honetan pertsona fisiko orok parte hartu ahal izango du –bai bakarka, bai taldean–, baldin eta ez badu diru-laguntza edo laguntza publikoak jasotzeko zehapen administratibo edo penalik, ezta ere horretarako gaitasuna kentzen dion lege-debekurik (berariazko erreferentzia egiten zaio sexuaren ziozko bereizkeria egiteagatik jarritakoei, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen Seigarren Azken Xedapenean xedatutakoarekin bat etorriz). Honako baldintza hauek bete beharko dituzte hautagaitzek:

a) Argitaratu behar den ikerlana Euskal Autonomia Erkidegoan landua eta azken bi urteetan amaitua izatea.

b) Lehen argitaraldia izatea.

c) Argitaratu beharreko ikerlanak hizkera ez sexista erabiliz idatzita egotea.

3.– Hautagaitzak zuzenean aurkeztuko dira Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundean (Manuel Iradier 36; 01005 Vitoria-Gasteiz), edo, bestela, posta ziurtatu bidez edo 30/1992 Legearen 38. artikuluan aurreikusitako edozein modutan bidaliko dira (30/1992 Legea, azaroaren 26koa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa).

4.– Honako agiri hauek ere aurkeztu behar dira:

– II. eranskina: Hautagaitza.

– III. eranskina: Memoria eta argitaratuko den material osoa.

5.– Talde batek aurkezten duen hautagaitza bada, taldekide bat izendatu beharko dute Administrazioaren aurrean koordinatzaile eta ordezkari izan dadin.

6.– Beharrezko iritziz gero, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak egokitzat jotzen duen informazio osagarria eska dezake.

Seigarrena.– Hautagaitzetan dauden hutsak zuzentzea.

Diru-laguntzarako eskabideak behar bezala betetzen ez badira edo 5. oinarrian eskatutako agiriren bat falta badute, Emakundek falta den agiria aurkezteko edo atzemandako hutsa zuzentzeko eskatuko dio eskatzaileari, eta horretarako, hamar eguneko epea emango dio jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera. Horretaz gain, ohartarazten zaio ezen, eskatutakoa egin ezean eskaera ezetsi egingo dela, aurretiaz ebazpena eman ondoren, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42. artikuluan agindutakoari jarraikiz (30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearena).

Zazpigarrena.– Lehiaketan parte hartuko duten ikerlanen ezaugarriak.

1.– Ikerlanaren egileak edo egileek testuaren azken bertsioa aurkeztu behar du(te). Egileek badute ikerlan sarituen testua aldatzea, baina soil-soilik % 5, lehiaketara aurkeztutako bertsioarekiko.

2.– Ikerlanak jatorrizkoak eta argitaratu gabeak izan behar dira, aurrez argitaratzeko laguntza ekonomikorik edo saririk jaso gabeak.

3.– Eraztunez lotutako kopia inprimatu bat entregatuko da.

Zortzigarrena.– Hautaketa Batzordea.

1.– Hautaketa Batzorde bat eratuko da aurkeztutako ikerlanak aztertzeko eta ebaluatzeko, zeina Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko kide hauek osatuko baitute:

Presidentea: Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko idazkari nagusia.

Bokalak:

– Azterlan, Dokumentazio eta Plangintza Arloko arduraduna.

– Aholkularitza Juridikokoaren Arloko arduraduna.

– Programa eta Prestakuntza Arloko arduraduna.

Idazkaria: Aholkularitza Juridikoaren Arloko arduradunak egingo ditu idazkari-lanak.

2.– Hautaketa Batzordeak, behin hautagaitzak ebaluatuta, proposamena egingo dio Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariari.

3.– Batzordeak arlo horretan adituak direnen laguntza eta aholkularitza izan dezake.

4.– Hautaketa Batzordearen osaera EHAAn argitaratuko da.

Bederatzigarrena.– Esleitzeko irizpideak.

Hautaketa Batzordeak, erabakia hartzeko, irizpide hauek izango ditu kontuan, betiere bakoitzari emandako puntuazioaren arabera:

A) Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko ikerlanen kalitatea, oro har. Gehienez, 90 puntu, honela banatuta:

– Lanaren edukiak aurkezteko eta egituratzeko zehaztasuna (gehienez, 15 puntu).

– Lanaren kalitatea (20 puntu, gehienez).

– Helburuak zenbateraino bete diren (15 puntu, gehienez).

– Lehentasunezko gaiekiko lotura (15 puntu, gehienez).

– Ikerlanen zabalkundeak duen interesa eta garrantzia (15 puntu, gehienez).

– Landutako gaiaren alderdi berritzaileak (10 puntu, gehienez).

B) Emakumeen eta gizonen berdintasunari buruz euskaraz egindako ikerlanak (10 puntu, gehienez).

Hamargarrena.– Ebazpena.

1.– Hautagaitzak Hautaketa Batzordeak ebaluatuko ditu, diru-laguntzak esleitzeko irizpideen arabera; eta, ondoren, proposamena bidaliko dio Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariari. Emakundeko zuzendariak ebazpen espresua emango du saritutako hautagaitzak zeintzuk izan diren adierazteko, eta lehiaketa-prozesuari amaiera emango zaio.

2.– Ebazpen hori hautagaitza bakarka aurkeztu duen pertsonari edo –taldekako hautagaitzen kasuan– taldeak izendatutako pertsonari jakinaraziko zaio. Saritutako argitalpenen zerrenda Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ere argitaratuko da, jendeak horren berri izan dezan.

3.– Eskabideak ebazteko eta ebazpena jakinarazteko epea sei hilekoa izango da gehienez ere, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

4.– Epe horretan pertsona edo erakunde interesdunari ebazpenik jakinarazten ez bazaio, eskaera ezetsi egin dela esan nahiko du, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz (30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa).

5.– Ebazpenean saritutako hautagaitzen zerrenda jasoko da, horiei dagozkien ikerlanak identifikatuta, eta horretaz gain, ordezkoen zerrenda ordenatu bat ere jasoko da, bakarren batek sariari uko egiten badio ere.

Hamaikagarrena.– Jabetza intelektualaren eskubideak.

1.– Ustiapen ekonomikorako aukera ematen duten jabetza intelektualeko eskubideak, ikerlan sarituen egileei dagozkienak, doan lagako zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari, izaera ez esklusiboaz, jabetza intelektualari buruz indarrean dagoen legerian ezarrita dagoen bezala.

2.– Eskubide horiek erreproduzitzeko, banatzeko, jendaurrean komunikatzeko eta eraldatzeko ustiapen-eskubideak dira, eta, orobat, ekonomikoki ustiatu daitezkeen gainerakoak, hain justu ere, mugarik gabe eta egungo hizkuntza eta prozedura ororen bitartez erabil daitezkeenak, jabetza intelektualari buruz aplikatu daitekeen araudiaren arabera xedaezinak diren baldintza eta mugen arabera.

Hamabigarrena.– Hautagaitzen betebeharrak.

1.– Lehiaketa honetan parte hartzeak esan nahi du oinarri guztiak onartzen direla.

2.– Lehiaketan sarituak izan diren ikerlanen egileek euskarri digitalean aurkeztu behar dute ikerlanaren behin betiko testu gainbegiratua, saria ematen dien ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean. Hala egiten ez badute, lehiaketan parte hartzeari uko egiten diela ulertuko da.

3.– Sarituak izan ez diren lanak berreskuratu ahal izango dituzte egileek, behin sarien ebazpena argitaratzen denean. Administrazioa ez da izango hilabete igaro ondoren jaso ez diren lanen erantzulea.

4.– Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak aukera du testuaren formatua aldatzeko, gero argitaratu ahal izateko. Argitalpenean jaso egin behar da ikerlan hori Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak saritu duela, eta argitalpen horretan erakundearen logotipoak ere agertu behar du.

Hamahirugarrena.– Datu pertsonalen tratamendua.

Lehiaketa honetan parte hartzen dutenen datu pertsonalak Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen fitxategi automatizatu batean sartuko dira, datuen tratamendua egiteko. Fitxategi hori Datu Pertsonalak Babesteari buruzko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakora lotuta dago. Fitxategi hori Erakundeak sustatzen dituen laguntzak kudeatzeko baino ez da erabiliko. Interesdunek eskubidea dute datuak ikusteko, zuzentzeko, ezerezteko eta horien aurka egiteko, Legearen arabera. Eskubide horietaz baliatzeko, idazki bat bidali beharko diote fitxategiaren arduradunari, hots, Azterlan, Plangintza eta Dokumentazio Arloari (Manuel Iradier kalea 36; 01005 Vitoria-Gasteiz).

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala