Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

195. zk., 2013ko urriaren 11, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
4322

EBAZPENA, 2013ko irailaren 3koa, Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendariarena, zeinen bidez Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko Lurralde Ordezkaritzen esku uzten baita Meategien arloko zenbait gairi buruzko eskumena.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 190/2013 Dekretuaren arabera, Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendariari dagokio –ezarrita dituen egitekoak betez– administrazio-egintzak ematea. Egiteko horien artean dago, besteak beste, aldez aurretiko administrazio-baimena behar duten meategien arloko espedienteak kudeatzea, izapidetzea eta ebaztea.

Apirilaren 9ko 190/2013 Dekretuaren 23. artikuluan ezartzen duenez, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren lurralde-ordezkaritza bat egongo da lurralde historiko bakoitzean, eta ordezkaritza horrek funtzio betearazleak izango ditu Sailaren eskumeneko arloetan, eta dagokion jarduteko lurralde-eremuan, betiere.

Industria, Merkataritza eta Turismoko lurralde-bulegoen egitura organikoa eta funtzionala arautzeko Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2006ko abenduaren 4ko Aginduan ezartzen duenez, Industria, Merkataritza eta Turismoko lurralde-bulegoetan beteko dira arauen eremu teknikoan duten eragin mailagatik espresuki lurralde-bulegoei eskuordetzen zaizkien administrazio-espedienteak izapidetzeko eta ebazteko eskumenak eta egitekoak.

Apirilaren 9ko 190/2013 Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriak ezartzen duenez, lehenago aipatutako 2006ko abenduaren 4ko Aginduan Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren lurralde-bulegoei eta lurralde-bulegoetako buruei egindako erreferentziak Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko lurralde-ordezkariei buruz egindakotzat ulertuko dira.

Lehen aipatutako egitura organikoa eta funtzionalaren dekretu berria argitaratzeak –marko juridikoa aldatzen duena eta zenbait jarduketa-irizpide ezartzen dituena– beharrezko egiten du indarrik gabe uztea Energia eta Meategien zuzendariaren 2008ko maiatzaren 16ko Ebazpena, zeinen bidez Industria, Merkataritza eta Turismoko lurralde-bulegoen esku uzten baitzen Meategien arloko zenbait ebazpen emateko eskumena; ebazpen honek ordezkatuko du lehengoa.

Aurreko guztia ikusirik, egoki irizten zaio ebazpen honen xedapenetan aipatzen diren gaiak Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko lurralde-ordezkaritzen esku uzteari.

Ondorioz, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 13. artikuluan xedatutakoarekin bat eginez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren lurralde-ordezkaritzen esku uztea Meategien arloko egiteko hauen gaineko eskumena, bakoitzari dagokion jarduteko lurralde-eremuan, betiere:

– A) edo B) ataletako baliabideak aprobetxatzeko baimenak eta C) edo D) ataletako baliabideak aprobetxatzeko onarpenak emateko ebazpen-proposamenak izapidetzea, horien berri ematea eta Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendariak behin betiko onar ditzan aurkeztea.

– Ustiaketako proiektu orokorrak eta beronen aldaketak, langintzak zaharberritzeko eta bertan behera uzteko planak eta beronen aldaketak, dagokion lurraldeko meategien ustiapeneko urteko langintzen planak, baita horien segurtasuneko barne-xedapenak ere, onartzeari buruzko ebazpenak izapidetzea, horien berri ematea eta dagokion lurralde-ordezkariak behin betiko onar ditzan aurkeztea.

– Leherketa berezietako proiektuak onartzeari buruzko ebazpenak izapidetzea, horien berri ematea eta dagokion lurralde-ordezkariak behin betiko onar ditzan aurkeztea, eta horiek ikuskatu eta zaintzea.

– Meategien arloaren eskumeneko Ingurumen-inpaktua ebaluatzeko faseak izapidetzea eta horien berri ematea, arlo hori arautzen duen ingurumen-araudiaren arabera.

– Leherketa berezietarako enpresa-ziurtagiriak eta koefiziente murriztaileak aplikatzeko ziurtagiriak ematea.

– Ustiaketa-proiektuak, urteko langintza-planak, meategi-segurtasuneko arauak eta gisa guztietako meategi-jardueretako laneko arriskuen prebentzioa ikuskatzea eta zaintzea, berehalako arrisku-egoeren aurrean egoki iritzitako premiazko neurriak hartzeko agintzeko ahalmena izanik. Neurri horiek, Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendariak, edo, hala dagokionean, lurralde-ordezkariak behar bezala arrazoituta emandako ebazpen bidez onartu beharko dira.

– Meategi-jardueretako istripuei eta gertakari larriei buruzko txostenak izapidetzea; txostenotan, gertakariak deskribatuko dira, nola gertatu den, zergatik gertatu den, zein den hautsitako erregelamenduko agindua, eta, hala behar denean, hartu beharreko neurriak proposatuko dira.

– Zehapen-espedienteak hasteko proposamenak.

– Meategi-jardunen erregistro industrialak izapidetzea eta kudeatzea, baita lurralde-ordezkaritzako beste zerbitzu batzuei arauz eragiten dieten espedienteak koordinatzea ere.

– Dagokion lurralde-ordezkariak onartzeko meategi-ustiategietako onura-instalazioen, instalazio elektrikoen, instalazio mekanikoen, aireztapeneko instalazioen eta euste-instalazioen proiektuei buruzko baimen-proposamenak.

– Zuzendari fakultatiboaren izendapenak izapidetzea, baita kontratu bidezko lanen antolaketa ere.

– Meategi-makinistaren lanbide-kualifikazioko txartel-ematea izapidetzea, kudeatzea eta ebaztea.

– Meategien arloan aplikatzekoak diren lege eta arauetatik eratorritako bestelako jardun oro, Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzari berariaz eman gabekoak.

Bigarrena.– Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzari berariaz dagokio honako hauetarako eskumena:

– Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendariak eskatutako laguntza teknikoa eta txostenak.

– Meategien katastroaren kontrola.

– Meategi-lehiaketen izapidetzea.

– Zaharberritzeko planen txostenak, jarraipena eta ikuskaritza.

– Meategi-eskubideen eskualdatze-, iraungitze- eta ezerezte-espedienteak izapidetzea eta ebazpen-proposamenak egitea Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendariari.

– Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendariak ebazpen-proposamena eman arte ustiaketa- eta ikerketa-baimenak izapidetzea, baita dagozkion langintza-planak ere.

– Meategien arloko desjabetze-espedienteak izapidetzea, txostena egitea eta ebaztea.

– Zehapen-espedienteak hasteko eta izapidetzeko proposamenak.

– Laguntzak eta diru-laguntzak izapidetzea eta kudeatzea.

Hirugarrena.– Eskuordetze honen bidez emandako ebazpen guztietan aipatuko da egoera hori, alegia, organo eskuordetzaileak eman duela ebazpena.

Laugarrena.– Aipagai dugun arloari dagokionez, organo eskudun gisa, Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzak ezarritako jarraibide eta irizpideen aurka egin gabe egiten da eskuordetze hau.

Bosgarrena.– Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzak noiznahi ezezta dezake eskuordetze hau, eta edozein espedienteren ardura beregana dezake.

Seigarrena.– Indarrik gabe uzten da Energia eta Meategien zuzendariaren 2008ko maiatzaren 16ko Ebazpena, zeinen bidez Industria, Merkataritza eta Turismoko lurralde-bulegoen esku uzten baitzen Meategien arloko zenbait ebazpen emateko eskumena.

Zazpigarrena.– Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango du eragina.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko irailaren 3a.

Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendaria,

JAVIER ZARRAONANDIA ZULOAGA.


Azterketa dokumentala